Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak 2

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/04/06 10:10
Sarrera gisa - Adina - Bidaiatzea - Bizitza

Sarrera gisa

 

 

Aurreko Burutapenak bezala, Burutapenak 2 ekarpen honetako gogoetok azken liburuek sortarazitako gogoeta laburrak dira, nolabait sailkatuak.

 

Hauek dira gaiak eta emankizunak:

 

1.- Adina – Bidaiatzea

2.- Bizitza

3.- Euskal Herria – Euskaldunak - Euskara

4.- Gizakia I: Gizakia – Emakumea - Askatasuna - Ezagupena

5.- Gizakia II: Desbabestua - Euskarriak – Beste mundu bat

6.- Gizakia III: Jarrerak – Sentipenak – Oroitzapenak – Bakardadea – Goibeltasuna - Isiltasuna

7.- Gizakia IV: Zoriona – Norbera nor

8.- Gizartea I: Nolakoa – Akatsak – Adinaroak

9.- Gizartea II: Gatazkak – Boterea - Zapalkuntza

10.- Gogoetak I: Gizakia 

11.- Gogoetak II: Denbora – Aurkariak

12.- Gogoetak III: Egia – Jakituria – Errealitatea – Ederlan

13.- Gogoetak: IV: Maitasuna – Natura – Politika - Presoak

 

 

Sarrera gisa

 

 

Aurreko Burutapenak bezala, Burutapenak 2 ekarpen honetako gogoetok azken liburuek sortarazitako gogoeta laburrak dira, nolabait sailkatuak.

 

Hauek dira gaiak eta emankizunak:

 

1.- Adina – Bidaiatzea

2.- Bizitza

3.- Euskal Herria – Euskaldunak - Euskara

4.- Gizakia I: Gizakia – Emakumea - Askatasuna - Ezagupena

5.- Gizakia II: Desbabestua - Euskarriak – Beste mundu bat

6.- Gizakia III: Jarrerak – Sentipenak – Oroitzapenak – Bakardadea – Goibeltasuna - Isiltasuna

7.- Gizakia IV: Zoriona – Norbera nor

8.- Gizartea I: Nolakoa – Akatsak – Adinaroak

9.- Gizartea II: Gatazkak – Boterea - Zapalkuntza

10.- Gogoetak I: Gizakia 

11.- Gogoetak II: Denbora – Aurkariak

12.- Gogoetak III: Egia – Jakituria – Errealitatea – Ederlan

13.- Gogoetak: IV: Maitasuna – Natura – Politika - Presoak

 

 Adina

 

Zahartzaroa

            * Bizitzari eutsi nahian, iheska doazen bizipenak berritze ahalegina da zahartzaroa.

* Iheska doazen bizipenak berritze ahalegina da zahartzaroa, bizitzari eutsi nahian.

* Adina du zaharrak gaixotasun nagusia, eta ezinean fokalizatzen du arreta guztia, kendu ahal baititu beste gaitz guztiak.

* Zaharrak bizkarra erakusten dio bizitzako aukera ohikoei, eta bide berriak asmatu behar ditu galdutakoak ordezkatzeko.

* Adina aurrera, ia ezinezko bihurtzen hasten dira izan litezkeenak ere.

* Gorputza eta gogoa gero eta lotuago: zahartzaroko bilakaera ohia.

* “Adin zail honetan. Ba al da adin errazik”. Adin oro da zaila.

             

Ajeak

* Adina oso aurrera, arkeologia edo fosila zaigu iragana.

* Gizaki zahartua: zahartzea jakinaren gainean bizi ez duena edo ez bizitzen dakiena, zaharkitua dago.

* “Ona da pasa den denboraz jabetzea, heriotza iritsi aurretik”. Denbora pasa dela ohartzen ez den zaharrak erridikulua eginen du, lekuz eta aldiz kanpo ibiliko da.

 

            Bizipoz

* “Bizipozak!. Zein garrantzitsuak diren adin batetik aurrera eta zein berandu ohartzen garen horretaz seme-alabok”. Bizipoza da, edozein adinetan, bizitzan duintasun minimoz iraun ahal izateko funtsa. Galtzen doa bizipoza adina aurrera heinean, amaiera iragarriz bezala.

             

            Denbora

* Iragan bihurtzen gara zaharrok, besterik irudikatu nahi dugunean ere.

* Beste eremu batean bizi da zaharra, berdin samar zaio hau edo beste, interes handirik gabe begiratzen dio denari.

