Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak. Zirrituak

Burutapenak. Zirrituak

Jon Etxabe 2016/09/26 13:25
Zirrituak. Burutapenen azken atala da hau. Oraingoz. Basamortu berrietan sartuko naiz norbaiten oasi izateko esperantzaz. Nire baitan murgilari ikusi dut nire burua burutapenotan. Biluzten bezala sentitzen banaiz burutapenok sarean jartzean, erabat biluzik atal hau eskaintzean. Jarriko edo ez egon naiz. Baina hor doa. Lotsa ez da lagun ona.

Zirrituak.

Izaera

* Pertsona gehienek apenas egiten dutela irribarre, irakurri dut. Inbidia diet irribarre erraza dutenei. Barre gutxikoa naiz ni. Ez naiz tristea, baina barre gutxi egiten dut.

* Ez dut balio eguneroko eta betiko gai arruntez hitz egiteko, gai maiztuegiez, alegia, denbora, arropak, …; ez dut jakiten gai eta egia ebindenteei buruz zer esan edo zer gehitu. Ez naiz aspertzen koadrilan besteei gaiotaz entzuteaz, baina nik neuk ez dakit zer esan, hain jakinak baitira aipamen eta gaiok.

* “Hanka puntetan ibili zen bizitza barrena”, niretzat gustatuko litzaidakeen epitafioa litzake hori. Isil eta umil ibiltzea gustatu izan zait, tarteka itsas handiak olatuen hegian jarri banau ere.

* Helburu zehatzak dituzten ekintzak ditut gogoko. Oraingoz eta oraindik. Helbururik gabeko burutapenak  gogaitu eta nekatu egiten naute. Bizitzaren amaieran nago eta helburu zehatzek kilikatzen naute, neure helburuak, alegia. Eskuartean ditudan asmo eta lanei amaiera ematea. Egia da gizarteko helburu zabal orokorrak ez nautela kilikatzen, agian ikusiko ez ditudala dakidalako, eta ia eraginik ez dudalako helburuotan.

* Inori trabarik ez egiteko jaiotakoa  naizela uste dut, baina zenbaitzuei enbarazu egin eta egiten dietelakoan nago.

 

Sentipenak

* Ez diet nik atxikimendurik sentimenduei nire jokabidean; pentsamenduei jarraiki, ezin dut utzi eguneroko gizarte hau aldatzeko lehia.

* Dimisio etengabea behar du izan bizitzak, berritzea, azkeneko hori hobetzeko. Atzera pausoa ematea da arriskua aldaketetan, edo betikoan betirako irautea ez dimititzearen arrazoia. Ez dut nire bizitza dimisio-segida baten historia izan den sentipenik. 

* Neure buruari besterik gabe bizitzen utzi, astialdi baten luxua eskaini, hori da egin nahiko nukeena;  teoriaz ahal dut, baina ezinak zirritu askotatik sartzen zaizkit.

* Ez mamu, ez oroimenik, nire lanetarako denbora lasaia emango lidaken toki batera alde egin nahi nuke, baina toki hori ez da inon.

* Gutxienez 10 leku ezberdinetan bizi izan naiz, bakoitzean luzaro. Ez naiz etorkin sentitu, are gutxiago errari, erroak botatzen saiatu naiz, baina inon txertatu gabe bizi izan naizen sentipena dut, erdizka errotuta denean, azalean ez agian, baina ezta sakon ere.

* Adin handiko asko lotsatu egiten omen dira beren aurpegiez, aurpegiak bizitzari erakusteko eginak direlako. Nik aspaldi dut bestela ere ederra ez zen aurpegi ebakuntzak desitxuratua, piura desatseginagoz eraldatuta. Baina ohitu naiz aurpegi horretara, kalean erabat ahazten naiz beraz, ispiluaren aurrean betiko bikia aurkitzen dut. Eta biki hori ikusten dudan bitartean, bizirik naiz. Hori da garrantzitsua, eta ederrena.

* “bere etxea lurpean duenak, bere zati bat ere urpean du betirako, eta edonon dagoela ere, ur ilunei begira geratzen denean, behean zer altxor klase dagoen asmatzen saiatzen da”, hala dio H. Canok.  Mispillibar gure etxea zegoen tokian, ibaia doa gaur egun, metro asko beherago; ibaia zihoan lekutik autobia dago metro asko gorago. Autobiatik begiratzen diot ibaiari, ez dut nire zati bat, nire haurtzaro osoa, urpean dagoenik sentitzen, baina bai sentitzen dut altxor bat galdu zitzaigula etxea eta etxe-ingurua lapurtu zigutenean.

