Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiez

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/01 08:38
Bidaiatzea I

Bidaiatzea

 

“Errekan behera / izan guran / erreka bera”

 

 

I

 

Zer den

“Bidaiak, ihesaldia baino hareago, bilaketa direla esan daiteke”

 

Zigilua

“Joan eta joan, jin / jin eta jin, joan / inguruka, kiribilki”

 

* Bidaiatzea: bizioa ala bertutea?, biak agian; inposatua denean zama bihurtzen da bidaia; senaren jarraipena bada, bertutea; neurriz kanpokoa bilakatzean bizio bihurtzen da.

*  Zer da bidaiatzea?, patua ala bizitza?: agian biak. Mozorro bat?,  agian bai.

*“Qué hace  en todas las poblaciones y lugares donde entra?. Mirar y pasar, pasar y mirar, ... ya declaró que viajar no es sino estar y quedar ...” -  “Hay lugares por donde se pasa, hay otros donde se va”. “Viajar deberia ser quedarse”: bidaiatzearen muina.  

*  Zer den bidaiatzea, zertan datzan: ez nuke jakingo erantzuten, bidaiatzen dudala badakit, eta bidaiatzean tematzeak ematen diola zigilua bidaiari senari.

* “Kontraesanen armonia”, bidaiatzearen definizio egokia.

* Gure bidaiok zer dira?, grina ase beharra?, ikusmina asetzeko   erosten dugun zerbait?; agian; ez dakit.

* Non egon naiz, non nago, nora noa,  lehena, oraina eta geroa, atzokoa, gaurkoa, biharkoa: hiru engranaje horiekin mugitzen da bidaiariaren gurpila; bizitzarena bezala; hiru une, hiru aldi, bidaiaren hiru ardura nagusiak, erabat sinkronizatuak; batek huts egiten badu ez da bidaiarik;  hiru gurpiltxook beti daude abian, beti aldatzen, uneoro presente, erabat eragile.

* Erlojua edozein zokotan galtzen den egunak dira bidaiatzea.

* Bidaiatzea aukeren kateatze kontzientea da.

* Uneoro da bidegurutze bidaia; mila erabakien hauta-lekua baita, mila galderako  bidegurutzea, bidegurutzetan geldituko diren galderena, erantzunik gabe geldituko direnak gehienak; mila bizipenen bidegurutzea, hurrengo bidegurutzean lausotuko diren bizipenenak.

* Artea da bidaiatzea. Ezkontezinak dira asperdura eta bidaiatzea. Asperdura dakarren bidaia ez baita bidaia. Atsegin eta zorion bihurtzen dutenean bizitza, orduan soilik dira arte lotgarriak bidaiatzea eta asperdura.

* Bidaia izan zen amodioa baino lehenago, gizakiaren lehen urratsa bidaiatzearen lehen pausoa izan zelako. Hala ez?, noiz hazi zen gizakia gizaki izaten?.

* Txantxa asko izan ohi da bidaietan, txantxa asko egin ohi du bidaiariak berak, baina gutxitan da txantxa bidaia.

* Norbere herritik kanpo dagoen mundua aurkitzean datza bidaiatzearen muina.

* Bidegurutzez eta herriz josia dago mapa, horregatik etengabeko aukeraketa da bidaiatzea, zerbait ikusi edo bizitzeak beste zerbaiten ukasioa dakar berarekin; hautaketaren ordaina beti da zerbaiten ukamena, bidaia zoragarrienean ere.

* Aukeratu beharra, bidaiariaren eguneroko ogia; aukeraketen uzta da beti ibilbidea gauzatzea.

* Ez da ezerezik, desesperatuen eta etsituen asmakizuna da ezereza; bidaia eta bidaiatzea ezerezaren antitesia dira; hau dena egia izanik ere, egia da zenbaitzuk ezerezaren beldur abiatzen direla bideetara.

* Bizitzako zati bat besterik ez da bidaiatzea, bizitzako ehunaren txatal bat, baina bidaiatzea ez da bizitzako txatalik errazena, ezta gozoena ere, bidaiatzea ez delako ahulen eguneroko laztasunari ihesa.

