Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/11/17 09:05
Ibilikoak 8: ANA ETA MINTXO

ANA ETA MINTXO

 

 

 

Trenean

Errumaniatik itzuleran, egun batzuk Itsas Beltzean egin ondoren, etxera bidean, Sofia dugu azken txanpako geldiunea.

 

Emakume bat aurkitu dugu erreserbak eginda genituen jarlekuetako departamenduan. Bidaia-kide  bakarra izan dugu bera, besterik ez baita agertu, ezohikoa Bulgariako tren hauetan behintzat, beti baitatoz bidaiariz gainezka, zaila delarik eserleku bat aurkitzea aurrez erreserbarik egin ez bada. Ana du izena emakumeak, eta, hain zuzen, gazteleraz daki. Ezohikoa hori ere, Kuban lanean egondako familia bat ezik ez baitugu gazteleraz dakien beste inor aurkitu Bulgarian egin ditugun 7 egunetan.

Lo guti egin dugu bidaian, baina hitz asko. Berba-lapikoa da gure Ana. Ziurtasun osoz hitz egiten du. Oso jantzia du burua. Alderdiko emakumea behar du izan. Bera da Bulgaria, Gobernua ere bera da. Bulgaria eta Gobernuaren apologia da beti gure galderei erantzuna;  Mintxoren  etxean gertatu zitzaiguna bera gertatu zaigu berarekin, ez da posible dotrina ofizialetik kanpo ezer jakiterik: dena dago ondo, dena doa eroso, herria pozik bizi da.

 

Errumaniara bidean, Bulgariara heldu gineneko lehen gaua datorkit gogora. Kuban egondako familia baten etxea zen. Aita familia osoarekin joan zen tekniko gisa Kubara; gaztetxoenek ezik, denek egiten zuten gaztelaniaz, kubatar kutsuz; Alderdi Komunistako kide ziren aita-semeak. Mintxo deitzen genion semeari, beraren izena ahoskatzeko zailtasunengatik gure artean sortutako izenordea. Kuban egondako bizkaitar lagun baten bitartez egin genuen lehen harremana Mintxorekin, harengandik sortu baitzen bulgariar familiarekin harremana.  Egia zor,  ezin adeitsuago portatu zitzaigun familia osoa. Etxea oso xumea zen. Ze jende abegitsua, alaiak eta irekiak, zoragarriak. Harrituta utzi gintuzten.  Bertako edari eta janariak dastatu behar genituen nahitaez. Hestebeteak eta pasta batzuk jan genituen; likorea erabat gogorra zen, uxuala, orujoa, zirudien, atzea berotzeko bezalakoa.

Gure jakin-mina beraien bere herriaren berri eman-nahiarekin lotu zen. Orain Francoren denboran baino hobeto bizi ginen galdetu ziguten. Galderez josi genituen geuk ere. Askatasun osoa omen zuten Bulgarian, ez omen zegoen kritika egin beharrik, agintariren batek ez zuen bere betekizuna egoki betetzen hurrengo hauteskundeetan ez omen zuten aukeratuko, zuzendari onak herriaren premien berri jakin behar duela, ... Alderdiko gizonak ziren, nabari zenez. Ez ziren inola ere kritikoak, ez zegoen inolako kritikarik ezeri, Bulgarian dena hain ondo ote zebilen galdetzen nion nire buruari. Brigaden gaia erabili genuen: produkzioa, lantegiko eraketa, brigaden bidez egituratuta omen dago. Brigada bat da produkzio unitate bakoitza, bere kontu ditu produkziorako behar dituen tresneria eta gainerako baliabide denak, brigada bakoitzak  bere kontu konpondu behar du bere betebeharra aurrera ateratzeko. Brigadako buru eta gainerako arduradunak aukeraketa demokratiko baten bidez aukeratzen dira. Ezin izan nuen jakin zein aukera eta bide duten tresneria lortzeko, eskatzea nahikoa den, azpilana beharrezkoa den lortzeko, aitapontekorik behar den, eskabideak erraz betetzen diren, ze denbora joaten den eskatzetik lortzera, burokraziaren eraginik ote, zarrastelkeriaren arriskua eta errealitatea, ... Ez zuen ezer negatiborik aitatzen Mintxoren aitak, dena da ona, denari buruz zegoen baikor. Nork planifikatzen du produkzioa, brigada bakoitzaren zeregina, nork zehazten du produkzioaren zenbatekoa. Nola konpontzen dira lantegiak, kredituen bidez ?. Mila horrelako galdera nituen, baina ez zegoen erantzun sinesgarririk.