* Edertasunaren aurrean, edo edertasun jakin baten aurrean bederen, sentitzen den tristezia hori bera zorion bare baten ezaugarria da sarri, barrea eta irria ezinegon barne-minarena den antzera.

 

Bizipenak

* Pentsamolde zaharkitu baten adierazgarri petoa naizen sentipena dut  gazte taldean nagoenean, nire iritziak ematerakoan, dela politika dela edozein mailan, nirea baino jarrera ausartiagoa behar dela alegia.

* Oporretako egunak pasatzen ez diren egunak bezalakoak lirateke egunkaririk eta telebistarik ez bagenu. Txangoaren bukaera errealitatera esnatzea bezalakoa da. Egunsentia eta ilunabarra duten egunak dira oporretakoak, baina denborak beste neurri bat du, mundu honetakoak ez bagina bezala bizi ditugu egunok.

* Ez dut bidezidorren errepasoa eginezko atzera jauzirik egiten, baina bai ibili ohi naiz bidezidorretan aurrera begira, “hau  egingo banu”, baina atzera begirako bidezidorren antzera badakit aurrea begiratuzkook ere ameskeriak direla, baldintzek errealitatera ekarriko nautela.

* "Nik badakit ez naizela arbola bat edo sasi bat edo pauso batzuk gauaren erdian. Baina ezerk ez dit burutik kenduko holako zerbait ere banaizela"  zioen Gandiagak. Halako zirrara bat sortarazi dit pasarteak. Ez dakit zer naizen, baina izadiaren karanbola miragarri bat naizela dakit. Ez naizela naturaren gorpuzkin soil bat, itxuraz hain hutsal eta zaharkitua arren. Naturaren mirari bat naizela dakit.

* “… non iragan urte haietako segundo bakoitza atzo bertan odolaren barrena sartu izan balitzait bezala sentitzen baitut, bizi-bizi eta suhar” irakurri diot Stefan Zweigi. . Baditut oraindik barne barnetik astintzen nauten aspaldiko bizipenak.

* Une txarrak gainditzeko gai izan naizen oroimenak dakarkidan “hau ere gaindituko diat” bizipenak funtzionatzen dit egoera zailetan. Tarteka “hau ere pasako dek” pentsamendua  izan ohi da esperientziak ematen didan ziurtasuna eta eramankortasuna.

* Kontatzeko gehiago daukagulako hartzen omen dugu urte gehiago. Hala balitz ehun urte beharko nuke hartu: ez dakit zer kontatu askorik dudan, baina kontatu nahi nituzkeen gauza asko bai. Ez dira gauza garrantzitsuak berez, baina niretzat bai, nire bizitza direlako.

 

Bakardadea

* “erlojuz ahaztuta / egon geldi geldotan / galduta!", Gandiagak. Amets zaidan egoera, lortzen ez dudan zoriona.

* Mundu berririk ez dut asmatzen, baina nire inguru zalapartatsuan txoko isil bat sortzen saiatzen naiz. Zorionik ez dut lortzen agian, baina ezinbestekoa dut irauteko.

* “.. ireki gabeko botila baino isilago …”: halako zirrara eragin dik Rafaren esaldiak, ez dakit zergatik. Irakurketaren eta barne egoeren misterioa.

* Mutuak ez, baina solaskide isilak ditut atseginen, hurren sentitzen ditudanak.

* Inondik ere ez nau izutzen bakardadeak. Bakardadea ezin aurkitzea dut arazo, batez ere barne bakardadea, ni neu ez beste denak eta dena tarte baterako bederen kanpoan ustea, alegia.

 

Oroitzapenak

* Ez dakit non duen habia oroiminak, baina hor sentitzen dut nonbaiten.

* Tortura egunen ondorioz, oraindik, tarteka, norbait atzean nabaritzean, kokotekoa noiz hartuko sentipena berritzen zait.

* Badira nire bizitzan denboraren zoko hutsak izan zirenak, bizitzako zulo beltzak, oroitzapenik ekartzen ez didaten uneak, edo ahanzturan betirako galduak nahi nituzkeen oroipenak dituzten egun edo orduak.