* Bidaiaz ari garenean bizitzaz ari gara, bidaiako herrialdeko bizitzaz, bidaiariaren bizitzaz.

* Azken arnasarekin doaz  bidaietako bizipenak, bidaiariarekin hobiratuak; hor geratzen dira argazkiak, baina hauek paperontzira botako ditu  bidaiariaren oinordekoak; bakartxo batzuen irudi, argazki eta izkribuak irauten dute, argitaratzaileen interesen ondorioz gehienetan; bidaiatzea ez da eternitaterako urratsik ematea, norberarekin ados jartzea, oreka gordetzea, bizitzarekin ados etortzea, norbere sena soilik iparrorratz izatea; barne eragin bat besterik ez da bidaiatzea, errari edo turista izan gabe, eta bizitzarekin bukatzen da.

* Gure bizitzako kontraesanak!, bizitza kontraesana da, egia bera ere;  bidaiatzea  kontraesana den bezala,  kontraesan ederra.

 

 

Utopia gauzatua

“Cuando el paisaje es bello, gusta andar sin prisa”

 

* Izanen ginatekeen utopia, garenaren astunetik iheserako nahitaezko itxaropena, garena bizi ahal izateko ilusioa, …  zerbait holako da bidaiatzea.

* Bidaiariak berak  ehundu duen amarauna da bidaia, bidaia mapa bat gauzatzea besterik ez baita, pausoen ibilbide sarea. Gehienetan bidaiariak badaki nondik norakoa, sarean zer atxiki nahi duen, baina tarteka bera geratzen da bere sarean atrapatuta, norabidea galdu duelako edo herrialde batez maitemindu delako.

* Bidaiari izatearen oharpena, eginiko bidearen harridura, datorrenaren kezka gazia, gozamen gozoen miresmena, ... hori dena da bidaiatzea, bidaiari izatearen miraria.

* Ametsak irudien argiz margotzea, hori da bidaiatzea.

* Udaberri asmatuak dirudite bidaiak, baina udaberri errealak dira, edozein urtarotan ere udaberriak,  “eskukada izar edatera” ateratzen baikara bidaia orotan.

* Bizitzaren autobidea, egunerokoaren bide-berria, ibilbideen herri-bidea, zoko bakoitzera bidezidorra, ... lau bide motak lotzen ditu elkar bidaiak.

* Bidaiatzearen erdia konparatzea da, aurretikoa dakusazunarekin alderatzea, zure estereotipoak kultura ezberdinekin  erkatzea. Ondorioz arauak erlatibizatzea dakar berarekin bidaiatzeak.

* Haluzinazio mota bat behar du izan bidaiatzeak,  bizitzari  lilura eta xarma eman diezaioken droga.

* Bidea ez da zorua soilik, inguru guztia da bidea, zentzumen guztiei eragiten dien osagai orok osatzen du bidea,  diosalak,  usainak, koloreak, hotz-beroak, edertasunak,  ...

* Paradisura zaramatzan eromena da bidaiatzea.

* Mozkorraldia lakoa da bidaiatzea, jakin-mina asetzen duen droga gogorra.

* Irreala eta erreala, imajinazioa eta gogoa, horien  nahastura da bidaiatzea.

* Jolas bat behar du izan bidaiak; kontsumo gai bihurtzen dugu sarri, askok ihesbide, zenbaitzuk ogibide.

* Altxor bilaketa da beti bidaiariaren ibilia, artelanak zein paisaia, paisaia bera altxorra baita, natura bera ere hil dugun garai honetan: giza paisaia edo giza altxorra erabat uniformatu baitira globalizazio aro honetan, kultura eta tradizioak kontsumorako folklore  bihurtu baititugu.

* Bidaiatzea ez da herri gehiagoz gauza gehiago jakitea, kaiolari zeru zabalagoetarako hegalak jartzea baino.

* Puzzlea osatzea bezalakoa da bidaiatzea.

* Zenbait une bakarrek bidaia osoa merezi du.

 

 

Amorante hegalaria

“Hemen izan gabe han ez izatea / Han izan gabe hemen ez izatea” 

 

* Hemen izan gabe, han ez izan, bidaiatzearen nolabaiteko definizioa edo muina; baina guk badakigu Galesen gaudela eta badakigu Euskadin ere bagaudela.

