Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiez

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/15 07:54
Bidaiari izaera I

Bidaiari izaera

 

"Egunero gauzak / eta egunero ni / egunez eguneko / angelu berriz / gauzei adi"

 

 

I

 

Nor bidaiari

"Izenak jarriz / ibili jardun / norbere bizikizun / egunero berriei / beren izenez deituz / jarraitu / egunero estreinatzen  ditugun uneei / izen berriak asmatuz / ekin / ..."

 

 

Nora duena

“Ez du bidaiariak hirira heldu nahi, / bide amaigabeen truke / emango luke bihotza”

 

* Atzerrian erromes dabilen lurralde berriaren maitalea behar du izan bidaiariak

* Pertsona gehienak dira bidaiari, ametsez gutxienez.

* Bizitzako eguneroko erritmoari muzin egiten diona da bidaiaria, errutinaren legeak hautsiz, bizitza beste era batera ahalbideratuz; harat-honat ibiltzean argitzen zaio zorion izpi bat bidaiariari, erdi kontrabandista izan behar da horretarako, bizitzaren bidezidorretan ibiltzen ikasia.

*  "Ez dut ezagutzen" esan eta amestua gauzatzera abian jartzeko gai dena da bidaiaria.

* Bidaiaria izan behar du bidaiariak, ez besterik,  beste gauza bat da zientzialari edo ikerlari bat bidaia bati lotzea bere lanean sakontzeko, bidaia zientifikoan alegia.

* Egun oro, egun osoan joanez, so honi so hari, ikusminak denbora jaten denborari, beti bide joagoz, joanagoz, joanez, ibilbidea ahitu arte, bidaia-kideak eginez, joan eta joan, baina beti bertan, hori da bidaiaria.

* Ezein oztopok ez du bidaiaria geldiarazten, aurrera doa beti, inguruka bada ere, ezerk ez du inora lotzen, aske behar du izan jarraitzeko; nonbaiteko kantu zaharren batek geldiarazten badu, bidaiari izateari uzten dio.

* “Bizi nadin, ni barik, bidenabar / bidaiari ateo baten gisa, …”:  zer da bidaiari ateoa?, ez da bidaia aseptikorik.

* Bidaiaria:  etxatoia edo denda pribilegiotzat duena, bidaiako baldintza sarri nekosoak onartzen dituena.

* Bakoitzak bere baitatik hegan egiten duenekoa da bidaia, bere baitatik hegan egiten duena da bidaiaria; kontsumismoak eraginda egindakoa zerbait ezberdina da: oporraldia edo antzerako.

* Bidaiari  dena, behin ere ez da edonora abiatzen.

* Adiskide eta gordelekurik ez duena, alderrai izanen da.

 

 

Sasitza eta txoria

“Bidaiari ona ez da helmugara lehenbailehen iristen dena, bidean amets egiten dakiena baizik”

 

* Bidaiaria eta presoa, bi egoera kontrajarriren ezaugarri: bidaiaria, kaiolarik gabeko txori hegalaria, ametsak liluraz mamituz herririk herri ibiltari; presoa, ziegako esturan ameslari egonkorra, ziegarik ziega, kartzelarik kartzela, hegan ordez, lotuta eramana.

* Sasitza eta txoria, sasitza eta lorea, alde biak batean da bidaiaria; txoriak biltzen zaizkion sasitza, loreak ernetzen zaizkion sasi-tortoa edo sastraka: elkartasuna, lagunartea, herritarren abegikortasuna, nazioartea, ... mila sentipenen iturri da bidaia, gizakiaren mila alderdi baikor ernarazten zaizkion lur ondua bidaiaria, ostatu zaion herriaren mezu etengabeak heltzen zaizkiolako; aldi berean txoria da bidaiaria, lorea aldi berean, gizarte ezberdin baten kantua, lumajea, koloretasuna, aniztasuna, ikuspegia,  daramalako doan herrira, urrutiko herri baten mezulari delako herri berrian.

* Munduaren zabalean, zabalaren zabala zabalduz, bidaiaria.