* Erritmo ezberdina dute organismoak eta zahartzeak.

* Umeek ez dakite zer den atzo, oraina da dena, zaharrok, aldiz, lehenean bizi gara.

* “Haurrak orainean bizi dira, ez iraganean”. Haurrak orainean bizi dira, zaharrak joanekoan. Gazte bezala bizi  edo azaldu nahi duen zaharra irrigarri gelditzen da.  Adin bakoitzak bere muga baldintzak eta morrontza ditu.

 

            Jakituria

* Zahartzen dakien hori ez da zaharra.

* Zahartzera zoazela gero eta egiagoak dira egutegiko esaerak.

* “Moldatu egin naiz orain, horixe da gazte ez izatearen ezaugarrietako bat”. Zaila zaio zaharrari egoera berrira moldatzea, gero eta indargeago, ameto ematera behartuta dago egoera berriotara.

* “Bizitzaren zentsua amaitzen da heriotzaren ziurtasuna alibio bihurtzen denean”. Hiltzeko adina duzula jabetu eta onartzean oraina bera ere geroa bihurtzen da.

* “zaharra... Nola zara zu hain bizkorra?”. Esperientziak esperientzia, zahartzaroak ez gaitu egiten argiagoa gehienok.

* Hiltzearen aurrean errebelatu ala eroapenez hartu, hori da zaharren dilema nagusia.

             

            Memoria

* Gutxientzat balio du atzokoak lehengoak baino gutxiago, gazteak oraina bizi du eta zaharroi ahaztu egite zaigu oraina.

* “Gozatzen dut gauzak galtzen, topatzeko zerbait edukitzearren”.  Coriako leloak esango luke soilik hori; 84 urterekin ezer non utzi duzun gogoratzen ez eta bila ernegatzen denean jakiten da zein tristea den burua galtze hori esperimentatzea.

 

            Premura

* Zahartzaroan egitasmoak betetzeko behar adina denbora ez edukitzea da kezka nagusienetariko bat.

* Behin adin batera ezkero zaharberritze lanak nagusitzen dira, gorputzean zein bestelakoetan.

* “… adin batetik aurrera, gauzak azkarrago egin behar izaten dira”.  Dena doa presaka adin batetik aurrera,  gorputza geldoago doa, eta presa sartzen da eskuarteko asmoak bukatzen joateko.

* “Loreontziak bezala ureztatu behar dira memoriak”. Lorontziek ura behar duten bezala, behar du lantzea batez ere memoriak, adina aurrera, garunak nabarmenki herdoiltzen haste direnean.

             

            Sentipena

* Unea koloretez apainduta, polit eta eme sentituz, egiten dio ihes haurtzaroari zaharrak.

* Behin edade batera ezkero, onartu beharra dago etapa batzuk aldatu ditugula besteek gutaz duten ikuspegian, besteen begiak dira gure adinaren kontagailu zehatzenak.

* “hutsalkeria konplexuei emana bizi zen”. Ordenagailuari eta liburuei lotuta, heriotzari itxaroten ari naizen sentipena dut.

            * “Gorputzaren bestelakotze geldiezin hori”. Zahartzaroko bizipena da gorputzaren bestelakotzea. Onartuta ere, dramatikoa da. Bizitza drama bat izanik, ahultze hori da dramako atal bat.

*  “. Bizitza pasa ahala alferrikakoagoa balitz bezala norberaren espazioa, ahulagoa edozein ahalegin”. Murriztuz doa espazioa zahartu ahala, kanpoko espazioa, barne espazioa batez ere. Eta zaharrari geratzen zaion espazioa bera alferrikakoagoa bihurtzen zaio, ia espaziorik gabe geratzeraino.

* “Berandu iristearen beldur … beldurren gauden bitartean,  beranduago egiten da, egiten zaigu”. Zaharrok badugu jada bizitzako edonon edo edonora berandu heltzen garen sentipena.

* “Haurrak ikusteak iradokitzen du ongi egote sentsazio bat, barne-lasaitasun bat”. Ernegatu egiten dira zahar batzuk umeen zalaparta eta geldik egon  ezinarekin, beste zenbaitzuei poza damaiote galtzen ari diren bizipoza orekatzen dietelako.

 

            Maitasuna

* Adinak, luzeenak ere, ez du itotzen maitasun egarria.

 

            Talaia

* Zahar gehienei izugarrikeria iruditzen zaizkie gaur egungo bizimodu modernoak.

