Ekimen ibiltaria
Gosaria eta abioan gaude Gasteizera bidean azken egunerako. Hitz-jario bizi zalapartatsuan ekin diogu azken bidaiari. Ibilia aurreratu ahala baina, egunkariak irakurri edo hogei egunen hausnarketaren nostalgiaz moteltzen joan gara, marmario isilean bukatuz, Nerearen azken lo-kuluxka errespetatuz eta bilduz.
GASTEIZ
Filologia eta Geografia-Historia Fakultate sarreran genituen zain ikasleak, pankartekin. Atzo bukatu zuten hiruhilabetekoa, oporretan daude beraz eta gehienak gaupasa eginda. Txalaparta. Aupadak. Trikitixa. Abestiak: "Amnistiaren dema", "Zain dago ama", denok abestuta. Lasai eta astiro doa ekitaldia, inprobisatuz bezala. Gu aurreratu gara, gazteak jaitsi dira harmailetatik eta borobil zabal bat osatu dugu denok elkarrizketan murgilduz. Txokolate beroa. Bitartean atxikimenduak izenpetu dituzte mahaitxo batetan eta sokaz lotutako itxuraz trapu zaharrez egindako bola handi bat atera eta bere horretan utzi dute aurreko zabaldegian. Txomin Ziluaga ere bertan zen kartzelei buruzko hitzaldi batetan, non jende guti egon omen den.
Blanka-Patxi Errektorearekin elkarrizketatu dira.
Bitxori, Paule, Josu eta Jon elkarrizketak egiteko alde egin dugu.
Martzialek iloba aurkeztu digu, Justok alaba eta Paulek semea.
Bere semea nire semea da, alaba nire alaba, iloba iloba, laguna lagun: gutariko edonork esan dezake gaur 20 eguneko ibiliaren ondoren: familia bakar bat gara, denok gara senide.
Atxikimendua oso partaidetza pasiboa da, positiboa izanda ere. Nola sortarazi aktibotasuna, ze pauso berri emanarazi talde, elkarte eta pertsonei?. Hori da aurrerantz dugun erronka. Esparruak zabaldu behar ditugu.
Martzial bere handian ze isila, gizon apala eta atsegina, baina tinkoa ez pankartarekin soilik. Albokoarentzat jardun interesgarria du beti.
Las Desamparadas plazan. Kalez kale joan dira pankartarekin ilaran. 40 bat lagun zeuden hasieran 70etik gora bukaeran. Atxikimenduen firma bilketa; sindikatuena ere jaso da. Hamaiketakoa. 2 ordu iraun du kontzentrazioak.
Sentipen gaziak: gure mezua ez da heldu gehiengo batengana, medioek ez digute tarterik eman pare bakarren batek ezik, politikoek salbuespenak salbuespen, interes propioaren mende jarri dute bai bere legea bai guraso-presoen sufrimendua bai hautesleen eskubidea, guk geuk ere izan dugu hainbat hutsune eta akats.
Aurreskulari zein dantzari jantzien katalogoa edo ikerketa egin daiteke herriz herri dantzatzen duten dantzarien jarraipena eginez, herri bakoitzean baita ezberdina dantzariaren jantzia, denak politak, zenbait betikoak, batzuk bereziak.
Pauleren iritziz teoriak hutsetik asmatzen hasi baino hobe ekintzak egin premien arabera eta ondorioak atereaz teoria osatu. Hori bera gertatu zaigu Martxan. Gogoan edo memorian, ideien almazenean bilduta zeuden hainbat iritzi eta ideia sendotuz, argituz eta ordenatuz joan zaizkigu; Ibilaldiaren ostean sendo eta argi genuen denok presoen hurbilketari buruzko teoria osoa.
Gizakatea egin da Amabirjina Zuria Plazara, aupadek slogana aireratuz.
Sentipen gozoak: hainbat bizipen eta sentipen zoragarri, elkartasunaren esperientzia bizia, mezua zabaldu izana, hainbat sektore ukitu izana, herriarekiko harremana, jaso dugun atxikimendu pila, mobilizatu den jendetza, bidaiak erakutsi digun dena, baina batez ere aurrera egiteko bakoitzak dugun erabaki tinkoa.
Izango dira HBren laguntasuna izan dugula, Herrikoetan ibili garela eta antzeko esamesak. Elkartetxeak, Batzokiak eta edozein laguntasun eskaintzen digutenean soilik dute ezer aurka esateko eskubidea.
Klarik laneko oporrak hartu ditu Martxa 10 egunez egiteko!!!.
