Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiatzea

Bidaiatzea

Jon Etxabe 2016/06/10 11:02
Baditut bi lantxo bidaietako irakurketetan bidaiatzeari buruz eginiko burutapenekin. Agian, geroago, sareratuko ditut. Hauek aurrekoen haritik eginikoak dira.

BIDAIATZEA


Zer den

* Egunerokoari eten bat egitea da bidaiatzea.

* Bidaiatzea atsegina da. Helbururik gabe ibiltzea, ibiltze soila, izan daiteke helburua. Bidaia ez da etena, bizitzako osagai bat baino. Bidaiariak beti du helburu bat. Inora ez den norabait iriztea akigarria da, etsimendua. Bidaiaren prestaketa eta ondorengo gogapenak ere bidaiaren zati dira, sarri asegarrienak.

* Bidaiatzea, misterioan barrentzea da, ziurtasunak utzi eta ibiliari ekitea, “poesia liburuak irekitzea bezala, inoiz ez dakizu zer aurkituko duzun” zioen poetak.

* Bidaia luzeetan gertatzen da bidaiak opor kutsua galdu eta egunerokotasun bihurtzen dela. Paraje bakarretan ere gerta ohi da: ibiltzea, bazterrak ezagutzean jendarte ezezagunean murgiltzea zure egunerokoa bihurtzen dela. “Baina denbora batetik aurrera, bidea bera etxe bihurtzen da, eta neke eta deserosotasunetara ohitzea ederra da”.

* Mundu aspergarri lauari erliebea ematea bezala da bidaiatzea, horretan ari ohi dira lurralde berri batera aldi baterako, bisitako ikusmiran etorritako gehienak.

* Asteburuko irteerak eta bidaiak dira elkarrekin egoteko maitaleen amarrua, eguneroko begi eta esamesei ihesiko desordu eta deslekuetan ibiltzea.

* Loa arantzez landatzen diguten mamu agerikoen artera, oinak erreko dizkiguten deserriko kilometroak egitera itzultzea bezalakoa da bidaiatik sorterrira  itzulera; oinak zoli, betiko etsaiei aurre egiteko prest, ihesa baino indarberritzeko pausaleku izan zaizkion ibiliko parajeetatik.

* Zorigaiztokoa  bidaiatzea bizitzako euskarri nagusia gertatzen zaion gizakia; egunerokoaren osagarria behar du izan bidaiatzeak bizitza asegarria nahi duenarentzat. Bestela iheslaria izanen da bidaietan.

* Ez dakit bidaiatzea eskolarik onena den, eskola ona eta eraginkorra dela bai. Aldatzen ez zaituen bidaiak  akatsen bat du. 

* Aske sentiarazten ez zaituen bidaia, etxetik hurbil edo ezagunean bada ere, bidaia antzua izanen da.

* Klima eta lekua aldatzen dira oporretan, ohiturak eta jarrerak ez, aske sentitzen gara baina geure gatibu jarraitzen dugu. Beste zerbait behar du izan bidaiatzeak, bakoitzaren barnera begira jarri, ohiko jokamoldeak hautsi eta askeago eginen gaituen zerbait.

* Non ibili, halako hauts. Oinetako hautsa: bidemin saria, ibilbidearen agiria,  ibiltariaren ezaugarria. 

 

Nor ibiltari

* Bidaiatzea beti izan da bizitzaren osagaia: nahitaezkoa edo halabeharrezkoa batzuetan, plazerezkoa bestetan. Zorionekoa bidaiatzearen zoriona aurkitu duena. Bizitza osatuagoa izanen du.

* Bide ibilietatik dabilena turista edo ibiltari soila izanen da. Oso askea, barne askokoa, behar du izan ez dagoen bidetik bidaiatzeko,  zapaldutako bideak utzi eta bide berriak asmatzeko. Norbere baitan aske eta besteengandik aske batez ere. Oso bakanak eta bakarrak dira horrelako bidaiariak, biderik ez dagoenean bidaiatzeko gai direnak.

* Sarri galtzen gara bidaietan, ondoen planifikatutako bidaietan ere, galdu beharra ere badago agian. Baina ze amorru ematen duen bidaia batetan galtzeak. Galbide eta amorruok gainditzean  dago bidaiari sena.

