Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak. Politika

Burutapenak. Politika

Jon Etxabe 2016/09/23 10:10
Politika. Harritu nau zein ezkorrak diren politikariei eta politikari buruzko nire iritziok ikusteak. Posible litzake teoria, mezu, juzku eta balorazio baikor eta baikorrak eskaintzea. Baina errealitatea tematia da, eta uste dut nire iritziok iritzi publikotik, herriaren pentsaeratik, oso hurbil daudela. Politikagintza eta politikarien jarduera zintzo batek soilik aldatuko du iritzi hori. Ez hitzen parafernaliak.

Politika.

Zer den

* Otzanen  eta itzalen fabrika dira erlijioa eta politika, krisirik ez duten fabrikak biak.

* “Liburuak beti dira jende txikiari egindako begirada”. Edo izan beharko lukete... eta hori da atera dudan mezua. Ezer esateko aukera duenari eman behar  zaiola hitza, Politikak, baina,  erabat alderantzizko estrategia du. Hitzaren monopolioa du eta interesen arabera banatzen ditu hitzaz baliatzeko aukerak.

* “Kimika ez den guztia da politika, lagunok” zioen pertsonaia batek: kimika bera ere politika da gaur egun, agian beti izan da.

* Dominatzen zaituen oro da droga, gogokoa ez duzunean ere. Dominatzaile izan nahi duten menperatuen droga da politika.

* “Ados ez dagoena, fisikoki edo hitzez, edo…,  egurtzean datza gaur egun joko politikoa”.

* "Politikia txaria dok" esan ohi zien baserritar batek Eibarko sozialistei.          Irudi egokia txararena: hertsia, nahasia, bere kasakoa, biderik gabea, denetik dagoena, ... Hobe ez bertan sartu. Altuenez animaliak moldatzen diren esparrua da.

 

Demokrazia omen

* Gure kulturan bildu eta gotortzen garen heinean izanen gara demokratak, beste kulturak aberastuz eta besteen kulturaz gurea onduz.

* Denok egiten gaitu ustel sofistikatua dirudien demokrazia honek, eta apaingarriz itxuraldatutako ustelkeriaz elikatzen gaitu.

* “… ofizial batek maitatua izan behar du bere aginte moduagatik -bidezkoagoa, eraginkorragoa, hobea- eta ez bere pertsonaren ezaugarriengatik”, Andre Malraux. Hitzez hitz aplikatu daiteke edozein buruzagi politikoari, herrian ardura ñimiñoena duen militanteari ere.

* Helburu politikoa da gakoa gaurko politikagintzan, aulkiak alajaina,  inondik ere ez etika eta justizia, ezta herriaren onbidea ere.

* Estilo hanpatuak gezurra agerian uzten dietela ohartu ez diren   jauregietako idazlariak besterik ez dira gaur egungo politikoak.

* Botereaz aparteko aktibitateek gune eta denbora berriak sortzen dituzte, fisiko eta birtualak, ohiko araudi eta egunkariez harago. Horregatik ez dio herriari politika egiten utzi nahi botereak.

* Herria ez da jabetzen zein maltzurrak diren gaur egun tratuak sistema sendotzeko, azpiegitura, obra publikoak, polizia, …: iraupena du beti gogoan sistemak.

* Bizitza garrantzitsuagoa eta premiazkoagoa izan behar luke hartzen dituen formak baino.  Baina formek eragin handia dute. Formak aldatuz, azkenez bizitza eta pentsaera bera ere aldatu egiten da. Hori da politiko askoren, baita herri eta gizakiaren arriskua, bizimailak, bizitzeko erak edo baldintzek,  pentsaera bera ere aldatu egiten dute, eta, ondorioz,  jokabidea bera.

* Ezin uka ikarak gizagabetu egiten gaituela, doilortzen ere. Ikaratuta daudenean egiten dituzte politikoek ere astakeria nabarmenenak.

* Beharrak ohekide bitxiak egiten omen; Euskal Herriko politikagintzari begiratzea besterik ez dago nolako ohekide aldaketak egiten diren.

* Jende txikia ez da jabetzen bera dela jende potoloa. Eta politikoek ustez arazo potoloekin edo polit txikiekin lokarrarazten ditu, txikion ustezko arazo ustez txiki potoloez ez jabetzeko

* Aginteduna, jendez inguratuena, beti bakarti.