 

 

Bidaiatzea

 

* Taldeko bidaiek erakusten dute ohiturak eta norberekeria eta ohiturak utzi eta besteengana moldatzen.

* Bidaiari bakarti batek, mesfidantza sortarazten omen du hasera batetan.

* Norbera ere turista da besteentzat

* Aukera-maukeraren erresuma da bidaiari batek bizi duena

* Itsuskeria da bidaiatzea ez dela maite esatea: egunerokoaren monotonia eta asperdurari ihes egiteko beharrari erantzuteko kontsumismoak txertatu digun gehigarri genetikoa da bidaiatzeko sena, salbuespenak salbuespen..

* Globalizazioak ez du pikutara botatzen bidaiatzearen xarma, bideratzen eta ahalbideratzen baizik.

 

Bizitza

 

 

 Zer den

* Hiltzeko bizi.

* Bizitza zer den ikasi gabe bizi gara gehienok.

* Norbaitek hil garela kontatu arte ez gara benetan hilko.

* Kontrasteak egiten du merezimenduzkoa bizitza.

* Bizitza asetzen dion zerbait duenak ez du besterik behar.

* Gezurrean ematen da ia bizitza osoa, gizabanakoetan zein gizartean. Komedia baita bizitza. Eta ez du abantailarik, iruzurle handientzat ez bada.

* Bizirik diraugu norbaiten gogoan diraugun bitartean.

* “Bizitza bizipoza baino ez da, biharamunik gabeko oraina”, baina biharamun baten esperantza duen oraina.

* Itxaronkizuna, ezta ametsa ere, ez da ezohizkoa, bizitza bera baita ametsa.

* Hil arteko presondegia da bizitza berez, presondegiago egin dugu arau hertsiagoz, eraman zailagoa bihurtuz erosotasunaren itxuraz.

* Denborari hasiera eman, denbora eten: bi ertz horien tartea da bizitza.

* Bizitza ez da premisen ondorio dialektikoa, kontraesan askoren batuketa baizik.

* Bizitza: erromesaldiaren labirintua, non bakoitzak lortu eta aurkitu behar dituen aurrera egiteko  arrazoiak eta indarra.

* Abesti bat bezala da bizitza, eta beti merezi du, baita requiem denean ere.

* Abentura bat da bizitza, ez baitakigu nora eramango gaituen.

* Jaiotzen garen unetik ari gara hiltzen.

* Bizitzak kartzelaren antz erabatekoa du.

* Koadro edo mosaiko bat bezalakoa da bizitza: puska askok osatutako existentzia, bizitza propioa duten osagai ezberdinek.

* Etengabeko erabakitze jarraia da bizitza, eta gehiago begiratu ohi diegu, zalantzati,  hartu ez ditugun erabakiei; inertziaz bizi gara, hartutako erabakien uharan,  eta hartu gabekoen nostalgiaz.

* Eten gabe zerbait berriren bila ibiltzea da bizitza.

 * Misterio handi bat da bizitza, muga gaindiezinak ditu ulertzeko.

* Bizitza errutina bat da, bizi-baldintza gogorrenetan ere.

* Bizitza istripu bat da. Norbere barneko istripuz beterik dago gizakia, kontraesana baita bizitzak aurrera egitea bera ere, kontraesanen arteko aukera baita bizitzea.

* Urtegian lotu ezin daiteken ibaia da bizitza, eta ibai horretako ur-tanta bat gizakia, ez da leku beretik berriz inoiz igarotzen.

* Geroa da beti seguru dugun gauza bakarra, heriotza ondoren hor jarraituko dugulako hauts, molekula edo atomo, auskalo. Bizitza heriotza da, istant bakoitza hiltze bat baita hurrengo istanteari leku emateko. Hildako istanteen katea da bizitza, misterio bat bere kontraesan ulertezinean.

* Bizirautea da bizitza gehienentzat.

* Nerabezaro amaigabea omen askorentzat bizitza: ez dut uste.

* Denbora botatzea da bizitza, mila modu asmatuz, geure burua engainatuz, zeregin filantropikoenekin ere. 

* Loaldi luzea besterik ez da askorentzat bizitza, ezerezean bukatzen zaiona.

 

 Zergatik-zertarako

* Non eta zertarako dagoen bere buruari galdetzen ez diona robot bat izanen da, ezlekuan dagoen automata bat.

