Gizakia V
Bidelagunak
Isiltasuna
* “.. ireki gabeko botila baino isilago …” Halako zirrara eragin dik Rafaren esaldiak, ez dakit zergatik. Irakurketaren eta barne egoeren misterioa.
* Isiltasuna maite duenak sakonago gozatuko du bizitza.
* Ez dugu isiltasuna maite, are gutxiago bakardade isila. Asperdura?.
* Zenbat antzematen ez ditugun buruko zarata; eztanda gorgarri batek lehertuko luke mundu osoa zaratok entzungo balira. Agian lotsaz hilko ginateke, ezinekoa litzake bizitzea.
* Isiltasunak, komunikazioa denean, sailkapen eta hausnarketa propioa behar du.
* Gutxik maite duten altxorra da isiltasuna, eskura arren. Barne hustasuna estaltzen duenean da hitza isiltasunaren aurkari.
* Esanahi handikoa da beti isiltasuna. Gozagarria izan daiteke, edo jasangaitza. Besteren hitz-jarioa asegarria edo akigarria izan daiteken bezala.
* Isiltasuna norberaren barruko etxea dela eta hitza hango atea, dio Miren Agur Meabek. Baina isiltasunak barne eleketa ez dakarrenean, orduan usteldu egiten dira hitzak.
* Leku asko hartzen du isiltasunak, horregatik hainbeste zarata eta zalaparta gizartean.
* Ez ote barne zarata isilarazteko beti musikaz, musika ozenaz gainera, bilduta bizi behar hori?. Bizitzako hutsuneak musikaz bete nahia.
* “Isiltasuna aterpea izan litekeelako, ez dagoenez zer aitortu”. Aterpea izan ohi da isilik eustea polizia-etxean, latz ordaindutako mututasuna, izan edo ez izan zer aitortu. Edonon, isila izan daiteke ihesa, zuhurtasuna, azpikeria, …
* Zenbat eskertzen den besteek norberaren isiltasuna errespetatze hori, urriak baitira errespetatzen dutenak. Heriotza litzake isiltasun absolutua, errespetuz begiratzen diogu, isiltasun betirakoaren beldur sakonean, duintasunez onartzen dugu gehienetan heriotza, baina agian halabeharraren ezinak eragindako duintasuna besterik ez da.
* Noiz isildu jakitean datza koska. Sarri, isiltasuna koldarkeria ere bada.
* Bada isiltasun tristerik, baina ez da ezer tristeagorik isiltasunean gor izatea baino.
Bakardadea
* Edozein adinetan da eramangaitza bakardadea. Edozein aldi, egoera edo adinean kide bila dabil gizakia. Zer da bestela txikiteoa...?. Okerrena da txikiteoa dela kidetasun edo euskarri iraunkorrena, heriotzak, ezkontzak sarri, edo osasunik ezak, bakantzen duena.
* Ez da bakarrik dagoen gizakirik, uxaezina duelako pentsamenduren baten konpainia.
* Norberarekin ezin egona da bakardadea
* Zuhurtasunaren laguna ohi da bakardadea, barne eta gogo bakardadearena behintzat.
* Lagunarteko bakardadea da mingarriena.
* Gogorra da bakardadea.
* Deslekuan eta desgaraian sentitzen da gizakia bakardadean.
* Ederra da bakarrik egotea, haizetan, zeruan igeri dabilen txori bat bezala sentitzea, baina bakarrik egote hori gaurko gizarteak galdu duen gaitasuna da.
* Bakarkakoa da bizitza jendarte jendetsuenean ere. Oso erlatiboa da gizakia soziala dela filosofia hori. Bakarkakoa da heriotza ere, inguratuta ere, zu zeu soilik hiltzen zara, albokoa ere bera soilik.
* Pertsona, bakarrik dagoenean ere, nahiz basamorturik zabalenaren sakonenean, edo barne bakardade infinituenean, ez dago bakarrik, norberarekin baitago, kontzientzia duelako. Hildakoa da bakarrik dagoen gizaki bakarra, jada gizakia bada, nahiz lagunez inguratua.
* Garunak nahasiz barnea aztoratuzko luzeak dira askorentzat lorik gabeko gauak, “larru beltzezko zorroa” poetarentzat. Baina baita patxadazko hausnarketarako uneak ere.
* Gizarteari begiratuz, mundua eta bizitza denbora alferrik galtze bat direla deritzot. Ihes egiten dut, neure esparrura edo barnera bilduz. Baina bakardadea bera ere denbora alferrik galtzea den sentipena dut, mundutik alde egiten dudan askotan.
* Egia da ezbehar bati elkarrekin aurre egiteak hurbilarazten dituela gizakiak, baina baita afaloste eder batek ere.
