Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiez

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/12 11:05
Bidaiatzea IV

IV

 

Denbora

“Oro doa / oro dator / orain, beti”

 

 

Joanaren gurpilean

 “Eta egunak haizea bezala pasatzen ziren”

 

* Utz beza denbora bere horretan bidariak egoneko zein ibiliko begiratuan inguruaz goza nahi badu, bestela denbora neurtu, mugatu eta bideratuz bazterrak ikusi besterik ez du eginen.

* Zaila da neurtzen bidaiako denbora.

* Luzea ikusten da haseran bidaia, ia lipar bat bukaeran.

* Hasierakoak dira beti ordu luzeenak bidaietan, bidaia bideratzen duzun arte, bidaiak  bere erritmo propioa, pausoera berea, hartzen duen arte; zuk ez diozu bidaiari erritmoa jartzen, bidaiak berak ezartzen dio bere erritmo propioa bidaiariari.

* Errekaren joanaren alderantzizkoa da bidaiako bizipenen korrontea: lasterrean doa hasieran erreka, oraindik errekasto, presaka bezala itsasoa urruti dakusalako; baretu egiten da itsasora urreratu ahala; geldoa iruditzen zaio pausoa  hasieran  bidaiariari, urrutiko ikusminak irrikatzen duelako, lasterregia, aldiz, azken egunak, amaiera heldu zaiolako; antsiaz bizkortu nahi lituzke bidaiariak lehen egunak, etsipenez mantsotu azkenak.

* Hasten den orok du bukaera: bidaiek ere.

* Egunero doa, pausoka pausoka, mozten bidaia, ibilitakoaren marra luzatzen doan heinean mapan.

* Bidaiak, bat bukatu, bestea asmatu. Bukatu egin behar du bidaia batek, beste batetara hegaldatuko bagara, bidaia bakoitza beste baten metamorfosia delako.

* Haizea bezala joan ohi dira bidaia egunak, bizigarriak baitira.

* Beti irauten duten oraina dira zenbait bidaia, hain iltzatuta geratzen baitira oroimenean, ordukoa oraina balitz bezala.

* Bidaiaren hasieran inoiz ez da arazoa bakartasuna, ez da arazoa zure girotik kanpo, gizarte berri batetan, zeure burua  ezberdin eta bakarti ikustea; herrian ez bezalako erritmoa du bidaiak, orain biziagoa, hurrengo motelagoa,  bidaia motaren arabera; bidaia bakoitzak, -sarri bidaiako egun bakoitzak-, du bere erritmoa; erritmo hori hartzea da zailena; hori hartutakoan beste dena elkarlotuz doa, bakartasunari lekua kenduz.

* Bidaia bideratzen duzun arte dira luzeenak bidaiak,  bere erritmo propioa, pausoera berea, hartzen duen arte, zuk ez diozu bidaiari erritmoa jartzen, bidaiak berak ezartzen dizu bere erritmo propioa.

* Hemen gara, han ginen, hor izanen gara, ... bidaiariaren berenezko kadentzia.

* Dena ikusi nahi luke bidaiari hasi berriak, lehenbailehen ikusi ere, harat hona gelditu gabe, dena esperimentatu, denaren berri izan desioz; zailduaz doan heinean, baina, bidaiatzeak ezartzen dituen barne arauak ikasten ditu, bidearen arnasa ezagutzen du, pausoa bideari egokitzen, indarrak neurtzen, ikusi eta esperimentatu beharrekoak hautatzen, zenbait aukera, nahiz ederra, baztertzen, ... bidaiatzea eta bidaia bizipen ongarria gauza dadin.

* Orduak  berdinak arren, ezberdin neurtu eta bizitzen ditu orduok bidaiari bakoitzak.

* Gozakaitz doa luze doakion bidaiariaren arratsaldea.

* Denbora mende izatea da bidaiari izatearen baldintzetako bat, denboraren menpe harat-honat korrika, egitarauaren edo hitzorduaren esklabu dabilena ez da bidaiaria, gehienez bisitari presatia.

