Bizitza I
Bizitza
Zer den
* Hezkuntza ikastaroa da bizitza jaiotzatik heriotzara arte.
* Eskuetan harrapatu bai, baina labain egiten digun aingira bezalakoa da bizitza. Likin apur bat utzita alde egiten digun tarte bat.
* Zain egotea da bizitza osoa, beti gaude esperoan, gerora begira, zahartzaroan ere ondoren zer. Batzuek zerua espero dute, beste batzuk bizitzako ahaleginak gerorako onura izatea.
* Naturaren broma bat da bizitza. Broma inkontziente bat, gizakiak soilik egiten du kontziente broma hori.
* Bizitzako gauzei edo osagaiei gehiago begiratzen zaie bizitzeari baino, gauzak ez dira bizitzeko baliabideak, helburu bihurtzen dira, bizitzaz baino bitartekooz gehiago gozatzen da, agian bitarteko, osagai edo baliabideok dira bizitza konkretua, bizitza bera.
* Bizitza ez da hipotesien bilduma, erabaki konkretuen gauzatzea baizik, erabakiak hartzearen ondorioa. Erabakia da askatasuna, eta askatasuna zama astuna, ondorioz bizitza ere.
Kosmosean
* Nora doa, non eta nola bukatuko da, bizitzaren eboluzioa?. Auskalo. Gu bakoitzeko bizitzak ez dira ezer bilakaera honetan, baina aldi berean, ezin bestekoa da eboluzioan besteen bizitzei lotuta
.* Musika guztien itsaso dela bizitza, isiltasunak jotzen duela azken doinua: bedi neurri batetan heriotzari eta bizitza kontzienteari dagokionez; baina ez da isiltasun totalik gure bizitzan, doinu aldaketa baizik, gure gorpuzkinak beste partitura batetan sartzen dira heriotzarekin.
* Isiltasunera doan musika da bizitza tarte kontzienteki eraiki honetan, baina gure bizitza kosmosaren musika izanen da, betirako.
* Heriotzarekin erabat suntsitzean oroimena, ate berri bat zabaltzen ari zaio kosmosaren barrena, ibilbide batera abiatzeko, kontzienteki eginen ez badu ere bide berria, eternoa den bidea.
Bizipoz
* Zenbat balizko txokolate-ordu galtzen dugun, txokolatea prest arren, hitzordua gauzatu ezinik.
* Gu bakoitzaren baitan, errealitate gordinenean ere, fantasiak hartzen du leku eta tarte gehien.
* Bizitzan jokatu beharra dago beti, -taldean beti- talde kaskarrenean jokatzea tokatzen bazaigu ere. Nolanahi ezin diogu jokatzeari uko egin. Jokoaz beste egiten duenak ere, jokoa bukatzeko jokoaz jokatu du. Jokoa jolas ezin bihurtu ahal izatean datza gakoa, jokoa nekea eta sufrimendua baita.
* Gutxi irakurtzen dugu, agian horregatik da hain arrunta gure bizitza.
* Gehienok bizi gara lo.
* Esna, baino ez erne, egiten du gizakiak ia bizitza osoa.
* Bizitzak noiz okerrenera egingo, desesperatuaren burutazioa.
* “Ustelduta egotea horixe baita: gauzak nonbait egotea tokatzen ez zaienean, behar ez duten garaian. Zer da sagar ustel bat, beranduegi existitzen jarraitzen duen sagarra ez bada?”, U. Alberdi. Gizartea usteldua dagoela dirudi, badirudi gauzak ez ezik pertsonak ere ez daudela ez behar den tokian, ez behar bezala, ez behar duten garaian. Baina hori bizitzaren legea da, uneoro dena aldatuz doa, eta uneoro lekuz kanpo uzten gaitu joanak, baina beti gaude gauden tokian, tokatzen zaigun tokian, usteltzen goazen sentipena garratza den arren.
*Ze zaila den bizirik sentitzea, kate motzen lotzen du gizakia iraupen-kezkak gizarte bortitz honetan.
