Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Eskozia 2001

Eskozia 2001

Jon Etxabe 2022/09/19 10:45
LOWLAND-ESKOZIA BEHEA. EKIALDEA: Edinburgo

HERRIALDE ETA HERRIAK

 

* LOWLAND. Jedburch, Dalkeith.

* EKIALDEA. Edinburgo, Masselburg, Portobello.

* IPAR ITSASOA.  Fort Bridge, Crall, St,Andrew, Elie, St.Monans, Pittenweem, Anstruther ... , Gupar,Duns, Criford.

* KOSTALDEA: Dunbar, Huhtly, Perth.

* ABERDEENSHIRE – MORAY EBERDEEN. Aberdeen, Averchirles, Macduff, Banff.

* MORAY COUNTRY. Cullen, Fochavers, Elgin, Rothes, Dufftown, Huntly, Rhynie, Mossat, Aboyne, Banchory, Aberdeen, Alford, Turrif, Rosenhearty, Sandhaven, Frasenburg, Inverallochy, St. Combs, Peterhead, Ellon, Old Heldrum.

* HIGHLAND. IPAR ITSASOA. Nairn, Invernes, Bonar Bridge, Rosehall, Ledmore.

* ATLANTIKOA. Ullapol, Laide, Gairloch, Locho Mare lakua,

* IPAR ITSASOA. Garve, Strathpeffer, Contin, Dingwal.

* BEHE eta GOI BAILARAK-ATLANTIKO ISURIALDEA. Laxford Bridge, Durnes-Diunarais, Laid-Leatajai

* IPAR ITSASO ISURIALDEA. Altnaharra, Crack, Lairg,  Bonard Bridge, Arcay

* Golspie, Brora, Gelmsdale

* GOIBAILARETARA. MENDI-BAILARA. Kimbrace.

* ITSASLDEA. Reay, Thurso, Dunet, Mey, Gilis, Huna, John O´Groats, Duncanby Head, 

* IIPAR ITSASOA. Geiss-Reisss, Wick, Tain, Dornoch.

* UBIDEA-LAKUAK. Lochend, Loch Ness, Drumnadroch, Invermorriston,Fort August, Spean Bridge, Glen Finnan, Arisaig, Mallaig, Corran, Fort William. ATLANTIKOA

* Losch lochy, GLEN ALBYIN, GLEN MORE, Witebridg, Fover, Kinguise, Newtonmore, Lagga, Laggan lakua, Roby Birdg, Inverroiy, Spean Bridge.

* Glengarry, EileanDonan gaztelua, Dornie, Kile of Loch Alsh, HEBRIDAK-SKYE IRLAK, Raasay, Portree, Sligacuan, Loch Oich.

* Connel, Oban, Arduain, Kilimartin,Lochgilphead, Invegaray, Loch Fine, Damally, Arinabea, Tyndrun, Glencoe.

* GLEN NEVIS-NEVIS BAILARA

* GOIBAILARA. STIRLING KONDERRIA. Loch Lomond. Tarbet.  Glasgou, Agington.

 

Maiatzaren 24a.   Osteguna.  23.a – E:1.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre:

* “Bizitza oso prozesu bitxia duzue / baina izugarri zikintzen du, badakizue”. Harat-honat ibilietan, garbiketa lanak eta zakar arazoak medio, kanpinean ikusi ahal da zenbateraino zikintzen dugun bizitzan. Beste barne zikintze hori, detektazailagoa da baina bestea baina kiratsagoa.

* “En fin, ez legokeela gaizki / beste alde hau / atzean utzitakoengatik ez balitz”. Atzean utziko duguna dugu beti gurekin gizakiok. Beraz duguna bizi!.

* “Zergatiez jakintsuak arduratzen dira / baina oraindik, ez dute zergatirik argitu”. Zenbait zergati zergatik ez argitzearen zergatia herriak argitu du.

