Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BRETAINIA HANDIA 2001. ESKOZIA

BRETAINIA HANDIA 2001. ESKOZIA

Jon Etxabe 2022/10/10 10:10
IV HIGHLAND. IPAR ITSASOA. Invernes. ATLANTIKOA. IPAR ITSASOA. BEHE eta GOI BAILARAK-ATLANTIKO ISURIALDEA. IPAR ITSASO ISURIALDEA. GOIBAILARETARA. MENDI-BAILARA.

Ekainaren 1a. Ostirala.  31.a – E:9.a

 

“XX. Mendeko Poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri:

* “Edozein jenerok eman dezakeen durduzatze ahalmena duelako”. Poesiak ez ezik bidaiak ere badu ahalmen hori, bidaiariak bera duen heinean.

* “Zisne lotien begietan”. Ez dugu zisnerik ikusi Bretainia Handiko bidaian. Oraindik.

* “Erregearen platerean etzan zen ilargia. / Doi doi lokartzen zihoalarik”. Hurrengo egunetako kanpinetan oheratu aurretiko ibilian ikusiko dut ilargia, beheranzko azken laurdeneko ibilian baitoa.

 

Gaur jarriko dugu goi-kanpamendua, bertatik ibilaldiko gailurrari ekiteko. Iparreneko kanpalekura iritziko gara gaur. Mapako Iparraldeena da gure Everesta, ez inongo tontorren bat. Pentsatu izan dut maparen aurkako lehian ari ote garen, mapa bidaiako lerro gorriz marratu nahia. Agian gure buruak eta ahalmenak ziurtatu nahi bat besterik ez da. Etsi ezin bat.

 

Eguraldi zoroa gaurkoa ere, euria dakusagu tarteka aurreko mendian gu geu eguzkipean goazelarik, edo euripean goaz aurreko mendi-muinoa eguzkiak argituta daukagula. Bustia, hezea eta iluna, paraje berrira abiatzeko eguraldirik deserosoena.

 

Ezagunak ditugun parajeetatik abiatzen gara, osagai berdinak ditu paisaiak. Paisaia lasaigarria da Eskozia berdea, hain berde ezberdinez osatua, inola ere ez zaizu aspergarria egiten. Kilometroen nekadura da bidaia luzeotako etsaia, ez paisaia.

Ze indarrez geratzen zaizun itsatsita zenbait irudi:  Elgin, dorre burumotz parea ikusi orduko  bizi-bizi izan ditugu oroitzapenaren ninietan katedraleko hondakin dotoreak; Fochabers, behin bakarrik ikusi badugu ere, aurreko bidaietako batean, laguna zitzaigun, erabat ezaguna,  errepide bazterreko zutabea, belardi batean, jauregi bateko sarreran.

 

 

HIGHLAN

Highland, lurralde entzutetsua, ospetsua. Ez dakit nola itzuli: “goialdeko lurraldea” ala “lurralde garaia”. Egunotako ibiliak erakutsiko digu goialdekoak diren ala garaiak, agian biak.

 

Nairn. Badia zabal baten altzoan gordeta, ezin igarri itsasoari ala lurrari so bizi den.

Hasi gara itsasoa ikusiz, tarteka; Invernes gordetzen duen itsasadar luze zabalaren ertzak dira. Baretasuna  damaio itsasoak ibiltariari, begiak poztu ez ezik barrena lasaitu egiten du. Badirudi itsasoa aurkitzean zure betiko lagun batekin egiten duzula topo: “kaixo” esaten diozu, ezpainekin, begi irriz, edo arnasa lasaituz.

Herri atseginak herri gorrixkok euripean  eta laino beltzez ilunduak arren. Etxe gorriak aipatu behar ditugu; berdintasun edo antzerakotasuna galtzen dute hormek gorri ezberdineko harriak erabiliz; bestalde, airosotasuna eskaintzen dute teilatuko beha-leiho eta leihoek.

 

Ikuskizuna da Invernes inguruko zubia, ikusgarriagoa da oraindik itsasadar zabala  zeharkatzea. Gorantz borobiltzen den zubi kurboa, zubi zintzilikatu luzea. Gainetiko ikuskizuna, ederra: itsasadarraren luzera amaiezina hartzen dute begiek. Ederra behar du izan oinezkoaren begientzat ere, bortitza behar du, aldiz, autoen hots gorgarria.

Itsasadar ertzetik doa bidaia. Itsasbehera da, gehiago da lokatza lohia ura baino, ibilbide atsegina halere, baita kanpina noiz eta nola aurkituko ardurapean ere.

Lurren paisaia ez da aldatu. Zuriak dira nekazal etxeak, zuritasun orban zabala mendi-magaletako herriak, zuri kolorgetua, ez  Andaluziako herrien zuritasun argia.

B & B iragartzen dute errepide ertzeko etxe gehienek,  “Bed and Breakfast” esan nahi du, ohea eta gosaria:  erabat hedatua dago hemen nekazal turismoa, aspaldiko kultura da Eskozian.

Golf-zelaia, kanpina, eta gaztelua ez dituen herria ez da herria Eskozian.

Petrolio putzuak, dozena erdi bat nabarmentzen dira itsasadar erdian, ilaran: gizarte modernoaren naturari eskabide berria: lur emankorra eskatzen zitzaion duela gutxira arte, orain aldiz lur azpi aberatsa.

 

Kanpina. Aurkitzeko erosoa uste genuelako aukeratu genuen, erraz aurkitu dugu aurkitu ere, belakoxe  batean kokatu gara. Taxuzkoa da, baina ez du inolako xarmarik, errepidea du alde batera, trenbidea bestera; trafiko handirik ez denez ez alde batean ez bestean, jasangarria da. Itsasadarrak ere hor bertan behar du zelaien eta behien bestaldean, baina ez dugu bere hurbiltasunik bizi.

Nongoak garen, ohi denez, harrerako gizonak: “basque  Country”koak ba. Eskua eman dit, eta ondoren: “Frantzia aldekoak ala Espainia aldekoak?”. Badaki zerbait.

Zur eta harri geratu zaigu kanpineko arduraduna. “No television?”. Telebista eta antena baitira kanpin honetako eskaintzetako bat.

 

Hiriburura jo dugu arratsaldez. Itzuli atsegina gerta zaigu.  Itsasadar ertza izan dugu lehen ibilbide, ondoren lur barrura egin dugu. Biziago maria, beherago ura itsasbeheran: lokatz-lautada ikaragarri zabalak dira itsasadarraren ertzak, non tarteka itsas hegaztiek puntutxo zuria jartzen duten, jan bila lokatza mokoaz aztertuz. Goitikako ikuspegia zenbait unetan, itsasadarra bere zabaltasun osoan, ilun ingurune berdean, ikuskizun paregabea da.

Irudikatzen genuen bezalakoa da mendialdea: latza, txilarrak erabat hartuak ditu bazterrak, kamino ertzak ere. Nabaria da mendiok emankor bihurtzeko ahalegin sendoa pinudi bihurtuz, nahiz sekulorun sekulotan izan diren txilardegi. Sutea izan dela dirudite mendiok, ilun, ia beltz txilarraren arre ilunez.