* Solemnekeriez mozorrotzen dituzte gehienetan ahuleziak politikoek eta ahaldun nahiz txikiek.

* Funtzionario postuak edo enpresa bateko lan irrikatsuak betetzen dituzte pertsona jantziek, baina agindu boterea eta aberastasuna dutenek agintzen dute. Jakintza ere interesak defendatzeko tresna besterik ez da. Kultura beste zerbaitetarako beharko litzake izan, eta agindu gaitasuna dutenak beharko lukete agindu, herriaren benetako ordezkariek.

* Banpiroa da Estatua, odola xurgatzen dio herriari, bizirauteko adina soilik utziz, xurgatzen jarrai ahal izateko.

* “Izan ere, gobernatzen dutenak zentzuz jardutera kondenaturik daude, eta, grinak bultzaturik edo aurkariak beharturik, arrazoizko jardueren mugak zeharkatzen badituzte, bide irristakorrean behera abiatzen dira eta bere erorikoaren hasiera seinalatzen dute” Ivo Andritx.  Hala izanik ere, hurrengo gobernariek joera berdina hartuko dute eta ziklo berdin berri bat hasiko da, zapalduak beti zapalduta jarraiki.

* Gizarteak baditu idatzi gabeko arauak, idatzitakoek baino eragileagoak, ezarri gabe errotuenak.

* Erabaki guztien eremua ez ote mikrokosmos bat, esparru ekonomiko politiko eta sozial zabalenean ere.

* Eskekoak darraite Espainian, Victor Hugoren garaiko, 1843 urteko zigiluz ez bada ere. Gobernua litzake eskale nagusia hemen. Agian lapurra deitu beharko genioke.

* Giza ahulezien arteko ahuleziarik tamalgarriena eta tragikoena gauzak aurrez ikusteko duen erabateko ezintasuna dela dio pertsonaia batek. Zenbaitzuk, dirutzen jabe edo kudeatzaile eta haien morroiek, politikoek batez ere, oso aurrez ikusten dituztelako ondorioak eramaten dute gizartea galbidera. 

 

Politikoak

* Politikoek, batez ere, galdu ohi dute ez bakarrik errealitatearekiko berezko harremana, errealitatearekin harremanetarako gaitasuna ere: beraien burbuilan bizi dira, nahiz herria beti ahotan.

* Politikoen iruzur eta itxuren azpiko zaborrak agerian geratu ohi dira, baina, bere munduan isolatuta, ez zaie askorik axola. Berdina gertatzen zaio gizaki askori. Zenbait ustez isilpeko iruzur  agerira ateratzen dira, eta aldi berean politikoak ere.

*  Moraltasuna ukatzen diguten horiek, ez dira jabetu, edo ez dute jabetu nahi, beraiek bihurtzen direla inmoral, pertsona izateari uzten diotela. Erabakitze eskubidea ukatzen digutenak inmoralak dira, pertsona izateari utzi diotenak.

* Bakardade sentipen ikaragarria ematen dute politikoek. Jendez inguratuta beti, leku publikoetan, medio guztietan,  baina bakardade izugarria erakusten dute, bakoitza bere interes propioari begira, bere etorkizunaz edo bere lorpenez kezkatuta.

* Nazkagarriagoak dira zenbait politikari hasi berriak, kirats berri ezezaguna delako beraiena, zaharrena aldiz kirats ezaguna denez ez du hainbesterainoko  narda, ohituta gauzkate.

* Bakana izanen da pertsona ona den politikoa; politikariak ez dira ofizio onekoak.

* Ez da inor hil ez duen gerrarik; politikoak dira gerren sortzaileak, beraz hiltzaile nagusiak.

* Egingo dela esan ondoren, esandakoa betetzen ez dutena da politikoen kasta. Politikoak dira hitza jatearen paradigma garbiena.

* Denbora hartzeak, distantziatik begiratzeak, bakardadea dakarkiola politikoari?, teoriaz egia borobila izanik, bere betikoan tematzeko politikoen aitzakia erabilienetarikoa da hori dena. Zintzotasunak dakar gaurko gizartean bakardadea. Eta politiko zintzoak bakanak dira gaur, inor balego, politika itsasorik kutsatuena baita gaur egun, eta kutsatu gabe bertan igeri egitea ezinezkoa da.