* Eguneroko zertzeladatxoek eman beharko lioke zentzua, garrantzia eta bristada gure bizitzari, gertaera eta eginkizun txikiok egiten baikaituzte handi, istorio horiek egiten dute letra larriko Historia, istoriook izan behar lukete autoestimuaren funtsa, handi izan nahi horrek hain txiki egiten gaituen garai honetan.
* Autoestimua, bizipoza, norberarekin ongi aurkitzean hasten da.
Zergatik-zertarako
* Zergatik gauden?, maitasuna deritzoten pitzadura batengatik
* Zenbait pertsonak ez ote dio bizitzari eusten bizi-erritmo azkar bati esker, ezinegon hori da sarri bizitzari eusteko funtsa.
* Hiltzeko gogoraino jotzen gaituenean gaitzak pentsa ohi dugu hobe litzakeela ez izatea, baina ezingo genuke hori bera pentsa ahal, izango ez bagina. Hobe nonbaiteko azkena, inongoa baino.
Elkarbizitza
* “Hura da ni, ni naiz hura, bitarterik ez dago” Amurizak. Ni-zu filosofia hori gauzatuko bagenu, bestelako litzake bizitza.
* & Elkarren ondoan jarraitzea behartua denean bilakatzen da zitala konpainia behartu hori: beti eztabaidaka eta beti elkarren ondoan: egoera berezia. Onartutakoa denean, gizakiaren kontraesanetariko bat da, tarteka zitala, tarteka eramankorra.
* Denok bizi gara lubakiz inguratu eta babestuta, tarteka soilik ateratzen gara lur zabalera, inoiz ere ez asko, eta burua agertuz bakarrik.
* Karitatearekin lotu ohi dugu ematea. Norbera ematea, aldiz, norbera osatzea da eta hori da bizitza. Zikoitzaren bizitza, hutsala da.
* Gu bakoitzak beste existentzia berri ezberdin bat dugu ezagutu eta ikusten gaituztenengan, horietako bakoitzean bizi gara. Existentzia pila dugu beraz.
Kontrabidean
* Bere nahierara egokitu nahi izaten du gizakiak errealitatea, baina tematia da errealitatea, bere legea ezartzen du, eta aurre egin behar izaten diogu.
* Geurea den bizitzari ihesean bizi gara, geurea ez den bizitzaren bila.
* Ziurrera jokatzea erakutsi digute beti, dena dugu edo eduki behar dugu aseguratuta: horrek kentzen dio bizitzari distira, kamustu egiten du bizipoza.
* Inertziaz bizi garen sentipena dut, aurrera jo asmoz zeregin ezberdin eta handikiei ekiten diogunean ere.
Zer da
* Bi betikotasun ilunen arteko iluntasunaren gainean, sarerik gabe, funanbulua hari gainean bailitz, kulunkatzen den argi izpia besterik ez da bizitza; beti heltzen zara ertzera, eta, orduan, ikuskizuna.
* Antzoki bat da bizitza, non bakoitzak bere rola jokatzen duen, rol hori zein den ere jakin gabe gehienetan, eta inprobisatuz gehiagotan.
* Labirintoa da bizitza da, heriora daraman labirintoa, norabide eta osagaiz etengabe aldatzen dena, dena kantoi, dena nora erabaki beharra, hurrengo pausoak nora daramatzan ez dakizula; biharamuna beti ezezagun.
* Labirintoa da bizitza, heriora daraman ibilbide korapilatsua.
* Bizitza, gehienetan, iraunkortasunari eutsi monotonoa besterik ez da.
* Ametsa da bizitza bera, ametsez osatutako ametsa. Ez dago merezi ez duen ametsik. Bizitzak merezi du, amets oro da balekoa. Ametsak baztertu edo gutxietsiz, amore ematen diogu bizitzari, bizipoza ito.
* Ilusio bat da bizitza, errealitateak zartatutako ilusioa, eguneroko edo uneko ilusio izpiek eutsiarazteen dutena.