* Gauzak egin eta gero zergatik eta zertarako pentsatu, hori da askoren zera.

* Denari eman behar dio zentzu bat askok, denek agian, zentzu horren esklabo bizi gara.

* Bidea eta helburua lotuta ez dituena alderrai bilakatuko da.

* Patu edo halabeharrez, nahiz ustez erabaki kontzienteaz, egiazko iparra non dagoen antzik ere eman gabe hiltzen dira gizaki denak.

* Sakonean, inor gutxik daki zergatik egiten duen egiten duena. Inertziaz bizi da gizakia, ia-ia automatismoz edo ohituraz.

* Beti zor diogu zerbait edonori, arerioari ere.

* “Carpe diem”, “unean unekoa” eta antzerako esamoldeak, gerorik ez daukanak, edo gerorik ikusten ez duenak, geroaren itxaropenik ezak eragindakoa dira,  galduta dagoenarenak. Gerorik gabeko egoerak ez du bizipozik sortarazten.

* Kontzienteki ez diogu erantzuten ia inoiz zein naizen galderari, galdera bera ere ez diogu egiten  geure buruari, inertziaz bizi gara, ohikotasunez erantzuten diogu eguneroko jardunean egin gabeko baina hor dagoen eta funtsezkoa den galdera horri, erantzunik ematen ez diogun galdera izaki.

* Besteek sortutako premiez betetzen dugu guk geu bakoitzaren bizitza. Beharrezkoak ez diren  premiak baztertu egiten dituzu zer nahi duzun dakizunean.

* Galdu, norabait doana galtzen da, nekez galduko da nora ez dakiena.

 

Jakituria

* Ikastea da bizitza, mailaz maila, eguneroko gorabeherak jarraituz.

* Bakoitza bere tokian egoten jakitea da bizitzeko artea.

* Urteak pasa ahala, erlatibizatzen  ikasten du batek, irakasle ona baita bizitza.

* Poz eta tristura txikiak, horrenbestean bizitzen ikastea da jakinduria, zoriona bera ere.

* Zer izanen zen bizitza beste bide bat hartu bagenu?, zentzurik ez duen gogoeta: bidegurutze bat da erabaki bakoitza, kontaezin bolako karanbola bat, hartutako erabakiarekin aurrera, ez dago itzulerarik.

*  Hobe litzake lore izaten bageneki, besteak liluratzen, ingurua edertzen, bizitza errazten … eta trauma gabe zimeltzen jakingo genuke.

* Bizitzari kate bat jartzeko burutazioa sortzen zaionak eutsiko dio datorrenari.

* Egunerokoa apurtzen duten pauso txikiak asmatzen dituenak asmatuko du bizitzan.

* Puzzle baten antzerakoa da bizitza: pieza bakoitza bere tokian ahokatzea da orekaren giltzarria eta sekretua

* Bizitza asetzen dion zerbait duenak ez du besterik behar.

* Izutu egiten du gehiegi pentsatzeak,  gutxiegi pentsatzeak, aldiz, lelotu. Ertz  bi horien arteko tirabiran neurria hartzean datza bizitzako oreka, eta zentzua.

 

Jarrerak

* Bizitza erreala fikziozko edo balizko zerbait irudikatu edo amestea  da gure buruari egiten diogun iruzurretako bat.

* Zaila du bizitza bakarrik egoten ez dakienak.

* Bizitza lapurtzen du obsesioak.

* Biziberritzea da berriro hastea.

* Unekoari aurre hartuz bizi dena ez da urrutira helduko ehun urte hartuta ere.

* Bertan ez balego bezala begiratzen dio askok munduari, mundua existituko ez balitz bezala biziz.

* Zenbat gauza metatzen ditugun bizitzari ihes egiten utziz.

* Sakonago bizitzen laguntzen dute kezka metafisikoek.

* Mundu krudela bizi dugu, baina aldi berean, amesten dugun bizitza hobeago batean dugu jarrita esperantza, hori fikzioa da. Oso gutxi, bakanen batzuk soilik bizi dira dutenarekin ados, aberatsek gutxien. Bizitza kondizionalean bizi gara bizitza amestuaren zain, bila ere.

* Bizitza kontraesan bat da: paradisuan biziko bagina lez, duguna, apurra arren, galduko dugula beldurrez bizi gara,  baina aldi berean, duguna ez zaigulako laket edo ez hain laket, beste paradisu txiki baten esperoan edo ahaleginean bizi gara.

