Burutapenak Kultura
Kultura
* Liburua da hausnarketa ituri nagusia askorentzat, liburukoak berririk erakargarrienak ere irakur zalearentzat. Irakurlearen zereginik nagusiena askotan, desiratuena behintzat. Liburuen edo irakurtzearen esklabo bihurtzea da arriskua.
* Irakurtzeak ez du esan nahi bizitzaz alfabetatuta zaudenik. Kultura orokorrean ere ez, agian.
* Agian adin batez gero, urteek agortuta-edo, ez dago barne bizitzarako egarriarentzat lekurik.
* Txikitero amorratuak gara euskaldunak. Txikiteo kultura dugu. Geurea omen.
* Bakarren bat izan ezik, ia ez dut ikusi atzerritarrik liburu edo egunkaririk irakurtzen jubilatuon bidaia merkeetan. Letra idatzia ez da nonbait pobreentzako kultura iturri. Kultura egarririk ere ote duten galdetu behar. Edo, "zer da kultura?", da egin behar dugun galdera.
* Aberatsak ez dakit, ez bainaiz beraien opor-lekuetan egon, pobreok ez dugu libururik oporretara ekartzen. Ez dugu irakurtzeko grinarik, edo ez dugu barne premiarik. Hori da pobreoi eman diguten hezkuntzaren ondorioa. Lanerako hezi gaituzte, ez kulturadunak izateko. Lanaren kultura da erakutsi digutena. Eta demagogia badirudi ere, errealitatea hori da. Erakusketetan ere ez dut bertakoen baino kanpotar kopuru gehiago ikusten. Kultura gunetan, kanpotarrek ez dute bertakoen baino jakin maila handiagoa erakusten. Dirurik ezak bezainbat, kulturarik ezak berdintzen gaitu pobreok. Edo okerrago dena, kultura egarririk ezak.
* Pobreen kultura lan mundura biltzen dela, lege unibertsala da.
* Garagardo kankarroaren aurrean, a ze nolako egonaldi eta ekitaldiak egiten dituzten atzerritarrek Mediterraneoan. Ez dakit zaletasunez ala merke zaielako. Garagardoaren kultura da beraiena. Itxuraz.
* Dutxa-gailuak mangera zulatua du, muturrera ordurako ura alboetara zabalduz. Konpondu gabeko aberiak ere herri baten kulturaren ezaugarri.