Bidaiez
II
Joanekoa
“Se dice que el barco parado no hace el viaje”
Definizioz
“Batetik bestera / bidean beti bidean”
* Bidaia-irrikak erre egiten du, jelak bezala.
* Bidaiariak definizioz ezin du errorik bota aberritik kanpo, bidaiari izateari utziko liokeelako, abian doan ur lasterra baita.
* Berezkoa du mugalari izatea bidaiariak, izaera zor dio mugalari senari, mugak zeharkatzea baita berea.
* Hemen gara, hemen ginen, hor izanen gara, ... berenezko bidaiariaren kadentzia.
* Aurrera egin besterik ez du bidaiariak bidaiari izan nahi badu, bidaia mailadi piko luzea bilakatzen zaionean ere, aurrera egitea da bidaiariaren funtsa.
* Ibili dabilena da bidaiaria, hori da bere izaera, aurrera egiten ez badu uko egiten dio bidaiari izateari.
* Bidaiaria, beti bila ibiltzera kondenatua den izakia da izan, beti dagoelako zer berri aurkitzeko, tarteka irudimenak edo gidaliburuak iruzur egiten badio ere.
* Ibilia, ibiltariaren funtsa eta patua, hala ez izatera ez litzateke ibiltari edo bidaiari.
* Beti aurrera egin behar duen gizakia da bidaiaria; atzera egitea bidaiariaren ukapena da; bidez aldatu soilik egiten du bidaiariak oztopo gaindiezina gertatzen zaionean.
* Helbidez aldatzen doan herritarra da bidaiaria, ikusminaren gaia, jakin-minaren irrika aldatuz doakion heinean, herriz herri.
* Beti da berriro bidean bidaiaria.
* Geratu nahi baina joan beharra, aldaketa-eguneko bihotz sentipena, agur bakoitzeko begietako tristura, bidaiarena, kanpalekuz zein lurraldez aldatzean.
* Udatiarra bai, baita ere opor zalea, badoa eta dator, bidaiaria badoa baina ez dator, beti doa, herri berri bat du beti amets, barne iratxoek egiten diote beste herri batera dei, beti da lur ederren bat erromes baten zain, bidaiariak maitasun istorio bat nahi luke hasi beti.
Bizipenez
“atzerrian izateak eransten duen halako noraeza berdina”
* Joanean beti, etorriko dela jakinean, berriro nora etorriko den oraindik ez badaki ere, beti da nora etorriko den herri bat bidaiariarentzat, horregatik joan behar du, etortzeko, herri bat amorante egin zaiolako ezagutminetik ernetako maitasunez.
* Geratu nahi baina joan beharra, aldaketa-eguneko bihotz sentipena, agur bakoitzeko begietako tristura, bidaiarena, kanpalekuz zein lurraldez aldatzean.
* Izan ohi dugu egon lasaian gelditzeko irrika. Baina bidaiarena ibilia da. Geldi dagoena ez da ibiltaria, ibiltariak geldi-egonaldiak beharrezkoak baditu ere.
* Ibilietan trebatua da bidaiaria, ofizioa du, baina afizioak ez beste indarrek erakartzen du bidera.
* Hegazti migratzaile eginen gaitu udaberriak, erauntsiak zain baditugu ere.
* Bidaiariak ezin du jakin usteldu arte lo egitea zer den, nekatua arren, ainguratutako marinel lotia izan nahi ez badu deika duen itsaso zabalaren aurrean.
* Baragunean oroitzapenak, beti dago prest bidaiaria ontzia berriro itsasoratzeko.
* Aldi berean jaistea eta igotzea lakoa da bidaiatzea: beherantz zoaz ibilbidea burutzen den heinean, gorantz bizipen eta oroitzapenen altxorra oparotzean.
* Edonon, edozein eta edozeren aurrean dela, beti dago harantzago bat bidaiariarentzat, baita bidaia bukatutzat eman eta etxera bidea hartzen duenean ere.
* ibiltaria, dabil, harri gaineko ur labaina da, ezinekoa zaio bisitako herrien lur mardulak asetzea.
* Beti du uharte urrunera eramango duen ontziren bat zain bidaiariak, ez dio ezetzik esango,
* “Itzuliko nintzake” dio bidaiariak herrialde bat uztean, gehienetan herrialde horretaz maiteminduta alde egiten duelako, baina herri berri batek liluratzen du jadanik.
* Bazatoz ... bazoaz, ... bazatoz … bazoaz, ... hori da bidaiariaren erritmoa eta esentzia; dator eta doa; itzuliko den esperantzak leuntzen dio joanaren mina.
* Azken elurrak urtzen ari da eguzkia Eiger tontorrean, negura arteko agurra: bidaiariak ere berea du agurra, baina badaki itzuliko dela, zer axola nora.
* Eta doa, eta doa, eta doa, ... bidaiaria, herrialdez herrialde, herriz herri, gizartez gizarte, altxorrez altxor, ... kanpaleku edo hotel batetako erregistroan utzitako datuak dira atzean utzitako arrasto bakarrak, edo zenbait lekutan aukera ematen dizuten koadernoren batetan jarritako hausnarketa edo iritziren bat; doa eta doa, etxeko atean utzi zuen itzultzerako “ongietorri” irribarretsuak herrimina sortarazten dion arte.
* Bidaiariak ez du ohiko dagoen herrikoekin negar egitea; herritarrena da negar egitea, bertakoena, edo bertako izatera behartuta dauden etorkinena, ez bidean doan atzerritar ikuslearena; gutxitan da herriarekiko solidario bidaiaria, begiratzen du, eta badoa, bestaldera.