 

Anak ere ez digu erantzun fidagarririk eskaintzen.

 

Goizaldera heldu gara hiriburura, ez hotel, ez ostatu, motxilak bizkarrean, Sofiako egunsentia kaleetan ezagutuko genuelakoan geunden, baina Anak ez gaitu utzi nahi kale gorrian, bere etxera eraman gaitu. Goizeko laurak jota dira. Autobusa hartzen dugu Anaren etxeraino. Hankaz gora dago etxea: Ana Bourgasen egon da amarekin  eta egun horietan etxea pintatu dio semeak. Konpondu gara baina, eta lo ere egin ahal izan dugu. Min dut besoan, eguneroko min etenik gabea Itsaso Beltzean besaburua lokatu nuen ezkero, agian atsedenik eman ez diodalako da. Sagar-ozpinarekin joango zaidala besoko mina diost Anak.

 

Sofia

Hiria ikustera atera gara. Anarik gabe. Mintxo dugu, baina, gida eta lagun, lortu baitugu berarekin lotzea.

Tranbia hartu dugu: gustukoa dut tranbia, Arratiako tranbia nuen gogoko gaztetxotan Basaurira osabengana joaten nintzenean, horrek utzi zidan nonbait tranbiarekiko monoa; ez dut tranbian ibiltzeko aukerarik galtzen; azken aldian Coinbrakoa dut gogoan eta Leningraden azkenekoz ibili nintzanekoa, bakarrik eta neure giza taldetik at ibilbidearen azkeneraino hiritik ez dakit zein herri edo auzotara, ikusminez begiei ezin eutsiz, bertako herritarrez bilduta. Orain ez dakigu hiri erdian ala inguruko auzoren batetan gabiltzan, Mintxok Sofia dela dio soilik: ez da etxeketarik, denean da basoxka edo zuhaitz multzoa, ... Saltzaile asko dago kalean, bakoitza bere salmahaitxoaren atzean, jaki eta ortuariak saltzen dituzte. Estatuarenak direla dio Mintxok.

 

Eman diogu azkenez oinezkoari. Jendetza dabil, asteburuko jai-giroan, dendak, jendea, kafetegiak, jantokiak,  …, dotore jantzitako jendea da, ugariak dira gozotegiak, ugariak ere kafetegi edo antzerakoak, non jendea eserita dagoen kalakan zerbait hartuz. Ezin antz eman Bilbon, Donostian ala Europa ertzeko herri sozialista batetan gauden. Saltegiak ezagutu nahi ditugu: morboak eragiten digu, entzunak entzunda, ia ze aukera dagoen Ekialdeko herriotan; saltegiok ez dira El Corte Ingles bezain dotoreak baina txukunak dira  eta denetik dago: Espainiatik ekarritakoak direla iruditzen zait Smirnof eta antzerako edariak; merkexeago daude. Ia lurpean dagoen eliza ortodoxo batekin egin dugu topo, ez Mintxok bertara eraman gaituelako; elizkizuna bukatu berria zegoen, barrura eraman gaitu ikusminak, Mintxo, aldiz, ez da sartu, gu elizara sartu izana ulergaitza iruditu zaiolakoan nago; serora zebilen bazterrak txukuntzen, ez da urre eta antzerakorik, ez zen eliza distiratsua, bai ordea polita. Sindikatuen Egoitza, eraikintzarra: izar gorri erraldoia du dorre-puntan, Moskuko Unibertsitatekoaren paretsu, baina hura harroago eta biziagoa da. Minarete bat, kaskarra iruditu zait; meskita, aldiz, berrikuntza lanetan dago, hesiz inguratuta, ez du harrotasun handirik erakusten: turkoen pean egindako gizaldien ondoren islamaren aztarna edo monumentu gehiago espero nuen. Erromatarren harresi eta etxeen aztarnak, elizatxo polit bat. Estatua erraldoi bat plaza erdian: Alderdi Komunista, Turkoengandik askatasuna, Bulgariarren nortasun-urtebetetzea, ... edo zerbait antzerakoaren omenez eraikia. Zahar, gazte, umeak, ... erruz plazan ere. Hemen ez dago txakurrik, oso txakur guti ikusten da Sofian.