 

Invernes. Lurraldeko hiriburua. Itsasadarra du Ekialdera, Mendebaldera Ness laku mitologikoa, itsasadarra eta lakua lotuz hiria erditik zeharkatzen duen ubidea. Jauntxoen hiria izana, etxeek adierazten dutenez. Nabaria da ez dela turista hiria. Dotore doakio ubide zabala hiriaren erditik, dotore ditu eraikin apartak ubidearen alboetan, eraikin ederrak ditu edozein kaletan..., baina  ez da hiri erakargarria. Harri gorrizko etxe dotoreok ere belztuta daude, ez dakigu urteen ala kutsaduraren eraginez: hau da bidaietan erantzunik gabe geratzen zaigun galderetako bat. Dendateria zabala du, eskaintza oparoa dute, tarteka dotorea ere, dendok: non ez dira dotoreak erakusleihoak gaur egun?. Nabarmena da merkatari hiria dela, bertara datoz inguruko herritarrak: pil-pilean dago ostiral arratsaldeko lehen orduan, nabaria da asteburu giroa. Ilusioz gainezka motxila eta eskalatzeko soka bizkarrean doa zenbait gazte geltokira: hiri barruan bertan dago, ia erdiko kalean, autobus geltokia. Eliza pila ikusten zaio, denak dira dorre puntazorrotzekoak: erlijio edo fede mota ezberdinak egoteak bidertu egiten ditu elizak ere. Ez dugu porturik ikusi, ezta bila ibili ere.

Etxera ostean jabetu gara amorrazioz ba dela ibili garen kaleetako batean XVI. gizaldiko etxe peto bat, non kokatu duten gaelikoari buruzko erakusketa bat. Nahi genuen zerbait ikasi gaelikoari buruz, eta aukera paregabea galdu dugu. Hain zuzen gidalibururik gabe joatea erabaki dugu gaur. Kaka zaharra!.

 

Bizimodu erraza ez duen pertsona ugari ikusten da, sufrimenduzko edo arduratutakoaren bisaia duen jendea, barnera begira bizi direnen aurpegierak, bizitzak gogor hartu dituen gizakiak.

 

Atertu gabeko zaparrada izan da arratsaldea, ziri-ziri gozoa bidaian ez bageunde, ibiltari ez bagina.

 

280 kilometro, Highland lurraldean kokatu gaituztenak, lurron lehen ikuspegia jarri digutenak.

 

Ingelesak ere ez dira batere dotoreak. Mitoa da gentlemanarena. Jende arrunta, askotan bastoa. Lanean gogortutako herria. Herri zapalduaren zantzua ere nabaria zaio sarri: esplotatua izan den, esplotatua den, herriaren irudia eskaintzen du sarri. Langile esplotatuarena. Aberatsena da finezia, eta finezia hori bera ere azalekoa da, horri buruzko mila xehetasun aurki daiteke: inon kontura bizi dena ezin daiteke jatorra izan, gutxiago barne finekoa, itxurak itxura. Herri esplotatzailea izan da ingelesa. Kanpora eta barnera begira.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien:

* “Zeren nork bere lurra defendatzea baita gizonaren lehen obligazioa eta eginbidea, eta entsaiatzea nork bere lur galduaren berreskuratzerat”.  Gizaldiz borrokatu ziren lur hauetan hain zuzen, bizia ere eman zuten, lurra defendatzearren milaka eskoziarrek;  konortea galdu arte makilatu dute Parot Espainiako kartzela-zainek  lur galdua berreskuratzeko borrokatu izanagatik.

* “Zergatik egiten digute maiz irri bai espainiarrek eta bai frantsesek eta bertze anitzek ere, gure nazionea eta gure lengoaia dela kausa?”. Ulertzen ote eskoziarrok euskaldunon lehia?. Bestalde gaelikoaren aztarnarik ere ez dugu oraindik nabaritu.

 

 

Ekainaren 2a.  Larunbata.  32.a – E:10.a

 

“XX. mendeko poesia kaierak”.  Iñigo Aranbarri: “Baina abiatuak gaituk gaitun halere / basurdeen larrazkenean barrena / Denboraren gela hotzetara / Ustelbera direla jakinez”. Abiatuak gara bai, gela hotzetara gentozela jakinez, eta urte ustelberak zirela gureak genekiela.

 

Behin bakarrik pasa da trena. Eskerrak!. Sinetsia nengoen tren-hotsak lo egiten lagunduko zidala, traka-traka... “bazetorrek”, .... “bazijoak”..., eta norbera izara arteko epelean goxo. Baina hara non lurrikara batek astindu gaituen auzo gerta zaigunean, irabiagailua bihurtu bailitz etxatoia. Behin bakarrik  pasa da. Eskerrak!.

 

Egun ospelak Scotlandgoak. Haize hotza du lagun gainera  gaurko euriak.

Ez dugu txoririk kanpin honetan, ez ditugu ez ikusi ez entzuten, bertan, baina, agertzen zaigu tarteka buztanikara, txikitako laguna, gutxitan ikusi ahal dudana.

 

Maria gora, ordeka likitsa baino atseginagoa da dena ur den itsasadarra, iluna dagoen arren laino beltz eta euriaren eraginez.

 

Zuriak dira nekazal etxeak, orain artekoek ez bezalako argitasuna dute, nortasun ezberdina, falta zaie baina harrizko etxeen ukitu berezi hori. Biztanleriaren izaerak ote eragina etxegintzaren moldean, ala jauntxoren baten inposaketak, ala baliagarrien aukerak?. Argiagoak dira etxeak, baina latorrizkoak etxe inguruko eraikin osagarriak; ingurua, narrasa: nekazal giroko denekoa da hau: Austrian bertan, mendi barruko zenbait herritxo galduetan ere hala zen, ezinezkoa, zaila behintzat, da nonbait baserri ingurua txukuna izatea, soberakin gehiegi pilatzen zaio baserritarrari, simaurra ez bada belar hondarrak zein tresneria hondatua, zailak leku gordean estaltzeko. Baserritarra gainera ez dago begiluzeek zer esango, bizimodua ateratzeko lehia latza da bere ardura, ez kanpotik goazkionen esamesak.

 

Hasia da hauteskunde politiko kanpaina. Invernes inguruan ikusi genuen atzo lehen propaganda, gaur aldiz mendietako errepideetan ere aurkitu dugu noren ikurra den ez dakigun azpi horian marraztutako gorbata beltza. Ez da kartel ideologikorik ageri. Atzo ikusi genuen kartelak zioen: ”Bozka kontserbadore”. Tacherr ote?.

 

Pinua da nagusi,  mendi osoak dira pinudi. Errepide ertzeko basoak izeidiak dira, enbor lerdeneko izei sailak batzuk, alertzeen itxurakoak dira goikoetakoek hurretik ikusi ahal izan ditugun zenbat baso eta mintegik erakusten dutenez.

Itsasertzeraino heldu da zenbat bazterretan txilarra.

 

Errepideko edonon, goietako aldatsetan zein itsas alboko ordeka lauetan, kanpin aurrean kasu, plastikozko ontziak daude, han-hemenka elkar hur banatuak: gatza, hondarra  edo harri koskorra dute. Hotza da negua hemen, sarriak neguaren lagun elurra eta izotza.