* Beti zerbaiten bila gabiltzan bidaia da bizitza. Zerbait baliagarri edo helduleku baten bila gabiltza beti gizakiok, iraungailu edo iraungarri izan dakigun zerbaiten atzetik, sinbolo edo ikur bihurtuko zaigunaren egarri. Mila mota ezberdinekoa izan daitezke euskailuok.
* Bidaia bat da bizitza. Norberaren bidea egin eta asmatu behar du bakoitzak, besteren esklabo egin nahi ez badu egin behar duen bidea, bakarkako bidea baita bakoitzaren bidea, beste bidaia-kideen ondoan edo paralelo edo gurutzatuz.
* Askok egiten dio barre bizitzari, txiste bat bailitz, baina arazo serioa da bizitza.
* Bizitza, abentura?, Abentura, arte? Galdetzen zuen idazleak. Ai hala balitz.
* Etenik gabeko ametsen katea da bizitza, esnako amets inkontziente edo hausnartu gabekoena gehienetan.
* Gizakiaren bilakaera da bizitza.
* Unez une, gidoi idatziz edo ez, antzezten dugun komedia bat da bizitza, agian txantxa bat ere bada, errealitate krudelenean ere.
* Bizitza osoa hondartzako zirriborro bat da, olatu ezberdinek desitxuratu edo ezabatzen doazenak, azken olatuak desagerrarazten duen arte. Zahartzean jabetzen zara horretaz.
* Ekaitz bat bezalakoa da bizitza, bere zurrunbiloan irensten zaitu, ezer gutxi egin ahal duzu indar horren kontra, zaramatzan korronte horretara egokitzean eta aurrez edo alde igeri egiten jakitean dago bizitza eroso eta emankor baten gakoa.
* Karanbolen jarraipen bat da bizitza, bola bat gara beste bola batzuekin topo edo elkar joka, oso gutxi aldatu ahal dugu bolen norabidea, eragin norabide aldaketa hori karanbola bat baita bera ere, gutaz kanpoko zerbaitek darabil haga, besterik uste badugu ere.
* Misterio bat da bizitza, uneoro bere sekretuak erakusten ditu eta aldi berean erakutsi dizkigunak estaltzen, orain dakartza ur uherrak eta geroago garbiak, baina beti da ibai sendo eta irmoa.
* Unean-unean, usten duen onena egitea da bizitzea, onerako edo txarrerako, irabazi edo galdu. Denboraren joanari erreparatu gabe. Edozer egiten dugula, beste aukera guztiak, infiniturainokoak beti, utzi eta galtzen ditugu: hori da bizitzaren eta askatasunaren funtsa. Ez tragedia, ez zoriona. Bizitzea soilik. Denbora ez dugu guk kontrolatzen.
* Batzuek bizitza ametsa dela diote; bada ere, erradikal, ezkor edo poeta, bizitza hilen oporraldia dela dionik ere. Amets polita da hilen oporraldi hau. Lastima esnatzen garenean ez garela oroituko izan ginenik ere.
* Heltzen zaizkigun apurrekin zoriontsu, sekula iritsiko ez den zerbaiten esperoan egotea da bizitza,.
* Egun bakarreko bidaia dela bizitza iruditzen zait sarri, edo egun bakar gutxikoa.
*.Bizitza hitz ordu bat omen da, baina norberak jarri gabeko orduan heltzen da, eta norberak aukeratu gabekoan joaten ere. Ez dakigun orduan harrapatzen gaituzte batak zein besteak..
* Hari guztiek elkar gurutzatzen duten ehuna bezalakoa da bizitza, baina hariok nork gurutzatzen dituen da arazoa, norberak ez beste norbaitek edo zerbaitek ehuntzen baitu ehun hori gehienetan, gure bizitza inoren esku utziz.
* Eskatu gabeko opari bat da bizitza, kendu ere zure baimenik gabe kentzen zaizuna
* Besteekin lotu behar duzun engranaje bat da bakoitzaren bizitza, hagindun gurpiltxoa bat; bestea den gurpiltxoaren haginekin lotzen ez badakizu, desorekatuta biziko zara.
