Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BURUTAPENAK 5

BURUTAPENAK 5

Jon Etxabe 2021/05/17 09:50
Giza kiribiletan

Zu eta ni

* Bide ezberdinak erabili ohi ditu bakoitzaren ulermenak, horrek zailtzen du harremana.

*  Asko laguntzen du zinez errudun sentitzeak zerbait oker egin denean, asko leuntzen ditu harremanak, ertz gehiegi eta biziegiak baititu harroxkoak.

* Behin ere ez dakizu bizitzako zein egoerak lotuko zaituen beste norbaitekin.

* Izan zintzoa denekin, edonor bilakatu daiteke-eta zure kide, bezero, borrero…

* Gizaki orok, askeenak ere, zerbaiten edo norbaiten premia du, helduleku bat behar du, erreala edo asmatua,  iraun ahal izateko.

* Zu zeurenez erakargarria bazara ere, beti duzu beste norbaiten premia.

* Pertsonen arteko distantzia fisikoa eta besteen barnera doana: neurtu ahal da fisikoa, bestea aldiz, baldintza askoren araberan dago,  ze zaila den neurtzen.

* Iraingarria da batak bestea arretaz ez entzutea, iraingarria ere zenbaiti arreta jartzea..

* Gaitasuna eskatzen du dudak aukera ezberdinak aldi berean neurtu ahal izateko;  ez da baina beti horrela suertatzen, hortik datoz hainbeste ezinikusi eta haserre.

* Ezinbestekoa da elkarrizketa bestearen begiek beste nonbaiten daudela adierazten dutenean.

* Zenbat gauza egiten ditugun, zenbat jarrera hartzen, zenbat men besteei egiten, gogo onez, baino besteenganako zerga bat bezala.

* Azunen erredura da hainbaten hitz-jario etenezina.

* Aho biko ezpata izan daiteke pertsona bat hur-hurretik ezagutzea.

* Galduta legoke bazter-nahasleari jaramon egiten diona.

* Dela fisikoa, dela psikikoa, zer egin minarekin, erakutsi ala gorde: ez da beti erabaki erraza.

 

Zuek eta gu

* Hauskorragoak egingo gintuzke biluzik bizitzeak, aldi berean umilagoak eta  humanoagoak, elkarbizitza erraztuko luke ondorioz.

* Lagunarteko mintzagaiei kasu eginez, sarri dut esatekorik ez duen gizarte mutu bat garela sentipena.

* Berea du talde batek diana bat izatea, unean unekoa gehienetan, aldakorra: agian taldearen estrukturari eusteko balio du.

* Boterea omen dira txutxu-mutxuak: sare sozialetan datza txutxu-mutxu hori gaur egun.

* Portaleko postontziak galdu du gaur egun garai batean eguneko mugarri bat zen eragina.

* Telebista omen garai bateko Elizaren antzekoa: badu parekotasunik, sineskerian eta menpekotasunean gutxienez.

* Norbait gutxiestea berarekiko arazoren bati ihes egiteko modu bat da.

* Ez dago lorpen indibidualik, beste hainbat eta hainbaten arrastoa eta eragina du ekintza orok.

* Objetibotasunik ez dago, bakoitzaren ezagutzak baldintzatzen baitu edozein behaketa:  hori barneratuta bagenu errespetu gehiago edukiko genuke besteen iritzienganako, ez ginateke hain tematiak izango.

* Elkartu egiten ditu urruntasunak jatorriz hur baina elkarrengandik urruti bizi direnak.

* Legegilearen edo boterearen ahulezia nabaritzen da lege zapaltzaile edo herslea arautu edo inposatzen denean.

* Zenbat eta gehiago aitortu poliziari, arrisku gehiago omen susmagarritzat hartu zaitzan: egiatik asko du iritzi horrek.

etiketak: Burutapenak 5
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Testu estatikodun portleta
Testu estatikodun portleta