Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiez

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/25 10:07
Bidaiari izaera IV

IV

 

Zertzeladak

“Elkarren bila ibili gabe ibiltzen ginen, baina elkarrekin topo egiteko genbiltzala jakinik”

 

Izki-

* “Bestearen modukoak gara, ..., kanpotarrak, inoren auzoan ibiltariak, mutuak. Gordelekurik gabe dabilen itzal arrotz horren modukoak”

 

* Tentua eta ausardia, bidaiako konbinaketa zaila.

* Elkarren bila, bidaia eta herrien arteko lotura.

* Kasta zaila da beti ibiltaria, gozamena da bidaiatzea, baina sakrifizio handia eskatzen du; horregatik asko dira oporretara doazenak, gutxi bidaiatzea aukeratzen dutenak.

* Pobreen durundioa ibili ohi da kanpalekuetan.

* Atseginagoa da bidaia norbait alboan dela; edonorrez, beti dago edonorrez inguratuta bidaiaria, horregatik behar du norbait.

* Informaziorik gabe antzua gerta ohi  da bidaia, asko ibili arren.

* Ez naiz sekula bidaia batetan otsoen arteko oilo sentitu. Catania esan ziguten sekulako arriskutsua zela, berdina esan ziguten Liejagatik, baina edonon bezain gustura ibili ginen bertako kale-arteetan.

* Atzerriko hizkuntzan bidaiari orok dirudi arloteago.

* Nahiko bakartua bizi ohi da bidaiaria atzerriko jendartean, beste bakartiz inguraturik gehienetan museo eta monumentuen inguruetan.

* Gutxienezko arau batzuk ezarri behar dizkio bidaiariak bere buruari, ibiltari herratua ez ezik errari izan nahi ez badu.

* Mezu giltzatuak dira gida-agirienak, hitzez hitz ulertu behar ez direnak, etsipenaren karga lehertzen zaio bestela bidaiariari, periskopiotik, letren gainetik, begiratzen ikasi behar du bidaiariak.

* “Besteen arrazoiak beti baitziren ezkutukoak norberarentzat. Elkarren ondotik igarotzen dira gizakiak, elkarri ia aurpegira begiratu ere egin gabe, eta inork ez du besteren berririk”: Elkarren auzo baina ezezagun, hori da bidaiako aurpegi tristeena; gizaki bidaiariek gauza bera miresten dute, gozagarri beraz pozten dira, elkarren ondoan doaz, baina inork ez du besteen sentipenen partaidetzarik, inork ez du zure bizipenen berririk; elkarren auzo eta erabat ezezagun dira bidaiariak, ikuskizun berari lotuak, baina ikuskizunak ez ditu elkar lotzen; nonbaiten gurutzatu diren gizaki migratzaileak besterik ez dira.

* Sarekada arrain ugariak gabiltza munduan, kontaezin ahala bidaiari, baina denok gaude fitxatuta, poliziak fitxatuta; hoteletik edo kanpalekutik ez bada, telefono mugikor eta banku-txarteletatik denon berri dakite uneoro; gizarte poliziakoan bizi da gizakia, eta bidaiariak ezin dio ihes egin bota dioten sare horri, anonimatuan mundua zeharkatzen saiatu arren: ez da bidaiaria anonimorik gure gizartean.

* Kanpalekuko bezeroak  erabat heterogeneoak dira, hizkuntzaz, jatorriz, eta bizimoldez. Diosal, keinu edo barretxo adeitsuz gauzatzen da harremana. Isileko komunikazioa da usuena kanpalekuan.

* Zenbat aldiz dago  bizipenez eta sentipenez  gainezka bidaiariaren bihotza; gutxitan du, ordea, horiez mintzatzeko aukera; lagunen bat badarama, harekin, nota- koadernoarekin, bere herrira doanean lagunekin, ... ; fama du bidaiariak bere bidaiaz asko hitz egiten duela, baina zer kontatuz beterik datorrelako da; beste turistekin ez du ia hitz egiten, ezezagunak; anonimoa da elkarrekiko,  kalean, katedral batean, jaialdi batean, museoan elkartzen den oro; anonimoez osatutako jendetza da bidaiari eta turisten aldra.