* Sinbolo bat bezala da bizitza, ikurrez betetako sinboloa, eta sinbolo eta ikurrok dezifratzen ez jakiteagatik galtzen ditugu bizitzako mezu gehienak, eta bizitzaren onbide gehienak.
* Bizitza: gorputzaren galera, arimaren galera, giza galera porroskatua; asken finean bizitza porrota dela teoriak partzialtasunaren pipia darama bere baitan. Galerekin batera irabaziak dakartza bizitzak. Zerbait positiboa baita heldutasuna ere. Delako porrotaren hipotesian, gizaki jaioberria litzake izakirik osatuena, onena, galerarik gutxienekoa delako, alajaina.
Jakituria
* Bere bidea egiteko errespetatu beharreko arauak ditu bizitzak, baina tarteka aurrea hartu behar zaio: hori da jakituria.
* Munduan egotea, bera soilik ere, jakituria da, egote kontzientea den heinean; kontzientziak egiten du jakintsu munduko ikuskizunari begira egotearekin konformatzen dakiena.
* Bizitzeko forma bat da itxaroten jakitea, denbora irabaztea. Denbora irabazi nahian, presati, urduritzen denak, bizitzako zati bat galtzen du, denbora zati bat.
* Bizitza osoa da arriskua, eta arriskuetatik ondo ateratzen asmatzen duenak soilik du bizitza oparo eta zoriontsua. Errazkeriak leloa soilik asebetetzen du.
* Besteengandik jaso eta besteei eskaini, erritmo eta oreka hori betetzen ez duen biziduna hilik da.
* Daukaguna daukagu, dagoena dago, daukagun dagoen hori administratzea edo baliatzea da bizitzen jakitea, eraman egingo gaitu bestela bizitzak, esklaboago bihurtuz.
* Zer dakite bizitzaz tarteka astindu bat pairatzen ez duten horiek.
* Teoriak garunetan prozesatzea eta teoriok egunerokoan mamitzea bi errealitate ezberdinak dira, urrunekoa bata, ukituzkoa bestea, lehenengoa ere bada izan eragilea, baina ez gaitu astintzen.
* Ariketa bat bizitzari buruz: atzera begiratuz, norabidea aldatu diguten bihurgunez hausnartu.
Jarrerak
* Badira amildegiaren ertzean eseri eta ezerezari begira atsegin hartu nahiko luketenak, baina bizitza zurrunbilo bat da, ez du amildegirik, existentzia duen ororentzat ezinezkoa da begirale soila izatea, ikuskizunaren partaide da bera ere.
* Abentura behar du izan bizitzak, norbere bila, azaleko harat-honatean, baina barnera ibilian beti. Galtzeko arriskua hartzen duenak aurkituko du aurkitzekorik bada. Zorionekoa bere burua aurkitzen duena.
* Ihesa gutxitan da salbabide. Arazoari aurre egiten dionak du garaile aukera.
* Bizitzak baditu une bereziak, non burua ez ezik sen osoa argia eta librea sentitzen duzuna, “ai bizitza horrelakoa balitz” diozuna.
* Denok bizi gara beste egun baten zain, esperoan, besteak ez bezalako egunen ilusioz edo itxaropenez, egun bakoitza beste egun besteak ez belakoa bihurtu ordez.
* Hor dago koska. Kanpora ihes eginez nahi dugu barne-penei ihes egin, baina barnera bidea eginez soilik atera genitzake kanpora barneko pena horiek eta lasaitu.
* Nolabait itsasoaren zati naizela dakit, zati izate hori bizi dut, horregatik dut gizarteagan eta etorkizunean itxaropen, horregatik ez dut etsi, horregatik itsasoko olatuetan hegira, puntara igotzen ahalegintzen naiz, ez dut galdu nahi askazia ahaleginaren partaidetza, neurri apalean bada ere.