 

Paregabea izan da gaurko ibilia. Kontazaila errepikakor bihurtu gabe gaur bizi izan duguna. Antzerakoak izan dira ikusi eta bizitakoak, baina aldi berean ezberdinak, baina aspertu ordez gozarazi gaituen ikuskizun errepikakorra.  Etorri, ibili, ikusi eta gozatu. Merezi du. Ez da erraza halako paisaia eta osagaiak beste inon aurkitzea.

 

Barrurantz ekin diogu Ipar Itsasoko itsasadar albotik, kilometro luzeetan egin dugu itsasadar kontrakoa, bazirudien ez zela bukatu behar ere mendiartez mendiarte urez estalitako mendi barrena. 30 kilometrotik gora ekarri dugu gurekin itsasadarra,  adarraren adarra ere. Berdea behar zuen Ipar Itsasorantz aldeko isurialdea, eta hala da, larre ugarikoa, sarriak dira beraietan zuhaitzak eta ardiak. Dena da ura. Aurrerago eta dotoreagoa iruditzen zaigu ingurua, jazz musikak berak goxotasun epelagoa du inguru honetan. Lurraldeko bestelako osagaiak, aldiz, orain artekoen berdintsuak dira. Zuhaitzetan ugaria da lizarra, goietan gerora mendi-magal osoak izanen dira urkidi, tontorrak, aldiz, pinudi.

 

Barrurantz egin dugu, Iparrerantz, hemen hasi zaigu ur-sinfoniaren bigarren mugimendua: errekak eta ibaiak jaiotzen ikusi ahal izan ditugu mendi-goietako bailara eta ordeketan; hainbat eta hainbat errekatxo jaiotzen, erreka bilakatzen eta ibaia osatzen; erreka zenbaitek urmaelak asetzen dituzte, lakuak gauzatzen; zenbait errekak  lakuan bertan du hasiera eta ondoren itsasoranzko bidean doaz mardulduz; mendi-gaineko ordekan doaz erreka-ibaiok, azal eta bizkor edo lasai eta bare, bere baitan bilduz eta kiribilduz bere ibilia bihurgune ia paraleloetan. Erreten eta errekatxoak datoz, ugari, hainbat eta hainbat, jauzi bizian mendi malkarrean behera, marra zuri bizi-biziez marraztuz mendi-magal iluna; ur-jauzi indartsuak datoz hurrengo, ibai handi batekoak haina ur ugariak haitzetan behera jauzi bertikalean, borborka apar zuri labainduz haitz edo harriartean ur-hots gorgarriz bilduz ingurua;  errekatxoa da. Ezin duzu asma nondik, ezin duzu sinetsi mendi magal haietatik, aurrean duzun handik, hainbeste ur atera daitekeenik. Egunotako euriek badute ziurki eraginik. Ez da kare-haitzezko mendia, ez du beraz leize zulorik ez zirrikiturik, ez barrenerako irentsi biderik, azaletik doakio ur guztia, isuri egiten da erreka-ibaietara erreten eta errekatxoetatik.

Gorantz goazelarik une batez ez dakigu aurkitu dugun ur-lautada itsasadarra ala lakua den bereizten, hain da luze-zabala mendiartean; aurrerago dena da laku, ur putzu eta ur-korronte. Mendia soildu da zuhaitzez, txilarra besterik ez dago, harkaitz gorria nagusituko da isurialdera aldaketaren inguruan. Bata bestearen ondoren datoz goi-bailarak, goialdetako ordekak, bakoitzak du bere lakua, lautadaren arabera handiagoa edo txikiagoa. Ura ez dena istinga da. Noizik behin bada etxeren bat, hotelen edo jatetxeren bat ere. Bada autorik, baita arrantzan dabilenik ere, zut bazterrean edo eserita bateltxoan.

 

Mendiko herri orok du bere hilerria, baina hemen ikusi egiten dira hilerriak, nabarmendu, hain geratzen dira begi-bistan hil-lauzak, zut, ezkutatuko dituzten hesi edo hormarik gabe.

Herri bakoitzak du hildakoei oroitarria: gerra, heriotza eta hilketa, herri orotan daude presente.

Ardien sukar-izurritea ere aurkitu dugu, hiru aldiz paradisua izan zitekeenaren paisaia ezin ederragoetan gainera.

Militar kamioi eta militar hirukotea aurkitu ditugu goi-lautadako edertasun eta bakardadean ere.

Landu berria ikusi dugun lur-zati bat: lur beltza da hemengoa.

 

Bonar Bridge. Ipar Itsasoko itsasadarrean, burdinazko bi borobil-erdik, bi arkuk, eusten diote zubiari. Zubiak berak ematen dio izena herriari, baina zubitik at badu bere nortasuna: irtentxoa dute etxeek, zuriz pintatuta leiho eta ate-bueltak, luzexkak dira teilatuko leihoak... badu etxe zuririk, bestelako jitea dute etxeek... Astunak, gogorrak, hitsak, zaizkit, erabat leunak, horma gris argikoak besterik ez diren herriok: Bonarbridge hau ezberdina da.

 

Gonaduna da oroitarriko soldadua, eskoziarren harrotasuna erakutsiz.

Geuretzat soilik utzi digute errepidea, erabatekoa da bertako lasaitasuna, etxeko epelean geratu da jendea,  guk autoko epeltasuna aukeratu dugu lurralde hau ezagutzeko.

Ness lakuan bagenbiltza guk geuk ikusi egingo genuen lakuko munstroa, hain dago beltz zerua, hain lausotua laku ingurua.

 

Erabat estutu da errepidea. Hau bai dela benetako errepidea. Oso bertako errepide mota. Oso estua da, ez da bertan beste auto batekin gurutzatzeko leku nahikorik. Bertatik bertara, sarri-sarri, zabalgunea du albo batera batzuetan, bestera hurrengo, “passing place” letrerotxoa dago zabalgune guztietan, aurrez ikusi ahal izateko bakoitzak nor baztertu behar den: “passing place”a hurren duena baztertzen da besteari bidea emateko. Zeharkatzean gidariek keinu adeitsua egiten diete elkarri eskuaz edo hatza jasoaz soilik bolante gainean. Elkar agurtuz doa ibilia bide meharrotan, bestearekiko gertutasuna bizi duzu, arduratsua zara errepideaz, ez baitago ziztu bizian joaterik.

Bide osoa ez da halakoa, baina bai tarte sarri eta kilometro luzeetan.

 

Rosehall. Hemen bukatu zaigu itsasadarra edo itsasadarra uste genuena: agian ibaia da zati hau, lautadako ibai barea. Zubipetik doakio erreka bizi-bizia. Etxe-ingurua edo soroa mugatuzko harrizko hesiak nabarmentzen zaizkio.

Peskari ugari dago bazterretan, kanabera eskuan eta kapusaia soinean.

 

Hemen hasi zaigu aipatutako sinfoniaren bigarren mugimendua.

Oinezkoentzako burdinazko zubitxo estua.

Tarteka mendi-gaineko ordekak, goi-bailarak, ez du ez bizitasunik ez bitxitasunik, halaz ere ederra da, nahiz autoz, mendiko ibilia.

Telefono kabina gorria mendi-mendian, bakarti.

