Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiez

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/05 10:41
Bidaiatzea II

Bidaiatzea  II

 

Bizi-puska

"Pozik eta arazoz beteta, hori da bizitzea"

 

 

Bizia

“ Beti itzultzen gara bizira, / ez da beste lurrik guretzat"

 

* Bizitzako zati bat besterik ez da bidaiatzea, bizitzako ehunaren txatal bat, baina bidaiatzea ez da bizitzako txatalik errazena, ezta gozoena ere, bidaiatzea ez delako ahulen eguneroko laztasunari ihesa.

* Zigarro kea irentsi eta erabat gozatu, edo zigarroari tiratu ahala kea irentsi gabe bota, hor datza bizitzaren gakoa, bidaiatzearena ere.

*  “Halako bidaia bat ez da egunero egiten, eta egitekotan, muturreraino iristen  saiatu behar da. Bizitzaren esperientzia laburra bezain zalantzazkoa da. Egingo dugu lo gero, hilik gaudenean”. Bizitza zaigu bidaiatzea.

* Zerbaiten itxaropenaren oihartzuna dira gure bidaiok.

* Bakoitzaren herriarekiko ikuspegia orekatzen du bidaiak, harroak eta era berean apal izaten erakusten du, ez gara onenak, baina ezta besteak baino gutxiago ere; bizitza beste molde batez hartzen ere ikasten duzu bidaietan, ikasten duzu motxilan ezer gutirekin bizi daitekeela jendartean edo herrietan; beldurra galtzen diozu gizarteari, gizateriaren zati sentitzen zara, gizakiarengatik hurrago; gizaki bezala trebatzen zaitu bidaiak.

* Biziki bizimindu gaitu izatearen bideak, herri-bidaiari izateraino, munduko bideez batuz.

* Bidaietan daude ainguraturik bidaiariaren hainbat eta hainbat tristura eta alegrantziak, izateak eta izan-nahiak; bidaia da bidaiariaren jite eta izaera laburbildu eta islatzen duena.

* bizitzaz ari gara bidaiaz ari garenean, bidaiako herrialdeko bizitzaz, bidaiariaren bizitzaz; bidaiarik gabe ez dago bidaiaririk, bidaia da bidaiariaren funtsa.

* Hurrengo bidaiaren esperantza da etxerako pozaren izar berria, bidaia ez baita ehizakia, bizi-taupada bat baizik; bidaia bat bukatzen da, baina une berean berri bat hasten da asmoan edo irudimenean,  beti dago bidaia berri bat.

* Bidaiariak jakin behar du autobide, bideberri, herribide eta bidezidor sare trinkoa dela bizitza. Hori dela bidaia nagusi bakarra. Bestelako bidaiak sare horretako zati bat besterik ez direla. Ez dago bidaia batetan ahalmen denak erre beharrik. Bidaietaz gozatzeko gorputzak atseden hartu behar du, erdizka baino ez da bestela bizitzaz zein bidaietaz gozatzen.

* Arduratu gabe ere ihes egiten digu bizitzak; bidaiak laguntzen du ardurak uxatzen, bidaiatzean badirudi bizitzari estuago atxikitzen gatzaiola.

* Bidaiatzea da askatasunaren usainetako bat, presondegia, aldiz, askatasunanen antietan antiena.

* Aberriaren gabezia du bidaiariak atzerrian: herrimina; etxean, aldiz, egin edo eginen bidaiaren gabezia: bizipozaren akuilua.

* Bidaialdia bizialdia izatean datza bidaiatzearen sekretua, bestela bidaia mozkorraldi edo parranda-gau bat besterik ez da izango.

* Bizirik diraugula erakusten du bidaiatzeak, bizi naiz eta kitto!; zergatik filosofikoek ez dute  eguneroko arazoek behar dute erantzunik.

 

 

Puska

"..., bizitza, benetako bizitza, unean uneari lotzean bizi izaten da, unean uneko gozamena hartu eta dastatuz lortzen da. Musika izan, lana izan, amodioa izan ala herioa izan, berdin da",

 

*  Une batean bizitzari lotzen zaion gozamen unea da.

* Puskak bizi ditugu baina puskok biziz puska berriak puzten ditugu geroago puskok bizitzeko; nola definitu bestela Eskozia Iparreko laino beltzeko goiz hau, bizi puskak nolabait oraindanik bizi  ditugulako ez bada?; bizitzaren nostalgia hutsak ez gaitu ekarri hona.

* Bidaiak eta bidaiariak baditu, egunerokoez gain, mundu erreal ezberdinak: beldurra, harridura, poza, urduritasuna, mila sentipen ezberdin, ... bidaiak sortarazten dituenak, bidaian soilik modu ezberdinez bizi daitezkeenak.

* Laguntza handiak dira jaungoiko guztiak, dirauten bitartean; gizaki orok du euskarri jaungoikotxoren bat, bidaia da euskarri horietako bat

* Tokian tokiko janaria dastatzea, herrialde bakoitzeko ardoaren zaporez gozatzea da askoren helburu nagusia bidaietan; helburu goxoa; bidaiatzeko aitzakia eta modu bat, beste edozein bidaia-molde bezain osasuntsu eta gozagarria.

