Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BRETAINA HANDIA 2001 - ESKOZIA

BRETAINA HANDIA 2001 - ESKOZIA

Jon Etxabe 2022/10/17 10:10
ITSASALDEA. IPAR ITSASOA. Dornoch. UBIDEA-LAKUAK. Loch Ness. ATLANTIKOA. EileanDonan gaztelua, HEBRIDAK-SKYE

ITSASALDEA

Lanbroa hasi zaigu itsas kontrara helduaz bat, ez luzarorako, zorionez. Haize hotza dabil. Lurraldea mortua izan da lehen zatian, atzokoaren antzerakoa. Mendi idorren artean ikusi dugu itsasoa, apar zuri bazterra labarren kontra, argia euripeko inguru beltzean. 11 graduko hozberoa dugu eguerdian, udaberria aurrera doan arren.

 

Reay. Letrero handia du hain izen motzarentzat. Itsas gaintxoan luze sakabanatutako grazia handirik gabeko dozena bat etxe;  bada etxe koadro ederrik, harrizkoak dira etxe ederrenak. Golf-zelaia: igandezaleentzat seguru aski, agiriko hesirik  gabeko hilerria, telefono-kabina gorria, baita politiko baten hauteskunde-propaganda ere.

 

Berdegune zabaletan gauzatzen zaigu noizbehinka bidaia, itsasoa dugula begien gozamen. Antzinako etxetxo bitxiak zaizkigu kitzikagarri: harri-lauza karratukoak dituzte teilatuak. Harri-hesiak ere ezberdinak dira: harri lauza zabal zapal luzeak zut jarriak, bata bestearen jarraian horma mehea osatuz, baita harri zabal txiki meheak elkarren gainean txukun tolestuz, toles-toles pilatutako harritxo zapalez, eginiko hormak ere, gorengo erreskadakoen ertz zorrotzak ahoz gora jarrita gaindizail eta latza bihurtuz hesia.

Bada industrigune edo muntaia erraldoia bat itsas kontran

Jauregi bat, parkea izan zen arboladiz inguratuta.

Itsasoarekin bat goaz, eguerdi lardaskan oraindik. Atzo jaso egin zitzaigun eguraldia eguerdian, gaur aldiz zirindu.

 

Thurso. Itxurosoa, goibel honetan ere, itsasoak eta berdeguneak biltzen dute. Inguru argia du, horregatik zaigu deigarri berenez iluna bada ere. Ez du ezer berezirik aitatzeko, harri gorriko herria, ibaiak bitan banatua, zati biak harrizko zubi luze-zabalak lotuak. Badu hondartza, baina ez hondartza girorik, dunak eta belar latza besterik ez da hondartza gaina. Eliza-dorre edo kanpandorre piloa nabarmentzen zaio. Ez digu argazki-gai pitxiren bat bera ere eskaini, ezta portua ikusteko aukerarik ere, alboko Scrabter, herri edo auzoan baitago ez herrian bertan. Baina erosketak egiteko aukera eman digu. Hila dago gaur herria, nor atera, izan ere, kalera haize hotzari aurre egitera!.

 

Luze joan zaigu erosketen ordainketa, zaila du  nonbait telefonoak berak ere mezu bidaltzea munduko ertz honetara. Uste nuen zitalduta, ernegatuta, egon behar zela nire ondorengo emakumea, hain joan da luze neu ere aspertu samar nengoen eta, baina irribarre goxo abegikor  batez egin digu agur gure poltson zamarekin abiatu garenean.

 

Atertu zaigu Thurson, eguzki ederrak berotu gaitu ondoren bidaia osoan.

Ehunka belabeltz dabil larrean behi artean.

Berdegune zabalak dirau goian, itsasertzeko labar-amildegiek zaizkigu ikuskizun eta leungarri. Aldi berean hondartza luzeak, dunak, belar latza... deigarri eta atsegin. “Dunen badia” du izena hondartza horia duen badia zabal batek.

 

Dunet. Asma erraza da herri-izen honen nondik norakoa. Etxe bakan batzuk dira hondartzatik gertu zabal barreiatuta.

Behia da ganadu sarriena.

Mey. Izen motza du, begien gozamen, txikia da herria bera ere.

Polizia autoa: oso polizia guti ikusi dugu bidaia osoan. Polizien begi elektronikorik ere ez da Eskoziako errepideotan.

Gills. Herri-izen motzak dituzte inguruan gogoko. Ferrya du: une honetantxe dator  itsasoan porturantz ontzia itsas kirrian zanbuluka.

 Orkadak irletara doaz inguruko ferry ugariak.

