Bidaiez
ERROAK
“Azken finean baziren norbait”
ERROAK I
Gaitasuna
“... gauza asko harrapatzen ditu intuizioak”
* Marinel eta Ulises izaten jakin behar du bidaiariak, Ulises, errutari tinko eusteko; marinel, itsasertzetako sirenen ahotsez gozatzeko.
* “Edo erran diezazuket ezen gertaki bakoitzari usain bat dariola, aroma bat, gure baitan errotzen den halako sentsazio berezi bat ...”: berdin gertatzen da bidaietan aurkitutakoarekin, lurrin hori bereizte eta berreskuratzeko ahal edo gai ez denak bidaiako plazer anitz galduko du.
* Autoestimua, bidaiariaren balezta eragilea.
* Gidaliburuez haraindi bestelako zentzumen bat du beharrezkoa bidaiariak herrien sakoneko oihartzunak antzemateko; hor datza bidaiatzearen erakargarritasun kilikagarria; baina bidaiari gutxiren ahalmenean dago misterio horien usnatzeko gaitasuna.
* Kinka estuetan jartzen du bidaiaria bidaiak, gora-behera ibili ohi dira bidaiariaren barnea, sentipenak, erabakikortasuna, ilusioa, gogoa, eramankortasuna, ... ahalmen fisikoa bera ere. Gora-behera dabil, itsas marea bezala, ilargi betean koska handiagotan gainera; hor datza bidaiariaren zigilua, kinka horiek gainditzeko ahalmenean, bestela, ibiltaria baino narrastia izanen litzake.
* Bidaiariaren arazoa eta dohaina: begien aurrean dakusana ez ezik, ostean dagoena ere ikusi ahal izateko gaitasuna; denari begira, ikusmin, baina ezer ikusi gabe bidaiatu: bidaiariaren arrisku bizia.
* Historia datuak dira agian bidaia-paperek bidaiariari eskaintzen dion jakingai zabalena, bidaiariak berak soilik aurkitu eta egin behar du herri horren arimara hurbiltzeko bidea, oso bidaiaria gutxik erdiesten duen bidea, baina hori da hain zuzen herri baten altxor nagusira daramana, monumentu, gastronomia, harribitxi, eta folklorez barrenduago.
* Bizitzako eta bizitzeko filosofia ezberdin propio batez jabetu behar da bidaiari heldu bat izateko.
* “Ikuspide luzeko eta ikuspide motzeko izpirituak daude. Nik behin ere ez dut balio izan hurbil dauzkadan gauzak ikusteko. Esate baterako, Partenona askoz ezagunagoa zait nire horko etxe horixe baino”: ikusbide luzea eta ikusbide motza, biak behar ditu bidaiariak, ikuspegi motza aurrean duen denaz jabetzeko, ikuspegi luzea aurrean duen hori orokortasunean kokatzeko, bere dimentsio osoa emateko.
* Askok ez dugu “bertze biderik eta bertze ihesbiderik”, beraz nahiago ditugu bidegurutzetako hautaketa dudakor zailak erabakikortasun absolutu suntsitzailea baino.
* “Ezjakinak asko espero izaten du”. Jakin-mina jakintasunez jantzi duenak, espero haina aurkituko du.
* Egunerokotasun eta alferkeria bilakatzen da bidaia amestuena ere bere herriko asperdurari zirrikitu bat bilatzen ez dakienarentzat; bere herrian bidea egiteko gai ez denak erbestean ere ez du eginen.
* Bidaiariaren gogoeta: irudien ostean ikusteko gai izan, gizartearen barna bidaiatzeko zorroztasuna findu, harrokeriak apaldu, sentiberatasunaz eztitu, norbera norberago izan.
* “Bidazti: ez zaitez abia oraindik. Zure ibilbidearen eta makaltasunez biraka doan itzal honen artean, badago apika amildegi igaroezinen bat”. Beti dugu ahuldade eta makaltasunen kontzientzia, baina orain arteko amildegiak gainditu baditugu, zergatik “apiken” bildur izan. Abia gaitezen beraz.