* Lasaitasunak arintzen du ibiliko unadura bidaiako bakardadean.

* Sarri da irribarrea bidaiariaren babesa.

* Bidaiatzeak badu ohitura bihurtzeko arriskua, ezin da bidaiari izan bizitzako egun oro jarraian, ofizioz eta bizimoldez bidaiari bilakatu nahi ez badu.

* Bere aurkikuntzak egin behar ditu bakoitzak bidaietan, askotan gidaliburuen gaindi edo gidaliburuen kontra.

* Bidaiatzen jakiteak bereizten ditu bidaiaria eta alderraia.

* Ikusminaz eta jakin-minaz gain, egunerokoaren nekea izan ohi da, bai, bidaia batetara bultza ohi gaituen arrazoietako bat.

 

-mizki

“Gordelekurik gabe dabilen itzal arrotz horren modukoak”

 

* Banaka eta taldetxoka ezer gutxi gara bidaiariak, baina mundu bat gara; herri sakabanatua, bidaiarien herria, herri ibiltaria; herri handia gainera, sekulako herri mugimendua, milioika diru mugiarazten dituena, industria nagusietarikoa.

* Bidaiaria izan behar du bidaiariak, ez beste ezer: beste gauza bat da zientzialari edo ikerlari bat bidaia bati lotzea bere lanean sakontzeko; bidaia zientifikoa alegia.

* Bertako paisaiaren zati bilakatzen da bidaiaria joaten den herrietako biztanleentzat, bere paisaiako osagai berri bat, aldaki berria; guk atzerriko harriak, artelanak, basoak eta gizakiak begiratzen ditugun  bezala begiratzen gaituzte atzerrian; mundura joan beharrean mundua datorkie beraiengana, bitxikeriak bilatu gabe, begien aurrean jartzen zaizkie ezohizko aldaerak, bidaiaria baita bisitalekukoen ikusgai.

* Argitan ohi dira etxatoi eta etxoletako leihoak ordu berantiarretan, osagai ohikoa da telebista-antena kanpalekuetan; gehienetan urtean egin nahi ez duena egin nahi du bidaiari-oporlariak, eguna gauez luzatu, eta gaua egunez; urteko marrazki bizigabeak, marrazki bizidun bilakatzeko ametsa; agian urteko ohitura galdu nahieza besterik ez da, marrazki bizigabeak ematen die bizitza egunari.

* Bidaiariaren osagai premiazkoa da umorea, oreka eskaintzeaz gain bidaia bera ere arinduko diolako.

* Alde, ez ihes, egiten du etxetik bidaiariak, eguneroko arazoetatik at arnas egitera, agurrari “betiko” erantsi gabe, bihotzak “berehala nator” diola.

* Gogoko du bidaiariak han-hemenka eskaintzen zain koadernoan beste hainbatenen artean  bere mezua uztea; euskaraz, inolako irakurlek ulertuko ez badu ere; mezu idatziak, norberarentzako mezuak gehienetan, barrena hustu beharrak eraginda.

* Tristeen  eta bakartien daude plazetako pertsonaiak, harri eta brontze hutsak, herritarrez inguratuta arren, usoak soilik hurreratzen zaizkie, burutik kaka egiteko; triste eta bakarti leudeke monumentuak bidaiariengatik ez balitz.

* Bere paisaiaren zati da bidaiaria herritarrentzat, bere paisaiako osagai berri bat, aldakin berria, besterik ez, guk atzerriko harriak, artea, basoak eta gizakiak begiratzen ditugun  bezala begiratzen gaituzte atzerrian, mundura joan beharrean mundua datorkie beraiengana, bitxikeriak bilatzen ibili gabe, begien aurrean jartzen zaizkie ezohizko aldaerak, bidaiaria bera baita bisita-lekuko ikuskizuna herritarrentzat.

