Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak Kartzela

Burutapenak Kartzela

Jon Etxabe 2016/09/09 11:37
Kartzela I Bi ataletan joanen dira kartzelari buruzko burutapenok I. Liburu ezberdinen irakurketan idatzitakoak, II. Xabier Amurizaren liburu batek sortarazitakoak eta Ibargurenen poemek eragindakoak.

Kartzela I

 

Zer den

* Labirintoa  da espetxea.  Persona beraren barne  labirinto bihurtzean datza arrisku nagusia.

* Kartzelak usainak hiltzen omen ditu, beraiekin akabatzen, baina baita usain berriak esnatu ere. Mila xehetasunek harrotzen digu presoen oroimena, beraien usaina.

* Presarik ez da kartzeletan, baina ez da denbora joan leuna, ez da denbora lasaigarria, urduritasuna da nagusi, zernahi gerta daitekeelako edozein unetan; kondena luzeena duenak ere kanporako urduritasun eta irrika bizi du.

* Gizartearentzat izurri eraginkor eta birus kaltegarrienaz kutsatutako mota guztietako jabe eta jauntxoak babesteko bakarguneak dira kartzelak;  boteretsuok erabaki ahal izateko monopolioa eta estatusa baldintzatu dezaken oro baztertzeko.

* “irla jendetsuak, eta, hala ere, bakarmortuak”, dira kartzelak,  besteen erabakitze ahalmena kontrolatzeko tresna.

* “Dena da faltsutua kartzelan. Kartzela gezurraren mundu erreala da. Gizonak baino asma ez dezakeen izugarrikeria”, Mikel Antzak. Bego horrela hausnarketa, hori da-eta kartzela.

* Kartzela presoa animalia bihurtzeko makina handi bat besterik ez da. Horren kontra borrokatzea da presoaren helburu nagusia, kartzelan bizirik irautea. Zut diraute euskal preso politikoak eta horregatik diraute bizirik.

* “Labirintoa  da espetxea, labirinto bizia esango nuke, formaz aldatzen ere badakielako irteera zailagotzeko; Herioaren labirintoa ...”. Baina preso gehienak bizirik ateratzen dira, barne indarrari esker.

 

Helburua

* Egunen batean, norbaitek aztertu, sakondu eta argitaratuko ditu demokrazia  garai honetan egin diren esperimentuak Espainiako kartzeletan. Baita biziraupenerako baldintza eta amarru psikologikoak ere.

* Inolako murrizketarik gabe, erabat bukatu arte, luzatu eginen dietela kondena, gaztetasuna bertan galduko dutela, ... hori da, gaur egun Madrileko gobernuek, edozein motakoa dela ere, euskal preso politikoei esaten diena, bere morala eta bizinahia zapuztu asmoz.

* Pertsonak suntsitzea da kartzelaren ia helburu bakarra. Hezi, otzantzea, nortasunaz biluztea. Hitz politez zuritzen badute ere.  Lortzen ez duenean, kondena luzatzen die.

* Pertsonak deuseztatzea da, beti izan da, kartzela politikaren helburu nagusia.

 

Presoa

*  Kartzeletan dira gaur egun mendi tontorrera bidean eroritako gudariak.

* Bereziak dira preso politikoak Estatuarentzako. Sozialei baino askoz beldur gehiago diete. Euskal preso politikoak, euskaldunak eta presoak direlako, preso sozialek eurek baino jazarpen makurragoa jasan behar dute.

* Egia da zigortzailea zigortua bihurtzen duela kartzelak; erasotzailea biktima; baina hori horrela izanik ere, presoa da zigorra sufritzen duen biktima.

* Barne askatasuna da presoa gailen bihurtu dezakeen aukera bakarra.

 

Ahala

* Muturreko egoera da kartzela, beraz, edozein dela kanpoko babesa nahiz barrukoen kidetasuna, zuk zeure bakardadean egin behar diozu aurre errealitateari: hori da biluzik geratzea, eta horrek erakusten dizu zeure balioen norainokoa, zeure izatearen egia, zeure eta besteen aurrean.

* “... sufritzen diren nahigabe eta oinazeak ez dira gure sentsibilitatean osorik batzen, baizik eta, perspektiba lege zehatz baten arabera, txikienak handienen atzean ezkutatzen”, Primo Levik. Zerbait horrelako trikimailu psikologikoetan babestuz iraun dute euskal preso politikoek ere.  Perspektiba orokor zehatza dute, non nolabait barne nukleoan labain egiten duten sufriarazten dieten nahigabe eta oinazeak.

* “Txundigarria da gizakiak duen ahalmena, are etsigarriak diruditen baldintzetan ere, aterpe bat hondeatzeko, oskol bat jariatzeko, babes hesi bat hauskor bat eraikitzeko” dio Primo Levik: euskal preso politikoak ahalmen horren lekuko.

 

 

Estatua

* Egia da presondegian boterea ez dela mozorrotzen; tiraniaz agertzen dela xehetasun txikienetan ere, baina egoera askotako ezaugarria da hori, askori gertatzen zaiona, edozein dela ere, uniforme bat janzterakoan.

*  Garaitu sentipena sortarazi nahi die Madrileko Gobernuak euskal preso politikoei; hauek izan daitezke borroka edo bataila zehatz batetan galtzaile, baina ez dira garaituak. Preso bakoitza ateratzen denean, gaixotasun larri batek hala behartuta ere, estatua bera da garaitua. Galtzailea eta garaitua ez dira sinonimoak.

* Euskal preso babesgabeenganako mendekua da Espainiaren ohorea.

* Beraien ekintzak justifikatzera, barka eskatzera, behartu nahi ditu Gobernuak presoak, horrela porrot sentipena sorraraziko dielakoan. Baina aldi berean guzti horrekin Gobernuak kartzela politikako bere porrota da justifikatu nahi duena.

* Egindakoak gogorarazten dizkie presoei Gobernuak, berak egindakoak isildu edo estaltzeko.

 

Elkartasuna

* Espetxean gogorra da bizia beste leku batean dagoela ikustea, baina espetxeko gauzarik  pizgarriena ere da zure kartzelako bizitza hor kanpoko bizitzan ere eragilea dela jakitea.

* Usainak hilko ditu kartzelak, beraiekin akabatuko agian, baina baita usain berriak esnarazi ere. Mila xehetasunek harrotzen dizkigu presoen oroimena, beraien usaina.

* “Kartzela bat desegiteko, zenbat indar egin behar da?. Zenbat indar egin dezake pertsona bakarrak?”. Arazoa ez da zenbat indar egin behar eta egin dezakeen pertsona bakarrak kartzela bat desegiteko, baizik zenbat indar apurreko pertsona bakar bilduko diren kartzelak desegiteko.

* “Espetxeko bakardadean edozein txikikeriak, begirada batek edo irribarreak edo esaldi sotilenak sekulako ekaitza sor ditzake preso dagoenaren baitan”, preso baten testigantza. Kanpokoon harrera izan daiteke txikikeria horietako bat.

* Herrimina dute euskarri preso eta iheslari euskaldun politikoek, eta onez itzuliko dira herrira oinarri sendo hori dutelako, minduta dauzkaten herri horrek ekarriko dituelako etxera. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.