Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / IDAZLEEN MINTZOAK - Irakurketa emaria

IDAZLEEN MINTZOAK - Irakurketa emaria

Jon Etxabe 2019/09/06 12:12
Argibide gisa Argibide gisa

Argibide gisa

 

Irakurle aktiboa izaten ahalegintzen naiz. Irakurtzen ari naizenari arreta gehiago jartzeko, eta aldi berean nire burmuinari eragiteko. Nire aktibo izan nahi hori, gai, pertsonai eta egituraz harago, arreta sortarazi didaten esamolde eta zenbait ñabardura jasotzea da. Garai batean liburuan bertan azpimarratuz egiten nuen lan hori. Aitortu behar dut orain ez dudala ia libururik erosten, alde batetik garestiak daudelako, bestetik Udal Liburutegiak oso aukera zabala eskaintzen didalako argitaratzen eta interesatzen zaizkidan liburu ia gehienak irakurtzeko. Horri gehitu beharko nioke etxean liburutegi oparoa edukitzea ez ote den sarri barne asetasun puntu baten ondorioa. Harrotasun puntua, alegia. Eibarrera bueltatu nintzenean, hemen etxe oso txikia dugunez, nire  liburu denak eman nahi izan nituen: inongo liburutegi edo taldek ez zuen hartu nahi izan. Lagun eta ezagunei utzi nien nahi zituzten liburuak eramaten. Zakarrontzira joan ziren besteak. Horrek erakutsi zidan ez zuela merezi liburutegi itxuroso bat etxeko apaletan edukitzeak. Beharrezkoak edo gogokoenak, eta nahiko.

 

Liburutegiko liburuei ekin nionean, azpimarratu ezin nuenez, arreta eman zidaten esamoldeak ordenagailuan jasotzeari ekin nion. Inola ere ez aurrez asmatutako eskema bati jarraituz, ezta ere lan akademiko edo ikerketa bat egin asmoz.

Jaso nituen eta hor zeuden, hor daude, ordenagailuan. Ez nekien zer egin, baina ezabatu baino hobe zela nolabaiteko forma ematea pentsatu dut. Hori egin ondoren sarean jartzea izan da erabakia. Niretzat bezala agian norbaitentzat nolabaiteko interesa izan dezaketelakoan.

 

Izenak aditz izenorde adberbio bihurtzea eta molde aldaketak batzuk ausartak edo gutxienez ezohikoak, bide berri baten erakusleak iruditu zaizkidalako, joera berri batzuk irekitzen edo egilearen irudimena adierazten dutelako jaso ditut. Baita  nik zalantza asko nituelako nola osatu esamolde edo esanahi hori.

 

Sailkapena. Zein korapilatsua izan zaidan esaldiok sailkatzea!. Hainbeste baitziren sailkatzeko aukera ezberdinak. Balizko sailkapen kilikagarri asko dago, egon. Berehala jabetu nintzen txara nahasiegia zela niretzat. Nire asmoa ez zen, nolanahi, lan akademiko, zientifiko eta ez dakit nolabaiteko gramatika-saioa egitea. Jasotako hitz eta esaldiak nolabait ordenatzea, besterik ez.

Ez zuela merezi gaika sailkatzea erabaki nuen lehenengo;  gehienez alfabetikoki jarri eta kito, hori ere pentsatu nuen. Balizko interesatuak jarriko ziola gogoko zaion sailkapena edo eginen zuela aukeramen gogokoena erabaki nuen. Ahalegin bat egin eta sailkapen bat egiteak merezi zuela pentsatu nuen azkenez, aberasgarria izanen zitzaidalakoan. Beraz, nolabaiteko banaketa egin dut, nire hautamena, hitz edo esaldi bakoitzarentzat saila eta kokapena hobetsiz.

 

Niretzat interesen bat zeukatenak jasotzea izan de arrazoi bakarra. Jabetzen naiz esaldi askok beste sail batean ere badutela toki naturala, agian egokiagoa. Sail ezberdinen mugak erabat nahasiak gertatzen dira esaldi bat egokitzerakoan. Nire sailkapenak, nire ustez, badu bere logika ere. Aitortzen dut oso sinplea dela. Ziur nago ere erru edo hanka-sartze asko egin ditudala, nire gabezia askoren ezaugarrietako bat izanen dira akatsok. Hala ere sareratzea erabaki dut. Larregizko atrebentzia agian.

 

Hau da egin dudan sailkapena.

ESAMOLDEAK

ESALDIAK

EGITURAK:

… EGIN, EMAN, EGON…

ITZULPENAK

LEUNGARRIAK

IZENAK.

