Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Gizakia: Gizakia II

Gizakia: Gizakia II

Jon Etxabe 2016/07/11 10:00
Bizitza eta ezagupenari buruzko burutapen sorta

Bizitza eta ezagupenari buruzko burutapen sorta

 

Bizitza

Zer den

*  Hezkuntza ikastaroa da bizitza jaiotzatik heriotzara arte.

* Labirintoa da bizitza, heriora daraman ibilbide korapilatsua.

* Eskuetan harrapatu bai, baina labain egiten digun aingira bezalakoa da bizitza. Likin apur bat utzita alde egiten digun tarte bat.

*  Zain egotea da bizitza osoa, beti gaude esperoan, gerora begira, zahartzaroan ere ondoren zer. Batzuek zerua espero dute, beste batzuk bizitzako ahaleginak gerorako onura izatea.

* Naturaren broma bat da bizitza. Broma inkontziente bat, gizakiak soilik egiten du kontziente broma hori.

* Bizitzako gauzei edo osagaiei gehiago begiratzen zaie bizitzeari baino, gauzak ez dira bizitzeko baliabideak, helburu bihurtzen dira, bizitzaz baino bitartekooz gehiago gozatzen da,  agian bitarteko, osagai edo baliabideok dira bizitza konkretua, bizitza bera.

* Bizitza ez da hipotesien bilduma, erabaki konkretuen gauzatzea baizik, erabakiak hartzearen ondorioa. Erabakia da askatasuna, eta askatasuna zama astuna, ondorioz bizitza ere.

 

Kosmosean

* Nora doa, non eta nola bukatuko da, bizitzaren eboluzioa?. Auskalo. Gu bakoitzeko bizitzak ez dira ezer bilakaera honetan, baina aldi berean, ezin bestekoa da eboluzioan besteen bizitzei lotuta

.* Musika guztien itsaso dela bizitza, isiltasunak jotzen duela azken doinua: bedi neurri batetan heriotzari eta bizitza kontzienteari dagokionez; baina ez da isiltasun totalik gure bizitzan, doinu aldaketa baizik, gure gorpuzkinak beste partitura batetan sartzen dira heriotzarekin.

* Isiltasunera doan musika da bizitza tarte kontzienteki eraiki honetan, baina gure bizitza kosmosaren musika izanen da, betirako.

* Heriotzarekin erabat suntsitzean oroimena, ate berri bat zabaltzen ari zaio kosmosaren barrena, ibilbide batera abiatzeko, kontzienteki eginen ez badu ere bide berria, eternoa den bidea.

 

Bizipoz

* Zenbat balizko txokolate-ordu galtzen dugun, txokolatea prest arren, hitzordua gauzatu ezinik.

*  Gu bakoitzaren baitan, errealitate gordinenean ere, fantasiak hartzen du leku eta tarte gehien.

Bizitzan jokatu beharra dago beti, -taldean beti- talde kaskarrenean jokatzea tokatzen bazaigu ere. Nolanahi ezin diogu jokatzeari uko egin. Jokoaz beste egiten duenak ere, jokoa bukatzeko jokoaz jokatu du.  Jokoa jolas ezin bihurtu ahal izatean datza arazoa, jokoa nekea eta sufrimendua baita.

* Gutxi irakurtzen dugu, agian horregatik da hain arrunta gure bizitza.

* Gehienok bizi gara lo.

*  Esna, baino ez erne, egiten du gizakiak ia bizitza osoa. 

* Bizitzak noiz okerrenera egingo, desesperatuaren burutazioa.

* “Ustelduta egotea horixe baita: gauzak nonbait egotea tokatzen ez zaienean, behar ez duten garaian. Zer da sagar ustel bat, beranduegi existitzen jarraitzen duen sagarra ez bada?”, U. Alberdi.   Gizartea usteldua dagoela dirudi, badirudi gauzak ez ezik pertsonak ere ez daudela ez behar den tokian, ez behar bezala, ez behar duten garaian. Baina hori bizitzaren legea da, uneoro dena aldatuz doa, eta uneoro lekuz kanpo uzten gaitu joanak, baina beti gaude gauden tokian, tokatzen zaigun tokian, usteltzen goazen sentipena garratza den arren.