* “Hona dantza astun eta dorpe bezala ohitura”. Bidaiok arindu eta eteten dute  urteko ohitura. Bidaia bera ohitura bihurtzen ez zaigun heinean. Horregatik luzeran zein maiztasunean neurriz egin behar dira bidaiak.

* “Bizitza ezarri zidaten gero exilioa legez”. Bidaiak badu deserriaren ukitua. Baina bidaiak borondatezkoa behar du izan, aldi laburrekoa eta askatzailea.

 

Behe-laino pean esnatu gara, ihintzez bustiak inguruak. Ageriko lorratz berdea uzten dute nire oinek, bidezidor berdea belartza jorian, zelai zabalean zehar.

 

Kanpin eta herrialde aldaketa eguna gaurkoa. Eskozia dugu helburu.

8ak eta erdietan atera gara, ezinezkoa egiten digu behe-lainoak inguruaz gozatzea. Nortunbria benetan da gaur goizez Ipar ainubea edo hezea. Badirudi ezkutatu eta ukatu nahi digula bere edertasuna naturak. Baina egun eguzkitsua izanen dugun itxaropenez ekiten diogu ibiliari, eta eguzkiak ez digu hutsik egin lasterrera.

Gorostia pinu artean, kanpineko basoan zein bideko hainbat basotan: agian hariztiak izanak dira gaurko pinudiok, Etxarriko basokoen joera bera badute behintzat hemengo naturaren legeek.

Eskoziako mugaraino izanen ditugu lagun gordinak larreetara eta ibilbideetara ez sartzeko zigilu-debekuak, nahiz ez azken bi egunetan bezain ugariak eta zorrotzak.

Hara non kanpinetik irteeran lehen eguneko jeep eta militar gidari bera; plastikozko zenbait poltsa eman dizkio errepide bazterrean zain zuen nekazariak: azterketarako nolabaiteko laginak dira nonbait, eta militarrok izurritearen inguruko kontrol lanetan dabiltza.

“75 istripu 3 urtean inguru honetan” hala dio errepide bazterreko oharrak. Badira hemen ere gidari arduragabeak.

Toboganez tobogan, egin dugu bidaia osoa, gora-behera ikaragarri pikoetan; ez zaio zulogune eta beheranzkoari berandura arte igartzen, beraz ezuste ikaragarriak hartzen ditugu autoak bestaldetik  goranzkoan tontorrera heltzean, ezuste ikaragarriak ematen baitizkizu, bat batean gainean dituzunean ikusten dituzu-eta soilik.  Harresiak jaso dituzte hemen nekazariek, lursailak banatzeko edo babesteko, errepidea bera ere bi harresi ilaren barruan estututa doa. Ez ote ziren nekazariak Adrianoren harresiko harri pilatuez baliatu beraien hesion pilaketarako?. Non harrobi erosoagorik!. Hiru maila edo estaian eginak daude hesiok, egitura ezberdin batez: bi lauza ilara edo harri zabalago sartzen dituzte zabalera osoan, planoan, ertz estua kanpora ateratzen dela, arraia antzerako bat marraztuz, honen gainean harriak pilatzen dituzte azken ilarako ertzak gorantz daudelarik, puntazorrotz, ez dakigu kanpoko lapurrei sarrera zailtzeko edo barruko haziendari gainetik egitea galarazteko. Edo bietarako.

Berdindu egiten da tarteka lurraldea, baina mendi-muinoz gorabeheratsua izaten jarraitzen du, izugarrizko pendizek diraute errepidean,  hor diraute larreek, diraute ere animaliek, baina batez ere diraute larre berde animaliarik gabeko mortuek.

Paisaiaz bete-betean gozatzea ahalbideratu digu halakoren batean eguzkiak.

Bi astotxo filosofatzen larrean, sukarrari buruz seguru aski, albaiteroei entzundakoak hausnartzen kezkati.