* Historiaren galbahetik erortzen den izaki nanoa, ia mikroskopikoa da bidaiaria, horregatik  ahal du munduko eta gizarte guztietako zirrikitu txikienetik ere egin.

* Sarri galdetzen diot neure buruari, kale ezezagunetan ibiltari, errepideko zurrunbiloak irentsirik edo goi-bailarako mortuotan galdurik, ze demontre naizen, ze darabildan edo zerk narabilen bizitzako bideotan; azkenik, bizitza-zirrikituetako labirintuan galtzen naiz erantzun bila; ipuinik gabeko dontzeila, apoarmatu buztinezkoa, hostotza erori bat, ezerezaren hurrengoa, .... baina hor naiz.

* Herrialdez herrialde erromesaldia arnasa hartzea bezain erosoa zaigunean gara benetan bidaiari.

* Bidaiaria ausentea da definizioz, ez du helbide jakinik, baina beti dago nonbait,  ez du nora idatzi, baina  beti du nondik idatzi.

* Ibilbidea azpimarratzeak ez nau bidaiari egiten, baina bidaiari naizelako tindatzen dut mapa marra gorriz eguneko ibilbideari jarraiki, gure kolorezko egunotan.

* Galderak egitean datza sarri bidaiariaren errua, ez galderen formulazioan; bidaiariak berak, galderak egin baino, begiak zabaltzea da egin behar duena; ondoren letozke galderak.

* Inolako begiradarik sumatzen ez duenean dabil eroso bidaiaria, jendartean galduta nahi luke, bat gehiago inguruan: utopia; jakin-min eta begiluze, ezberdinki jantzita, hizkuntza ezberdinez gehienetan, argazki tresneria bizkarrean, pausoera ere bestelakoa, rara avis izanen da erbesteko edonon, bertakoen begiraden jopuntu.

* Arrain sarekada izugarriak gabiltza munduan, kontaezin ahala bidaiari, baina denok gaude fitxatuta, poliziak fitxatuta, hotelean edo kanpalekuan ez bada, telefono mugikor eta banku-txarteletatik denon berri dakite uneoro; gizarte poliziakoan bizi da gizakia, eta bidaiariak ezin dio ihes egin bota dioten sare horri, anonimatuan mundua zeharkatzen saiatu arren ere.

* Bere herrian egin behar da bidaiari bidaiaria, umetako inguruetan eman behar ditu mundua ezagutzeko lehen pausoak, bere herrialdea ezagutuz.

 

 

Ezaugarriak

“Bide luzeak neurtzeko egindako oinak, behatzen artean / hondar latzak eta hauts umilak.

 

Sentikortasuna

“Ez dakit ze egunetan asmatu zintudan, baina seguru nago ez zarela egiazkoa, eta nire neurrira egin zintudala noizbait”

 

* Bidaiari ona ez da asko dabilena, bidaiaren magiaz biltzen dakiena da bidaiari ona

* Une-uneko gorabeherak gaindituta, egoera eta leku bakoitzak eskaintzen dituen aukeraz gozatzeko ahalmena da bidaiariaren jakituri  eta gaitasunetako bat, baina batez ere bidaia  bere osotasunean eta osagai guztiekin asmatzea da bidaiari baten bidaia bateko arrakasta.

* Bidaiaria da batez ere bidaiaria, ez beste ezer, bidaiaz idaztea gogoko badu ere, bihotzean goxoki umatu zaiona izanen da batez ere arrasto  iraunkorra.

* Une bakoitza azkena balitz bezala bizitzen ikasten duen bidaiaria da gehien gozatzen duena, arrapataka ibili ordez, une bakoitzaz gozatuz.

* Hazten den bidaia orok du bukaera, eta zer?; definizioz, bizitzari itxaropenez begiratzen diona da bidaiaria,  egunerokoari gaina hartzen dion bizipozak darama bidaiaria ibilira, bidaia bukatuko dela dakien arren.

* Baikortasuna, bidaiari gozamen punttua gehitzen dion bertutea.

 

 

Nortasuna

"edonolako neke eta edonoizko sorpresak / beratutako jendea".