* Ze zaila den bizirik sentitzea, kate motzen lotzen du gizakia iraupen-kezkak gizarte bortitz honetan.

* Eguneroko zertzeladatxoek eman beharko lioke  zentzua, garrantzia eta bristada gure bizitzari, gertaera eta eginkizun txikiok egiten baikaituzte handi, istorio horiek egiten dute letra larriko Historia, istoriook izan behar lukete autoestimuaren funtsa, handi izan nahi horrek hain txiki egiten gaituen garai honetan.

* Autoestimua, bizipoza, norberarekin ongi aurkitzean hasten da.

 

Zergatik-zertarako

*  Zergatik gauden?, maitasuna deritzoten pitzadura batengatik

* Zenbait pertsonak ez ote dio bizitzari eusten bizi-erritmo azkar bati esker, ezinegon hori da sarri bizitzari eusteko funtsa.

* Hiltzeko gogoraino jotzen gaituenean gaitzak pentsa ohi dugu hobe litzakeela ez izatea, baina ezingo genuke hori bera pentsa ahal, izango ez bagina. Hobe nonbaiteko azkena, inongoa baino.

 

Elkarbizitza

* “Hura da ni, ni naiz hura, bitarterik ez dago” Amurizak. Ni-zu filosofia hori gauzatuko bagenu, bestelako litzake bizitza.

* Elkarren ondoan jarraitzea behartua denean bilakatzen da zitala konpainia behartu hori: beti eztabaidaka eta beti elkarren ondoan: egoera berezia. Onartutakoa denean, gizakiaren kontraesanetariko bat da, tarteka zitala, tarteka eramankorra.

* Denok bizi gara lubakiz inguratu eta babestuta, tarteka soilik ateratzen gara lur zabalera, inoiz ere ez asko, eta burua agertuz bakarrik.

* Karitatearekin lotu ohi dugu ematea. Norbera ematea, aldiz, norbera osatzea da eta hori da bizitza. Zikoitzaren bizitza, hutsala da.

* Gu bakoitzak beste existentzia berri ezberdin bat dugu  ezagutu eta ikusten gaituztenengan, horietako bakoitzean bizi gara. Existentzia pila dugu beraz.

 

Kontrabidean

* Bere nahierara egokitu nahi izaten du gizakiak errealitatea, baina tematia da errealitatea, bere legea ezartzen du, eta aurre egin behar izaten diogu.

* Geurea den bizitzari ihesean bizi gara, geurea ez den bizitzaren bila.

* Ziurrera jokatzea erakutsi digute beti, dena dugu edo eduki behar dugu aseguratuta: horrek kentzen dio bizitzari distira, kamustu egiten du bizipoza.

* Inertziaz bizi garen sentipena dut, aurrera jo asmoz zeregin ezberdin eta handikiei ekiten diogunean ere.

 

 

Ezagupena

Ezagutza

* Bakardadeaz harago, edozein egoeratan da gaitzik okerrena norbera ez ezagutzea. Norbera ez ezagutze hori da gizakiaren gaitz zabalduena, agian naturala delako.

* Zergatik jarri mugak norbere buruari. Bizitza berak jartzen dizkigu mugak. Mugak non dauden jakitean dago jakinduria.

* Ezinezkoa da beste inor ezagutzea, fisikoki eta gehienez azaletik ez bada, geure burua ere ez dugu ezagutzen eta. Bide luze eta estua behar da bestea sakon ezagutzeko.

* Gu geu garela kontzientziarik ezak zailtzen du gu geu izatera bidea, “nia” faltsu hori gainditzeko aukera.

* Bihotzaren arrazoiak ez ditu sekula arrazoimenak ulertzen, ulertu uste izan arren.

* Pertsona asko, gehienak agian, norbera ezagutu gabe hiltzen da, azaleko bidezidorretan galduta, barnera bidea egin gabe.