Elkarrizketak:
"Hala bedi" irrati librean: gazteleraz. Bidaiako zertzeladak kontatu ditugu. HBren portaera ere eskertu dugu hitzez gain laguntasunak ere eman digulako, beste alderdiek hitzak eskaini dizkigute, laguntasunik ez; guk dugunarekin ibiliko gara.
Leizaola, Legebiltzarreko Lehendakaria. Bunker bat da Parlamentua: Garai batetako Errusia, Errumania eta Bulgariako aireportuetan ezagututako polizien kontrolak baino zorrotzagoak ziren ertzainen begi zorrotzak argazkitik nire aurpegiko zehaztasun orora etengabeko txandaka begira. Martxa osoan agertu ez diren telebistako kamerak han ziren eskaileran behetik goraino laukotea jarraituz eta gero barruan lehendakariaren agurra eta gainerako parafernalia osoa grabatuz foko bizi pean, telebista politikoen zerbitzura dagoela frogatuz. Lehendakaria bera, berriz, politiko maltzurra. Besaulki sakon bigun zabaletan hondatu gaitu, hitz egiterako bigunaraziz bezala. Ahoskera baxua zerabilen, ahotsik jaso ez geniezaion edo, gure garrasiaren garraztasuna goza zezan maltzurkeria nonbait. Nork sinetsi bera ez zela inongo alderdikoa zioenean, nork jarri du ba lehendakaritzan PNVk ez bada. Nola sinetsi berak ez duela inolako aginpiderik dioenean, berak gaia eta arazoei erantzunak banatu besterik ez duela egiten dioenean. Gizajo bat ote ba?. Gizajoak ez daude postu horietan. Agian Arzallusen txotxongiloa bat dela esan nahi zigun. Guk berak baino botere gehiago duela ere esan digu. Ezin omen du ezer egin Legebiltzarrean gaia tokatzen zaionari pasatu besterik. Ulertu ulertzen omen du. Ba omen du familian presoren bat ere: nork ez Euskal Herrian!. Pazientzia eskatu zigun, PNVk eduki duen urteetako pazientzia patrimonioa berreskuratzeko. Guri ordea pazientzia agortu zaigu hain zuzen, epeak usteldu egin zaizkigu. Politikoek ez digute kasurik egin. Ez dira mugitzen. Gaia usteltzen utzi dute. Kalean egongo gara. Politikoak dira erantzule bakarrak. .... Gabonik ezingo dugula ospatu, esan diogu, berak pasatuko dituen patxadan. Telebistan eta prentsan agertzeko soilik balio izan zaigula ustearekin atera gara. Edozein herritxotako alkate xume bat baino kaskarragoa, izugarrizko parafernaliaz bildurik, trikimailuetan zaildutako politikari batekin egon gara.
Arartekoa. Gu joan gatzaizkio hitz egitera baina berak hitz egin digu, izugarrizko txapa sartuz: esplikatu dizkigu Arartekoaren izaera eta jarduera guztiak. Gazteleraz ekin diogunean euskaraz egiteko eskatu digu baina berak gazteleraz besterik ez daki. Guk geurea esan diogu hasieran baina ondoren lanak izan ditugu hitza hartzeko zirrikitu bat bilatzen, hain zen etengabeko txorrota bere hitz-jarioa. Denbora ahitzeko amarrua ere izan ote den banago orduketa finkatua baikenuen beste elkarrizketa batetarako. Inpartziala dela ere esan digu eta aukera hartu dugunean lazo urdinarekin ikusi izan dugula ere gogarazi behar izan diogu. Legea betearaztea omen Arartekoaren zeregina, hori da hain justu Ekimenaren helburua eta berari eskatzen dioguna: politikoei legea bete dezatela gogaraztea. Lengoaia ezberdina omen darabilgu baina helburu berdina, baina "euskal presoak Euskal Herrira" gure helburuaren puntu bakarra bere txosteneko ez dakit zenbatgarren puntuan galduta dago: puntu hori erabiltzeko baimena ere eman digu!!!. Guk presa dugu, berak ez, guk premia bizi dugu, berak ez; ez dio gure egoerari erantzuten. Lengoaia ez ezik portaera da ezberdina, areago ezberdinak oraindik bizipenak. Berea politikariaren mintzaira da, gurea presoen senideena. Bera goian bizi da, urrun, gu sufrimenduarekin bizi gara, politikarien lege-haustearen lotsagabekeriaren eraginpean. Koraza du, kamustu zaio ezer barrutik bizi eta sentitzeko ahalmena, urteetan politikari ofiziala izan baita. Hitzetan gorde eta biltzen da. Nolanahi kartzelei buruz atera duen informea onuragarria, baliogarria, latza eta zehatza omen da: bakoitzari berea. Berari zeinu bat, sinadura bat eskatu diogu, atxikimendua, baina bera ere beraietan galtzen zen: hitzak eta liburu handi bat oparitu dizkigu. Bereak ez dira izan hitz ederrak, hitz ajeatuak baizik.