* Babesa izanen duen konfiantzaz atera behar du bidaiariak ibilera, beti aurkituko duelako babesa eta laguntasuna, baina babesik gabe bizitzera mentalizatuta behar du egon.
Gozaberatasuna
“Ai zer plazerra / ezertarako balio ez duten gauzak egitea”
* Une gozagarri asko aurkitu behar ditu bidaiariak bidaiaz gozatzeko, harat-honat urduri etengabean ito gabe.
* "Mina zer den badaki minduak, minaren minean bizi denak, baina nekez lortzen du hitzez azaltzea. Poeta izan ezik". Edertasunez harridura zer den badaki bidaiariak, giza eta gizarte portaeren lilura zer den ere badaki, baina ezina gailentzen zaio hitzez bizipenok azaltzerakoan; poeta-idazlea behar luke bidaiariak?, zergatik?; poeta ez baita hitzekin jolasten dakiena soilik, poeta bizitzaz gozatzen dakiena da, errealitate gordinenari ere goitikako ikuspegi batez begiratzen dakiena, nahiz sentipenok hitzez josten jakin ez.
* Herri berriari konfiantza egin, eta bere herrian bezain lasai eta eroso ibiltzen hasten denean hasten da bidaiaria bere urratsez gozatzen.
* Berezko hori da bidaiariaren dohainetako bat, bitxikeriak, altxor bat edo ezuste atsegin bat usaindu eta aurkitzeko, planoaren, edo gidaliburuaren esklabo izan nahi ez badu.
* Gaitasunik eza, ezjakintasuna, nekea, denborarik eza, inkomunikazioa, … dela-eta, bidaiako edertasun oro oparotasun guztian ezin goza ahal izatea da bidaiariaren muga madarikatua.
* Arina behar du bidaiariaren batelak, zorrotza largabistak, uhinek itzal ez dezaten kostan utzitako kandela.
* Izenondo xumeko zein potoloko harri eta herrietan, behaztopa handirik gabe edo arnas larrian, bare zein urduri, bizitzari usain poxi hori hartzea, bizitzaz gozatzea, hori da bidaiaren xedea, hori bidaiariaren ametsa, besterik ez, baina hori dena gauzatzen jakin behar du, jakin, bidaiariak.
* Lasaitasuna da bidaiaz gozatzearen giltza.
* Distira askori begiratzen jakin behar du bidaiariak bidaiak eskaintzen dizkion gozamenak jasotzeko.
* Erabat aldatzen dira bidaia luzeko baldintzak; osagai ezberdinak ditu, koordenada berriak; bidaiariaren jite ezberdina behar du.
* Ikuslearen ikusminak ematen die balioa herrietako monumentu eta monumentuetako arte-lanei, kaleetako ate, patio eta gainekoei, nork begiratu eta nork gozatu duten heinean hartzen baitute balore. Bidaiaria artearen osagai nagusietakoa da artelanen miresle den heinean.
Burujabetza
* Ondo zuzenduak behar ditu pausoak bizitzan bidaiariak ibilbideko labirintuan sartzeko, herrietako bide-sareak eta hirietako kale-sareak emanen baitiote berez nahiko buruhauste; erruleta kontrolatua behar du izan bere harat honakoa, talaiako talaiariaren pare, datorkionari so.
* Galerna batean, non ainguratu ez dakiela, itsasoan galduta dabilen ontziaren itxura ematen du sarri bidaiariak, baina bidaiariak badu bere bitakora, bidatze-orria, aingura non bota, estatxa zeri lotu, bidaiariaren aingurak bere ontzia du eta hondo jakinetan finkatzen daki.
* Nonahi da norbait bidaiaria, norbait ez den bidaiaria txorimaloa bezala ibiliko da, errari, horregatik izan behar du bidaiariak bera izaten ikasia, beti berarekin joaten ikasia.
* Biluzik joan behar du bidaiariak ibilira, aurre iritzirik gabe, bidaiak ematen dionaz aberasteko; aldi berean zentzuz eta irizpidez jantzia izan behar du trumoiak irentsi ez dezan, kalera irteten den beste oinezko bat gehiago izan ez dadin.
