Bidaiez
III
Ezpalak
“Bidea luzea da, bai / nahiz han-hemen batean den jorratzen / auzia bidaiari izatean datza / osorik, bete betean / arnasarik galdu gabe zalantzaren osin beltzean / ..... / bidaia luze / laburra da / poz eta minez zeharkatua / eta joan, beti zoaz bakarrik”
Barne-giroa
“Bihotzak egiten digu zaunk / inongabeko errefuxiatu garelakoz”
* Ikusminez eman ohi zaio arribadako diosala herri berriari, tristuraz, aldiz, agurrekoa; bidaiariak baditu zailtasunak bidaian, baina ez du zauri herdoildurik.
* Bidaiako lurraldea du oraina bidaiariak, ibilbideko bizipenak dira bizia berria.
* Heldu artean dena da ikusmin bidaietan, dena gozamena heldutakoan, dena oroitzapena itzuleran.
* Bidaiatzea ez da beti zoriona, baditu nekea, ezinaren eta amaituaren pena, … baina alde ona nagusitzen ohi zaio gehienetan, batez ere bidaia bukatu ondorengo oroitzapenetan
* Inongabeko errefuxiatuak garen sentipena garela sentipenak egiten digu zaunk bidaietan, bidaietan beti dugu tentsio puntua.
* Ustekabea bidaiariaren sentipen sarria.
* Egia berri bati jarraiki doa beti bidaiaria, herri bakoitza baita egia berri bat bidaiariarentzat, bizitzako bizialdi berri bat.
* Sarri uzten gaitu larru gorritan bidaiak!.
* Sarri nahasten zaizkio bidaiariari atzoa eta gaurra, nahaspilatzen zaizkio herriak, hiriak, herrialdeak, artelanak non zer ikusitakoa, non norekin egon zenekoa, ...; bidaia bakoitza istorio bat da, beste istorioekin gurutzatzen dena, berdin da atzo edo aspaldi gauzatu zen.
* Begietatik dator bidaiariaren uzta oparoena, barneak eho behar du ondoren elikagai ongarri bihur dadin.
* Bidaiaria, baina, ez doa bakarrik, nahiz behin behinekoa bisita herrialdean, aberri-kide sentitzen baita, behin betirakoa, bere aberrian.
* Bidaiaren plazera ezerk ez inolako tristurak lausotzea behar du izan bidaiariaren jarrera landuena.
* Eguzkiarekin idatzi guranahi luke ibibidea bidaiariak, geriza eta bere ziluetak ikustea maite baitu bidaietan.
* “Kalean gora / kalean behera nindoan / kantuko zezena gogoan / Gipuzkoako herri bateko kaskoan”: halakoak dira bidaiariaren kalearteko ibiliak.
* Edozein bidaia eta edozein herrialdetan, beldur dio bidaiariak poliziari.
* Inguru batetik aldegitean gelditu nahi genuke, gelditzean alde egin.
* Gustura geratuko luke bidaiariak zenbait unetan erlojuaren orratz handia, edo txikia, edo biak, une goxoetan zein gorputzaldi txar batek eragitean, bidaiak badu orratzok gelditzeko aukera. egoera luzatu, ibilia patxaratu, edo egonean pausatzeko aukera.
* Kanpalekua, eta kanpalekuan kokagunea, aurkitu ezinean ibili ohi da sarri bidaiaria: urduritasuna dakar kanpalekuz aldatzeko egunak.
* Isiltasuna irtenbidea balitz zenbat erraztuko litzaioken bidaiariari hainbat ulertezin korapilatsu, baina isiltzea, ihesbidea da gehienetan, beste gauza bat da zuhurra izatea.
* Bidaiako lurraldea du oraina bidaiariak, bizipen berriak dira arnasa pizgarria.
* Beldurraren etxean ez dago txangorik.
* Barne erabakiak arintzen ditu bidaiaren oinak; ausardiarik gabe ez dago bidaiarik.
* Bidaiak sortzen ditu logura hiltzen duten zein logura sortzen duten kezkak.
Baldintzak
“... gidaliburuetan ez da leizerik ez osinik ikusten baina bidaian doanak era guztietako zulo beltzak topatzen ditu”
* Gogoa da bidaiatzeko behar den osagai bakarra, denbora eta dirua ondorioz datoz.
