Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Gizakia III

Gizakia III

Jon Etxabe 2016/07/15 10:42
Gizakiaren desbabestasun, euskarri eta itxaropenei buruzko burutapenak

Desbabestua

 

Ahuleziak

* Mehatxaturik, zelataturik sentitzea, uneoro defentsa keinu batean uzkurtzeko zorian bizitzea,  horrelakoa da, izan da beti, gizakiaren, gizarteko, giroa: beldurra, defentsa  jarrera.

* “Eutsi beheari, goitik zer datorren badakizue eta”. Etorri, etorri izan dira, eta datoz, gauzak, okerrerako gehienak, aldekoak ere bai tarteka, baina zer izanen den ez jakitea da goitik datorrenaren desabantaila nagusia; eskuartekoa gutxienez ezagutzen dugu.

* Egiten duguna justifikatu nahi edo behar horrek, ohituraz harago, ahultasuna edo beldurra erakusten du. Ziur dagoenak ez du egiten duenaz argitasunik eman beharrik, ez du eman ere egiten, egiten du eta kito.

* Hitz hutsak esatea da berritsuaren ahulezia.

* Dena galdua duenaren azken jarrera ohi da duintasunari eustea.

* Inteligentea denak besteen ezintasun, akats eta biluztasuna usten ditu agerian, horregatik askori ez zaio gustatzen pertsona inteligentea. Politikan ez da nonbait pertsona inteligenterik, ez baikaituzte ezinago, akastuago edo biluziago sentiarazten, alderantziz, agian, beraien ahala indarkeria baita.

* Errauts eta ahanztura besterik ez gara azkenean izanen. “Sic fugit gloria mundi” zen apaiz sermoietako esaldi ezagun bat, munduko loriak iheskorrak direla, alegia.

* Modaz eta eguzkiaz harago, betaurreko beltzekin gordetzen dituzte begiak askok aurrekoak bere barnean irakurri ez dezan.

* Denok dugu beldurra diogun argiren bat, itzali nahiko genukeen fokuren bat. Itzali ezin eta, beste aldera begirarazten diguna, edo zeharka begiratzen dioguna, betaurrekoak jantziz edo begiak itxiz ekidin nahi duguna. Argi sekretua izan ohi da gehienetan.

* Hutsik dagoen bagoian eserita dagoen bakarraren alboan jartzea, hutsik dauden beste jarlekuetan baino, sarri errepikatzen den jokabidea da:  lekua besterik ez, baina besteak dauden tokian edo besteek utzi dituzten lekuaren alboan jarriko dira edo utziko dituzte gauzak -aldageletan esaterako-. Jendeak jendea dagoen tokira jotzen du, arrimura bezala, babes bila. Pertsonak oso ahul sentitzen gara, norbaiten edo zerbaiten anparoa behar dugu.

 

Ahalak

* “Hutsala da gizona harri gotor dorpearen aurrean”, baina birrindu egin dezake harria gizakiak, edo artelan bihurtu.

* “Pertsonak bezala, letra bakarrak ere, huts hutsean, ez du ezer esan nahi, ezin du ezer adierazi; ezin du ezer egin, bakarrik ez da ezer”, Mikel Perurenak. Pertsonek elkartuta soilik duten bezala  indarra, horrela ere edozein giza talde edo kidek.

* Denokin gertatzen da joan direnen lorratz oro galtzen dela. Bakar batzuk soilik aldatu dute zerbaitetan geroa. Eta horiek ere ikasi gutxiren batzuen jakindurian diraute. Anonimo ahaztuen historia da gizartearena. Baina historia da, eta historia uzten dugu. Denon eraginez. Ez da inor alferrikakoa izan denik. Atomoaren indar izpia, hondartzako hauts ezereza, baina hor egon gara, hor gaude,  eta hor izango gara.

* Elkartasunean datza gizakiaren, edozein animaliaren, indarra. Mahaia ohi da elkargune nagusietariko bat. Familiartekoekin edo lagunekin elkartzea da bazkari ororen betekizun nagusia, bazkaria nolakoa bada ere bukaeran  aipamen nagusia.

