Kontakizunak
CEAUSESCUREN ITZALEAN
1983
I
Bukarest
Goiz jaiki, bizkar-zakuak berriro bete, ostatua ordaindu eta autobus bila gara laster batetan. Berehala agertu zaigu autobus bat, hutsik dator, gelditu egin zaigu eta gidariak igotzeko keinua egin digu. Igo dugu, bai!, autobus osoa genuen guretzat: erabat ezohizkoa zaigu txoferrak berak igotzeko esatea, “bidezko joanen da”, “zein adeitsuak diren errumaniarrak”, ... ordaindu behar genuenik ere!. Jaisteko orduna alafede haserre itxuran keinuka hasi zaigu gure gidaria adeitsua sari edo eskupeko eske: berera zebilen, ia gugandik txanpon batzuk aterako, ... Josunek autobusaren txartel-ordain ofiziala ordaindu dio eta kitto!. Zapuztu ditugu gidariaren ametsak!.
Geltokian
Leku aldaketa oroko nahasketa gaur ere: txartela ateratzeko gure leihatila aurkitzea da lehen arazoa, txartelak lortzea da bigarrena. Jendetza dago txartela ateratzeko ilaretan, geroagorako uztea erabaki dugu. Lanak izan ditugu bizkar-zakuak uzteko zaindegia aurkitzen eta komediak izan ditugu aurkitutakoan ere: turistek hiru aldiz gehiago ordaindu behar dugu fardelok uztea, kirol-fardelak aldiz beste hiru bider behiago, haserre dago gure Josune. Hurreratzen gara txartel-leihatilara, luzea dirau ilarak; txanda egiten geratu gara gizonok, neskok dirua aldaketa ofiziala egin eta turismo bulegora informazio bila joan dira. Luze egin dugu ilaran, eta hara non esaten diguten bukatu direla txartelak, trena beteta omen: hango nahasmena, hango iskanbila!. Jendea barra-barra muturra sartu eta aurrea hartzen zuen arren leihatilan, inork ez zuen kexarik agertzen, txartelak bukatzean baina, ikustekoa izan da leihatila aurreko iskanbila!, batak besteari aurrea hartu nahian, buruak leihatila aurrean pilatuz, ... emakume bat arren baina arren ibili zaio zarata bizian leihatilako bestaldekoari, ez dugu ulertzen zer arrazoi azalduz, beste gizonezko bat ere antzera, ... ez dakigu ezer lortu duten. Arratsalderako hartu behar izan ditugu txartelok. Errumanian trenekin nahiko arazo dagoela esana zion lagun batek Josuneri, eta ziurtatu ahal izan dugu hala dela. Ezberdina eta deigarria egin zait txartelak gauzatzeko era: txartel zuriak, edo tarte at zuria dutenak ditra, zuk eskatutako norakoaren arabera, aparailuak berak inprimatzen du bakoitzari dagokion helbidea.
Goiz guztia daramagu geltokian, aspertuta, gogaituta. Neketsua joan zaigu goiza. Bero egiten du, bero izugarria, sapa.
Josuk haragi frijitua aurkitu du geltokiko jantokian, erakustoki batetan ageri dira eskaintzako janariak, eskatu, ordaindu, mahaira eraman eta jaten duzu. Lortu ahal izan dugu mahaitxo bat eta bertan egin dugu bazkaria edo bazkari-pasa, pare bat botila ardo behintzat hustu ditugu.
Trenak ez digu ikuskizun apartekorik eskaini, trenbide ertzeko zuhaitzek tarte bat uzten digutenean ikusi ahal dugu paisaia; lur lauak dira hauek. Ploestri industria herri handia da, industria-herri petoa, bi geltoki ditu eta bien artean gasa-edo daramaten tutu sendoak doaz batetik bestera; erabat luzatzen da hiria: kilometroak aurrera egin ondoren ere kale eta etxeak ageri dira. Azkenik mendiartean sartu gara, tontorrak, bailarak, erreka bat, zuhaitzak, ... Josu erne doa, mapa eskuetan, gure helmuga lurraldea non ote.
Eta heldu gara.
KARPATOS LURRALDEAN
Sinaia
Geltoki handia du, oso zaindua. Turismo-herria izaki. Eskale asko dago, zaharrak eta umeak.
“Non dago herria?”, “Han goian”. Geltokitik atera gara, errepidearen beste aldera egin, eta han goaz eskaileretan gora, ardi galduak bezala berriro, ibiltzeko gogorik gabe, zer egin erabaki gabe, denda non jarri ahal izango dugun ez dakigula, ... batzuk aurrean, besteak atzean, “nora ote goaz”, ... Heldu gara azkenik gooooraino: hau da Sinaia.
Turisterria: garbia, dotorea, hotel handi bat du, inguruetara bidaiak eta mendietara telekabinak iragartzen dituzte karteletan, traktore batek atoitutako tren antzerako bat ere badabil, ... jendea erruz harat-honat, .... eta inguru osoan mendiak, basoak, ... Ba omen bainuetxe bat ere, baina oraingoan ere, beranduegi jakin genuen eta Itziar bere ametsa bete gabe geratu behar izan zuen.
Eseri gara kafetegi antzerako batetan, baina kafea soilik hartu daiteke, garagardoa nahi dugunok edaritegi batetara joan behar izan dugu, ... nolanahi bizkar-zakuak erabat astunak daude eta ze arindua hartu dugun uztean.
Ahaleginduz, lortu du Josuk turismo bulegoa aurkitzea, baina ez dute inguruko maparik, ez dakite ezer, ... ez digute behintzat ezer argitzen, … ez dugu herriko berri handirik atera bertatik. Jakin dugu gutxienez, auskalo nola, kanpalekua non den; bertara abiatu gara: sartu ahal izan dugu oraingoan ere gure fardel izugarri eta guzti gainezka zetorren autobusean.
Kanpalekua
Ez omen gelarik, ez etxolarik, ... ezta denda jartzeko tarte erosorik ere. Denda asko dago egon, edonolako bazterretan jarrita, ...; laukoteak zuhaitzarte batetan jarri ahal izan du denda, Alfontso eta biok ibai ertzean jartzea lortu dugu gure denda txikia.
Aldatu ditugu arropak, erabilitakoak garbitu . Bainatu ere bainatu gara, korronte indartsua dakar ibaiak, gogor heldu behar diot harri handi bati urak eraman ez nazan, nire ondoan Alfontso dut bainatu eta gorputz garbiketan, gorago Josu dakusat ibai ertzean, berarengana joan naiz eta ibai erdiraino sartu gara, oso eroso eta gustura joan ahal da uraren alde, baina kontuz ibiltzeko ingurua da. Etengabeko tren-pasa dago ibaiaren bestaldean.
Jantokira egin dugu, patxada osoan gaude jada, lasaitu gara, ...
Jantokia beteta dago, beste jangela batetara eraman gaituzte. Joseina jakien hiztegia osatzen ari da, ikusi eta dastatu ditugun jakien izen zerrenda, hurrengoan ere eskatu ahal izateko. Orkestra jotzen ari da, Josune eta Josu dantzara atera dira. Orkestra mutilak mahaira hurbildu eta mahaian gurekin esertzen zaizkigu, deigarria egiten zaie fariasa, baina tabako gorria nahi dute, guk, baina, ez dugu, saltzeko behintzat.
Orkestrak bukatu du, hasi dira argiak itzaltzen, zerbitzariak kontuak prestatzen hasiak dira ertz batetan, ... “bagoaz”?. Tragoxka batzuk ondoren laster banatu gara lotarako. Zigarro bat erre dut ibai ertzean, korronte hotsa, tren hotsa, kotxe hotsa, han-hemenka argi geldiak zein ibiltariak, ...
TRANTSILVANIA
Nortasun propioa du Trantsilvaniak Errumanian. Karpatoak dira bertako mendiak. Garrantzia handia du lurraldeak Europako historian, hau izan zen turkoak heldu ziren azken muga, ezin izan zuten aurrera egin. Menditsua izaki, babesgune lez zein inbaditzaileei aurre egiteko kokagune egokia. Ez da baina, gure begientzat ageriko behintzat, turkoen astarren askorik gelditzen.
Sinaia
Sinaia herrira jo dugu. Nabarmena da turista giroa, jende asko dabil kalean. Ez da erraza, ia ezinezkoa, gosari egokia aurkitzea, denetik dago egon, baina txosna edo leku bakoitzak bere jaki bakar propioa soilik eskaintzen du, hanburgesa eta antzerakoa, ez du besterik; hotelak eta jatetxeak dira lekurik aproposenak gure jan-molderako, bertan dute aukera gehien eta ez dira garestiegiak guretzat; hotel eta jatetxeetan ere nahikoa lan dugu zer jan nahi dugun ulertarazten, edo jaki izenen esanahia ulertu eta jakiok aukeratzen. Banatu egin gara gosaltzerakoan: hotelera egin dute batzuk, besteok kale-artean ibilalditxoa egin dugu lehenengo aurkitu dugun jatetxe batetan bukatuz: luzarotxo itxoin behar izan dugu baina pare bat arrautza eta kafea jan ahal izan dugu behintzat.
Herriko plano eta inguruko mapa baten bila ahalegindu gara, alferrik: ez dakite ezer, ez dute ulertzen, beste bulego batetan esango digute, ...