* Bidezidor eta aitzineratze presatirik gabe, pausoka-pausoka, bide guztia korrituz egin behar dela bidaia; nekeak eskatutako atsedenaldiak direla onargarriak, bidaiaz gozatzeko baliagarriak; asko direla bidaiara atera eta oporraldian bukatu dutenak: hori dio esana bidaiariari eskarmentuak.
* Alboan daramazunarekin bizipenak konpartitzea da bidaietako modu bat, alboan eraman soilaz sarri, hitzik gabeko sentsazioz azpila konpartituz, konpartituak izan behar dutelako beti bidaiak; poeta izaten ikasi behar du bidaiariak, biziki, argiro eta sentikor, sentipenak eta hitzak korapilatzen dakien poeta, bizipoza eragiten dakiena; nahiz isilean, maitea nolabait hurbil edukitzeko.
* Bidaiak badu deserriaren ukitua. Horregatik bidaiak borondatezkoa behar du izan, aldi mugatukoa eta askatzailea.
* Gutxienezko arau batzuk ezarri behar dizkio bidaiariak bere buruari, ibiltari erratua ez ezik erraria izan nahi ez badu.
* Ez dago ezer definiturik ez bidaia aurreko galderetan ez bidaia ondorengo erantzunetan.
* “Jan ala jana izan”, bidaiariak sarri hartu behar izaten duen erabakia, batez ere etxatoia trafiko zurrunbiloak irentsi duenean edo kaledi korapilotsuetan, noraezean, sartu garenean…, “aurrera!, betor goia behera nahi badu”.
* Bidaietan ez da paturik; prestakuntza eta esperientzia dira patuaren ordezkoak, horrek baldintzatuko du gerta beharrekoa, gertatzen denean gertatzen dela.
* Era guztietako zulo zulo beltzak topatzen ditu bidaiariak, eta gutxien usten denean!. Bidaiaria ezin da behatokitik jetxi.
* Bidaiatzearen ederrena, emaitzarik ez diogula eskatzen, ez diogula eskatu behar ere; bizipenetan datza emaitza, ibilia bera da emaitza handiena.
* Bidea egin ahal izatea soilik eskatzen du bidaiariak, bolbora umela edo lehorra bidaiaren aldagaiak besterik ez da.
* Arina behar du bidaiariaren batelak, zorrotza largabistak, kostan utzitako kandelak uhinek itzal ez ditzaten.
* Etorkizuna gauza segurua delakoz egin behar ditu planak bidaiariak, geroak erakutsiko ditu erakutsi beharrekoak.
* Oso serio hatu behar da bidaiatzea, bidaia bakoitza ere.
* Gutxienezko arau batzuk ezarri behar dizkio bidaiariak bere buruari, ibiltari erratua ez ezik erraria izan nahi ez badu.
* “Hire ariman etsipena duk / porrotaren lekuko isila / jakin beharko hekien / ausardia ez duenarentzat / debekatuta dagoela bidaia”. Ausardia baino erabakia behar da bidaiatzeko.
Eusgarriak
“... gidaliburuetan ez da leizerik ez osinik ikusten baina bidaian doanak era guztietako zulo beltzak topatzen ditu”
* Egiaren erdia saltzen dute gehienetan bidaia eskaintzek, ondorioz gezurra iruditzen zaio bidaiariari egi-erdi hori ere.
* Inguruaz gozatzea du zeregina bidaiariak edonon esertzen denean; agian, arkakusoak hiltzea besterik ez da hori ere, ezerezari begirada da hori ere, bizitzako frustrazioen ondorioa, besterik ez, agian.
* Gizakiak bere neurrira, bere hutsuneen neurrira, asmatzen dituen bizitza-aldaketak dira bidaiak, bizitzeko makuluak, neurrira asmatuak ezin badira izan ere sarri, bizitzako asmakizun guztiak estaltzeko gai ez badira ere, min eta gorabehera guztiak azaleratzen badizkigute ere, ezinbestekoa zaion makulua dira bidaiak gizakiarentzat, ezinbestekoak ditugulako makuluak bizitzeko.