 

Santa Sofia Basilika famatura egin dugu ondoren: ikusi beharreko bitxikeria da izan, utzik egin behar ezin zaion horietakoa gidaliburu guztien gomendioz. Inguru interesgarri eta atseginean kokatua, giro baketsuak bildua aurkitu dugu joan gatzaionean, turista uholderik gabe. Moskuko Kremlinaren tankera hartu diot inguruari: esparru oso zaindu batetan plaza handi bat, eraikin ofizial bat, eliza  eder bat, museoa eta Basilika. Basilikaren kupula eta dorreko teilatu urrezkoak dira deigarriak lehen begiradan: Khrustxev Errusiako buruzagiak oparitu zien bisita batetan teilatuok berriro urreztatzeko behar zen urrea, ordainez, errusiarrek gerraren batetan teilatuko urrea gerra premietarako erabili zuten nonbait eta. Izugarri handia dela, ia beste sentipenik ez dit sortarazi Basilikak, ez nau txunditu, ez dit inolako zirrararik sortarazi, etsipena soilik, zerbait berezia espero nuelako, eliza ortodoxoen egiturako edo antzerako zerbait berezia izanen zen zerbait aurkituko nuelako joan bainatzaio, baina eraikin neoklasikoa da, dotorea eta erraldoia, hori bai, agian bi ezaugarri horietan datza bere ezaugarritasuna; gehiago hunkitu nau plaza bereko eliza zaharrak.

Atezain zegoen agureak ez digu utzi praka motxekin basilikara sartzen, Joseinak eta biok euritarako plastikozko gainjantzia lotu dugu gerrian, bernak erdiraino estaliz; ze tipoak gureak!!!, ezin aldrebesagoak; baina agureak, barretxoa ezpainetan, baiezkoa egin digu buruarekin, eta barnera sartzen utzi. Askoz itxurosoagoak geunden praka motxekin, eta ez tankera arlote harekin, baina gizontxoak araua bete du, eta kito.

 

Etxera itzulerako azken egunetan gaude, bidaiari bukaera eman aurretik itxurazko bazkari bat egitea erabaki dugu, ze demontre!. Jakiak ez ezik, inguru xarmantak, jantoki dotoreak, baxeraren erakargarritasunak, atseginagoa egiten dute bazkaria, jangarriagoa jakia bera ere. Hotel dotore batetan bazkaldu dugu, goialde batetan jarri gaituzte ezkontza batek hartua zuelako behe aldea. Plater bakarra eman digute, izugarri garestia, oskola ordaindu dugu mamia baino gehiago. Kristalezko potekada bana jogurt ere jan dugu, gozoa benetan duten famari erantzunez. Ikustekoa zen Mintxoren aurpegia faktura ekarri digutenean!!!!. Eskandalizatuta daukagu, mendebaldarron gehiegizko gastuekin. Ezingo diogu Anari horrelakorik kontatu.

