Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapnak Idaztea I

Burutapnak Idaztea I

Jon Etxabe 2016/09/03 09:43
Idaztea I Asko edo gutxi, norberetzat edo inorentzat, idazten duenari agian interesatuko zaiolakoan.

Idaztea I

 

Zer den

* Bere buruarekin aurkitzea da idaztea idazlearentzat, hausnarketa ordua, beste inorekin ezinean disko gogorrarekin gogoetak konpartitzea, edo norberarekin lehia.

* Irakurlea du beti gogoan idazleak, balizko irakurlea gehienetan, irakurle horren jakin-minari erantzuten dio. Eta idazki bakoitza, beti, idazleak bere buruari egiten dizkion galderei erantzutea da. Idaztea beti da erantzuna, balizko irakurleari edo idazleari bererari.

* Hor barnean kaosean, lainopean, oroitzapen soilak, edo ideia zehatz ordenatuetan dagoenari marra bereziz gorputz zehatza ematea da idaztea. Iraganean oinarrituz geroari oinarriak jartzea.

* Gorputzik ez duten ideiak marrazki batzuetan gauza bilakatzea da idaztea,  zeregin zaila gauzok egoki aukeratzea eta tokatzen zaien ordenan jartzea, eta zerbait itxuroso bat erditzea..

* Biluztea da idaztea. Mozorrotzen ahalegintzen den  idazlea bera ere, biluzik geratzen da irakurlearen aurrean, mozorropeko morrontza erakutsiz.

* Letrak jostea da idaztea, eduki bat letrez egoki hariltze gaitasunean datza idazle sena. Letra bakoitza, bere soiltasunean ezer gutxi da, egoki ehunduta, mundu harrigarria sor dezakete hizkiok.

* Gertaera, iritzi edo bizipenak ordenan jartzea da idaztea, nahasmena taxutzea, dakusaguna borobiltzea, edertzea,  ulergarri bihurtzea, … norberarekin borrokan gehienetan.

* Norberarekin aurkitzea da idaztea, eta bakoitzean muga berri bat desagerrarazten digu, nitasun hori argitzea da idaztea.

*  Idatzi denak dira idazlearen barnera bide egite bat. Denbora-pasako liburuek eurek ere barnera bidaia dira. Liburuek egilearen barnea erakusten dute beti, estilo, edukia, forma, … edozein dela ere, baita idazlea mozorrotzen ahalegintzen denean ere.

* Hitz zehatzez, adjektiboz eta aditzez esanahia lekutu eta xedatzea bere-berea izan behar du idazteak, ez errealitatea eraldatu edo goxatzeko, idazlea bera zuritzeko, baizik idazlearen barnea azaleratzeko, bere errealitatea nolabait konpartitzeko, eskaintzeko. Partaidetza da idaztea, norbere altxorra partekatzea. Sarri hitzen, adjektiboen eta aditzen labirintuan korapilatzeak zurruna lehorra eta biluzia egiten du idazkia.

* Iluna argitu, zati dena osatu, urrutikoa etxeko bihurtu omen idaztea, baina kazetariena, ez ote alderantzikoa gehienetan.

* “Drama bat edo nobela bat, esperimentu bat baino ez da”. Idazlan orok du esperimentu kutsua, idazlan orok baitakar berarekin ahalegin berri baten ekarpena. Jolas bat ere bada, nahiz seriotasun osoa ematen zaion. Idazlearen zein irakurlearen aldetik.

* Idaztea ariketa akuiferoa dela irakurri dut. Hainbat interpretazio egin diezaioket esaldiari, baina zer esan nahi du zehazki?.

* Irakurlearentzat zartailu behar du izan literatura, tarteka zartailu gozoa ere. Idazleak bideak ireki behar dizkio irakurleari eta honek osatu behar du idazlearen lana, hori da literaturaren miraria, idazle eta irakurlearen arteko komunikazioaren magia.

* Kontraesanez osatutako jolasa, jolasa balitz, da idaztea, egia baita burua argitzen eta garbitzen duela, baina baita egia da ere  nekatu eta lasaitu, biak, poz eta erneguen artean.

* Ekarpen bihurtzen da idaztea, iragana berreginez edo oraina geroan argituz. Arnasa damaio horrek idazleri. 

 

Zergatia

* Aurka egin ezin diezaioken ahots batek bultzatzen du sarri idazlea, eta gaiak berak eramaten du idazkeraz eta hitzez harago gaiari berari ere gorputz zehatz bat ematera.

* Badira idaztea terapia zaiela diotenak. Amaieran ematen dit nolabaiteko poztasun oihartzuna idatzitakoak, baina zenbat ezin eta amorrazio dauden tartean. Horregatik da misterioa bat idaztea, berezko grina batek du esplikazioa.

