Bidaiez
III
Bizipenen ingudea
“Fantasiak ez dezala errealitatea estali, baina errealitateak ez ditzala, inoiz, gure amets gozoenak ezaba”
Bizitza ikastaroa
“Begira, nik uste gizonak ahal duen guztia ikusi behar duela. Esperientzia da. Zenbat eta esperientzia handiagoa, orduan eta hobea gizona. Gizonak dena ikusi behar du”
* Uneoro hiltzen gara, instantero hiltzen zaigu iragana, baina bizirik diraugun sentipena dakarkigu ibiliak, iragana soilik geratuko zaigun unera arte.
* Galderetako garaia da bidaia.
* Egunero ikasten da zerbait berria bidaietan.
* Egunez egun argitzen zaio arima bidaiariari begietan sartzen zaion argiarekin, gauez gau egiten dio hazka ariman biharamunerako esperantzak eguneko gomuten epelean.
* Ez dago bidaiari bat bera ere bidaietan aurkitu eta aurkitu espero dituen ikustateek obsesionatu, liluratu, izutu edo gutxienez harrituko ez duenik.
* Begiratu eta entzun egin behar du, batez ere, lehenengo, bidaiariak, adigalkor eta fidakor izan gabe; ondoren, ikusi eta entzundakoaz hausnartu.
* Begiratu eta entzun, ondoren, ikus-entzundakoez hausnartu, gozamenerako bidaiariaren funtsa.
* Erlojua geratu egiten zaio batzuetan bidaiariari; hurrena, aldiz, orratz motza luze bihurtzen, fosilen aurrean ere: katedrala zer da bizi den fosil bat baizik, edo tradizioa ez al da tarteka biziberritzen den fosila?.
* Artearen atzetik doa gehienetan bidaiaria; museoak, katedralak, eraikinak, ... dira ibilbideko pausaleku nagusiak; herri-jai bat aurkitzen badu, giroz kanpo aurkituko da, ikusle, ez antzezle, multzoan baina ez partaide.
* Ibilbide bakoitzak frogatzen dio bidaiariari malgua dela denbora, luza eta labur daitekeela.
* “Deus ez dakit dakidan oroz”, bidaia orok sortarazten duen sentipena, bisitatu dugun herri eta herritarrei buruz ezer ez dakidan sentipena.
* “Ez naiz gustura sentitu bertoko giroan eta, aspaldiko partez, estresa sentitu dut”, Bidaiariaren tartekako sentipen mikatza da hori.
* Bidaiatzeko grina errealitateari egindako iruzurrez ere bizi da, hainbat une txar ahaztuz, oroimenak hobera aldatzen baitu bidaietako esperientzia oro.
* Badaki fidaerraza izaten bidaiariak, batez ere lehen bidaietan, baita haur lez portatzen ere.
* Korapilo mota asko egiten ikasi behar du bidaiariak bere ibilietan, baita bidaiuntziko eskifaian txo bat baino gehiago dela demostratu ere.
* Aberasgarria da bidaiatzea, baina ezin da bidaiatzea totem edo zerbait magikoa bihurtu, bidaiarion artean ere denetikako jendea agertzen gara, ez dakit zenbateraino bidaiatzeak onduak.
* Dena ikusi nahi luke bidaiari hasi berriak, lehenbailehen ikusi ere, harat honat gelditu gabe, dena esperimentatu, denaren berri izan; zailduaz doan heinean, baina, bidaiatzeak ezartzen dituen barne arauak ikasten ditu, bidearen arnasa ezagutzen du, pausoa bideari egokitzen ikasten, indarrak neurtzen, ikusi eta esperimentatu beharrekoak hautatzen, zenbait aukera, nahiz ederra, baztertzen, ... bidaiatzea eta bidaia bizipen ongarria gauza dadin.
* Esperientziak esaten dio bidaiariari bidaiaren hondarrean zein labur ikus ohi den ibiliaren luzera; horregatik ez du nahi galdu bidaiako aukera bat bera ere, horregatik ahalegintzen da aukerak, indarrak eta baliabideak taxuz bideratzen.
* Keinuka komunikatzen, isilik egoten, irakasten dizu bidaiak.
* Galtzaile izatea da bidaiariak ikasten duen ikasgaietako bat bidaietan; bidea erratu, museoak itxita aurkitu, kilometro piloa egin merezi ez dituen zerbait aurkitzeko, eguraldiak zapuztu dizun ibilbidea, … ; halaz ere, bazterrak ezagutuz eta herriez gozatuz jarraitzea da bidaiariaren zientzia.