* Letra asko ikasi ohi du bidaiariak branka arrotzetan, hanketako munduraminak eramaten du izen gazien haizetan.
* Udaberri baten lehertzea izan behar du bidaia bakoitza bidaiariarentzat.
* Existitu izanaren harrotasun kontsolamendua ekarri izan ohi dit bidaiak, tarteka hala-moduzkoa izan bazait ere gizartea.
* Bizitzaren ezaugarrietariko bat da bidaiatzea, bizitzeko era bat; ez da izanen literatura baina literaturan sustraitutako biziera: literatura da herrien ezagupenaren euskarri nagusienetariko bat, eta literaturan uzten ditu bidaiari askok bere bidaiako bizipenak.
* Ziurtatu egiten dizu bidaiatzeak beste mundu bat ere badela, irakurri-entzunak baieztatu edo gezurtatuz, begiak eta gogoa herri berriz asez; egia benetakoa bihurtzen dizu bidaiak egia besterik uste zenuena.
* Munduari leiho irekia da atlasa, arruta kaier kilikalaria gidaliburua, amets txinparta bidaia-liburua, leiho ireki bat etxeko portuan.
* Hirietako planoak eta herrialdetako mapak dira, eguzkia ere lainotuta ez dagoenean, bidaiariaren iparrorratza.
* Bidaia erosten duenak kendu dio pipermina bidaiari; bidaia orori utzi behar zaio ezusterako zirrikitua; agentzien esklabo izan gabe.
Bidegurutzeetan
“usteari ustekabea darraio noizbait”
* Hor gabiltza gu ia egunero bidegurutzeren batetan galduta, nora joan nahi dugun dakigula baina nora goazen ez.
* Altuegi dagoen zerua iruditzen zaio bidaia bakoitza hasieran, baina, abian jarriz, eskuratu duen kometa bihurtzen zaio, zeruetan jolas.
* Begiluzearenak, nekatuarenak, jakin-minarenak, elkartasunarenak, herriminarenak,... dira gure lorratzak bidaiotako karriketan, jendartean murgildurik, biziaren itxaropenez: bizitza aurrera doakigun seinale
* Mundua haziz, zabalduz, doakio eten gabe bidaiariari, bide berriak zabaltzen zaizkio, baina ibiliaren heinean mundua murriztu ere egiten zaio.
* Mapa eskuan, nora jo zaudenean, zenbat zalantza eta urduritasun!.
* Sarri engainatzen da bidaiaria mapa eta planoekin.
* Kalerik bihurrienak dira zuzenenak sarri bidaiariarentzat; herri-bide zuzenenak, aldiz, labirinto asmaezinenak; une ederrena bihur dezake infernu huskeria batek, gettingouta denboraren esku utziz.
* Ederra da bidaiariarentzat bide ezagunak utziz norberak prestatzea ibilbideak, bide berriak aurkitzea, bidaiak eskaintzen dituen ezusteen bila, abenturari zirrikituak utziz; zoragarria da errepideko sarean edo kaleko labirintuan kontzienteki galtzea; inola ere ez da atsegina bide okerretik jo eta noraezean galduta ibiltzea, hori bidaiariaren amorrazioetako bat ohi da, baina horrek ere bidaiako osagaietako bat behar du izan.
* Bidaiatzeak eskaintzen duen aukeretako bat da itsasoa. Aukera ederra
* Kolore eta musika nota ugari asmatu eta nahastu behar izaten dugu beharrak joan luzeko hegaldietan murgiltzen gaituenean, kilometro askotako lekualdaketetan, adibidez, asperduraz loak har ez gaitzan.
* Biharko bidaia, gaurko erabakia.
* Zertarako etorri naizen, zergatik etorri naizen, zergatik joango naizen, … bizitzari buruzko galdera betikoak, erantzunik gabekoak ; badakigu, baina, bidaiaren zertarako eta zergatia, baita noiz eta nora joango garen ere: bada zerbait.
* Ez dakit zehatz zer den abentura, baina abentura kutsua hartzen du aldizka bidaiak, bidaia bera abentura ez den arren berez, bilatu eta aurkitu behar du bidaiaren lerroa bidaiariak, egon hutsaren eta ziztuaren artean dagoen lerro hori.
