Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak IdazteaII

Burutapenak IdazteaII

Jon Etxabe 2016/09/05 17:40
Idaztea II Edukia, Egia, Baldintzak, Literatura, Poesia eta Komediari buruzko zenbait burutapen Idaztea lanaren inguruan..

Idaztea II

 

Edukia

* Errimatzea izan daiteke dotoretasun itxuraz gauzak desitxuratzeko azpijokoa, baina azpijoko berdintsua gorde dezake errimatu gabeko dotoretasunak.

* Ordenagailuz ez da orri zuririk zikinduko, baina bai egin ahal dira zenbait irakurgai nazkagarri.

* Iragana zein oraina gerokoei zor dietelako aztertu behar ditu oroitzapenak eta bizipenak idazleak.

* Ezkutuko eduki bat dagoela uste dut historia eta istorio idatzi bakoitzean, irakurleak antz ematen ez diona, idazleak kontzienteki eragina batzuetan, konturatu ere egin gabe bestetan.

* “Idazle izatea behaketa arretatsutik eta ikusi izan ezin diren gauzak kontu handiarekin imajinatzetik sortzen den bategite gaitza da. Gainerakoa, hizkuntzarekin derrigorrez zorrotz eta gogor lan egitetik dator”. Ikusitako gauzen eta bizipen zein sentipenen altxorretik eraikitzen da, nahi eta ez, fikzioa ere. Altxor hori erabiltzeko idazlearen ekarpen eta ahaleginetik osatzen da azken emaitza. Arreta eta kontu handia eskatzen du osagaiak aukeratzerakoan, baitak hitzak aukeratu eta esamoldeak gauzatzerakoan ere.

* Xehetasun aunitz ditu idatziz azaldu nahi duzun gaiak, bizitza bera, eta kontatu nahi den gai hori bera, xehetasun ezberdinez osaturik dagoelako: mezua, gertakizuna, bizipena, ideia soilak, ... Aukeratu egin behar du idazleak. Beraz idatziak, fikzioak berak ez du egia osoa sekula esaten. Aukeraketa baten ondorioa da idazki oro.

* Badira liburu batzuk irakurleak lagun batekin batera irakurri nahi lituzkeenak, edo forum txiki bat egin tarteka lagunekin. Liburuko burutapenak eta sortarazten dituen hausnarketak konpartitu, aberastu eta kritikatzeko grina sortarazten duen idazleak idazle onaren zigilu eta bermea du..

* Historia irabazleek idazten dutelako gorde behar dira galtzaileen oroitzapen eta bizipenak; historia berridatzi ahal izateko ezinbesteko osagai altxorra dira.

 

Egia

* Literatura egitea, zenbait kasutan, gezurra esatea baino kaltegarriagoa omen. Nire lehiaketetarako esperientzia xumean, gauza asko kendu eta gorde behar ditut lan txukun bat aurkeztu nahi badut.

* Autobiografietan inork ez du egia edo sentitzen duena osorik azaltzen. Komeni zaiona soilik, ongi gogoratu edo ez. Interesen araztegitik iragazita.

* Asko edo gutxi, idazleak dena edertzeko joera du, errealitatea eraldatzekoa, ertzak leunduz, egoerarik gordinena bera hitz edertuz jartzekoa gutxienez. Oraingoaz ari garenean ere, oraina, istant neurtezina izaki,  berez baita iragana.

* Idazleak tarteka errealitateari ertz oraindik biziagoak jartzen dizkio, baina hori bera oraina ontzeko asmoz eginen du, erabat zikoitza ez bada behintzat.

* Kazetariaren pentsaera dago kazetari horrek edozein elkarrizketa edozeini egin aurretik, eta edozein dela ere erantzuna, aurreiritzi horren taxura plegatuko du emaniko erantzuna. Berdina gertatzen zaio edozein idazleri ere literatura egiterakoan, sakonean literatura idazlearen berekiko elkarrizketa besterik ez baita, barnean dituen galderei erantzuna.

*  Kontakizuna egia  ez bada, fikzioa denean ere, sustraitik usteldutako emaitza bat da. Istorioa izanen da neurri handi batean asmatua, baina edukiak, edo esanahiak, idazlearen baitan, egia izan behar du. Egia partziala bada ere. Gezurra eta egi osoa gordetzea bi gauza ezberdinak dira, egia ezkutatzeak gezurraren eragin bera ez badu ere. Egi erdia gezurra bilakatzen da sarri.