Geltokira jaitsi gara, gure trena pasa berria da, hurrengora arte denbora luzea dugu, baina ez du merezi berriz herrira igotzerik. Geltokian gelditu gara, beraz. Bi egongela ditu geltoki orok, lehen mailakoa bata, bigarren mailakoa bestea; jarleku ezberdinak ditu bakoitzak; maila apaleko zenbaitetan izerdi edo gorputz usaina nabarmentzen da, baina biak daude garbiak, ez da inolako zakar edo hondakinik; ez dakit txartelak ematen duen egongela baterako edo besterako eskubidea, baina ez dirudi inork kontrolatzen duenik nor nora sartzen den. Bi mutiko ari dira xake jokoan jarleko gainean dutela taula.
Merkantzia-tren luze bat etorri da, joan da, geroago beste bidaiari-tren luze bat heldu da: izugarrizko ziztuan sartzen dira geltokian eta istant batetan gelditzen. Nasa luzean egin dut ibilalditxoa, ur freskoa edan, ... baita muna batetik pisa arrastada bat egin ere behean doan errekara.
Gure trena ere heldu da, eta abiatu gara. Oso giro herrikoia nagusitzen da trenean, jendea kontu-kontari, humoretsua da bidaiaria. Gure kanpaleku aurretik pasa gara, aurrean Karpatoak ditugula, herriak zeharkatzen ditugu, turista herriak dira asko, Josuren mapatik jadanik izenez ezagunak zaizkigun herriak. Ez da industrigunerik, nekazari giroa nagusitzen da. Trenbidea konpontzen ari dira tarte luze batez, oso geldo joan gara: niretzat ezezaguna, berria eta oso aurreratua iruditzen zait ikusi dudan makineria.
Kanpalekua ikusi dugu Brasov inguruan, merezi ote duen bertara etortzea galdera ibili genuen autuan.
Brasov
Trantsilvaniako hiriburua. Jendetza dago geltokian. Argazki zenbait daude horman itsatsiak, kinki itxurakoen aurpegiak dira, zerbait idatzia dute bakoitzak azpian, Espainiako komisaldegietako “se busca” horietakoak dirudite, zigor bezala jartzen dituzte nonbait argazkiok gune publikoetan garai batetan gaizkiletzat joak pikotan bezala: “ni ez naute hormetan jarri” esanen zigun egun batetan gizajo batek. Parke handi batetan, aldiz, herriko lan arlo ezberdinetako langile onen bezala sarituen argazkiak daude ohol dotoreetan jarrita. Zirrara batek astindu gaitu argazkiok ikusteak, aldrebeskeria iruditu zaigu, zigortzeko zein saritzeko modu zitalak.
Ohiko nora-ez eta erabakirik eza. Hiria nahiko urruti dago, gezi urdinek “centre” iragartzen dute tarteka, ibilaldia egin ondoren autobusa hartu dugu. Poligono berri handi bat izan dugu lehenengo, aspaldiko etxe txikiak gero, hiriko etxe handiak ondoren, parke handi bat azkenik aspaldiko jauretxe edo kutsu ofiziala duten etxe handi dotorez inguratuta. Oraindik fresko gaude, ekin diogu kaleetan ibiltzeari. Hiri eder eta deigarria da, teilatu zorrotz eta arbelez estalitako etxeko kalediak antzinako hiriaren jitea ematen dio. Ceausescuren esaldiak daude denean, eta bere argazkiak, garai batetan Francorenak izaten genituen bezala, edo ugariago. Metodista eliza handi bat; etxepe-portale-ataria zen eraikin batetik aurrera eginda, eliza ortodoxoa: barrura egin dut, bereziak eta bitxiak egiten zaizkit ortodoxoen elizok, betiko kandela pila eta betiko amonatxoarekin; eliza uste izan dugu zela plaza handi baten erdiko eraikuntza ere, baina museoa da. Denda erakargarriak daude, bertako eskulan eta artelana saltzen da, jantziak ere. Liburu-denda batetan sartu gara, politika sailak erakarri gaitu batez ere, liburu mordoxka du; bakar bat edo beste ezik Ceausescurenak dira denak, bera da nonbait Errumaniako pentsalari politiko bakarra; hainbeste liburu idatzi dituenik ere, ...; egin dituen diskurtsoekin osatua behar, bestela, ...; edo badu “beltz”en bat. Lau disko erosi ditut nik, barre egiten dit Josuk, “ezetz osorik heldu etxera”.
Bero!!!. “Garagardorik?” txosna batetan: “Ez da ordua”, “Kaferik?” beste batetan: “Ez da ordua”, ... ezin dugu ezer lortu. Nekatzen goaz, gero eta barrurago sartzen ari zaigu nagitasuna.
Non bazkaldu!. Beste komedia bat. Jatetxea zirudien zerbaitetan sartu gara, hertsia omen dago, baina. “Vegetariano” jartzen duen beste batetara egin dugu, begetariano hori zer ote zalantzaz: barazkiak aurkitzea zen han arazoa!. Oparo zegoen, aldiz, haragia. Zerbitzaria bera, egoskorra, aurpegi txarrekoa, eta aldarte zitalagokoa. Ez da izan erraza aukeraketa egitea: Josune ahalegindu da inguruko mahaietara joan eta behatzez seinalatuz zer nahiko genukeen zerbitzariari azaltzen, baina alferrik!. Zerbait jan genuen eta kitto!. Joseinak jogurtaren apeta du gaur.
Ardi galduak bezala ibili gara bazkal ondoren, zer egingo edo nora joango, bata bestearen atzetik, bakoitza berarenarekin, ados jarri ezinik. Oso deseroso eta gaizki sentitu naiz egoera horretan. Igerilekurako asmoan tematzen da Josune eta hara egin dugu, baina kosta zaigu, kosta, bidea aurkitzea, galdetu han, galdetu hemen, badirudi inork ez dakiela non dagoen igerilekua, badirudi inguru honetako inor ez dela bertako bezero; heldu gara noizbait eta nolabait, batzuk aurretik, besteak oso atzetik, denok berotuta, pot eginda, txakalaldiak jota.
Kanpoan gelditu dira Joseina eta Itziar. Igerilekuan txanoa behar zen, zapatilak ere bai, eta guk bainujantzia besterik ez geneukan. Lanak izan ditugu emakume zaindari sedoarekin elkar ulertzen, utziko ez ote zigun ere uste izan dugu, ... baina erraz eta leun joan da dena azkenik, nonbait neskak esan nahi zigun jantzi ondoren emango zizkigula zapatila eta burukoak, hala eman dizkigu behintzat. Igerialdi gozagarri luzea egin dugu, jauzika ibili gara. Alfontsoren irudia geratu zait begietan: belarrietarako txatal bata bekokirantz eta bestea kokoterantz jarri du gomazko txanoa, Erdi Aroko soldadua edo Erromatar gladiadorea zirudien.
Jatetxe begetarianoan egin dugu bazkaria. Kafea turkoa zen, txanoan iragazi gabekoa alegia, dena hondarrez betea: ur berora botatzen dute kafe hautsa, nahasten dute eta kitto; berez kafe-hondarra ipurdira joaten da, eta kafea soilik edaten duzu, nik ez jakin baina, eragin egin diot eta kafe hondarrez bete zait ahoa. Bertan geundela lehentxeago bazkaltzeko asmoz sartu garen tabernako neska agertu zaigu, “Españoles”, “pasaporte”, ... “Marikonera” deitzen zaion poltsatxoa ahaztu dut tabernan, eta gurea ote galdezka etorri zaigu bertan gordetzen dudan pasaporteari begiratu ondoren. Estu eta korrika joan naiz eta eskuratu dut. Kafe orduan tipo jator bat hurreratu zaigu, solasaldia egin dugu, farias bat oparitu dio Joseinak baina ez du erre, gorde egin du. Jabetu gara ez dela purua erretzeko ohiturarik, guk erretzen dugunean ere jendeak begirada bereziak dituela guretzat.
Garagardo baso baten premia bizia nuen nik, beroaren, bazkariaren edo igerialdiaren eraginez, … egarria nuen!. Edaterik ez ordea. Ez zen edarientzako ordua. Zuhaitzez estalitako mendi bat bada Braso alboan, telekabinaz igo daiteke tontorrera, eta telekabinaz egitea erabaki dugu, igo edo ez zalantza eta eztabaidan luzatu ondoren. Tontor atsegina, eskaintzen duen ikuspegiagatik, baina batez ere eguneko beroak leku utzi digun ilunabarreko giroagatik. Jatetxeek hartuta dute tontor osoa, ez dute uzten tartetxorik ere inguruaz gozatzeko, jatetxe eta kafetegietako zabaltzak dira talaia bakarrak. Sartu gara jatetxe eta kafetegietara, inguruaz gozatu dugu, baita komunaz baliatu ere, … herriari behatokia lapurtu diotelako haserre.
Behera egin dugunean igerilekurako bide motz eta erraza!!! aurkitu dugu, garagardoa edan ahal izan dut, edarien ordua baizen jadanik.
Oinezkoen kalean ibili gara, patxadan, arratseko giro lasaian, erabat erlaxatuta, gustura. Jende asko dabil gora eta behera. Informazio-bulegoa ere aurkitu dugu azkenez, Carpatos hotel dotore handian: oraindik ez baitugu ze lurraldetara joko dugun erabaki; nora ez ezik, nola ere erabaki behar dugu: autoa alokatzerik dagoen, hegazkinez joan daiteken, ... Drakularen gaztelura nola joan ere jakin nahi genuen, lurralde honetan baitago.
Zerbait garrantzitsua ikasi dugu arratsalde honetan: hotel dotoreetako sarrerak dira patxaran eserita egon eta besaulki ederretan atseden hartzeko aukera paregabeak, sartu eseri eta egon, inork ez dizu galdetzen bezeroa zaren edo zertara zatozen.