* Oroimenak iruzur egiten dion aldi luzeok eteten ahalegintzen da bidaiaria, argazkiei, mapei edo bidaiako zirriborroei begira.

* Bidaiariak badu patuarekiko berezkoren bat.

* Bidaiak prestatzen ematen du bidaiariak orainaren  zati handi bat, eta bidaian eginiko egunak gogoratzen beste zati handi bat; ez da denbora galtzea, gelditzen den bizitzaren beste heren handi horri bizipoza ekartzea baizik.

* Bidaiak beti du abentura kutsua. Arriskurik nahi ez duen bidaiaria  gehienez bidaia agentzia baten bezero izanen da.

* “Bakoitza bere parentesiaren barruan dabil han, eta hemen ere bai”, eta edonon eta edonor, bidaiari orekatuena ere, bidaia ederrenean ere.

* Nora noan jakitea, zehatz jakitea, gustatzen zait bidaietan. Ez dut gustoko helbururik gabeko bidaia, edo helburua helbururik gabe bidaiatzea  duen bidaia. Prestatuta ere nahiko noraez pairatu behar izaten dugu.

* “Mapak objetiboak dira?. Maparen egilea subjetiboa da. Ea benetako maparik egin daiteken. Mapak objetiboak eta subjetiboak dira aldi berean, ...”. Maparen irakurlea ere subjetiboa da, beraz ohar edo sujerentziak besterik ez dira mapak. Lagungarriak besterik ez. Bidaiariak berak egin behar du bere mapa erabilgarria, paperean ez bada buruan, mapa idatzia osatuz ibiliaren premien arabera. Atzo mapan bidesare ibilerraza uste genuena, labirintoa gertatu dakiguke gaur. Behar duzun  edo eskatzen diozun informazio oro ez dizu gehienetan mapak ematen.

* Noiz izanen bidaiariak herrien arteko bake dinamizatzaile, ejertzito dinamitatzaileen ordez!.

* Bakoitzak dugu besteak ez duen zerbait, horrek damaio bakoitzari nortasuna eta indarra; aldiz, denok dugu batzen gaituen zerbait berdina, hortik datorkio gizarte eta herri bati besteekiko parekotasuna; sinbiosi  horrek egiten du bidaiatzea zirraragarria eta erosoa.

* “Turista haiek, ... herriko etxeak eta herrikoak bederezka ontsa begiztatuz, zooan balira bezala ... Baina ez dira ohartzen ere haiek direla haiek, guretako ziminoak!”. Bidaiari begiluze presatiok,  zooko ziminoak gera, bai, atzerrian.

 

 

Sasian

“Eta noraezean dabilen marinela izanen naiz, / etxera bueltatzen ez dena, / behin lurrean egonda / berriz itsasoratuko ez dela badakiena”

 

 

Ibilian

“Gizakien arteko benetako kontaktua presentzia isilaren bitartez baizik ez dela lortzen dio Ciaranek, komunikaziorik ezaren itxurapean gauzatzen dela, barne errezoa dirudien truke misteriotsu eta hitzik gabekoaren bitartez”

 

* Bidaiarien artekoa ez da presentzia komunikatiboa, elkarrekin suertatze iheskor bat soilik; han daude zerbait ederri begira, baina ez elkarrekin, elkarren ondoan soilik, zerbait eder berdinak erakarri baditu ere leku eta une horretara.

* Bidaiariok ere  ez ote herriko bakardade eta egunerokotasunetik iheslari?.

* Bada zenbait gizaki bidaiaren aitzakiaz jendartean egotea bilatzen duena, taldeko bidaia-moldea aukeratuz, edo erromes uholdeak dabiltzan turismo-santutegietara joz; norberaren erabakikortsun ezak darama bidaiaria bakarkakoari uko egin eta taldera edo jendartera; sarri  bidaia-konpainiak baliatzen dira ahulezia horretaz bezeroak bere bidaietara erakartzeko.