Gorrixkak doaz urak erreka, ibai eta jauzietan:  mendiaren kolorea hartzen du nonbait, jasotzen duen lur-hondarrez, baina bada teoria edo zientzia datu bat: zenbait naturako zuhaitz eta berdegunek askatzen du nolabaiteko osagai bat ura gorrizkatzen duena, Hego Amerikako ibai handiak adibidez.

 

Atlantiko Itsasorako isurialdea hartu dugu. 998 metroko altuera duen mendi bat da inguruan. Lasterrera, itsasora hurbildu heinean, mendi handiak agertu dira, mendi malkartsuak, perpendikularki pendizak, errekarainoko amildegiak, ur-errekatxo apartsuen marra zuriz edo elur estaldurez edertuak. Mendi malkartsu biluziak ibai eta itsasadar gainetan.

Elur lekua behar du izan,  metalezko taket luzeek erakusten dute errepide ertzaren muga.

Sakelako telefono-hitz aspertuen bideratzailea den tantaia, inguruko tantai bakarra. Gu berriz  bidean edo mendian galduta lez, bakardade zoragarrian, ingurune paregabe honetan.

Etorri behar ginen bai hona.

 

Ledmore. Lurralde zabalean barreiatutako etxe bakan zuriek osatzen dute herria.

 

ATLANTIKOA

Aitatu mendi malkartsuek eta zuhaitzik ezak ematen dio ezberdintasuna itsasertz honi. Ez dago zuhaitz bat bera begi-bistan itsasertzean ezik.

Natura-guneko ibilbideek debeku-iragarpena erakusten dute. Izurritearen zantzuak.

5-7 graduko hozberoa. Ez dabil ia inor errepidean, etxezuloan dirau igandezaleak gaur.

Itsasadar sakonen bihurgunetako barrenenean babestuta daude belaontzi eta motordun ontziak, ez ditu itsasoak astinduko, natura zaie babesgunerik seguruena. Gune aproposa da ontziez gozatzeko, zabala eta bihurritua baita itsasadarron sarea.

 

Ullapol. Uda-herria edo turista-herria, etxeteria, kafetegi, hotel, denda eta antzerako osagaiak ditu albo batean. Portutxo xarmanta itsasadarraren babesean. Arrantza-ontzi txikiak moilaren babesean. Hemendik ateratzen da Hebridak irletara ferrya. Auto ilaratxoa dago ontzia etorriko zain. Portu inguruan gabiltza igandezale bakanak. Arrantzaleena behar duten etxe ilara zuri erakargarria, xarmantak bere ezereztxoan, teilatuko leihoek ematen diete halako goranzko bizitasuna

 

Malkorra itsasoraino heltzen zaizkion menditzar bizkar luze iluna da kontraste bizia itsaso ilunaren gainean. Hemen dena da Aizkorri.

Dena da ura, errekatxo eta ibai oro da ur-jauzi; zubiek ez dute graziarik baina inguruari tokatzen zaizkion harrizko sendoak dira.

Ugariak dira harrizko hesiak ere.

Ardien sukar-izurriteak kutsatua dago lurralde hau ere.

Izeia da nagusi zuhaitzetan. Mendiak biluzi daude, soildu gotorrak dira. Bada, itsasertzean arren, mila metrotik gorako mendi bat.

Mendi labar erraldoiak, amildegi beldurgarriak.

 

Itsasadar batetik bestera egiten dugu,  mendi-gain bati beste aldea hartuz. Elkarrekin nahastuta daude  itsasadarrak eta itsas muturrak, ez dakizu itsas muturrak diren ala itsasadarrak, ala bi gauzak batera elkarri izaera emanez.

Ugariak dira hondar argiko hondartzatxoak.

Etxe sakabanatuek osatzen dituzte herriak, teilatu beltz pikeko etxetxo polit sakabanatuak dira herriok.

 

Laide. Bizkaiko Laida-rekin oroitu behar nahitaezkoa, “a-e” desberdintasunaz harago ezik honek ez du hondartzarik, nahiz itsas kontra dagoen,  kokagune atseginean, polit; harkaitz iluna da itsasertz zorua.

Erre kolorekoak dira mendiak, ez dira mendi berdeak, agian urik ez dutelako, labain egiten dielako urak lurrazal azpiko harkaitz gainetik. Beheko lautada aldiz dena da  ur, dena da istinga, dena dago urez itoa, itoegia belar goxoa jaio ahal izateko.

Ikustekoa da kosta, dena haitz, dena ur,  dena irtentxo, dena golko, dena badia, dena harkaitz, dena labar... itsasadar zabalak, mendiarteko ur-biltegi izugarriak... Atlantikoko itsasadarrak luzeagoak eta estuagoak dira Ipar Itsasokoak hauek baino, baso eta mendiz bilduak, berdegunez inguratuak.

Arrain-haztegia izan daiteken  muntaia bat: zirrindola erraldoiak uretan.

Arrain asko dabil errepide ertzeko uretan, larre hesitutik ihes egin dutenak, kartzela barruan egonezineko ipurterreak.

 

Gairloch. Arestian aitatutako herrien jite edo egitura berekoa. Hondartza zabal ederra du, surflari bat bada gaur bertan,  eliza gotiko deigarria itsas kontrako gaintxoan. Zurezko portutxo nanoa, zurezko moila dela atrakaleku, ez du askorik behar ere naturak babestutako itsasertza baita.

 

Ez dugu itsaso zabalik ikusten, ez dugu Atlantikoa aurrez-aurre izan, itsasadarrak, fiordoak edo badiak ditugu beti begien aurrean.

 

Loch Maree. Luzera-zabalera handiko lakua, bukaezina, ez du ezer berezirik aitatzeko, ez bada oso atsegina dela bere ertzetik gidatzea.

Bigarren laku bat agertu zaigu geroago, aurrekoa bezain luzea, baina mapan agertu ere egiten ez dena.

Mortua izaten jarraitzen du inguruak. Mortua, baina aldi berean ederra, bizitasuna ematen dio bailara erdiko ibaiak. Ferrokarrila ere gurekin dator. Mendiz inguratutako lautada zabalak dira, lautada bare istingatsuak dirudite.

Aspergarri oraindik ez, baina monotono, astun, errepikakor, bihurtzen hasi zaigu jadanik paisaia. Nekearen ordaina.

 

IPAR  ITSASOA

Garve. Ipar Itsasoko giroan sartu gara, azken egunotako ohizko berdegunetan.

Strathpeffer. Bainu-herria: ostatu, hotel, jauregitxo eta eraikin dotore ugarikoa. Harri gorriko bi eliza, gotikoa bata, erromanikoa bestea, egitura bikaineko erakargarriak biak, biak sendoak.

Contin.  Kriket partida jokatzen ari ziren, parafernalia osoz, baita bizitasun osoz ere.

Dingwal. Harri gorrizko herritzat aitatu behar, ugariak badira ere etxe zuriak. Herri alaia etxeen egituraz,  bizi-bizia zebilen jende kopuruaz. Bada abere merkatua ere, abere biltegi zabala baitu.