* Zer pertsonalena behar du izan bidaiatzeak, taldean joanda ere.
* “Ikasi egin behar duzue bizarra egiten, lepoa egin ez diezazueten”. Bere kasa ibiltzen ez dakien bidaiariari, edonon sartuko diete ziria; edo bidaiari arrunta izanen da, turista ohikoa, besterik ez.
* Nondik nora dabilen pertsonaia ote den pentsa ohi dute herritarrek bidaiariaz, bidaiariak baina badu bere bitakora, erruta koadernoa, aingura non bota, estatxa zeri lotu, bidaiariaren aingurak bere ontzia du eta hondo jakinetan finkatzen daki.
Paperez gaindi
“Etorkizuneko planak / egiten ditugu / jabetu gabe / erabakirik garrantzitsuenak / oharkabean / hartzen direla”
* Bera izatea bidaiaria, ez norbaiti ondo datorkion makina izatea, hori da bidaia oroko desafioa; bidaia agentzia eta turismo muntaien zati edo osagai edo pieza ez izatea.
* Bidaia organizatu eta gidatuak artalde bihurtzeko arriskua du; sarri amorratzen dut gure bidaietan, baina erabakiak, nahiz sarri okerrak, edo zailak, gureak dira.
* Jainkotxo ederrak, anonimo diren altxorrak, bilatzean datza bidaiako jolasik ederrena, gida-paperetako jainkotxoez fida gabe; badakigu ze interesetik datozen sarri gidetako jainko horiek, horiek ez direlako ez objektiboenak ez ederrenak; norberak jartzen dio edertasunaren neurria gauzei, ikuspegi eta sentipen pertsonalak ematen diote liluragarritasuna altxor ederrenari ere.
* Kanpotik antolatutako bidaiak, denbora kanpotik neurtzen dizuten ibilaldiak, sasi-bidaiak dira; bidaiariak berak mamitu behar du ibilbidea, ibilaldia, inork prestatutakoa denean ere.
* Mezu giltzatuak dira gida-agirienak, hitzez-hitz ulertu behar ez direnak, etsipenaren karga lehertzen zaio bestela bidaiariari; periskopiotik, letren gainetik, begiratzen ikasi behar du bidaiariak.
* Gida-paperak eta herrietako turismo propagandak irakurtzen ikastea da bidaiariaren lehen beharra, ez baitator beti ados propagandak diona eta aurkituko duena; ikasia du bidaiariak gidaliburuak diona ezin daitekeela bere horretan sinetsi, are gutxiago herri bakoitzeko esku-paperetako herriarekiko goraipamen oro.
* Turistak bere pauso-neurria behar du, -barea-, inguruaz jabetu nahi badu; dirua ere bere neurrian, jan edan erosketetan joan ez dakion bidaia-epea, inoren eskuetan, -gida eta bidaia bulegoenetan-, jar ez dadin, bidaiaren protagonista bera izan dadin, iniziatiba inoren, -agentziaren edo gidaliburuaren-, gain utzi gabe.
* Bidaiari asko da gida-paperen irakurle hutsa: askatasunaren antitesia, norberetasunaren ukazioa, partitura baten exekutatzaile soila, nahiz abila.
* Zaila da gaurko medioen egun nahasietan norabideari tinko eustea!.
* “Todo viajero tiene derecho a inventar sus propias geografías.” Guk behintzat geure-geure ibilbideak asmatzen eta aukeratzen ditugu, lagungarri soila zaigu gidaliburuaren iritzia.
* Zenbait bidaiarik arreta handiagoa jartzen dio parafernaliari informazioari baino; inoren eskuetan jartzen da gehienetan, dottoretasun horrek prestigioa emanen dion ustez.
* Gidaliburu eta paperez ez fidatzen ikasi behar du bidaiariak; irakurriaz hausnartu, historian eta gizartean kokatu, mamurtu eta ondorioak ateratzen ikasi behar du.
Jakin-mina
“Jakin-min asegabeko begiradak”
* Herrien benetako koloreak ikusteko begi kizkurturik gabeko ikusmina: bidaiariaren doainik zailena.