* “Kontakizunetan gerta daiteken gauzarik onena gertarazi behar dugu (edo okerrena, hori bada helburua), baina, halere, egiazkoa dela eman behar du”. Kreatzailea denez, idazleak gauzarik onenak eta egiazkoenak sortu ditzake, errealitatetik harago. Mundu hobeago bat marraztea egunero egia latzari zor zaion ekarpen aberasgarria izan daiteke. Idazti orok du lotura egiarekin. idatzi oro, fikziorik fikzioena ere, bizitzari lotuta doalako.

 

Baldintzak

* Laburrak du indarra literaturan, luzapenetan galtzen denak antzu gelditzeko arriskua du, dotoretasunetan galtzen den idazkia su artifizialak bezala uneko gozotasuna besterik ez du eskainiko. Bada zerbait hori ere. Zenbaitentzat  burmuinari eragin eta denbora-pasa bat izan da helburua. Ez du beste handitasunik eskatzen. Eta hori ere zilegi da, agian beharrezkoa.

* Patxada eta urduritasun puntuaren oreka behar dut nik idazteko, baina batez ere barne oreka. Eta nolabaiteko etorria esnatzea.

* “Bela-oihalak berriz, toles-toles eginda saldu bide zizkion dirutza baten truke Joyce deitura zuen dublindar bati” irakurri diot Andoni Tolosari. Irriñoz zimurtu  zaizkit ezpainak, hemendik aurrera Etxarriko lo aurreko irakurraldietako une goxoetan, Ulisesekin hitzorduan, belaontziaren bela-oihalean kandela batez kapitainaren istorioak irakurtzen dituen eskifaia-kidea izango naiz. Estimulu bat behar da idazteko zein irakurtzeko.

* Oso aske izan behar zara, idazten jartze zarenean,  intziri burges guztien kontzientzia faltsua ahaztu, eta bizimodu berri batera urratsak erakusteko. Erdi lo, inkontzienteki idatziz ezin da mundu berri bat transmititu.

* Originaltasuna, xarma, ugaritasuna, indarra, talentu batek behar dituen baldintzak, gutxiren esku dagoen altxorra,  horien gabeziatik dator literatura produkzio emankorrean artelan gutxi aurkitzea.

* Pazientea eta egoskorra behar du izan idazleak, sena eta etorriaz harago hutsarte, ilunaldi eta gogo ezak gainditzean datza,  idaztearen  funtsa.

* Batzuk edan egin izan dute, edo egiten dute, idazteko, edo erre, edo kafea hartu. Baina batez ere mentalki egon behar da osasuntsu idazteko, eta bizipoz maila handiarekin.

* Barne orekatua, askea eta neurri batean aberatsa, behar da idazteko, -literatura irakurtzeko ere-, trabarik gabe, inguruaz at, ingurura jauzi egiten bukatzeko..

 

Literatuta

* Literaturak idazlearen eta irakurlearen arteko zubia izan behar du.

* Bizitza bera da literatura, eta  literatura bizitza, fikzio biziena ere, ezinbestekoa da bien arteko lotura, sinbiosia, bestela literatura deitua ez da literatura, beste zerbait baizik.

* Literatura, bizitza bezala, hautaketa bat da. Gaia, erritmoa, estiloa, hitzak, ... eta hautatze oro bezala, zaila eta astuna izan ohi da. Geroko ibiliak dakar gozagarria.

* Bizitzarekin lotura da literatura, irakurlea une batez burbuila batean biltzen badu ere.

* Jakin gabe erositako liburuak dira sari ezuste goxoenak. Jakinaren gainean erositakoek, badakigu gehienetan zer eskainiko digun.

* Harrapatu eta lotu egiten zaitu liburuak, bere esklabo bihurtzen. Ez da erraza kateotatik askatzea.

* Bizitza, errealitatea izanen du beti oinarri edozein idazlanek. Baina jauzi bat eman behar du literaturak, kronika soila izan nahi ez badu.

* Hasiera eta amaiera dira literatura eta zer zehatzen diferentzia. Literatura batzuetan errealitatearen mugak gainditzea da, bestetan, aldiz, orokorrari edo orokorregiari zedarriak jartzea, bizitzari izen eta izaera zehatza ematea. Bizitza eta errealitatea bera eternoak dira agian, nahiz eskolastikak besterik dioen. Literatura eternitate horren mugetako bat litzake.

* Idazteko grina edo ohiturak mila katramila, zirrikitu, korapilo eta helburu ezkutatzen ditu bere baitan, aitortzen ez direnak gehienetan, edo hitz ederrez mozorrotzen direnak.

* Idazti oro ez da literatura. Sena eta berezkoa duenak soilik egiten du literatura, oso gutxi dira horiek, besteok idatzi, soilik, egiten dugu. Senaz gain irakurleak literatura egiteko izpi berezi hori behar du, tarteka soilik agertzen dena, lanak soilik borobiltzen duena. Literatura egiteko, edozein artelan bezala, asko landu behar da. Gehienek idatzi soilik egiten dute literatura izenean.