MARRAZ IDATZIAK

BEREIZ IDATZIAK

IZENORDEAK

IZENAK - IZENORDEAK

IZENORDAINAK

ADITZA

ADBERBIOAK

GIZAKIA

NATURA

 

Zergatiari eta esamoldeoi buruz ohar batzuk:

*  Zenbait esamoldek ez dutela ez zentzurik ez esanahi berezirik dirudi testuingurutik kanpo, hitzei esanahirako testuingurua jartzea da izan idaztearen artea. Nekosoa eta luzea zen esaldiak osoki jasotzea, eta nire helburua ez zenez lan akademiko bat egitea hitzok edo esaldiok soilik jaso nituen; egia da zenbait esaldik testuingurua behar dutela esanahia ulertzeko.

* Nire buruari galdetzen diot zerk eraginda jaso ote nuen zenbait esamolde ez baitiet zentzu handirik ikusten. Daudenean utzi ditut, baina, agian nire ezinen eta interesgune antzerakoetan dagoen balizko interesaturen bati niri jasoarazi zidan interesgune antzerakoa sortaraziko dion esperantzan.  

* Baliagarriak izan daitezke norbaitentzat, edo interesgarria begirada bat botatzea.

* Dauden bezala erabiltzeko baino, esapideok norbere erara moldatzen laguntzeko balio dezakete.

* Erabaki dut ez jartzea ez norenak diren ez zein liburutatik jaso ditudan. Ez dut uste axola dionik ez norena ez nondik jasotakoak diren jakiteak. Esaldiak berenez eskaini lezakeen interesgune edo erakargarritasuna da garrantzitsua, edonorena dela ere; norberak ematen dion baliagarritasuna da balio duena. Egile ospetsu baten erabilpenak benetakotasunaren zigilua ezartzen duela dirudi; bedi, gure garaiko teologian Santo Tomasek zioen dena zen ia dogma. Nik asko erlatibizatzen dut egiletasun hori.   

* Esamolde zuzenak ote dudagatik jasoak daude zenbait esamolde, edo gutxienez ezohikoak egin zaizkidalako. Sarri oker daudelakoan nago, baina agian azken aldi honetan arauak asko aldatu dira eta zuzen daude.

* Beste zenbait esaldi, niri horrela jarri edo adieraztea bururatuko ez zitzaidalako jasota daude, interesgarria iruditu eta gogarazteko asmoz ere.

* Nik argitu ezin ditudan zalantzak sortarazten dit sail ezberdinetako hainbat esaldi eta abarrek, duda asko dut zenbait esamoldez, oker daudelakoan ere banago, gutxienez duda sortarazteko balio izan didate.

* Hainbat hitzekin uste izan dut moldiztegi akatsa dela, nork daki; edo nire akatsa jasotze-idazterakoan, oso litekeena ere.

 

ESAMOLDEAK, ESALDIAK, EGITURAK: eztabaidagarria da esaldi askoren arteko muga. Gainera seguruenik adberbioetan edo beste nonbaiten dute kokaleku egokiagoa.

 

… ARI, EGIN, EGON, ESAN… aditzek duten erabilera anitzak deitu zidan arreta, horregatik berezitu ditut sailkapenean, naiz sailkapeneko beste maila batean egon zitezkeen. Merezi zutela kokagune berezi bat erabaki dut.

 

ITZULPENAK: Gaztelerazko itzulpen zuzenak, hitzez hitzezkoak, dira esamolde asko, edo gaztelerazko esaldi askoren nolabaiteko isla, euskal jitea duten esamoldean itzulita. Hizkuntza baten baliabide eta zirrikituak erakusten ditu. Idazle bakoitzaren aukera, irudimenaren aberastasuna, sarri ausardia ere, adierazten. Konparaketa eta bien arteko aukera egiteko balio lezakete. Ezbaian jartzen ditut zenbait, baina hala idatzi zituzten eta hala jaso ditut.

 

LEUNGARRIAK: deigarriak egin zitzaizkidan esaldi era horiek, goxoak ere, eta nahiz gutxi izan, leku propioa utzi diet. Egiaz, ez nekien nola deitu ere, “txikigarriak” edo beste zerbait jartzeko ere egon naiz.

txo atzizkidunak ez ditu jaso, egunerokoak ditugulako.

 

IZENAK. Asko izan dira hiztegira begiratzera eraman nautenak, bitxiak zenbait, nire hiztegi normalean ez daudenak… Jasotzen joan naiz nirekiko ariketa bezala.

Hainbat izen, hiztegian arren, niretzat erabat ezezagunak zirelako, edo erabiltzera ausartuko ez nintzelako jaso nituen. Beste zenbait, batez ere bi hitzez osatuak, loturik idatzitakoak, idazlearen irudimena adierazten didatelako.

Jabetu naiz ordenagailuak gorriz azpimarratzen didan hitz asko oso normalak eta erabiliak direla. Aspaldikoa da nire hiztegia, bai liburua, bai ordenagailukoa,  agian gaurkoratutako hiztegietan badaude nirean gorriz duden hitzok. Nolanahi nire ordenagailuko hiztegian gorriz, oker edo ezezagun bezala azpimarratutako denak jartzea erabaki dut.

