Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/08/07 16:30
FRANTZIA: Poitiers, Futuroscope, Chauvigny, Mont Morillon, Saint Savin, Angles sur Langlin, Laroche-Posay, Chatellerault

Ekainaren 26a. Osteguna. 53.a-F:1.a

 

Bidaia bukatu aurreko urduritasuna; luzea eta korapilatsua izan baitaiteke gaurko ibilbidea, erabat aldrebestu dezake euriak.

 

Egun ilun tristearekin abiatu gara etxerantz.

 

Saltokitxo piloa antolatzen ari dira Txekiako mugan, aleman pobreei huskeria merkeak saltzeko: pobreagoez edo pobre aberatsagoez baliatzen gara pobreak.

 

 

A L E M A N I A

Txekiakoek ez duten apain-ukitu bat dute Alemaniako herriek: horma zuriko etxe argiak, teila gorriko teilatu pikoak...; aberatsagoak ere badira alemaniarrak, baina, batez ere, urte gehiago daramate herriak txukuntzeko filosofiarekin; Txekian ezin izan dira azken ukitu eta politasunetan murgildu; bizitza baldintzek ez zieten ez denbora ez adorerik uzten horretarako; bizitzan zer den gehien baloratzen den horrek du eragina bizimoldeetan; bizitzari buruzko filosofiak gauzatzen du biziera, azkenean ekonomiak edo baldintza ekonomikoek  baldintzapetzen badute filosofia  hori bera ere. Paisaia fisikoa da aldatu ez zaiguna: Bavaria azken egunotako Txekiako paisaiaren berdintsua da. Herriak bai aldatu dira, giza paisaia alegia, baita guk jaso ezin dugun jendearen jitea, biziera, bizimoldea, filosofia eta jokabidea ere.

 

Handiak eta argiak dira Alemaniako bide-sare iragarkiak, gu bezalako nahas errazak ere ez gara galtzen.

Txekian baino eginagoa dago artoa, horituta dago hainbat galsoro, eguzki-eguna lagun, ebakitzeko prest.

Oso motel doa trafikoa kamioiak direla-eta Alemaniako errepideetan: beti dugu aurrean kamioneta zamatuegiren bat ibili geldo ajetuan.

Ez ditugu 50 kilometro egin Alemaniako lurraldean eta hor ditugu gudagizonak.

Pare bat maiatz!: agian S. Juan zuhaitzak dira, bata urteroko zuhaitza da, zuri-urdin  pintatuta, abarren ordez herriko ezkutua gandor.

Lurralde zabal berdean bi tximinia, luze eta txaparro zabala, lehia bizian ia nork gehiago kutsatu: Txekiakoek baino ke gehiago botatzen dute hauek.

Mendiarte bateko laugune edo zulogune zabaltxoago batean ertzak ondo zaindu eta berdindutako hainbat putzu elkarri lotuak, arrain-haztegi  itxurakoak.

 

Auto poloniarrak ikusi ditugu ugari egun osoan zehar Alemaniako errepideetan, Txekiako mugan bertan hasita: matxuratutako autoak garraiatzen dituzte, Txekian zehar, uste dugu Poloniara.  Diru asko jarri duen negozioren bat izan behar du hainbeste auto, atoi eta pertsona erabiltzeko; agian gutxi askoren zeregin txikia edo negozioa da; Alemaniako auto matxuratuak erosi eta konpondu ondoren Polonian saldu, hori da nonbait negozioa.

 

Iaz lagun izan genuen Nurenbergo  autobia dugu orain ezagun, iazko bazterrak begiratu eta gogoratuz. Trumoi zaparradatik zaparradara egin ditugu kilometro luzeak, paisaia polit baina azkenez monotonoan; aspergarriak bilakatu zaigu ibilia. Kamioien gurpil handiek harrotutako lainopeko bidaia; tarteka goitikako eta behetikako ur nahasiek urezko hesi trinkoa jasotzen ziguten aurrean, urezko horma zulotzen joatea bezala zen gidatzea, gortina heze bat urratzea zen aurrera egitea.

Agerkundea bezala izan da: Heilbronn-etik gertu, Hungariako autotxo oso antzinakoa edo erabilia, zahartxoa, izan dugu aurrean, Txekian bageunde sentipena sortaraziz; bitxia eta arrotza bilakatu zaigu Alemaniako auto sendo eta berrien artean.