Irla luze berdea dugu aurrez-aurre, ez dirudi bertan giza presentziarik denik.

Hainbat eta hainbat harrizko teilatuko harrizko etxetxo eta txabola, garai bateko bizimoduaren testigu. Gaur egun hutsik daude, etxe berri handiago eta erosoagoak eraiki dituzte, baina berriok ere txikiak dira izan, harrizkoak batzuk, zuriak besteak.

Huna. Izen motza honek ere.  Goi-bailaretan lurretik ateratzen edo aterata lehortzen ikusi ditugun lur zati trinko laukiak pilatuta ikusi ditugu etxe baten aurrean, Etxarrin su-egurra egoten den bezalatsu.

John O´Groats. Iparrenean dagoen herria, etxe apur batzuk besterik ez da, portua bera ere txikitxo nanoa, bertatik ateratzen dira Orkadak irletara ferryak, portuaren inguruan biltzen dira kinkila-denda, merketeria-denda eta antzerako turistentzako amuak. Autobus eta auto ugari dago aparkatuta, aparkalekua ere zabala da, bisitari asko dakarte nonbait irlok.

Duncanby Head. Itsas-mutur perpendikular garaia, harriak toles-toles elkarren gainean  edo tolesdura zapalez osatutako harkaitz tzarrak. Arriskuagatik muturraren aurreko ertzetara hurreratu ezin daitekeenez erabat galtzen du edertasuna eta ikuskizuna, amildegia baita ingurua ere. Mutur famatuak ez du ezer txundigarririk, ez apartekorik ere, baina jakin-min pila doakio, gu geu ere, ikusmin eta begiluze, errepide estu batetik, luze joan ere  ilusioz, lilura izpirik gabe itzultzeko: datorrenak heldu, begiratu beste ezer ez dela jabetu arte, gozatzeko ibili egin beharko dela pentsatu, inguruak ere ikusmiratu,  zulora jaitsi ere agian... eta alde egiten du “hori da dena” aurpegiarekin. Baina bakoitza bere begiz konbentzitu behar da besterik ez dela.

Inguruko labarretan badira bi haitz bitxi, piramide zein kono itxurakoak, kanpandorre erraldoi irudi. Izan behar da  itsaslabarrotan naturak zizelatutako harkaitz bitxirik. Igandezale lasaiak izanen dute non arakatu eta begiak nora luzatu.

 

IPAR ITSASO BAZTERRAK

Gaurko azken hegazkada, kanpinerakoa. Atsegina izan da. Itsasoa izan dugu ia beti begien aurrean. Une batez basamortu bihurtzen da itsasgaina, ondoren berdegunea dator, sarri dugularik hur txilar mendien presentzia. Beti dugu begi-gozagarriren bat, dela gaztelutxoa, elizatxoa... edo herri bateko etxetxo bat.

Geiss- Reiss izendatzen dute mapek. Harresi pilak zatikatu edo banatzen du berdegune zabala.

Antzinako etxetxo eta txabola pila, hondatuak gehienak. Bizpahiru gaztelu, hondatu zein osorik, itsas kontran: ez dugu ez indarrik ez gogorik bertara hurreratzeko, gorputzak etxerako bidea eskatzen digu, baina tentagarriak dira gazteluok, itsas-haitz,  labar-hondakin, bailira.

Wick. Errege Burgoa dio sarrerako kartelak. Herri koskor egina, oinezkoentzat kaletxoa du, bada etxetxo dottore eta ederrik ere. Morru luzeak ditu portuak, gordea da, baina hila dago, ez dago ez ontzirik ez inolako aktibitate-aztarnarik.

Hiru petrolio-putzu badia erdian, oso urruti, itsaso-erdian baileude plataformok.

Eta horrenbestez, bideaz gozatuz, hainbat zertzeladari begiluze, eta jakin min, etxeratu gara.

Ateri atera gara goizean eta eguzkia lagun etxeratu.

 

313 kilometro, itsaso batetik  itsaso berri batera ibaiak jaiotzen diren goialdetan zehar.

 

Bi txirrindulari agertu dira kanpinean. Lurretik metro erdi harrotzen ez diren denda bana jarri dute, denda estu eta luzeak, sator zuloak dirudite.

Hamaikak dira, argia da oraindik kanpoan, eguzkiaren gorritasuna ikusi ahal da oraindik ostartean. Bizpahiru ordu barru argitzen hazia izanen da. Danimarkan bizi izan genuen gau motz hura bera.

 

Goizeko ordu bete eta erdiak: argi da jadanik, eguzkiaren lehen argitasun zilarrezkoa ikusi ahal da ostartean. Danimarkan bizi izan nuen egunaren lehen orduetako egunsenti goiztiar bera. Agian ez du erabat ilundu ere egin, beltz lainotua arren eguna.