 

Kultura-etxera eraman gaitu Mintxok, harro bera. Eraikintzar izugarria da Kultur Etxea, munstro bat, baina munstro dotorea. Lur-azpiko estaian kafetegiak, dendateria, dantzatokia, ... dena da han dotorea: zeramikazko horma da osagai deigarriena: erliebedun horma irudi ez-formalez osatua, bertan geldiro  irristatuz ura, horma barrenean tamaina guztietako zilar eta urre koloreko bolak, distiratsu, arratsaldeko azken eguzki izpien ñirñirak zapi garden kulunkaria bihurtuko balu bezala ura. Mintxoren irribarreak ez du etenik, fier, harrotasuna darie bere begi eta ezpainei. Hamar solairu ditu eraikinak, igogailuan egin dugu gora: zain daudenen ilara beti dago luze, etenik gabe; jubilatu itxurako gizon bat jarlekuan eserita, sarreran, « nahiko » esan du eta talde erdia kanpoan geratu gara hurrengo txandaren zain. Gaineko zabaldia ez da  handia, baina erabat egokia, bada non eseri barruan, baina guk nahiago dugu kanpoan eseri, eta suerteak ere irribarre egin digu Mintxoren ezpainek bezala: tokia izan baitugu. Ikuspegi paregabea izan dugu ilunabarrean, Sofiako basilika famatua han dakusagu, bere urrezko teilatu borobilarekin, hobe, urrezko txapelarekin. Garagardoa, tea, kafe turkoa, izozkia, …  Sofia gure oinetan dugula. Bertan egin ditugu etxerako opari-erosketak; Mintxo eta arrebarentzat ere erosi dugu zerbait: Mintxo erabat harrituta dago, agian eskandalizatuta ere, egin dugun gastuagatik.

 

Dirua aldatu dugu. Kaleko merkatu beltzean. Mendebaldarron iruzur eta norberekoitasun sena. Diru aldaketan ziria sartu digutelakoan geratu gara, polizia inguruan zuela itxurakeriarekin presa eta beldurra sartu nahi izan digu tipoak. Hau ere sekretua izanen da Anarekin solasetan. Atzo trenean zorrotz eta gordin kritikatu zuen diru beltzaren azpi merkatua, Estatuari egiten zaion iruzurra, bertakoen herriarentzat axolagabekeria eta turisten atzerriaz baliatzea.  

 

Mintxuren familia despeditu dugu. Oparitxoak eskaini dizkiegu. Ezingo diegu inola ere ordaindu erakutsi diguten abegikortasuna.

Anaren etxera jo dugu lotara, lo zegoen jadanik bera: bi aulkirekin egina zuen bere ohea, ohe eta gainerako aukera erosoenak guri uztearren!!!!.

 

 

Mendian

Mendian eginen dugu gaur eguna, Ana dugula gida eta lagun, berak aholkatu eta antolatu digu mendixkara. Mendizaleen jaialdia omen mendi batetan, baina nahiago izan du beste mendi batetara eramatea. Tranbiaz atera gara hiritik, honek mendira igotzeko telekabina baten irtengunera eraman gaitu. Telekabina berezia da, launaka pertsonako kabina ilara.

“Entzun, Maria, ...”.  (Maria deitzen dio Josuneri, auskalo zergatik).

Aterpe batetara arte egin dugu zintzilikatuta, handik ekin diogu oinezkoari. Erdi pista erdi errepide, zainduak daude bideok.

“Sarri etorri ohi naiz, ...”. Ez dirudi nekatzen denik, gu, aldiz, bere hitz-jarioak nekatzen gaitu ibiliak baino gehiago

Alderdi Komunistaren mendi-aterpera egin dugu, non Anak harritu, hunkitu ere, egin gaituen: miresmen liluratu batez aitortu digu egona dela behin aterpe horretan,  lagun batek eraman zuela!. Halako ohore eta zorion puska zen beretzat han egon ahal izana une batez!.