Karlsruhe-rako bidegurutzearen ondoren Tuterako zubi erraldoia zeharkatu dugu, kable gorriko urdina, ikusgarria: besterik ezin izan, nire Rhin mina behar zuen izan azpiko ibaia; oroitzapen nostalgikoz begiratu diet zama-ontzi mantsoei.

Mannhein  inguruetan konboi militarrek garbi uzten dute bere presentziaz Europa osoan nork agintzen duen, nork duen benetako indarra.

Kaiserslauter-en, Manhein eta Saarbrücken-en arteko bailararen zabala dena da mahasti, bai mendixka gainak baita begi-bistan galtzen den bailara osoa ere.

Han jarraitzen zuten Hilbronn-eko tximinia  erraldoiek, han zeuden bere tokian bere kezko gandor erraldoiekin.

 

Berrikuntzak eta konponketak direla eta, takian-potian gaude geldik autobian ere; motel zamarra da bidaia halako errepideetan ohi denerako. Izugarria da kamioi kopurua, trinkoa kamioien trafikoa: ia 100 kilometro joan gara etenik gabeko kamioi ilara eskumatik, autoona ezkerretik, inork inor aurreratu ezinik, abiadura berdintsuan kamioi eta autook.

512 kilometro 6 ordutan, hori izan da alderik alde bere zabalera osoan Alemania zeharkako bidea.

 

 

FRANTZIA.

 

Lorena-Lorrain lurraldea, jauntxoen jabetza bailitzan, gerra bakoitzaren ondoren eskurik esku ibili den herrialdea.

Izan ere jauntxoen jabetzak dira herrialdeak ez ezik nazioak ere, lur-jabetasunak halakoren eta bestelakoren izenean badaude ere. Lurrak ez ezik pertsonak ere jauntxoenak dira, hitz, teoria eta organigrama politiko politekin mozorrotu arren. Ikus bestela nola daramatzaten mutilak ejertzitoetara, edo langileak alokatzen fabriketan.

Mosela ibaia, zabala eta ederra, baina kutsatua eta hila. Lurraldearen fisonomia fisikoa  ez da oraindik asko aldatu, Europako lurkera gehiena da berdintsua, uhindua, laua eta nekazaria, baina gune industrialek menperatu ez ezik kutsatua edo kutsa erazia; behiak zaizkigu berrikuntza paisaian: lixiban kolorgetutako behi zurixkak gehienak.  Pertsonak hemen ere antzerakoak izanen dira sakonean aztertuz, baina azaleran eta bizieran ezberdinak, idazkeran eta hizkeran ezberdinak diren heinean.  Izaera ezberdina eragiten du sarri askotan hizkuntzak.

 

Hasi zaizkigu Frantzian bidelapurrak, txabolatxoetan gordeta, larrutik bidesaria kobratuz; takian-potian daude gainera, enpresa bakoitzak, jauntxo bakoitzak, egin du bere errepide zatitxoa eta orain etekina ateratzen dio. Hasi zaizkigu ere frantses irratiak kaka esplikatzen.

Verdun, "bakearen hiria", gerragatik  da ezaguna, beste dena  zurikeriarako hitz hutsa besterik ez da; zapalkuntzaren sinboloa da, Euskal Herriko Petain guztien oroigarria, inposaketaren ikurra. Inguruko herritxoek ez dute ezberdintasunik Alemaniakoekin, urrutitik begiratuta, agian ilunagoak dira hauen etxe-hormak.

Trumoipez trumoipe, laino-azpiz laino-azpi, zaparradatik zaparradara, goaz Frantzian ere, aterrune batera irten orduko ikusten dugu aurrean bota ahalean dagoen lainoa, eta laster sartzen gara lurreraino heltzen den lainopean.

50 kilometro besterik ez zaizkigu gelditzen Parisera   petrolio-putzu pila agertu zaigunean, dringilin-drangalaka zaldi-buruak aspertu gabeko eraginean. Barraskiloak bezain geldo saihestu dugu Paris, Senako batel batzuk ere ikusi ahal izan dugu.

 

954 kilometro, laino beltzen altzoan ia denak.

 

Trailer biren arteko babesean egin dugu gaua gasolindegi batean.

