Bidaiez
Sena
“Sapiens sapiens izakia, ibiltari handia izan zen, planeta osoa kolonizatu zuen”
Sortzez
“Denok dugu barruan uhola dakarren ibai estali bat”.
Halabeharrez
“Zergatik bidaiatu, horren beharrik ez badugu”.
* Zerk bultzatzen du bidaiaria bidera?.
* Bidaiak ez dauka sarri zergatirik.
* Zer da bidaiatzea, zertan datzan galdetzen dut; ez nuke jakingo erantzuten, bidaiatzen dudala da dakidana, eta bidaiatzean tematzeak ematen diola zigilua bidaiari senari.
* Denok dugu bidaiari sen ezkutu bat.
* Beti da abiatzeko garaia bidaiariarentzat.
* Bidaiatzeko sena eta grina, hori da bidaiatzeko funtsa, ez dirua.
* Sena da bidaiariaren dohainetako bat, bitxikeriak, altxor bat edo ezuste atsegin bat usaindu eta aurkitzeko, planoaren, gidaliburuaren edo bidaia-agentziaren esklabo izan nahi ez badu.
* Zerk darama gizakia herriak ezagutzera, zein da ikusmin horren muina?, zerk bultzatzen ote bidaiaria bidera?: berezko senak, besterik ez.
* Hurrengo urratsak zer ekarriko irrikak bultzatzen du bidaiaria aurrera; datorrenaren misterio aurrean espero erosoan gelditzen dena ez da bidaiaria, beste zerbait izanen da, baina ez bidaiaria; gandua urratzean datza bidaiariaren sena, hodei berria, hodeiertz berriak, izar berriak aurkitzea, hori da bidaiariari barnea erretzen diona; eta hodei, horizonte eta izar berriotan bizitzaren zatitxoa zintzilikatzeak.
* Zerk bultzatzen du bidaiaria?, zer bultzatzen gaitu gu geu?. Ez dakit. Baina bidaia baten ondoren beste batetara aterako naizela dakit.
* Beti dago harantzago bat bidaiariarentzat, batez ere bidaia bukatutzat eman eta etxera bidea hartzen duenean
* Berezkoa du gizakiak lur berri baten bila abiatzea, Cromaiñon gizona baino aurretik.
* Argazkiak ikusteko gogo minagoa izan ohi dute lagunek bidaiariak berak erakusteko baino; gaur egun zenbait bidaiari teknika modernoz baliatzen da bere bidaien azalpenak emateko, aretoak bete egiten dira; bada bere bidaia eta bidaien berri ematetik bizi denik ere; tarte asko dute bidaien erreportajeek telebista, irratietako programazioetan; bidaiari sena gizakiaren toles-gune sakonenean ereinda dago, bidaiari-sen zapuztu asko da gizartean; tamalez eserita besteei entzunez irudimenez bidaiatzea da errazena gizarte kontsumitzaile honetan.
* Bidaiatzeko grinak dirauen bitartean, bizirik diraugu.
Ezinbestean
“Badakit anitzi gustatzen zaiela leku arrotzen berri ukatzea eta ere hara joateko bideen berri jakitea”
* Azken urratsak erbestean ahitu ondoren, hurrengo bidaiaren esperantza ernetzen zaio beti bidaiariari, bidaia bat bukatzean hurrengo zeru berriak amesten eta hausnartzen hasia da bidaiaria, bukatu da bidaia, beste berri bat erne zaio ikusminean bidaiariari.
* Adio esaten dio bidaiariak bidaia bakoitza amaitzean atzerriko lurralde-gizartean gauzatutako amets bakoitzari, Rheinfall pasabidean Rhin ibaiaren urak bezain apartsu joan diren egunei, baina bidaiari senak amestu du itsaso-mugan urrats berrientzako lurralde berri bat, oraindik izenik jarri ez badio ere.
* Joanean beti, etorriko dela jakinean, berriro nora etorriko den oraindik ez badaki ere, beti da nora etorriko den herri bat bidaiariarentzat, horregatik joan behar du, etortzeko, herri bat amorante bihurtu zaiolako ezagupen minetik ernetako maitasunez.
* Eta deus bidaiatuko ez bagenu, zer?...; baina bidaiariak badaki bere bidaiatzeko senak beti eramango duela norabait, gorputzaren ezinean irudimenez gutxienez, beti dugu hurbil oren hori bidaiari hegalariok, arrangurez gaindi ditugu beti gogo-gorputzak.