* Indibiduoaren pisua txikia dela oraindik Afrika Beltzean,  dio Urtzi Urrutikoetxeak, han herriko kide zaren heinean zarela nor. Boza ematetik at ezer gutxi zara Europan ere, boza ematerakoan ere mila eratara manipulatuta goaz indibiduok. Alderdi politiko, sindikatu edo erakunde baten kide zaren heinean zara nor hemen. Baina herritar izateak soilik eginen gaitu indartsu. Indibiduo eginez ahuldu gaitu sistema honek.

* Gizon gogorrek disimulatu edo zuritu egiten dituzte jasaten dituzten astinaldi eta ahuleziak. Gogorragoak lirateke aitortuko eta  gaindituko balituzkete.

* “Bere arazoetatik irteten ez denean, bortxan edo sakrifizioan babesten da; edo bietan batera, are hobeto”. Borroka ez ote sarri ihesa, ahuleziaren seinale?.

* Sufrikarioa: gizakiaren ingudea,  eta gizaki zein gizartearen ahalmenen eta gaitasunen  ispilu.

* Alferrikakoa da mina, -neurri batean- , saihestu beharrekoa, baina hor dago beti, nonahi eginen zaigu bidelagun. Onartu beharra dugu. Gizakia eta izadia mugatuak baitira. Gizakiaren mina jasateko ahalmenak ere ez du mugarik, agian saihestezina denean halabeharrekoa delako.

* Errealitate krudelena ere jasan egiten du gizakiak.

* Ausardia eta lotsaizuna, konbinaketa ohikoa. Sarri erratzen gara lotsatiaz, makala delakoan.

 

Ezinak

* Mugatua da gizakia arlo guztietan, baina inor gutxik onartzen ditu bere ezinak eta mugak, pairatu egiten ditugu, soportatu, bakoitzak bere neurrian.

* Bakoitzak soilik ezagutzen ditu bere miseria eta sekretu aitorrezinak, eta bakoitzak daki zenbait sekretu dituen irrigarri bihurtuko lituzkeenak.

* Lur jota geratzen da gehienetan gizakia egoera larrietan. Iraun eta jasan edo eutsi besterik ez du egiten. Denborak berak leuntzen ditu egoerak, gizakiaren ahalmenak baino.

* Inoren itzala izatea da gizakiaren ezdeustasunik mingotsena.

* Neure buruari besterik gabe bizitzen uztea, astialdi nano baten luxua eskaintzea, hori egin ahal nahi nuke, teoriaz ahal dut, baina ezinak zirritu askotatik sartzen dira.

* Barne bakardadearen adierazgarria da tabakoa, ezinen heldulekua, askorentzat estalki estetikoa, “gure ahuldade emozionalez elikatzen den etengabeko konbultsioa” F Etxegoienek dion bezala.

* Izuak dena onartzen du, izuari dena barkatu behar zaio.

* Galtzailearen irribarrea da  irribarrerik tristeena

 

Gabeziak

* Larrudun zahagi ederra du hainbatek, baina hutsik.

* Biziraupena da gosetiaren helburu ezinbestekoa. Tortura mota bat da gosea, horretaz baliatzen  dira gizaki eta herri aberatsak herri eta gizaki ahulagoen bizkar bizitzeko. Injustiziak ez dira bukatzen, justizia-gosea, aldiz, gutxienez ahuldu egiten da goserik ez dugunongan, baina gosetiek hor diraute.

* “Besterik gabe”, “ berez”, esaldiek dionaren arrazoirik eza erakusten du, ezinaren ezkuta-bide bat, zergatietan sakondu nahi eza. Gertatzen eta egiten dugun denak baitu zer eragileren bat, mota askotakoa izan daitekeena. Berezkoaren esku uzteak konpromisorik eza edo ahulezia adierazten du.

* Badira oso jantziak diruditenak, hitz dotorez jarduten dutenak, nahiz astakeriak egin, -asko zoritxarrez, politikoak-  horiek badute  hutsune sakonen bat giza egituran.

* Gertaerak, pertsonak eurak ere eta beraien jokabide eta hitzak, ikuspuntu zabalago eta urrutiago batetik begiratuko bagenitu, liskar eta harreman mikatz asko saihestuko genuke, elkarbizitza erraztuz. Ingurua eta ingurukoak bertatik bertara begiratzera ohituta gaude, oso zoru mailan eta hur jarrita dugu behatokia; satorrak bezain itsu bizi gara, ustez  argirantz bidea eginez, baina argirik ikusi gabe.