 “Estos nuevos asientos no me gustan, han cambiado de injeniero”. Ana hitz eta pitz.

Mendi bidetik goaz. Magaletik orain, aldatsik gabe.

Harri-uholdea: jasa izugarri batek eragina edo urteetan osatua, erreten zabal eta luze batetan harriak datoz goitik behera, gainetatik zulora, uholdean bailetoz, harri uholde bat instante batetan bertan gelditu bailitzan.  Zirraragarria da.

Ana ez da isiltzen, bidea ez, Anaren hitz-jarioa da nekagarria.

Musikarien etxea: musikarien biltokia den mendi-aterpea, Sofia eta Bulgariako musikari ezagunak biltzen dira bertan.

Anaren hitz-jarioak ez du aterrunerik.

Zinbili-zanbulu batekin egin dugu topo: enbor luze bat erdiko euskarrian orekatuta. Ekiten diogu jolasari, saka hemen eta salto han, Ana erabat aztoratu eta estutzen zaigu, min hartuko genuen beldur, ...

Gora eta behera luzatzen den mendilerrotik doa ibilbidea, maldan biribilkatuz, mendi tontor tentagarriak daude, erakargarriak, baina ez da posible denetara igotzerik.

“Jon, ven”, hitz zaparradarentzat ez dugu aterperik.

Bigarren harri-uholdea.

“Abestuko dugu?”, nekaezina da gure Ana, batez ere isilezina.

Gosez gaude, bazkaldu nahi dugu: “hemen ez, beherago” dio beti ere Anak.

“kontatuko dizuet...”, hori da bere etengabeko leloa, eta beti du zerbait berria kontatzeko!.

Orduak aurrera doaz, gero eta biziago egiten digu kosk urdaileko atximurkadak. “hemen ez, beherago ...”.

“Bolatxo hauek jan ditzakezue...” sastraka bateko igaliei buruz, baina guk motxilako ogitartekoen gose gara.

Harrizko 3. uholdea: agian uholde bera da sigi-saga doan bide bihurriak zeharkatzen duena  maila ezberdinetan.

“Hemen bazkalduko dugu!!!” erabakia hartu dugu aterpe batetan. Ana zerbitzariarekin hitz egiten du ezkutuan bezala, misteriotsuki, agian guretzat prezio egoki bat hitzartu nahian. “Honek balio du ....”, eta guk ardoa edatea erabaki!. “Ardoa???!!!”, Mintxok Sofiako jantokian adinako ezustekoa hartu du.  Gu baino austeroagoak dira, ez dute hainbeste diru, edo gutxiagorekin ohituta daude, espartanoen gisa, aberria indartzeko.

Oso inguru ederra da mendialde osoa. Naturgunea. Mendi osoa da baso, inguruko menditeria osoa da baso, gureetan pinudia lez, hemen pinua ezik bestelako zuhaitz mota asko dago.  Eurrez dator jendea bertara, adineko zein gazte. Aterpe edo mendiko etxola edo etxetxo ugari dago,  zuhaitz artean gordeta, zuhaitzek bilduta. Susmatzen dugu Bulgarian ere badirela ura soilik edateko baino ahalmen ekonomiko sendoagoa dutenak, gurekin baino beste zenbait askorekin eskandalizatzerik baduela Anak, baina, normaltzat jotzen ditu etxola eta txaletxook. Alderdiko aristokraziak funtzionatzen du, eta onartua dago, ez du behintzat inongo kritikarik azaleratu, alderantzik, begirunez eta harrotasunez erakusten dizkigu eraikinok.

 “Goazen beherantz”, eta etxerako bidea hartu dugu..

Harrotasunez  erakusten dizkigu hainbat zertzelada. Harrobi batek mendiari egin dion hozkada estaltzeko landatu dituzten zuhaitz luze sendoak, diren bezain handi sartu omen dituzte, beharrezkoa izan omen zen harrobia etxe berriak jasotzeko herriari.