*“Estas tierras marginales son predilectas del turismo. El viajero no es turista, es viajero. Hay gran diferencia. Viajar es descubrir, el resto es simplemente encontrar”, baina bada aurkitzea merezi duen altxorrik ere; erdizka da egia Saramagok diona, bera ere dokumentatuta doa; itsuan, zer aurkituko joatea ez da ere bidaiatzea, bidaia-agentzia edo gidaliburuaren esklabo edo menpeko itsu  bidaiatzea litzake turista izatea.

* Gaztetxoen amodioa bezalakoa da herrietara bisita: bidaiaria badator,  herriaz enamoratu ohi da, baina berehala badoa, maitasuna oroitzapenaren ganduan bilduz.

*  “Viajar no puede ser más que confrontación entre esto y aquello” oroimenaren arabera da horrela bidaiatzea, ez baita beti aurrekoa garbi gogora ahal izaten, baina beti da honetaz eta hartaz gozatzea edo gutxienez hau eta hura miatzea.

 * Ibiltaria beti da erbestean, ibiltzean datza-eta bere sena; aldi berean erbestetik itzultzean datza bidaiariaren  muina; atzerriratu, gero aberriratzeko, aberriratu berriro erbesteratzeko; bidaiari oro itzultzen da atzerritik  nahi duenetik ihesi bailebil, eta berriro aberritik ihes egiten du nahi duenaren atzetik.

* Bidaia bakoitza munduari ate bat irekitzeko giltza da, mundu ezberdin batera gonbita irrikatsua, herri-hirietako kaleetan barrena abiatzeko leiho ireki bat.

* Bizitzaren antzerakoa da bidaia, hasi ordurako bukatuz doa, bizitza ez bezala, bidaia bat bukatuz beste bat hastea ahal duzu.

* Hurrengo bidaiaren esperantza da etxerako pozaren izar berria, bidaia ez baita ehizakia, bizi-taupada bat baizik.

* Bizitzaren autobidea, egunerokoaren bide-berria, ibilbideen herri-bidea, zoko bakoitzera bidezidorra, ... lau bide motak korapilatzen ditu bidaiak.

* Inoiz ezagutu ez dituen ezagun zaharrei, zirrara eta ikusmina eragin dioten ikusi gabeko lur eta gizarteei bisita besterik ez da bidaiatzea.

* Egunerokoaren itsumenetik ihes egiteko, paisaia berriak bilatzeko atea da bidaiatzea.

* Nobela bat da bidaia bakoitza.

* Herriaren arkanora bidaiatzea bezalakoa da gauez beste hiri batera iristea.

* Bidaiatzea arte bat da, arte fina, ikasi egin behar dena; urrats bakoitza ikasgai bihurtzeak damaio distira berezia ibiliari; hori da bidaiatzearen xarmetariko bat.

 

 

Bizi-arnasa

”Bidaia txantxa bat baino ez da”

 

* Ihesbide izan daiteke bidaia, baina baita indarberritze-bide ere.

* Bidaiok  bizitzako ostiral gauak dira.

* Bidaiatzea, errealitate beharrezkoa

* Bidaiatzea ere bizitza da, bizitzarekin topo egitea, bizitza era ezberdinetan aurkitzea, batzuetan txorakeriaz argalegia edo txoroez gizena, baina bidaia beti da haurdun eta erditzen dagoen zerbait.

* Egunero  korapilo bat askatu eta beste bat egin, hori  da bidaiariaren ibilbide bakoitza, ez beti hari bakarreko korapiloa, gainera.

* Bizitzako txingarra lama bihurtzen  duen arnasa da bidaiatzea; bukatzean, bere horretan dirau, bidaia ondoren oraindik areago erretzen.

* Egunerokoaren zurrunbilotik ihesi igeri egitea da bidaiatzea, irensten gaituen egunerokotik aldentzea.

* Herrialdean herrialdeko musikaz gozatuzko ibilia, hori izan daiteke, zenbatentzat da, bidaiatzeko modu atseginetariko bat.

