Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak GizakiaVI

Burutapenak GizakiaVI

Jon Etxabe 2016/07/25 10:13
Zorionari eta oroitzapenei lotutako burutapenak

Zoriona 

Zer den

* Zoriona ez da existitzen, garunetan kiribildutako ideia orokor bat besterik ez da; une urri zoriontsu batzuk soilik gertatzen dira. Eta pertsonek bizi dituzten une bakar urri zoriontsu horiek soilik ezagutzen ditugu.

* Egunerokoaren barrena, uneko mugatik haraindi, nahiz irudimen eta utopiaz, hori da zoriona.

* Ia dena galtzen du gizakiak bizitzan, dena da galkorra, oraindik galdu ez duena baliatu eta hartaz gozatzean datza bizitzako zentzua eta zoriona.

* Desio, amets eta ilusioen nahastura da zoriona,  horiek ematen duten itxaropenaren baikortasuna. Hori gabe ezin da gizarte sendorik ez etorkizunik eraiki.

* Egunerokoaren barrena bizitzea, uneko mugatik haraindi, nahiz irudimen eta utopiaz, hori da zoriona, libre, artez eta soil, zerumuga norbere baitan jarriz, lubakitik behar den orotan ateriaz.

* Denok dugu ipuin bat, do ipuin bat gara, asmatuz eta harilduz goazena, ipuin hori aurkitzean eta gauzatzean datza bizitzako oreka eta zoriona bera.

* Tarteka bidelagun zaigun bizitzeko hornidura da zoriona. Dugunean gozagarri, falta zaigunean hutsune.

* Ustekabean etorri eta berehala joaten da zoriona, zoriona ez baita pozik bare edo lasai  bizi garen aldi hori,  pozikako aldi horretan tarteka agertzen den une argitsu hori da zoriona, tximista batek bezala gure bizitza argitzen duen sentipen labur hori.

* Gauza hutsalek eragiten duten nagikeriaz gozatzen jakitea da zoriontasunaren atal bat.

* Plazer iheskorra, istant batez bederen, eternitate bihurtzean datza zoriona.

* Duen apurrarekin kontent izatean datza zoriontasuna, ia inork lortzen ez duena.

* Zoriontasunarena da izpi argiena, gero ilunduko bada ere.

* Den bezalakoa izan eta ez den bezalakoa desiratu: kontraesan horretan bermatzen da zoriontasun oinarria.

* Gutxitan, baina badira bizitzan zorion distira une horiek. “Zerua” , zorion perfektua, deitzen diote kristau kulturako zenbaitzuk.

 

Nolakoa

* Gizakiaren une zoriontsuak istant bateko argi izpiak dira. Nahi duena eta behar duena, ia eskuraezinak baitira.

* Betirako den oro da aspergarri, etsigarria, txarra azken finean; zoriona litzake agian salbuespena, baina ez da betirako zorionik.

* Zorion oro da zorion perfektua, zorigaitz oro den bezala zorigaitz perfektua. Geroagoko begiradak ematen die perfekzio mailaren sailkapena.

* Zorigaitz oro da zorigaitz perfektua, perfektua den bezala zorion oro. Atzera begiradak ematen die perfekzio mailaren sailkapena bai zorionari bai zorigaitzari.

* Egoista izan ohi da beti zoriona, zoriona partekatzea bera ere norbera zoriontsuago izateko da.

* Ez da zorion perfekturik. Ez da mingostasun ukiturik ez duen zorionik. Ameskeria da zoriontasun osoaren atzetik ibiltzea.

* Labaina da zoriona, ihes egiten dizu erietatik, esku hutsik utziz, edo zorionean irrist eginez  erori egiten zara, zauriak jasoz.

 

Non

* Zeren bila egin behar dugu borroka zoriontasunaren bila ez bada!, Maiuskuladun ala minuskuladun zoriona, hori beste arazo bat da.

* Ardoarekin bizitza eternala erdietsi ahal dela dionik ere bada. Baina alkoholak “bixamuna”  dakar berarekin, unean uneko zorion faltsua  beraz. Norbera izan behar du norbere ardoa, eta hortik edanez, norberari fideltasuna erakutsiz lortu ahal da bizitza orekatuagoa, zorionaren izpi bat.

* Gehienetan joan ohi gara lagunen, ameskerien, itxurakerien  edo bestelakoen atzetik, edertasunari eta bizitzari bizkarra emanez, bizitza edertuko digun zubi gainean gelditu eta istant bereziez gozatu ordez, gure bizitza zerbait ederra egiteko aukera galduz.

* Aurretikako amets eta esperantzek moteldu egiten dute uneko zorion eta plazer iturria, unekoari lotu behar zaio aurrekoarekin alderatu gabe edo gerokoarekin amestu gabe.

* Eraldatuz, zirenak eraldatuz gaurkotzen dituenean biderkatzen du atsegina memoriak.

 

Nor zoriontsu

* Magia geuregan bilatzen ahaleginduko bagina, besteengan dagoen magia aurkitu eta garatzen ikasiko bagenu, eraginkorragoak izango lirateke gure harremanak, eta denok ginateke zoriontsuagoak.

* Behar gutxirekin bizi dena da zorionekoa. Beharrak sortuz egiten gaituzte ahaldunek beraien  menpeko.

* Gu egon ez arren bizitzak, besterik gabe, aurrera egiten duela filosofiarekin patxadanago eta umilago biziko ginateke, alferrikako ahaleginetan endredatu gabe.

* Dena galtzen dugunean ere, zorioneko izan gaitezkeela hori, dena edo zerbait ongi doakigunean esan ohi dugun filosofiakeria da.