Geltokirako autobus bila eginahalak egin behar izan ditugu, geu ere ez gara ados jartzen, jadanik joan, oraindik ez, edo nola joan, autobusez, taxian, harat-honat ibili gara, ... azkenik Carpatos hoteletik eskatu dugu taxia bertako dotore trajeztutako morroia genuela laguntzaile. Ekaitz izugarria izan dugu geltokian trena hartu zain geundela, haize bortitza altxatu da, ez zen ezer ikusten harrotu duen hauspean, aurretik jaitsi diren lagunak larri daude gure zain, tren ordua da, korrika, “Sinaiarako nasa?”, “hemendik ez,” “hortik”, arnasestuka, .... piiii, eta abian gara azkenez.
Busteni
Pena ematen digu etxeratzeak. Ilunabarreko giro erakargarriak herritxo berri batetan gelditzera bultzatzen gaitu. Busteni izeneko turista-herri batetan jaitsi gara. Herri erakargarria da, kalean gora eta behera ibili gara giro patxadatsuan.
Ez da autobusik gaueko hamarrak arte, beraz autostop egitea erabaki dugu. Hiru joan dira kotxe baten, bi bestean, bakarrik gelditu naiz, azkena. Auto bat gelditu zait, nire atzetik bikote bat ere sartu da, nahiko narru sendokoak, “mesedez aurreraxeago utziko gaituzu” eskatu diote herrira heltzean gidariari bidetik aldendu araziz. Gidariak alemanez eta ingelesez egiten du, baina frantsesez moldatu behar izan gara nolabait. Bere oker batez kanpinetik urrunago utzi nau. Ibilalditxo bat egin, eta dendan nintzen. Geuretzat soilik izan dugu jatetxeko jantokia, musika eta guzti, Jesus eta Josune aritu dira dantzan. Ez dut atsegin dantza lotua, ez dakidalako, baina batez ere arau neurtuetan beti dantza-kidearen arduraz eta menpe egon behar naizelako.
Itzali egin dizkigute jantokiko argiak. Jatetxe aurreko mahai batetan eserita jarraitu dugu gaueko solas goxoan J$B botila solas-lagun genuela. Jatetxe sarrerako morroi gaztea ere hurbildu zaigu, jatorra da, tragoxkak ere neurri oparokoak egiten dizkio botilari, une batez joan zaigu eta kamioilari batekin etorri zaigu; azkenik norbaitek deitu dio eta joan dira biak. Guk ere dendara egiteko ordua dela erabaki dugu.
Karpatoak Menditik eginen dugu bihar eguna.
Karpatoak
Goiz jaiki, herrira joan, gosaldu eta telekabinara egin dugu. Bazkaltzeko zerbait erosi dugu, jogurta eta fruta eguerdirako. Umeek saltzen dituzte lurraldeko oroigarriak, txirulak, ... masustak zituen salgai ume batek, erosteaz gain Joseinak boligrafoa oparitu dio eta pozik gelditu zaigu mutikoa.
Bi telekabinaz egin dugu gora, lehenengoak bide erdian utzi ondoren, bigarrenak bi mila metrotaraino jaso gaitu. Jende asko dabil mendian, ibilbide ezberdinak eskaintzen dituzte, oso argi eta txukun zehaztu eta iragarrita daude. Inguru oso zabala da, behin goian ez da aldatsik, zeharka, lauan doa ibilbidea gorabehera leun batzuk baditu ere. Elurtzarako ezaupide diren hesola mehe garaiak daude luze eta tinko sartuta. Dena da berdea, belar motz batek estaltzen du lurzoru osoa. Baina ez da zuhaitzik, gune zabal batean ezik, gune hau pinuz estalia dago, baina ez pinu tantaiez, jite bereziko pinuz baizik: ez dira metrotik gora luzatzen pinu-arbolok, adarrak lur gainean zabaldu eta luzatzen dituzte, adar-sare bat osatuz, adar luzeak dira, lur gainean luzatuz, arrastaka bezala. Biziraupenaren eraginez, berez dira horrela, genetikoki, edo haizeak eta elurrak etzanarazten ote ditu. Oso bereziak dira. Bi zaldi aurkitu ditugu, larrean: zuria zen bata. Tontortxo batetan militarren gunea, ez zegoen argazkirik ateratzerik.
Tralasca
Tralasca edo antzerako izena zuen etxe multzoa, aterpeak, ohe askoko uda-negu leku, jatetxe, kafetegi, ... Bada stadium bat ere, futbol zelai eta atletismorako pistekin: adar-jotzea ibili dugu han entrenatu zirela-eta Errumaniako futbol ekipoa, batez ere Mexikoko txapelketarako. Jende asko dabil. Drakularen gaztelua dago iragarrita, lau bat ordutara dago, “ikusi gabe ezin gara gelditu” zioen Josunek. Erabaki bat hartu behar dugu: telekabina batez igota muntaia bat ikus daiteke oso goian; telekabinak harat-honat dabiltza beste norabide batzuetara ere. Norantz hartuko erabaki ezinik luzatu gara. Kanpalekutik ere ikusi ahal dugun gurutze erraldoi bat ageri da eskuinetara, nahiko urruti, gauden tokitik, baita kanpalekutik ere, handik nahiko gertu badirudi ere. “Goazen gurutzera”.
Telekabinak dabilzkigu buru gainetik. Aterpe batetara jaitsi eta handik ekin diogu gurutzeko tontorrerakoari. Josunek dio, bere pausoan, baina igoko dela. Bide pikoa da, harkaitz azpietatik gora, pendiz gainetan sarri, ibilbide atsegina. Loretxo bitxiek edertzen dute ingurua, Itziarrek egin du xorta bat, baita Joseinak argazkia atera ere.
Gerran hildakoen oroimenez jasotako gurutzea da, izugarri handia, oina izugarri handiagoa. Paregabea behar du izan ikuspegiak hemendik, baina lainoak hartua du inguru osoa. Sagar batzuk jan eta behera ekin, ez dugu beste aukerarik. Errekatxo baten alboan bazkaldu dugu, inguruko mendi-aterpean erositako garagardoarekin eztarria bustiz; Josu harkaitzetik jauzian datorren uretan dutxatu da. Kafea hartu asmoz aterpera egin dugunean inguruan genuen artaldea inguratu da gure errekatxora: ze ur mota edan ote dugu!
Nola itzuli kanpalekura, “Hor beheko bidezidor horretatik berehala gaude behean, ez du merezi telekabinaraino igotzerik”, nioen nik. Aterpeko horman mapa zahar handi bat dago, begiratzen ditugu inguruko ibilbideak, bi artzain daude kopa bana edaten eta galdetzen diegu beherako bideaz, jatorrak artzainak, hiru bat ordukoa omen da jaitsierako bidea, “hauek ez dakite gu nolakoak garen mendian”, puru bana oparitu diegu: hauek ere gorde egin dute purua. Josu Drakularen gaztelura joateko asmoa nola bete begiratzen dabil, galdetu bati eta galdetu besteari: bihar telekabinaz igo, oinez bidea egin eta handik Brasovera egonen al da moduren bat, ...
“Goazen behera”, “nik bertigoa dut” dio Itziarrek, “bide erraza izanen da”, ... Eta abiatu gara, abiatu!. Ahuntzen bidea baino okerragoa da, Itziarri bertigoa kendu ere kenduko liokeena, kentzekoa balitz. Haitz artean zintzilik, belarretan irristatuz, ia perpendikularrean beti. Bukatzen ez den gainbeherako aldats ezin pikoagoa. Errekatxo batetara heldu gara: “hemendik aurrera errekatxoari jarraitu eta kitto”. Baina berehala errekatxoa han zuloan zegoen eta gu han goian. Behera, behera, behera, ... Burdinak eta sokak aurkitzen ditugu noizbehinka, lagungarri. Burugainetik telekabinaz doaz eta datoz mendizaleak: “ia erori eta azpian harrapatzen gaituen”. Halako batetan trumoi hots ikaragarria, ondoren zaparrada, egin dugu egonalditxoa zuhaizpe batetan, aterki izatea utzi dion arte, hezurretaraino blaitu gara babesgarririk ekarri ez dugunok, Alfontso hankaz gora erori da, toki batetan oso larri ibili gara denok, irristaka, ia-ia erorian. Bilbo ezagutzen duen batekin egin dugu topo, itsasgizona izaki. Gazteak dabiltza gorantz zein beherantz, denak bizkar-zaku izugarriekin, baina gu baino bizkorrago denak.
Heldu gara behera azkenik, eta une horretan atertu du. Bi mila metroko garaieratik ia itsas gainetiko altuerara egin dugu, 5 ordu behar izan ditugu, ulertzen dugu orain artzainen barretxoa.
Busteni
Mendi barreneko herria. Etxe txikitxoak dira herri-herriko edo alde zaharrekoak, orein handi bat aurkitu dugu larrain batetan. Hotel dotore batetara egin dugu, esperientziak erakusten digunez: arropak aldatu ditugu, kafea ere hartzekotan ginen baina inor agertzen ez zaigunez zer nahi ote dugun galdetzera ere, kalera egin dugu. Josu eta Josune kafea hartzera sartu dira kafe-txosna batetara, besteok garagardoaren egarri gara: “garagardorik?”, “hertsia dago”, “garagardoa non”, ... “hotelean” ¡, hotelera egin dugu, “ordua pasa da”, “ekar ezazu botila bat ardo”, ... eta azkenik ekarri du!. Hobe dugula kanpinean afaltzea erabaki dugu, hemen jantokiko orkestra tentagarria zaigun arren. Oreina duten etxeko leihoan kanpineko harrerako mutila aurkitu dugu, atzo J$B zurrupatzen lagundu ziguna.