 

* Baketsua, lasaia eta barea da bidaiaria;  presaka, ur lasterra bezala doana ez da bidaiaria.

* Pazientea da ezbehar denak gainditzeko baldintza nagusietako bat, pazientea behar du izan bidaiariak ere bidaiako mila gorabeheretan.

* Oinak eta bihotza, bidaiariaren zutabeak, harrotutako hautsak eta bizipenen taupadak inon inork egiaztatuko  ez baditu ere.

* Bidaiariak badaki nora doan, nora joan nahi duen behintzat; noiz joan hori izan ohi da  arazoa. Baina jakin, beti daki itsasoratuko dela.

* Gizaki askea behar du izan bidaiariak, buruz eta bihotzez.

* Nonahi behar du izan norbait bidaiariak,  norbait ez den bidaiaria txorimaloa bezala ibiliko da, errari.

* Zer pertsonalena behar du izan bidaiatzeak, taldean joanda ere.

* Noizbehinkako miraria besterik ez da erabat aseko duen ezer aurkitzea; horregatik datorkionari egokitzen ikasia da bidaiaria.

* Desordenu itxuran ere erabat zehaztua eta ordenatua behar du izan bidaiak, emankor izan dadin,  bizitzaren aberasgarri, ibilaldi hutsal bihur ez dadin; puzzle bat da bidaia, egunero, pausoz pauso, osatzen  den puzzlea, leku gutxi behar du izan kasualitateak bidaian, datorrenean, orduan egokitu behar zaio bere lekua kasualitateari.

* Zintzotasunak behar du izan bidaiariaren zerebro nagusia.

* Isilik egotea, bidaiariaren jakinduriaren ezaugarrietariko bat, zuhurtasunaren ondorio beharretarikoa.

* Gida-paperak eta herrietako turismo propagandak irakurtzen ikastea da bidaiariaren lehen beharra,  alferrikako pauso asko eman nahi ez baditu, ez baitator beti ados propagandak diona eta aurkituko duena.

* Dena esana dago gidaliburuetan, interneten, egunkarietan eta enbaxadatako propagandetan, baina bidaiari bakoitzak bere iritzi, ikuspuntu, eta sentiberatasun propioa ditu, begi orok bere antieju propioa.

* Ateria edo euria, barea behar du izan bidaiariaren ibilia, atzerria desterru  bihur ez dakion.

* Nortasuna da sekula galdu behar ez dena, atzerriko itxuraldatzea pailasokeria bihurtzen da gehienetan; bera dena izaten jarraitu behar du bidaiariak degoen tokian dagoela.

* Bitzitza erlatibizatzen dakiena behar du izan bidaiariak, bai bidaiari izateko, bai bidaiaz gozatzeko; egunerokoa absolutizatzen duena ez da bidaiari izateko gai, eguneroko erosotasuna erlatibizatzen dakiena, eta bidaiako egunerokoa absolutotzat ez hartzen dakiena, egun bakoitzeko minutu bakoitza aldagai dela sinesten duena, hori da bidaiaria; asko ez dira bidaiari egunerokoa utziezina zaielako, edo ez dira bidaiari, eguneroko nondik norakoan zurrunegiak direlako.

* Bidaiariak ez du bizitzarik ez osasunik ez ondasunik arriskatu behar, erabili egin behar ditu, besterik ez; mila arriskutan aurkituko da, egoera ezusteko ia ateraezinetan, ausarta izan behar du atakotan, egoera latzenetik ere  aterako dela ziurtasunaren ausardiarekin.

* Bidaian iraun nahi badu, bidaiari atxiki behar zaio bidaiaria; bere lege propio eta bere-bere bidaiatzera lortzen ez duen bidaiariak  laster galduko du bidaiari sena, beste zerbait izanen da, turista edo errari bat.

