Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bretainia Handia 2001

Bretainia Handia 2001

Jon Etxabe 2022/10/03 10:35
Eskozia: ABERDEENSHIRE – MORAY ABERDEEN. Macduff. Banff. MORAY COUNTRY. Whiskyibilbide, Elgin, Aberdeen, Frasenburg, Peterhead.

ABERDEENSHIRE – MORAY ABERDEEN. Macduff. Banff. MORAY COUNTRY. Whiskyibilbide, Elgin, Aberdeen, Frasenburg, Peterhead.

 

Maiatzaren 28a.   Astelehena. 27.a-E:5.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre. “Eternitateak tentatu egiten gaitu / ... / Nola tematzen garen nahiz eta jakin / behin-behineko gaudela hemen, / nola tematzen garen behin betiko”.  Plazetako estatuei eta elizetako jauntxoen irudi tailatuei, edo hilerriko hilobiei, edo S. Andrew-ko harginen firma zizelatuei, edo  bikoteen umeei... begiratu besterik ez dago tematze hortaz jabetzeko. Kosmosean, naturan, behin betirako iraungo dudala segurtasunean  dut jarrita nire gaurko behin-behinekoa. Izarren hauts. Ez da ameskeria, errealitatea baizik. Auskalo zer eginen duen naturak nire atomoekin milioika urtetara, baina eternitatearen zati bat naiz, eternitatetik nator, eternitatean nago, eternitaterik bada..

 

Goizeko lauretan gorri-gorri zetorren eguna jadanik, zuhaitz ostean, arratsean eguzkia sartzean gorri ikusten dudan leku ingurutsuan: atera eta sartu nahiko inguru berean egiten du nonbait goialde hauetan eguzkiak.

 

Kanpin aldaketa eguna. Goiko lurraldean sartuko gara, goialdeko lurretan. Ikusmina dugu.

Goiz atera gara, eguzki ederra lagun.

Herenegun ikasi genuen bidean bertan, orduan hutsik egin ez genion une berean egin dugu kale gaur, okerretik hartu dugu bide-gurutzean!. Hara non ondoren Edinburgoko bihotz bihotzean gauden, gure etxatoi eta guzti oraingoan. Princessa kale ertzetik, Queen kale dotorean zehar, adreiluzko eraikin dotoreak berriro ere miretsiz. Lehengoan autoz soilik, galduta ibili ginen kale arte  osoan ibili gara gaur berriro, gure etxea garraiatuz ordea gaur, borobilez borobil, kale-gurutzez kale-gurutze, zirkulazio bizienak irentsita, auto uholdean barrenduta, hiriaren zurrunbiloak bete-betean harrapatuta, zurrunbiloaren begi-begian, norabidea iragartzen zigutela pozik baina berehala noraezean berriro. Baina atera gara, onik atera ere, oraindik bizi zaigu sena.

 

Errepide-zubiaren  tantai erraldoia ikusi dugu gaur lehenengo, tren-zubia aurretik,  zuhaitzen gainetik, bitxi, deigarri, lehenengoan bezain zirraragarria da zubia bera ikustea ahalbideratzen duen ingurua ere. Iparraldera doanak soilik ordaintzen du zubi-saria: izan ere irla izanik, doana itzuliko da noizbait, eta datorrena ere itzuliko.

 

Cairnwell Pass edo Devil´s Elbo, Deabruaren ukondoa, deitzen da daramagun inguru, Bretainia Handiko errepide-gain garaiena, 665 metro: ez gara baina bertatik pasako.

Oso ugariak dira Eskozian ere golf zelaiak, Ingalaterran antzera.

 

Gidaliburuak dioenagatik, lur mortuak izango genituela ibilbide uste izan dugu, baina berdeguneak ez gaitu utzi bidaia osoan. Ez gaitu utzi ordeka zabalak ere: izugarri erakargarria dira ordekok goi batetik ikusten ditugunean. Ohizko osagaiak daude ordekan, larreak eta larrean behiak edo behiak baino ugariagoak diren ardiak hemen, gari-sail edo koltza-sailak han, baso-kaskoak edo zuhaitz bakartiak edo ilaran han-hemenka; zaldi guti, noizbehinka soilik, eta ia beti binaka; etxeak, ilunak, austeroak ez beha-leiho  ez inolako irtenik, horma leunak bao-gunekin, besterik ez dira eraikinok; ez da etxe ederrik ageri: aberatsek ez dute aukeratu lurralde hau bizitzeko.

Gaztelua iragartzen da sarri turista eta igandezaleen amu. Hondakina besterik ez omen da gaztelu asko. Garai batean handiki eta jauntxoek aukera zuten lurralde hau bizitzeko herria zamatuz, gazteluan gordez, herriaren beldur agian. Edo etsaien beldur. Gerra-gunea zen nonbait, hainbeste gaztelu egoteko.

Beti da mendilerroren bat urrutietan, ordekaren amaieran, mendi borobil leun garaiak dira lautadari aaia jartzen diotenak. Mendilerro bat zeharkatu ondoren hor dugu ordeka berri bat eta bere bukaeran mendi-lepo luzea alderik alde. Txilarrez ilun daude mendion gain batzuk, besteak aldiz pinuz berde. Elurra ageri da arrasto luzeetan Gram Pian mendietan, maldan beherako mendi-zulo barrenean.

Laku bat izan dugu lagun, itsasadartzat hatu dugu lehen ikusian: berdegunez inguratua,  ikuskizun paregabea agertu zaigu, bidaiaren bizipoz. Trena ere izan dugu bidaia-kide une batez, ordeka erditik lehenengoz, alboan gero Dundeen, eta  tren-zubia zeharkatuz gure gain-gainean, Huhtly-n. Kolore gorri lila zuri eta berdea txukun nahastuz pintatuta dago trena, itxura atsegina eskainiz.

Otadiak diraute bidaia osoan, Eskoziako paisaiako osagai ezinbesteko, loran hori daudenez, ezten zorrotzen biluztasuna kolore horiz leunduz.

 

Perth. Aspaldi ikusi gabeko labar perpendikular garaiak; mendi-horma gorriak ditugu belardi leunez ordez. Itsasadar ertza zeharkatzen dugu. Azkenez, hiria agertu zaigu, masa gris gorri argi samarra, magaltxo leun batean, leihoak behar duten ukitu zuriek alaitzen dute belztura erraldoia. Ibilbide alternatibo ugari eskaintzen du hiri-inguruak. Guk geure helburu konkretua dugu, baina inguru tentagarria litzake hau ere.

 

Dundeera bidean plastikoz estalitako lursail zabalak zaizkigu berritasun, ugariak dira berotegiak ere lurraldean, baita non bukatzen diren ikusten ez zaion marrubi-sailak ere. Hiri asko da  inguruan, merkatu ziurrak, salmenta esperantzak bultzatzen du nekazaria ortuari ezberdinak lantzera.

 

Dundee. Ez dugu hiria ikusterik ahal izan, borobilez borobil, albotik zeharkatu dugu kaledia.  6 kilometro aurretik ordea, erdigune inguruko kubo diganteak ikusi ahal dira esparru berean elkartuak. Hiria atzean uztear genuenean, aldiz, ikusi ahal izan dugu etxetxo zapal zabaleko esparru izugarri zabala, honi ere erdian etxetzar erraldoia erne zaio perretxiko digantea lez. Ikuskizun bilakatzen ziren etxetzar erraldoi blokeak tontorrenean.

 

Zirkulazioa ez da inola ere trinkoa, lasaia da bidaia. Elur-maindireak zabaldu ditu naturak mendi-lepoan, bizigarri ia bakarra: monotonoa bilakatu zaigu bidaia, aspergarria ere ia, erabat errepikatzen baitira paisaiako osagaiak. Erabat ezagunak zaizkigu behe-solairuko etxetxoak; masa gorrixkaz zarpeatutako horma dute hainbatek, harri guti ote inguruan. Inolako graziarik eta bizitasunik gabeko eraikin multzoa berdegunean, besterik ez dira granjak. Destera txiki bat granja batera bidegurutze batean: apaingarri izan baino gehiago dirudi zorroztaile edo errementari lanak egiten direla adierazi nahi duela.