 

Kanpineko itsasadarrean sartu gara; atzo heldu ginen, baina etxean bezala sentitzen gara, inguru ezagunean gutxienez. Goizean dena ur, itsaso, utzi duguna, zabalgune likits marroia besterik ez da orain. Petrolio putzu edo muntaiak ere lagun ditugu, ezagunak behintzat, lekua dute gure egunotako paisaian.

 

Igandezale gutxi zebilen gaur, etxeko epela gustukoagoa du eskoziarrak. Autoko epela aukeratu dugu guk.

 

Orain arte ez dugu Bretainia Handian zabor mota ezberdinak biltzeko biltegi edo aukerarik ikusi. Zaborrontzi denak dira berdinak, kanpinetan ez ezik kamino-bazter eta herrietan ere. Agian bada hirietan zabor bereizketa, baina gu ez gara jabetu.

Harrizkoak dira jauregiak edo gaztelutxoak, etxeak aldiz zuriak.

 

322 kilometro, urez inguratutakoak, kilometro askotxo, baina nekea neke, geure baitan sentipen baikorra utzi digutenak.

 

“Henriren irudia”. Pablo Sastre: “Ez zuen kale hura ezagutzen”. Kale eta errepide ezezagunetik dabil beti bidaietan ibiltaria. Ezagutzen ditueneko beti datorkio leku berri batera alde egiteko ordua. Toki ezezagunak dira, definizioz, bidaiariaren ibilbideak.

 

 

Ekainaren 3a. Igandea.  33.a – E:11.a

 

“XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri.

* “Baso hurbilenari kantari / Barnetik atera ezin dudan aingerua...”.  Nire ezinetako bat. Bidaiotan ikusi eta sentitutakoa azaldu nahi nuke, baina  ezin dut. Eguneko ibili bakoitzaren arrats bakoitzeko nekea gehitzen zaio nire ahalmen urri eta abilezia eskasari.

* “Potosi biluzi horretan”. Zenbat Potosi biluzi aurkitu ditugun bidaietan. Zenbat El Dorado oparo ere.

* “Emeki biluzten arratsa”. Zenbat arrats goxo Etxarriko leihoko Hegoaldera goza ezin ditudanak. Ordez Eskoziako lurrez gozatzen dut.

* “Azken finean irla, / Untzia, Hondartza, / Agurra, Ohantzea, /Aurrez ezagututako / Bidaiaren baitan dautza”. Barne bidaiak ematen dio neurria, harriduretan, gozamenenetan, bizipenetan, ezagupenetan, errepidez errepide, kalez kale, gure joan etorriari.

 

Nahiko argia zegoen gaua 10ak eta erdietan lainoek eguzkia estaltzen zuten arren; goizeko ordu bata eta erdietan nahiko argi zegoen eguna jadanik, Ipar ortzian alderik alde ageri zen urre-argia eguzkia iragarriz. 3 orduko gaua izan dugu beraz. Ordez, luzeak eta gogorrak behar dute hemen neguko gauak.

Paraje hotza da, haize hotza dabil, eguraldi latzekoak dira udaberriko egun luzeak eurak ere, gizaki gogorra behar du izan eskoziarrak.

 

Atlantikora eta Ipar Itsasorantz dugu gaur ere ibilbidea

Atzokoaren antzerako ibilbidea dugu, Iparreko Itsasora joko dugu, ez dakigu Ipar Itsasoa ala Atlantikoa den tartera, bertako itsasertzean ibiliko gara, ondoren Ipar Itsasora itzultzeko. Gaur ere ez dugu oinezkorako aukera handirik, autoz izanen da egunekoa: eguraldia alde batetik: honek mendiz mendi oinez ibiltzeko aukerak erabat mugatzen dizkigu, bestalde sukar-izurriteak ezinezkoa  eten du goi-lautadetako oinezkoa.

 

 

BEHE BAILARAK

Ateri atera gara. Itsasadarra zeharkatuz ekin diogu bideari, urezko ordeka zabala, baina batez ere luzea.

Atsoko osagaiak eskaintzen dizkigu gaurko paisaiak ere: Ipar Itsaso aldeko bailara berdeak, izeidiak, goi bailaretako ur-sinfonia, mendi soilduak, txilardiak, mendi-bailara mortuak, eta Atlantikoko itsasbazterrak mendi biluziz bilduak. Laku zabal luzeak edo ibaiak bide osoan lagun eta auzo. Ia bide osoa gurutzatzeko “Passing place” behar duen auto bakarrarentzako errepide estua. Izurritearen presentzia edonon, inguru idilikoetan oraindik mingarriago: “Hanketako eta ahoko gaitza” diote esparruetako sarreretan jarritako debeku edo “kontuz ibili” oharrek.

Bela piloa ikusi ahal da noizbehinka zelaietan, dozenaka batera, ardi eta behiekin nahasi.

Izeidiaren ondoren urkiak darrai ugarien.

Txabolak dirudite, baina antzinako etxetxoak dira, harrizkoak, txikiak, tontortxo baten gainean uretik ihesi-edo asko; etxetxoaren beraren antzerako eraikina dute askok jarraian, lotuta, tximiniarik gabe, korta da seguruenik. Mortuan, mendiak, txilardi eta lautada istinga: izugarri gogorra behar zuen hemen bizimoduak.

Harrizko harresiak, ugariak tarteka, lurraldea banatuz sail askotan: halako nortasun bitxia ematen diote lurraldeari.

Harri asko maldetan, baita belartzetan ere; dena da haitza, zelaietan ere: menditik eroritakoak, agian agerian geratu diren azpiko haitzen ertzak.

Ardi batzuk badabiltza, baina pobrea behar du izan lur honek.

 

Lairg. Inongo graziarik gabeko herria, etxe solte mordoa urtegitxo baten inguruan eta urtegi handiaren horma pean. Harrizkoak ez diren etxeen horma zarpeatuak eurak ere gris ilun edo gorrizka ilun pintatuta daude.

 

GOI BAIARAK

Urtegi bihurtu dute lakua, ur-edukiera handituz hustu-gunean jasotako horma garaiarekin. Izugarri zabala eta luzea bilakatu da laku-urtegia, kilometro luzeetan egin diogu lagun ertzetik. Ez du apartekotasunik, baina zirraragarria da halako ur pila mortuan!. Erreka eta ibaitxo pila datozkio mendietatik, sekulako ur-jauziak ere mendian behera aparrez marraztatutako bide luzean.

Txahal iletsu gorriak erabat maitagarriak gertatu zaizkigu larre batean. Hortik aurrera ardia izango da gaur ikusiko dugun abere ia bakarra.

Eta bi jeep militar ere hor izan ditugu errepide galduotan.

Erakargarriak  dira bide bakarreko errepideok: lasaiago joan behar duzu, bidea eman behar diogu elkarri aurrez gatozenok, diosala egiten diogu elkarri gutxienez hatza jasoz bolantetik.

Ardi askori erortzen zaio ilea: zenbait ardik soilgune zabalak ditu, badira ipurtaldea erabat soilduta dutenak, besteak aurrealdea, bestea erdi biluzik dago, beste hark tankredo bat dirudi, bada halako jite bitxia duenik ile multzoa tatarrez daramala, zelai berdea bera multzo zuriz estalia dago sarri. Ez diete nonbait ilerik mozten, ezin babesgarririk kendu edo lurralde hotza denez, berenez erori eta berritzen zaie.