 

 

Sena

“Egun ederren planeatzaile profesionala”

 

* Bidaiariak bidaia du maiteago txikiteroek tabernatik tabernarakoa baino, telebista zaleak besaulkia baino, politikoek boterea baino, umeek jostailua baino, …

* Izaki zaildua da bidaiaria,

“... beti argi izanik ez dagoela funtsezko helmugarik, bidaiariaren xedea ez baita toki jakin batetik bestera iristea, bide egitea bera baizik, gogoari abagunea eskainiz harremanak eta bizipenak soseguz hausnartu eta barneratzeko”, Hala da.

* Alderaketarik gabe, unean unekoaz gozatzea da bidaiariaren doai preziatuenetarikoa; aldi beran, ikusten ari dena ikusitakoekin parez pare jarri behar du oroimeneko erakustokian, berezko ariketa behar du izan horrek bidaiariarengan, ikusten ari dena baloratu ahal izateko.

* Bizitzako eta bizitzeko filosofia ezberdin batez jabetu behar du gizakiak bidaiari heldu bat izateko.

* Jite ezberdina du edonon bidaiariak, atzerritarrarena, kanpotarrarena, beste galaxia batekoarena ere sarri, jite definigaitza, baina nabarmena; berehala antz ematen zaio, etorkinari bezala: bidaiaria pasoko etorkina besterik ez baita.

* Diziplinatua behar du izan bidaiariak orduetan, arauetan, plangintzan..., bidaia baliatu nahi badu, kontrakoa dator bestela, “ez huen, bahintz, balu, balitz” guztiez gain, “des” guztiak.

* Marinel eta Ulises izaten jakin behar du bidaiariak, Ulises errutari tinko eusteko, marinel, itsasertzetako sirenen ahotsez gozatzeko.

* Ikusbide luzea eta ikusbide motza, biak behar ditu bidaiariak, ikuspegi motza aurrean duen denaz jabetzeko, ikuspegi luzea aurrean duen hori orokortasunean kokatzeko, bere dimentsio osoa emateko.

* “/… / hautsa  bilduz benetako bidaiaren modua”.  Mendikoa izan daiteke hautsa, monumentu aratzekoa, museo lustratukoa, intsentsu usaineko eliza batekoa edo hauts urbanoa, baina oinak behar dute izan bidaiariaren garraiobide nagusia, aurrez kotxez edo hegazkinez lekuz aldatu behar badu ere.

* Aurre aurrean duana baino urrutiago begiratu eta ikusten ez dakien ibiltaria denbora galduan dabilen ibiltaria besterik ez da.

* Daraman eta demaioten oro erlatibizatzen jakitea da bidaiariaren zientzi atal premiatsuena.

 * Bidaiariak, ardotik barau.

* Ausartak hainbat bazter, gertakizun, ohitura eta pertsonaia gehiagoz aberasteko aukera du.

* Hiribildu bateko kalearte bihurriarekin ados jartzen jakitea  da bidaiariaren ezaugarrietako bat.

* Bakartia  da bidaiaria, bidaia-eskaintza “saldo” batetako saldoan sartu ez bada behintzat.

* Bakartia da turista, hori turista izaeraren muinean dago.

* Bakartia izan behar du bidaiariak, ia definizioz, alde egiteko libre beti, eta sortuko zaizkion arazoei branka jartzeko bere gaitasunaz fidakor, laguntasuna beharko eta eskertuko badu ere.

* Anonimatua, ezaugarri berezirik erakutsi gabe ibiltzeko gaitasuna,  horrek izan behar du ibiltariaren dohainetako bat.

* Pausoa, ez ezik, bizitza-erritmo osoa egokitzen ikastea da bidaiariaren lehen ikasgaia; erritmoa aldatzen ez duen bidaiaria bere herrian lez egonen da atzerrian ere, ez da bidaiaria izanen, edonora doala ere atzerriko biztanle berri bat izanen da soilik.

* Musikaria izan behar du bidaiariak zentzumenek eskainitako aieru oro melodia bihurtzeko. Musikaria eta instrumentoa, aldi berean. Kanpoko oihartzunekin afinatzen ez baditu barneko soka eta mihiak, barneak ez badu kanpoko informazioa sentsibilizatzeko fintasunik, musika gutxi entzun ahal izango du bidean, melodia monokorde aspergarria besterik ez  da izanen bere musika.