* Bidaiako orduek ez dute abiadura bera, are gutxiago antzua.

* Neurketa arraz ezberdinak ditu bidaiak, denborarena izan ohi da sarri, baina bidaiariaren abiadurak beste neurketa batzu ditu, bizipenekin, emozioekin, koloreekin, harremanekin … neurtzen  dena.

* Muga eta eduki ezberdin ugari ditu denbora zein denboraren konzientziaren esparruak; denboraren kontzientzia galtzea da bidaiariaren dohainetariko bat, bazterrei lasai begiratzea; hurrengoan, aldiz, aro zehatz batetan kokatu behar du ikusten ari den artelana edo naturaren bitxikeria, ulertu nahi badu; hurrengoan, aldiz, duen denbora egoki administratzen jakin behar du ahalik gehien eta ondoen bazterrak ezagutzeko; hurrengoan, aldiz, …

 

Denboraz kanpo

"Oi ene!. Non da galdu behar nuen / erlojua?"

 

* Izaneko aztarran eta oroigarrien aurrean instant bat bezala gerta eta gertutu ohi zaio denbora bidaiariari herrietako labirintoan ikusmin.

* Denboran  gelditzerik ez da, baina bizitzaren denboratik aldi baterako jaistea bezala da bidaiatzea, estazio batetan trenetik jaistea bezala, tarte baten ondoren berriro egunerokora  igotzeko.

* Erlojuaren pendulua geratzea bezala da bidaiatzea; geldiune birtuala agian, baina psikologikoki erreala.

* Bidaia istant  laburreko bizitza da, tarteka eternoa dirudiena.

* “He aquí la buena filosofía: todo es viaje. Es viaje lo que está a la vista y lo que se esconde, es viaje lo que se toca y lo que se adivina, es viaje el estruendo de las aguas cayendo y esa sutil modorra que envuelve los montes”; etxetik irtenez gero dena da bidaia: ibilia eta egona, gozamenak eta erneguak.

* Zita eta agurra, bidaiariaren esentzia herriarekiko eta herriekiko, binomio ekidin ezina; hala ez balitz ez litzateke bidaiaria izanen, agian etorkina, negozio bisita, ...  Bidaiariaren agurra ezkutua izan ohi da, zita ere isila ohi delako; kaixo-agurren erritmoa da aldagai bakarra.

* Presaka burututako bidaia erdizkako bidaia da. Bidaiak bere denbora eskatzen du. Presatiarraren bidaia lasterketa bat bezala da.

* Informazio on bat dago bidaiaz gozatzetik denbora galdura dagoen aldea.* Lehena, oraina eta etorkizuna elkarri deika ibili ohi dira bidaietan.

* Denbora galdu alde, bidaiaren helburuetako bat izan daiteke.

* Egunerokotasunetik atera asmoz irensten zaituen zurrunbiloa da bidaia.

* Ez da behin betiko bidaiarik, bidaia oro bukatzen da, bidaiatzea da behin betikoa, bidaia bakoitzak beste bat dakarrelako ondoren berarekin.* Bidaiak bere denbora propioa du bizitzaren erritmoan, bidaia beraren erritmoan, bidaiariaren barne erritmoan ere; bidaiariak jakin behar du noiz den bidaiara ateratzeko garaia, noiz bidaiak behar duen pausaldia, zein behar duen ibiliaren taupada, noiz den bidaia-mota aldatzeko garaia, baita bidaien garaia noiz bukatu den ere, bidaiak bere denbora duelako.

* Egunak beti doaz aurrera bidaietan ere, duela guti hain han ikusten genuen Bretainia Handia dugu gaur hemen.

* Zer asko egin beharra sartu ziguten muinetaraino gaztetan, denbora gutxian zer asko ikusi beharra da bidaiarion filosofia  ere, denbora eta sosei etekina atera beharra; denboraren neurria non, hor datza bidaiako zoriona ere.

* Zenbat aldiz luzatu zaigu ibilia kale-arteetan bide laburraren bila.