* Beti urrunago begira doa bidaiaria, ostertza baino haratago zer ote jakin-min, infinitura begira bailego; beti jakin-min begiradaz, sekula ez begirada galduaz; beti mapan ibilbide luzeago bat marrazten, pausoen sarea zabaltzen, baina uneoro dakusanaz gozatzen.
* Galderetan gakotua, kirruetan kiribildua, kirioak kizkurtuta, jakin eta ikusmin beti, hala ibili ohi da pauso oro bidaiaria, zer nola non nolako, harriturik, asma ezinik, galdezka beti, ...
* Hainbat Pandora kutxatila zabaltzen goaz bidaietan, era askotako jakin-minen eraginez.
* “Y la búsqueda, como se sabe, es siempre ansiosa”, “Nadie es viajero si no es curioso”: begiluze izaera, bidaiatzearen osagaietako bat.
* Balada zaharrok nahi ditu irakurri bidaiariak ibilbideetako gizakien aztarnetan, herrietako gaurkotasunean; lehengo eta oraingo jauntxo eta jopuen taupadak arnastu nahi lituzke, lurraldeko aire heze malenkoniatsuetan.
* Jakin-min begiradak botatzen diotela bertakoek uste du sarri bidaiariak, bidaiariaren ikusminarenak izan ohi dira horrelako begiradak.
* Ikusi ez dugunaren ikusmin ateratzen gara goizero, ikusitakoaz ez dugulako jadanik irrikarik, ikusminak huts egitean, utzi duzu bidaiari izatea, ibili bazabiltza ere.
* “Omen” batek zirikatuta atera ohi da sarri bidaiaria bidera; ibili, ikusi eta baieztatu arren, azkenean “omen” hori nagusitzen zaio bidaiariari ere, ikusitako orok omen ugariago sortarazten baitio, baina ez da “omen” aspergarria.
* "Esperantza dut soiburdin, / desioa zaldi”, baina beti da duguna falta zaiguna baino gehiago, asko falta bazaigu ere; bidaiatzea dugu altxor, eta beti dugu zeratxo erakargarriren bat altxorreko harribitxi.
* “Nork bere hutsunea zer zuziz argituko, / zeinek bere aldera, bere modura, bere xedera”: hala bizi du bidaia bidaiariak, zuzi ezezagun eta erakargarrien bila, ikusmina eta jakin-mina ase asmoz.
* Hegazti migratzailea da bidaiaria, beti ikuskizun edo altxor berrien egarri, toki berrien irrikaz, zein bere odei partikularrean beti, inorekin mokoka egiteko baino bakartiago eta ikusminago.
* "Oi bidaiariak, jakinzale lotsagabeak, ez ezazuela ahantz!": jakinzale lotsagabeak baino, kuxkuxero begiluze lotsagabeak izan ohi gara bidaiariak.
* Ikusmina, jakin-mina, bizipoza hein batean, da bidaiariaren diapasoia ez ezik, hauspoa ere.
* Alpeetako tontorretan urtzen ari da elurra, ikusminak ezabatzen du bidaiatzeko beldurra.
* Jakin-mina eta ikusmina, bidaiaria bidera eramaten duten desioa eta grina.
* Jakin-minak eta ikusminak nekea gainditzen dute, nekeak gozamen ahalmena kamusten du, jaki-ninik ez.
* Ikasi, ikasten da bidaian, baina batez ere ikusminari eta jakin-minari lekua emanez, jende berri baten artean egonez; gozatzeko gai izatea, hori da bidaiariak bilatzen duen ikasgaia.
* Kala jakinetan bota ohi du sarea bidaiariak, abenturazaleak ez, honek ezustea non han botatzen baitu sarea.
* Bidaiatzeko pasioa da ikusmin eta jakin-min ametsak ibilbide erreal bihurtzen dituen hauspoa.
Kidetasuna
“Besteen arrazoiak beti baitziren ezkutukoak norberarentzat. Elkarren ondotik igarotzen dira gizakiak, elkarri ia aurpegira begiratu ere egin gabe, eta inork ez du besteren berririk”.