 

Kilometro luzeetan Eskoziako mugara arte luzatuko zaigun Natura-gune batean sartu gara: mndi-bizkar leunak dira, tarteka berde joria, berdetasun ikaragarri erakargarria, ez da bertan ia zuhaitz bakar bat bera ere, geroago mendia bihurtzen zaigu laua, tarteka belar latzeko sailak, istinga antzerakoak, ur askokoak edo istingek eragindakoak, azken zatian pinudi bilakatuko dira mendiok; baserri, nekazal-etxe gutxi, han-hemenka bada haziendarik, buru bat bera ikusi gabe eginen dugu gero hurrengo joanaldia. Mortu itxura ere hartu du une batez natura-guneak. Izurritearen zantzuak diraute oraindik.

 

Dotoretasunik gabeko herri arreak, herri austeroak, bizimolde gordinean gauzatutako herri harrizkoak, bizitzari gogor egin beharrez harri puskaz jasotako herriak eta etxeak. Herritxoak diruditen nekazal guneak, batasun bat borobilduz: etxea zerbitzu-eraikinez inguratuta, sendo itxurako harrizkoak denak, bunker edo gotorlekua antzo.

Harrizko eskorta borobila, konpasarekin egina lez berdin-berdintasunez deigarria, txukuna, iluna, gaztelu baten gotorlekua irudi. Ez du zerikusirik gureetako kareharrizko eskorta latz era biziekin.

Pinudi batean uso-paseko postu peto-petoa dirudiena, baina sakelako telefonoen antena bide-emailea da, berrien eta elkarrizketen paseko postua, uso mezularien ordez uhin-mezulariak bideratu eta kontrolatzen dituena.

Begi txiki baina gorputz sendoko gaztelu baten hondakinak, zubitxo xarmantak errekastoen gainetik, zalditegi bat jauzietarako langekin belartza berdean... begien gozamen izpiak.

 

Otterburn. Errotak iragartzen dituzte ikusgai. Badut erroton ikusmina, baina ezinezkoa zaigu gaurko bidaian.

 

Errekatxoek ematen diote bizitasuna eta xarma bailarei, tarteka haltz ilarek marrazten digute errekatxoa marra ilunez. Une honetan daude orritzen haltzok, lotsati bezala, arrasto berdexka argia erakutsiz adarrok.

Lurralde osoa da jadanik pinudi, borobil garaiak dira, Kalamua mendiaren tankera hartzen diet. Laku garden luzea eta dotorea. Ez dago, ordea, aisia-gune bihurtuta: bere horretan gorde nahi izan dute edo urrutiegi dago igandezaleentzat. Urbiako gainaldearen tankera bera du une luze batez inguruak, Aizkorriko haitzak falta zaizkio: berdegune leuna, artaldeak... Aukera apartak  oinezkoentzat, ibiltarientzat, mendizaleentzat.

 

Aldats baten hegian dago muga, aldats piko batek egiten du bertan gailur. Aparkaleku bat eta harkaitz handi bat, Scotland diote hizki zuriek  alde baten eta England  bestean. Bere babesean, haize hotzetik gordez eskoziar jantzitako gaita-jole batek eman digu ongietorria gaita soinuz. Ikuspegi paregabea eskaini digu lehen unetik tokiak, gaita soinuz bilduz, eguzkitan lurraldea berdeago eta sona bera ozenago zitzaigun.

Lurralde menditsu leuna dager Eskozia tontor horretatik begiratuta, berde-berdea, berde joria, udaberriko berde gaztea, berdegune zabala, baso ugariek edertuta. Lurralde menditsua ikuste da, mendizerra garaiaren aho zorrotzek mozten dute urrunean zeru-marra osoa. Gandu punttuz lausotua.

S, Andresen eta S. Jorgeren gurutzeekin egina dirudi mugan ikusi dugun eskoziarren bandera edo armarria.

 

Gaztelaniaz ere badator mugan jarritako ezkerretik gidatzeko aholkua errepide ertzean.