Oso naturarekiko errespetu bizia erakusten du. Lehor utzi duten erreka batekin egin dugu topo, izugarri erakargarria behar zuen erreka, inguru paregabean. “Ura lapurtu diote errekari, Ana!”. “Ez ...” eta zuritzen du ur-lapurreta, lehen harrobia bezala. Bulgarian ez dago gaizki egindako ezer.

“Itxoin, zerbait kontatu behar dizuet eta”. Hitz-lapikoa bor-bor.

Etxola batetan, mahai kantaria erakutsi digu: mahaiak soinu berezi bat ateratzen du, modu berezi batez igurtziz.

“Itxoin, zerbait erakutsi behar dizuet eta ...”. Ez da isiltzen.

Soinujole bat aurkitu dugu bide ertzean. Zirraragarria gerta zaigu. Agerpen bat bezala bakardade total hartan. Pertsona bera eta basoa biltzen zuen soinuak. Emanalditxo bat eskaini digu, dantzan egin dugu, solasaldi goxoa izan dugu berarekin. Ana ur-bitsetan dago, herri-giroak bildu gaituelako. Bere herriaren aurpegi liluragarri bat ikus ahal izan dugulako.

 

“No he acabado la historia, ...”

 

Olerkari baten hilobia izan da Anak bide ertzean erakutsi digun azken bitxikeria. Olerkia munduari begiratzeko era ezberdinik bada, basoan aurkitu dugun soinujolea izan da gaurko olerkaria, hura bai bazen munduari begiratzeko era ezberdin bat.

 

Heldu gara herrira. Autobusa hartu dugu: “Ikusiko duzuen monumentuaren historia kontatuko dizuet, ...” ez da isiltzen autobusean ere. Dena erakutsi nahi digu, Bulgaria sartu nahi digu begietatik ez ezik belarrietatik ere. Maite du bere aberria, harro dago bere herriaz.

 

Etxera bidean

Sofiako parke batetan jaitsi gara, parke zabal ederra, arduraz zaindua, mimatua. Euskaldunen presentzia bertan: Bolibar Hegoamerikako askatzailearen estatua gailentzen da berdegunean. “Zuhaitz haziak birlandatu ditugu, ez pentsa gero parkean bertan hazi direnik”, “Parke hau egin dugu...”,  “Guk egin dugu,...”, “Hemos, ...”. Ez dakit gobernuarekin ala herriarekin identifikatzen den, agian biekin, baina herria eraikitzea, maila guztietan,  arazo pertsonala da berarentzat. “Ez dakit non bukatzen den parkea, ez bainaiz sekula azkeneraino heldu ...”. Egia da izugarri zabala dela, baina berak zabalago eta ederragoa ikusarazi nahi digu.

 

Luze doa oinezko hirira ibilia,  egarri gara, eta hara non taberna bat: “geroago edango dugu”. Guk eseri nahi dugu. ”Nekatuta zaudete?”. Baietz.  “Geroago”.

Bigarren taberna bat: “Hemen edango dugu”!!!. Aurrea hartu diogu, eta eseri egin gara, egarria ase dugu azkenik.

Alboko emakume batek zerbait bota du zakarrontzira, non ura egon zegoen eta zipriztinek guretako bati jantzia lohitu diote. Orban bat bezala izan da Anak irudikatu nahi digun argazki idilikoan.

 

Ohera aurretik mina kentzeko enplastu famatua jarri dit Anak.

 

 

Anak jarri gaitu goizean aireporturako autobusean, linea aldaketa egin behar dugu  bide erdian, baina ez dugu galbiderik. Heldu gara. Pertsonaiaren bat espero da nonbait, ugariak dira kamara eta fokoak, norbaiten zain, agian dokumental baten filmaketa soil bat da, bidaiari eta aireportuko gorabeherak filmatzen ari baitira. Ez dago non gosaldu, dena dago itxita, baina lortu dugu zerbait jateko. Anak emango liguke  argitalpen bat.