Stop eginez itzuli ordez, autobusa hartu dugu gaur, nahiko abentura izan dugu eta!. Aldatu, afaldu, orkestrarekin gozatu, ... Bustita aurkitu ditugu dendak kanpinean, baina ez digu loa galarazi, geneukan nekearekin, ... Lo bustia, baina loa behintzat, eguneko nekeak zor ziguna.
Eskuko atzazal gaina zornatu egin zaio Josuneri, nahiko gaizki dabil egunotan, horrez gain, edo horregatik, goitibeherakoarekin ere badabil; egun txarrak beretzat, eskerrak zaildua dela. Izan dira arazoak paperezko kuleroekin ere, ...
Bihar alde egitea erabaki dugu, ez da ez erakargarria, ez egokia ere, euri honekin Drakularen gazteluraino mendizko ibilaldia egitea.
Etenik gabe ari du euriak, dendak bustiak daude, ... bildu ditugu dendok. Bagoaz. Josune Drakula ikusi gabe geldituko bada ere. Bertakoek ez dute inola ere aintzakotzat hartzen Drakularena, ez dira egon ere gehienak gazteluan, turistentzako muntaia dela diote, ez zuela inor jaten, itoarazten baizik, ez dela hemen Drakularen pelikularik ematen. Halaz ere joango ginen eguraldia itxurosoa balitz, mereziko zuen mendiko ibiliak.
Kanpalekuko jantokian gosaldu dugu, musikariak entseatzen ari ziren kantaria zuzendari zutela.
Brasovera goaz, handik iparraldera jotzeko amoz, eguraldi honekin lurralde hartara joateak merezi ote duen kezkak ziztatzen bagaitu ere. Okerreko trena hartu dugu, Pedrealen gelditu zaigu. Kitto bidaia. Behar dugun trenaren zain luzatu behar izan dugu goiza geltokian. Teilatu zorrotzeko eta beirategi zabaleko eraikuntza oso berezia da. Gure trenaren berri galdezka, alemanez bigarren hizkuntza bezala eta frantsesez hirugarren bezala egiten duen gazte batekin egin dugu topo: eskolaurrean hasten omen dira aukeratutako bigarren hizkuntza ikasten, gaztelaniaren aukera tarte, eta gure EGB ikasturtetan aritzen dira lau urtez hirugarren hizkuntza lantzen.
Brasov
Mitinlari bat ari da geltoki aurrean entzule ugariz inguratuta: ez gara jabetu zertaz ari zen. Geltokian bertan hartu dugu autobusa, oraingoan esperientziak eraginda; okerrekoa baina. Halaz ere jabetu gara erruaz eta lortu dugu hirira heltzea. Carpatos hotel dotorean arazo orori aterabidea ematen dioten bulegoak daude, mota orotako bulegoak alegia. Guk autoa alokatuz jarraitzeak ze diru eramango liguken begiratu dugu, oso garesti daude auto-alokairuak, ezinezkoa zaigu, gainera bi kotxe beharko genituzke eta ez dago furgonetarik alokatzeko; beraz trenez jarraitzea erabaki dugu. Suceavara joanen gara: oso goian dago, urruti, hegazkinez itzuliko ginateke.
Self-service bat gomendatu digu gizonezko batek bazkaritarako: merkez merkea zen baina irentsi ezineko janaria zuen: arrain edo zerbait antzerakoaren zaporeko zerbait ezezaguna. Mahaian utzi dugu janari dena. Hurrengo egunetan izanen zen beste nonbaiten antzerako jakiren bat ere. Kafe turkoa zen gaurkoa ere, ez dut hartu, kafe hautsa jatea bezala zait, agian ez dakit hartzen, agian ez nion beste hartan hondoratzen utzi kafeari, nahastu egin nuen gozagarria bailitzan edo gozagarriarekin batera. Josune eta Itziar zerbait ikusi, erosi edo egitera joan zaizkigu. Gizonezkook aldiz kalean zehar ibiltzeari eman diogu eta eliza ortodoxora jo dugu: elizkizunean daude, erabat bitxia egin zaizkigu errito eta abestiak, popearen abesti itxurako irakurketa monotonoa, negar doinua irudi. Ondoren oinezkoen kalera egin dugu, kale lasaia, patxadako ibili barea giro zoragarrian bilduta. Oinetakoak 1.600 ogerlekotan daude, alkandorak 600ean. Janariren bat erosi eta jan egin dugu.
II
BUCOVINA
Errumania goialdea, Errusiarekin mugan.
Erratu gara gaur ere. Sinaiatik pasa behar dugu berriz, ez genuen, beraz, Brasovera etorri beharrik Suceavara eramango gaituen trena hartzera. Brasoven erabaki ahal izan dugu nora bideratu hurrengo urratsak, kotxe eta hegazkinen berri ere badugu. Beraz, kitto!.
Ilundu digu, ezagunak zaizkigun inguruetatik goaz, ... Euriak ekin dio berriz ere. Josu non jetziko adi doa maparen gatibu. Daramagun trena Bukarestera doa, beraz tren-aldaketa egin behar dugu Ploesti herrian, honanzkoan industria-hiri aipatzen nuen hartan: Suceavara edo Errusiara doan trena hartu behar dugu. Galdetu galdetzen dugu, baina oso zaila zaigu ezer garbirik ulertzea. Jaitsi gara Ploestin, gure motxilatzarrekin euripean, baina berehala jabetu gara zerbait ez zebilela ondo bertan, Josu izan da lehen kezkatu dena, “geltoki txikiegia da hau halako hiri handi baterako”. Galdetu dugu, “bizkor, hau ez da gure geltokia, eup, berriz gora!”, Gure estutasuna, igo ahal izan dugu garaiz eta heldu gara hurrengo geltokira: hau da hiriko geltoki handiena, bertan dira tren-gurutzatze eta aldaketak.
Ordubete inguru egin dugu geltokian, jende asko dago, luzeak dira ilarak, zaila zaigu inorekin ulertzea, ... Josune, beti bezala, izan da leihatila aurrean moldatu dena. Galdetu, txartelak trukatu, zulatu, ... Saltzailea dirudien gazte bat hurreratu zaigu, adeitsua, jatorra, laguntzeko prest, ... asko arduratu da gutaz eta asko lagundu digu. “Jon, hoa andenera, gauza ikusgarria zegok”: bi solairuko autodun trena zen!.
Heldu da gure trena, gainezka dator, bidaiari pila gaude sartu asmoz, tartean lekua eskatzen dute gure motxilatzarrek ere. Barrukoek ez digute aterik zabaldu nahi. Hango iskanbila. Txartel-zulatzaileak nahi du zerbait egin baina inork ez dio kasurik egiten. Halako batetan zabaldu digute ate bat, han genuen begiratzailea bizkortzeko eskatuz, erdi bultzaka, “no me toques!!!” Josunek, erdi haserre gabiltza denok, urduri, “rumano!!!”.
Treneko erreserbak ez ziren benetako erreserbak, ez dute balio tren honetan behintzat, balio dienak eurek ere ezin dute bere toki izendatukoa lortu, eserita daudenak ez dira inola ere jaikitzen-eta, treneko arduradunak ezin du ezer egin, ezer inposatu. Korridorea jendez beteta doa, zutik, ahal duen bezala konpontzen da bakoitza. Eta korridore horretan moldatu gara gu ere, motxila gainean eserita, jarrera egokirik hartu ezinik, nekatuta, ... Sei orduko bidaia dugula pentsatuz oraindik nekatuago.
Bizi-bizi jarri da berehala korridorea, herri umoretsua eta alaia da hau, ohi denez bat gailentzen da denen artean, errusiarra edo mugakoa behintzat. Giroa suspertuz joan da, patarra, ardoa, gozokiak, txokolatea, ... trukatzen dugu elkarrekin. Errusiarrari purua oparitu dio Josinak, haren poza, “trabuko” esan eta gorde egin du. Amodio-kontuak ere sortu dira, nire alboan hitzezko kontuetan hasi da bikote bat, harremanak aurrera joan dira, azkenez zuzenbideak trukatu dituzte, geltoki batetan neskak lagundu dio mutilari ateraino, bakarrik jarraitu du gero bere eserlekuan.
Husten joan da trena, gutxienez arintzen, nasaiago joan ahal izan gara, azkenik eserleku hutsak gelditu dira eta eseri ahal izan dugu. Erdi lo, nolabait eserlekuan gorputza egokituz, … bagoaz aurrera.
Herrixkak, geltokiak, ... ikuskizun bereziak dira gaueko ilunpean. Eguna argituz joan den heinean, beste itxura bat dute herrixkek zein geltokiek. Lo egin ahal izan duena esnatuz doa, besteoi eramangarriago zaigu joana goizeko lehen argira agertu zaigun paisaia berriari begira. Goizeko 6etan heldu gara azkenik. Nahiko ilun dago oraindik.
Euria!!!.
Jende asko dago geltokian, zihoazenak, gentozenak, ... Ez dago azpiko pasabiderik, tren artetik zeharkatu behar izan ditugu errailak. Egongelan izerdi usaina, gorputz usaina, ... kiratsa dario giroari. Bela beltzak kua kua kua zuhaitzetan, milaka belabeltz, ia-ia belztuta adarrak belokin, beste hainbat hegaz bira-biraka, karrazka hots beldurgarria ateratzen dute, goizeko erdi ilun erdi argi ordu hartan, ilunago argitua baino, zeru estalian, euria dariola, ... zirraragarria izan da!.