* Auzo baina ez kide, hori da bidaiako aurpegi tristeena; gizaki bidaiariek gauza bera miresten dute, gozagarri berdinez pozten dira, elkarren ondoan doaz, baina inork ez du besteen sentipenen partaidetzarik, inork ez du zure bizipenen berririk; elkarren auzo eta erabat ezezagun dira bidaiariak, ikuskizun berari lotuak, baina ikuskizunak ez ditu elkar lotzen; nonbaiten gurutzatu diren gizaki migratzaileak besterik ez dira.
* Elkarren ondoko urrunak dira elizetan, museoetan, bide-gorrietan, hotelean edo kanpalekuan elkartzen diren bidaiariak, batez ere turistak direnean.
* Bidaiariak, ikuskizun bera konpartitzera fortunatu diren gizakiak, plazer berdinez gozatzera kondenatuak.
* Herabe da bidaiari asko komunikazio dohainetan, horregatik geratzen dira barne hausnarketan bere bizipenak; bidaia ondorengo afari, kafe-hartze eta solasaldi lasaiak dira sarri sentipenok kanporatzeko balbulak.
* Funtzionatu ohi du solidaritateak bidaietan, bereziki kanpinetan, larrialdietan, baita herritarrekiko harremanetan ere, zerbait galdetu edo eskatzean batez ere.
* Bere kasa ibili ohi da bidaiaria, nahiko berekoia izan ohi da, bakartia, aldran ibili arren, ezezaguna baita beste denentzat, ezezagunak baitzaizkio beste denak, baina bidaietan egin ohi dira ere lagunarte minak.
* “bikoteen artean dauden komunikazio gabezi eremuak, eta nola ikasten den eremu horien mugetatik hanka puntetan pasatuz elkar bizitzen”: bidaiariak ondo daki hori zer den, lagunartean zein bidaia erosi batean joan.
* Bidaiatzeko ez da ezinbestekoa bikotea, baina lagungarria bai bada.
* Irribarretsua eta adeitsua ohi da gehienetan eta gehienekin bidaiaria; benetan halakoak garelako, zoriontsuak garelako, ala bidaiak eta bidaietako eskenatoki bereziak antzezle bihurtzen gaituelako?.
* "batzuetan pentsatzen dut / zer egiten zuten lagun horiek honat etorri aitzinetik": hori bera pentsatzen du bidaiariak kanpalekuko bezero-kide, etxatoi, kanpaina-denda, eta auto-etxatoiei begiratuz; hiritxo bat bezalakoa osatzen dugu pasoko bidaiariok; unibertso berezia baita bidaiariona.
* Isiltzen ez direnak isilik jasaten ikasi behar da koadrilan bidaiatzen denean.
* “Agian, amore eman behar da bakea izateko”: bidaietan sarri.
* “Begi kliskada batez / agur esan dizudanean ...”, horrelakoak dira gehienetan kide ezezagunen arteko kanpalekuko diosalak.
* Une estuetan beti agertzen da aterpe den pertsonaren bat bidaietan, gauzatzen da solidaritatea.
* Adiskidantza eta giza goxotasuna dira gehienetan falta zaizkionak bidaiariari; hori da bidaiariaren hutsunetariko bat; zailak dira erbestean aurkitzea, pasoko txoria zarenean, horregatik da gozagarria atzerriko herritarren adeitasuna, edozer dela-eta beraiengana hurbiltzen zarenean, dendaria bada ere; horregatik ere egin ohi dira lagunak antolatutako edo erositako bidaietan ere.
* Bidaiariak beti aurkitu ohi du laguntzaile maitagarri bat estualdietan.
* Elkarrekin berriketan egin edo agian isilik egonez, laguna alboan duzula segurtasunaren babesa da; bidaiariaren isiltasun-terapia ordu nekatuetan.
* Bere kasa ibili ohi da bidaiaria, nahiko berekoia izan ohi da, bakartia, aldran ibili arren, ezezaguna baita beste denentzat; kanpalekuetan da solidario heldu-berrientzat.