 

 

ABERDEENSHIRE – MORAY ABERDEEN

 

Ipar Ekialdea, Ipar Itsaso aldean.

Itsasoa agertu zaigu, lagun izanen dugu tarte batez, begien ikuskizun alaigarri, asperrari edo antzerakotasunari etendura ekarriz, pizgarria ezarriz bidaiari. Herenegungoaren alderantziz,  eskuinaldea dugu gaur urdin, ezkerraldea berde. Zarratuagoak dira orain herriak eurak, bata bestearengandik urrago eta ugariagoak, hiriaren arrimura edo.

 

Aberdeen. 5 kilometrotara iragarrita arren, guk bertan, oso hur ikusten dugu, aurrez aurre, mendi-lepo baten malda leun zabalean, ezker-eskuma zabaldutako ukitu zuriek argitutako etxeteria gorrixka-gris iluna; teilateria nanoaren gainetik diganteago, etxeteriaren zabalera osoan, alderik alde, eskerretik eskumara, banan-banan, batak besteari jarraiki, gutxienez hogeikote bat etxe-orratz. Mendi magala estaltzen duen mota zuridun orban beltza da hiria. Bada erreka eder bat ere, berdegune bikaina duela alboetan, eguzkitan egoteko berdegune aproposa. “Park and ride” aparkalekua larunbatetan soilik dago martxan: beraz erruz dator herrietatik jendea hirira larunbatetan. Bretainia Handian lehenengoz ikusten dugu errepikagailu erraldoia: burdinazko egitura tantaia parabolikoa pila erne zaizkiola.

 

Iparrerago goazen arren berdina dirau paisaiak,  paisaia geografikoak zein giza paisaiak. Hogeikote inguruko zaldi aldra larrean, zaldi lerden dotoreak dira, finak, ez okelatarako ipurgizenak: zalditegiren bat behar du izan. Artalde ile-moztu berria: lehena inguruotan.

Ingalaterra eta Eskozian libre dabiltza behiak larrean, ez granjetan geldi gizentzen gureetan bezala.

Autobidea ere bukatu zaigu, hemendik Iparrera ez da autobiderik, halaz ere auto guti dabilenez, atsegina eta lasaia zaigu bidaia, nekadura metatzen badoakigun arren.

Goiak txilarrez ilun, maldak belar guriz berde argi, sakoneran erreka... izugarri ederra dager natura, pinudi eta guzti ere.

 

Aurrez aurre eraman dugu luzaro kamioi militarra Perth-en alde egin digun arte, bidean gurutzatu dugu beste kamioi bat: itogarria da kakion presentzia!. 

 

Kanpina. Zuzen eta erraz ekarri gaituzte seinaleek bertara. Ohi denez belar-gune joria, zaindua, txukuna eta atsegina da,  ote-hesiz inguratua. Ozena da txori-kantua baina belartzan untxiak ditugu auzo eta ikuskizun, belar jaten dabiltza lasai, bi hankakoongatik eta etxetxoengatik asko kezkatu gabe, ote-hesi trinkoan dute gordeleku aproposa.

 

284 kilometro, gero eta Iparrerago garamatzatenak.

 

Eguzkia hartu ahal izan dugu eguerdian, baina euria hurbildu zaigu arratsaldeko lagun.

 

Inguru zoragarria da  kanpin ingurua, ez da harritzekoa igandezaleak etortzea, edo opor-leku izatea: Deveron erreka zabal garbi azala doa harriartean ozen, bare-gunetan arrainak jauzika ur-azalean, zelaigune zabalak, umeentzako jostaleku egokiak, ibilbide apartak pago eta haritz sendo lerden tantaien artean, gaztelu baten hondakin zainduak, egokiera inguru eta forma ederrengatik gozagarri eta deigarriak; hotel bihurtutako jauregi baten parke zabala; futbol-zelaia, rugby-zelaia, golf-zelaia, sky bideak... gazteluaren oinetan apar bihurtzen da ibaia gainbehera bizian, ezagutu genuen genoar garai begi bakarreko zubi haren arku petik. Goiz gabiltzaneko arratsalde batez itzuli behar gara bertara.

Izurritea bezala ugaldu da untxia inguru osoan, ehunka dabiltza esparru guztietan, zelaietan, basoan, denean. Berehala jabetzen zara taldeka antolatuta daudela, eme bakoitza bere umeekin seguru aski, talde bakoitzak bere esparru fixoa du, gordetzen diren habiaren inguruan seguruenik; borrokak daude esparruen mugetan, agian untxi arren artean ere, borroka bortitzak, ilea erruz kentzen diote batak besteari. Gauez atera ohi da erbia belarra jatera, untxiok egun argiz dabiltza, erabat agirian.

 

Polita litzake maratilen konparaketa egitea; kanpin bakoitzak du bere maratila mota propioa, ezberdina, komun gunetan, bitxiak batzuk, erabat ezberdinak besteak...

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigopien.

“Apeza harro baino harroago agertu zitzaigun, gizon zuria izatea gauza ohoragarriena balitz bezala”. Beltz eta indiar asko ikusi dugu Ingalaterran; izanen dute beraiek zerbait esateko gai honetaz. Horrez gain, bakoitza gaude harro gure herriko izatea delakoz gauzarik ohoragarriena. Harro dira eskoziarrak, harro ingelesak, eta harro gara euskaldunok. Denok dugu munduko ohoragarrienak izateko arrazoi sakonik. Baita umilenak izateko ere.

 

 

Maiatzaren  29a. Asteartea  28.a - E:6.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre. “”Heltzeak, berrogeietara hurbiltzeak, / esan nahi dut, badu bere zera, / azkenean jendea bilakatzen zara. / ... / “Bukatu dira promesak, / ez esperatu, etortzekoa, / puskak biziz, hementxe duzu. / ... / Nola definitu bestela / igande goiz eguzkitsu hau / kazetak, kafesnea, / aspaldiko partez norbait / aldamenean, promesarik gabe, / gezurrik gabe?. / ... Etortzekoa / ... / etorria dago / ... / Bizi puskak puska biziak”. Puskak bizi ditugu, baina puskok biziz, puska berriak gauzatzen ditugu geroago bizitzeko. Nola definitu bestela Eskozia Iparreko laino beltzeko goiz hau, orain bertatik bizi puskak  nolabaitbizi  ditugulako  ez bada?. Bizitzaren klabea ikusten du Juanjok poema honetan. Bizitzaren nostalgia hutsak ez gaitu ekarri hona.

 

Aldarte ezberdinak ditu zeruak, orain pozgarri azaltzen zaigu eguzkia laino artetik, orain dira laino beltzak zeruko erabateko estalki. Atzo arratsaldez hala izan zen, gaur goizen beltzago dugu zeru azpia. Goibela guretzat, agian alderantzizkoa nekazarientzat.

Erabat argi utzi nuen eguna ilunsentian gaueko 10ak eta erdietan, erabat argi aurkitu dut gaur egunsentian goizeko 4etan.  Eta oraindik ia hilabete geratzen zaio egunari luzatzeko uda-udaberriko mugara arte. Duela zenbait egunetako arrats eta goiz gorrien esparruak hain hurbil sumatzeak eman zidan baino urrutiago dute ortzi eta sarrera puntuak, aldi bakoitzeko gorriguneen ertzak ukitzear egon daitezke, nahastuxear, elkarren hurbil.

 

Orain arteko osagai berdinek diraute gaurko ibilian ere, giza molde eta perspektiba bereko ikuspegia, arantza-hesiak, ote-hesiak, pago-hesiak,  harresiak... Mota guztiko hesiak daude, baina harresiak  nolabait pilatutako hormak besterik ez dira, inola txukuntasunik edo artez tolesterik  gabe: ez da hemen harriak txukun apailatzen ahalegintzeko  girorik.