* Arabiar esaera batek omen dio liburu bat dela patrikan eraman dezakegun lorategia. Atsegina zait idatzi edo irakurtzean ni neu  lorazain lanetan irudikatzea.

* Hiztegia aldatzeko tekla joka gure gorputz biluzietan ibiltzea bezalakoa behar du izan idazki bat irakurlearentzat. Aldatzeko gaitasunez jantzitako biluzia behar du izan irakurleak irakurgaia hartzean.

* Irakurtzea ere ez ote denbora galdu bat, entretenitzeko eta gozatzeko beste era bat soilik. Paseatzea, igeri egitea, lagunartea, … zer da denbora-pasa bat baino!

* Literatur  lehiaketak, eurak ere, kutsatu ez ezik kakaztu ere egiten ditu politikak.

 

Poesia

*  “A poesia e´o éter em que tudo mergulha e que tudo penetra”. Poesiaren lehen baldintza eta osagaia, poeta bera bizitzan murgiltzea, bizitzak berak poeta melatzea; bigarrena, sentipen guzti horiek hizkiz azaltzeko gaitasuna.

* Bizitzari altuera handitik begiratzea bezala da poesia, ikuspegi zabalarekin begiratzea bizitzari.

* Bizitza itsaso eta zerua  bezain zabal eta eder ikustea da poesia.

* Poesiak errealitatea biziki azaleratzea izan behar du, ez errealitateari ihes egitea. Baina hainbat poema eta poema-liburuk, hitz eta irudien nahasmenaz baliatuz, errealitatetik libratzen, nebulosa batean galtzen direla itxura ematen dute.

* Bizitzaz ari da beti poeta, baina herri soilak sarri ulertzen ez duen lengoaian. Elite edo klan batentzako literatura dirudi sarri poesiak. Baina poetak badu ere datorkion bezala bere barnea hustea, inork gutxik ulertuko badio ere.

* Poesia ezin da izan bizitzako ertz mingarriei iskin egiteko trikimailua. Bete-betan harrapatu behar du poesiak bizitza. Herriak ez du gogoko poesia irakurtzea, agian horregatik bizi gara lur gainean tatarraz, harro eta zut gabiltzala uste dugunean ere. Poesia ez du errimak, ez errima ezak, osatzen, barnean dagoen zerbait definigaitza da poesia, bizitzari begiratzeko jite berezia.

* Poesia  ederra da, edertasun bihurturiko gaitza,  ez beti garden-gardena eta gehienetan ikergaitza.

* Errimatzea izan daiteke dotoretasun itxuraz gauzak desitxuratzeko azpijokoa, baina azpijoko berdintsua gorde dezake errimatu gabeko dotoretasunak.

* Idatzita ez dauden poemak irakurri beharko ditu irakurleak, iradokitakoak, balizkoak. Eta hori ez da bizkarroi izatea. Irakurritakoa osatzea baita irakurtzea.

*  Zer esan nahi duten ulertu ezinik uzten gaituzte hainbat poemek, “gauza sinestezinak are hitz sinestezinagoez esanak”.  Poemak ez direla ulertu behar esan ohi dute poetek. Sentitu, eta nahiko.

* Poesia  ez da ulertu behar, sentitu baizik”. Poesia ez da zuzeneko kontaketa bat, begirada berezi bat baizik, edo begirada berezi horren ikuspuntutik gauzak kontatzea, narratzea ere. Ez da arrazonamendu logiko ohizkoa, poetaren arrazonamendu berezia baizik. Horregatik ingurua modu propio batean sentitzen ez duenak, ez du liburuetan ere poesia sentituko.

* Poesiak berak ez du mundua aldatuko, baina neurri batetan poeta ez denak ez du gizartea aldatuko ere. Poesiari bizia dario, eta poesia berritzailea da.

* Ze poesia mota idazten nuen galdetu  zidan batek poesia lehiaketa sariak banaketa batean: erabat mutu, erantzunik gabe, geratu nintzen. Sailkapenak kritikoek edo irakurleek egiten dituzte, idazleak idazteko forma zehatz bat aukeratzen badu ere. Imitatzailea ez da idazle ona.

 

Komedia

* Komedia genero usuena da, baina bera da zailena. Antzerki eta filmak ikustea besterik ez dago: oso zaila da bizitzari umore puntuz egoki eta orekaz heltzea.

* Erruki forma bat da komedia, bizitza gordina gandu gozagarri batekin estali nahi duzun heinean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.