* Hildakoak ordezkatuz bezala bizi gara gu geu tarteka, hildakoek egingo lituzketen gauzak eginez haien gomutaz. Imitazioen pilaketa hutsa baino ez, kalkoa kalkoaren gainean?. Ba ote dakigu, gutxienez, noiz garen jatorrizko orrialdea eta noiz ari garen miresten. Nahastu egiten ditugu sarri originala eta trokelatua.

* Gutxitan, ia inoiz ere ez, aitortzen da norberaren egia zentzugabekeria denean. Besteena salatzen dugu. Baina horrela, bakoitzak besteena agerian utziz, egia osoa azaltzen da azkenik.

* Oso azalean bizi den izakia da gizakia. Lurraren azalean ezik, gizartearen azalean -azaletik soilik ezagutzen ditu ingurukoak-, bere baitako azalean ere. Norbera gara bakoitzarentzat ezezagunik nagusiena.

* Badira uneak zeinetan argi betea egiten zaizun barnean, gauza argituok azaleratzeko, baina, horretarako ezgauza zara ia beti.

* Bakoitzak du bizi-baldintzek gauzatutako ikuspuntu berea, bakoitzaren errealitateak eragindako ikusmoldea. Ez da ezer berdinik bi pertsona ezberdinentzat, ezta ere bi une berdinik pertsona berdinarentzat ere, berdin deitzeak ez ditu gauzak berdinak egiten.

* Ariketa kilikagarria da, begiak itxi eta usaimenaz non gauden  igarri. Zenbat toki eta pertsona bere usainetik ezagutu. Ezagutzen ez dugun mundua da usaimenarena. Oso mugatua dugu pertsonak eta tokiak ezagutzeko baliabideen garapena.

* Maritxu asko dago munduan, ezkonduen artean ere, direnik ere ez dakitenak.

 

Askebidea

* Geurea zer den eta zer garen  argituz izena berreskuratzen dugun heinean  berreskuratzen dugu nortasuna eta garenaren harrotasuna. 

* Norbere ezagutza litzake aske izateko bide eraginkorrena. Ezagutza horren ezak egiten gaitu agian norbaiten edo zerbaiten esklabo.

* Nolakoak garen jakitea baino, nolakoak  izan nahi dugun jakitea eta horren bila joatea da bizimolde ororen filosofia betegarriena. Asko dira inora joan nahi ez dutenak.

* “... Mussolini baino inportanteagoak direla egunero gure ondotik pasatzen diren horiek. ... Badagoela Mussolini baino inportanteagorik, eta ez dela larregi bilatu behar  horretarako: aski dela albora begiratzea, edo zure buruari, hobe zeure buruari” zioen liburuko pertsonaia batek. Geuregan sinesten dugunean, gizartea aldatuko dugu.

* Dugun gaitasun eta ahal nahi apurrez jabetuko bagina ez gintuzke inork geraraziko.

* Bere buruarentzat enigma bat dela jabetu dena, hori da bere burua ongien ezagutzen duena eta izanen du zer iragarri munduari.

 

Norkberezagutza

* Jasanezina litzake norbere burua azken zirrikituraino ezagutzea. Gure ezin eta akats ezagunak damaigute egonezina.  Ezagututa ere, -agian ezagutu ere ez ditugu egiten- onartzen ez ditugulako datoz gaitz psikiko gehienak

* Jasan beharreko errealitate inposatu bat gara gu bakoitza. Ia erabat ezezaguna gainera. Sekretu apur batzuk salbu, besteek dakite gutaz guk geuk baino gehiago, gure miseria ezkutatzen saiatuek oihartzun eta isla baitute gure azaleratzean. Sekula ez dakigu besteek nolakoak ikusten gaituzten. Eskerrak!. Jasanezina litzaiguke bestela bizitza, are gehiago harremana.

* Nola ezagutu bestea gu geu zer eta nolakoa garen ezagutzen ez badugu. Ispilurik ez balitz azaletik ere ez genuke ezagutuko geure burua, geure atzealdea ezagutzen ez genuen bezala argazkia asmatu arte.