* Harrigarria da, zoazen zoko bazterren eta ezdeusera zoazela ere, nola aurkituko duzun beti begiluze eta jakin-min kanpotarren bat.
* Bidaiatzeko senak eta irrikak soilik balio du zenbait bidaiako une korapilatsuetan.
* Badu senarekin zerikusia bidaiari izateak, badu berezkoaren osagaia; senik ez duena, turista da.
* Toles-gune gordeenean kilimatzen duen lur berrien ametsak, irudimenaren begiak liluratzen dituen atzerriko edertasunak, barnea goxoki biltzen dion musika misteriotsu batek jauzi arazten du bidaiaria munduan barrena.
* “Ez naiz geldituko / Faroak nagiak ateratzen hasi arte / Ez dut baimenik behar portu itzuli hau ahazteko / ... / Itzuli noa”, hori da bidaiariaren sena, existentzia eta izaera.
* “Erromesek agurra ukatuko dizute, baina serafin-koru batek abestuko du zure barruan”: barne abesti hori da bidaiariaren sena.
Patua bailitz
“Portu hau litzake nire aberria”
* Bidaiariaren tentazioetako bat da maitagarri zaion toki batetan geratzea, baina estatxa lotu duen moila atseginenean ere badaki, estatxa askatuko duela, aingura astunena ere jasoko.
* Bidaiatzea berezko barne harra da, tximeleta eder gauzatzen dena, dela bidaia luze motz zail edo errazean.
* Patua aldaezina da, bestelakorik badirudi ere; bidaiari-sena, patua antzeko zerbait delakoan nago, baina inola ere ez tragikoa, are gutxiago alferrekoa; gozoki bizi dugun patua, garen patu gozoa.
* Biribilak ohi dira ibilbideak, borobilak osteko egunak; zinez, baina ibilbide borobil berri baten amesgile da beti bidaiaria, ibilbide borobil bakoitzaren oste guztietan, bidaia biharamun orotan.
* Batean gora, bestean behera, bizitzaren mareak eramaten du, patuak bailitza, bidaiaria, estatxa jaso eta dagoen kaitik beti haratago; bidaiariak ez du atzerrian aingurarik botatzen, estatxa askaerraza du aingura baino nahiago.
* Bidaiariak jakin daki lehorreratuko dela, bidaiariak jakin daki berriro itsasora eginen duela, munduan itsasorik den bitartean, ontziak ur gainean dirauen bitartean.
* Bidaia bat bukatzean hurrengoaz asmatzen hasten naiz, naizen eta izango naizen seinale.
* Ikusminaren akuiluak edo jakin-minaren irrikak zirikatzen ez dituenak, herri edo etxeko babesean soilik seguru sentitzen direnak, abenturaren lilurak barnea kilikatzen ez dietenak, horiek dira bidaiariok zoruak garela uste dutenak.
* Galtzen du bidaiariak lehen bidaiako itsutasun argi hura; bidaia-senak ere adin ezberdinak ditu.
* Bidaiatzeko senak eta irrikak soilik balio du zenbait bidaiako une korapilatsuetan.
Grina
“Utz diezaiogun biharko bidaiariari berriari lur berrien deskubritzeko sua eta gero haien kondatzeko gustua”.
* Bidaiariak nolabait presoak dira, bidaiak harrapatu eta lotu egiten zaitu-eta: kartzela gozoa da bidaiatzeko grina.
* " Bide berriz aurrera begiratzen dut, / biderik oraino ez den hartarantz, / eta etortzekoak ditut iruditzen, / bere begien aurreko / munduari begira": horrela begiratzen du bidaiariak bidaia bakoitzaren hasieran zein bukaeran.
* Bidaiariak ez dio bidaiatzea eskatzen bizitzari, bizitzak eskatzen dio bidaiatzea bidaiariari.
* Bizitza maite duelako doa herrialdez herrialde bidaiaria
* Bidaiatzeko grina errealitateari egindako iruzurrez ere bizi da, hainbat une txar ahaztuz; hoberako aldatzen baitu bidaietako esperientzia oro oroimenak.
* Dena da kimika, sentipen erromantikoena ere, kimika besterik ez gizaki harroputza, bidaiari irrika ere kimika besterik ez da agian, baina ze kimika atsegina!
* Bidera darama bidaiaria bidera-beharrak “euriaren mingainak / aurpegia miazkatzen” dion arren.