* Zaila du bizitza bakarrik egoten ez dakienak.

* Anaia bikiak dira. jakin-mina eta bizitzeko gogoa.

* Gaitzak hiltzeko gogoraino jotzen gaituenean pentsa ohi dugu hobe litzakeela ez izatea, baina ezingo genuke hori bera pentsa ahal izango ez bagina.

 

Bizitzearen plazera

* Bizitza osoa merezi dute zenbait une intentsuk.

* Badira bizitza osoa merezi eta balio duten minutu bakar batzuek

* Maitasun kontu ugariz egina dago bizitza.

* Pertsonen bizitza zimeldu egiten da maitasunik gabe.

* Zaila da benetan amodio sentimenduen mataza hariltzea.

* Gauza berrien poza sentitzea, hori da bizitzan zoriona.

* Zer egiten dugu munduan. Naturaren kate-begi bat besterik ez gara, garen, izan garen eta izango garen guztiak, bizitza artifizialki sortzen hasten garen bitartean behintzat. Bizitza tokatu zaigu naturaren tonbolan edo karanbolan.

* “Gauza handia da bizitzea. Gauzarik handiena” . Goza dezagun, beraz.

* Bizitza asetzen dion zerbait duenak ez du besterik behar.

* Urteko 4 hilabetek soilik osatzen dutenez udaberria, -ezin uka hunkigarria denik- beste hiru urtaroei grazia hartzean dago urte osoko gozamena.

 

Osagaiak

* Amets sare hondatuak konpontzea da bizitza.

* Ametza eta errealitatea, bizitzako bikote konponezina.

* Ez dago inor ametsen bat desio ez duenik, zer amesten den hor dago aldea. Ametsok dira bizitzako esperantza eta euskarri.

* Bizimodu asentatu batek gaztetako zoroak apaltzen omen ditu: egia.

 

Neurria

* “Saihestu ezin daitekeena geure borondatez egindako zerbait bihurtu”, agian horrek emango lioke oreka bizitzari.

* Etekin gehiago aterako dio bizitzari loaz mundu honetatik alde egiteko erraztasuna duenak.

* Garrik gabeko sua da tentsiorik gabeko bizitza.

* Esnako ametsek ematen diote zentzua bizitzari.

* Ematen dituen biretara moldatzea da bizitzako erronka nagusia

* Helburuak ematen dio zentzua bizitzari.

* Erabakiak erabaki, bizitza aurrera doa beti.

* Seminarioan, herri ezberdinetan apaiz, kartzelan … alokairuan bezala bizi izan naiz bizitza erdiraino, eta etxe propioa izan dudanean nirea ez zen herrian bizi izan naiz. Badut nirea den eta nirea sentitzen dudan herria, bertan 13 urte arte soilik bizi izan banaiz ere. Pasoko txoria naiz.

* Badira uneak bizitzan zeinetan uste duzun bizitza osoa bertan behera galdu duzula, eta beste une batzuk zinetan uste duzun bizitza berri bat ireki zaizula.

* Badira bizitzan etorkizuna erabakiko duen erabakia hartzen ditugun uneak. Betirako gogoan iltzatuak geratzen dira.

 

Laztasunak

* Itsasoa ez litzatekeen bezala itsaso olatu eta kresalik gabe, bizitza ez litzateke bizitza ezuste eta zailtasunik gabe, bizitza erabat barea bizitza hila da.

* Bizia etengabeko kezka edo atsekabea de gehienentzat.

* Oso traidorea da beti bizitza, ez baititugu amets gehienak betetzen.

* Egia izanik bizitzaren momenturik ilunenean ere beti agertzen dela argi printze bat, egiagoa da beranduegi heltze dela gehienetan.

* Lana baino akigarriagoa da denbora betebeharra. Nahiko hutsa du bizitza edo barnea zeregin bila dabilenak.

 

Nola bizi

* Egunerokoa txango bat bilakatzen dakienak, eskuratu du zorionaren zati bat.

* Zeuregan eta zeuretzako bizi zara zahartuz gero, gizarte zurrunbilotik urrun, eta hori ez da bizitzea, irautea soilik ez da bizitzea, ez du pena merezi gizartetik deskonektatutako bizitzak.

* Bizitza hozka jaten duenari hortzak kamusten zaizkio azkenik. Bizitzari bere erritmoa hartzean datza bizitzeko gaitasuna

* Gauza denak ahitzen dira, sentimendu oro ere, baina ahitu ez balira bezala jarraitzen dugu , inertziaz. Horrek kentzen dio bristada bizitzari.