Nahasia joan zaigu eguraldia, laino beltzak, euria, argiuneak, eguzkia eta haizea... denetik izan dugu.

Eliza, agian gaztelua, izandakoaren hondakinak, bi horma eskuairan, oso dottore berdegunean.

Auto guti ginen errepidean, trafiko itomenik ez dugu izan, nekerik ere ez oraindik, ingurua betikoa baina ederra, atsegina beraz... goxo joan da bidaia.

Averchirles. Gris zapala urrutitik, gristasuna gristasun, herri ondo-bizia dirudi bertatik ikusita, txukuna, zaindua, lorategitxoz inguratutako etxe bakaneko herria. Lurrak ematen die etxe ingurua dotoretzeko bizipoza.

 

Otadiak dira mendi-buru leunen txapel.

Zaldi dalmata, dotorea; nekazal etxe bakoitzak du zaldi parea lurralde honetan.

Granja inguruak, narrasak, ohi denez.

Herritxo asko dago ikusten ez baditugu ere, zeren trinkoa da errepide-sarea, ugariak bidegurutzetan iragarritako herriak.

Bi burdinazko tantai mezulari mendi-tontor batean, gizakien harremanak bideratuz eta gauzatuz. Eta zelatuz.

 

Ez da atsedenlekurik autobideetan, ezta pausaleku babesturik Frantzian bezala. Frantzia pasabide izaki, Europarako zubia, beraz gasolindegi oro ahalegintzen da bezeroa erakarri eta geldiarazten. Bretainia Handia ez da inorako pasabide. Errepideetan ugariak dira zabalguneak eta parking-lekuak, une laburrez gelditzekoak, mila erdi bat aurretik iragarriak, edozein premian erosoak.

Pago tantai sendo lerden luzeek osatzen dituzte baso-kaskook, aspaldikoak behar dute izan. Urkiak izan ditugu kilometro luzez errepide ertzeko lagun, azal zuriko sendoak, ilaran.

Gure txikitako belar-meta; txano batez estali diete burua, sare batez babestu gain osoa.

 

Bada eskulturagileren bat, zura lantzea edo zura egokitzea laket zaiona: etxe baten atari zabalean zuhaitz tantai biluzi bernizatuz eginiko forma edo multzo bitxiak ditu, ez dute galdu beraien zuhaitz jitea.

 

Macduff. Urrutiko ikuspegiak erakarri gaitu bertara, itxura atsegina erakusten zuen. Herri tipikoa, arrantzale herri asko izan ohi denez, itsasotik lur gorantz eraikia. Portu bitxia du: sarrera  estu ia babesik gabea, baina behin barruan lau portu ezberdin bezala da, lau nasa elkarri lotuak, bakoitza bere sarrera estuarekin. Asko astintzen du nonbait hemen itsasoak. Ez dakigu itsasotik bizi den herri hau, baina bizitasun handia nabari zaio, ez, baina, arrantzale girorik. Ezberdin pospolin airosoa da udaletxea, dorre koniko, beha-leiho, irtentxo eta apaindurekin. Gain batean du eliza, bere aurrean gurutze eskoziarra.

 

Banff. Aurreko herriaren aurrez aurre, ibaiak, hondartzak eta haitzek banatzen dituzte, zubiak eta badiako urek lotu. Ez balkoi ez beha-leihorik duen herria hau ere, baogunedun horma bat besterik ez diren etxe austeroak dira nagusi; plazatxoan bada harrizko etxe landua: bada hemen ere jauntxoren bat,  horrez gain bada etxe politik, ugari benetan, harrizkoak zein horma zarpeatutako zuriak.  Portua du, barruan dauden ontzientzat babesgune sendoak dira bere moilak, baina ez du gozoa izan behar sarrerak itsas haserrearekin, zuzen eta aurrez-aurre sartu behar baita inolako babesgunerik gabe, aurreko portuan lez. Oso portu bitxia da, harri gorriz egina, harrien arteko junturak hustuak daude, harriak itsasoak janez eginiko zimurdurez beteta; hiruzpalau esparru edo azpi-portu ditu honek ere, sarrera estuz lotuak elkarri, itsaso haserretik babestu asmoz, barnerago eta ura bareago; ez da ia ontzirik. Hondartza, zabala da; hondartza gainean aldiz ez da hondartza girorik, ez ibilbide, ez kafetegi, ez dendarik, baina erakarri nahi du bisitaria: aparkaleku pila du itsasgaineko zabalgune batean, etxatoientzat gunea ere bai, nolabaitekoa bada ere. Hilerria aipatu behar: harrizko mahaiak dira ia hilobi denak: musean egiten dute hilerrian hemen ere mozkorrak.

 

Adeitsua da langile jendea: lagunki agurtu gaituzte bai kristal garbitzaileak eskailera gainetik, baita hilerriko belar-moztaileak ere. Adeitsua ohi da beti herri apala, jende xumea.

Ez genuen gelditzeko asmorik, baina ze geldiune atsegina eskaini diguten bi herriok.

 

Witehill, “muino zuria” deitzen diote, inguru berde honi.

 

Itsasertz-itsasertz goaz. Herritxoak zeharkatuz: herri bakoitzak du bere portutxoa, herritxo bakoitzak bere “Caravan Park”.  Mapan agertzen ez den herritxoa egin zaigu deigarri: bertan beha-leihoak dituzte etxeek, txapitula edo ganbarako etxebizitzen leihoak ateratzen dira teilatuetan, ate eta leiho-buelta kolore ezberdineko harrizkoak dira... nahiz grisak, beste jite bat dute etxeok.

Nonahi iragartzen dituzte gazteluak zein herri historikoak: liskarrek eman diete historikotasuna seguru aski.

Gorputz konikoa du, harri zabal biribilak estaltzen du: itsasargia, haize-errota, zelatari-dorrea.... Belea da hegazti ugariena: mota beltz ugariak belartzetan.

 

 

MORAY COUNTRY

 

Wiskyaren ibilbidea.

 

Cullen. Herri alegera itsas gainean, ugariak ditu etxe zuriak, kolore ezberdinekoak leiho-bueltak, beha-leihoak, teilatuko leihoak... Tximinien sinfonia, zuri eta urdin pintatutako leiho eta ate-bueltak... Itsasgain sarrerako ate edo arku garai zabalak ematen dio gorantz doan kaleari nortasuna. Monumentutxo landu bat ere badu, sarri ikusten ari garena: zutabe mehe baten gainean lehoi bat gehienetan armarria eutsiz. Tren-zubi edo ubideak, arku pilako zubiak, nabarmen, deigarri, itsas gainean, sarrera-arkuaren bestaldean bertan.

 

Itsaslabar atseginak. Itsasoa daramagu lagun eskuinera, berdegunea ezkerrera, gu berdegunearen erditik goaz itsasoari eta lurralde berdeari so, lasai eta kontent.

Txerri-granja erraldoia, dena da txabola, txerrama eta txerrikume bertan; bada txabola ezohizkorik ere.

Pinu mintegia: ikusten dugun lehena. Gerora ikusiko dugu badela txilarrez estalitako mendi-magalak pinuen bidez berreskuratzeko ahalegina.

Txabola mota berezia, Eskozian ikusten dugun hirugarrena: parez pare eta mailaz maila beherantz doaz bi horma, garaia alde bata motza bestea: badira jite horretako usategiak Soria aldean.

Hasi gara distilategiak ikusten. Gaur hainbat eta hainbat ikusiko ditugu, gutxienez iragarrita, edo tximinia luzeek nabarmenduta errepide inguruetan.

 

Fochabers. Dotoretxoa herri hau ere. Monolitoa du honek ere, baita gaztelu edo jauregia ere, ibai zabal axala, zubi ederra bere gainetik.

 

Eta gaurko bigarren zerri-granja erraldoia, bi txabola motekin hau ere.