* Porrotekin eta hutsegiteekin ikasten du bidaiariak bidaiatzen, huts egitetik eta arriskatzetik.
* Gezur zinestezinak zirela uste genituenak egia direla erakutsi digu bidegurutzeetako eskarmentuak.
* Geu ere bagarela, eta mundu honetan gaudela ikasten dugu mundura jauzietan.
* Geu ere bagarela, eta mundu honetan gaudela ikasten dugu mundura jauzietan.
* “Hiltzen gara bizitzeko”; naiz, eta kitto, bidaiatzen dugu, beraz, bizi gara.
Nortasun taxuketa
“Eutsi beharrean gertatu izan naiz eta oldartu beharrean inoiz – eusteko modu bat baino ez dena ...”
* Autokupidaren aurkako antidotoa izan daiteke bidaiatzea.
* Katramila ezberdinek korapilatzen dute tarteka bidaia, baina bidaiatzeko gogoak dirauen bitartean bizipozak indartzen gaitu, ezin guztien gainetik, nahiz zalantzak eta ezinaren mehatxua gertutik bizi.
* Bidaiak hainbat aldiz pasatzen dio goldea haragi bizitik bidaiariari.
* Anaia bikiak izan ohi dira sarri ausardia eta koldarkeria; ahul eta lotsati zenbait egokieretan, aurre eman beharreko zenbait korapiloetan kementsu, hala joan ohi da sarri bidaiariaren portaera.
* Bakoitzak bere zoroa bizi duen bezala, bidaiari bakoitzak bere antzarrak perratzen ditu.
* Han eta hemen izan izan gara, eta han eta hemen izan izan garelako dakigu han eta hemen izan izan garela: bizipen horrek markatzen du bidaiariaren sena
* Denaren gaindi saiatu behar du bidaiariak, eskerrak horri ezagutu ahal du mundua!.
* Ahulak dira, bai, ezinaren amarrak, baina ze zailak mozten, bidaietan ere.
* Behin ere ez dakizu zenbat jasotzeko gai zaren, bidaiak erakusten dizu uste baino gehiago jasotzeko gai zarela, uste baino gehiago jasotzen duzulako: bidaiak ezuste asko sortzen baitu.
* Bere hutsunea zer zuziz argituko, bakoitza bere aldera, bere modura, bere xedera bizi du bidaia bidaiariak, zuzi ezezagun eta erakargarrien bila, ikusmina eta jakin-mina ase asmoz.
* Ez du sekula presioa gainetik kentzen bidaiariak, ezta goxoen dabilenean ere, barne presioa gehienetan. zer, nola, non, nork, noiz, ...; lurralde ezezagunean dabil beti bidaiaria, beti atezuan, lurralde neutrala edo laguna dela jakinda ere, etsairik ez duela jakinda ere.
* Erabat aseko duen zerbait bilatzea noizbehinkako miraria besterik ez da, horregatik bidaiaria datorkionari egokitzen ikasia da.
* Bidaia, norbera ezagutzeko ikastaro eragilea da; hainbat aldiz ateratzen zaio bidaiariari barnean duen alde kobardea, une hori gainditzean datza hain zuzen, bidaian aurrera jarraitzeko gakoa.
* Mina eta ajeak, kexa eta autosufizientziak uxatzeko terapia paregabea da bidaiatzea.
* Paisaiak, -gizartearena, urbanoa nahiz naturarena- sakon eragin ohi dio bidaiariari.
* Bohemioa eta burgesa borrokan bizi dira bidaiariaren baitan, aberastu egin behar du horrek, baita oporretan asperkizun planifikatuan urduri dabilenari ere.
* hor dago egon zure aurreko dena zure bidaietako aurkikuntzak erabat baldintzatuz; baina osatu eta zabaldu egiten dute zure mundu hori bidaiek.
* Bidaiatzen ere ikasi egiten da; gidaliburuek eta aholkuek laguntzen dute, baina esperientziak gauzatzen du bidaiatzeko sena bere osagai guztiekin.
* “il n´y a pas de fatalité exterieure. Mais il y a une fatalité interieure: vient une minute ou l´on se decouvre vulnerable; alors les fautes vous attirent comme un vertige”. Badira halako uneak bidaietan, horiek gainditzean datza bidaiaren saltsa, horietan azaleratzen da bidaiariaren kemena.
* Ausartago izatera bultzatzen gaituzte bide-oztopoek.
* “Ni naiz” diogu denok, xumeenek ere, garelakoan; huskeria, zeratxo bat besterik ez, baina izan gara; izatasun hori bermatzen du bidaiatzeak.