*  Eliza hutsik zegoenean gustatzen omen zitzaiola Pergolesi entseatzea irakurri dut. Seminariotik gero ez dut  gogoratzen Pergoleserekin topo egin dudanik. Bitxia, gozagarria ere egin zait, enkontru hau, seminarioko antzinako garaiak oroimenean harrotuz.

 

Harremanak

* Gauzak borondatez egiten direnean ez dago “mesedez” esan beharrik. Tristea da “mesedez” hori.  Ez dut gustuko inork “mesedez” niri esatea eta ez dut ohikoa neuk ere inori “mesedez” esatea. Gogoz egiten didatela uste dudalako eta gogoz egiten dietelako. Behartuta zerbait eskatzen dudanean, edo ustekabean zerbait eskaintzen didatenean esaten dut “mesedez” soilik. “mesedez” horrek bestearekiko mesfidantza erakusten du. Obligazioz egin behar denari ez zaio “mesedez”ik zor. Borondatez egiten denari ere ez.

* Ohitura txarra da erantzunari itxaron gabe galdera bat bestearen atzean egitekoa. Niri eraman gaitza zait galdera edo aipamenei galdera batekin erantzutea, ezinezkoa bihurtzen dit elkarrizketa, eramangaitza zaidan bezala bikotearen tartekako beharrezko isiluneak etenez, bururatu oro esan beharra. Are gehiago erantzunik ez duenean edo merezi ez duenean.

* Egia da eguzkitakoek begirada lapurtzen dutela, eta begiradarik gabeko pertsona arimarik gabeko mintzakide bihurtzen da. Ia ezinezkoa zait elkarrizketa ganorazkoa betaurreko ilundunarekin.

* Ez naiz jai zale, ez naiz jendarte zale,  nire egunerokoan naiz gustura, edo egunerokoa lagunarte xumean etetean.

 

Idaztea

* Zer egingo nukeen nik idatziko ez banu galdetzen diot nire buruari. Agian egon hutsean egon, agian egoera lasaiago, zoriontsuago eta emankorragoa da egon hori. Agian. Baina ez naiz idaztearen damu, ordu asko lapurtzen badizkit ere.

 

Heriotza

* Noizbait pasatzen zait burutik suizidioa, batez ere adineko ezinduak ikusten ditudanean.

* Hiltzea ez da, askotan behintzat,  gauza txiki bat, “zeru zuri baten pean zelai elurtuetan paseatzea” bezalakoa. Trabarik egin gabe, geldi-geldi, isilean, arnasa hartzea bezain natural arnasa hartzeari uztea, horrelakoa  nahi nuke nik nire heriotza.

* “Zeren eta batzuetan, heriotzari ihes egitea heriotza handiago batean sartzea izan baitaiteke”. Bizirik irautearren natura bortxatzen denean, heriotzari ihes egitea alegia, heriotza handiagoan sartzea da. Zuhurragoa da garaiz alde egitea, bizirik hilda iraun baino.

 

Zertzeladak

* Arazoak sortu ahala gainditu beharrak asko erakusten digu, hori da bizitzako eskolarik eragileena. Arazoak gaindituz, gehienetan erneguz eta desesperazioz,  ikasi dut ordenagailuaz dakidana.

* “Bizitza pasatu baitut noraez noraezean”. Nora zehatzean pasatu dut beti bizitza, nire kezka da merezi izan ote duten nire nora ziurrok, noraez noraezkoa izanen ez ote zen hobe, bilatze lana aberatsagoa izanen ez ote zen, aberasgarriagoa. Egia ere da bidegurutze erabakigarri askotan aurkitu naizela.

* Ze argi ikusten diren gauzarik zailenak ere lorik ezineko orduetan. Baina ezinezkoa da gaueko gogoetok gogora ekartzea goizeko esnatzean. Oharrak hartu badituzu ere, bere distira hura galduta aurkitzen dituzu goizez irakurtzean.

 

etiketak: Zirrituak, Burutapenak
Serafin
Serafin dio:
2016/09/27 12:56
Berba gutxittan esanda zoragarrixak, sakonak eta samurrak hire burutapenok. Eskerrik asko Jon.
alfredo lizarralde  arana
alfredo lizarralde arana dio:
2017/12/27 23:28
ion ari nauk poliki poliki irakurtzen atzegin aundiz gainera
jarraituko diat
besarkada bat
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.