 

Elgin. Katedraleko bi dorreek iragarri digute hiria urrutitik: sendoak, gotorrak, gorrixkak bi dorreok. Harrizko herria, albo batean tontortxoan gizairudi baten oinarri den zutabe garaia nabarmentzen zaio. Herri dotorea, hainbat saltegik eroslea gogotik datorkiola erakutsiz: etxe apartak, hemen ere beha-leiho, irtentxo eta dendateriak alaitasuna ematen diote, airosoa egiten dute. High Street, kale nagusia: oinezkoen kale zabala, plaza izan daitekeen zabalago gune batean eliza zeini 6 zutabe biribileko sarrerak grekoen tenplu baten itxura ematen dion; eliza ostean harrizko monumentu landua, bertan zutabe luze mehe gainean armarria lehoiak eutsita; deigarri gertatzen dira arkuteria harrizko zabal xumea baina ezberdin ezohizkoa duten bi etxe. Parke zabal zaindu ederra, aukerako zuhaitz sendoekin, katedralaren osagai seguru aski garai batean; lakutxoa, gereziondo gizen mardulak; pintura galeria: konbentzionalegiak dira koadroak, argazkiak kopiatuz egindako jitea dute; liburutegia: herri askotan dago nabarmen iragarrita, aparte kudeatuta: jendea franko doakie liburu bila, kafetegia ere badute. Katedrala, herriko altxorra: Ingurua ere sekulakoa du, aipatutako parkearen barruan; hondakinak besterik ez da, baina sekulako hondakina: sarrerako arku zizel lanez landua, beste bi ate eder landuagoak babesten dituena, ate ederrak, arkuteria bikainak, nabekoak izandako arku gotiko landuak, hilobi hondakinak,  hainbat txoko, bazter eta harri zizelatu eder, absidearen kanpoaldeko  horma ederra, bertako errosetoi borobilago eta handiagoa bere biluztasuna nabarmenduz zeru kontra.... tristurarik sortzen ez duten hondakinak, atseginak, bere hondarrean zainduak eta ederrak; ibilbide atsegina osatzen dute.

 

Kinarreak, ginarrak, estalitako mendiak zaizkigu benetan deigarri, mendi-lepo luzeak kinarrez arre, sarri maldan behera zabaltzen dela txilardia errepideraino, ilunak bihurtuz inguru berdeko menditzarrok. Sekulakoa.

Bailara berde sakonak, bertatik doa errepidea, zuhaitz artean ibai eta erreken albotik. Dotorea. Erakargarritasuna eta indarra du zenbait etxek, sendotasuna eta nortasuna erakusten dute. Agian diruaren indarra eta nortasuna.

Garbitasuna. Garbitu egiten dituzte hemen ere errepide bazterrak, plastiko eta gainerako zaborreria jasoz. Horregatik dago hain txukun. Komunak ere denak, edonon, aratz daude, garbi: jendea ote, txukuna, ala hauek ere garbitu egiten ote sarri?.

Whisky fabrikak. Hainbat eta hainbat iragartzen da errepide bazterretan. Jadanik iragarri gabe ere ezagutzen ditugu bere egituragatik, metalezko tximinia garaiko pabilioi luze zabalak.

Gaztelu-jauretxea: ez zen handia tamainaz baina erakargarria formaz, beraien dorretxo koniko eta irtentxo ugariekin. Eraikin ederra zuen alboan, ez dakigu zerbitzarientzat ala konbidatuentzakoa.

Glen: sarri agertzen den hitza iragarkietan: mendiartea edo abelbidea esan nahi du, asko dago egon ere lurralde honetan.

Elurra: Zulogune ainubeak direlako edo, zuri diraute maindire zuriak kinarreak ilundutako maldetan.

 

Rothes. 3 whisky distilategi ditu. Etxean eduki ohi dugun Glen Grant  whiskyaren fabrika bisitatzea erabaki dugu, behin hona ezkero bat gutxienez ikusi asmoz. Ez da lanean ari gu bertaratu garenean, beste batera zuzendu gaituztenez: eguneko ibilia aldatu eta joan gatzaio.

 

Ibaia aitatu behar bide zati honetan, axal zabal dotore doa bailara erdi-erditik; Spey izan daiteke ibaia, bailara aldiz Avon, bailara sakon berde, arbolatsua.

Behi iletsu gorriak agertu zaizkigu gaur ere, batzuk banaka, aldran bestean, denak larrean.

 

The Glenlivet whisky destilategia, whisky fabrika. Ikusi nahi genuen, eta ikusi dugu, baina iruzurra sartu diguten sentipenaz atera gara. Delako edaria egiteko tresneriaz gain ezer gutxi ikusi ahal izan dugu: biltegiak, ur-putzua, lehen orea,  edo nahastura dagoen biltegia, hartzidura ontzi erraldoia, bere gaineko patsa, distilatze-pipak, eta whiskya ez dakigu nora daraman tuteria. Oskolaren gaineko mintza besterik ez dugu ikusi. Kanpora eramaten dute whiskya bera ere botilarazteko. Bertan eman diguten orritxoa irakurriz eta dozena erdi bat argazki ikusiz, dena egina zegoen etorri gabe. Aseptikoa eta hila da bisita, langile bat bera ere ez dugu ikusi, whisky bukoi, upel  edo biltegirik ere ez. Ez zituen merezi sarrerako bakoitzaren 3 liberak. Bada halako amarrutxoa ere: 20 liberako botila bat erosiz berreskuratu daiteke sarrerako bi libera!!!. Begia bete digun edalontzia erosi dugu guk, Etxarrin Eskoziara bisita gogaraziko diguna garagardoa edaten dudanean.

Eskozia hitzak lurraldea gogarazten digu guri, Scotland hitzak berriz whiskya gehienoi: edaria lotuta dugu Scotland hitza.

Turismo bulegoa zirudien distilategiko dendak, Scotland lurraldeko propaganda gunea da. Whiskya Eskoziari lotuta dago atzerrian.

 

Harro aitatu digute distilategira bisitan zergatik zegoen Kanadako bandera sarrerako mastan Eskozia eta Bretainia Handikoarekin batera: Chivas kapital kanadarrak bereganatu ditu hainbat eskoziar whisky marka, beste negozio batzuez gain. Harro zioten gainera, mendekotasuna eta bertakoen porrota adierazten badu ere. Agian lanpostuak gorde dituztelako harro, handi batek zapaltzeaz harro, hein handi batean norberaren ezereza handitu besterik egiten ez duen arren oinpeko izateak.

 

Mapan agertzen ez diren herrialdeetatik egin dugu etxerakoa, bihurgunez bihurgune. Nekatuta jadanik, baina goxo eta lasai.

 

Dufftown. Badu izenak loturaren bat goizean bisitatu dugun Macduff herriarekin, ez dakigu “duff” horrek zer esan nahi duen, ezta aurrizkia edo atzizkia den. Herri nahiko zabala, austeroa, iluna, harrizkoa, inongo dotoretasunik gabekoa, dena horma ilun eta teilatu beltz. Etxe zuri bat bakarra nabarmentzen zaio etxe ilara ilunean. Udaletxe dorrea du beste ttantta deigarria, ezberdina: gaztelu-dorre karratu antzo.

 

Izaeraz ere ezberdinak izan behar du herrialdeak, ezberdinak bertako biztanleak, ezberdina bertako kultura.

Autobusez banatu eta biltzen dituzte herriz herri eskola-umeak hemen ere.

 

189 kilometro, ibilbide berde antzerakoetatik baina ikuskizun erabat ezberdinez gozatuz.

 

Mendi ostean sartu zaigu eguzkia, bizi eta distiratsu, gorritu gabe. Ez dugu arrats gorririk, baina geratu diren laino multzo ilunek ertz argitsuak dituzte, beraien aurrean aurreko zuhaitzek argitasuna iragaziz zilueta paregabea eskaintzen digute. Oso luze joan da eguzkiaren gordetzea, dotorea gelditu zaigu arratsa, kilikagarria ilunabarra. Une luze batez sute erraldoi bat dela  dirudi mendi ostean, zerua urdin geratu da, erdi erdian ilargia zintzilikatzen da, bakarti, bere laurdena bete berri. Dena dago txori-kantaz bilduta, untxi familia osoa dut lagun belarjalea etxatoi aurreko belarrean.