Labirintoan
* “ez dakidalarik, haatik, ni neu labirintoan naizen / ala galduta urkiturik nabilazun labirintoan”.
Bidaiako plazerak dastatzeak irrikatzen du ibiltaria, nola aterako den jakin gabe sartzen da ibilbideko abenturan.
* Hamaika segada izan ohi ditu bidaiariak, errukarria litzake gainditzeko gauza izango ez dena. Baina “hemendik ere aterako gaituk” esaten dio eskarmentuak kinka larrienean ere.
* Beldurra atzean utziz, arriskua ohiko bizimodu eta lasaitasuna ustekabearen zain egotea bihurtu behar da sarri bidaia; bidaiaria ohitu egiten da eguneroko zailtasun eta zalantzetara, ustekabea du egunaren piperra.
* Gizamortu bilakatzen zaio, tarteka, bidaiariari liluraz desiratu duen herrialdea, mementua, edo monumentoa.
* Ezina da bidaiariaren noizbehinkako behazuna, bideak eta egoerak korapilatzen zaizkionean, baina eskarmentuak diotso aterako dela labirintotik.
* Ezusteak dira unerik ederrenak bidaian, ezusteak ere trantzerik zailenak.
* Pentsatzen ez dituzun gauza asko jartzen dizkizu aurrean bidaiak, jokabidez aldatzera eragiten zaituen pentsamoldeak eskaintzen dizkizu bidaiatzeak.
* Ezina nagusitzen zaio bidaiariari herri baten arimara hurbildu nahi duenean, edo/eta bizipenak hitzez bildu nahi dituenean: horiek dira bidaiako trantzerik larrienak.
* Barne-erabakiak arintzen ditu bidaiaren oinak, ausardiarik gabe ez dago bidaiarik.
* Begiratzen die bidaiariak bidean dituen herriei, herri langile zapaldu esplotatu hori gai izango ote den kateak hausteko; baina kateak eraginaren indarrez hausten dira, zapaltzaileak ez baitu giltzarrapoaren giltzarik ematen derrigortu gabe.
Plazer iturri
* “Izarpean ontzi irauli handi bat gaua”: irudi polita, gauean loa aurreko atsedenerako; gaueroko pausaldi ilunean, izarren itsasora so, nabigatuz doa bidaiariaren sen osoa bateltxoa bailitzan: barnean hartzen nauen itsaso barea da gaua, ontzi irauliko gilatik alboetara labaindu den izartxoa naiz.
* Lo aurreko lasaigunea zaio gauerdiko bakardadean atsegin bidaiariari, planetarium ederrena bezain ederra du gauero gau izarniatua.
* Gaurkoan du bidaiariak plazera, biharkoan soa eta ametsa, atzokoaz sarriago eta gehiago idazten eta hitz egiten badu ere.
* “beste nonbait egoteko gogo absurdoa”: zergatik absurdoa?; beste edonon ez, beste nonbait zehatzean egon nahi du beti bidaiariak, eta horrek egiten du zoriontsu.
* Eman dizkidan ordu ederren eskerrona diot zor herri orori, errespetu handienarekin uzten dut bere egunerokoan, nire bidea jarraituz, egun batetan berarekin gurutzatu ginelako pozik.
* Zoriontasunaren eta amildegiaren arteko marra ikusezinak, aho bizikoak gehienetan, inguruan ditu bidaiariak ere; sega-potoa ez da etxean ahaztu behar den laguna marrok ebakitzeko sega zorrozteko.
* Atsegina, lasaitasuna, dario bidaia orori, baina aldi berean lehia da bidaia bakoitza, borroka, uneoroko gainditu beharra: bakardadea, hizkuntza ezezaguna, ohitura ezberdinak, …
Sentipenen errota
Jaiotze bat bezala da herrialdez edo kanpalekuz aldatzea. Mundu berri batera begiak zabaltzea.
Sentipenak bor-bor
“Presio leun / baina egiantzekoa / sumatzen du inguruan”,
* Ez du sekula presioa gainetik kentzen bidaiariak, ezta goxoen dabilenean ere; barne presioa gehienetan: zer, nola, non, nork, noiz, ...; lurralde ezezagunean dabil beti bidaiaria, beti atezuan, lurralde neutrala edo laguna dela jakinda ere, etsairik ez duela jakinda ere.