* Zenbat eta etxean gauza eta aparatu gehiago izan … orduan eta ez-seguruago nago”.  Segurantza arazoa ez dago gauza gehiago edo gutxiago edukitzean, barne jarreretan baizik. Gauza eta aparatuekiko loturarik ezean dago segurantza. Aparatuetan segurantza jartzea, beste zerbaiten menpe jartzea da. Batzuk dituen gauza gutxien esklabo dira, beste asko duen askorena. Egia da ere zenbait aparatu eta bitartekok segurantza ematen dutela.  Segurantza zerbaiten edo norbaiten jartzen duzun heinean edo neurrian galtzen duzu zeuregan konfiantza,  ez-gauzago, menekoago, ezerezago bihurtzen zara.

* Oparotasunak pobreziak baino are gehiago degradatzen gaitu. Giza baloreen parametroak aberatsek ezarriak izanik, portaerak ikuspuntu faltsuez mailakatzean dago degradazioaren balorapenaren ezberdintasuna. Giza degradatuagoak dira aberatsak forma itxurosoak gordetzen badituzte ere.

* Zer esan ez dugulako dira arrunkeriak gure eleketako gai usuenak.

 

Saski-naski

* Ez dago astinaldiak joko ez duen gizon gogorrik. Gizon gogorrek disimulatu edo zuritu egiten dituzte jasotzen dituzten astinaldi eta ahuleziak. Gogorragoak lirateke aitortuko eta  gaindituko balituzkete.

* Tristea, tragikoa ere, da izaki inteligentea deritzotenak noraezak behartu beharra pentsarazteko, berezko behar lukeen zeregin batetara behartzea hain zuzen.

* Abildade aparta daukagu gizakiok barregarri geratzeko, ustez ezin jatorrago jokatu dugula uste dugunean ere.

* Ez omen errukirik klase borrokan: zenbat astakeria politikoak zein gizakiak itsutzen direnean.

* Koldarra da hein batean gizakia, agian horregatik hain usu dabil gehienetan ihesean.

* Huts asko eginen ditu itxuraz fidakorrak, batez ere itxurengatik gidatzen denak.

* Ahalke gutxiko ezjakin lartxo ibili ohi da gidaritza lanetan, buruzagi, politikan zein bestelakoetan.

 

 

Euskarriak 

 

Heldulekuak

* Harrigarria da gizakiak duen ahalmena kinka larrienean, “etsipenaren amildegi ertzean” ere helduleku bat aurkitzeko, eutsi eta bizitzeko baimena lortzeko.

*- Denok sortzen ditugun jainko pertsonal edo sozial horiek ez dira bere ezinetan gizakiak behar dituen euskarriak baizik, sinestunen Jainkoa bera ere.

* Sinesgabe eta sinestunen otoitz paganoak: denok ditugu gure jainkotxoak, bakoitzak bereak, taldeek ere taldearenak, jainko eta jainkotxo paganoak, zeintzuei denok egiten diegun otoitz era ezberdinez mozorrotuta.

* Fedea da ez garela alferrik pasako esaldia bera ere.

*- Beti da fededun gizakia, gizartea ere,  fedetasuna, sinetsi beharra,  iraunkorra da, baina fedeak edo fede-gaiak aldatu egiten dira. Sinetsi hori edo sinetsiari buruzko iritzia bilakatuz doalako, edo sinesmen bat beste batekin ordezkatzen dugulako.

* “Ez dut jainkoetan sinesten. Zerua eta infernua, herri xehearen erabilpenerako gizarte kontzepzioak dira, eta ni erdiko klasekoa naiz”, Eça de Queiros. Ados. Botere eta ondasun poxi bat duenak nahikoa du horrekin, beste euskarri zerutikakorik gabe. Baina ezer gutxi duenak beste euskarriren bat beharko du.

* Norberak zaindu behar du bere burua, baina zaintza horretarako geuk jartzen diogu aingeru guardakoren bat geure buruari, beti dugu, nahi dugu eduki, aingeruren bat beraren babesaren itxaropenez ahulak sentitzen garelako.