* Bidaiaria inola ere ez da noraezean dabilen gizakia, tarteka bidegurutzeren batetan galtzen bada ere; gutxitan da etsipenak jota.

 

 

Ikusmina

“Zabaldu begiak gauza onei zein txarrei / eta bereizketa horretatik kanpo dabiltzan / gaueko tximeletei”.

 

* Nolabait hila dago gibelera begira bizi dena; geroko munduaren ilusioz bizi dena ere bai; nora begiratu oraina baduen pertsona da bidaiaria.

* Bidaiaria   buru-belarri minutuka bazterren ikusmin dabilena da, kanpalekuko oporlari saldoa, aldiz, kaleetatik urrun, ordua galduta dagoena.

* Talaia zorrotzak ohi dira bidaiariaren begiak.

* Galderetan kakotua, kirruetan kiribildua, kirioak kizkurtuta, jakin eta ikusmin beti, hala ibili ohi da bidaiaria,  zer nola non nolako, harriturik, asma ezinik, galdezka beti, ... deserrian izaki.

* Entzumen handikoa behar du izan ibiltariak, aldi berean isiltasuna maite behar du, jendartean dabilelako gehienetan; ez da erraza entzumen zorrotza izatea jendarteko nahasian.

* Galdera da bidaiariaren une oroko bizitza, bilatzea, aurkitutakoari buruz galdetzea.

* Abentura zale behar du izan neurri batetan bidaiariak.

* Entzumen handikoa behar du izan ibiltariak, aldi berean isiltasuna maite behar du, jendartean dabilelako gehienetan. Ez da erraza entzumen zorrotza jendarteko nahasian.

* Sentiberatasunez  beteta eraman behar ditu begiak bidaiariak bidaiara, ez bizirik dauden begiak soilik, "begiak irekirik, adimena itxirik" ibili nahi ez badu.

* Bidaiaria beti dago jende eta paisaia berriak ezagutzen. Bidaiariaren muina da ez daukanetik edatea eta daukanetik edaten ematea.

* Hondakinak dira usu bidaiariaren helburu, hondakin horiek gordetzen duten antzinako bizitzaren oihartzuna aurkitzea da bidaiariaren irrika.

 

Ameslari jitea

“Zeren libertatea neguan baitago, baina negu bakoitzak dik bere udaberria”

 

* Bidaietan egunero berpizten gara egoera ezezagun berrietara, mundua eta bizitza  bere erara taxutzen ditu nolabait bidaiariak bidaien bidez.

* Libertatearen amets, egun ibiltarien liluraz bizi da bidaiaria aberriko egunerokoan ere.

* Ahitu ezinak dira bidaiariaren ametsak, bidaia egunak dira ahitzen zaizkionak bidaiariari, eta sosak.

* Badaki ez duela ase dezaken zerurik  aurkituko, baina aseko duen zeru baten bila bezala dabil bidaiaria.

* Hurbila etsiz doaz urruneko herrira so jarriak diren bidaiarion begiak.

* Bidaian, goizero eta gauero opa diogu gure buruari egun eder bat, bai eguraldiz bai bizipenez.

* Beti dugu bidaiaren bat asmo.

* Ameslari izan behar du bidaiariak, bestela ez da bidaiaria, dabilen bat baizik.

* Zer ikusiko amets abiatzean, dakusanaz ibilian,  ikusitakoaz itzuleran, amets bidaia aurretik doan herriaz, amets bidaiatzean, amets bidaia ondoren egon den herriaz,  definizioz da ameslaria bidaiaria.

* Itzulera-itxaropenak errazten du bidaia-ametsa.

* Irudimenak ere laguntzen du, bidaietan gutxienez.

* Bidaia sekula ez da amestutakoaren adinakoa, baina etxean geratu denaren ametsa baino oparoagoa bai.

Serafin
Serafin dio:
2017/05/18 16:53
Bidaiariaz, bidaiatzeaz eta hire aurretiko testu guztietan barrura begira, meditazioa, pentsamentu eta hizkera poetiko atsegina.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.