 

 

Ekainaren 27a. Ostirala. 54.a-F:2.a

 

Tours, "Loire les chateaux": bakoitzak duena erakusten du. Etorri ginen gu ere sorburua atera nuela-eta oporretara joaterik izan ez genuen uda batez Abuztuko Amabirjinaren zubia baliatuz: zenbait gaztelu ikusi eta bapo!. Gaztelu asko izanik, denak antzerakoak baitira bere ezberdintasunean. Tours lurraldean bi tximinia zabal dager gazteluak ketzen, itxura hobetzeko edo, Idiazabalen kolorea emateko gaztak ketzen dituzten bezala.

Erakutsi egiten ditu Loira bailarak gazteluak; berez ikusten zaizkio Tours-i, erakutsi gabe ere, etxe-orratzak: mamu erraldoiak dira bere zuritasunean.

Teilatu eta horma ilunekoak, tristeak dira inguruko herritxoak, tristeagoak gaurko egun tristearekin; are tristeagoak dira  harri arreko horma eta teilatu ia beltzezko bordaldeak; Txekiako eta Eslovakiakoak bezain triste eta zikin plantakoak dira.

Garitzak.

 

Kanpin zehatz baten bila hasi eta alboko beste batean bukatu dugu, merkeagoa eta erosoagoa, suertez.

 

Poitiers.  Bisitan bueltatzeko gogoa uzten duen hiria. Zaharra  da baina zaharkitu plantarik gabekoa bere muinean. Erdigune zaindua izan ohi da hiri eta herri bateko muina; baina edozein herritar bizi edo dagoen zokoa behar luke muin izan, ez dendariek diruari etekina ateratzen dioten gunea soilik, ez jendeak erosi edo edan egiten duen tartea bakarrik; edozein bizitoki, etxegune, behar luke izan muin zaindua; muin zainduak, berriz, ihes-guneak izan ohi dira, bizitzari ihes egiten diogun zokoak. Agian askorentzat egunerokoari ihes egitea da bizitza, horiek dira bizitzan merezi duten orduak.

Lehen egon gineneko bi irudi nituen gogoan, biak gertatu zaizkit ustelak, ez dira oroitzapenean gorde nituen ederrak. Jai eguneko eguerdiz eta inolako informaziorik gabe egon ginen duela asko, arinki egin genuen kale-arteko ibilalditxoa. Bizipen eskasa eraman nuen. Gaur jantziago eta lasaiago, egun eta ordu egokiagoan ere etorri gatzaio. Hiri ederra da, kaledi atsegina du,  altxor ikusgarriak gordetzen ditu. Gogoratzen nuen bera da plaza, baina Udaletxe aurreko eraikina, jauregia, kale luze baten bestaldean dago, gogoratzen nuen bezala udaletxearen aurrez aurre, baina urrutiago. Plaza eta alboko kaledi tristea zen nire oroipen urria, baina justu bestaldean dago zahar atsegina. Alde Zaharra  merkatari kaledia, atsegina eta zaindua. Herri askok du Frantzian Ganbeta kalea, Poitiers-ek  ere bai, noski: oso atsegina da batez ere dendak eta erakusleihoak gustatzen zaizkionarentzat. Kale zoruan marraztutako marra urdinari jarraiki ikus ahal daitezke erdiguneko monumentuak, marra da gida eta plano ziurra. Monumentu denak dira apartak, denak gozatzekoak: S.Porchaire eliza: dorrea, bakoitzak hiru arku ilara duen hiru estaiko  dorre erromanikoa; bi nabe ditu, bakoitza bere aurreko aldarearekin, ezkerrekoa delarik aldare bietan nagusia. Justizia Jauregia: Zutabe eta mailadi zabalekin greziar palazioa dirudi; bitxikeriarik ez du, barruko aretoaren tamaina izugarria da bitxia; aparta ederra egiten dute arku, aurreko balkoi eta balkoipe gotikoek. Jauregi ostean berriz, erabat bereziak dira eliza behar lukeen eraikin bukatu gabe edo eroriak, zein harresiak behar zuten hormatzar zutik iraun dutenak. Katedrala: Sarrera gotiko aparta da filigranarik ez badu ere; barnea,  luzera eta garaieragatik  zirrara eragiten duen horietako eliza biluzia; sekulakoak dira geratzen zaizkion beirateak; pulpitua, kuriosoa da: elizaren bi zutabeen artean, atzean, erdiko bankuteria alboka geratzen da, baina aurrez aurre badu bankuteria bat pulpitura begira, aldarera ordez; norentzako ote sermoiak, meza entzuleentzat ez behintzat!; Bataiotegia: erromaniko ederra kanpotik; bataiategia izateko handia, baita erromaniko kapera izateko ere; bataio-putzua erdi-erdian du eta barrutik ere moinono-moinonoa da dena, harriz beteta badago ere: museo bateko harri pilaketa dirudi. Saint Radegonde eliza: erromaniko aparta, handia, sekulakoa, berezia, ikustekoa; erdian sarkofagoa duen kripta berezia aldarepean, bertarako jaitsiera luze zein zabal pike batekin, pasabidea inguratzen duela. Presbiterioak zutabe sendo pintatuak  ditu, bitxiki pintatuak ditu zutabeon kapitelak, pintatuak gangak; katedrala bailitzan, edo eliza gotikoa, garbia eta librea du presbiterio ostea, abside aldea. Notre Dame Handia: fatxada harrigarria, bitxia, argia, ezohizkoa, landua; zutabe pintatuek pagoda itxura ematen diote barnealdeari; hiru nabe dira, altuak eta luzeak hirurak, alboko biak oso estuak; honek ere librea du presbiterio ostea, baina begi-bistan. Badu kripta, baina itxita,  non ez dagoen nonbait ezer erakusgairik; urteen ajez ia galduak, ilunagatik ikus zailagoak, pintatuak ditu gangak. Merezi du begirada bat Kristoren Hilobiratze handiak ere: antzinakoa, naif samarra, kuriosoa.