* Gozoki baten inguruan datza ume marokoar askoren unibertsoa, bidaiaria inguratzean; min eman behar lioke bidaiariari umeak belar garraioan, artzain lanetan, … ikustea, eskola orduetan batez ere; min eman beharko lioke emakumeak astoekin parekatuta ikustea; gozoki-poltsa batekin lasaitu nahi dugu gure unibertso espoliatzailea; horrek behar luke izan bidaiako bidaiariaren arantza.
* Galtzen du bidea bidaiariak, baina beti daki aurkitzen bizipoza non bete sentipena.
* Gogo irrefrenableak bultzatzean bisitatu ohi dira gusturen bazterrak.
* Itsasmin ohi da bidaiaria, ibaiak itsaso izandako lur-barruko egunen ostean.
* Gozoa da goizero zenbait poema nola dauden paratuta jolasean egitea, eguneko ibilira jalgi aurretik.
* Ezti eta ozpin tantaz egina dago, bidaiariaren bizitza.
* Urduritasuna eta ikusmina ditu bidaiariak, “ibilira!” barne toles-guneko oihu bati jarraituz lur berri bati branka jartzen dionean.
* Hitz ahoskatuak zein hitz idatziak hutsal geratzen zaizkio bidaiariari sentipen biziak dituen gehienetan, barrua bor-bor duenean; ezinezkoa zaio sentipen biziok adieraztea; ah, oh, zer da hau, ... eta antzerako hitz totelak, zerbait berezia bizi duela adierazten duten hitz mutuok besterik ez zaizkio ateratzen.
* Maitasuna eta arriskua, bidaiaren bi osagai beharrezkoak, zabiltzan tokiak maitatzeak ematen dio bidaiari poesia puntua, eta arrisku puntuak bizitasun ukitua.
* Askatasun sentipena, konkista batera zoazen sentipena, … horiek dira bidaia hasieran bidaiariaren sentipenetako batzuk.
* Aurrez maite ditu bidaiariak mapak marrazten dizkion herriak, liluraz amesten mendi osteko haranak, bihozmin gozatzen izanen diosalak, …
* Sentimenak izan behar du bidaiariaren zentzumen bizienetarikoa; naturaren, artearen, batez ere gizartearen aurrean; bidaiak ez dira ezer ahazteko, ahaztu nahiko genituzkeen kezka eta bizipen horiei zentzua eman eta aurre egiteko baizik.
Talaiako ikuspegia
“Nagoen lekutik bi pausotara haste zait herri berri bat”
* Maite ditu bidaiariak ikuspegi zabalak, gogoko ditu mendi tontorrak, gazteluko harresiak, dorreko zabaltza, behatoki eta balkonada diren errepideak, … inguruaren ederra bere osotasunean biltzeko.
* Herri berri bat hasten zaiola errepikatu ohi dio bere buruari inozoturik bezala, muga berri baten aurrean, herrialde berri baten aitzinean: bidaiariaren betiko sentipen kilikagarria.
* Ikusikoez goizean, ikusitakoez arratsean, giza paisaia eta natur paisaia du beti bidaiariak begietan edozein ordutan irekitzen duela ere oroitzapenen leihoa.
* Inolako errezelarik gabe eman behar dio tarteka bidaiariak begirada orokorra bidaiari, begien aurrekoaz zuzen jabetu ahal izateko.
* Zein luzeak ibilbide motz batzuk!, zein motzak beste luze batzuk!, ibilbidearen eta ibiltariaren aldagaien arabera.
* Mugaz gaindi hega askean ibiliko da bidaiaria, hiztegiei eta gramatikei hautsa kenduz, umoreak eta osasunak irauten dioten heinean.
Pozarren
“ Arruta sarri huts egin ohi dut / Oker zuzenduta lema / Ahula baita bizi-faroa / Argitzen duen linterna / Halere garaiz ikusi nuen / Barkua non bete berba”
* Itsasargi asko pizten zaizkio bidaiariari ibilian, bihotza lasaituz eta bidea argituz.
* Ikusminez eman ohi zaio arribadako diosala herri berriari, tristuraz, aldiz, agurrekoa, bidaiariak baditu bidaia gaitzak, baina ez du zauri herdoildurik.
* Alpeeko tontorretan urtzen ari da elurra, ikusminak ezabatzen du bidaiatzeko beldurra.
* Ekaitzean arribadarako porturik ez duena, portuan batelari beltzaranik ez duena, bihotza inorentzat zordun ez duena, bidaiari tristea.
* Poliziak fitxa egiten diete bidaiariari kanpaleku bakoitzean, bidaiariak ez du izenik aldatzerik, baina marea berri batekin errepideratzen denean, bandera berri bat hartu duen pirata dela iruditzen zaio.