* Gehienetan du aurka denbora bidaiariak; begirada ia bakar baten bidez bildu nahi ditu  gizaldietako artelanak eta kultura, epe labur batean bereganatu herri baten gaur egungo ohitura eta jokamoldeak.

* “Mirar cien cuadros puede destruir el provecho y el placer que uno de ellos daria”: bidaiariaren arazo nagusienetarikoa: denboraz urri, asko ikusi nahi du.

* “egin beharrik gabeko nire denboraren askatasunera”: horrelako uhartetxoak bilatzen ez dakiena bazterrak ikusi beharraren beharrean itotzen da.

* Gehienetan du aurka denbora bidaiariak: begirada ia bakar baten bidez bildu nahi ditu  gizaldietako artelanak eta kultura, epe labur batean bereganatu herri baten gaur egungo ohitura eta jokamoldeak.

 

 

Bidaia-erak

“Lasaigarria, / bestalde, / karterarik gabe / lasai asko / bizi zaitezkela / jakitea” 

 

* Errekaren joanaren alderantzizkoa da bidaiako bizipenen korrontea: lasterrean doa hasieran erreka, oraindik errekasto, presaka bezala itsasoa urruti duelako; baretu egiten da itsasora hurreratu ahala. Geldoa iruditzen zaio pausoa  hasieran  bidaiariari, urrutiko ikusminak irrikatzen duelako, lasterregiak, aldiz, azken egunak, amaiera heldu zaiolako, antsiaz  bizkortu nahi lituzke lehen egunak, nostalgiaz mantsotu azkenak.

* Egunsentiarekin jaiki, ilunabarrarekin oheratu, bidaiariaren legeetako bat, baina badira gauak ezagutzeko bidaiatzen dutenak; bidaiatzeko modu bat, beste mundu bat ezagutzeko modu bat.

* Hurrengo kukua non entzungo izaten da urtero udaberriko bidaiariaren jolas bat.

* Aukera aukeratua mila aukera galduen ama da; hautapen bakoitza morroiloa da, mila aukerei atea ixten die, beste hainbesteri zabaltzen; mila aukera dituzu, zuk zeuk aukeratzen duzu bat; ez izan damurik, edozein bidaia aukeratu, bidaiatzea aukera bikaina da-eta

* Presoen gartzelarik gartzelarako traslado ankerrak eta senideen asteburu bakoitzeko gartzeletara joanetorri nekosu garesti arriskutsuak dira gizartearen inolako bulegoetan ez iragartzen ez agertzen diren bidaiak.

* Zeru goi-goian pasako dira Euskal Herritik udazkenean kanpalekuko belartzako zozo saldo antolatuak hegora bidean eskopeteroen  mehatxupean; bidaiak, aldiz, pospolo kaxan preso edo burdinazko txori erraldoiaren erraiek irentsita egiten du mugaz-mugakoa, autobide edo aireportuetako bidelapurrei zerga ordainduz.

* “paralisia eta gehiegizko mugimenduaren artean dago bizitzaren lerroa: abentura”: bidaia bakoitza da ezberdina, bidaia bakoitzeko egun bakoitza, egun bakoitzeko ibilbide bakoitza, ibilbide bakoitzeko bizipen bakoitza ere; eguneroko egun, ordu eta sentipenak baino ezberdinagoak, horregatik dira egun kitzikagarriak.

* Bidaia egunetako bakoitza bera eta ezberdina da, baina inguru berdinean luzaro jarraituz, antzerakoak izaten hasten dira.

* Bidaiatzeko era ezberdin bat da nomadena, bizibidearekin lotuta ia beti bere harat-honakoa; barne arauz lotutako bizitza gainera. Trotamundosena da beste bidaiatze  modu bat, baldintza  bereziko nomadak dira, baldintza oso gogorretako nomadak gehienetan.

* Gehienok egunezko bidaiariak gara; baina bada besterik ere; bada gaueko bidaiaririk, bidaiariari gautarra, gaueko herriak, eta herriak gauean, ezagutzea gustatzen zaienak; baina ez dira gautarrak, herri bat gauez ezagutu nahi dutenak baizik, gauekoa ere herria baita; egunekoa bezainbat; leize zuloetako bidaiariak ere badira.