Loak eta nekeak menderatu dute M.Luisa: horrelako une goxoak galtzen ditu maiz.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien: “Behin sinetsi nuen, itsu, ezen Paradisua lurrean egon zitekeela”. Ez dugu paradisurik aurkitu bidaietan, baina bai ordu baketsurik eta lur ederrik, paradisuko zatitxo edo atal.

 

 

Maiatzaren 30a. Asteazkena.  29.a – E:7.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre: “”Eta bete zitzaion patua”. Bidaiako erdibidean gabiltza, egutegi datetan  zein geografia luze-zabaleran. Patua bezala dakusat mapa, nola doan osatuz eta ibilitakoaren  marra gorriz borobilduz eta kiribilduz, mapako bide-sarean eta herri izenenen amaraunean.

 

Ingurunea eta Aberdeen hiriburua ditugu gaur helburu.

Eguraldi nahasia gaurkoa ere, atzokoaren antzerakoa, orain argi, orain ilun, orain euria, orain ateri. Badirudi eguraldi honekin biziagoak daudela larre-garitza berdeak, motelagoak otadi horiak, pinudiak aldiz beti bezain berde eta triste.

Huntly. Kanpina kokatua dagoen herria, herri pitxi-pitxia: bertako jitea gordez  teilatuko leiho estuek, beha-leihoe erakargarriagoak egiten dituzte etxe politez osaturiko kaleak; tenpletea plazan, udaletxearen dorre dotorea, kale nagusiaren bukaeran gaztelura daraman bidearen harrizko atea... deitu diezaiokegu atsegina herri honi.

 

Osagai berberek diraute paisaian, etxadi  dotoreago, ederrago, sendoago edo zainduagoak dira agian. Filosofia ezberdina ageri da herriotan, bizi-gogo biziagoa. Agian patrika beroagoa, besterik ez da.

Bailara berdez bailara berde egin dugu bidaia osoa, zabalagoa alditan, estuagoa bestetan, berde biziagoa hau, berde motelagoa hura, baina beti dira bailara zoragarriak; kilometro asko izan dira bailarotan baina nekeak berak ere ez digu lausotu bailararen edertasuna. Paregabea izan da, gozagarria. Milioika urtez erreka eta ibaiek bilatu eta zulatu zuten bidea izan da gaur guk jarraitu duguna, uraren albo-albotik sarri, goranxeagotik hurrengo, beti zoragarri. Zein baino zein atseginagoak dira bailarok, bata bestearen ostean dator, etenik gabeko jarraian. Berdetasun-mozkorraldia izan da gaurkoa. Jaiotzen ikusi ditugu errekak mendi-magaletako barren heze urtsu ia istingatsuetan, ondoren errekok hazten eta gizentzen ikusi ditugu eta azkenik erreka zabal izan ditugu, bidelagun.  Uneoro izan dugu ur-korronteren bat alboan.

Ez da autorik errepidean, herri-bideetatik baikoaz, erdiko marra zuririk ere merezi ez duten bideetatik tarteka. Bakartasunaren lasaitasun oparoan.

 

Dufftown. Atzotik ezaguna zaigun hiria.

 

Whiskyaren ibilbidea: Moray Konderritik egin dugu gaur ere ibilbide zati bat.

Berehalako gidari erreflexuak ez dituk oraindik neureganatu, ez ditut neure egin errepide hauetako arau, portaera eta ustekabeko horiek. Oraindik noizbehinka ezkerrera begiratzen dut eskuinera ordez, eskuma zaintzen dut ezkerra ordez.

Untxikumea atera zaigu errepidera: untxiak dira errepidean zapalduta hain ugari dauden animaliak, hain daude denean!.

Sukar-izurritearen zantzua agertu zaigu hemen ere: debekuak, zigiluak, oharrak...; ez asko, baina presente daude

Faisaia aurkitu dugu errepide ertzean, autoez asko ikaratu gabe: animaliek ez diote beldurrik gizakiari honek eraso ez baditu.

Kinarrea, nonahikoa, jainkoa bezala: izurrite bat da bertakoentzat, ala zerbaitetarako baliagarria?.

 

 

Zuhaitz multzoa du etxalde orok bera biltzen, edo alboan, etxe bakan bakarti sakabanatuok herritxoa osatzen dute, bere baselizatxoa dute, harrizko argia, hilobiz inguratuta. Oso zabalak dira lursailak nekazal etxe inguruan, lur-jabe handiak dira hemengo nekazariak. Lau tximinia ditu gutxienez landetxe bakoitzak, nahiz txikia: paraje hotza.

Jatetxeak, ugariak dira: ez da harritzekoa igandezalea hurreratzea bailara idiliko hauetara, janariaz ez ezik paisaiaz ere gozatzera.

Urkidiak: gureetan haltza lez  lerratzen dira erreka kontra, edo baso zabal luzeak osatzen dituzte. Lehen ibilaldiko bailaretan ez ezik, Aberdeen aurreko eta ondorengo bailaran ere ugaria izanen da urkia.

Telefono kabinak, gorriak dira, nabarmen eta sarri agertzen zaizkigu errepide ertzean, bakarti, inguruan herritxo edo auzuneren bat dagoen seinale seguru aski.

Harresiak dira gaurko hesi ia bakarrak, bada, baina, arantza-hesi edo bestelako sastraka hesi berderik ere.

Harri asko dago mendi-tontorretan, baita magaletako belartzetan ere, baliabide  edo osagai nagusia beraz hesiok egiteko.

 

Rhynie: herritxo atsegina, etxetxo soltez osaturikoa, baina bada etxeak elkarri lotutako kalea ere; etxe ilara biren luzera berdineko berdegune zabal luzea du herriko plaza bailitzan, berdegune erdian dorre luzeko harri gorrizko eliza, eta gerran hildakoen omenez oroitarria.

Elurraren presentzia dugu gurekin, aurreko mendi-gaineko zerugune zabala, bidaiako ukitu zuria.

Baseliza hondatua, lau horma eta kanpai-hormatxoa ditu zut: antzinako monumentutzat iragartzen dute errepide bazterrean.

Don du izena ibaiak, tokatzen zaio beraz urkidiak egotea inguruan.

 

Mossat: burdina herdoildu gorrizkaz eginiko eskultura izan zaigu deigarri, tutu-sarez itxuratutako zaldia zen bertaratu garenean.

 

Pago eta haritz ederrak ageri dira han-hemenka, ez dute pagadi edo hariztirik osatzen, baina tantai lerden ugariak dira, lurrak gorantz egiten duenean agertzen dira gehienetan.

Sukar-izurritearen aztarnak berriro.

Ez dute ibaiaren izenik jartzen errepidean.

Goldan dabil nekazari bat, goldari jarraiki, itsasoa urrun arren, kaioak, landa ikaragarri zabalean, airea zein lurra, erabat zuri uzten dutela.

 

Abentura Zentroa: soldaduen trebatze-gunea zirudien, eskailerak, sokak, jauzi-leku, ur azpirako tresneria... Erdigunetik gertu aurkitu dugu, laku batean, piraguetan arraunlari, gaztetxo taldea, agian ikastetxe batetik etorriak: legionario hazia.

 

Aboyne. Udaleku ukitua du, nortasun propioa, hona ez dator edonor. Hainbat eliza, bat gaztelua dirudien harri zurixkako dorredun handia, izatez gerran hildakoen omenezkoa oroigarri-eraikuntza da.

 

Hegal luzeko planeagailuen aireportutxoa; ondo-biziena edo aberatsena izanen da bai udalekua: txabolatxoa txabolatxoaren ondoren, bakoitza bere esparrua duela babesgune.

“Miniak” bizi dira, airoso oraindik errepidean. Antigoaleko autoentzako zaletasuna, edo jende pobrearen ezaugarria.

Dee ibai zabalak eman dio arintasuna bailara zabalean berdintsua bilakatzen ari zitzaigun ibiliari.