 

Ez dugunaren bila gabiltza gehienetan: neska beltz batek leun jarria zuen ile kizkurra. Hainbat emakumezko zurik berriz ilea kizkurtu ohi du; hainbat burusoilek ileordea jartzen, iletsuek berriz burua soiltzen.

Mexikar jatetxeko zerbitzari asturiarrak  euskaldunak garela esatean "vascos!!!!" esan du, gure burua arrotzat eta zerbaitzat dugula adierazizko ahots eta keinuekin.

 

Norabide errazetan egindako hanka sartzeengatik ez balitz, egun polita.

 

354 kilometro, etxetik gertu uzten gaituztenak.

 

 

Ekainaren 28a. Larunbata. 55.a-3.a

 

Futuroscope

Nagusien jostailu garestia, haurrak engainatzeko guneekin. Egun-pasarako gune aproposa. Irudien teknika oro masifikatuzko antolamendu erraldoia. Etxean bakarka edo zine aretoan taldetxoka pantaila txikien aurrean egiten duguna bera hemen jendetzan elkartuz  egiten dugu pantaila erraldoiaren aurrean: irudiak ikusi, bereziak badira ere. Kanpotik figura geometriko ezberdinak diren eraikuntza abangoardistek sortzen dute giroa kanpoan;  barnean han-hemenka zenbait hiriburuetan  ikusi izan ditugun ikus-entzunezko teknika berri ezberdinak gune eta oskol bitxietan eskainiak. Bartzelonan ikusiak genituen  ikusi ditugun hainbat ikuskizun. Teknika berrien zirrara, hiru dimentsiotako pantaila eta zinema erraldoiekin. Xarmanta eta zirraragarria, ezohizkoa ere bai, zinemaren inguruko bidaia teleaulki  batetan zintzilikatuta zine-modu ezberdinen atalak ikusiz.

Gestorek deitutako manifa nazionala edo Ikastolek jarritako Festa Egun baten antza du: autobuskadak, autoak, jendea uholdeka bilgunera, urduri ez baina zerbait berezira bailihoaz, giro berezian.

Ikuskizun masifikatuak: milaka pobre, trumilka, hesi estuek zabalera laburrean izugarri luzatutako kaletxo luzeetan, elkarren bueltan mila bira emanez, tuteria kiribilduetan ilara amaigabeetan luzatuz, izugarri bihurritutako erreskada etengabeetan sarrera harrapatzeko pilatuta, zutik tolestuta, areto batetik irten ordurako beste areto baten bila ibili lasterrean, dena ikusi nahiaren urduritasuna bai ibilian bai aurpegian, erabat nekatutako jendea, enpresak jarritako txosna, jatetxe eta abarrak han- hemenka denean.