* Hegazti migratzailea da bidaiaria, beti ikuskizun edo altxor berrien ikusmin, toki berrien jakin-min, zein bere odei partikularrean beti, inorekin mokoka egiteko baino bakartiago eta ikusminago.
* “Zatoz” da lurralde ororen bidaiariari deialdia, baina oso gutxitan esaten du “zoaz”; lurraldearen “zatoz” hori “zoaz” itzultzen du bidaiariaren ikusminak, “zoaz”a “zatoz” bezala entzungo du barreneko toles-gunetan.
* Izan ohi dugu egon lasaian gelditzeko irrika. Baina bidaiarena ibilia da. Geldi dagoena ez da ibiltaria, ibiltariak geldi-egonaldiak beharrezkoak baditu ere.
* Bidaiatzearen paradisuan bizi izan dena ez da etxeko zerutxoan apurren zain kikilduko, jainkoa bera ere ez baita bidaiaria, denean omen dago ta.
Pasoko txoria
“Joan eta joan, zuhaitz / jin eta jin, txori / aldiz joan / aldiz etorri”
* Kanpotik etorri eta atzerrian pausatu den hegaztia da arrotza, bidaiaria, aldiz, ibilian doan pasoko txoria, pausatzeko ez asmo ez premiarik gabe; arrotza izanik, ez da arrotza, ibiliko zertzeladek uxatzen dute bidaiariaren bakardadea.
* “Pasabidean, ... / ... / Pasaeran gu, / ... / Pasadizoan / ... / Pasakor denok /... / Pasa-marrari / ... / Pasagarriok“, hori dena da bidaia, hori dena bidaiaria; panta rei, bidaiak ere.
* Jite ezberdina du edonon bidaiariak, atzerritarrarena, kanpotarrarena, halako noraezarena, beste galaxia batekoarena ere sarri; jite definigaitza askotan, baina nabarmena; berehala antz ematen zaio, etorkinari bezala, pasoko etorkina besterik ez baita bidaiaria.
* Polizia fitxa egiten diote bidaiariari kanpaleku bakoitzean, bidaiariak ez du izenik aldatzerik, baina marea berri batekin errepideratzen denean bandera berri bat hartu duen pirata dela iruditzen zaio.
* Inor gutxi gogoratzen da bidaiariaz, errekatxoan irrist egiten duen uraren bezalakoa da, ur tanto bat pasa zela besterik ez daki harriak; bidaiariaren funtsa ez datza herriak aldatzean, bere ikusmina asetzean baizik, baina urak uharriak borobiltzen dituen bezala, bidaiarien oldeak badaki herri baten jitea aldatzen ere.
* “Ez zuen kale hura ezagutzen”: kale eta errepide ezezagunetik dabil beti bidaietan ibiltaria; ezagutzen ditueneko beti datorkio leku berri batera alde egiteko ordua; toki ezezagunak dira, definizioz, bidaiariaren ibilekuak.
* Hegoaldera goaz gaur, lurralde berria ezagutu irrikaz, ez inondik ihesi; gu geu gara denboraren alaba zontzonak, desio ziren lurrok irudi erreal gauzatuak jadanik, irudiak oroitzapen bilakatuz jada: denboraren alaba zontzonok hegoaldera ihes eginen dugu.
* Ni munduko biztanle egonkorra naiz izan, hil artekoa; handik hemendik, orain bezala, nabilenean soilik naiz bidaiari mundu honetan; munduan bidaiari garela hori beste munduko edo zeru bat saldu nahi digutenen ideia, sentimendu edo jokamoldea besterik ez da, desagertuko banaiz ere.
* "Hemen ni orain, / zu hemen atzo. / .../ Bihar beste bide bat gehiago / eta beste norbait hemen, / akaso": bidaiariaren hausnarketa edozein herri eta unetan; “akaso”rik gabe, pasoko txoriak baikara bidaiariok; badakigu beste norbait egonen dela bihar gu gaur gauden lekuan, gu gaur egon garen bezala atzo beste norbait egon zen lekuan.
* Bizkorrak izan ohi dira gidariak, bizkorrak oinezkoak bide eta kale gurutzetan, soka mehe horren bila gabiltzanean gure noraoteetan; bizkorregiak harremanetan jartzeko.
* Mila eta bi tradizio izanen dira bidaiako herrietan, mila eta bi kondaira, herriaren kulturaren zatia, ia muina, bidaiariak ezagutuko ez dituenak, ez baita herria, pasoko txoria baizik.
* Lekuz kanpoko txoriak bezala, hala geratu ohi da, hala ikusi ohi dute behintzat, sarri, bidaiaria atzerrian.
* Ume goiztu baten bizipenak dira bidaiariak sekula sentitu eta ezagutuko ez dituenak, irristan baitoa doan tokietan, bizipenok berak sentitzeko eta besteenak ezagutzeko betarik gabe.
* Udatiarra bai, baita ere oportzalea, badoa eta badator, bidaiaria badoa baina ez dator, herri berri bat du beti amets, sutunkapadek egiten diote beste herri batera dei.
* Inor gutxi gogoratzen da bidaiariaz, errekatxoan irrist egiten duen uraren bezalakoa da, ur tanto bat pasa zela besterik ez daki uharriak; bidaiariaren funtsa ez datza herriak aldatzean, bere ikusmina asetzean baizik, baina urak uharriak borobiltzen dituen bezala, bidaiarien oldeak badaki herri baten jitea aldatzen ere.
* Kanpotarrak gara ibiltariok atzerrian, inoren auzoan ibiltariak ere bai, mutuak gehienetan, baina inola ere ez gordelekurik gabe dabilen itzala, nahiz arrotza izan.
* Aldaketa eguna, kanpaleku berriaren bila, lotoki berria aurki ezinik,… bidaiariak itzal arrotz jitea hartzen duen unea.