 

Banchory. Udalekua da hau ere, ez Aboyne bezain aberaskumeen herria. Dottorea, baina, berau ere. Sekulako parkea du, izanen da igandezale xehea ere. Denda asko du, erakusleihoek ematen diote herriari berenez ez duen bizitasuna, nahiko etxeteria iluna baita bertakoa. Lau eliza daude gutxienez, dorre luzea, dorre borobila, dorre karratua... apaindura konikoek gaztelutxo itxura du ematen diote eliza-dorreari.

 

Aberdeen. Parking bat hiriko muturrean: erabat mukuru; beste bat beste muturrean: zulo bakarra aurkitu dugu bertan. Mutur bien arteko hiriko erdigune zabal osoa ez dugu parking-iragarki bakar bat bera ikusi. Uste izan dugu une batez geratu ere egin gabe eginen genuela aurrera. Bada “Park and ride” aparkalekua: baina nor hasten da autobusez etorri ondoren hiri hau oinez ezagutzen, autobusak utzitako geltokitik aurrera?.

Beha-leihoak teilatuetan, granitoa, distantziak eta aparkalekurik eza lirateke hiriko ezaugarri nagusienak. Teilatuko  leihoak, nahiz ez izan beha-leihoak edo miradoreak, leiho zabal handiak dira, astuntasuna kentzen diete teilatu pike ilunei. Distantziak: dena dago hiri honetan urruti, luzeak dira kaleak, ez dago hiri zaharretik berrira oinezko ibili lasaian joaterik, hain ikaragarri zabala baita. Hiri guztia da granitoa, Alde Berrian egiten da ezaugarrien.

Victoria Park:  parke zabal-zabala. Eder-ederra, dena zuhaitz, dena lore, dena berdegune, dena zaindua eta atsegina.

Alde berria: Autotik ikusi behar izan dugu, non geratu ez genuen eta. Granitozko herri grisa, harrizko etxe garaiak kale luzeak osatuz: horregatik deigarria. Herri osoa da granitozkoa.  Granitozko kale gris erraldoiak, dena dager harri, goitik behera, etxeak zein kale osoak: bitxia. Deigarria da granitoaren gristasuna, hiriaren harrizko egitura. Eliza pila, baita itxura ederreko eraikinik ere. Tximinia eta teilatuko beha-leihoen sinfonia. Era bitxia dute fatxadek, kanpai-horma bailira luzatzen dira gorantz, erdian estutzen dutela fatxada. Gotiko luze estilizatuak dira Unibertsitateko dorre eta hormak. Adreiluzko tximinia karratu luzea: hiri erraldoian bertan.

Aberdeen Zaharra. Aparkatu ahal izan dugu. Unibertsitate gunea, Unibertsitateak osatzen du Alde Zahar dena, bertan dena da Fakultatea, dena da denda, etxetxo, eliza... ikastetxe eta ikasleei lotuta. Dena da gaztea kalean.  Izan da azterketa xanpainez ospatzen ari zen talde bat. Bada eraikin ederrik, baita handi-mandi izan nahi duenik ere, material xumeko handi-mandia. Elizaren dorrea aipatu behar: lau arkuk eusten diote gandor edo bukaera zaion harri landuko koroa erraldoiari, Edinburgoko katedraleko dorrearen jite bera du. Udaletxe zaharra, harrizkoa behar zuen eta hala da: ez du erakargarritasunik bere fatxada biluzi zapalak.

St. Machar katedrala; granitozkoa behar zuen eta da, hau ere; dorre bikoitz bitxia du, bi piramide landu ezberdin, gotor itxurakoak. Osoki du gotor itxura katedralak, eliza sendoaren planta; sarrerako arkuak bi arku zorrotzeko ate babesten ditu, eta hauen gaineko 7 leiho gotiko estu bezain luze; katedral osoak du itxura bitxia, aspaldikoagoaren jitea, nahiz XVI gizaldikoak izan dorreok  eta XV.a fatxada. Barrua, bi arkuteria sendoz osatutako hiru nabekoa, oso austeroa, biluzia; eliza motza, ez baitzuten berreraiki lurrikara baten ondoren; zurezko sabaia du, marroia kolore argiz alaituta,  kolore biziko armarriek estaltzen baitute zuren lotura oro. Hor daude handiki guztien hilobi aspaldiko handi-mandiak, urteen poderioz higituak beraiek ere. Biluzia, austeroa eta motza arren oso atsegina egiten da.

Hiri berria oinez eta zehazki ikusteari jai eman diogu azkenik Alde Zaharra ikusi ondoren, aparkalekurik ezaz gain gorputzak berak ere nahiko dela esan digu eta.

 

Bi ibai itsasoratzen dira hirian bertan: Don eta Dee: tentagarria zitzaigun bi ibaiok nola bideratzen diren ikustea, baina ez dirudi ezer deigarririk denik. Portura ere ez gara jaitsi, asmoa bagenuen ere: etxera bidea uste baino errazago eta lehenago agertu zaigu eta ez dugu sartu nahi izan labirinto eta abenturetan, ez gidaliburuak ez iragarkiek ez baitute ezer bitxirik iragartzen.

Eguraldi zirinez hartu gaitu hiriburuak, euri xehea, haizea... giro umel, ospela, baina ateri izan dugu azkenez.

 

Belar-zohiak daramatza kamioneta batek, erabat gainezka doa: lur eta guztiko belar- alfonbrak erroiluetan bilduta.

Koltza sailak: bide guztia larutu diguten hori gune amaigabeak.

Ipuin liburuetako gaztelutxoa.

Argi gorriak jartzen dituzte segurtasun neuri lez errepideko berrikuntza edo konponketa orotan, xumeenetan ere.

 

Alford. Herri dotorea, bakoitzak bere lorategitxoa, teilatuan beha-leihoak, etxe bakanez osotua. Ez da herri ilun tristea.

 

Ibarren sinfonia, bailaretako berde sortaren sinfonia. Bailara bakoitza da bestearen antzerako, aldi berean ezberdina, bakoitzak du bereizgarriren bat: berdearen bizitasuna, errekatxoaren  bide bihurrituak, urki-gerrien zuritasuna, txilarraren hurbiltasuna, artaldeen zuritasuna, behien ilajea, etxeen zorroztasuna, etxaldeen zuhaitz multzoak... bailara bakoitzak du bere deigarritasuna, ezberdina eta aparta,  liluratu zaitu batek baina hurrengoa ez zaio lotsagarriago gelditzen. Behiak, ardiak, hesiak, nekazal etxeak, zuhaitz tortoak, berdegune ezberdinak, otadiak, txilardiak, berdeguneak... Osagai asko ezberdin ezberdinki konbinatuak egoteak egiten du bailarok ez izatea berdegune monotono, errepikagarri edo aspergarriak. Ahozabal goaz bailara batean, ahozabalago uzten gaitu hurrengo bailarak, asperdurarako betarik gabe. Oh, oh, oh, egiten dugu bailara batean, eh, eh, eh, ... hurrengoan, eta alfabeto osoa errepikatu dugu bidaian.  Bailara oro izan da alaia, atsegina, erakargarria. Etorri, ibili,  eta gozatu.

 

Mossat, Rhynie  herri ezagunak, azken bailara… eta etxean.

 

232 kilometro, bailara zoragarriez gozatuz.

 

Arratsalde euritsua. Ozena da txori-kantua, baina ez da txoririk belartzan. Zerbait oker dabil biziaren katean, agian elkar ezinak dira untxiak eta txoriak, ezin dute zelaia konpartitu. Habia egin du enarak komunetako hegalpean.

 

“Lur bat haratago”. Juan Mari Irigoien.

*“... eta horrek erakusten digu ezen hitzak eta ideiak baino eraginkorragoak direla, ondikotz, armak, zeren arma-bidez gerla irabazten duenak erabakitzen baitu hitzaren norabidea, erabakitzen du nor den traidore eta nor ez, ...”. Galdetu bestela ingeles eta eskoziarren historiari, galdetu irlandar eta ingelesei, galdetu nafarrei, galdetu euskaldunoi... Galdetu Ibarretxeri, indarraren bidez zapalduz gero hitz eginen baitu etsaiarekin, espainiarrek bezala..