* Zergatik idazten du batek?. Ba ote daki sakonean idazleak berak ere!. Bokazioa, berezkoa, sena, ... esan ohi dira. Horrez gain barne barea eta ezinak gainditzeko bizipoza eta adorea dira ezinbestekoak.

* Behartuta idazten dut nik gehienetan, gizarteko konpromisoek hala behartuta, eta horrek gehienetan gogokoa dudana idazteko denbora eta adurra lapurtzen dizkit.

* Nostalgikoek soilik idazten dute. Mozorro ezberdinen arrazoipean, iraunkortasunaren nostalgiaz edo famarenaz gehienak. Mezu bat helaraztea izaten da mozorrorik erabiliena.

* Gaitz sendaezin batek bezala harrapatzen zaitu idatz-grinak, gaixo kronikoa bailitzan, betirako.

Jasanzaila batzuetan, mingarria ere, gozagarria tarteka.  Ofizio soil bezala duenak, idatzi idatziko du, baina ez da idazle izanen

* Badira idazleak idazteari uzten diotenak, eskubide osoarekin, nahiz ahala eta zeresana izan. Ni ez naiz idazlea, agian horregatik jarraitzen dut idazten, eskubide guztiarekin ere.

 

Zertarako

* “Bizitzeko idatzi beharrean, idazteko bizi nintzen”. Sendagaia behar luke izan idazteak, baina gaixotasun bihurtzen da sarri. Amildegira jauzi egitea bezalakoa da idaztea, ez zara lurreratu arte geratuko. Bizitzeko idatzi edo idazteko bizi: zaila da bien arteko oreka, erabat harrapatzen baitzaitu idazteko grinak sarri. Diru, ospe, … irabazi horietatik harago

* “listaria”: urteetan entzun gabeko txikitako hitza,  aurkitu dut Koldoren liburuan. Oroitzapenak eta sentipen galduak esnaraztea da idazlearen zereginetakoa bat.

* Zerbait konpartitzeko, kanporatu beharra duzulako idatzi behar da. Behartuta idatzitako lan bat hitzartua duzulako idaztean harea mugikorretan bezala ari zara, funts gutxiko zereginean. Horrelakoetan ere zure interesgune bat aurkitu behar diozu, zerbait kilikagarria.

* Lanbidea izanen da batzuentzat idaztea, baina lanbidea soilik bada zaila zaio izatea, letrez baliatzen den langile soila izanen da. Desirak ametsak fantasiak sortu eskaini behar ditu, baina baita gogoetak egin eta eginarazi, oroitzapenei lausoa kendu, baita bizitza betetzen lagunarazi ere.

* Artelan oro da antzezlan bat, eta ikuslea berenez soilik sortzeko gai ez den sentipena sortarazi behar dio artelanak. Idazlanak ere, artelana den heinean. Poesia nola ez. Idazlearen ni-a da gutxienekoa, eraginkorra, agian erabakigarria bada ere, irakurleari bere  ni-a  aurkitzen laguntze behar du izan edozein idazlanaren zeregina.

* Boterea dute hitzek, baina ez soilik arantza, muturrekoa edo mehatxua izateko, ukendu eta bizipoza ere izan behar du literaturak.

* “... zurrungak bezain zulatzaileak dira hitzak”. Hitz idatzien funtzioa edo betebeharra uneko uneari zor zaion bete beharra du idazteak, beti zulatzailea, zirrikitu berriak irekitzeko, lasaigarri bareak izateko, ....

* Idazle izan gabe idazten duen idazleari tarteka bururatzen zaio non eta nola bukatuko duten ordenagailuko karpeta guztiek. Zakarrontzi batera joanen dira, borratu eginen dituzte, norbaitek izanen du begiratzeko jakin-minik, …?. Auskalo. Baina ez zaio alferrik idazte hori, entretenitu egiten da, eta segur aski ez luke jakingo beste ezer egiten, eta balizko beste zer hori ere idaztea baino aspergarriagoa eta denbora galtze handiagoa litzaioke.

* Ez dut helbururik idaztean, ez dit ezerk hitzetan ezer  kontatzeko zilegitasunik errebindikatzen, bidaietan idaztea ohitura bat dut, tik bat bezala, besterik ez.

 

Sorkuntza

* “Aineza nik ere haren trebezia, nahi dudana edo nahiko nukeena behar bezala adierazteko ...” dio idazleak, ezina bizi dugunon “aineza”.

* Idaztea gogoko duenak, afizioa zaionak, beti du kontakizun bat idazlan luze baterako.  Hurrengo udazkenerako uzten doana.  Ezer itxurosorik egiteko gai ez dela uste duelako. Edo gehiegi sufritu araziko dioala beldur delako.

* Irakurleak nahiago du imitazio on bat idazle baten lan propio txar bat baino, baina idazleak nahiago du bere baldartasunean jarrai beste bat imitatu edo kopiatu baino. Premiak, presak, ezinak edo beharrak bultzatzen du gehienetan idazlea imitatu edo kopiatzera.