Gora-behera asko du lurraldeak, errepideak ere ondorioz. Belarra, garia eta koltza dira soroetako emariak. Ugariak dira baso-kaskoak, pagadiak batez ere, baina aldatu egin da zuhaitzon ikuspegia eta kokagunea: zelaietan barreiatuta daude pago sendo ederrak, bakan baina aldi berean ugari, jauntxo baten gazteluko parkearen jitea ematen diete belartza eta soroei.  Badira haritzak ere, berdintsu barreiatuta. Mendi pendizak tarteka, haitz mutur labarrak, ibaiak, errekatxoak, zubiak... xarma dario lurraldeari, jite ezberdina hartu du inguruak.

Ez dago herri handirik, ezta ezpel hesirik ere, zuhaitz ilarak dira sail ezberdinen muga. Zuhaitz arteko etxe edo jauregi ilunek misterio kutsua ematen diote inguruari, bere arbelezko horma eta teilatu beltzekin. Gaztelu ugari dago iragarrita, ia herri orok du bere gaztelua erakusteko.

Mendi-zuloz mendi-zulo doa errepidea, gora-behera pikoetan. Ustekabeko agerpenak kontrabideko autoak aldats gainetan. Ez dugu ikusten ere errepidearen barrena hegitik behera hartzean. Zirraragarria zaigu.

 

Hizkuntza propioa du Eskoziak, gaelikoa, baina oraingoz ez da errepideko iragarki eta norabideetan ageri.

 

Jedburch. Monasterio edo eliza gotiko baten sekulako hondakinak agertzen zaizkio bidaiariari; lau horma besterik ez dira izan, baina sekulako gotiko eder garaia da, arkuteria bikaina nabarmenago ageri da zeruaren aurrez-aurre. Hiru arkuko zubi potxoloa, eliza, etxeak, berdegunea ... herri osoa da erakargarria, ongietorri agurra eman digun Eskoziako lehen herri aparta egokiak.

 

Ingalaterrako etxeak begietan oraindik, beste itxura bat eskaintzen digute herriok: harrizko arre ilunak izanik ere, alegerak dira, harrizkoak baina argiak, zuritasun ukitu zabalak nabarmentzen zaizkie. Eguraldi ederrak badu gaur eragina gure sentipen eta balorapen baikorrean.

Badira gaur egungo granjak, latorri iluneko kortak, inguru zatar zikinez bilduta: hemen ere nekazariek ez dute txukunkerietako kulturarik edo girorik edo baldintzarik. Larre lurrak dira izan, baina ez da haziendarik larrean, ezta ere izurriteak eragindako debekurik ere, ez inolako gaitzaren ezaugarririk. Baina Dalkeith herrian iragartzen zuten kanpinera hurreratu garenean izurritearen aurkako auto zein oinezkoentzako desinfekzio-pasabidea.

 

Tontor borobil pikeak dakusagu urrutitik, otadi erraldoi loratuek horiz marrazten dituzte magalak. Bide-zubi luze garai bat, estuagatik edo koloreagatik are deigarriagoa: nagusi koadrila doa zubi ingurutik, oinez, praka motzez, ibiltari tankeran, nekatu itxuran.

Tarteka zabalagoa, tarteka estuagoa, baina dena da erreka-zulo; alboak, aldiz, mendi-magal pikoak. Nortasuna ematen diote lurraldeari pago eta haritz lerdenek, izan ditugu bi zuhaitz handi zelai erdian, orri gorri-gorrikoak, ezezagunak guretzat, baina benetan deigarriak.

Herri apainak, inguru idilikoa, xarma gehitzen diete errekatxoek. Orban grisa da herri bakoitza, arbel belztura gunea magal berdean. Herri dotoreak dira, jauntxo jauregiak dirudite bertako etxeek. Antzinako herriak, herri ezberdinak: solairu bateko etxeak, harri konbinaketa edo nahastura  bitxikoak, ezberdinak, bereziak: kolore ezberdineko harrikoak dira leiho zein ate bueltak, honek alaitasuna eta bizitasuna ematen diote etxeoi: beste bizipoz eta umorea behar dute izan hemengo biztanleek.