Estu eta mehe doa lakua mendiartean.

Une batez ez da ardirik ere: hil egin dituzte izurriteagatik, agian ardiek eurek ezin dute Iiraun goi-bailara istingatsu hauetan. Txori edo hegaztirik ere ez da ageri inon.

Hotel bakarren bat, xumea bera ere. Izan daiteke laku ertzean txalupaz ibili edo oinez paseatuz  egun lasaiak emateko paraje lasaigarria. Bakardadeak izutzen ez duenarentzat.

Arrain-haztegiak badira lakuetan, atzo itsasadarrean ikusi genituen zirrindolen antzerakoak, baina txikiak.

Ibaien iturburuetan aurkitu gara azkenik. Hain bertatik, hain garbi, dakusagu errekak jaiotzen!. Erreten pila sortzen da lehenengo belar garai eta txilar artean, errekatxoa osatzen dute gero, erreka koskorra ondoren  eta azkenik hasiz doan eta ibilbidea lakuan bukatuko duen ibai zabal axala. Erakargarria. Sarri laku batek beste batekin lotzen du, garaiera paretsukoak biak,  erreka baten bidez, goikoa behekoan hustuz. Ipar Itsasorako zein Atlantikorako isurbide bietako ikuskizun hura bera.

Uraren sinfonia ez da begien ikuskizuna soilik, entzunkizun ere badira, ikusizko eta entzunezko sinfonia dira ur-jauzi eta ur-lasterrak, ur-hots ozenek asetzen dute airea, ur-hotsa besterik ez da tarteka erreka ingurua. Une batez lakuaren bestaldeko ur-jauzi erraldoiaren burrunbak hartu gaitu bestaldetik begira geratu gatzaizkionean.

 

ATLANTIKORA ISURIALDEA

Euritsua bihurtu zaigu ateri zen goiza, eta ez digu atertu eguerdiraino.

Lakua aurkitu dugu; goian jaiotzen  eta bidean gizentzen ikusi dugun ibaia galtzen da bertan: zenbat ur pilatzen duen tarte motzean!.

Zuriak dira orain etxeak, aparta gainera zenbait etxe: bada hemen etxea egin duen ondo-bizi edo politikorik. Umel, lainotsu, ilun, lanbrotsu, misterioa dario lakuari, sorgindua dirudi inguruak, mendi malkartsuen oinetan: munstroa ikusteko egun ezin aukeratuagoa dugu. Bere xarma du eguraldi ximel honekin lakua ikustea; arraz ezberdina behar du izan eguraldi eguzkitsuarekin. Haitz biluziak pikoan datoz, malkar, laku gainera. Mendi-malkorrak zirimiripean ia ikusezin, ur ganduak ia estaliak, ur azala ere ilun... xarma du.

Zain zuriko grisaxkak bilakatu dira haitz gorrixkak, badirudi norbait ibili zela haitz-malkorrok pintatzen.

Bakardade erabatekoan goaz. Igandezaleak eurak ere ez dira ausartu gaur honantz.

Oholezko hainbat txabola eta etxe aurkitu dugu, dotoreak eta berriak dira etxeak, ofizialtasun kutsua darie, agian hotelak dira, baina aspaldikoak dira zenbait txabola, inguruko berezitasuna. Izan zen hemen hormak oholez egin edo babesteko kultura, pobretasunak, agian eraginkortasunak, bultzatuta.

Sukar izurritearekin kontuz ibiltzeko oharrak  sarbideetan.

Lakua utzi ondoren, erreka zabal garbi ederra dugu lagun, lakuaren hustubide.

 

Laxford Bridge. Zubia besterik ez da herri uste genuena mapan, erakargarria gertatzen da zubia bera, bai inguruagatik bai azpitik doakion ibaiarengatik. Bidegurutzea ere bada.

 

Itsasoa. Ezin mapatik jakin zein itsaso den. Itsasoa eta mendi malkarrak elkar kiribiltzen dira, elkar lotu, elkar besarkatu, elkar bihurritu, elkarri lekua egin edo kenduz, mendi eta ur sare trinkoa osatuz: ikusi egin behar da, zaila da hitzez agertzea, zaila ikusi gabe irudikatzea.

Ez dakusagu itsasorik gaur ere, itsasadar mehar bihurrituok soilik, han urrutitxo, itsasora irtentxoak soilik antz ematen ditugu. Barrurantz berriz dena da mortu, dela mendi edo laugune. Txilarra besterik ez da, ez da zuhaitz txikienaren arrastorik ere, ezta sastrakarik ere. Eremu, mortu, gorria. Eta gordina, dena da berdea, baina dena istinga, urak itotako belar-gune latza.

 

Durnes: Diuranais jartzen du parentesi artean, lotsatuta irudi, baimena eskatzen bezala: gaelikoaren lehen agerpena. Lotsati dabil hemen ere antzinako bertako hizkuntza.

Herria bera lau etxetxo besterik ez da, harrizko etxeak eta etxe zuriak, etxe bakanak, arbel beltzeko teilatu pikeak ohi denez.

 

Egin dugu topo azkenez itsasoarekin, aurrez aurre dugu. Hondartza hori luze ikusgarriak ditu, baina ez da hondartza zaleen girorik, ez da kafetegirik, ez egonlekurik, ez ezer, hondartza soilik eta hondartza gainean basamortua eta labar gotorrak.

Baina bada turista-gune: jatetxe, aparkaleku eta  etxetxo berri dotoretxo ugari dago sakabanatuta inguruan. Igandezaleen jomuga eta opor-leku.

Harri-hesiak dira ugariak, horma berdin eta garaiak, ganoraz egindakoak: harresien sinfonia.

 

Laid-Leatajai. Barka eskatuz hemen ere, baina sartu da nonbait gaelikoa, ala atereaz doa?.  A falta zaio izenari Bizkaiko LAIDA izateko, baina haren hondartza badu behintzat. Itsasadar ertzean kokatua.

 

Luzea eta zabala da itsasadarra, irla luze bat du erdian, erdi-erdian zulo zabala duen penintsulatxoa ere. Bada gerra garaiko gertakari edo istorioren bat fiordo edo badia honen inguruan, alemaniar gerra hegazkinekin, agian urpekariekin ere, lotuta.

Ibilbide aparta. Itsasoa bertan ez balego esango genuke mendi-mendian gabiltzala, mendi mortuetan,  itsasora begiratuz, aldiz, ezin esan bizkarrean mendi eta itsasertz mortuak ditugunik.

Hara non ardi beltz-beltzeko artaldea bazka bila mortuan.

Baseliza bat zuri-zuri itsasgainean. Eta  militar jeepa lur-adarra erdi-erditik zeharkatzen duen basamortuan. Botere bien ezaugarriak.

Atertu zaigu.

 

Tongue. Malda berdeko herritxo zuri-grisa. Azpian maria-beherako Laida bera nano uzten duen hondartza, harkaitz katea delarik itsas zabalerako ate eta itsasoagandik babes. Sekulako ikuskizuna. Zubi batek zeharkatzen du hondartza.

Hemen eman digu agurra gaurkoz itsasoak.