 

“Henriren irudia”. Pablo Sastre: Tabernan dago Xan, bertan aurkitu dituen batzuekin solasean. Gu ez gara tabernazale, ez dugu ia inorekin hitz egiten bidaiotan. Jan ere gure kontu jaten dugu, zerbitzariekin ere ez dugu beraz harremanik. Hizkuntza ez da eragozpen bakarra. Ez dugu taberna giroa gustuko: bada hori eragozpen serioa bidaiotan. Herriotako bizi-giroaren zati bat galtzen dugu, ez gara herri-giro horretan murgiltzen. Bakoitzaren mugak.

 

 

Ekainaren 5a.  Asteartea.  35.a – E:13.a

 

“XX. Mendeko Poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri.

* “Lizar bat itsasoaren erdian ernetzen da / ... /. Ez naiz argi mintzatzen, eta badakit / Itsaso bat lizarraren erdian ernetzen da”. Urki bat ernetzen da basamortuaren, mortuaren, erdian, Baina ez dakit gure egunotako Highlandeko sentipen eta bizipenez argi mintzatzen, gure “animaren bitsa” lerrotan lehertzen laino eskoziarrekin, “zilarrezko esnea edaten duten hodeiekin”, negar egiten. Baina badakit basamortu bat ernetzen dela urkiaren erdian.

* “Egun galduak galtzezkoak dira”. Egun galdua nahi genuke gaurkoa, kilometrorik gabekoa, kale-arteko ibili lasaikoa. Euriak eta haizeak gaiztotu eta urtzen ez badigu gatza.

 

Bertan du habia nonbait buztanikara bikoteak, auzo ditugu biak belartzan bazka bila

 

 Ikusitakoa hausnartu, neureganatu eta ordenatu nahi nuke, eta idazten gozatu ondoren. Unatuegia etorri ohi naiz, baina, horretarako etxera. Ez zait erraza arrapaladako hau bera ere idaztea.

Ingalaterra – Eskozia lurraldeak ezagutzen goaz, ingelesak eta eskoziarrak ordea ez. Beraz ez dugu herrion zati garrantzitsuena ezagutuko. Hori da ibiltari hegalarion oztopo eta hutsunea. Herri bat ezagutzeko herritarrak ezagutu behar dira, eta horretarako egonkor kokatu behar da  nonbaiten, eta bertakoen konfiantza irabazi. Eta horrela ere erabat azalekoa izanen litzake ezagutza. Bestelakorik badio ere hainbat ibiltarik.

Eskoziako bandera: S. Andresen gurutze zuria oihal urdinean.

Eskoziarrek ez dute gorpuzkeran berezitasun berezirik gure begientzat: pekadun, oreztadun, ilegorri, hazalzuri... agertu izan dizkigu mitoak, baina tipologia oro ikusten dugu bidaia honetan.

Ez dugu mahastirik ikusi. Gidaliburuak dio ez dela Mahastirik Bretainia handian. Ardorik ez dute, baina bai mundu guztia alkoholizatzeko haina whisky.

Ez da olibondorik ere ageri: koltza olioa erabiltzen ote da Bretainia Handian?.

 

Bizikletak erabat zamatuta egin dute alde bi bizikleta zaleek. Bidaiatzeko beste aukera bat da bizikletarena. Ez txarrena. Baina pedalei eman neketsuan, errepide zorura begira, ikusten ditut bizikleta-bidaiariok, alboetara gutxi erreparatuz, lurreko metro motzei lotuegiak. Agian ez da hala. Nik jarlekua ia gurpil parean, behean, eta gida-adarra oso goian duen txirrindua hartuko nuke, inguruari so joan ahal izateko.

 

Hiru helburu genituen gaur, aurreko egunetako auto-ibilien nekadura ondoren: 1. Atsedena eman gorputzei. 2. Lurralde bi herri ezagutu patxadan. 3. Oinezko ibilia egin.

Erdizka soilik bete ditugu helburuok. 1.- Ibil-leku xarmanta aurkitu dugu itsasadarraren ertzean, baina autoz egitekoa, eta autoz luzatu gara uste baino haratago. 2. Egunotan autoz ikusi dugunaz at, ezer gutxi gehiago  eskaini digu kale-arteko oinezkoak. 3.Gutxi ibili gara oinez: berehala bukatu zaizkigu herriak eta herrietako kale-artekoa, itsasertzean ezer gutxi zegoen oinezkoentzat, haize hotz finak desatsegina bihurtzen zuen gainera oinezko ibilia.