Zentral eolikoa, haize-orratz beteriko gune zabala, beso luzeok, baina, ez daude hegian lerrotuta, belar-gune zabal lauan barreiatuta baizik. Beraien artetik goaz, mendia zeharkatuz.

Une batez mendi berdeko magalean korrika doazen kolore ezberdinetako begiak dirudite autoek, halako ikusteko efektu bitxia sortarazten dute.

 

Laua da Edinburgo ingurua. Hiriaren albo batean, hiritik bertan, menditzar bat altxatzen da, hori zen urrutitik ikusi dugun mendia, bere magalekoak dira horigune bizi erraldoiak. Hiriburuko kaleetan oinez, North Briget-tik ere aurrez-aurre izan ditugu otadi-malda horiok.

Bagenekien ez zela erraza izanen kanpinera bidea, ez da izan, ez. Azken bidegurutze borobilean ez zegoen espero genuen errepide-zenbakirik, ezta behar genuen herri-izenik, ezta nahi genuen norabiderik. Auzo erraldoietako kale-artean sartu gara, kale-nahasmen eta zirkulazio-zorabioan. Gure senak atera gaitu onik. Ernegatu ere ez dugu egin, ez baita izan gure hanka-sartzea.

 

 

EKIALDEA

 

Kanpina. Belardi aparta, txukuna eta aratza, egontoki erosoa. Inor guti dago gure gunean, ia bakarrik gaude.

 

Edinburgo. Etorri, begiratu eta ikusi. Iragan loriatuko hiria. Eraikinez, monumentuez, zehatzago jabetu nahi baduzu, gidaliburua irakurri edo planoa hartu eta ibili. Hiri handia, eraikin handiekin. Handia ez ezik, jendetsua, eta beltza. Ezeroso sentitu naiz, eraikin moderno eder eta herri bizi-biziez bilduta arren. Ez du xarmarik, agian badu, baina beste era bateko xarma. Ez zait liluragarria. Antzinakoa da erdigunea, izugarri zabala: bera da, batez ere, bisita merezi duena. Nortasun handiko hiria: sekulako eraikinak ditu, apartak, han-hemenka, denean. Belztuak daude eraikin asko eta asko, agian alde zaharreko gehienak, ez dago nonbait hiriari aurpegia garbitzeko diru nahikorik, agian itxura hori bera utzi nahi diote: urteen eragina ala kutsadura?, ez dakigu. Maila, plano edo goiera ezberdinetan doaz kaleak sarri, bata goian eta bestea gainean behekoa zeharkatuz, ez dakigu zergatik edo nola diseinatutako kaleetan, ez dakigu lurrak inposatutako trazaketan ala arkitektoaren burutapenez.

North Brige, zubi zabal ederrak lotzen du zaharra auzo berri batekin, geltoki eta berdegunearen gainetik. Princes kaleak merezi du ibilia, eraikin ederrak ikusiz, Sccott idazlearen monumentua begiratuz: sekulakoa edertasunez eta belzturaz; kale honetatik dager goian, sekulakoa, hiriko gaztelua: gotorleku erraldoi eta beltza labar erraldoien gainean, gotor eta sendo, herri bat  da bera soilik. Tren-geltoki erraldoia Princes kalearen barrenean, berdegune atsegina da bere jarraipena; kalera bultzatu ditu eguzki epelak herritarrak, belartzako goxotasunera, erabat jendez beteta dago bankuteria oparoa, edo belartzan pilaka etzanda, eguzki eta  bero gose; belarra den edozein esparru da on eguzkitan luze etzan edo eseri eta irakurtzeko. South Brigge kalean bertan, eraikin klasikoz osatua, Unibertsitatea, fatxada klasiko ederra, patio izugarri zabala kalera daraman sarrera zabal garaiaren barrenean. Kale berean edo bertatik gertu, kultura-gune eta antzokia den fatxada modernoa erabat kristalezko fatxadarekin, deigarria. Eliza-dorre pila nabarmentzen dira, denen artean St. Giles-ena da erabat bitxia.