* “Eta uste zuten, finean, ezen laku guztien hondoan suge digante bat zetzala, aldian behin lakutik ibiltzen zena, eta halaxe sortzen zirela ortzadarrak”.  Ness lakuan izanen gara datorren astean. Ez da urruti. gaur arratsaldez ortzadarra izan dugu. Ness lakuko sugea ikusi ahal izango ote?.

* “Ezen mendigaina bezain ederra izan zitekeela mendi gainerako bidea”. Bideko bailarak izan zaizkigu eder Aberveen-era joanean.

 

 

Maiatzaren 31a. Osteguna.  30.a – E:8.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre.

* “Gorputzak hirurogei urte dituenean / hiru urte bailituen  darabil gogoa”. Eskoziako goiotan gure buruari begiratuz ez dakit ba horrela edo hainbesterainokoa den. 3 urteko da 60 urterekin, 20 urterekin ere 3 urteko zena. Gaztetan heldua zenari heldutasunak darraio harik eta burua txoratu arte. Agian umearen gogoa behar da eduki 67 urterekin Eskoziara etortzeko.

* “telebistaren hotsa lagun”. Ez dugu telebistarik etxatoian.  Bakardadea ez da norbera inor gabe egotea, bakardadea etetea ere ez da hotsez edo jendez inguratzea. 

* “ Zuek egin zenuten zakurrez ezinezko irrika. / Zuek egin zenuten mundu honetaz / zakur mundua ez, baizik eta mundu zakurra. / Horren handi, horren lurgoi, horren arrandios, / horren zakur izan ez bazinaten sikiera.../ Beharbada...”. Han hemen, mehe edo ozen, herrialde eta gizarte orotan aurkitzen ditugu mundu zakur honen zaunken zantzuak.

 

Laino beltz eguna argitu du.

Itsas herriak ditugu gaur helburu.

Huntly lur barruan dagoen arren kaio pila dabil belartzan belekin nahasian. Beraz kaioena zitekeen duela zenbait egun goldaren atzetik zebilen hegazkiteria zuria.

Deveron, ibai-izena zubi ertzean: errepidearen arabera jartzen ote ibai izenok ala ibaiaren beraren  arabera?.

Lur-sail zabaleko etxalekuak dirudite, oso bakan baitaude granjok, landuta lur oro, erabilia larre oro.

Eguneroko ordeka berdea dugu gaur ere ibilbide, eguneroko osagaiez egunero bezain erakargarri. Gaurko ibilbidean ez da atzoko bailara xarmantik, baina gaurko inguruak berdintsu erakargarriak zaizkigu, batez ere errepideak gorantz egitean muino batean.

Txapa eta uralitazkoak dira gaurko granjetako eraikin osagaiak, etxebizitzak eurak ere ez dira, bere txikian ere, atzokoak bezain  sendoak.

 

Turrif.  Herri koskortua, dotorea bilakatu zaigu bertaratzean aurreko aldatsetik teilatu beltza besterik ez zen hura; herri gorria batez ere, gorritasuna litzateke nortasuna eta berezitasuna ematen diona. Txaletxoak dirudite sarrerako etxetxoek, jarraian  harri gorri-gorriko kaledia bihurtzen da herria, deigarria eta bizia gorritasunagatik, dorre-orratz gorrikoa da eliza gorria ere, gorriak udaletxea edo eskola izan daitezken eraikin handiak. Nekazari herria, pentsaeraz ere gorria ote?.

 

Behe-lainoa, gandua, eurizirina... ditugu lagun.

Laborari lurrak dira, ganaduzaleena baino gehiago, gaurko egun osoan; traktore eta lantresna handiak, indartsuak, ikusten dira, lan askoaren ezaugarri, lurralde zabalak landu behar dituztela erakusle.

“Diversion” izan dugu ernegazio eragile hainbat aldiz.

 

Macduff. Herenegun kai ingurutik uste izan genuen baino zabalagoa da. Zabala du industrigunea itsasgaineko lurretan, etxeteria asko zabaltzen zaio gune berean: harrokeriarik gabeko etxetxoz osatutako langile herria da goialdea portutik ikusita arrantzale herria zirudiena.

 

Golf-zelaia du. Herri orok du berea. Golf-zelaiak eta kanpinak nekez eginen du huts herriotan. Oso futbol-zelai guti ikusi dugu aldiz, eta ikusitako gutxiak harrokeriarik gabeko xumeak izan dira.

Kostaldetik egiten dugu ibilia, bide txikietatik, itsas urdinaren eta lurralde berdearen kontrasteak harrapatuta, beldurtuta, labar gainetan tarteka, %17ko gain-behean itsasertzera hurrengo labarrak eta haitzak ikuskizun, berehala belartza joriaren erditik... Bidaia gozagarria izan da.

Iratxo edo piztitxoa gari-sail gainetik ibiliz dirudi: auto baten gainaldea dakusagu garitzan joanean: efektu optiko bitxia izan da, sorginkeriaren bat gauzatzen bailego gari artean, biziberritze ezberdinen bat gertatuko bailitzan.

Eliza-dorre tankera duen dorre bat itsasgaineko tontortxo batean, harrizko hormatxo borobila zaio oinarri: itsasargia edo behatokia, ezin daiteke eliza-dorrea izan ez baitago eliza batentzat lekurik hain tontor estuan. Peterhead ostean ikusiko dugu bigarren antzerako bat, garaiagoa eta lerdenagoa.

 

Pixa egitera geratu eta hara non datorkigun urrutitik korrika eta beeka arkume bizkor eta eskaleen artaldetxoa. Artzain edo ugazabaren bisita-ordua  zitzaien nonbait.

 

Rosehearty. “Arrosa-bihotza”, izena behintzat poetikoa du, baina herriak berak lauza gris zapala, tximinien arrastoz marratutako xafla gris berdina, dirudi, goitik ikusita; bertatik ez du itxura aldatzen, kolorez, formaz, altueraz, dena da berdina, tristura dario itsasertzean arren, banan-banako etxeko bakoitza polita arren: zerbaitek huts egiten du. Portutxo bat ere badu, moila luzeko portutxo erabat narrastua.

 

Ez da hondartzarik, labar etzanak, harkaitz lauak, besterik ez da itsas zorua, maria-behera denez oraindik haitzago dager itsasbazterra. Oso beltza dago ur-azpian egon ohi den haitzdegia; beti azalean, uretatik kanpo egon ohi direnak, aldiz, argiagoak daude: izan da hemen petrolio isurketaren bat edo erabat kutsatua dago itsasoa, nahiz  urdin argia eta garbia ikusten dugun. Nabaria da, itsas usaina ere, kresalarena.

 

Sandhaven. Arrantzale herria zen, oraindik ere da. Herri bitxia, ezberdin egituratuta etxeen kokatzeko eran. Harrizko etxetxoak, alde estuenetik jarriak errepide aldera. ez atze zabaletik luzeetara ohi denez: horrek itxura ezberdina ematen dio kaleari, teilatu ertz gailurreko luzapenek, berriz, halako bizitasun edo grazia berezia erakusten dute; jakin izan dute jokatzen harriekin ere, forma eta kolore ezberdinak konbinatuz lortu dute hormen gristasuna arintzen. Kolore tristekoa, harri grisaren kolorekoa arren, beste ukitu berezia du. Beha-leihoak dituzte teilatuetan. Erabat hondatua du portua. Portu handia izan zen, sarrera babestua zuen, baina erabat erorita daude moila babesleak. Ez da jadanik bertan portu-bizitza arrastorik, txalupa bat bera ez da ausartzen bertan gelditzera.

 

Babesik ez duen itsasertza., hemen ez da golkorik, ez itsasadarrik, ez itsasoarengandiko inolako berezko babesgunerik, lurra ez da inon bere baitan biltzen, ez du lurrak itsasoa bere altzoan batzen, ez die ontziei inolako non gorderik eskaintzen. Aurrez aurre daude itsasoa eta lurra, bekoz-beko, lerro berdinean, nor gehiago bezala.