* “Nondik? Norat? Noiz arte? / Zergartik? / labirintorat baino ez daramaten / itaun bideak”. Bidaiak aterabiderik ematen ez dien bizitzarekiko galderak, mapako labirintoak, baina, beti du maratilaren bat.
* Norabide asko tupustean eta batera datozenean atzerriko bidegurutze batetan, dedaloa bihurtzen da bidegurutzea; bidaiariaren oroitzapenak lausotzen dira irudiak, informazioa eta sentipenak trumilka pilatu zaizkionean.
* Gizarte bat, paisaia bat edo artelan bat ez da gauza bera gidaliburuan edo tokian bertan: bidaiariaren eskuliburuko lehenetariko ikasgaia.
* Bidaiariak beti aukeratuko du lehen orduetarako ikusi beharrekoetan interesgarriena, nekeak lausotu egiten baitu begirada, moteldu sentipena.
* Bidaiariak ez daki zer gertatuko zaion hurrengo urratsean, kanpalekuari agur esaten dion bakoitzean.
* Zitadela iraganezina dirudi zenbait bidaiek hasi aurretik, hasiz gero, pausoz pauso bidaldi gotorrena gainditzen da.
* Itzulerarik ez dute zenbait erabakik bidaietan.
* Korapilo bat askatu eta beste bat asmatu, ez beti hari bakarrekoa gainera, hori da bidaiariaren ibilbide bakoitza.
* Kalerik bihurrienak dira zuzenenak sarri bidaiariarentzat, herri-bide zuzenenak, aldiz, labirinto asmaezinenak; une ederrena bihur dezake infernu huskeria batek, gettingouta denboraren esku utziz.
* Badira une latzak bidaian, noraezean geratzen zaren aldi hoiek, mila korapilotan korapilatuta, barne bidegurutzeetan batez ere.
* Bidaia bera ere ez da askotan logikoa; zorionez; horrek ematen dio piperra ibiliari; zergatik aukeratu duzu ibilbide bat beste hainbat nondik-norako tentagarri baztertuz?; zenbat erabaki ezohiko bidaian zehar, ... ezustez beteta dago beti bidaia.
* Beste marearik ez baledi bezala atera behar da itsasora, une bakoitza gozatu; itsasoa hor izanen da beti, baina barratik ateratzeko maria gorarik agian ez, eta hondarrean baratuta geratuko da marinel munduzalea: zenbait aukerak ez du aukera berririk.
* Izan ohi du bidaiariak berantago damua ekarriko dion jokabide eta erabakirik.
Bestelakoak
* “kobazulotik ateratzen naiz mundu berri baten itzalak baino gehiago behatzeko / ezagutu baina inoiz ikusi ez ditudan beste mudubizitzak / lurralde eta jendeen artean nahastatzeko ...”
* Berak uste baino gehiago daki poliziak bidaiariaz; poliziarentzat paperak betetzea da hotel eta kanpaleku bakoitzeko lehen betebeharra, polizia da jainkoaren begi oroikuslea gaur egun, muga guztien gainetik ibiltari orori jarraiki.
* Zenbat alferrikako ahalegin eta indar galtzen dugun bidaietan, bertan eta erraz geneukala bila genbiltzana; baina hori gero jakiten da, ez aurrez.
* Ez dakit gezurraren koloreak diren protokoloaren atzeko dantza eta mudantzak, baina zenbat protokolo duen bidaia inguruko propaganda koloretsuak.
* Kutsadura bera ere globalizatu da, sirena hots ezberdinez, uhandre irudi ederrez, kutsadura tentagarriotatik garbi ateratzea da bidaiariaren erronka nagusienetariko bat.
* Bizi-bizi hasten da bidaia eguna, motel, neka, bukatzen.
* Ohera aurretik kanpalekuko zerbitzugunerako joan-jina eta lo-garaia da niretzat gaua. Hurrengo egunerako indarberritzea.
* Lasai bidaiatzen dugu munduan zehar, galdu diogu beldurra munduari.
* Azken bolada honetan, autobideek eta hegazkinek urrutietara txangoak egitea jarri dute modan.