* Galtzen du bidea bidaiariak, baina beti daki aurkitzen bizipoza non bete sentipena.
* Erabat nano, ezgauza, kikil, ahozabal uzten gaitu noizbehinka bidaietan natura, herri, kultura edo pertsona batek, txundidurak jota; baina hori sentipen ederra da.
* Zenbat herritxo umil, xume, baina bera baitan lasai eta bere onean zoriontsu bizi direla diruditenak: honelako ezuste ugari kontrastatu ahal ditu bidaiariak, bizimoldearen eta zoriontasunaren arteko lotura ezberdinak alderatu ahal dira bidaietan.
* Biak jantzi beltzez arren, biek ala biek, bizitza argitzea dute xede, nola apezak hala anarkistak; bidaiaria, aldiz, kolore biziz jantzia ibili ohi da, herrian jantzi ohi ez dituen jantziez, sarri; bizitza argitu nahian hau ere, norbere bizitza argitu nahian, baina.
* Erabat baztertua du bidaiariak asperdura, ez da bere bizitzan sartzen hitz hori, pipia hori sartuz gero bertan behera bukatua zaio bidaia, kilometroak korritu eta bisita asko egin arren.
* Hainbat sits mota ditu etsai bidaiak: asperdura, gehiegi ikusi nahia, herriarekin harremanik eza, harrokeria, ...
* “beren buruari atsegin emateko dabiltzan bidaiari gehienak bezala berritsu eta zaratatsu ibiltzen ziren zubian eta ibai ertzean”. Bere buruari atsegin emateko dabil bidaiari asko bideetan. Bere buruari atsegin ematea delako bidaietako helburuetariko bat. Kalakaria izan ohi da bidaiari, pozkorra, zaratatsua oporraldietako atsedenean.
Durdurzati
“Eutsi beharrean gertatu izan naiz eta oldartu beharrean inoiz – eusteko modu bat baino ez dena ...”
* Fidagaitza izateko joera du bidaiariak, mesfidatiegia, inoren herrian, bera bere buruaren babesle, ziria sartuko dioten beldur, harremanetarako ere kezkaz.
* Elizako atean zein kale ertzean, soinujole kale-gurutzean, ... eskaleak ikusiz durduratzen zaio anima bidaiariari, eskaleok direlako bere presentziarekin, ohiko kontsumo gai bihurtu dugun arren, bidaiatzea lujo bat dela gizarte honetan salatzen diotenak.
* Goiz orok dakarkio bidaiariari eguneko ibilbideak zein eta nolako amaia izanen duen galdera.
* Lerro tristeak idatziko lituzke zenbait unetan bidaiariak, asmaezinak eta ustekabekoak dira ibilbide baten zedarriak.
* Abentura sentipenak, ibilbiderako irrikak, astintzen ditu bidaiariaren goizeko nagiak.
* Sarri da irribarrea bidaiariaren babesa.
* Sarri nahastu ohi da bidaiaria nahi eta ezineko sarean.
* Ez zaio ordu ilunik falta bidaiariari, baina berak badaki egunero argitzen duela eguna eguzkiak, eta gehienetan distiratsu.
* Itsasoa bezala, barea gaur, handia bihar, da bidaia, maria gora eta lasterrera maria behera ibili ohi da bidaiariaren barrena ere, batez ere nekeak jotzen duenean.
* Errepide zein kale labirintoan galduta bidaiaria, hurrengo herri edo kalera nondik asmatu ezinik; edo jendartean, Diogenes modernoa, gizakia nor ote.
* Beti ohi da hurrengo egunari buruz kezkati bidaiaria, nondik norakoagatik edo eguraldiagatik.
* Bidaiaria oro geroaldia da prestakuntzetan, presentea bidaian eta iragana etxeratzean, baina apur bat subjuntiboa ere bada, bere buruari zer eginen egoten baita gehienetan
* Bidaietan, herrialde orotan, ikuskizunez gaindi, presoez eta kartzelez gogoratzen gara biziki, ez “bere bihotz barruan betirako kondenatu bat dagoelako”, atzerrian ere bidaiaria herri zapaldu baten kide delako baizik.
* “El viajero ... no poder conciliar dos opuestas voluntades: la de quedarse en todos los lugares, la de llegar a todos los lugares”: lekua aukeratu behar hori!!!; zenbat aldiz.
* Uztekabez, ezbeharrez eta poztasunez zaildutako eskarmentua ohi du bidaiariak.