Burutapenak-Oroitzapenak
Oroitzapenak
Eguraldia
* “Bisutza”, “lantxurda”. Barneko zerbait ukitu dit txikitan erabiltzen genituen hitzok nobela batetan aurkitzeak.
Animaliak
* Txakurra, eskaleen berezko etsaia omen; txakurrek zaindutako esparrura hurreratzen den edozeinena. Umetatik ezagutzen dut giro hori, baserri bakoitzak baitzuen bere txakurra, gehienetan zitala, errekadu batetara joanda txakurra beti zen etsai.
* Azeria harrapatzen zuenari, artzain bakoitzak hainbesteko bat ordaintzen zion Goizuetan. Marin, nire lehenengo parrokian, etxerik etxe ibiltzen ziren umeak azeri harrapatutakoarekin: artzain garaiko oihartzuna. Ez zegoen honenbesteko zehatzik ordaindu beharrik, borondatea baizik. Gogoan dut haga baten hanketatik lotuta zintzilik erabili zuten bizirik harrapatutako azeria: animalia haren begi izutuak gogoan eta nire begietan dituk oraindik.
* Miracle-Solsona ondoko Miracleko parajetik ezagutzen dut azkonarra eta bere erabilpenak, Juan nekazariak erabiltzen zituen, legez kanpo arren, erbiak zuloetatik ateratzeko.
Jantziak
* “Petrina”, Marin, eta Eskoriatza aldean erabiltzen zen hitz hau, ez dut beste inon entzun gero, gaur irakurri dudan arte.
Erremintak
* “Labanaren gainera listu pixka bat bota eta petrilaren kontra igurzten zuten behin eta berriz, ganibetaren ahoa egunkari-orria baino finago eta zorrotzago utzi arte”, Uxue Alberdik. Labana zuenak egiten zuen hori txikiak ginenean, Etxean harriko, -harraskako-, ertzean ere horrela zorrozten genituen sukaldeko aiztoak. Abrikotaren (ez dut gogoan nola deitzen genion: okarana?) hezurra igurzten genuen txikitan petrilaren kontra eskolara bidean, zulatu, barneko hazia atera eta “txifloa” egiteko.
Sua
* Saturraranen apaizgai, su berria sortzen genuen Larunbat Santuko elizkizunean bedeinkatzeko. Sukarria eta burdina zatia erabiltzen genuen. Ez zen zaila.
Kontzentrazio eremuak
* Terecin aipatzen du Felipe Juaristik “Airezko emakumeak” eleberrian. Oso gutxik aipatzen dute, ez da inola ere ezaguna Mendebaldean Terencin kontzentrazio eremua. Agian ez dituelako Ausbichek -eta pelikulek- markatzen dituen kanon fisikoak: barrakoiak, alanbradak, barrakoi arteko esparruak, ... Sekulakoa izan zitzaigun bertako esperientzia. Bohemia-Txekian kokatua. Hiritik kanpo gotorleku erraldoia, Fuertea, kontzentrazio eremu bihurtu zuten eta hala erakusten da gaur egun. Baina batez ere Terezin hiria izan zitzaigun zirraragarri: hiri gotortua, bost puntako izar erraldoiaren itxura duen harresi sekulakoen gainean. Harri argiko etxe dotore klasikoz eginiko handikien hiria, dotorea. Elkar gurutzatuzko kale artezeko hiria. Hiri hori osoki bihurtu zuten kontzentrazio eremu. Han dago harrizko etxea, non berezituta eta gurasoengandik isolatuta izan zituzten umeak, amei kendutako umeak, umeen kontzentrazio esparrua. Ertz batetan iraun dute labak, hilerria, ... Judutarren erromes-leku garrantzitsua da, turista begiluzeak ikusi ditugu hainbat eremutan, Terecinera erromes doaz judutarrak; hilerrira doazen judutarren joan-etorria etengabekoa da, gu izan ginen egunean bederen, astegun soil bat izanik ere. Kontzentrazio eremuen artean, Terezinek utzi dit bizipen kitzikagarriena, Terezinek utzi zigun kizkurtuen bihotza. Eta hainbat kontzentrazio eremu ikusi ditugu jadanik!. Kontzentrazio eremuen iruditik at dagoen errealitate izugarria da Terecin.
Eskertu diot Felipe Juaristiri bere kontakizuna, nire gogorapenak osatu dizkit, nahiz istorio lazgarriz.
Zamora
* “Kontuz ibili, “sentitzen dut” esan behar horrekin”. “Sentitzen dut” zen debeku eta zigor oro zekarrenean kartzelariek erabiltzen zuten esaldia. Sekula santan ez nuela erabiliko agindu nion neure buruari, -oraindik ahalegintzen naiz betetzen-, esaldi gezurtiena baita, dionaren ahulezia, eta zerbait edo norbaitenganako mendekotasuna estaltzen duena ere.
* “Koilara bat eskuan ari denak lurra du tresna nagusia”, K.Izagirrek. Zenbat buruhauste Zamorako tunelgintzan.
Euskara
* Ia berrogei urtera arte izan nintzen erdi analfabeto, garai horretan aurkitu nuen “a” atzizkia artikulua zela!.
* “Zorte on!”, esaldi ohikoa, gutxitan sentitzen duguna, benetako sentimendua denean beste komunikazio ahalegina egiten dugu.
Bizipenak
* “Ez dut sekula tangorik dantzatu” dio A. Serranok. Leningradon dantzatu behar izan nuen nik, jende pilaren aurrean, dantzari profesionalekin batera, erabat lotsak jota. Lehenengoz eta azkenez. .