Bidaiariaren amarruak ikasiak ditugunez, bizkar-zakuak zaindegian utzi ditugu. Autobusez goaz hirira.
Euria!!!.
Urruti dago hiria, ibai zabal bat zeharkatu dugu zubi luze batez, soroak, tabernatxoak, bidegurutzeak, .... Jendez gainezka doa autobusa. Heldu gara hirira, etxe bakanek osatzen dituzte kaleak, ez diogu antzik ematen non jaitsi. “centrum” da bidaia-kideei egiten diegun galdera, ... jaitsi gara azkenik.
Euria!!!.
Suceava
Herrialdeko hiriburua, eragin eta garrantzi handikoa garai bateko historian.
Ez diot antzik ematen hiriari, kale luze zabala da, baina ez da gu ohituta gauden kale horietakoa, ez da kale “normala”, zuhaitz eta lorategiz inguratutako etxe bakanek osatzen dute kalea. Non baina hiri “normala”?.
Euria!!!
Erdi bustita, aterpe bila beti, zira arina ere bustita, etxe-kontraz etxe-kontra gerrako filmetan soldatuak hiria hartzen dirudigu.
Euria!!!
Codina izeneko hotela etorri zaigu bidean. Bertan gosaldu dugu. Dotorea bera!, “orain arteko merkeena” zioen Josune taldeko poltseroak. Komuneko emakume garbitzailearekin izan ditugu ika-mikak, keinuka zenigun garbitu berria zela, oraindik bustia beraz, eta ez sartzeko
Hiri batetan garen bakoitzean giro berdina sortzen da taldean, tentsioa, eztabaida, ... asmoak eta nahiak zehaztu, adostu, eta abian jarri arte, ez dugu haserrerik kanporatzen, baina inguruan dabilkigu patxadarik eza. Suceavan ere.
Aldatuko dugu dirua?, bai, ez, zenbat, trukaketa ofiziala, kalekoa, ... Gela bat hartuko dugu, non, nolakoa, ... Hegazkinez itzuliko gara, trenez, ... Garestia da ... Nora itzuliko gara, itsasertzera, mendira, ... Balkanetara joko dugu, bai, ez, noiz, ... Hirian nora egingo dugu, nola, kotxez, … Lurraldez edo hiriz aldatzen gareneko ohiko gorabeherak Suceavan ere.
Brasov-en hegazkinez itzultzeko aukera ikasi genuenez, hegazkin-bulego baten bila hasi gara- Josu bere maparekin aurretik eta besteok atzetik. Jotzen genuen halako tokira baina ez zen han. Josu goibel samar jarri zaigu, “fidatuko al zarete ba nitaz” esan digu une batez. Fidatuko ez ba!, sekulako gida zaigu bidaia osoan!. Aurkitu dugu azkenez: TARON deitzen da Errumaniako hegazkin konpainia.
Jakin dugu bainuetxeak zeudela bai Sinaian, bai Pedrealen!. Ezin hurrago izan zenuen zure ametsa betetzea, Itziar.
Hiria ezagutuz goaz. Oso berezia zait. Gustukoa. Kale zabalak, etxe bakanduak, zuhaitz asko, ugariak parkeak, ... kaleotan daude, nola ez!, plaza, etxetzar ofizialak, antzerki edo antzerako eraikin ederrak, estatuak, ...
Hotela hartu dugu, eguraldi hau ez da kanpalekurakoa!. Hiri erdi-erdian kokatua, oso eroso beraz, plaza handi baten ondoan, bere inguruan daude denda eta bulego gehienak, baita autobus geltokia ere. Ez da garestia, 2. mailako hotela, dutxa du gelan bertan, baina komuna korridoreko ertz batetan du.
Trenez itzultzea erabaki dugu, txartelak ere hartu ditugu, oraingoan erreserba eta guzti; egun hauetako nondik norakoa ere zehaztu dugu. Biharko autobusen berri ere jaso dugu. Geltokirako autobusaren zain, Espainiako gerran ibilitako gizon bat ezagutu dugu, gizaki jatorra. Izan da mozkortutako gizon bat ere, ondo jantzita arren, erabat epelduta.
Ekarri ditugu bizkar-zakuak geltokitik, txukundu gara, eta atera gara kaleetara. Dendaz denda gabiltza, batetan hainbat gauza polit daude: brusa, zapi, eskulan ezberdinak, ... tartean kolore biziz margotutako arrautzak.
Atertu du!!!
Jantoki txukun bat aukeratu dugu bazkaltzeko, autobus geltoki alboan. Itziar joan zaigu sukaldera jaki aukeraz jabetu asmoz, baina ez da aukera handirik, horrelako jantoki xume batek eskaintza zehatz xume bat besterik ez du. Merke, hori bai: arrazoia zuen hogei ogerlekorekin Errumanian bazkaldu zitekeela esan zigunak. Oso zintzo eta jator porta zaigu neska-zerbitzaria. Gazta erosi dugu, arratseko mokadurako ere izango zitzaigulakoan, baina bazkarian bertan eman dio azkena gure apetituak edo aurreko janarien urriak. Neska sukaldaria hurreratu zaigu KENT zigarroa eskatuz, une hartan erretzeko zigarroa nahi zuela uste izan du gure xalotasunak, baina berak paketea edo kaxa osoa erosi nahi zuen. Badirudi turistek tabakoa saltzen dietela errumaniarrei. Zer uste ote bertakoek, aberatsak garela tabako mota hori dugulako ala behartsuak garela eta tabakoa saldu behar dugula oporrak ordaindu ahal izateko. Guk ez dugu Kent tabakorik, eta kitto. Fariasak dira Joseinak ekarri duen gure altxorra.
Kafearekin izan ditugu berriro arazoak: zenbait txosna edo kafetegietan ez dute kafe aukerarik, zenbait kafetegi hertsiak daude, hurrengoak ere badu aitzakiaren bat. Ez dakit Errumaniako ohitura eta ordutegirik ikasiko dugun!. Arazo bera dut nik garagardoarekin: Non, zer, noiz?, hori da arazoa. Halako batetan aurkitu ahal izan dugu ditxosozko kafea: txosna berezia da, behetik begiratuz lehen solairu bat zirudiena, kale mailan dago bertara igo ondoren, aldatzean dago nonbait. Esnegaindun gustuko zapore eta apar zuriko kafea gozoa izateaz gain, halako patxada lasaigarria eskaini digute besaulkiek.
Ateri darrai!!!
Nahiko urruti, mendi-tontor baten gorenean zaldizkoa ageri da zaldi gainean. Bertara egitea erabaki dugu. Bide atsegina bertarakoa, ondo zaindua, gora, behera, ubide baten alboan, bidegorria tarteka, ehunka mailako mailadia baso erdian, ... Arazoak ditu Itziarrek txorkatilarekin, nahiko gaizki dabil mailetan, asko kostatzen zaio ibilbidea, Sinaiako gainbeherako hartan trokatu zuen edo zaintiraturen bat egin.
Inguru oso zaindua da mendi-tontor inguru osoa. Arratsalde-pasarako zein ibilaldiak egiteko aisialdi-inguru aparta da guzti hau. Izugarri erraldoia da tontorreko zaldia, zalduna bere neurriko ikaragarria: Estefan izeneko erregeren baten omenez jasotako brontzezko eskultura neurrigabekoa. Irudi zaleak dira errumaniarrak, agintariak behintzat: hainbat antzinako pertsonaien irudiak daude hotel alboko plazan ere.
Ez zegoen inor gu egon garenean, baina itzuleran gorantz doazen hainbat gazterekin gurutzatu gara. Leku aparta taldeentzat zein bikoteentzat.
Arratsalde baketsua, barea, erlaxatuta gaude, lasai, ...
Joseinak berarekin darama beti argazki tresneria osoa, nahiko astuna den poltsa. Gustukoak dituen argazkiez gain, gure gustukoak diren gaiak zeintzuk diren esateko eskatzen digu sarri.
Euria! hasi du berriz hirirakoan txabola batetan geundela. Atertuz joan da eta heldu gara hirira. Kalez kale ibili gara, hiri atsegina zaigu, bizitza bateko etxez osatutakoak, baratz eta fruitu-arbolaz inguratuta bakoitza. Elizak ere ukitu berezia ematen dio bere dorre bitxiarekin.
“bere” bat irabazi dugu, gorputzak ere eskatzen digu. Taberna batetara sartu gara. Larunbata izaki, Errumanian ere jende asko dabil, kaleetan ez ezik tabernetan ere. Ugariak dira mozkorrak. Oso herri-giroa dago tabernan. Buila ikaragarria. Erruz dabil ardoa nahiz garagardoa. Ijito taldea nabarmentzen da, emakumezko eta gizonezko, mahai baten inguruan biltzen dira. Ezin uka arraza ezberdinekoak direla, azalera beltzekoak, aurpegi jite propiodunak; gizonezkoek sonbreiru beltza daramate, emakumeek kolore, batez ere kolore gorri, biziko soinekoak eta lepo-zapi dirdiratsuak. Haien berbotsa, haien buila, nork igarri haserreak ala barreak diren ahotsok. Ikuskizun zaizkigu. Haserreren bat ere izan da beraien artean, emakumeak batez ere gailentzen dira, ikustekoa!, kanpora atera dira edo atera dituzte, kanpoan, baina, berdin jarraitu dute.