Umeen jolasak, ur-txorrotako lakua ur-sinfoniak eginez musikaz bildurik, lakua... Jendetzak erakartzeko muntaia bikaina. Oso atseginak dira bai parajea, bai parkea.

 

1O kilometro besterik ez egun luze batetarako.

 

Kilometroetako ibiliak ez du berak soilik eguna betetzen. Askotan ibili luzeak bete ordez hustu egiten zaitu. Gaurko ibilbideak bete ez gaitu egin agian, baina egun lasaia izan da, dena ikusteko arrapataka ez ibiltzea  erabaki baitugu.

 

 

Ekainaren 29a. Igandea. 56.a-4.a

 

Udal-kanpina, behingoz aratza eta zaindua, edozein kanpin pribatu baino hobea. Kudeaketa publikoak beti behar luke gutxienez horrelakoa; kudeaketa pribatua gainditzen duenean askoz hurbilago izanen dugu sozialismoa.

 

Zonalde osoa dugu heldutako garitza; gari-buruek gorrinak jotako halako itxura beltzarana dute, azken egunotako hezetasunaren eragina nonbait; gure hezurrek bezala gariak ere eguzki goria eskatzen dute. Barne-turismo biziko zonaldea dirudi herrialdeak, gaurko euripean inor ez badabil ere: baso zabala parke bihurtuta, bide-gorri ugariak, aisia-leku, errepide bazterretan hainbeste jatetxe eta kafetegi ikusten ez bada ere. Herritxo askok du elizatxo erromanikoa, errepidetik begiratuz xarmantak. Herri gehienak dira aratzak, garbi itxurakoak, txukun sentipena sortzen dutenak, bertan  gustura sentitzen zaren horietarikoak, euripean ere apainak. Nekazari zonaldea, gari horituagatik ez dago hain berdea, baina berde trinkoaren planta ematen diote errepide ertzek. 

Halako efektu bitxia eta berezia egiten zuen auto zurixka batek ikusten ez zen errepidean garitza horia zeharkatzean, gari artean airean antzo.

 

Chauvigny. Hiribildua. Dorretxea eta  eliza erromaniko aparta gordetzen ditu tontorrean; oineko lautadan berriz, eliza erromaniko ederra eta kaledi  aspaldikoa, Viena ibai zabalaren ertzean. Saint Pierre, kapitel erromaniko ikusgarriak ditu presbiterioko zutabe sendoetan; pintatuak daude zutabe eta kapitelak, -zarpeatu egin zituzten pintatzeko-; arkutxo erromanikoek ere kapitel ederrak dituzte eta pintatuta daude ere. Hiri barruko kaledia bihurria da, giro zaharra gordez. Notre Dame, beheko eliza erromanikoa, austeroa da, kapitel landuak ditu eta fresko zati bat horma batean, urteek lausotua arren ederra.

 

Montmorillon.  Tontorrean datza herri zaharra, lautadan berria. Maison Die, erromaniko planta ederra du. Bertatik gertu, eraikuntza oktogonala, tutuz eta plastikoz erabat bildua, igeltsuz estalitako elbarritua bailitz. Monasterioa: zaharren egoitza bilakatu dute, parke ederra du; inguratzen duen paseo-tokia, beheko lautadari so, euripean ere atsegina da. Notre Dame: erromanikoa da; pintatuta dago baina pinturok kolorgetuak ez ezik zaharkituak eta hondatuak ere badaude; Santa Katalinaren kriptak fresko oso ederrak omen ditu baina itxita dago berrikuntza lanengatik.

 

Notre Dameko elizan aurkitu ditugu zintzilikatuta oraindik argi eginez hainbat lekutan aurkitu ezinik bila ibili ginen tulipak.

 

Houhet.  "Salba dezagun Houhet" dioen pankarta: bada astakeria asmoren bat!.  Eliza polita du.

 

Sta. Teresita, Lixieko Teresa Saindua hil zela 100 garren urtemuga da aurten. Bere argazkia dago elizetan: guretzat ezezaguna den aurpegiera duen argazkia da. Aurpegi biguneko emakumea erakutsi izan digute beti, aurpegiera txepela edo samurra. Argazki hauetako emakumea begirada gogor, sendo, sakonekoa da, nortasun handiko emakumearen aurpegia.