Baina hainbat opari erosi ahal izan dugu potery batean, oparien arduraren zati bat arinduz.

Autoko irratia mututu zitzaigun. Inverness-en, Renaultak garajea non duen ikasi ahal izan dugu Dormochen, informazio bulegoan, Tain-en okerreko informazio baten ondoren alferrik garaje bila ibili ondoren.

 

Egun ateria, baina haizetsu hotza. Ez dugu jakinen egunotako hau ohizko eguraldia den lurralde honetan ala egunotan sartu den ezohizko frontea.

 

Tain. Errege-burgu historikotzat bataiatu dute errepideko karteletan. Kale sarean zabalduz, etxeak elkarri lotuta izateraino koskortutako herria da. Herri hila, gaur goizez. Apaindura eta kolorerik gabeko etxe austeroko kaleak, etxe leun harri kolore, tonu berdineko, etxeak. Baditu zenbait eraikin eder, denetan udaletxea da erakargarriena: Erdi Arokoa izatez, gotorra egituraz, dorre konikoz dotoretuak ditu lau ertzak. Udaletxeko kantoi-zoko batean lehoitxoa ageri da zutabe mehearen gainean armarria besoez eutsiz: badu zerbaiten esanahia. Museo bihurtutako eliza gotiko sendoa, serioa; zerbait izan nahi duen harrizko hotela, eta orratz landua den tenplete harrizko ponposoa bizardun bati aterpea eskainiz; han-hemenka eraikin eder sendoak. Itsasertzak ez du itsas girorik: han dago, eta kitto!.

Bela ginen non ibili ez genekiela, herriak gehiagotarako ez zuelako.

Errota eta zeramika tailerra. Herritik at, urak darabilen ohiko errota, ohiko teknikaz. Bisitarientzako amu bezala darabilte: zeramikazko ontziteria fina egin eta saltzen baita. Ez da kinkila-denda, ez merketeria saltokia. Turista eta bisitari ugari doakio. Utzi ditugu libera batzuk geuk ere.

Wisky distilateria ere bada inguruan.

Dornoch. Tain baino koskortuagoa eta jantziagoa, errege burgua hau ere, baina ez historikoa nonbait; nolanahi badu erakargarritasun punttua, lasaitasuna dario. Tainek baino etxaurre eta fatxada landuagoak ditu, kale eta kale-gurutze zabalagoak.  Gaztelua du kale nagusian bertan, mehe lerden garaia, hotel bihurtuta. Gazteluaren aurrez aurre katedrala, lau beso berdinez osatutako eliza, gotiko garai biluzia, biluzik utzi dizkiote manposteriako harriak: sartu bat, eta alde. Bada eraikin ederrik han-hemenka kaleetan, baina ez aipatzeko bitxikeriarik.

Ugari datorkio bisitaria, jubilatu-autobusen bisita-helburuetariko bat da. Izan dira Espainiako gaztelaniaz ari ziren lau neska; ingeles autoan etorri dira, presaka.

 

Gonaduna da hemen ere gerran hildakoei omenezko oroitarriko soldadua, esku zabala du begi gainean eguzkitik aterpe, itsasora begira zut, harro milaka hil zirelako atzerrian inoren interesak babesteko. Behin ere ez dira egin gerrak herriaren interesarengatik edo herriaren onerako, herriak egin baditu ere gerrok. Herriak ez du gerra bat egitea erabakitzen, herriak egin egiten du gerra, eta beti gordinak pairatu ondoren, soilik; jauntxo eta agintariek erabakitzen dute gerra, eta fruituak jaso.

Bi gerra hegazkin ibili zaizkigu fiordo gainean, luzez, harat-honat, behe-behean, herriak txikitzeko trebatzen.

 

Beltz dago itsasadarreko ur-azala, beltz daude ere lainoak goian, ekaitza espero daiteke, baina lurralde honetan ez da ekaitzik laino beltzon ondorioz.

Otadi zabalak herri sarreran bertan, itsasgaina bera ere hartuz, hori-hori loran.

Oso atsegina izan da etxerakoan eginiko ibilbide turistikoa, fiordoa inguratuz, inguru idilikoan, lasaitasuna nagusi, ahateak eta ardiak auzo eta lagun.

Herri gutxi dago lurralde zabal honetan, daudenak ere txikiak. Biztanle gutxi da lurralde mortuotan.

 

70 kilometro, egin asmo ez genituenak, baina damurik gabeak.