* Batzuetan bere buruari galdetzen dio bidaiariak ia bidaiatzeko bizi den ala bidaiak  mantentzen duen bizirik.

* Bizitza ez da ezereza, bizitza errealitate ederra da, hori da galdera orori erantzuna; bidaiatzea ere ederra da, bizitzaren zatia baita.

* Bidaia oro, porrotean bukatzen dena ere, bidaia berri bati ekiteko gogoa ematen duen bizitzako atal bat da.

* Denok gara naufrago, denok bizi gara amets orokor baten bakardadean; ametsa nolako, halako hertz baten bila egiten dugu igeri; ametsak erabakitzen du naufragoaren nolakotasuna, askoren ametsa ametsik ez izatean datza, horiek dira naufrago totalak, ez dute ezeri eusteko ametsik: bidaiatzea ez ote sarri naufragoaren salbamendu-tresna.

 

Esperantza

* “Itxaropena izan da beti edozein arrantzaleren eragile”

* Bidaiatzea, bizitza bezala,  itxaropena besterik ez da.

* Enetzat dut bidaiatzean datzala bizitzaren oreka, enetzat dut bidaiatzeak badamaiola egunerokoari beharrezkoa duen eztena eta akuilua.

* “berriak zaharra hilotz”, gaurkoa dugu egunero egun berria, baina hurrengoa dugu beti amets denok, hurrengo eguna da beti  berria, geroa da beti esperantza; egun berria ordea berez etorriko da, nahitaez, nahiaren eraginetik at, baina bidaia norbere erabakiz etorri ohi da, aukeramen hori du berea bidaiak; ez da esperantzarik gabeko bizitzarik, esperantzak baina hilotzaren hazia dakar berarekin: bizitzaren kontraesana, bidaia oro, amestuena ere, bukatu egiten da.

* “El viaje no acaba nunca. Solo los viajeros acaban.  ... El fin de un viaje es solo el inicio de otro.  ... Hay que comenzar de nuevo el viaje. Siempre. El viajero vuelve al camino”: Bidaiaria beti itzultzen da bidera, bidea baita bere bizitzako puzka handi bat, bere herria, bere aberria ere.

* Gu garela esango diguten itxaropenarekin datoz egunsentiak, urratsek barnera begira jarriko gaituzten sentipenarekin, arratsean gizaki berritua izanen garela  bizipozarekin.

* Denok behar dugu tarteka bidaiatzea bizitzari oreka punttua emateko .

* Bidaiatzea dugu bizitzari barrikadara bat egiteko ametsa.

* Jitean biziberritu bat izateko asmoz  joan ohi gara bidaiara.

* Bidaiatzea da arnas beteko taupadaz bizitzaren egia aurkitzeko bideetako bat.

* Bidaia da kilkerron hotsetariko bat, oraindik bizirik gauden seinalea da bidaiatzea, gu geu goaz trenean, badakigu geltokia non den, heltzen ez bagara ere.

* Hurrengo bidaiaren bizipoza irekiz heltzen da bidaia bakoitza bere azken unera; hurrengo irteeraren ametsa da ibilaldi bakoitzaren amildegia.

* Ilunabar arre gorria da bidaiariarentzat herrialde bati agurra, une berean herrialde berri baten egunsentia iragartzen dio.

* Badakit txorakeria, txikikeria, pittinkeria, txorikeria, … keria eta bainaz beteta dagoela bidaia bat, zer egingo diogu, bidaiatzen jarraitu, txoriek hegaz jarraitzen duten bezala.

 

 

Bizipoza

“Betidanik pentsatu duzu beti hiri berean bizi den jendea, lagun berak eta ohitura molde betikoetatik irteten ez den jende txukuna hilda dagoela”,

 

 

Bizia

* “Haize herratuak kulunkatzen duen / kartel erdoilduak / “bizi al naiz oraindik” / galdetzen du”.

 

* Ze feria gozagarria bidaiatzea!, adiskide berrien topaleku, lanarteko atseden.

* Bidaia eta bizipoza bat dira.

*  “bizi gara” kartela birpintatzen du bidaia bakoitzak.

* Plangintzan amestutako zoko oro bihurtzen zaio iragana bidaiariari bisitatu ostean, ilauna bailitzan; aldi berean, hurrengo bidaian gar bihurtuko den txingarra pizten zaio barnean.

* Ikusminaren amildegian hondoratzea bezalakoa da bidaiatzea, ahalbide funtsezkoa bizitzeko, giharrak mugiarazten dizkion droga  bat bezala bihotzaren hondoan,  bizitzaren basamortuan masaje lasaigarria zaio bidaiatzea bidaiariari, bizitzaren piperminetariko bat, bizitzan murgiltzeko era bat, bizitzako basamortu aspergarriak zeharkatzen dituzten ametsen karabana pizgarria.