Erruz dabil jendea, izugarri ugaria da turista ere. Gaita-jolea ari da puzka gaitari, taxuz eskoziar jantzita, gaztea da, ez du beste bizibiderik edo etekin oparoa ateratzen dio bere puzketari: turistek eten gabe ateratzen dute argazkia bera alboan dutela, baina bat bera ez dut ikusi sosik uzten.

Taxiak, Londreskoen tankerakoak, bertako ingeles petoak.

Zarata, zarata, zarata... auto-autobusena ez bada kaleko berrikuntzen lanena: durundia belarrietan atera gara alde zaharretik.

 

Bi orduko ibilia egin diogu, azaletik bederen hiria ezagutu asmoz: merezi izan digu. Autoz joan gatzaio, kaleetako nahasmen eta eromenen bizienean murgilduz: ez gaitu erotu, onik atera gara.

 

Musselburg. Kanpina kokatua dagoen herria, hiriburutik ia bertan. Itsas kontra, itsasoaren paralelo, baina ez zaio itsasoaren hurbiltasunik nabari, ez itsas gorarik kaleetan: lur hotzak dira hauek, hotzagoa ura, eguzkiak ez du astintzen, beraz itsasoak ez du tirarik herritarrentzat. Hipodromoa du, esparru erabat luze eta zabala, langadi zuriez sailkatua. Puertotxoa ere badu, moila soila besterik ez da. Kanpin alboan meategi museo bat. Bizi-bizia dago herria bera, etxe ederreko harrizko etxeko kaledi ederra. Udaletxea behar duen dorre eta mailadi ederreko eraikin bat  nabarmentzen da, baita bi eliza dorre ere, zorrotz deigarria bata, burumotza bestea. Plaza behar duen kale zabala.

 

210 kilometro, Eskoziara ekarri gaituztenak.

 

Untxiak ditugu kanpin-zelaiko kide: zuriak, beltzak eta marroixkak, hor dabiltza lasaitasun paregabean.

Pago-hesiek banatzen dituzte esparru ezberdinak, artez eta txukun moztuak, oso dotore, orri bigunez ingurua leunduz.

Natura-gunea dirudien esparru honetan gogoratu naiz hain bortizki begiak jo zizkidan tximinia erraldoiaz, kutsadura eragiten dudala bonbilla piztu  ohi dudan bakoitzean otu zait. Globalizazioa honetan ere!.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien:

“Neuri, aldiz, gorputza eri izan dudan bakoitzean edo zigortu izan dudan bakoitzean, erori izan zait anima, erori izan zait animoa”. Bidaietan berehala ikasi ohi den lezionea: ondo tratatu behar dela gorputza, handik hona ibiltzera behartu behar badugu gero. Jana eta atsedena, horren ondorioz datoz ibiltzeko kemena, ahalmena eta ilusioa. Bestela pott egingo dizu eta etxera erretiratzen zara ia ezertaz gozatu gabe, jakin-minik ase gabe, ikusminik ere ez duelako gorputz flakoak.

 

 

Maiatzaren 25a.   Ostirala.  24.a – E:2.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre:

* “Abertzale marxista utzi gintuan / ...  Merkealditan paratu ditek utopia ...”. Bidaiotako ikuspegi azalekoak dira gureak, baina merkealditan daudela utopiak dirudi herri orotan:beharko du irtenbideren bat gizarte erotu honek, irtenbide logikoagorik gutxienez, ez ote du ba zentzuak jadanik lekurik gure artean?. Marxismoak ez du oraindik ordezkorik gizarte sozialdemokrata liberal globalean.

* “Ez nazatela egin berriz euskaldun”.  Ez diat ba nik inbidiarik ingeles eta eskoziarroi. Ilargian bizi nahi ez dudanez, nadin euskaldun, harro gainera, euskaldunon poemako ziztrinkeria guziekin ere.