* “Viajero competente es aquel que solo va por malos caminos cuando no hay otros, o una razón suficiente le manda que abandone los buenos”: zenbat bide gaizto gure bidaietan!.

* Irten eta ibili, unean uneko ibilbideari lotuz da zenbaiten bidaiatzeko era, bada bidegurutzean nora hartu zotz egiten duenik ere; zenbaitzuk bidaia agentzien esku uzten  dute nondik norakoa; beste batzuei aurrez planifikatzea gustatzen zaie pozkida inoren esku utzi gabe.

 

 

 

Kontrabidetik

“Itsutasuna, gidari txar”,

 

Zentzutasuna

“turismoa zen, ezbairik gabe, herrialde hartako euskarri ekonomiko bakarra”.

 

* Bidaiak ezin du izan ibilaldi militar bat, mandoek erabakitako, planifikatutako ibilbidea; hausnartua eta zehaztua egon behar du bidaiak, baina etorriko diren aukera guztiei irekia; bestalde bidaiaria ez doa ezer konkistatzera, irabaztera, menderatzera, bera konkistatua, irabazia, liluratua izatera, lurralde berriaren maitale bihurtzera baizik.

* Bada zenbait gizaki bidaiaren aitzakiaz jendartean egotea bilatzen duena, taldeko bidaia moldea aukeratuz, edo erromes uholdeak dabiltzan turismo-santutegietara joz; bidaia konpainiak baliatzen dira, sarri, sen horretaz bezeroak erakartzeko.

* Bide berririk ez du eskaintzen berenez bidaiak, bidaiariak berak aurkitu eta egin behar du bide berria; “gutaz eginiko tunel zahar” honen bestaldeko muturra estaltzen eta oztopatzen zaigunean bide bila abentura bat hastea, hori da zenbait bidaiariren arazoa.

* Leher eginda ibili ohi da bidaiaria egun mugatuko bidaietan, batez ere gidaren esanera dabilenean; bestelakoetan ere norberak jartzen dio sarri muga urruna bidaiari, egun, kilometro  eta ikuskizunetan luzatuz, baina gozamenerako uneak behar duen patxada murriztuz.

* Kanpinetako txabolatxo eta etxatoiak  txaletxo bihurtu ahaleginak erakusten du zapalduaren  errealitateari ihes egin nahiaren ahalegina.

* Ekarpen ekonomikoak ez ditu turismo-guneetako erraldoikeriak zuritzen.

* Bidaiatzea xede ez den bigarren helburu nagusi bat jartzen zaionean bidaiari, ez da bidaia soilik; ikerketa, merkataritza, bizibidea, abentura, …

* Nora garbirik gabe bidaia batetara abiatzeak  abentura du helburu, edo errari izanen zara.

* Toki guztietan  eta inon ez du etxea bidaiariak, baina jakin daki zain duela bere jatorri-etxea; bidaiaria ez da jira-biraka dabilen norarik gabeko nomada soila.

* Begiak zabalik lo, hori da bidaiariaren arriskuetariko bat, edertasunez bildurik turismo eskaintzetara soilik mugatzea.

* Noiz itzuliko den jakinaz joaten da bidaiaria txangora; noiz itzuliko zaren jakin gabe joatea, ihes egitea da.

* Agerian uzten dituzte bidaiek bidaiarien munstrokeriak eta bidaiari munstroak; gutxitan deskribatzen badira ere.

 

 

Itoa

“Ahantzi gabe xedea ez dela / ba dela Itakarat iristea / -iritsi, zeharo, ez baita iristen inorat- / bidaian ematea baizik”

 

* Pobreak, -behin etorriko-  dena ikusi nahi du bidaian, lanean bezala, destajoan bidaian ere: pobrea, beti nekatuta, oporretan ere.

* Bidaiariaren galbidea da ibili zoroa. Helburu zehatza, -helbururik eza izan daiteke helburua, baina beti helburua izanen da-, plangintza bat, nahiz zabala, eta diziplina gutxienezkoa beharrezkoak dira bidaietan ez galtzeko, ibilia antzu ez gertatzeko.