Mozkorrilo bat inguratu zaigu, ... ingeles ere badaki, ... zigarroa ematea izan da gure galbidea, ezin dugu gainetik kendu, kalera atera gara baina atzetik datorkigu, hotelera jo dugu baina gure gazte alegera atzetik izan dugu, hotel barrura sartu da, bidali dute, barruan dugu berriro gurekin, ...
Bera ez dela hormetan agertzen denetarikoa esan digu gure jarraitzaileak: hormetako paperetan agertzeak badu eraginik gizartean beraz, markatuta uzten du nonbait.
Lixiba egin dut gelan, eseki-lokarriak jarri ditut eta han gelditu dira nire arropok dilindan.
Ezkontza bat dago hoteleko jangelan, eguerditik daude bilduta, jan edan eta dantzan egin, zahar eta gazte, umore handiz. Trago bat hartu dugu bertan geuk ere. Jantoki bila atera gara, batzuk hertsiak daude, bestetan ez da lekurik, hango hartan ez da orkestrarik, ... beraz hotelera itzuli gara. Han dirau eztei festak. Jaki bereziak eskaini dizkigute, ezkontzarako prestatuak seguru aski: aza-orriz bildutako haragia izan da deigarriena, odoloste itxura du, zaporea erabat gozoa. Ohera egin dugu 11etan. Ezkontideek han gelditu dira jan eta dantza, ...
Aldaketa eguna gaurkoa, ikuskizunez polita izan da, bizipenez aberatsa, sentipenez bizia.
Labur eginen dut kontakizuna:
Zortzietan gosaldu dugu. Batzuk besteon aurretik atera dira txartelak hartzera. Bederatzietan dugu autobusa. Jendez gainezka dago geltokia, herri-herriko jendea. Autobusak ere asko dira bertan. Heldu da gure autobusa, beteta dator, pila gara bertan hartu nahi dugunok, ezinezkoa dirudi sartuko garenik, baina sartu egin gara, denak sartu dira, jendez gainezka doa autobusa. Zutik, beharko, bata besteei itsatsita, antxoak latan lez, oso nekagarria da. Bidean oraindik bidaiari gehiago sartu da!. Herri giroa dugu autobusean, baserritar jitea dute gure bidaia-kideak, agian herritik herrira doaz auskalo zertara.
Eguraldi iluna gaurkoa, ateria baina, lauso daude leihoetako kristalak, eskuz garbitu ahal izan du aurrekoak, ingurua begiratu ahal izan dut nik. Oso etxe bitxiak dira, zurezkoak, ezberdinak egituran ere, Bukaresteko museoan ikusitakoen tankerakoak. Behi aldra izan dugu errepidean, udaberrian ardiak ibili izan ziren bezala gure gaztetako herrietan.
Gura
Geltokiko komun zikin-ziiiikin-ziiiiiiiiiiiikiiiiiiiiiinaaaaaaaaaak!!!!. Puf!!!. Josunen haserrea!. Garagardoa hartu dut taberna batetan. Pastel batekin gonbidatu ditu emakume batek Josune eta Josu bere urtebetetzea ospatzeko. Geltokian argi eta egoki iragarrita daude bidaiak eta bidaietako orduak; nahiko eroso konpontzen gara. Hemen bertako arduradunak, dotore uniformatutako gizaki jatorra bera, lagundu digu Humorerako autobusa hartzen. Autobusez aldatu behar izan dugu beraz; 6 kilometrotara dugu bila gabiltzan herria.
Humor
Gidariak diosku 4etan dela itzuli-ordua. Igandetan berak jartzen duela ordua dirudi.
Monasterioa deitzen diote, agian hala zen garai batetan, zurezko kanpandorrea hormaz inguratutako esparrura sarreran, goialdean esparru zabala inguratuz gaztelua dirudi zurezko balkonada batez osatutako dorreak eskuinera.. Eliza da esparruko altxorra: eliza zoragarria, erabat margotuta ditu hormak kanpotik zein barrutik, bere aspaldiko ederrean irauten dute margook.
Eliza-abestiak entzun ditugu hurreratzeaz bat, koru batek abesturikoak. Meza ordua. Kapelak elizpean utzita sartzen dira gizonezkoak elizara, hango kapelu pila!, txukun eta ordenuan utzita. Eliza lepo dago, gizonezkoak aurrean eta emakumezkoak atzean, gure herrian txikitan bezala hemen ere. Lotsakor edo errespetuz, atetik kukuka ikusi gaituztenean barnera sartzeko keinua egin digute, barruan ginela aurrera egiteko konbita hartu dugu, aurrean ginela lehen lerroetan jartzea eskatu digute. Errito ortodoxoko meza da, hango intsentsu, prozesio, harat honakoa, abestiak, ... izugarri berezia eta atsegina egin zait hango giro berezi eta bitxia. Oparien otarra erabat deigarria da: janariz eta gozokiz beteta, lorez eta zintaz apaindua. Meza osoan iraun dugu barruan, atseginez: turista ugari etorri da bitartean, elizara sartu, aurreraino egin eta alde egiten dute, denbora mugatuarekin datozen autobuskadak dira. Meza bukatzean, aurretik pasa zaizkigu nekazariok kanpora bidean, txundiduta begiratzen diegu, jantziek eragindako liluraz. Gizonezkoek jantzi berezia daramate: atorra-brusa zuria eta alde batetik ilea eta bestetik larrua erakusten duen txamarra; emakumezkoek txamarra polit bat daramate: ez dakigu berenez eta ohituraz daramaten jantzi hori, ohikoa zaien, ala turistei begira janzten duten. Itziar eta Josune zenbat balio ote duten txamarrok, non saltzen duten, galdezka izan dira. Oso jende jatorra baita, adeitsua, hizketarako zein argazkiak ateratzeko beti prest. Badakite altxor bat dela eliza eta ikuskizun direla beraiek. Eliza esparru inguruetan oroigarrien dendatxoetan eskuz margotutako arrautzak saltzen dituzte: erosi ditut, lagunek barre egiten didate, ezetz osorik etxera heldu: osorik heldu ziren ba!. Joseina eta ni gaztelu antzerako kanpandorre horretara igo dugu, inguruko ikuspegi zabala eman digun balkonada. Ze nolako ekinaldia egin duen kanpai-joleak.
Autobusa utzi eta herrira jotzea erabaki dugu, gustura gaude eta, stop eginaz itzuliko gara.
Herri txikia da, bertako etxetxo propioz osatua, herria bera da aire libreko museoa. Jende multzoa dago hilerrian, bertara egin dute meza ondoren. Ogitxo bana dakarte emakumeek eta ardoa edaten dute kanposantura bisitariok, guri ere ogia eskaini digute, baita guk janez ezkertu ere. Izan da gizontxo bat zutoihal batekin, baina ez dakigu erritoaren nondik norakoa.
Auto-estop egin dugu. Poloniar autobus bat geratu zaigu: txalupaz betetako atoia dakar, txalupaz zeharkaldiren bat egin behar dute. Atzo Suceavan dolarrak aldatu zigutenak dira, gaur ere aldatu nahi digute. Poloniatik txartelak dakartzate, Errumanian txartelak diru bihurtzen dituzte, eta gu bezalako turistekin dolar bihurtzen dute bertako dirua. Jende jatorra da, erabat atseginak gerta zaizkigu 6 kilometroak.
Gura
Herri xarmant, zaindu-zaindua. Taberna batetan “bere” , garagardoa, edan eta ardoa erosi dugu. Giro berezia dago tabernan, ardo edo mozkor giroa egin zaigu, zarataka hitz egiten dute, baina ez da haserre-buila; guretzat gizaki arraroak dira, ezberdinak, azal beltzeko sendokoteak.
4 kilometro omen Voronet herrira, oinez egitea erabaki dugu: ibilbide eta ibilaldi erabat atsegina eta patxadatsua gerta zaigu: belar-sail eta soroa da errepide alde bietara lurralde osoa, antzar asko dabil denean, gureetan oiloak ibili ohi ziren bezala, sagarrondoa da nagusi fruta-arboletan, ugaria da; errepide ertzean osinak, zurezko estalkiarekin eta ura ateratzeko gurpil handiekin, izan dugu ibai bat, zubia, ... dena zaigu bitxia eta deigarria, baina batez ere etxeak: baratzez inguratutako etxe txikiak, sarrera berezia dute, ostean patioa dator, patioa inguratuz korta eta etxebizitza bera, dena da zurezkoa, dena bitxiki osatu eta landua, balkonadak hartzen du fatxada alderik alde, patio orok du bere patina.
Eta hara non, Europako bazter galdu honetan J.R.ren argazkia balkonada batetan!!!.
Euria hasi du!, berriro.
Itziar eta Joseina atzean gelditu dira, ondoren Alfontso eta ni, Josuk eta Josunek beraiek bakarrik egin dute aurrera, sakabanatu egin da taldea. Aterrunetan ibili eta zaparradak ekitean gelditu. Bi aldiz ere geratu gara Alfontso eta biok, erdi bustita, umelduta. Etxe baterako sarrera batetan gelditu garen batetan, estalpeak baitira; etxeko nagusia ere bertan zen, leihoan zegoen aurreko etxeko gizonarekin solasean. Lastima harremanik ezin egina. Azkenik atertu du eta elkartu gara, denok ibili baikara aterpe bila etxaurre eta estalpeetan.
Voronet
Herri txikia da, ez da inor ageri.
Monasterioa herritik at dago, aurrerago; autorik ez dabil geratzeko eta autobusez egin dugu monasteriora.