Ez da herririk goi-landetan, oso guti goiko itsas lurretan: nor eta nondik bizi hain lur ezkorrean, giro hain hezean eta eguraldi gotor hauekin?.

 

IPAR ITSASORA

Lakua eta ur-sinfonia inguru mortuan, berriro ere.

Aurkitu diogu erantzuna egunotako jakin-nahi bati: irakurria nuen mendiko zerbait erretzen zutela eskoziarrek etxeko suan. Txilarra izan ote geunden, hain baita ugaria. Gaur argitu dugu erantzuna: txilarrak ondu edo oratu duen azpiko lur trinko iluna da zopizar antzerakoetan ebaki eta eramaten dutena. Adreilu forma dute zopizarrok, lauki nahiko sendoak;  harrobitxoa bailitzan, ezponda bertikalean ebaki eta zati berdinetan ateratzen dute. Badirudi lehortzen uzten dituztela, mendian bertan edo etxe inguruan. Hainbat lekutan ikusi ditugu lurrezko laukiok.

 

Altnaharra. Lau etxe solte kokagune aukerakoan.  Hiru begiko harrizko zubi luzeak zeharkatzen du ibaia, axal doa baina hastean edo uholdeetan erabat zabaltzen da nonbait, zubiak erakusten duenez. Ekarri dugun lakuaren ertzean datza, gorantz batean.

 

Deigarria izan da bi isurialdeen muga bereizten joatea, ez baita erraza zenbait lekutan lautada dirudi eta: oraingoan goi-bailara zabalean izan da, ez gailurrean lehen bezala: errekei begiratuz bereiztu behar dituzu bi isurialdeak, ez da sarri erraza, errekatxo auzoek norabide ezberdina daramate  zenbait unetan tontortxo baten arabera.

 

Crak. Herria uste genuena, bi etxe besterik ez da, bietatik bat hotel bihurtutako etxebizitza.

 

Izeidi-sail ikaragarriak: dozenaka kilometrotako bailara osoa, zabala eta luzea, dena da izeidi; sail handiak daude arraz botata, arramak usteltzen utziak, sail zabalak landatu berriak, beste batzuk koskortuak...  altxor zaindua da bailara hau, mendia berreskuratu ez ezik diru iturri bilakatu dute.

Nekazal etxe bakarti eremutarra lautada mortuaren erdian, ez du lur landurik inguruan, irlatxoa da basamortuan.

Zubitxoak lautadan, ugariak, bidea emanez errepidekooi erreka gainetik.

Eta gaurko bigarren jeep militarra bertan.

 

Irakurri dut, agian gidaliburuan, ahalegin berezia egin dela, egiten ari direla, lurralde hau suspertzeko. Zer ote zen lehen?. Gerra mutilak eta emigranteak, beharko!.

 

Lairg. Bukatu zaigu “passing place” dun errepide estua.

Behe honetan ere ez dabil jenderik errepidean.

Bonard Bridge. Dotore agertu zaigu gaur ere. Atera diot argazkia etxe ilara xarmantari eta euskarri borobileko burdinazko zubiari.

Ardgay.  Hemengo oroitarriko soldadua ere gonaduna da.

 

Itsasadarra zeharkatuz hasi dugu ibilia, itsasadarra berra inguratuz etxeratu gara. Ateri atera garenean, ateri etxerakoan, bustia izan zaigu tarteko erdia.

 

Hilerri bat harresi batez bitan banatua: heriotzak parekatu egiten duela gizakia esan ohi da, ez da egia, banatu egiten du heriotzak ere, bakoitzak sinesten duen jainkoaren arabera.

 

278 kilometro, atzokoen antzerakoak, merezi zuten!.

 

Ez dugu saltoki eta denda handirik ikusi egunotako ibilietan: bada agian lurraldearen ahalmen ekonomiko ahularen ezaugarria.

 

Ikaragarrizko barne-astindua jasan dut: etxeratu bezain laster diru-zorroa galdu dudala uste izan dut, dokumentazio eta diru-txartel guztiekin. Zer egingo desesperatuta nengoela, kanpineko arduraduna etorri zaigu diru-zorroa bulegoan utzi dudala eta!!!.

 

Birigarroa izan dugu bisitari leiho aurrean, txori bakanetarikoa kanpin honetan: marroi argia motadun lehoinabar papar argiarekin. Begira egon natzaio: bere irudia gorde nahi dut, ezbaian izan baitut zenbait zozo nabarren aurrean. Txikitako laguna, bere etsaia ere izan nintzen eskopetarekin nenbilenean, ez dut nahi ezabatu dakidan bere oroimena eta irudia.

 

“Henriren irudia”. Pablo Sastre: “Galduta dabil Xan bere herrian, kaleak eta jendea gogoratu nahiz”. Hala ibili ohi gara planoan eta gidaliburutik soilik ezagutzen ditugun herrietan, pausoa nondik bideratu ezinik.

 

 

Ekainaren 4a.  Astelehena.  34.a – E:12.a

 

“XX. Mendeko Poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri.

* “Urrun itsasoaren maindirea / 203 garren gelan”. Urrun Sakanako gizadia gure 8. Partzelako etxatoian. Aldi berean hurbil.

* “Duela 85 urte hil zuten / bi hamarreko besterik ez zituela / urruna deseatzearren”.  Urruna desiratuz biziberritzen gara urtero udaberrirantz.

* “Morturik gotorren ama tolle suzanne”. Highland Iparra mortua gotor iltzatuko zaigu oroipenean. Amodio eta ohatzeko beroa behar zuen eskoziar gizonezkoak  bertan bizitzeko euskarri. Eta garagardoa. Baina emakumeek?.

 

Haize bortitzarekin esnatu zaigu eguna, bortizki haizetsua datorkigu ibilia.

Buztanikara dut bisitari gaur ere,  Etxarrin ia ikusezin zaidan txoria, umetako lagun galdua hau ere, hemen berraurkitu dudana.

 

Azken ibilia Eki Highland-en.

 

Oso axala da itsasadarra inguru honetan: huskeria bat beherantz itsasoak, eta  dena da lokazti.

Goranzko gutxira, gurekin ditugu mendi malkartsu, haitz gorri eta txilar mendiak. Itsasoaren eta mendiaren arteko bailara berde atseginak. Larrea da nagusi lurrotan, ia erabilpen bakarra; ardiak dira larreko bazkaltiar ugarienak. Dotoreak dira harrizko hesiak, zuzen eta taxuz eginak, berdin tolestutako harriz, aurpegi leunekoak; burua edo gaina aldiz ertz zorrotzekoak dira, punta-luze tolestutako harriez bukatuak, harrizko arantza-hesia irudi. Lur lauak,  bustiak hemen, joriak han. Ugariak dira etxe zuriak, etxe berriak dira zuriok; baina, hor diraute aspaldiko harrizko etxetxoek, estu eta moskote, bi aurpegi estuenak tximinia-hormaz luzatuta.

Ibilbide atsegina.

 

Golspie. Herri koskortu itxurosoa, atsegina, bihotza kuzkurtu ordez begiak alegeratzen dituen herria. Harri gorriko, harri griseko, zein zuri pintatutako etxeak ditu, txapitulak teilatupeetan, parkea... Badu hilerria, badu gaztelua, baina ez diogu kanpinik ikusi. Izugarrizko parke eder zabalak, arboladi eta berdegune, inguratzen du gaztelua.