 

Boterea

* Burokrazia izaera eta jarrera ezinbestekoa bihurtu da gaur egun: herrialde guztietan, gobernu guztietan eta politikagintza guztietan ez ezik, elkarte eta talde gehienetan ere: politika ofizialek eragin dute gehienetan, dena irentsi baitu politikak mila amarrurekin, arau ekonomiko eta legeez gehienetan.

* Udaletxeko besaulkitik ez dela sekula iraultzarik egin irakurri dut. Parlamentu eta legebiltzarrak ez dira aldaketa sakonerako lubaki, dagoenari eusteko baizik, edo dagoena gotortzeko.

* Ez dago harremanik gabeko botererik. Baina erabakiek beti urruntzen dute aginteduna  agindupekoengandik.  Aginteduna, jendez inguratuena arren, beti bakarti.

* Agintedunaren azpian, boteretsuena dela ere, bestelako agintea dago, indar faktikoek osaturiko boterea, mozorro ezberdinez itxuraldatuta; agintari izendatua txotxongiloa besterik ez da.

* Sasi boterea da Espainiako Estatuaren boterea, agian gaur egungo Estatu gehienena edo denena; inolako enkantu eta inteligentziarik gabe, soka latz lodiarekin itotzen du, ez darabil zetazko laxorik disimulurako; bortxaz anker eta zakar aritzen da beti etsaiarekin ez ezik, herritar xumearekin ere, eta.  .

* Demokrazia honetan, besteen gainetik egotean datza boterea. Jarraitzaileei limosna bezala onurak lortzea du helburu iruzurtia. Eskaleak dira herritarrak boteredunentzat.

* Botereak, arduradunenak ere, txikienak eta edozein esparrutan, sakralizatu egiten du bere agintzetxoa, zerbitzua behar zuena inposaketa eta agintea bihurtuz. Malgua ez den agintea, tirania bihurtzen da.

* Itsutu egiten du botereak botereduna. Bortxaz sinestarazi nahi dio herriari, baina herriak jada ez du bortxaz ezarritakoa sinesten.

 

Egia gezur

* Gezur bihurtu gabe, egia erdizka janztea batez ere politiko hasi berriek darabilten  zientzia da, gezur borobilak egiaren doinu jatorrenaz botatzen doktoratzen diren arte.

* 36ko Gerraren/ko iragana  garbitu/zurituz dabilenak interpretazio berri bat asmatu ohi du, egiatik ahalik urrunen gehienetan, inozoak edo ezjakinak engainatu asmoz.

* Politikoen ekitaldi oro da manipulatua, beraien hitz oro da manipulatzailea, nola herritarren pentsura etekin politikoa atera.

* Sudurrari helduta bizi diren pailazoak dira politikoak. Denek dakite gezurretan ari direla. Horregatik zapuzten dute herritarren sinesmena.

* Zikina eta ustela da politika, horregatik kirasten du gizarte osoa.

* Politikoekin gertatzen zaigu ez diegula inongo jaramonik egiten, behartzen ez bagaituzte,   diotena eurek ere sinesten ez dutelako, edo eurek ere diotena gezurra edo erdi-egia  dela dakitela dakigulako.

* Politikoek, egoera adina mozorro. Horregatik ezartzen dute kolore guztietako larderia.

* Edozein dela bere ardura, buruzagi orok eman behar luke uneoro eta beti bera lanaren azalpen zehatza herriari. Azalpenik ez ematea da politikoen kultura.

 

Hizkuntza

* Politikoek badute hiztegi propio berezia, gezurra zurituz herria hitz jokoz engainatzeko, lotsagarria litzakeena estaltzeko, ebidentziak ezkutatzeko, azkenez pertsonak eta herriak tratu-gai erabiltzeko. Politikoen dialektika herria engainatzeko.

* Politikari buruzagiak egia gezur bihurtzen daki. Politikari arruntak egiaren ukoa zuritzen daki. Egiaz urduri jartzen da oraindik politikari neofitoa.

* Komikoek ez dute erabiltzen orojakitun edo inposatzaileen lengoaiarik, baina bere hitz eta forma itxuraz arinetan errealitatearen ikuspuntu eta kritika sakona erakusten dute gehienetan. Katedratiko eta pentsalari serioenak dira komikoak.  Benetako komikoen esku utzi beharko genuke politika, (barre apur bat egingo genuke gutxienez), ez komiko bihurtu diren politikoen esku (negar besterik ez digute eragiten euren barregarrikeriekin).