Zuzentzaileak gorriz  azpimarratzen dizkidanak jarri dituk.

Hainbat hitz, gorriz azpimarratu ez zaizkidanak, erabat berriak suertatu zaizkit, eta nire ekonomia linguistikorako baliagarriak direlako zerrendatzeko tentazioa edukiki dut, baina nire hiztegi-liburuan behintzat daudenez ez ditut jaso hemen. Nolanahi egilearen sormen gaitasunean dago bilatu, aurkitu, esanahiaren arabera asmatu edo moldatu eta erabiltzea.

Gorriz, okertzat edo ezezaguntzat, agertzen zaizkidan hitz asko seguruenik konposatuak direlako da, loturik idatzitakoak alegia, osagai biok marratxoz banatuta ez lirateke  marratxo gorriz okertzat azpimarratuta agertuko, baina ez nago ziur noiz banatu eta noiz batu jakiteko zenbait arauez.

Jolas bat ere bihurtu zait zenbait hitzen nondik norakoa asmatzea.

Nik uste izen horietako asko hobeto leudekeela itzulpenetan, baina hor uzten ditut.

 

MARRAZ IDATZIAK. Zehatza eta nahiko zabala da hitz elkartuen osaera eta idazkerari buruzko arautegia, mailaketa luzea dute. Ez dut basobera horretan sartu nahi izan. Aurkitu ditudan ez dakit denak baina bai pila bat sartu ditut. Bere horretan, azpi-mailaketarik gabe.

Marraz idatziak eta bereiz idatziak banatu ditut soilik.  

 

BEREIZ IDATZIAK. Nahasmen handia dut horietan: zeintzuk dira bereiz idatzitakoak eta zeintzuk ez. Hor uzten ditut nahasian.    

 

IZENORDEAK. Izenekin erabili dudan irizpen bera erabili dut orokorrean izenordeekin.

 

IZENAK - IZENORDEAK. Arreta pizten dit idazleek izenordeak hautatzerakoan duten joera, irudimen, sentipen eta ukitu ezberdina. Itzulpenetan jatorrizko testuak edo agian premiak eraginda ote den ere galdetzen diot neure buruari. Izenok zehaztu edo zedarritzerakoan, idazleek duten joera, abilezia edo sentiberatasunak erakartzen nau. Horregatik jarri diet sail berezi bat.

 

IZENORDAINAK. Ia ezer ezerk ez dit atentzioa deitu irakurketetan

 

ADITZAK. Sail batean izenekin izan dudan irizpena erabili dut, hiztegian datozenak baztertuk, gorriz azpimarratzen dizkidanak jarri ditut.

Niretzat aberasgarria izan da hitzak aditz bihurtzeko jokamoldea, askok oraindik murritz darabilten arren.

 

ADBERBIOAK. Hiztegian datoz gehienak. Baina zerrendan sartu ditu. Deigarriak egiten zaizkidalako eta noizbehinka eskura izateko.

Erabat galduta aurkitu naiz sail honetan, nik ikasi ez nuen sailkapen eta bereizketa handia aurkitu dudalako gaia aztertzen hasi naizenean. Nik ulertzen dudan modu xinplean jarri ditut soilik: esaldi eta egituretan sartu ditudan asko edo zenbait, seguruenik iritzi-adberbioak dira,  hitz bakarra denean soilik jaso dut adberbioen zerrendan.

 

GIZAKIA – NATURA- GORPUTZA. Esaldiak sailkatzerakoan gorputzari atal bat jartzea pentsatu dut, nolabait esaldion esparrua mailakatzeko edo gai honen txara nolabait argitzeko.

Arreta deitu dit zenbat diren begiei buruzko aipamenak. Ez dut uste begiekiko keria berezirik dudanik, eta horregatik jarri dietela arreta. Errealitatea da askogatik nagusitzen direla begiekiko erreferentziak.

 

 

 Azkenik, norbaitek eta nonbaiten hau dena jasoa edo argitaratuta dagoela burutapena edo susmoa dut, seguruenik interneten eta zenbait lan eta argitalpenetan aurkitu daitekeela hau dena akademikoki eta zientifikoki landuta. Euskaltzaindia edo beste erakunde ofizial baten ikerketa edo lanetan. Lan antzua dela sentipena ere badut, antzua besteei begira. Niretzat balekoa izan da jaso eta ordenatze guzti  honek eragin didan hausnarketa eta erabat herdoilduak edo ahaztuak edo baztertuak nituen hainbeste ezagupen olioztatzea. Entretenigarria eta aberasgarria.

Ez dakit zehazki zer den hain modan jarri den “plagioa”. Nolanahi, besteen zenbait hitz eta esamolde hitzez hitz errepikatuz erabiltzea aberasgarria ez ezik, beharrezkoa ikusten dut, horrela aberastu eta osatu dira hizkuntzak.

Norbaiti baliagarria balitzaio, zer nahiago nik.

 

           

 

etiketak: Idazleen mintzoak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.