* Gutxitan hitz egiten dugu ispiluko horrekin, ez sakon ez azal, horregatik ez dugu ispiluko hori ezagutzen.

* Nor eta zer den ez dakienari  antzua izanen zaio edozein bidelagun.

* Autokontrola, beharrezkoa eta oinarrizkoa izanik, arazoei ihes egiteko teknika bihur daiteke.

* Umilagoak ginateke gu bakoitza hil ondoren bizitzak gu eta gure ondareen premiarik gabe bere horretan jarraitzen duela barneratuta bagenu.

 

Barnera so

* Barrura begiratzen dakienak gorputza eta kanpoko oro ere zainduko du.

* Ez dakigu geure barnerik ikusten, begiratzen ere ez gara ausartzen sarri, edo ikusitakoa ez dugu onartzen. Bakoitzaren errealitateak beldurtu ere egiten gaitu. Bestelakoak izango ginateke barne ikuspen horren jabe bagina eta onartuko bagenu.

* Egia da gehiago bizi garela besteen aurrean geure buruaren aurrean baino. Ispiluak azala besterik ez digu erakusten. Ez ditugu ikasi, ez dizkigute irakatsi, agian galdu egin ditugu barnera bidezidorrak, agian galdu egin gara zidor saretan.

 

Elkarrezagutza

* Elkarren ondoan gabiltzan gehienok ez dugu elkar ezagutzen, telebistan ikusten ditugun ezezagunei buruz baino zertxo bat gehiago, besterik ez. Sekretuz betetako kutxa bat gara bakoitza.

* Mila toles-gunez osatua dago gizakiaren muina eta bizitza, bere sekretu propioa bezala du toles-gune horietako bakoitza, alboko toles-gunean zer dagoen ere jakin gabe gehienetan. Are gehiago albokoarena.  Horregatik da hain kontraesankorra gizakia eta gizakien arteko harremana.

* Besteak behar lukete izan beti gure izaera-portaeraren irudia, erreflexua, termometro edo barometroa, edozelako metro edo neurria; besteek behar lukete izan gure errealitate hurbilera egokitzeko bide eragilea; baina bakoitzak izan nahi dugu guk geure ispilu, interesatuki irudi distiratsua, edo leundua behintzat. Geure mundua eraikitzen dugu, besteengandik banatua, eta gehienetan ez gara gai zein ridikuluak garen jabetzeko ere.

* Ezinezkoa litzake elkar bizitza, bizitza soziala, gizartean bizitzea, besteen pentsaera eta burutapen nahiz azalekoenak ezagutuko bagenitu.

* Norbera penatu arte ez gara besteen penaz jabetzen. Aita-ama izatean jabetzen da aita-ama izatearen sufrikario, poz eta lanak nolakoak diren.

* Gizakia konprenitzen den heinean kopreni daiteke tortura, baina gizakia da, tamalez, gutxien endelegatzen dugun biziduna. Geure burua ez dugu ezagutzen eta nola ulertu bestea, batez ere politiko eta poliziaren kasuan bezala, beste horren  aurretik, pertsona arren, beste interes batzuk daudenean, pertsona lehen helburua edo interesgunea ez denean.

* Beti gara gazteegiak, edo ezjakintsuak, edo leloegiak, … besteentzat, beraiena ulertzen edo onartzen ez dugunean.

* Jatorrenak ere kasu gehiago egiten dio ezagunari arrunt bati baino.

 

Saski-naski

* Zenbat pasabide sekretu gure barne tolesguneetan, geure kontzientziara ateratzeko ere beldurtzen gaituenak.

* Zer nahi dugun garbi jakinez, jakingo dugu zer egin.

* Informazio iturri da gure aurpegia barretxo faltsuz mozorrotzen garenean ere.

* Emaitzetatik ezagutuko duzue zioen esaera zaharrak. Enbor sendoak orriak ere mardulak. 

etiketak: Gizakia, Burutapenak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.