* Denok dugu, behar dugu, zerbait geure geurea, “bakarra eta errepikaezina”, gehienetan sekretua.

* Denok dugu, behar dugu, besteekin elkartzeko, edo norbera gordetzeko,  txokoren bat, bizkarra babesteko ormaren bat. Baina besteekin elkartasuna behar luke izan, batez ere, horma babesle hori.

* Ikurrei helduta bizi gara denok, gizaki oro, eta bakoitzak bere ikurra sortuko du, edozein detaileri helduz.

 

Ihesa

* Antzua da gauzak beti izan daitezkeela okerragoak gogoeta, ezer hobetzen ez duen kontsolamendu da,  ezintasunaren eta itxaropenik ezaren kontsolamendua, etsituen alferrikako helduleku.

* Ihesa gutxitan da salbabide, errealitateari aurre egitea beste irtenbiderik ez dago.

* Otu ahala egin behar direla eginbeharrekoak, egia borobila. Ardurak gerorako uztea, alferkeria baino koldarkeria da gehienetan. Une bakoitza da aukera bat, eta besterik izanen den ez dakigu.

 

Saski-naski

* Norbera da norberaren patua, eta norberarengan dago bakoitzaren etorkizuna, tarteka zurrunbiloak irensten gaituenean ere. Absurdoa dirudien arren, zurrunbiloan ere kontziente izan behar du gizakiak.

* Gizakiaren muinean dago droga. Denok gara drogazale.  Maitasuna, sexua, familia, kirola, kultura, … zer dira bizitzan irauteko amarru bat baino.

* Gutxienez norberarengan ziurtasuna behar da eragile izan nahi bada, lagun antzua da zalantza, ahulezia erakusten du, eta noraezean uzten.

* Bada indar ororen oinarria autokontrola, baina autokontrola, beharrezkoa izanik, arazoei ihes egiteko teknika bihur daiteke.

* Ibiltzea gustatzen ez zaionaren, oin alperren, amarrua delakoan nago bihotzarentzat musika entzuteak ariketa fisikoaren abantaila berdina duela dioen hausnarketa hori; edo musikaz zaletzeko estrategia antzua.  Belarrian entzungailua, patrikan musika biltegia, ibilia da gaur egun askorentzat kontzertu ordu eta unea, ibiltokia kontzertu areto bihurtu da. 

* “… irri hori defentsa-ezkutua zela, zitzaiola; bere baitatik erbesteraturik ihes iraunkorrean  bizi zen pertsona baten defentsa-ezkutua, ausaz; “, Jon Alonsok.. Zenbat irriaren pareko defentsa-ezkutu dugun gizakiok.

* Tristezia-aldiak  onartzen ikasi ez duenak, depresioak jota bizitzeko arriskua du.

 

 

Beste mundu bat

Ametsak

* Ametsak, amets gauzatzen dira

* Erneko diren haziak dira zenbait amets, edo ernetzea nahiko genituzkeenak. Egia da ere joan ziren bizipenetan dituztela erroak, hildako esperientzietatik datozela.

* Errealitatera kolpez esnarazten gaituen mailua izanik, egia eramangarri egiten laguntzen digute ametsek.

* Esnako ametsak, horiek dira arriskutsuak, errealitatetik baztertzen baikaituzte.

* Ez dira beti gozoak lotako ametsak, esnako ametsak dira gozoenak, baina bietan errealitatera erortzen zara trapeziotik bezala, sare babesle gabe gainera.

* Iratzartzeari darraion kontzientzia iratzartze ondorengo unea izanik ere, sufrimendurik zorrotzena, zorionez, amets egiten jarraitzen dugu.

* Amets ondorengo iratzartzeari darraion kontzientziazko unea sufrimendu zorrotza da, halaz ere, zorionez, amets egiten dugu.

* Oinazean, zoriona amets.

* Ez dago loa baino lurralde urrunagorik eta aldi berean hurragokorik.  Urrunagoenak errealak ez direlako, hurragokoenak zure egin eta bizi dituzulako desio lortezinak, hegan egiten nueneko amets haiek bezala.