 

Oinezko ibilaldia egin dut arratsaldez itsasadar albotik; ordeka izugarri zabala zabaltzen da begien aurrean, mendi handiz inguratua, neurtu ezineko zirkoa. Eta ni han erdian, bakar-bakarrik inurri bat baino txiki eta ezerezago. Baina gustura sentitu naiz nire ezerezean. Inguruaren handitasunaz jabetzeko haina naiz, bada zerbait.

Birigarroa izan dut alboan ibiliko tarte batez, hostope batean lurra mokoka aztertzen zebilen: begira egon natzaio luzez. Zozorik gabeko egunak izan dira hauek, buztanikara eta birigarroen egunak.

 

Bederatzietan goian dago oraindik eguzkia, logale eta nekatua, oheratu egin naiz: ez dut gogoan noiz oheratu naizen hain goiz.

 

“Henriren irudia”. Pablo sastre: “Arima ikusezinez poblaturiko etxe hauts kolorekoak”. Balioko luke irudiak egunotan ikusitako etxeek sortutako sentipena islatzeko.

 

 

Ekainaren 6a.   Asteazkena     36.a - 14.a

 

“XX. Mendeko Poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri.

* “Azkenez baga baten sehaskan / oroitzen haut, miraila eskuetan”. Azken goizeko eguzkia eguzki, mortu eta itsasadarreko baga hezean, haize hotzeko hozkirrian, oroituko dugu lurralde hau, lakua eta itsasadar likina gure begi aurreko mirail.

* “Hegoaldera ihesi doazen antzarak dira / denboraren alaba zontzonak”. Hegoaldera goaz gaur, lurralde berria ezagutu irrikaz, ez ihesi, eta gu geu gara denboraren alaba zontzonak, desio ziren lurrok irudi erreal gauzatuak jadanik, irudiak oroitzapen bilakatuz jada: hegoaldera ihes eginen dugu denboraren alaba zontzonok.

* “Hilak entzun ditut / atarian jolasean / zintzarriak astinduz / mendeen isiltasuna gero”. Hor goiko mortuen deskribapen zehatza.

 

Goizeko seietan, eguzkia goian dago jadanik, jaiki naiz, bederatzi ordu lo egin ondoren: atsedena behar zuen nire gorputzak.

7ak eta erdietan abiatu da kanpineko bezero zenbait, goiztiar, lanera nonbait.

Kanpineko zuzendariari ez dio hutsik egiten irribarreak ezpainetan, irria darie uneoro bere begiei. Hizkuntzaren langa izan dugu oztopo, harreman zintzo baten aukera galdu dugu, herri honen ezagutzarako aukera.

 

Aldaketa eguna. Uzten ditugu lur haizetsu eta euritsuok. Egun bereziak izan dira, baina. Merezi izan dute egunok eta kilometrook.

Goitik beherakoari ekingo diogu gaur, Hegorantz, jadanik etxerantz, nolabait.

Haizerik gabeko eguna, eguzki ederraren epeltasunean utziko dugu Eskoziako Iparra 5 egun ospelen ondoren. Agur beroa eman digu, gutxienez. Txantxangorriak ere izan ditugu auzo, eguzkiarekin bizipozago nonbait, beraiek ere badirela aldarrikatuz azken eguneko presentziarekin.

Nostalgiaz gogoratuko ditugu Iparreko lurraldeok, mendi mortuak, txilardiak, harrizko etxetxo xumeetan xumeenak, ur-jaialdiak... Xarma berezia du lurralde honek, beste mundu bat, erabat mundu gogorra.

 

IBERNESERA BIDEA

Itsasbeheran ikusi dugu ia egunero itsasadarra eta itsasbeheran eman digu agurra ere.

Belztu egin zaigu lehen orduko eguraldi eguzkitsua: euritsuak eta haizetsuak izan zaizkigu Iparreko egunok eta lainotsu egin digu agur ere. Lainopeko gerizpe erabatekoan agurtu dugu geuk ere lurraldea.

6 dira gutxienez itsasadar erdiko luzeran luzatzen diren petrolio-putzuak: aurrez-aurreago ditugu gaur, erraldoiago ere ikusten ditugu.

3 argindar eoliko, zuri-zuri tontor berde-berdean, auzo edo herriren baten argindar iturria seguruenik.

Zenbait harrizko eliza-dorre zorrotz liken edo goroldio mintz horixka berdez jantzita daude: umeltasunaren indarrez, harriak eurak ere berdegune, edo hezetasunaren ondorioz harriak eurak ere bizigune.

Non ez daude distilategiak Eskozian: 3 zenbatu ditugu lehen zatiko ibilian.

Utzi ditugu txilar mendiak, lautada berdean sartu gara: nekazal etxeak, larreak, zuhaitzak.