* Sexua, sexu ametsa behintzat, da hainbat bidaiarien helburu nagusia bidaiatzerakoan; zenbaitek bere opor bidaiak larrua jotzeko aukera eta informazioen arabera  erabakitzen ditu, Cubara bidaiak hartu duten gorakada  da horren adierazgarri; ez Kubara soilik; hainbat autu entzun ohi diet zenbaitzuei larrutarako non zelako aukerak dauden berri elkarri emanez; ezagutzen dut bat urrutira joan ohi dena oporretan, tokian tokiko putak dastatzera; etxerakoan beti du kontakizun bitxiren bat: “Ekarriko nuke haietako bat etxera”, entzun nion sortaldera bidaietako batetan hango putekin izandako esperientzia eta zertzeladak kontatzen ari zela.

* Denok ditugu tarratadak, memorian zein bihotzean, tarratadok bordatuz leuntzea du zenbaitek ibiliaren helburu.

* Eguneroko bakardadean, zein lagunartean, bidaiak dira bidaiariaren iraupenerako arnasa.

* Bidaiatzea ez da gizakiaren ikurra, baina bai bada bizitzako osagai bat.

* Entzun ohi da hiltzeko jaio dela gizakia. Bizitzeko jaio da gizakia, jaiotzeari heriotza zor bazaio ere. Eta bizitzeko moduetariko bat bidaiatzea da. Bidaiatzea da bizitzari eusteko adineko askok duen helduleku kitzikagarriena.

* Beste kultura batzuen bilaketa, eta norbere barruko ikerketa, bizitzari galdeketa, gozatuz itzulbidea aurkitzea, hori da bidaiatzea.

* Aterpe izan ohi da bidaiatzea zenbaitentzat, sendabide eraginkorra, sendakari pozkorra.

* Bizitzaren zati bat da bidaiatzea bidaiariarentzat, arratsak eta egunsentiak jarraikian bezala datozkio bidaiak, eta bidaia bakoitza gorputz ahituari erne zaion lore bat da.

* Bidaiatzea, sentimendu berrituz askatzen zaituen katea.

* Heriotzari alde egitea da bidaiatzea, desioa betetzea den heinean, zenbaitzuk bidaian aurkitzen badute ere heriotza.

* Ikusminaren amildegian hondoratzea bezalakoa da bidaiatzea, ahalbide funtsezkoa  bizitzeko, giharrak mugiarazten dizkion droga  bat bezala bihotzaren hondoan.

* Biharko ilusioa galaraztea, itotzea, izan da herri orotako politikaren eragin nagusia, ekonomiaren intereserako, lana egin eta  irabazitakoa xahutu, agian badirudi hori dela bidaiatzearen joko nagusia ere; bidaiatzea bizitzako helburu jarri duenak, gutxi gozatuko du bizitzaz, bidaiatzea bizitzaren osagai bat besterik ez baita.

* Bidaia, bizitzari aurre egiteko gaitasunaren neurgailu egokia.

* Bidaiatzea, bidaiariaren arima.

* Kanpalekuetan txabolatxoak edo etxatoiak  txaletxo bihurtu ahaleginak erakusten dio bidaiariari zapalduen  errealitateari ihes egin nahiaren irrika.

 

 

Zer ez den

"... ihes zoroa iheslarien galbide dela"

 

* Bidaia ez da ihesa, iheslaria beti izanen da iheslari, sekula ez bidaiari, iheslaria bidaiatzera behartutako gizakia da.

“Orain pentsatzen dut ez dela ezer espero behar; gelan geratzen naiz beraz, aulkian eserita; ezer egin gabe egoten naiz. Pentsatzen dut izango dela bizitza bat hor kanpoan, baina, bizitza honetan, ez da ezer gertatzen”. Bidaiariaren antitesia.

* Bidaia distantzia besterik ez da, inola ere makurra, inola ere ez ausentzia, are gutxiago urrutiratze makurra.

* Bidaiaria ez da zarrastel bat; txango batetan dirua xahutzen dutenak beste zerbait dira, baina ez bidaiariak.

etiketak: Bidaiez
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.