* Gizakiak, egoera larrietan harago, amets egiten du, gertatuko ez direla dakien ametsak egiten ditu, egoerari aurre egiteko eusgarri eragingarrienak direlako sarri.

* Pertsona gutxik aurkitzen dute beren lekua munduan;  nahiz isilik eta bazterrean zokoratuta aurkitu, izar izatea, edo zerbait gehiago izatea behintzat,  baitugu ia denok amets.

* Ametsez garatua dago bizitza oro. Ametsa da bizitza egoera gordinenean ere, geroan dago esperantza, eta ametsa dago geroaren funtsean, geroa ametsa da, eta geroari begira bizi da gizakia, amona-agureak beraiek-ere, ametsen bat dago herioren atarian ere.

* Ametsak amets dira, baina bizitzako euskarri dira, nolabait bizitza bera.

* Zuri-beltzean egin beharko genituzke esna ametsak, ia irudimena pizten zaigun, errealitate eta irudiaren artean tarte bat jarriz.

* Garunetan paralisiaren bat du ametsik egiten ez duenak, berez, inertziaz, bizi den hilotza da.

* Gizakiak duen beste mundu eta bizitza paralelo bat dira ametsak.

* Loa, egunez  esna bizitzeko tresna da. Ametsa aldiz esperientzi berrien probalekua.

 

Utopiak

* Idealik ez duen utopia hitz hutsa eta antzua da.

* Nahiz definizioz utopia eta errealitatea kontrajarriak izan, egingarria iruditu behar zaio egileari utopia, ez litzake bestela eragile izanen, eragileak baitira utopiak.

* Akabo izanen da mundua, utopiarik ez denean. Utopia bizipoza da. Bizitzako pauso guztien akuilua, helmugara heltzen ez bagara ere. Ekintza oro da utopia hastera goazenean.

* Euri gardena bezala irudikatzen dut utopia: gero amestuek gaurra blaitzen. Utopiak beti baitira ederrak, bestela ez lirateke utopia izango.

* Erokeria da errealak ez diren gauzez arduratzea, baina, aldi berean, gizakiak, egoera larriez harago, amets egiten du, gertatuko ez direla dakien ametsak egiten ditu, egoerari aurre egiteko eusgarri eragingarrienak beraiek direlako sarri.

 

Esperantzak

* Esperantza, bizitzako funtsa. Egiten dugun dena da zerbaiten esperoan, ekintza altruistena ere.

* Aurrera soa da esperantza. Atzerakoa, etsipenarena.

* Nostalgikoek soilik begiratzen dute atzera, aurrean ezer ez dutenek, utopian sinesten ez dutenek.

* Galtzaileak soilik begiratzen du atzera.

* Aurrera jarraitzeko kemena ematen du lilurak, esperantzak, espejismoak ere.

* Ameskerien ostean ezereza besterik ez dagonean, ezerezkoak dira hil aurreko irudikeriak, edo irudikeriok helburu zaizkigunean.

 

Saski-naski

*  Beldurra diogu arrazoitzeari, bizi dugun errealitate gogorraz harago beste errealitate gogorrago batetara garamatzalako. Hobe fikzioan, itxaropen hutsean, edo asmakizun batetan babestea. Edo irtenbidea besteen eskuetan uztea.

* Norberaz edo besteez komedia bat antzezten denean bizitzan edo gizartearen aurrean, errealitate baten isla da beti, errealitate bat gordetzen du sakonean edo azpian, gehienetan azkenerako jakin edo azaltzen den egia.

* Goxoak izan ohi dira irudimenezko, beraz  esperantzarik gabeko, maitasunak; errealak dira baina, nahiz ametsezkoak. Errealitate gordina bezain egiazkoak dira fantasiak. Iraupen-zutabe, askorentzat.

* Falta zaiguna edo desio duguna adieraziko digun horren seinale bila dabil gizakia beti,  baina dagoena dago, eta kito!.

* Gizakiak usu alferrik galtzen du denbora hausnarketa sutsu eta ulertezinetan, baina bada hausnartzeko gai ez denik ere, gizakiaren maila beherenean dagoena litzake hori.

* Denok dakigu uste duguna baino gehiago, nahiz askotan dioguna baino gutxiago dakigun.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.