 

Saint Savin.  Bi zubi ditu ibai zabalean; herri txukuna. Monasterioa du erakusgai nagusia. Eliza erromaniko luze eta garaia; kanpandorre erromanikoa ezohizko luzea da, agian beranduago luzatua;  erdiko nabeko gangak irudi pintatuz dotoretua dago okre berde kolore biziz; pintatuta daude bi ilaretan zutabe garaiak ere; zutabeei tokatzen zaien  kapitel zabal eta handiak  tailatuak dira; zutabez mugatua du presbiterioa, kapera ugariz hornitua absidera arteko tartea; erditik atzerago bi zutabeen artean kokatua dago pulpitua, zurezkoa, bera soilik, berari zuzenduriko bankurik gabe, desanparo itxuran: aurreko jauntxoek sermoirik behar ez eta atzeko herri xeheari zuzendutako hitz-iturria.

 

Herri garestia. Bazkaritan barraskiloak eskatu eta 12 besterik ez digute ekarri, kobratu berriz 1000 pezeta: 84 pezeta barraskilo bakoitza!. Ai Arantzazuko barraskiloak, gozoagoak, handiagoak, ugariagoak eta merkeagoak!!!.

 

Egurats lainotuarekin turistarik ez datorrenez gaurko egunez hutsik daude herri guztiak, hilda kaleak.

 

Gaztelutxoak diruditen harrizko granja ilun arreak, pobre itxurakoak, agertzen dira noizbehinka.

Zonalde osoa dago oso promozionatuta iragarki eta kartelez, herri bakoitzak duen altxorra erakutsi nahiz, turista erakarri asmoz, Futuroscopeko bisitariak bertako bisitari ere bilaka guran. Turismora jo dute nonbait nekazaritzaren ahuldurak eraginda.

Jadanik iragarrita dago Tourra dela-eta errepidea hertsia egonen dela.

Angles sur L/tAnglin.   Erdi Aroko herri petoa: goialdean kale estu bihurriak, arkupeak, etxarteak, pasabideak, dorre erromanikoa, harkaitz bertikal garaiek  defendatutako gaztelu sendo baten hondakinak, beherago ibaiaren bestaldean auzo zaharra, burgo bat bezala. Frantziako herri politena dela diote, moinonoa da izan, banan-banan begiratuz bere osagaiek ez dute ezer harrigarririk, baina osoki begiratuta polita da.

 

Laroche-Posay. Bainu-herria, txukuna, kanpotarrentzat  apaindu eta zaindua. Eguraldi onarekin paseo-aldi gozagarria emanen genuen bertan.

 

Chatellerault. Hain hila dago gaur, non  autoak ere oinezkoentzako kaleetatik dabiltzan. Astegun ateri batez hiri goxoa izanen da, gaur ez. Zubi luzea dagokio hemen ere ibai zabalari. Santiagoren eliza erromanikoak zerbait arraroa du barrenean, erromanikoa izanik beste zerbaiten jitea du; fatxada ederra da; ederra ere erromesaren irudia.

 

116 kilometro, euripean, errotulurik ez eta zati batean norabide bila ernegatutakoak hainbat.

 

 

Ekainaren 30a. Astelehena. 57.a-F:5.a

 

Zenbat arrunkeria serio-serio hizketan ikusten dituzunen hitzetan. Hain serio ikusten dituzu, hain luze beraien solasean, hurreratuz ordea ez diote eguneroko huskeriatxoak besterik!. Besterik ez da agian, bizitza!.

 