Sarria da gainean esku-eskailera edo zurubia daraman autoa, furgonetaren ordez autoa darabilen igeltsero edo iturginak seguruenik.

 

Inverness:  ikuskizun dira urrutitik zubiko zutabeak, zuhaitz artean gorantz antena erraldoiak bailira. Hiria aldiz gordeta, apal, umil, zapal, harrokeriarik gabe xume ikusi dugu  itsasadar ertzetik.  Futbol-zelaia, txikia da: futbolean ere apala Invernes. Zubitzarra eta itsasadarra, biak ederrak.

 

Barraskiloa bezain bare doa auto ilara hiriko borobil-gunez  borobil-gune: hiri orori ordaindu behar zaion zerga.

 

FORT WILIANERA BIDEA.

Gaztelu eder erraldoia zuhaitz artean, magal bateko gaintxoaren gandor; pobreen izerdiarekin eraiki eta mota guztietako zergekin herri xumeak mantendu zuen gaztelua; pobreek mantentzen dute gaztelu bera gaur egun ere sarrera-ordainketaz; igandezaleek txanponak uzten dituzte gaur egun jauntxoak nola bizi ziren ikusi eta harritzeko, turistok ere.

Mendiarteko bailaran sartu gara, izeidiak dira maldak, larrea bailara. Dotoreak dira nekazal etxeak, jauntxo-etxeak, dotoreak edo xumeak, nekazariaren kontu korrontearen zein jabegoaren arabera.

Aberatsa eta jauntxoa elkarrekin doaz, gehienetan bata bestearen bizkar, bestea bat horren jopu.

Takian potian agertzen zaizkigu untxiak: untxien paradisua behar du izan Eskoziak.

 

Ubidea: ubideak ematen dio jarraipena itsasadarrari, Caledonian, hor  eman diogu guk ere hasiera ur-jaialdiari: ubide hau izanen da Fort William-era bitarteko lakuak elkarrekin, alde bietako itsasoak aldi berean, lotuko dituen zilborrestea. Irekitzen diren zubiak aurkituko ditugu bidean, zain ere egon beharko gara Ivergarry-n ontzia noiz pasako. Belaontziak dira ubideko eta lakuetako ontzi ia bakarrak, ez asko.

 

Lochend.  “Lakuaren bukaera” esan nahi du izenak: hor hasi zaigu guri, bukatu ordez, lakua.

 

Ness lakua. Erabat estutu da mendiarte-zuloa, izeidiek betetzen dituzte alde bietako maldak, zuloan berriz Ness laku misteriotsu mitikoa dugu, 35 kilometrotako luzera eta 250 metrotako sondaz edo sakontasunez,  ilun-ilun. Beltza eta kirri dago gaur, euriaren eta haizearen eraginez. Harrotuta dago ur-gaina, ur-azpiko munstroa haserretzear bailego.

 

Drumnadrochit. Turista, bisitaria edo igandezalea dabileneko ohiko muntaia: hotel, denda... dotore itxurakoa dena.

Gaztelu hondakinak, horma puzketak besterik ez, laku ertzean: turismo merkea da aldiz hemengoa.

Militar kamioia, bi gerra-hegazkin geroxeago urrumaka zeruan: gora gerra¡.

Errege-posta dabil goizeko lehen orduetatik herririk-herri bere hizki horiko furgoneta gorrietan.

Ivernermoriston. Bi etxe besterik ez den herritxoa, laku ertzeko bidegurutze batean.

Bi zerzeta, gerra hegazkinak bailira, elkarren alboan lepo-luze formazioan, abia bizian ur gainetik: hauek ez dute behintzat bonbarik jaurtiko ezta ingurua zaratotsez kutsatuko ere.

Hauteskunde propagandak bai kutsatu du lakua, hor dugu gorbata beltza.

Fort August. Hemen bukatu-hasten da Ness lakua. Lehen ikuspegian bi harrizko dorre gris besterik ez da, bertaratuta, zubitxoa ubide gainetik, etxetxoak, hotelak, belauntziak, txalupa motordunak, txalupak,  dendak, aparkalekuak...; erdigunetik albora etxeteria: bisitari ugari datorkio.

 

Bailara berdea, ubidea, larreak, artaldeak, beste laku bat, Lochy ubidea: zabala eta ederra, errekatxoak maldaz behera... uraren jaialdiak edo erakusketak kanpineraino darrai.

Ugariak dira urkidiak laku ertzean, motorzaleak ere asko gaur errepidean.

 

Glen bailara iragartzen dute ugari errepide bidegurutzetan.