 

Jostari ari dira belartzan untxiak, bi mikak eskaini digute urrutitxo bere presentzia,  bi mokokada belarrean jo eta joan zaigu leiho aurretxoan bisitari izan dugun txantxangorria. Txori-kanta ozena da inguratzen gaituen zuhaitzetakoa, baina ez da beste txori edo hegazti motarik agertu: zerbait naturarekin muturka behar du eduki belar honek hain mortu egoteko belartza, zerbait artifiziala eduki behar du golf-zelaietan lez, heriotza-lurruna dario zelaiari txoriek ihes egiteko.

 

Portobello. Oso antzerakoa, gure herriaren jarraian Edinburgora bidean, , itsas kontra berau ere. Edinburgoren auzoa besterik ez da agian. Hainbat kale doa hondartzara, baina ez dirudi amorru handirik dutenik herritarrok  hondartzarako, ez dirudi itsasmin direnik. Harrizko etxe oro dago belztua, hiriburuan zein inguruko herri orotan lez. Urteetako kutsadura nonbait.

 

Eliza dorre puntazorrotz asko da hirian zein inguruko herriotan, gehienak dira puntazorrotzak.

“diversion” deitzen diote ingelesez “umleitum” alemaniarrari. Desbideratzearen izen ezberdinak. Baina “diversion” honek nahasmena eta zorabioa ekarri digute, batez ere hiri barrukoek.

 

Edimburgo. Gaztelua. Turista pausoa hartu behar da, non ibili luzea du eta. Gaztelu bat ikusiko genuela Ingalaterran erabakia geneukan, antzerakoak eta errepikakorrak baitira gazteluok gehienetan. Edinburgoko gaztelu famatu hau aukeratu dugu. Timo bat, iruzurra, gertatu zaigu, jubilatuen, nagusien, sarrera merkeagoa ordaindu eta bi orduko ibilaldi entretenigarria eskaini digun arren. Ez baitigu apartekotasunik eskaini, inguruko ikuspegia eta historia ezik. Gotorleku sendoa da, kokagune naturak ezin babestuagoan. Herri oso bat da gaztelua, militarren herria, izugarri handia eta gotorra haitz gainean. Gazteluen ohizko osagaiez gauzatua. Agian ingeles eta eskoziarrentzako aparteko ukitua eta zirrara du, bere herriaren historiaren zati bat delako. Leku lainotsua eta ospela omen: erregeek ere ez zuten maite, arrisku garaietan soilik gordetzen ziren bertan; gaur ere ospela eta lainotsua zegoen ingurua bertatik begiratuta, lainotsua eta ospela gaztelua bera behetik begiratuta. Kendu egin diote barneko lehengo grazia, egiturak soilik gorde du bere antzinakotasuna. Kartzela eta presoak pilatzen zituzten kriptak gorde dituzte lehengo tankeran; kartzela,  edonon ere ankerra da, hemengoa ere, pinturaz txukunduta arren. Beste dena itxuraldatuta dago, museo bihurtu dute, museo ezberdin pila dago bertan kokatuta, gerra museoak denak. Hutsik, biluzik dago gaztelua bera, bizia kendu diote propagandarako tresna bihurtuz, gerra-propagandarako hain zuzen. Hiltzea bera sarituta dago, ikus bestela dominen erakusketa. Bestea hiltzeko artea da sakonean erakutsi eta goraipatzen dena. Demokratak gara hildakoak besteenak direnean, edo norbera denean hiltzaile.

Errege bat jaio zen gelatxoa eta erreginaren koroa, zetro, lepoko, eraztun eta beste zenbait bitxi dira erakusgai eta ikuskizun nagusiak, eta ganduak lausotzen ez duenean lau haizetara ikuspegia. Kainoi erraldoia erakusten dute bitxikeria bezala: Erdi Aroko da izan, 3 kilometrotara botatzen zuen bolatzarra, 8 aldiz gehienez egunean, berotu egiten zelako: nire betiko galdera armatzar hauen aurrean: halako triskantza egiten ote zuten burdina-bolok?.