* Pertsonez harago, gehienetan bainoago, hiriez ere maitemintzen da bidaiaria, herrialdeez, bazterrez, monumentuez ere.

* Turistak nahiago du jendartean galduta ibiltzea, kanpotar arrastorik utzi gabe.

* Bidaiari zonbiak ere sarriak dira, edo asko bihurtzen gara tarteka zonbi..

* Hutsik uzten du ibiltaria presak, ez dio espaloietan herriaren xilkoa aurkitzeko astirik uzten.

* Mundua herrixka bat dela dioten aroan, telebista da bidaia-eremu gutiziatuena askorentzat.

* “inondik ez dago ihes egiterik kartzela zugan bizi izanez gero”: hortik dator hainbat bidaien porrota eta hainbat bidaiarien ase ezina.

* Bidaiariak etengabe uneoro hautaketa egin beharrean dago, bere funtsa baita; hautatu beharrari beldur dionak bidaia masibo antolatutako artaldea hautatuz bukatzen du.

* Badira noraezean bezala ibili ohi direnak, ihesi lez, ibilian baina ez bidaiari.

* Kafetegi bateko mahaian edaneko kontu-kontarian bilatu ohi du zenbaitek ordu aspertuei aterabidea opor-pasako bidaietan.

* Bidaiatzea askatasuna da, eguneroko errealitatetik ihesa, bizitzaren kartzelatik aldi batez  askatzea, baina barnea aske ez duen bidaiariak ez du behin ere bidaiaz ihes eginen, eta bidaiara ihesean egin duenak, egunerokora itzuli nahiko du berandu baino lehen.

* Gauza bart da bidaiatzea, beste bat iheska ibiltzea.

 

 

Amarruz

* “… joan egin nintzen, apalki bidaiatu nuen, … Ezagutu nituen baporeetako zorabioak, hondakinetako aspertasuna, jendetza ezezagunen malenkonia eta boulevardetako desilusioak:  eta ene barreneko gaitza hazten zihoan”

 

* Den oro da bi aurpegiko txanpona; gezurrez beterik egonen dira bidaiariak ezagutzen dituen herri, pertsona, paisaia eta artelanen beste aldea ere, baina ederrak dira, merezi du ezagutzea, ez du merezi bidaiako eta bidaiaren gezurren bila hasterik.

* “Aurpegirik gabeko txorimalo”: horrelako asko ibili ohi da, gara, bidaietan.

* Bidelapur zenbaitekin topo egiten du bidaiariak, baina bera ere bidelapur izaten daki, batez ere herri pobreetan berez merke zaiona merkeago lortu ahaleginean.

* Nepaleko naturan turismoak eragiten ari den sarraskia salatzen dute liburuaren idazleek;  ur, dutxa eta oturuntza beroa behar dute uholdean datozen turistek; egurra denez bertakoek duten erregai nagusia baso osoak erabat desagertzen ari dira; gure autoaz, nire dutxa beroaz eta nire gaueko bonbilla argi-biziaz kezkati utzi nau; dena dago elkarlotua, dena nahastua, gizakia naturarekiko muin-muineko kontraesanean murgildu da, bidaiaria bera ere.

* Mesfidantzaren ezkutuaz babesturik ibili ohi gara ibiltariok, eta hori atzerriko bertakoei erdeinu iraingarria da.

* “Gure bidaia legitimatzen dute bidelagunak bost duroko hitzekin” : ez dugu guk behar bidaia legitimatzeko bost duroko hitzik, baina tarteka ondotxo bizi garen harrak zulatzen gaitu.

* Modan jarriz hondatu ditugu mila bazter eder, goazenok hondatzen ditugu; hondatu gabeko leku bila jo ohi dugu bidaiari askok, baina hori bera da hondamendirako lehen urratsa; bidaiariaren patua, barne-barneko kontraesana.