 

Mintxo eta Ana

Hitzaren bidez estaltzen dute lotsa edo lotsarik eza politikoek, marfilezko dorrean gorde direnez, ulertu ez ezik entzun ere ez dute egiten inguruan pentsatu eta esaten denik, beraien sukaldean egosten dute denona den eltzea. Ezagutu ditugun bulgariarrek baina, herri xume eta langile izanik, politikoen kutsu bera duela dirudi. Talka egiten dute nire hausnarketak beraien pentsamoldearekin. Bazka dena bakartxo batzuek bere esku izatean datza gizarte kapitalistako arazoaren erdia, besteok apurrekin konformatu edo ez, hori da arazoaren beste erdia. Arazo txiki konponerrazak dira gainontzekoak.  Ezagutu ditugun bulgariar lagunok apurrekin bizi izateari amore eman dioten jendea dela iruditu zait. Agian arrazoia dute, denen bultzada da beharrezkoa, baina hemen ere klaseak daude, ekonomiak eragindako bizimolde ezberdinak.

Maitagarria egin zaigu Mintxo. Herriko mutil xumea, politizatua, baina politika ofizialez bildua. Fedea du alderdian. Alderdiarentzako biziz herriarentzat egiten ari dela fedea du. Bera ez da politikatik bizi, baina bera eta berain antzerakoen bizkar  bizi da sistema edo estatua.

 

Alderdiak jarri digula Ana, hori izan da denok atera dugun azken egun hauetako lehen ondorioa, Ana gure departamentuan aurkitzea ez zela txiripaz gertatu. Baina emakumea izugarri jator portatu da gurekin. Ala portaera hori bera ere programatuta zegoen, kontrolatu nahi gintuztelako Sofian egin genituen bi egunetan?. Ez nuke nahi hala izatea, baina bi egunotan  korapilatu eta suertatu ziren gertakizun eta portaerek hori susmarazi digute.  Ekialdeko estatu sozialistei buruz  Mendebaldean sartu diguten totalitarismo eta polizia estatuari buruzko pentsaeraren eragina izan daiteke, baina uneoro izan dugu kontrolatuta geunden irudipen eta sentipena. Agian mendebalekoon psikosia besterik ez da. Hurretik ezagutu ditugun pertsonen Alderdiarekiko fideltasun eta esanekotasunak, kritikotasunik eza ebidentzien aurrean ere, ideia bera finkarazi digu. Anaren gurekiko beti gainean egon beharra, dena antolatu, beti gurekin, gure ikusminak kontrolatu beharra edo mugatu nahia. Gure autonomia mugatu eta plana berak zehaztu ahalegina. Kontrolatuta geunden sentipena sortarazten zigun. Ana Estatuak, edo estatuko erakunderen batek, poliziak sakonean, jarritako agente bat ote sen. Agian Anaren jendetasuna besterik ez da izan. Bere herriaz harro, kanpotarroi bere herriaren edertasuna erakusteko gogoa besterik ez da izan akuilatu duen arrazoia. Eta sartu diguten Ekialdeko sozialismoari buruzko estereotipoen ondorioa besterik ez da gure iritzia.     

Anaren eta Mintxoren eskutik eta beraien gidaritzapean jakin dugu hainbat xehetasun, gozatu ditugu paisaia eder asko, Sofia ezagutu dugu eta monumentu ugari bisitatu. Baina Ana, bera da monumentu bat. Berritsua, baina sekulako emakume puska, jatorra. Ez senadoretzak ez diputadutzak, ez politikagintzak,  ez du berezkoa barne oreka edo dotorezia, Anak, baina, politikan jantzia arren, erakusten du barne dotorezia hori.

 

Ana eta Mintxo Bulgariako Sofia hiriburuarekin betirako  lotuta geratuko zaizkigun emakume puska  eta gazte zintzo eta jatorra izanen dira. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.