Kontakizunak
Argipen gisa
Nire denbora emanezko idazkiei bide berri bat aurkitu asmoz literatura lehiaketetara aurkeztea erabaki nuen. Narrazio laburren lehiaketak hain zuzen. Lanak aurkezteko epe bat zuten, eta orrialde kopuruaren muga. Baldintza eragileak niretzat. Erronka bat ere.
Sari batzuk irabazi nituen eta horrek jarraipen bat ematera bultzatu ninduen.
Ez dut egoera eta istorioak asmatzen jarri nahi izan. Uste dut bizitzak ematen duela, eman didala behintzat, narrazio eta kontakizunerako nahi adina istorio. Horietako batzuei heldu diet.
Niretzat ezagunak eta bizipen kitzikagarriak zaizkidan gaiez ari naiz, beraz, kontakizunotan: kartzela, bidaiak, eta 5 urte apaiz egon nintzen auzoa.
Ez dira kontakizun zehatzak, narrazioak berak eskatzen du zenbait aldaketa eta egokitzapen.
Baina bai badira errealitate zuzen eta biziaren isla.
Ia ez dute ezer fikziotik, zenbait leku eta izenen aldaketa gehienez.
Hiru sailetan sartu daitezke nire kontakizunok:
1.- Zamorako kartzeladiari buruzkoak. Argitaratuta daude: ZAMORAKO LANDAN izenburuarekin, INTXORTA argitaletxeak argitara emanak.
19 dira.
Hauek ez dute, beraz, sarean jarri beharrik.
2.- Zenbait bidaien inguruan idatzitakoak: Ibilikoak deitu ditut.
9 narrazio labur dira.
Badut hasieran dendarekin eta ondoren karabanarekin jubilatu ondoren egindako bidaien eguneroko bat. Jarriko ditut, agian, noizbait sarean. Nork daki, baliteke norbaiti laket izatea beste baten bidaia esperientzia eta lurralde ezberdinei buruzko ikuspegia eta iritzia, nahiz aspaldikoak.
3.- Bertan 5 urtez apaiz izan nintzaneko auzoari buruzkoak: Auzoa izenburua jarri diet.
9 narrazio labur dira.
Herren gelditu naizen sentipena dut azken gai honetan:
- Ganora gutxiz eta murritzegi aipatzen ditut auzotarrak, beraiekin izan ziren arren nire harreman sakon eta estuenak: oso azalean geratu naiz beraiez, ez dut bere giza aberastasuna azaleratu. Bizi-bizi ditudan arren nire gogoan. Beraienganako errespetuak eta agian fidelegi edo zintzoegia ez izateko kezkak mugatu bultzatu nau areago ez joatera.
- Beraien bizimoldez sakonago ez aritu izana: emakume eta gizonezkoen rolak, etxeko lanak, baserriko lanak, soroetako lanak, tresneria, izendegia, urtaroak, uzta ezberdinak, … baina urte haietan ez nuen gaur egun dudan ikuspegia, gaitasunik ere ez agian, eta lausoegi geratu zaizkit gaioi buruzko bizipen eta oroitzapenak orain horretaz ekiteko.
Luzera eta batez ere egitura ezberdina dutenez, orain arteko asteroko bikoaren ordez, astean kontakizun bat sareratzea pentsatu dut, erosoagoa izanen zaiolako balizko irakurleari.