Poitiers.  Egun pattala. Motel daude kaleak denda askok ez baitu ireki ere egiten astelehenetan. Hilario Sainduaren eliza: Aldi ezberdineko estilo ezberdinetan eraikia; Sortaldea eta absidea kapitel landuko erromaniko ederra da. Den bezain handia ageri da, ageri, bere 5 nabeetan, beraietatik 2 oso estuak badira ere. Zutabe sareak zirrara eragiten du  nahasmen  itxura medio; antzinako zutabeek kapitel landuak dituzte eta pintatuak daude; bi kupulako presbiterio oso garaia du eta osteko ibil-leku erdizirkularrean bada kapitel interesgarririk; bitxia da batez ere tiara buruan auskalo ze sainduren irudi gizen zaparrotea. Udaletxea: barne mailadia ederra da, handi-mandia; arranditsuak lehen solairuko gelak, artesonadu, kazetoi edo sabai garai eder eta tximinia handiz osatuak. Notre Dame Handia: are harrigarriagoa egin zaigu fatxada  bigarrenez ikustean, ze ikusiko duzun jakinaz joanda ere, agian lasaiago eta ez hain nekatuta ikusi dugulakoz: hain dago dotore landua!. Barrutik ere antzerako harridura sortzen du. Dorrea bera ere ikusgarria du: erromaniko petoa, zinborrio karratua, ganga borobila txapel konikoaren... dena arkutxo txikien gainean. Fume Mansioa:  fatxada gotiko loratu polita du, begien atseginerako, begien atsegina patioa ere. St. Germain, Musika Auditorio bihurtuta dagoen eliza erromanikoa: kontzertua eskaini digute entseatzen ari ziren bi neska biolontzelo eta piano jolek. Montier neuf elizak  triangelu gisako  fatxada du  eta erdian arkutxoz elkar loturiko dorre erromaniko bikoitza; barne zola sarreratik 12 maila beherago dago; erromaniko erraldoia luzeran zein zabaleran zein goieran, sabaia erori ondoren gotiko bihurtuz birjasoa. Beso zabalak ditu gurutzadurak, presbiterioa, berriz, kapera eta kapitel izugarri landutakoz zutabetxoek erakargarria egiten duen osteko ibil-leku bilakatzen da; hor daude S.Maurizio, S.Gilermo eta S.Luis, armatuak hiru morroskoak, serio, dotore pintatuak, antzinakoak.

Poitiersko zenbait kaletan aurki daiteke zurezko egitura duen zenbait etxe; bada bat oinezkoen kale kontrako zoko batetan zur perpendikularrak landuta dituena. Baina Chaine kalea eta bere jarraipen zein ingurukoak dira antzinako zurajedunak: mignon, potxoloa, kale osoa. Iruña Zaharreko zenbait kale ez bezala Poitiers Zaharra ez dago utzita, kolorgetua, hondatua; kuriosoa, zaindua eta begiak gozatzekoa baizik, bere aspaldiko apaltasun xumean. Gidetan aitatu ere egiten ez duten Alde Zaharra izan da Poitiersek eskaini digun gaurko ezuste atsegina: kalea gora kalea behera, etxe erakargarriak aldatsa bera lau bihurtuz, aldapari nekea kenduz.

 

S.Hilario Ikastetxea,  mutikoentzat soilik da. Dirau oraindik sexu bereizkuntza irakaskuntzan.

 

Merezi izan digu hirira azken bisitak, Hegoaldeko herritxoetara ordez. Poitiers-en egin dugun geldialdiak ere merezi izan duen bezala.

 

45 kilometro, azkenak.

 

 

Uztailaren 1a. Asteartea. 58.a-6.a

 

Zaparradaren urezko horma zein gurpilek jasotako laino trinkoa, biak berdintsuak. Gurpilen ur-lainoa ez denean euria, ur gortina beti aurrean dugula joan da bidaiaren azken zatia ere.

Euskaldunak garela esatean, Frantzian: "Basque  espagnol ou basque francaise?". Gerra luzea da gurea, armena baino luzeagoa, zailagoa ere bai, fisikoki mingarriagoa ez bada ere.

SS matrikula ikusi dugu 150 kilometro aurretik: hurrean dugu gure herria, kilometro gutxira  Euskadi Irratia entzungo dugu kaka esplikatzen, ordu gutxi barru egunkariak irakurriko ditugu kaka berdina antzera esplikatzen. Ez iritzi artikulu idazleei, ez kazetariei, ezta elkarrizketatuei ere, ez zaie eskatzen originalak izatea, zentzudunak izatea baizik.

Bordelen San Sebastian iragartzen digute errepideko kartelek.

Bordeletik aurrera, eguzkia: abegikor dugu Euskal Herria. Eskerrak, zeren errepide ertzeko egongune batean etxatoiaren gaina hondatu baitut, aterpe baxuegian sartu naizelako. Ikaztegietan utzi dugu konpontzen.

Hori daude gari-sailak Sakanan, gu ere etxean gaude. Gozoa da afaria Sagardotegian. Ondoren, betiko errutina.

 

603 kilometro, gaurkoak,

 

11.585 kilometro, bidaiakoak

etiketak: Frantzia, Bidaiak 97
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.