* Krisialdiak ditu idazleak, krisialdia idazten ari den tartean, krisialdiak idazten ari ez den aldietan ere, ... idazten jarraitzeak gainditzen du batzuetan krisia, grina piztu arteko itxaroteak bestetan.

* Lasaigarria da idazle bati irakurtzea irakurtzetik  idaztera dagoen tartea imitazioaren eta inspirazioaren arteko bide bihurri bat dela. Hau da, ez da inor erabat orijinalik, idazle orok edaten du norbaiten iturritik.

* Kreatzailea izan behar du idazleak, mezua iragartzeko forma ezberdinak asmatzeko gai. Irakurlea harrapatzeko tresna egokiaren asmatzailea.

* Miniatura arte lana da idaztea, edo eskultore baten zizel kolpea, edo pintore baten pintzelada, ... Hitzez hitz idazten baita, bakoitzean behar dena aukeratuz, ...  Horrek plazera dakar batzuetan, badaki zaila eta astuna izaten ere, mingarria ere.

 

Idazlea

* Hitzik gabe idatzi nahi luke idazleak. Hitzak barnea azaleratzeko ezintasunaren zedarriak dira, baina idazleak ez dut beste lanabes, bide edo ahalmenik barrena azaleratzeko, nahiz bolaluma edo ordenagailua hartzen duen bakoitzean iruditzen zaion “hitz are zimurragoez” ari dela. Hitza jolas egiten duenean ere.

* “… bizitutakoa kontatu nahi zion xeheki bere buruari”.  Idazleak bere buruari kontatutakoak dira egunkariak ez ezik idazlan gehienak. Norberekin elkarrizketak. Baita inorentzako idatzitakoak ere. Horregatik ematen diogu errepasoa idatzitako orori, norberarentzako idatzitakoei ere..

*  Idazteko, ez da nahiko interneten aztarrika aritzeko gaitasuna. Idazleak beste maila bat eskatzen du.

* Idazleari erne ohi zaio eskuartean darabilen lana uzteko barne ziria, ezinagatik, irteerarik gabeko edo irteera beti berrien labirintuan aurkitzen delako,  bidezidorrik ere aurkitzen ez dion baso trinko batean, bidea urratzea delako idaztea. Izua, antsietatea, presa, erantzukizuna, kritikak zer esango, … idazlearen etsai ohikoak dira.

* Grabagailua edo/eta  ohar-papera aldean behar du eraman idazleak, uneko burutapenok ez galtzeko; baldintza ezegokiak direnez, ondorioz ohi dira narrasenak lerrook, baina abiapuntu..

* Bozkarioz, gustuko dutelako idazten dutenak, eta, estatus edo izen bat lortzeko idazten dutenak: bi mota ezberdineko idazleak dira. Idaztean zerbait gozagarria eta auto-estimua bilatzen dute lehenek, idaztea tranpolin bihurtzen dute bigarrenek.

* Bizi izandakoa idazterakoan birbizitzea ere pizgarria izan daiteke idazlearentzat. Bizipoza da beharrezko den osagaia.

* Den bezalakoa azaldu behar du idazleak, nahiz begirada berri batekin, ikuspegi edo behatoki ezberdin batetik begiratuta.

* Gutxik dute hitz gutitan hainbat barne hutsal deskribatzeko dohaina. Dottoretasun merkeetan geratzen dira gehienak.

* Arau, ohitura, eta erosotasunari jarraitu ordez, izkribuak berak eraman dezan utziaz haratago joatean datza artearen eta artisauaren arteko ezberdintasuna. Artisauaren teknika jakinetara, gramatika, ortografia, esaldi bikiak, …,  moldatu eta mugatzen dena, artisau ona izanen da agian, baina ez artista, maila bat gorakoko urratsik ematen ez badu.

* Edozein artelan da, berez, absurdoarekin eginiko itun bat, artegileak dakusanarekin, amesten duenarekin, utopiarekin, … bere baitan eginiko ituna. Absurdoarekin ituna, artelanak errealitateaz harago joan behar duelako beti.

* Edonon zaudela, inork ez ezagutzea, jendartean aurpegi izengabea izatea, … tarteka gustukoa den anonimatu egoera. Izenpetu gabe idatzi eta jendeak irakurtzea behar litzake idazlearen ametsa. Idazkia bera izanen litzake kilikagarria, ez izenak sortarazten duen jakin-mina.

* Esateak izatea gorpuztu behar du, izanari berrizatea ematea da idazlearen zeregina, fikzioenean ere. Esangaitza esanera ekartzea da idazte artea. Buruan sortutakoari hizkizko gorputzik eman ezina da idazlearen ezintasunetan  mingarriena. Ezin esanak egiten du idazlearen ez-izatea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.