Cuerda alkatea. Zintzoa, itxuraz behintzat. Politikoen erantzukizuna aitortu digu: zerbait ez dute behar bezala egin presoen egoera hain gaiztoa baita. Kartzelatako araudia ikasi eta azpimarratuta ekarri du, gure eskabideen legezkoa baieztatuz. Prentsaurrekoan gure arazoaz hitz egiteko promesa egin digu, gure ahotsa izango dela ziurtatuz. Bukaeran Senideak-en paparreko ikurra eskatu eta bere papar-hegalean jarri du. Gizon zuzena ala politiko maltzurra?, galdera tristea, politikoengan galdua baitugu sinesgarritasun oro.
Herritik gertu bizi den politiko abila, horrengandik soilik espero daiteke politiko batengatik espero dezakegun apurra. Politikoen gehiengoa herritik at bizi da. Politikoen hizkuntza ezberdinak erakusten dute maila ezberdinetan bizi garela, sentipen eta arazo arras ezberdinekin bizi direla politikoa eta herri xehea.
Maria Luisa arduratu zaio temati Martziali bere katarroari arindua eman zion pastillak har ditzan; jatorduan gogarazteko deitzen dionean barretxo pikaroarekin erantzuten dio "hartu dut" esanaz.
Bazkaria. Zaharreko Herrikon. Aukeran: paella, salda, berdura-krema. mingaina, arrautza nahasia, txekorra saltsan pastela, hostopila (hojaldrea) ARTEPAN gozotegiaren oparia.
Opariak. Nerea eta hiru txoferrei gure esker ona azaldu nahi izan diegu; erabatekoa izan da denon adostasuna opari-gaian eta kopuruan: belarritakoak autobusean galdutakoen ordez Nereari, bina ardo botila txoferrei. Maria Luisa eta Klari izan dira eraztunaren erosle, Justo norbaitekin ardo aukeratzaile: rolak diraute gure artean oraindik. Hala zion Nereari opariarekin emandako postalak:
"Jefe deitu zaitugu, baina irribarrez, maitagarria zarelakoz. Gaur belarritakoa galdu duen Erauzkinaren Printzea izan nahi du Ekimen Ibiltariko autobus-kide orok, hogei eguneko ipuinaren hondarrean, telefonoa eta goxotasuna izan zaren Nerea gurea."
Asanblada. Oso aberatsa, mila ideia, iritzi, kritika eta asmo. Uste dugu oso positiboa izan dela. Izan da iritzi kontrajarri bat, agian ez hain kontrajarria, taldeak talde bezala iraun behar zuen ala ez aitatu denean. Martxa bukatu ondoren zer?: hori da galderarik erabakigarriena. Josuk zioen bezala Senideak-en Lehen Kongresoa. Josu berari eman diogu akta edo esandakoen berri jasotzea, baita bulegora zuzentzeko eskabidea.
Ama Birjina Zuria Plazan. 50 bat lagun ginen hasieran.
Enkartelada: pankartak, jende enkartelatua, biltzen doan jendea. Nahiko nahasian eta etorri ala egin dira gauzak, baina txukun. Luzaroan egon gara. Hotz. Izan dugu emakume probokatzaile bat ere: kosta zaio Joseri itsu-gorrarena egitea, astindu bat merezi bazuen ere emakumeak: ekimena isilduko duten medioek ere notizia bihurtuko zuten enfrentamendu bat izan zitekeen. Auzoetatik zutabeak heltzen joan dira, batzuk jendez urriak, oparoak besteak. Pilatuz joan da jendea, pankarta eta auzo bakoitzeko argazki-kartelekin; baziren 8 bat pankarta handi.
Manifa. Jendetza ginen argazkiekin egin dugun manifa isilean: ikaragarria eta ikustekoa azken manifa hau ere. Izugarria da espaloietan dabilen jendea: beraiek ere mutu, harridura begiez begiratzen dute, zer ote den edo, bukatzen ez zen musikaz bildutako argazki ilarari.