Fort August ondoren hasi dira menditzarrak, gorrixkak, garaiak, sendoak, barreneraino soilak, biluziak.  Tontor garaienek elur asko dute oraindik. Hor behar du, horietariko batek izan behar du Ben Nevis, 1344 metroei esker Bretainia handiko garaiena. Maldan behera errekatxoak aparrez zuri harriartean amilduz.

Spean Bridge. Udalekua.

 

Kanpina. Ubidea Linnhe Itsasadarrarekin elkartzen den une berean. Bizi dator ura maria beheran, zabala da Lochy lakuaren huste-gunea, zuhaitz artean dakusagu ur korrontea itsasadarraz elkartzen. Izugarri atsegina da kokagunea, baina hartuegia dugu etxatoiok esparru dena, inguruaz biziki gozatzeko. Ez dago berdegunerik, ez zuhaitzik, berdegunetatik at, erabat bikeztatuta eta harri-txirtez estalia dago lur-zorua. Dena garbia eta txukuna, oso zaindua.

Ekainarekin batera hara hemen holandarrak;  auzo ditugu, alboan.

Gerra-hegazkinak ibili zaizkigu ziztu bizian laino azpitik, ia zuhaitz adarretan.

 

Auto ingelesek ez dute haize-egokigailurik beharko, berogailua aldiz auto merkeenek ere beharrezkoa dute.

 

Arratsaldeko ibilia.

Zoragarria izan da. Dena da ura bailaran, uneoro izan dugu ura alboan, lakua, itsasadarra, besterik ezean ibaia edo malkarretako ur-jauzia;  ez dakigu sarri ur multzoa noiz den laku noiz itsasadar. Sakon estuak dira bailarak, menditzarrek estutzen dute lakua, trenbidea eta errepidea goaz elkarrekin, tarteka maldan gora egin behar du errepideak tokirik geratzen ez zaiolako.

Erabat biluziak dira mendiak, ez da zuhaitz bat bera, baina berdexkak dira, belar-mintz bigun batek estaltzen ditu, maldak goxatuz. Urkidi eta izeidiek hartzen dute zulo ertza, ez dago larrerik. Zuriak dira etxeak, egituraz aldiz, lurraldeko ohizkoak.

Glen finnan. Basahuntz taldea.

Herri orok du gerran hildakoen oroitarria, soldadua beti da gonaduna. Eskoziartasunez harro daude, nahiz hiltzera bidaliak izan, edo harrotasunaz baliatu ziren hiltzera bidaltzeko.

Turista-gunea da lurralde osoa, joan den egunetako goialdeko lurraldea ez bezala, bisitari asko hartzeko prestatutako lurraldea, kamino ertzeko eta herritxoetako jatetxe eta gainerako osagaietan da ezagun. Ez da harritzekoa, hain da paraje eder eta bitxia. Bere biluztasunean ere, lurralde eder erakargarria da.

Mendiei ur  denak ihes egiten dio, labain egiten du urak mendian behera, ez da ur-biltegirik mendi altzoetan. Behean aldiz bata bestearen ondoren datoz lakuak, kilometrotakoa bakoitza, lakuak bezain ugari eta eder itsasadarrak, itsasadar eta lakuen artean berriz ibaiak edo erreka garbi-garbi lasterrak. Ur-jauzien partitura gehitu zaio uraren sinfoniari, mendian behera datoz zilarrezko arrastoak, urrutitik geldi dirudienak, bertatik aldiz jauzi bizian, mendiarro guztietan dator ura aparretan zuri.

Atlantiko itsasertzera heldu gara; irlatxoz joriak daude itsasadarrak, erdian zein ertzetan, uretatik azaleratzen dira harkaitzak, ikuskizun paregabe erakargarri bitxia eskainiz. Itsaser-itsasertz, edo itsasadar-itsasadar, egingo dugu errepidea bukatzen den azken herrirainoko ibilia, ikuspegi pare gabe hau dugula beti begien aurrean. Baso luze bat ere zeharkatu dugu tarte batez: pagoa eta haritza da nagusi beste zuhaitz mota askoren artean: zer egonen baso barnean, eta gaztelua, “zerbait zurea erretzen da konde jauna”, jauntxoek beti jakin izan dute non eta nola kokatu bizitza. “Passing place” edo pasagunezko errepide estua da baso barrutik errepidea.

Itsasadarrek  hainbeste bihurgune dute, ze azkenean eguzkirik ez bada ez dakizu noiz zabiltzan Iparrera, noiz Hegora, norantz behar duten lakuen isurialdeak, oraintxe zoan itsasadarraren alde batetik, orain bestetik...