* Xakea eta marraztea bezalakoa da bidaiatzea. Mapan marrazten dituzu aurrez urratsez gauzatzen eta osatzen joanen zaren ibil-asmoak, Ibiliaren arabera gorpuztuz doa ibilbide marraztua, joanak erakusten du hurrengo pausoa, xakean arerioaren mugimenduak erakusten duen bezala hurrengo jauzia, koadroak eskatzen duen pintzelada izanen da beti azken ikutu erantsia. Hilik gelditzen da bidaia azken urratsean, koadroa sinatua edo xake partidan erregina jandakoan bezala, emandako jauziak, pintzelkadak edo pausoak ez baitu itzulbiderik. Berrin-berri hastea besterik ez zaio geratzen bai marrazteari, bai xakeari, baita bidaiari ere.
* Udaberria, bidaiatzeko urtaro gozagarria, herrialde oro berdegune eta lorategi, gizaki oro bizipoz, bizitzaz drogatuta baitago natura udaberrian.
* Ez da sekretua: tulipa zimelduak berpizten ez omen diren bezala, bidaiak ere ez dira errepikatzen.
* Edozein edertasunek ikuslearen konplizitatea behar du erreala izan dadin. Bidaiaria ohi da museo eta monumentoetako erromes, bidaiariek egiten ditu bideragarri artearen santutegiak, eta bizia ematen hilik leudeken artelanei.
* Denak du bere aurkakoa bere baitan; usu dabiltza aurkako muturrak elkarren hur bidaietan ere.
* Zailak iruditzen zaizkigu zenbait bidaia, baina, bidera ondoren, froga ahal da edozein bidaia dela posible.
* Etxatoi eta etxauto zuriak dira gizaldi honetako karabelak, errepidetan hegaldatzen dira ikusmin hantuak bultzatuta.
* “bidea urrin gozoz bezain arantzez josia / bermementuan eder-hitsa delarik”: bidaietako bideak.
* Elizetan eman ohi du ordu asko bidaiari sinesgabetuenak ere.
* Bidaiariak begirada iheskor batez, barne astindu xume batez, bukatzen du bisita eraikitzeko ehunka urte behar izan zituen katedralean.
* “Nire ama-hizkuntza gaztelania da, / nire amaordea ingelesa, / nire maitalea euskara” amaordea litzake, beraz, bidaiariaren atzerriko hizkuntza.
* Bidaiak berak bereganatzen du, menperatzen eta harrapatzen bidaiaria, ibiliaren zirimolan sarrarazten, zurrunbiloan irensten, hobe hori inertziaz tatarrean handik hona ganoragabekotu baino.
* Bidaia-aroa gaur egungoa, atzerritarraren presentzia edonon, ezezagunaren beldurra galdu dugu: maluraz elkarrengandik urrundu eginen gaitu ala ezagutuz elkarrarazi?.
* “Jende aberatsak zera esaten omen du, ona dela bidaiatzea”: langile jendeak indarra hartu dezan beraientzat lanean jarraitzeko.
* “Patua eskolagabea izaten baita”. Bidaiariarentzat ere; okerbideak unerik ezegokienean suertatzen dira bidaian; aldiz, sorte onak ere ustekabean putz eginen dizu; indar berezia dute halako gertakizun ezustekoek bidaian.
* Patuaren esku luzeak badaki bidaiaria oratzen, onerako eta txarrerako; baina hobe du patuaz ez fidatzea, esku luze horren zain egon ez, bidaia ondo planifikatu, bitartekoak jarri; bada bidaia agentzia eta bulegoak dituena patuaren esku luzetzat; norbera da patua, norberarenak patuaren eskuak,beste dena lagungarria besterik ez da, bidaiariak sekula ez du inoren ez ezeren esku-mende egon behar, ezta bidaia erosi edo alokatu batetan doanean ere.
* Bidaiariak ia beti egiten du alde helbide jakinik gabe, anonimoa dirudi; baina Visako helbidea uzten du denean, eta pasaportearen zenbakia.
* Bidaietan ez doa dena beti ondo.
* Nekatua eta ahitua geratzen da bidaiaria zenbait tartetan, pausoak okertzen zaizkionean, norabiderik gabe gelditzen denean.
* Oso aldez aurretik planifikatu behar dira bidaiak, eta ibiliko ustekabeekin osatu.