* Atsedenaldi bat da bidaia bizitza-lasterketan, utopiara saioan. Aldiz, bidaia bera da  utopia askorentzat.

* Bidaia ederrena ere gogaikarria da luzeegia bihurtzean. Ibilbide bakoitzak bere neurria du. Herrimina eta etxerako sena irrika bihurtzean hobe bidaia bukatu. Nomada bihurtu nahi ez bada.

* Bidaiariak badu bidaia betebehar bezala erabiltzeko arriskua, ibilia bera, edo bazterrak zein artelan edo pertsonak ezagutu beharra  helburu bezala jartzea, programa bete beharra alegia, dena ikusi nahia, azkenean bidaiaren esklabu bihurtzea, bizitzaz disfrutatzea helburu nagusi jarri ordez. Bizitzaz disfrutatzea behar du izan bisitaren helburu nagusia, herrialdeez gozatzea, bestela lana bera bezain aspergarri eta nekagarri bihurtu daiteke bidaia.

* Mugetako langak, kanpalekuko datu biltzea, banku-txartelak, … Goitik behera kontrolatzen gaituen gizartean bizi garela erakusten du bidaiatzeak, eta ezin garela aske ibili.

* Aske bizipena duen arren, mila eratara kontrolatuta dago bidaiaria, Orwelen  asmakizuna huskeria bilakatu da.

* Zenbat protokolo duen bidaia inguruko propaganda koloretsuak.

* “Maiz baina aldiko gutxi”, horrelakoa behar du bidaiariaren programaketa; egunero zertxo bat, arrapatakarik gabe, antsiarik gabe; egun osoan gelditu gabe, ikusi beharraren beharrez, gogoa aspertu, pausoa nagitu, ikusitakoa irristakor bihurtu besterik ez da lortzen; gehiegiak oka dakar berarekin, ikusmina asetzean ere.

* Erosi egiten ditugu gaur egun bidaiak ere: salgai jartzen dituztenentzako diru-iturri dira bidaiak.

 

Zertzeladak

“-Nora zoaz, bidaide? / -Nik dakita!”

 

* Kanpalekuetan ere emakumearen rola errepikatzen da; nabarmen, etxean bezala: umeekin, janariekin, gizonen rolaren kontrastearekin, ...

* Sentiberatasun gutxi erakutsi ohi dugu bidaiariok herritarrenganako, errukia edo mesprezua, sarri, beti gure argazki makinekin, besteen intimitatea urratuz.

* Aurreiritziekin doan bidaiariak xarma erdia kendu dio bidaiari.

* Bidaia bakardadea aldatu alde hasten duenak bakardadean eginen du bidaia, bakardadean itzuliko da etxera, bakartiago akaso.

* Bidaiak ez du bebarrurik; bada bidaia bebarruan egiten duenik, bebarrukoa bidaiatzea bada.

* Asko dira bidaiara atera eta oporraldian bukatu dutenak.

* “Turistak,  berriz,  ez ziren ezertaz ohartzen, botoiak sakatzeko robotak ziruditen” Bidaiatzea al da turismoa?. Izan daiteke. Baina horrelako robota bihurtzea denean, ez.

* “Nik hainbeste diru izango banu … beti hortik zehar ibiliko nindukek, munduaz gozatzen bidaian. Ez nindukek inoiz geldirik egongo, beti bidaian”: hori da jende askok bidaiatzeaz duen iritzia, horiek aspertu egiten dira gehienetan bidaietan, edo herrian geratzen dira bidaiatzeko dirua eta aukera izanda ere, herrian sustrairik bota  ez duena da beti kanpoan lebilkena.

* “Etorkin bat bota nuen lorategitik / etxeko  hesia zeharkatu zuen / zuhaitz baten pean lo egiteko”.  Mendebaleko gizarteak bota egiten du bizibide erosoago baten bila  datorren atzerritarra, turistarentzatz apaindutako lorategitik.

 

etiketak: Bidaiez
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.