* Beti dugun zerbaiten goseren bat, hori da zorion uneari langa jartzen diona.

* Indarra behar da fortuna atseginaren zama eramateko. Oso gutxik dakite fortuna kudeatzen, dohakabe bihurtzen ditu gehienak fortunak. Egunero duin izatean datza fortuna ona.

* Barrerik ez egitea omen haurrak haserre daudela ezaugarria. Helduok barre egiteak, aldiz,  ez du esan nahi zoriontsu garenik.

 

Plazera

* Ekimen ororen helburua behar luke izan disfrutatzea, nagusitzat ditugun beste helburuak ere oparoago lortuko genituzke.

* Zein gauza txikiek ase eta laketen gaituen bizitzan. Ezer ez duenak huskeria ere begiko. Gizakia, handia izanik, ezdeusa baita.

* Ugaritasuna eta emozioa etsaiak direla irakurri dut, dena duenak ez du ezertarako irrikarik. Ez duguna lortzeari dario plazera, eta beti dago zer lorturen bat, beraz beti dago plazer iturriren bat.

* Eraginkortasunean nagusitzen zaio beharra plazer edo zaletasunari, behartu egiten gaitu beharrak, eta plazererako denbora jaten digu

* Maindire azpiko plazerak dira sekretu gordeenak, aipatuenak arren. Inorenez aritzen gara gehienetan, geureen oihartzuna direla ohartu gabe.

 

Saski-naski

* Sufrimendu konpartituek elkartu egiten ditu pertsonak, baita ordu zoriontsuek ere, baina hauen eragina pasakorragoa da,  azken zorionaren sentimenduak irauten du gehienen, baina bera da ustelena.

* Barrea, tristuren estaldura da sarri, sentipen mingotsak ezkutatzen dituen kareta. Begiak lirateke barne pozaren erakusle.

* Bizitzan behin bakarrik izaten den AUKERA errepikatzen da tarteka, gehiengoenetan galtzea tokatzen da, zorigaitza edo hondamendia.

 

 

 

Oroitzapenak 

 

Zer diren

* Oroimena da lehenaren eta orainaren, ginena eta garenaren, arteko lotura, iraganera zubia.

* Oroimena eta oroitzapena, bi atzizkien arteko distantzia, hausnarketa luzerako hari-muturra.

* Memoria eta ezin ahaztua, oreka zaileko bi kontzeptu.

* Oroimena galdu duenean sartzen da gizakia etorkizunean, egina du gizaki garaiarekiko etena.

* Ez dakit non duen oroiminak habia, baina hor sentitzen dut nonbaiten

* Ez dago oroitzapen hutsik, ez da sentimendu edo bizipen bati lotu gabeko oroitzapenik.

 

Zertarako

* Gure baitan dirauen bitartean dirau iraganak. Oroigarri oro ez baita ezer, zer oroitarazten duen ez badakigu, mutu eta antzuak dira oroitarri eta oroitagiri ia denak.

* Oroitzapenen helduleku dira argazkiak, baina ahaztu egiten ditugu argazkiak eurak ere, lasterrera ez ditugu begiratu ere egiten, hormakoetara ere ohitu egiten gara ez baleude bezala. Oroitzapenak eta argazkiak biak horitzen ditu denborak eta denboraren hautsak. Iraganak hor dirau, baina lausotuta, argazkiak bezala.

* Gogora etortzen zaizkigu, edo ekarri egiten ditugu, entzulerik ezean norberekiko oroitzapenetan, ondo atera zaizkigun gauzak: ze gutxi garen seinale, helduleku baitzaizkigu gure ezin eta erdipurdikerietan. 

 

Nolakoak

* Badira bizitzako zenbait pasarte betirako txertatuta gelditzen zaizkigunak ez dakit nongo tolesdura gorde batean. Zergatik ez dakigularik. Mota guzietako oroitzapenak baitira. Barne barnetik astintzen zaituztenak gehienetan. Gizakiaren enigmetako bat.

* Geuri ere sinestezinak iruditzen zaizkigun baina errealak direla dakizkigun gertaerak, geuk gauzatuak edo geuri gertatuak,  horiek dira oroitzapenik kilikagarrienak.

* Oroitzapenak, gustukoak edo ez-laketak, beti aldatzen ditugu egiatik, gogoz edo ez-jakitun.

* Denok ditugu oroitzapenean zigiluz gordeta berriro sekula berriro egingo ez genituzkeen isileko ekintzak.

* Mintzatuz lehuntzen ahalegintzen gara sarri isilduz mingarriagoak zaizkigun bizipen eta oroitzapenak.  Egia da ere badirela isilune hitzak baino esanguratsuagoak, hilgarriak askotan.

* Iltzaturik gelditzen da zenbait oroitzapen, eta ez du gerora ere bristadarik galtzen.

* Guk geuk elikatzen ditugu maiz gure oroimenak, gehienetan ustekabean edo ez intentzioz behintzat, asmatutako irudiekin.

 

Galkorrak

* Lausotu egiten dira oroitzapenak, baina bere itzala uzten dute.

* Eskerrak hainbat gauza ahazten zaizkigun, aldi berean hainbat gauza gogoan edukitzeak hobetuko luke besteenganako jarrera.

* Ezberdinak dira aro, aldi eta adin bakoitzeko bizipen eta gertaerak, dituen sekretu gehienak galtzen zaizkigu gehienetan, ikusteko edo jasotzeko ahalmenik ezagatik

* Ahazteko ahalmena da gizakiaren dohainetako bat; zahartzaroko memoria galtzea, aldiz, ez da dohain bat, berezko desgrazia bat baizik.

* Gogoratu beharraren beharrez, oroimena bera galtzea da tragedia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.