* Hainbeste jende eta hainbeste unetan babesten gara hitz-hormen atzean, bestea kanpoan utziz, sarrera galaraziz. Politikoak dira  horretan nagusienak, polizia-hormez harago, hitz-hormen atzean babesten dira, gehienetan labirintoa osatuz hitz-hormokin.

 

Bortxa

* “Ikarak gizagabetu egiten gaitu. Ikarak doilortzen gaitu”. Ikaratuta daudenean egin ohi dituzte politikoek gizagabekeria eta doilorkeria nabarmenenak. Indartsuenek ere bere botere hori ez galtzeko hasten dituzte gerrak.

* Erraza da besteen sufrimenduaren gainean barre egitea. Erraza da ere besteen ezinak baliatzea norbera mardultzeko. Batez ere politikan eta ekonomian.

* Erasoa dela esan ohi dute defentsarik onena, besteren akatsak eta arazoak azaleratzea izan ohi da norberarenak estaltzeko amarru eraginkorra. Politikan batez ere.

* Politika beti da borroka armatua, politikoek, botereak, beti du bere talde armatua, orokorrean armatua, eta hur gainera, korps guardia bezala, Miramamolinek antzo, polizia, Guardia Zibila eta Polizia Nazionala Espainian, Ertzaintza Euskal Herrian. Politika zapaltzailea denean, zapaltzaileak berak bihurtzen du, sarri intentzioz, herri politika borroka armatu.

* Duintasuna lapurtzea da torturaren zeregin eta lorpen nagusia, kartzelarena ere. Politikarena ere. Honek baina, bakoitzarena ez ezik herri osoaren duintasuna lapurtu nahi du, menpean edukitzeko.

 

Herria

*  “Deabruarekin itsasoratzen bahaiz berarekin egin beharko duk bidaia” Sarrionandiak. Bidaia etsaiarekin hasteko arriskua dira hauteskundeak.

* Ezinbestekoa da buruzagientzat herriaren eta herritarren beroa eta babesa, baina bozak ez dira inola herriaren babesa, politikoek besterik badiote ere.

* Itxaroten eta beldurrez egoten baizik ez dakien jendea nahi du politikoak,   automatak bezala arituko direnak gogoetan, lanean, hizketan eta mugimenduetan. Horrelako herritarrak nahi dituzte politikoek, eta horretan saiatzen dira, lo eta esanera mantentzen.

* Ekintzen ordez hitzak, hori izan da politikoen jite ia betiko eta denena herriarekiko jardunean. Herriarenak ez diren beste interes batzuen onerako baliabide eta trena bat besterik ez da herria politikoentzat.

* Uler dezakeena eta elezahar bilaka daitekeena baizik ez du akorduan gordetzen eta kontatzen herriak. Gainerakoa arrasto sakonik utzi gabe igarotzen da haren ondotik, naturaren fenomeno anonimoen axolagabetasun mutuarekin, haren irudimena ukitu gabe eta haren oroimenean itsatsi gabe·. Gauza handi ustez ospetsuak egiten ahalegintzen gara, batez ere politiko eta nolabaiteko edo nonbaiten botere zerbait dutenak. Baina herriak berehala ahazten ditu ekintzok, nahiz monumentu eta eskulturetan betikortzen ahalegintzen diren. Politiko eta antzerako enparau horiek ahalegintzen dira elkar goraipatzen, lortzen dute herria ospakizun horietara eramaten ere, baina herri horrek berak ahazten ditu berehala.

* Gizakia ezin daiteke bizi gizakirik gabe, politikariak ezin beharko lukete bizi herririk gabe, ezinbestekoa beharko litzaieke izan herriaren eta herritarren beroa eta babesa, baina herria politikoengandik urrun bizi da, dibortziatuta.  Bozak ez dira inola ere  herriaren babesa, politikoek besterik badiote ere.

* Kalean dabilen zenbait ez ote auskalo ze katez preso. Etxean, kartzelan ere sarri, dagoena  da akaso libreena.

* Politikoak ez du aurrean duen herritarra ikusten, begiratzen dionean ere, herritarra ez den interesgune bat du beti ikusmin.

* Agintari-buruzagien  eta laborari-langileen arteko lubakia beti da sakon zabala. Ez dago batzuengandik besteenganako zubirik. Bi eremu erabat ezberdinak dira, oparoa da batzuena, gabeziazkoa besteena, batzuen apurrak besteen janari.   

etiketak: Politika, Burutapenak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.