* Bidaia bat bukatu orduko, jadanik hurrengo bidaia hasia da gorpuzten garunetako toles-gunetan.
* Bidaia bakoitzak irekitzen dio beste bidaia bati atea; hurrengo bidaiarako harra barnean ernalduta itzuli ohi da bidaiaria etxera.
* Bidaiaria ez da, inola ere, konformaerraza; berak ere ez daki sarri zergatik hedatzen den lau haizetara, zergatik dagien beti aurrera.
* Deus bidaiatuko ez bagenu, zer?...: baina bidaiariak badaki bere bidaiatzeko senak beti eramango duela norabait, gorputzaren ezinean ere, irudimenez gutxienez.
* Letra asko ikas ohi du bidaiariak branka arrotzetan, hanketako munduraminak eramaten du izen gazien haizetan.
* Herriak dira bidaiariaren faroak, sirenen kantuak bezain goxoki deitzen diotenak
* Eguzkiak urtzen du Eiger tontorrean elurra, negura arteko agurra: bidaiariak ez du betirako agurrik, badaki itzuliko dela, zer axola nora.
* Beti da lur ederren bat erromes baten zain, maitasun istorio bat nahi luke hasi.
* Adio esaten dio bidaiariak bidaia bakoitza amaitzean atzerriko lurralde-gizartean gauzatutako amets bakoitzari, Rhin ibaiaren urak bezain apartsu joan diren egunei, baina bidaiari senak amestu du itsas mugan urrats berrientzako lurralde berri bat, oraindik izenik jarri ez badio ere.
* Maite ditu bidaiariak ikuspegi zabalak, gogoko ditu mendi tontorrak, gazteluko harresiak, dorreko zabaltza, behatoki eta balkonada diren errepideak, … inguruaren ederra bere osotasunean biltzeko.
* Barneko astindua da bidaiatzeko grina, bizimin erretzailea, hainbat lokarri hausteko indarra sortarazten duena.
* Bidaiatzea ere eskarmentu bat da; porrot askoren ondorengo zientzia; gizartea, natura, artea, … ezagutu eta maitatzeko zientzia; ikasi egin behar da bidaiatzen. Grina da bidaiatzearen berezko bakarra; sarri esnatu egin behar den grina berezkoa. Hortik aurrerakoa, zientzia bihurtzen den eskarmentua.
* Beti dago herrialde berri baten bila joateko sutan bidaiaria, bihar beti da bidaia berri bat beretzat, itzultzean entzulerik izanen ez badu ere.
* Bizipozik gabeko ibilia egiten du zenbait bidaiarik, baina bizitzeko grinak bultzatzen ditu: bidaiariak sarri ez daki zerk, baina zerbaitek eramaten beti du aurrera.
* “Ez naiz geldituko / Faroak nagiak ateratzen hasi arte / Ez dut baimenik behar portu itzuli hau ahazteko”: bidaia berri bati ekinen diogu udazkenean.
* “Badakit bidaiatzea berez dela atsegina; baina azken batean zerk eramaten zaitu halako atsegin garezti, neketsu, zenbaitetan arriskutsu, eta beti etsipenez bete horretara?. Bidaiatzeko beharrak. ... Kontua da garai honetan inontxo ere ez gaudela ongi, eta bidaia dela idealak (...) hartzen dituen irudi guztietan irribarretsuena eta engainagarriena. ... Zoriontsu denari, (...) bidaiatuz bere zorionari zerbait erantsiko diola irudituko zaio. ... bizkor ala ahul sentitu, den-denak hartzen ditu judu ibiltariaren sukarrak. ... Hitz batean esanda, bidaiatzearen berezko arrazoia gizakien arteko harreman, lotura eta elkartruke abegitsuaren beharra dela iruditzen zait ... Eta iruditzen zait gaur alderantziz gertatzen dela, gutako gehienok misterio, bakartasun bila bidaiatzen dugula, ...”: bidaiari ororen gogoetak.
* ”Kontua ez baita bidaiatzea, abiatzea baizik: ba ote da ahaztu beharreko oinazeren bat ez duen inor, edo askatu beharreko uztarriren bati lotuta ez dagoen inor?”. Bidaiatzeko kilima hori da kontua. Bidaiatzea bera, osagai guztiekin, da bidaiariaren funtsa. Ahaztu beharreko oinazeren bat edo askatu beharreko uztarriren bat, …, nork ez du sakoneko mamuren bat.