* Bakardadea eta isolamendua dira, jendez inguraturik, koadrilan joanda ere, hotelean nagusitzen diren sentipenak, gelan bakartzen zarenean, saloietan bertan ere. Baina ni ez nau horrek tristuraz inguratzen. Norbera bizipozez blai denean hotela tranpolin bat da, baliabide bat, jauzi ezberdinak egiteko, kanpora zein norbere barnera.
* Bakardadera jotzen du gizakiak sexu ariketetan, taldean kontatzen diren sexu balentriak gezurrak edo irumenekoak dira gehienetan.
Biluztasuna
* Bakardadeari beldurrez egiten dugu geugandik ihes, kanpoan euskarri bat bilatuz, edozein dela ere. Lagun min hori ere, zure bidelaguna, euskarri bat besterik ez da
* Gizakiok beti ari gara mezu bidaltzen era guztietako botiletan, itsaso zaigun bizitzan, inor gutxik jasotzen ditu baina; horregatik da hain bakartia gizakia gizataldean ere.
* Goizero esnatzerakoan, baldintzapen oroz jantzita, beste inor izateko intentziorik gabe, nor den onartzen duenak, bermatua du eguneko eginbeharren ongia.
* Hustu egin gara ala hustu egin gaituzte. Kanpora lar begiratzeagatik hustu gara, ala kanpoko gauzez betetzeko hustu gaituzte?.
* Bizitza propioa ez dutenak besteen bizitzaz betetzen dute norberarena.
* Egia da gizakiak atzera begiratu eta hutsa aurkitzen badu, edozein gauzarekin betetzen dela, baina aurrera begiratu eta huts ikustea da arriskurik biziena.
* Zera da gizarteko izurrite nagusia: bakardadeari ihes, jendartera egin eta jendarteko bakardadea bizitzea.
Barne isiltasuna
* Euria entzuten jakiteko, barneak behar du isil, adi eta gai.
* Ez da beti erraza gauza guztiekin bakean egotea. Norberarekin bakean egotea da beharrezkoa, batez ere.
* Norberarekin bakean dagoenak lasaitasuna eta patxada ereingo du, bake hori ez duenak urduritasuna zabalduko du edo liskarra piztuko.
* Norbere barnea da funtsezkoa. Barrura begiratzen dakienak kanpoa ere zainduko du.
* Ez dakigu geure barnerik ikusten, begiratzen ere ez gara ausartzen sarri, edo ikusitakoa ez dugu onartzen. Bestelakoak izango ginateke barne ikuspen horren jabe bagina, dakusaguna onartuko bagenu.
* Barruranzko negarrak barneko korapiloak gogortu eta estutu besterik ez du egiten.
* Zikoitz bagara, ez dugu gure baitako lorategian bakerik lortuko, bertara erretiratzen saiatu arren.
* Barne oreka da atsedena, giharra eta kirio laxoez harago dagoena. Loak lagun dezake, baina ez da atsedenaren funtsa.
Maitasuna
Zer den
* - Zer da maitasuna?. Definiezina. Horregatik du bakoitzak bere definizio propioa. Horregatik da maitasun bakoitza ezberdina, eta maitaleen jokabidea ere sumaezina.
* - Maitasuna beti da trukaketa bat, baita trukean ezer jasotzen ez denean ere; balizko ordainaren esperantza da orduan trukearen osagaia.
* Maitasuna biluz edo ezer gabe geratzea da, besteen esperientziek zalantzazko etorkizuna erakusten duena. Horregatik arrazoia edo zentzua tartean sartzean beldurtzen gaitu maitasunak,
* - Lotura da gehienetan maitasuna, lotura askotatik aske egiten zaituen lotura arren.
* Maitasunak aurpegi asko ditu, edozerenganako zaletasuna edo tira da maitasuna, sentipen eta izen ezberdinez jantzita.
* Barrenean piztu, kanpora zabaldu, eta jira egiten duena omen maitasun egiazkoa. Maitasun horrek darabil mundua, baina gehienetan diruari maitasuna da ardatza edo zer eragileena, ahitzen ez dena gainera.
* Zenbat gauza maite dugun maitasuna diegula jakin gabe
* Istant oro gaude zerbaitez minduta, maitasunez edo gorrotoz, agian gizakia izaki degradatua delako. Maitasuna naturaren iraupenerako amarru bat da. Epe mugaturako izateak degradatu du maitasuna, ondorioz gizakia. Emearekiko maitasuna instintuaren sublimazioa bat besterik ez da, naturaren amarrua, bizitzako zorion izpi bat.
Maitalea
* -Maitasuna deitzen diogun alanbre ikusezin gaineko funanbulistak dira maitaleak, oreka zailean beti, edozein deskuidurekin erortzeko arriskuan, azpiko babesik gabe beti.
* Nolabait mundutik at bizi da enamoratua, nebulosa batean ez bada ere, bizimaila ezberdin batean
* Maitasunak, edozein dela ere zer maitatua, laburra egiten du denbora, eta motza edozein bide.