 

Arisaig. Etxe mordoska bat itsasadar ertzean, oso kokagune dotorean.

 

Asko dira tontortxo baten gainean dauden elizak, bakardadean baina herritik gertu, hilerriak inguratua gehienetan.

Maria beheran, hondartza horia da itsasertza, haitz guzti horiek maria goran irlatxo bihurtzean izugarri ederra behar du izan  inguruak. Arain bertan ere ederra da. Etorriak, kilometro luzeek, edo nekeak damuarazten ez zituzten ikuskizuna.

Itsasadarrera zuzenean isurtzen du ura laku batek, ur jauzi baten bidez.

Eskoziar bandera darama itsatsita zenbait autok, baina berarekin batera baita G.B hizkiak ere.

 Mallaig. Ferrya da errepidearen luzapena Hebridak-eko Skye irla nagusiraino. Bidaiari eta bisitarietatik bizi da herria: dena da merkataritza,edo merketaritza,  denda eta jatetxe. Bada etxeteria merkerik ere herritik albo. Arrantzontzi hasitxo mordoxka bat ere badu, moilaz ondo babestua  du portua.

 

Kanpinerakoa

Itsasertz-itsasertz, itsas besoz - itsas beso, izan da etxerakoa ere. Ur-sinfoniak darrai partitura ezberdinekin.

Une batez badirudi lauzpabost pintzelada erraldoi eman diotela mendiari: errekatxoak dira, zapalda osoan ditu bristada zuriak mendi batek, haitzaren marmol antzerako zain edo beta zuriak dira, haitz bustian ispilu bihurtutako ur-zirrintak.

Irlatxoz josiak daude itsasadarrak. Une batez urrutira ikuspegi osoa da lakutxo eta baso-kasko, denak nahasian, ikuspegi bitxi zirraragarria sortaraziz.

Bada nekazal etxe zenbait tarteka, baina ez da ia abererik, ez lur landurik. Izurritea heldu ote da hona ere?. Lastozko teilatudun etxetxoa, erakusgai jarrita.

Lora moduko sastraka aurkitu dugu arratseko ibilgune osoan, lora polita da, badirudi errepide ertzak dotoretzeko sartua dela, baina agian berezkoa da.  

Ikusgarri ederra da etxeratze ibili osoa, errepikatu arren ez zaitu aspertzen, batez ere uraren ikuskizunak, luze doan arren bidea eta ibilia.

 

Bihurgune eta tobogan franko izan dugu gaur, pasagunezko bide estuetatik egin dugu bidea diosalak elkarri eginez. Lastima nekatuxe ginela azken kilometroez osoki gozatzeko.

Binaka zein hirunaka, berokiz estaliak edo azal-hutsik, zaldi mordoxka izan dugu arratsaldeko ibilbidean, lur-mutur honetan.

Pertsona nagusi, adineko, asko gabiltza errepidean, autoz, errepide estuetako pasaguneetako diosaletan ikusi ahal dugu elkar.

Bada izurritea izan denaren zenbait ezaugarri, baina badirudi oraingoz indargabetu egin direla neurriok.

Corran. Ferrya dute itsasadarra zeharkatzeko. Bertan ikusi dugu aurtengo bigarren katakia.

Fort William barrutik egin dugu: itsasadar kontra kokatua, erakargarria da, Suitzako herritxoa dirudi, etxe argiak, zuriak.... Goialdea aldiz etxe merkeko etxeteria besterik ez da. Portuak ez du moila beharik, berezko itsasadarren babesa baitu.

 

Galeikoz daude herri-izen denak lurralde honetan, berdez idatziak ingelesetik bereizteko, ez parentesi artean Ipar aldean bezala.  Ibai izenak ere galaiko soilez daude idatziak hainbat zubi ertzetan.

 

278 kilometro, ur-sinfonian bilduak.

 

Berdindu egin dira itsasgoran ubidea eta itsasadarra, badirudi bultza egiten diola itsasoak ubideko urari, indarrez baitoa ura ibaian gora.

Bi gerra-hegazkin izan ditugu kanpin gainean, Mallaig-en gero: binaka dabiltza beti, beti lurretik hur, izugarrizko marrumaz beti.

 

“Henriren irudia”. Pablo Sastre: Egoera bereziak kontatzen ditu. Agian ez du ezer asmatu: ikustekoak zeuden gaur bertan andre-gizonak etxatoi aurrean eguzkira begira eserita biak;emaztea hankaluze, buru-alboka lo berriz gizona, auskalo non galduta begirada, eta bien erdian aulki gainean kaiola handi batean loroa, hau ere eguzki epeletan gustura eta isilik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.