* Turistok ere badugu arrano ukitua, batez ere goazen herri pobreagoetako alde txarraz jabetzekoa, edo goazen herri aberatsagoen alde onak soilik nabarmentzekoa.

* “Egunez egun bizi beharra dago, ... ezin baita ibili gerotik gerora”. Pausoz pauso garatzen da bidaiako ibilia, baina azkenez gorrituta gelditzen da mapa ibilbideko marrez; berez etorriko da geroa, unean unekoa da  gauzatu beharrekoa; bidaia ondo trabatua badago, ibilbide orori datorkio bere ordua; hurrengoa amestuz, ipurterre, kezkati, dabilenak ez du duenaz gozatzen.

* Bidaia modubizia ordez bizimodua egiteko arriskua du  bidaiariak.

* “egun batean jakinarazten dizute / libre zauden arren ez zarela libre”: pasaportea utzi behar izaten du bidaiariak  kanpalekuko zein hoteleko harrera-lekuan.

* Jende pobreak du gaur egun bidaiatzea amets, egunerokoa eteteko.

 

 

Begilauso

“El viajero avanza, es un viajero tímido, siempre temeroso de que le vengan a pedir cuentas de intrusiones que sólo él sabe que son bienintencionadas”

 

* Bada ikusi nahi ez duen ikuslerik, sudurra betaurreko dotorez zamatuta, dena koloretsu eta dotore ikusten duela uste arren. Aurreiritzirik gabe joan behar du bidaiariak doan edozein herrira, betaurreko koloregilerik gabe. Errealitatetik haragoko edo honagoko irudia aterako du beti kamera onenarekin ere, irudi okerra seguruenik; onenean ere, irudi lausotua.

* Ze bidaiari pila gabiltzan gauza berak ikusten, askotan jakin gabe zer den ikusten duguna, edo ustez ikusten  duguna benetan  ikusi nahi  duguna den  jakin gabe.

* Ausarta, tarteka aurpegihandi edo lotsagabe samarra ereizan behar du bidaiariak; ez bada, laurdenak joango zaizkio ikusi gabe bidaiariari.

* Bidaietan ere, “ur-lasterrei burugabeki buru egiten dion txalupa” bihurtzen gara, arazoak zitaltzen zaizkigunean.

* Ohitura, sumindura edo asperdura dira sentipen gehienak gidatzen dituen legea; bidaietan ere ohitu egin ohi gara une batez hain atsegin eta erakargarriak gertatu zitzaizkigun paisaia, herri eta herritarretara; azkenez, hala behar dutela iruditzen zaigu, xarma lausotu balitzaie bezala, eta plazera mehetzen.

 

 

Harroputz

“Inuxente egunian inuxentiana itten aittu nauk inuxente guzti oien artian”

 

* Ezer guti dakigula ikasi dugu bidaietan, baina bada atzerrira nor-handiago eta harroputz joaten denik, batez ere ondasun material gutiko herrietara doanean.

* Teologia bezain dogmatikoa izan ohi da zenbait bidaiari bisitatutako herriei buruzko iritzietan.

* “jarrera aristrokratikoa: zuzen, tente, harro, burua atze alderantz”: seriotasun osoz ibili ohi dira gainera molde horretan hainbat bisitari, bere herrian ezereza baino gutxiago direnak.

* Ondamuz ohi da bidaiari zitala herri aberatsagoetan: besteen ona, zama astun.

* Gezurti fama  du bidaiariak bere bidaiez aritzean, gezurti izateko arriskua du bidaiariak atzerrian bere herriari buruz aritzean ere.

* Bidaiariak badu inuzentea den sentipena tarteka.

* "Hitz-jokoan jardun baizik ezin duten poetak": idazle askoren ezin gorria edo ahal bakarra; herriratu ondorengo lagunartekoa da bidaiatzea askorentzat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.