* Uneko arazoei banan-banan eta unean unekoei  erantzuten nahikoa dute gehienek,  eta pieza solte horiekin osatzen dute bizitza. Gutxi batzuk dira bizitzari buruzko ikuspegi eta planifikazio orokorra dutenak. Ezkontza eta unibertsitateko erabakiek izanen dira gerora begira hartutako erabakiak, eta beraiek ere sarri uneko erabakiak dira.

* Epeak jartzen dizkiegu hainbat gauzei. Baina epeak jartzea denbora neurtzea da, eta denbora neurtzea bizitza murriztea.

 

Baldintzak

* Zer litzake bizitza poz pixka bat emanen ez bagenio.

* Ohiturei ihes egitean datza bizitzeko piperra.

* Burua bihotzean eta bihotza buruan bizi behar izaten dugu sarri.

* Bizitza berri batera egun oroz abiatu, bizipozari eusteko oinarria, ia baldintza ezinbestekoa

* Barkamenak erabaki morala eskatzen du: hor dago barkamenaren koska, mendekuaren muga ere.

* Bizi garela sentitu, kontzienteki bizi, bizitzari zentzua emateko baldintza ezinbestekoa.

* Egunerokoan zerbait berria aurkitu eta txertatzean datza dugun zorion izpia, zantzu berritzaile osagarriak aurkitu eta asmatzean, alegia, berez abentura baina aldi berean errepikakorra den bizitzan. Errutina gainditzean datza bizipoza.

* Une bakoitza munduaren haziera eta amaiera bezala bizitzean datza bizitzako abentura, ustekabeko gertakizunek aldatzen edo baldintzatzen baitute sarri gure bizitza.

* Zerbait eztenkaria behar du bizitzak osagarri eta asegarri izateko.

* Bizitza, edozein gorputz edo izaki fisikoarena, kontsumoan oinarritzen da, osagai ezberdinak xahutu eta berritu. Higadura bizitzaren funtzio funtsezkoena da,  esentzia.

* Berritzean datza naturaren iraupena, bizitza-heriotzaren orekan. Hiltzea halabeharrezkoa da bizitzak iraun dezan.

 

Kontrabidean

* Gizakiak beti du bukatugabeko zerbait, heriotzan batez ere, eta, orduan, bukatuko ez duena izanen da zerbait hori.

* Sinestea baino sendoagoa da diru-gosea, hortik dator hainbat saldukeria.

* Beti dago arbuioa eragiten duen zerbait.

* Askok, gehienek gizarte honetan, gorputzaren mende jartzen du arima.

* Bizitzak norbera jatea da ezinaren aurpegirik mingarriena.

* Onak nekez datoz lerroan, okerrak nekez banaka, horregatik da irria baino sarriagoa negarra.

* Gizakia gizakiaren otso, aspaldiko esaera, bestearen zorion ebaslea, alegia.

* Egia da zerbait gaizki ateratzen denean berehala argudiatzen dugula ez dela gure errua: hori izaten da gehienetan gizakiaren jarrera zerbait gaizki ateratzean errua norberarena dela aitortu behar duenean, beti bilatzen diogu justifikazioren bat.

* Egin diren hautuen dolu izan behar omen, baina sarriagoa da egin ez diren hautuen dolu egitea.

 

Zertzeladak

* Jendea ez da oraingo unean bizi, iraganen edo etorkizunean bizi da.

* Denok ditugu hainbat deabru barnean, eta ez da erraza beraiekin bizitzen.

* Mila arrazoi izan dezake pertsona batek bere buruaz beste egiteko, baina ez du egiten, zailtasun guztien gainetik dago itsatsita bizitzari.

* Bakoitzak erabaki ahal behar luke, ezinbesteko bat ez denean, nahi duen lekuan ez ezik, nahi duen unean hiltzea.

* Bakoitzak bere ingurua hesitzean dago gakoa oreka ez galtzeko.

* Bizipozak alde egiten dionean bihurtzen da galtzaile galtzailea.

* Denbora galduaz burua zaintzea da bizipozaren giltzarrietako bat.

* Nire bizitzak ez du trabatzen denbora handiaren martxa.

* Kolore gris ilunez bizi dut bizitzako denbora, baina aldi berean kolore argiz ikusi eta sentitzen dut, nire joan apalean une bizi eta distiratsuan izan direlako.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.