Nolakoa
* Arriskua, bizitzaren piperra eta gatza. Maitasuna ez da beti, inola ere, barea eta erraza.
* Maitasun minenak, isilpekoenak izan ohi dira.
* Bakartia da benetako maitasuna, maitasun lau haizetara zabaldua azaleko sentimendua besterik ez da
* Maitatzeko nork bere baitatik atera behar dela badiogu ere, maitasuna norbere baitan biltzen da, maitasuna deritzoguna berekoia da, definizioak besterik badio ere. Besteengana ireki eta besteei emate hori beste zerbait da, baina ez mito bihurtu den maitasuna deituriko hori.
* Ze korapilatsua de maitasuna, sexua bera ere.
* Maitasuna ez da zerbait fixo aldaezina. Itxuraldatu egiten zaizu: aldaketetara egokitzean datza maitasunaren iraupena. Garaiz aldatzeko kemena da, bestalde, maitasunaren oroitzapen baikorra gordetzeko bide bat.
* Betikorik ez da bizitzan, Maitasuna ere eraldatu egiten da, eta beste itxura batean jarraituko du, oroitzapenean edo elkarbizitza onartuan.
Ajeak
* Pailazokeriak egiten ditugu maitemintzen garenean, isilean edo disimuluan gordetzen baditugu ere.
* Egia da jakin-mina aseezin bihurtzen dela jeloskortasunak odola pozoitzen digunean, maitasunean ez ezik, arlo guztietan.
* Arrazoia edo zentzua tartean sartzean beldurtzen gaitu maitasunak.
* Amorruak bezala, maitasunak ez du gehienetan arau edo arrazoi jakinik, kausa bat jartzen badiogu ere: sartzen zaigu, eta kito.
* Maitasuna, karitatea bera ere, norberekeria da, definizio eta esplikazioz alderantziz badira ere. Definizioa eta definituaren errealitatea kontraesanean daude gehienetan. Zientzian ezin omen holakorik, baina zientzian ere, urteen boladan eta aurkikuntza berrien ostean, garai bateko ziurtasunak ustel bihurtzen dira.
* Maitasunak ez du zuhurtziarik, ezkontzak dira zuhurtziak edo komenentziak eragindakoak.
* Zornatzean, bisturia behar dute zauriek. Maitasunean ere.
* Maite ez duenak ez ezik, maitaleek eurek ere ez dute sentitzen sarri besteen maitasunaren handitasuna, eta jelosiaren indarra eta arriskua. Agian maitasuna berekoia dela eta maitaleak bere baitan isolatuta bizi direlako.
* Zapuzketa askoren iturri da amodioa betirako dela ustea, amodio orok baitakar iraungitze zigilua, datarik ez badarama ere.
Gorrotoa
* Anaia bikiak dira gorrotoa eta maitasuna.
* “Maitasuna bezain sentipen garbia zen gorrotoa, baina grinagabea et ahotza bezain arrazionala”. Ondorioetan ikusi ohi da maitasunaren alde arrazionala, gorrotoa. Gorrotoak, nolanahi, oinarri arrazonatu gehiago ohi ditu maitasunak baino.
* “Gorrotoak indar handiagoa dauka maitasunak baino”. Maitasuna eta gorrotoa biak aldakorrak, biak iraunkorrak ere, lehen zartakoak edo norberaren izaerak ematen dio iraupenari neurria. Biek iraun dezakete bizitza osoan, ondoren ere luzatzen dira sarri. Orokorrean gorrotoak dirudi duela luzapen kontrastatuagoa. Gorrotoak erro sakonagoan botatzen ditu.
Sexua
* Antzezlanaren bukaeran aktoreei eskainitako txalo zaparrada atsegina bezalakoa da sexuaren dardara agonikoa.
*. Sexu jokoa norberekoikeria eta zekenkeria bat da, maitasunetik ezer ez duen egoismo hutsa, atsegin propioaren egarria.
Saki-naski
* Zergatik gaude hemen, galdera unibertsala da, “norbera bere pitzaduragatik” dio idazleak, maitasuna deritzoten pitzadura batengatik diot nik, inertzia beten eraginez.
* Ez dago mirespenik miretsiarenganako nolabaiteko maitasunik gabe.
* Ezin uka maitasuna itsuen jolasa denik, amildegiaren hegian ibiltzea, sentimendua dela batez ere, baina maitasuna zoriona da, geroa orainean orekatzea, geroak oreka desegiten badu ere.
* Maitasunak eta adinak badute zerikusirik denborarekin. Ezberdinak dira denboraz ere adin ezberdineko maitasunak, maitasun itsu eroak ez badira behintzat, eta maitasunak ez du zergatik izan txoroa ez eroa. Sarri txoro eta eroa izaten bada ere.
* Urruntasunak pizten du irudipena eta berotzen pasioa, gertutasunak, aldiz hiltzen.