* Batzuk bidaiari dira, bidaietatik ateratzen dute bizitzeko ere; bete batzuk, hortik bizi ez badira ere, bidaiatzeak ematen dien bizipenez betetzen dute bizitza; besteontzat bidaiatzea lasaigarri bat besterik ez da, edo bizitzaz gozatzeko era ezberdin bat; nik ez dakit ze bidaiari mota naizen, baina badakit bidaiatzea dela bizitzan eragin didan irrika kitzikagarrienetariko bat.

* Hitz jario hutsala ere tortura da; bidaietako lagunaren presentzia kontzientea da bizitzako torturen baltsamoa.

*  Bidaiaria bera ez da aspertzen ez inoiz ez inon, baina agian bizitzako asperdurari ihes egiteko bidaiatzen du.

* “Pasagardera noa – Vou-me emborra pra Paságarda,  bidaiatzea da Pasagarda bidaiariarentzat etxean denean, etxea  da ostera Pasagarda bidaiatzen dagoenean

* Bidaiatzeko gogoa da bizitzaren ahitzaren neurrietariko bat. Gizakia ahituz doan heinean baitoa bidaiatzeko gogoa bera ere mehetzen eta iraungitzen. Bidaia-garra itzaltzean txingarra besterik ez zaio geratzen bizitzari.

*  Bidaian gabiltzan jubilatuok ez dugu herioa hurbil nabari, hur badabilkigu ere.

* Eta festa-aldia da bidaia eguneroko korrontetik ihes egin nahi duenarentzat.

* Ugora da beti bidaia, bizipenak hantuz.

* Bizipozez jantzitako ikusmin borobilak dira bidaiariaren gurpilak.

* Bidaiatzeko grina da bizipozaren neurtzaileetariko bat: bizipozak erakusten du bizitzaren adina.

* Bidaiatzea da desesperoaren kontraindar argienetarikoa, bidaiara ihesean edo desesperaturik doana, ez baita bidaiaria.

 

 

Poza

* “Lafelicidad tiene muchos rostros. Viajar es probablemente uno de ellos”

 

* Ibilbidea da ibiltariaren toki eta inguru naturala, eta hor aurkitzen du atseden zoriontsua.

* Herritik herriak ezagutzera ateratzeak bizipoza dakar, bizipozez jantzitako ikusmin borobilak dira bidaiarako gurpilak.

* Lasaigarria behar du bidaiak, sasi-bidaia da estresatzen duen bidaia.

* Zorionekoa bizia maite izan duena, zergatien galdera guztien gainetik, zorionekoa herri ezberdinak ezagutu ahal izan dituen bidaiaria!.

* Iraun bitarteko zerbait aukeratzea bezalakoa da bidaia: hautatzen duzu lehenik, gauzatzen gero, oroitzapenak eta bizipenak besterik ez zaizu gelditzen azkenik, baina “zauriak itxi, eta puskak jaso” beharrik ez du, alderantziz,  bizipenez gozatzea uzten dizu.

* Bidaian nagoela diodanean ez dut esan nahi paradisuan nagoenik.

* Lasaitasuna ariman ernetzen ez zaion bidaiariak bide okerretik darabiltza  pausoak; anima ernaraztea behar du izan bidaiatzeak, egunoroko ekaitzaren ostean biziberritzea.

* Aldi ona nagusitzen ez bazaio, makur doa bidaia, ongi eta on behar du usu bidaiariak.

* Hitzek dibertitzen dute ahoa, hitzek belarriak ere dibertitzen dituzte, bihotza ere dibertitzen dute, hitz idatziek begiek ere dibertitzen dituzte; paraje eta jende  berriek dibertitzen dute bidaiaria.

* Bidaia bakoitza etsipenari irabazten diogun arnasa da.

* Definizioz, ezinezkoa du triste bizi izatea bidaiariak, bizipoza baita bidaiara ateratzeko akuilua.

* Zorionekoa da bere bizitzan bidaiaria, bidaian, aldiz, zorioneko kontzienteagoa.

* Bidaiatzea bizipoza da, bidaiariak ez du goroldiorik animan.

* Bizipozak erakusten du bideak noraino ematen duen.

* Egunsenti orok esperantzari irekitako leihorik ez badu, ez da bidaiarik, ibilbide antzua eta hutsa baizik.

* Egunerokotasunetik ateratzea da bidaiatzea, bizipoza ereitea errutinaren zeruan.

* Elkarrengandik urrun daude sarri bidaiariaren ametsak eta herrialdearen errealitatea, irudimenak marraztutako gizarte, altxor, paisaia, ... eta begiek eskaintzen diotena; aldiz, zein ezuste gozoa espero ez zenuen altxorrak edo portaerak eskaintzen dizuna.

* Poza ohi dute bidaiariaren begiek, bai doanean bai datorrenean; berea du bizipoza bidaiariak; ez da bidaiari tristerik; triste dagoen bidaiaria, iheslaria da, zerbaiti ihesean dabilena; bidaiariak aldi zehatzerako utzi du bere biziera, bere herria, badaki nora doan eta noiz itzuliko den; badaki zeren bila doan, badaki nora eta zergatik doan; horregatik ez du lekurik tristurak bidaiariarengan.

etiketak: Bidaiez
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.