Ekimena. Harrera hitzak. Oharrean izena argitu ezin diodan talde baten agurra. Euskaltzaleen agurra. Talde antimilitaristarena. "Hegoak ebaki banizkio" abestia Antxonek bildutakookin abestua. Gazte Ekimena. Internazionalistak. Bi bertsolari. Lore sorta oparia. Langileak. GRAPOkoen senitartekoek poema bat. Oharretan ez dagoen soinujolea ere izan zen. Zenbait haritz landare ere oparitu ziguten. Luze joan da ekitaldia bildutakoen txalo zaparradak eta arretak arinduta.
Bitxorik aurkeztuta,
Jon eta Blanka hizlari
Soinujolea lagun, Kalera kalera abestuz eman diogu amaiera gaurkoari eta 20 egunekoari.
Hegoak ebaki nahi dizkiete, hegoak ebaki nahi dizkigute. Baina gure presoek txoria izaten jarraitu nahi dute, euskaldunok txoria izaten jarraitu nahi dugu. Txoria dutelako, dugulako, maite. Argituko dugu eguna txoriak etxera etorriko zaizkiguna, hegan etorri ere, hegorik ezin izan dietelako, ezin izan digutelako, ebaki.
Afaria. Jendetsua izan da martxista, senide eta ingurukoen azken mahaikidetza hau, bertan ziren Blankaren alaba, suhia eta ilobak, ekitaldi ostean semea ere ezagutu dugu. Azkenak arazoak izan dituzte tokia aurkitzeko. Lepo zegoen Herrikon jantokia. Entsalada errusiarra, pate, lukainka frijitua, fritoak / bakailaoa tomatearekin eta saltsa berdearekin bakoitzari bere plater luzanzkan / postretzat flana, izozkia eta tarta aukeratzeko. Giro alaia eta familiartekoa, agurraren mina nabarian. Abestu egin dugu, sentimenduen hustuketarako kanila.
Agurraren gazi-gozoa: Blanka izan da lehena alde egiten bihar bisita baitu Kataluniako kartzela batetan ez dakit norekin; Maribi malkotan zegoen, 10 egunez alaba batek bezala zaindu duena, une oro beraz arduratuz, joan egin zaio. Etxarrikook ondoren, bila etorri zakizkigute: arabarrak eta bizkaitarrak ez ditugu bihar ikusiko, giputzak gurekin izanen dira Iruñean. Paule mandona, bidaiako giltzarria falta izan dugu agur egitean, joana zen poltsa ahaztu zaiolako autobusean. Santik ezti-opariarekin agurtu nau: bazkal ondorengo infusioetan oroitzapen gozoa izanen dut.
3 mila kilometro egin ditugu autobusez. Zenbatuak nituen oinezkoak ere baina oker ibili naiz nire pauso bakoitzaren luzera kalkulatzean.
21. eguna: Abenduaren 20a. Larunbata . Iruñea - Gasteiz.
IRUÑEA. Jende multzoa elkartu gara, ez asko; ez da agertu egunkari-telebistarik, horregatik ez diegu irakurri azken manifestua: 100 bat herrietan zehar eraman dugu gure mezu argia, aurrera egin behar dugu presoen sakabanaketarekin bukatzeko, baikorrak gara erantzunari buruz, atxikimendu pila eta milaka herritarren presentzia izan dugu, ez dugu beldurrik izan behar, erakunde politikoak behartu behar ditugu, aurrera eginen dugu. Entregatu ditugu nafar Parlamentuan atxikimendu guztien kopiak; M. Luisa, Patxi eta nik igo gara, espaloian gelditu dira besteak etorri den jende multzoarekin. Protokolozko entrega, bulegari xumeei egina. Utzi dugu kaxa handia paperez betea, jaso dugu paper zigilatua entregatu dugunaren agiria, tolestu dugu azkenez pankarta, azkenengo aupada eta oihuak, lepoko zapiak kendu ditugu: orain bai bukatu da Ekimen Ibiltaria. Iruñazarra tabernan azken mokadua oraingoa guk geuk ordaindua, banatzen garen sentipena azalean. Banatzen joan gara. Besarkadak eta agurrak. Ze nolako astindua eman didan Martzialek azken besarkada estuan: hitzez isila baina sentipenez betetako agurra.
GAZTEIZ: ez diete eman atxikimenduak entregatzeko aukerarik ere!!!.
ETXARRI. Jende asko da gauean Martxari bukaera emateko manifan. Martinek eman dio bukaera bere balorapen eta azkeneko hitzekin.
Eguna luzatzen hasia da, dispertsioaren gaua bukatzearen sinbolo bihur dadila.