 

Kukuka bezala daramagu itsasoa, orain ikusten dugu, orain ez, aparta agertzen zaigu berdearen eta urdinaren kontraste aparta goitik hartzen dugunean.

 

Brora. Ibaiak ematen dio izena, kolore ezberdinez pintatutako txapitula-leiho ugariek, fatxada eta teilatu ezberdinek, sarreretako aterpetxoek egiten dute herri alaia. Iragarrita du  portua, baita Whisky  distilategia ere.

 

Militarren jeepa!, bakearen aurka bakearen izenean.

Eliza bakartia itsasgaintxoan bakarti, eliza gotikoa. Banaka-banaka ikusi ahal ditugu han-hemenka: horrelakoak dira herrietako elizak, harrizko gotikoak.

Sekulako luze eta aparta eginak dira esparru bateko harri-hesiak, alde bietara, alderik alde, luze eta zabal, berdegunea partekatuz. Otadiak ere sail zabalak dira mendi barrenetan, otea eta txilarra lehian baileude nork nori lurraldea jango.

 

Helmsdale. Ohiko herria, badira gorriz pintatutako ate bueltak, berezia da eliza-dorrea; portua, behar bezalako ganorazkoa, serioa. Tontor batetan erloju handia duen monumentu-monolito-dorrea.

 

GOIBAILARA BIDEAN

Auto bakarrentzako errepide estutik egiten dugu goiko itsasora artekoa, gidariok elkarri bidea emanez eta keinuz diosala luzatuz. Ibai zabal bizia eta axala harri gainetan labainduz  izan dugu hur-hurreko lagun,  errekatxo ugari lasterrak harri gainetan jauzika ikuskizun. Berdegune zabal eta larre dira errepidearen alde biak. Ugariak dira ardiak: sugeak azala bezala ilea galduz doaz, itxura bitxiak erakutsiz, ilea dariela, gorputz erdia soildua, aurrea zein atzea, zein sabel azpia.... Ugariak dira peskariak: gure adineko gizonezkoak, asteguna ere jai dutenak. Antzinako harrizko etxetxoak, bikoitz bihurtuta jarraiko etxebizitza eta kortarekin, zati biak antzerakoak, tximiniagatik ez balitz biak berdinak. Txilar-mendiak. Zurezko zein harrizko zubiak, sendoak edo zintzilikatuak. Zenbait izeidi. Nekazal etxeak tarteka, zuriak asko, tarteka txukunak, ederrak. Urkidiak dira ibai ertzeko zuhaiztiak.

Ez du aparteko zirrararik bidaiak, baina atsegina da, lasaia: ibaiak ematen dio erakargarritasuna, deigarria da ibar berdearen eta goi arreen kontrastea. Harrizko hesi ugariek ere ematen diote gatz puntua bidaiari.

Errimeak izan ditugu errepidean zapaldutako untxiak gaur ere. Untxi bat atera zaigu geuri ere errepide nagusian, ikusi dugu ere kaioa basamortuan untxikumea mokoan duela. Izan da basahuntz talde bat arbola azpi batean nekazal etxe ondoan, hesirik gabe: nora ihes egin goietan txilarra besterik ez baitute. Langaz itxi daiteke errepidea, nolabait kontrola ahal dute gune batetik besterako animalien pasoa; errepideko zoruan, tarteka ugarian, jarrita daude burdinazko haga edo sarez estalitako zuloguneak ere.

 

MENDI-BAILARA

Larre istingatsua joan zaio nagusitzen belartza joriari, gorago eta hareago. Bailara ikaragarri  zabalak dira goiko larreok, mendi garai borobilez inguratuak. Basamortu gorria da gainalde dena.  Dena da txilar. Mortua da dena. Erditik zeharkatuz, ibaiak ematen dio bizitasuna inguruari. Nekazal etxeren bat, etxe-bueltan inguruko zuhaitz bakarrak, ez baita beste zuhaitzik ageri, ezta sastrakarik ere. Urrutiko mendiak dira bailararen muga. Behean hesiz gordeta zeuden ardiak, gorago eta askeago aurkitu ditugu bide bazterretan bere kasa. Jada goietan, ez da ardirik. Elur lekua da, elur-ziri luzeak erakusten dute errepidearen muga.

Trenbidea ere gurekin ekarri dugu, trena izan dugu ikuskizun zirraragarria, barne astindua eragin digu goialdeko bakardade eta isiltasun hartan trenak eta tren hotsak. Ia sinetsi ere ezin genuen egin sugegorria bailitzan agertu zaigunean basamortuko ertzean marra koloretsua, guregana hurreratuz eta triki-traka soinuz ingurua bilduz.

Harridura osatzeko, hara non bi basahuntz basamortu erdian!!!.

Trenbidea eta komunikabide dorrea dira zibilizazioaren ezaugarri bakarrak basamortu honetan.

 

Kinbrace. Mendi-mendiko herria, mendi galduko herritxoa, dozena erdi etxetxo besterik ez da. Ibaia doakio albotik, eta trena datorkio bertara. Katakiak, enarak, ere azaldu zaizkio: bertan ikusi ditugu aurtengo lehenak.

 

Alde egin digu trenak, ez dakigu norantz.

 

Lakua. Ez da atzokoaren neurrikoa. Zabalgunean sortzen da, eta ibaiari ematen dio sorrera. Bi laku dira izan: gorenekoak isurtzen du behekorantz gainezka egiten dion ura. Etxe bat da bere inguruan, ardiak etxe inguruan: landetxea da seguru aski. Latza behar du bizimoduak hemen!.

 

Mugarritxo batek adierazten du nolabait errepidearen gorena, bertatik hasten da goiko itsasora, Atlantikora?, isurialdea. Ibaiaren iturburua ikusi ahal dugu berriro, ez da laku batetik hasten, erretenetan hasten da, ondoren  gizenduz doa: ez du eskaintzen atzoko ibai-buruen ikuskizunik, baina zirraragarria zaigu ur-korrontea errekatxo sortu eta ibai bihurtzen ikustea zure ibiliarekin batera. Garbi-garbi ageri da ibai-sorburuaren egitura.

Natura-gunea dugu ibilbidea, behean bada aholkularitza-gunea.

Bel-beltza da lurra, belar azpiek eta erreten ertzen erakusten digute nabarmen azpiko belztasuna. Zubi txiki pila, erreka eta ibai gainetik autoei bidea emanez. Etxe bat noizbehinka, txilarra bera bezain iluna. Txilar artean haitzak, txilar koloreko ilunak hauek ere. Haizpitarte mehar motza, “Kolorado” nanoa goi-bailara honetan, ez izugarri deigarria baina bai bere nanoan xarmanta. Lurra ateratzen dute hemen ere lauki zehatzetan, erregai erabiltzeko.

Beherago eta berdeago egin zaigu natura, bigunagoa da larrea, kolorez ere ezberdina,  baita bertako belar motaz ere; ugariagoak dira etxeak, ugariagoak animaliak...; zuhaitzik aldiz, ez da agertu, pinudi galduren bat ez bada; urkirik ere ez da hemen, etxe-bueltaren batean ezik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.