Monastegia. Humorekoa baino egoera hobean dago. Josuk azaltzen digu oso famatua direla bertako marrazki urdinak. Gogoan dut Josuk kartzelan arte liburuei begira egiten zituen tarteak. Kanpoko hormak erabat pintatuta daude, kolore urdina nabarmentzen da. Ikusgarria. Hemen ez dugu Humoreko girorik, ez da mezarik, ez da bertako jantzitako herritarrik, turistak bakarrik gaude eliza eta eliza inguruan. Liluratuta begiratzen diegu hormoi: filminak erosi ditu Joseinak, postalak besteok.
Ateri dugu, sikiera!. Bertako patin handi baten ondoan bazkaldu dugu, Suceavatik ekarri ditugun pastelak eta Humoren erosi dugun ardoa. Norbaitek izan zuen izozkiaz bukatzeko ideia; bazkalondo gozatua.
Kartetan ari ziren mutil-koskor batzuk hurreratu zaizkigu, ingeles apur bat dakite, alemanera ez omen zaie atsegina. Zerbait eman diegu, ez dut gogoratzen zer, nagusi batzuk alde egiteko agindu die.
Oinez itzuli gara Gurara. Neuk daramat botila hutsa, ez dakit nora bota, sastraka artera bota dut azkenik disimuluz, ezkutuan, baina hara non harriren bat jo du eta izugarrizko kristal hautsi hotsa atera du!!!. Patxada, lasaitasuna, erlaxa, ...
Guran autobusa hartu dugu. Geltokian ez zegoen inola ere argi gure autobusaren nasa, uste genuena ez zen egokia, baina bertan geunden lasai esperoan, gizonezko bat etorri zaigu non zen argitzera, berari ezker ez dugu izan ezustekorik.
Luze joan zaigu non afaldu erabakitzea. Josu eta Josune jatetxeak esploratzera joan dira: aurkitu dute kafeontzi espresa!!!, bertara jo dugu beraz, baina orkestra duen jangelan ez da lekurik, lekua dugun jangelan aldiz ez da orkestrarik, ... hotelean afaltzea erabaki dugu, egin dugu dantzan afal ondoren, Alfontsok ere, Josunekin noski, bera baita taldea dantzara animatzen duena. Argiak itzaliz bota gaituzte jangelatik. Dantzatokira egin dugu, baina itxita dago. Oherako alper, Itziar, Josu, Alfontso eta laurok kartetan egin dugu: batekoetara.
Monasterio ospetsu asko dago inguruan, baina atzo nahiko monasterio eta eliza pintatu ikusi genuenez, gaur pausoa beste norabait zuzentzea erabaki dugu. Goiz ibili gara, 8etan hotelean bertan gosaldu eta autobusera egin dugu. Astelehena izanik uste genuen ez zela atzo hainbat bidaiari izanen geltokian, baina hara non atzo baino gehiago ginen autobusa hartzeko prest. Tira eta bultza, sartuko ez sartuko, kabituko ez kabituko, baina denok sartu gara gaur ere.
Radauti
Herritik kanpo dago hemen ere geltokia, autobus asko dago, denen azken muga baita. Autoa oso gutxik duenez, garraio publikoa darabil jendeak. Txanpon gehiago izanen nuke nik ere autorik ez banu, edo gure herrietan autobus gehiago balebil; autoak isolatu egiten gaitu, bakoitza bere pospolo kaxan gabiltza, bakartuta, hemendik hara. Nolanahi hemen ere ez dirudi harreman handirik sortzen duenik garraio publikoak, bakoitza bere jarlekuan doa, isilik, bere ardura, pentsamendu eta asmoetan murgilduta.
Herrira egin dugu. Etxebizitza gutxiko etxe xumez osatutako herria. Denda ugari dago. Parke zabal ederra du herri erdian. Parkean jadanik ohiko zaizkigun iragarki-taulak: bertan agertzeko merezimenduak egin dituztenen argazkiak daude batetan: gidariak, argiketariak, ..., beste argazki-taulan, aldiz, bertan agertzeko haina oker egin dituztenen argazkiak: ez dakigu ze “delitu” duten, baina oso gogorra egiten zaigu zigortzeko edo eskarmenturako sistema hori.
Kaleetan erakusleihoen aurrean begiluze ibili ondoren museoa bisitatu dugu. Sarrera merkea du. Oinetakoen gainetik zapatila berezi batzuk jantzi behar dira museoa zikindu ez dadin: sarreran zapatila piloa dago eta norberak aukeratu behar du bere oinetakoen neurrikoa. Areto bakoitzeko argia ere bisitariak berak piztu-itzaltzen ditu. Oso interesgarria gertatu zaigu museoa, oso gogokoa izan zaigu, ikusmin ibili gara aretoz areto: tresneria ezberdina, lanabesak, zeramika, jantziak, kolore bizi eta anitzeko ehunak, ... bitxikeria ugari. Ba da buztina lantzeko tailer bat ere.
Itziar eta Josune txamarrekin liluratuta daude, politak, koloretsuak eta tentagarriak dira izan, oso garestiak dira baina, tratuan ibili dira salneurriaz, Josunek Josu zirikatzen du: “nire urtebetetzerako oparia ...”.
Herriko plazara egin dugu: Inguruko nekazarien salmahaiek osatzen dute azoka, denetikako eskaintza dute. Fruta erosi dugu guk. Dirua ere aldatu dugu: pare bat gazte etorri zaizkigu, nahiko misterioz egin dugu aldaketa, ertz batetara joanda, zintzo zebiltzan eta ez da arazorik sortu.
Zaldiko-maldikoetan ere ibili gara, txikitatik ibili gabe nengoen “kateetan”. Betiko horietakoa zen, klasikoa, beste apaingarririk gabe kateak eta jarlekoak soilik, gaur egun ez da ikusten holakorik gure plazetan, umeentzako tramankulu txiki eta motelak ezik, agian utzi ere ez diete egiten segurtasun neurriengatik. Ibilaldi luzea egiten du ordain-sari bakoitzeko. Gozatu ederra hartu dut, baina ezin izan dut lortu aurrekoa harrapatzea, gorputzari eragiten nion arren; arraioa, bazen bat aurrekoa harrapatu ez ezik ziztu bizian aurrera bidaltzen zuena; beste bat ere bere baitan kiribiltzen zena, kateokin kate bakarra eginez, ondoren ziztu biziko abiadan deslotzeko.
Indarrak ere neurtu ditugu tramankulu batetan, pilota handi bat joz, nahiko barre eginez. Josu izan da garaile.
Erakusleihoetan begiluze berriro, eliza batetara egin dugu: ospe handikoa da, margoak ia galduak ditu baina izen handiko errege bat dago bertan lurperatua, ama, aita eta auskalo zenbat familiakoekin, harrizko kutxetan. “Zaldi eta guzti, zaldi gainean gainera, lurperatuta omen” esan digute.
Josunek militar botoi bat aurkitu du, aurkikuntza ikusi duen gazte bat oso misteriosoki zerbait esaten egon zaio, ez genuen ezer ulertzen baina “Josune, kartzelara” esaten ziola itzulpena egin dugu.
Nekatuta gaude, kafetegi batetara sartu gara, non luzatu garen kontu-kontari patxada gozoan, atseden lasaian, erlaxatuz, ... ardoa edanez. Kriston basokadak ateratzen dituzte, ardo gozoa da.
Denbora dugunez, hotelera itzuli ordez beste norabait egitea erabaki dugu. Josu murgildu da bere gida lanetan: “Inguruko zeramika beltza oso famatua da”. Maparekin lanean, Meajinea proposatu digu, “gertu dago”. Autogarara egin dugu horrenbestez, beste “bere” bat hartu eta prest ginen autobuseko abentura berrirako.
Meajinea
Herri txikia da, errepidearen luzeran alde bietara kokatutako zurezko etxe bitxiko bi ilara ia besterik ez, soro, zelai, fruitu-arbolez inguratuta. Zeramika beltza egiten dute, lau labe, lantegi eta biltoki ikusi ditugu. Hainbat ontzi erosi dugu, oso merke gure ustez, mauka iruditu zaigu. Erosi ditudanak ziran bilduz egin dut pardela: platerak, hautsontziak, botilak, ... “Ezetz etxera osorik” Josu tentalari arrautzak erosi nituenean bezala. Ikusiko genituen zeramika beltzeko ontzi berdinak lantegiko salneurri berean denda dotoreetan ere. Salneurri bera dute hemen salgaiek denda dotoreetan zein biltegietan.
Neska batekin egin dugu harremana geltokian, beltzarana bera, oso jatorra, ingelesez moldatzen gara, tabakoa erosi nahi du honek ere, tabakoa eta xanpua. Galdetzen diogu ia zer egiten duten hainbeste antzarrekin, etxaurrean ez ezik zelaietan, errepidean, kalean, edonon ikusten baititugu antzarrak. Fabriketara saltzen omen pate egiteko. “Etxean ere egiten dugu”. Ez daki non saltzen den fabriketako pate hori. “Suceavako dendetan uste dut”. Galdetzen diogu ia nolako ontzi, kaxa, pote, edo nola bilduta, .... baina ez du gure galderarik ulertzen. Eta ez genuen paterik ikusiko ere, agian ikusi genuen baina ez genuen jakin zer zen patea, ez genuelako ze ontzi motatan zetorren, ezta ontzietako izkribuak ulertzen ere.
Patin bat dago geltoki ondoan, bere gurpila, bere katea, bere pertza, antozina, ... Freskoa eta gozoa da ura ere. Jostailua gertatu zait, xarmangarria.