 

Frasenburg. Granitozko herria, hau ere. Kale-etxe leun austeroak ditu; tximinia hormek, luzapen giza tximiniek gandortutako fatxadek, ematen diete bizitasuna: bada fatxada ederrik. Solairu bakarreko etxe multzoka eratuta dago sarrerako auzoa, dotore. Arrainari monumentua jarri dute plazan, bitxia eta polita: itsas arrain mota oro irudikatuzko bola handia. Bada ere plazan zutabea, urre kolorez gandortua, baina honek ez du tenpleterik. Arrainetik bizi da herria: emakume asko ikusi daiteke kalean gainjantzi eta txapel zuriekin, fabrikaren bateko edo fabrika ezberdinetako langileak. Portua: handia eta bizia, arrantzontzi handiak gordetzen ditu, arrasteko ontziak; oso zabala da izan, arrantzaleez ez ezik mekaniko eta gainerako portu bateko langile mota ezberdinek zeregin bizia dute. Labirintoa dirudi portu honek ere, itsasora aurrez-aurre, zuzen zuzeneko sarrerak hainbat eta hainbat moila ezberdini ematen dio pasabidea, moilarte bakoitza portutxo bat da bere sarrera propioarekin bata besteari lotuta,  batak hurrengoa babestuz. Eliza pila dago, kale-begi bakoitzean bat. Museo bat ere badu iragarrita.

Euria egin digu eta ez zaigu batere erosoa gertatu herriko ibilia.

 

Inverallochy.  Herri baxuko tristea, fatxada zuriak ditu, horrek herri zuri tristeagoa bilakatzen du, herri kolorgetua, itsasgaintxoan kokatua inolako gatzik gabe, badirudi herri izateko ere lotsa duela: gordeta dago, ezkutatuta.

 

Hemengo kostaldeak ez du erakargarritasun berezirik.

 

St. Combs. XVII. Gizaldiko herri arrantzaletzat iragarrita dago errepidean. Badu aspaldiko granitozko etxeteria, behe solairuko etxetxo txikiak, banan-banakoak, alde estua kalera begira, fatxada luzeena barren aldera, etxeen alde estuenak tximiniaren oinarri lez luzatuak dituztela. Nahiko alaia da: beha-leihoa dute etxeek, kolore ezberdineko harriz konbinatuek biluztasuna kentzen diote granitoari. Bada ere etxeteria baxu kolorgetua, zarpeatutako hormekin... Ez diogu porturik ikusi.

 

Bideak ez du aparteko graziarik, itsasotik gertu arren, berdetasunak berak ere ez du joritasunik, ez da berde aberatsa, ez da berde mota aunitzekoa, monotono berdintsua baizik.

Letxuga- sail zabalak plastiko zuriz estaliak!.

Gasa landu, tratatu, bildu edo banatu egiten duen konplexu erraldoi bat itsasertzean.

Pinu mintegiak, hainbat.

 

Peterhead. Sarrera  bi morru luzek babesten dioten portu handia du, badia antzerakoa sortzen dute morruok, hori da portuaren babesgune. Portua bera, aurrekoaren antzeko labirintoa, egitura berdinekoa, morruak egin aurretik itsasoak bizi-bizi jotzen zuenekoa; lantoki erraldoi bat dirudi, dena da langilea eta aktibitatea bertan, ontziak ere asko dira, tamaina guztietakoak; trakets jiteko ingurua, narraz itxurakoa, inola ere ez atsegina, hau ez da igandezale begiluzeak edo turista ikusminak etorriko zaizkion portua, asteburuz etorri beharko genuke jakiteko.

Herria: Eraikin garaiak ditu kalediak, horma erabat leuneko etxeak, inolako irtentxo edo apainduriarik gabekoak. Herri biluzia, hotza. Kale zabal bat besterik ez da plaza bera ere, autoz beteta, inolako etxe dotore edo apaindurarik gabekoa. Langile hiria, itsas-langile pobreen hiria. Gidaliburuak aipatzen duen Town Hall edo udaletxea harrizko eraikin kaskartxoa da. Itsasgizon ospetsu batek berriz badu bere estatua, eliza aurrean, plaza gainean. Zutabea plazan, zutabearen gandor, lehoia, baina airea hatzaparka lez, atzeko hanken gainean, haserre: gizajoari armarria kendu diote erpe artetik, eta oinetan jarriz. Museoa du.

 

Etxarrira deitu dugu, Patxirekin hitz egin dugu: konortea kentzera adinako jipoia eman diote Unai Paroti kartzelan.

 

Hegoranzko itsasertzak ez du piperrik ez gatzik. Erabat higatua dago ingurua, harri pilak barreiatuta belarguneetan, utzitako gunea dirudi, zabortegi antza du. Tarteka bada labar eta bazter politik, baina orokorrean paisaia honek ez digu etxerako gogoa moteltzen, bertan luzatzeko konbidapenik eskaintzen. Agian nekatuegi gaude inguruaz gozatzeko.

 

Errepikakorra zaigu etxerako azken paisaia, ezberdina arren berdina, berria arren ezaguna. Galsoroak dira nagusi, brixt egiten dute koltza-sailek.

 

Ellon.  Behe solairuko etxeak bere lorategitxoarekin, betiko harrizko kaleak, gerran hildakoei monumentua plazan; zubi modernoak erabat jaten du kontra-kontra duen zubi zaharra ibai gainean.

 

Jadanik gure egin dugun lautada berdean bukatu dugu etxerakoa. Ugariak dira nekazal etxe solte harrizko grisak, berdegunean sakabanatuak, inguruko txabolateria ilun eta zikinkeriarik gabe.

 

Old Meldrum.  Ez diogu ezer apartekorik aurkitu.

 

“Gazteluen ibilbidea” omen inguru hau, baina ez dago, ez dugu ikusi behintzat, gaztelurik.

Gaur ez dugu hainbeste untxi zapaldu ikusi errepidean.

Zaldi hankaluze beltz fina etxaurreko larrean: jauzi-langak ere badira bertan, zaldia bera da ona, edo zaldi zale porrokatua da jabea.

Beti dago presente telefono kabina gorria lurralde berdean.

Zut dirauten elizatxo politak: kanpai-orratza dute eroritako elizek, dorre luzedun elizek ordea zut diraute.

Jeep militarra, militarrez ahanzten hasita geundenean.

 

Ez dugu pintada bakar bat ikusi orain arte Bretainia Handiaren erdia egin ondoren: beste era batera egiten dituzte salaketa, eskabide eta protestak, ez dago protestarik edo ezabatu egiten dituzte pintadaz egindakoak.

 

202 kilometro, ordeka eta itsasbazter berdetan itsas herri grisak bisitatuz.

 

Ortzadarra; kolorez jantzi zaigu zerua.

Erreka kontrara egin dut berriro arratsaldez, ur-lasterra, ur-hotsa eta neu geunden soilik berdegunearen erdian. Nork dio bakarrik nengoela!.

Zuria da kanpineko untxien buztan azpialdea. Berrogeitik gora zenbatu ditut zelaian arratsean. Gauean, iluntzear unean, nire presentziak izutu dituenean, ikuskizun bitxia ziren distira zuriak berdegunean jauzika norabide orotan.

Katu beltza handi batek egin du ihes gure etxatoi azpitik: agian katamotza zen, zelatan untxikumeren bat afaldu asmoz. Intziri bigunak entzun ditut gau beranduagoan oheko isiltasunean: katamotzak arrakasta izan du bere ehizan, gure etxatoi alboko untxi koadrilan tragedia izan da, naturaren gurpilak ez du errukirik izan.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.

* “Bizitza ametsa besterik ez baita... eta bidaia bat duk, beste bi ametsen artekoa”. Ametsa besterik ez da zenbait bidaia bizitzan, amets hutsa edo bizitza bihurturiko ametsa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.