Muntaia bat da dena, gehiago dirudi umeei edo gaztetxoei zuzendutako historia ikasgai bat. Erdi aspertu egin nau azkenerako bi orduen buruan. Baina bisitari pila dabilkio, bera da hiriko amu erakargarriena: autobuskadak datozkio, oinezkoak ere uholdeka, pobreak eta zapalduak gatoz aberatsen eta zapaltzaile  bortitzen gotorlekuak ikustera, ordainduz gainera!.

Gaztelania entzun dugu sarri gazteluan, bazen ere gaztelaniaz historia zein zertzeladak argitzen dituen magnetofoi-gailua ere. Bakoitzaren esku, doan.

Nolako monokeria militar egiten dituzten guardiako atezain, soldaduek!. Eta denok beraiei begira ahozabal, baita marrajo zenbait ia gonapekorik ageri zitzaien  hanken astindu airosoetan.

 

Queen eta George kaleak. Hiriko moderno eta aberatsenak: etxe ederrak, denda dotore eta garestiak, bertan dira munduko marka ezagunenak. Bada adreiluzko eraikin bikainik ere. Kale zabalak, zuzenak, estatua bat dute kale-gurutze bakoitzean, gehiago dira zuhaitzik gabeko etorbideak; espaloi zabalak ditu baina autoz mukuru dago joan-etorri eten gabean,  zaratatsu kutsakorrak bihurtuz kaleok. S. Andres eliza, hala diot eskuzko zirriborroan baina gidaliburuko S.Giles behar du izan: koru baten emanaldia eskaintzen ari ziren: abestiok entzutea izan da elizak eskaini digun apartekotasunik apartekoena; ez zen jende askorik entzule giza, gehiago ginen pasoko bisitariak, entzule gogotsu izan gara gu ere. Eliza gotikoa da, taila ederrak daude kaperan eta koruan, malezia handiko tailak ere badira kalonjeen jarlekuetako heldulekuetan. Hor da izugarrizko liskar erlijiosoak sortuz, deanari aulkia bota zion emakumearen aipamena ere. Saltegi bihurtutako eliza: kanpo-egitura soilik gorde diote.

 

Etxerakoan autoz, nahastuta, irtenbidea bilatze ibilbidean monumentu eta eraikin eder gehiago ere ikusi ahal izan dugu, han-hemenka hirian barreiatuta, denak kutsaduraz belztuta.

Hiri beltza, belztua, gogoratuko dugu Edinburgo.

Eskale franko dago turista gunetan, gazte jendea ia dena, kalean eserita potetxoa aurrean jarrita. Ez da dena edertasuna hiri honetan ere.

 

Atzo erraz atera bazitzaigun ere etxerakoa, ez da hala izan gaurkoa: “diversion” bat lehenengo eta norabide debekatuak bi aldiz, erabat nahastuak utzi gaituzte  hiri erdiko labirintuan, harat-honat ordubetez, auto uholdean atrapatuta.

 

42 kilometro, hiriko labirintuan gehienak.

 

“El Pais” egunkaria aurkitu dugu: beti bezain aspergarria eta errepikakorra dago politika.

 

“Lur bat haratago”. Joan Maria Irigoien.

- “Zeren irri bakoitza heriotzari ebasten diogun bizi puska bat baita”. Ernegua izan ohi dugu sarriago irria baino bideetan galtzen garenean.

* Geure buruari irri egiten ikasiko bagenu...” Ez nuke hainbeste amorratuko bide-sareetako hanka-sartzeetan. Ez da erraza une beltzean irri argia egitearen filosofia hori.

* “Zeren harri erabili gabeak ez baitu goroldioa baizik biltzen”. Kutsaduraren mintz beltza biltzen dute Edinburgoko harriek, euri eta umeltasunaren arrasto zuriek are nabarmenagoa egiten duten  belztura.

etiketak: Eskozia, Bidaiak 01
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.