Radautiko “gara”n gaude berriro. Denboraz gabiltza, tartean alboan dagoen “Kabana” izeneko txosnara egin dugu. Taberna berezia da, zur edo kanaberaz eginikoa, handia, filmetan agertzen diren mendiko aterpe horietakoa. Stadium eta futbol-zelaia ditu alboan, zainduak erabat. Pitxerkada bana “bere” edanez bete dugu autobuserako tartea. 7etan trena dagoela eta bera ere Suceavara doan gizonezko batek trenera eraman nahi gaitu, guk aldiz autobusez itzuli nahi dugu, autobuseko sartu-kabitu-irten ezinen monoa dugu nonbait. Eskerrik asko eta agur gure gizonari.
Trumoiak jo du, zaparrada ederra ere bota du. “Autogarara” egin behar genuen eta nik fardel bihurtuta nuen zira!.
Sikiera oraingoan tokia dugu autobusean!. Baina bete, bete egin da orain ere. Patxaran noa. Hara non baina gizonezko berritsu bat eseri zaidala alboan. Eten zait nire tarte barea. Gizonezko ihar luze bat da, sonbreiru eta guztikoa, gabardina darama eta bi hortz falta zaizkio. Haren hitz-jarioa!, ez diot ia piperrik ulertzen baina berak etenik gabeko leloari eusten dio, keinuka eta mila aldiz hitz eta keinu beti berak errepikatuz komunikatzen gara: euria txarra dela patatentzat, hotz dagoela, neguko arropak jantzi behar izan dituela, benzina garestia dagoela beraz autoa utzi eta autobusez ibili beharrean aurkitzen dela, ... Portugesa, italiera, errumaniera eta espainiera oso antzerakoak omen, nik frantsesa ere antzerakoa dela aditzera eman nahi diot temati behin eta berriz, baina berak berea errepikatuko du frantsesa behin ere aitatu gabe. Bi lagun ditu, bere antzekoak biak. Bere zuzenbidea eman dit, bere lagunetariko batek idatzi dit, boligrafoa eta papera neuk eskaini behar izan badiot ere. Nik ere eman diot nirea. Arren eta arren postal bat bidali diezaiodala eskatzen dit behin eta berriz, berak ere bidaliko didala agintzen dit. Mila aldiz errepikatu dit gauza bakoitza, etengabeko hitz-jario ulertezinean, baina zerbait ulertu diot edo ulertu diodalakoan gelditu naiz.
Izugarrizko eragozpena da hizkuntza harremanetarako erbestean. Batzuetan amorragarria ere bada. Lursailok norenak diren jakin nahi nuke. Nola bizi diren bucovinatarrok. Zenbat irabazten duten. Ceausescuri buruz zer. Politikagintza nolakoa. Herriko arazoak zeintzuk. Ohiturak nolakoak. Jolas-bideak. Mila galdera ditut baina ezinezkoa zaigu elkar ulertzea.
Norbaitek esan zion lehengo batetan Itziarri mendietako lurrak nekazarienak zirela, beheko lursailak aldiz sozializatuta zeudela..
Autobusak hoteletik gertu utzi gaitu, urruti utziko gintuen trenak.
Batekotara eta “al burro”ra jokatu dugu denok afalondoren Alfontso eta nire gelan. Barre egin dugu behintzat, ordu goxoa bete ere bai.
Lixiba ederrak egin ditugu denok egun hauetan hotelaz baliatuz.
Ohera aurretik komunera joan naiz, pasilloko ertzean dugu. Kaka egin dut, lasai.
Bucovina utziko dugu bihar
Bukarestera
Presa gabe jaiki, motxilak egin, esekitokia kendu eta hotela uzteko prestatu gara. Une horretan jabetu naiz 300 dolar galdu egin ditudala, atzo gauean komunean utzi nituen!. Dirua zaindu beharra hainbeste aholkatu ziguten, hain gutxi ibilia ni, poltsatxo batean gordeta nituen, praketan gordeta. Alferrik joan naiz bila. Galdetu dut harrera-mahaian, neskak frantsesez soilik egiten du, nik ez dut erraztasun gehiegirik, eta kosta zait konturatu araztea zer gertatu zaidan; konturatu denean, batez ere galdu dudanaren kopurua esan diodanean, ikaratu samarra geratu da, diru hori hilabetean irabazten ote du!. Inork ez du ezer aurkitu duen berririk eman; nola ba!. Zerbait aurkituz gero garbitzaileak itzuliko omen luke. Auskalo nor joan zen nire ondoren komunera. Egunean zehar pasatuko naiz hoteletik badaezpada ere galdetzera. Nire diru guztiak galdu ditut. Ze atsekabea!!!. Joseinak nahiko diru duela eta aurreratu dit kopuru bat. Pasatuko zait tristura.
9etan elkartu gara denok. Eguraldi paregabea argitu zaigu azkenean. Bizkar-zakuak geltokira eraman ditugu, museo bat bisitatu dugu ondoren. Hotelean bazkaldu dugu. Kosta zaigu gero joan den eguneko kafetegia aurkitzea. Aurkitu dugu, baina oso eskasa zen gaur kafea.
Luzaro egon gara kalean, jendeari begira, bertako berri jaso nahiz, azken irudiak begietan zizelatu nahiz. Bikote bat hurreratu zaigu tabakorik saltzen genuen galdetuz.
Biltegi eta saltokietan ibili gara: denetik aurkitu daiteke. Eskaileretako hormetan, solairu guztietan, Ceausescuren argazkia eta esaldiak daude.
Desfilerako tribunak jasotzen ari dira plazan. Kale erdian berriz gehienak militar jantzitako neskak desfilea entseatzen ari dira, hara eta hona, joan eta etorri. Gizonezko bat dute aurrean, baina ez du zirkinik ere egiten. Gerora bakoitza bere etxera bidean ikusi ditugu neskok.
Zer egin gelditzen zaizkigun orduetan?. Josu, Josune eta Alfontso zinera joan dira. Errumaniako filmarik ez dago, nik ez dut gureetan ikus ditzakegun filma bat ikusteko gogorik. Joseina, Itziar eta hirurok Museora joan gara, bigarren museo batetara, zapatilak jarri behar izan ditugu hemen ere: behe solairuan jantziak, tresneria, ontziteria eta antzerako ikusgaiak daude ikusgai. Goiko solairuan aldiz lurraldeka banatuta dago Moldavia, bakoitzeko berezitasun eta bitxikeria pila: mozorroak dira ugarienak, lurralde orok ditu bereak. Ez askorik, baina ibili bazebilen bisitaria.
Ikaragarrizko zaparrada bota du museoan geundela. Barnean eutsi diogu hertsi duten arte, bota gaituztenean, atariko teilapean jarraitu dugu, patxadan eta gustura.
Tximistek zuhaitzak argitzeari utzi diotenean, trumoi danbarradak isildu direnean eta atertu duenean, zalduntzarraren inguruan dagoen gaztelua bisitatzera joan gara: erdi hondatua dago, baina ikusgarria behar zuen izan; handia, herri osoa biltzen zen harresien barruan, kanpotik aldiz lubaki edo zulo erraldoi zabal eta sakonak inguratzen du. Suceava zoragarria ageri zen gausenti euritsuan Gaztelutik begiratuta. Gaztelu ingurua bera ere erakargarria da, emanaldietarako oholtza bat dute belartza zabal baten erdian; zein goxoa eta erakargarria behar duen izan belartzan etzan eta musika emanaldi bat entzutea.
Afaltzerakoan elkartu gara. Oso bizipen berezia izan zaie zinemakoa: zenbakidunak dira sarrera zenbait, sarrerok erosi dituztenak esertzen dira bakoitza bere aulkian, bestelakoak hartu dituztenak aldiz zutik gelditzen dira alboetan; filma botatzen hasi aurretik garai bateko hasi aurreko txirrin hotsarekin batera zutikakook hasten dira arrapaladan aulki hutsak hartzen, izugarrizko zalaparta sortzen omen da. Usai berezi oso sarkorra omen zegoen aretoan.
Hotelean afaldu dugu. Ligetxoa omen geneukan Alfontsok eta biok, bi neska gure alboan eta ertz batetan ondoren, ..., begiradatxoak egon dira, ... baina ....
Geltokira egin dugu. Vodka erosi dugu, gaua luzea da eta ez dugu literarik.
Espainian, ala Errusian?, egondako brigadista batekin egin dugu harremana. Ze tipo jatorra!.
Hartu dugu trena, gau guztirako triki-traka. Gazte bat doa gure departamendu berean, Kirol-jauzkaria omen da, Bukarestera doa, handik hegazkinez nonbaitera lehiaketa batetara.
Alfontsok berehala hartu du lo, ikustekoa zen nola igurzten zuen sudurra.
Errementari baten monumentua geltoki batetan.
Bukarestera goaz triki-traka, gure vodka pizgarria trenean ahitu zaigu, botila jarlekupean erorita hustu baitzaigu!. Lurraldeko xarmaren lurrunak biltzen gaitu.
Gerora irakurriko nuen Norman Manearen “Huliganaren itzulera” liburua. “Pagoen herria” esan nahi du Bucovinak. Izen bukolikoak historia latza gordetzen du; beti alboko herri nagusien harrapakin, gerra guztien erdigunean, gerra ororen mota guztietako ondorioekin; sozialismoa, komunismoa, diktadura, diktadura ondorena, Ceausescu,… bizi izan ditu; izugarria izan zen judutarrek jasan behar izan zuten jazarpena, bizipen beldurgarriak, … Azalean geratzen da bisitarien begirada; sakona eta korapilatsua da, ostera, herri baten muina, herri honena ere. Nolanahi, oroitzapen atsegina da, liluragarria ere, Ipar Errumaniak utzi zigun bizipenen bilduma.