 

Zertarako

* Bidaiatzea beti da atsegina. Aberasgarria, okertzen denean ere.

* Helburura heldu aurrekoari halako urduritasun goxo eta misterio kilikagarria dario.

* Abentura punttua, irrika berezia, urduritasun ziztadaren  eragina du bidaia arrunt eta errazenak ere, are gehiago gorabeherak dituenean.

* “Nahikoa eta gehiegi pisatzen du zeruak bestela ere nire sorbaldetarako, ez dut beste kargarik behar. Ez horixe”. Sorbaldak arintzera doa lurralde ezezagunetara ibiltari bisitari denak, eguneroko arduren zama arindu nahi dute batzuk, urteen astuna besteek. Pauso arina ohi da bidaiariek daramatena, makuluekin edo junturak minduta dabiltzanek ere. Gorantz igoz arintzen da presio fisikoa, alborantz urrunduz egunerokoaren larritasuna.

 

Baldintzak

Helbururik gabe ibiltzea, ibiltze soila bera, izan daiteke helburua. Baina bidaiariak beti behar du helburu bat. Inora ez iriztea  da akigarria, etsimendua.

* Filosofia propioa, berezia, eskatzen du  bidaiatzeak. Bidaiari senak. Asko dira oportzaleak, gutxi bidaiariak. Gizakiari eta gizarteari buruzko aldartea eta jarrera aldatzea eskatzen du bidaiari izateak.

 

Nora 

* Badira bidaia osoa merezi duten une laburrak bidaietan.

* Bidaiari porrokatuenari ere, agian berari gehien, txiki gertatzen zaio mundu  itxuraz handi hau.

 

Sasi-bidaiak

* Zenbait leku, bidaia eta jendartetan  arimako barne-sotoetatik ihesi datorrela bururatzen zaio bidaiariari. Hoteleko gelari berari ere beldur,  ibilian,  bazter batetan eserita,  edo kafetegiko mahaitxoan zerbait hartu beharrean, egun osoan zerbaitetan, norberegandik ihesi bailebil bezala.

* Ezezagunen biltegia dirudite  hainbat leku eta paraje, ezezagunen esparrua dira turista-gune guztiak edo gehienak. Mehatxurik edo etsairik ez da normalean, baina lagunik ere ez.

 

Ezinak

* Bidaiariak ez du bisitako herriaren arimarik jasotzen. Gehienez ere, arimaren mintza. Antzeman besterik ez zaio egiten herriari bidaietan. Arinkeriaz hitz egiten da itzuleran, herriez eta bertako biztanleek aritzen denean bidaiaria. Olatu astuna hondar gainean bezala doa bidaiariaren begirada aurkitutako herrietan, azaleko bristadaz soilik jabetzen da, ihes egiten dio herriaren arimak, han behean gelditzen da.

* Ez da behin ere aurkitzen bidaiariaren zeru ametsa aseko den herririk, une batez hala iruditu arren.

 

 

Luistxo
Luistxo dio:
2016/06/13 15:13
Bidaiatzea ederra da, bai. Suertea baduzu dirutxo bat aurrezteko, bidaiatzen gastatzea ez da inbertsio txarra; ni hala saiatu izan naiz bizitzan.

Bidaiaren alde abenturero eta librearekin bat nator, baina batzuetan turista izan beharra daukagu. Turismo antolatuari halako kritika bat nabaritzen dut zure puntuetako batean, Jon, eta ulertzen dizut: nik ere fobia diet bidaia "antolatuei". Baina batzuetan "turista" izatea da herrialde bat ezagutzeko aukera praktiko bakarra, klase ertaineko soldataduna bazara, umeekin bazoaz; nolabait bide urratuetatik ekin behar diozu...

Nairobitarra delako autobusarekin egiten dituzten abentura horiek, "esperientzien" bidaia, oso ondo dago, baina bere puntu elitista daukate, nire aburuz.
Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2016/06/16 10:40
Ados zehastasunekin. Geuk ere egin diizkiagu bidaia antolaturen batzuk, baina horren barruan ere eta ahal den neurrian,geure kasa ibiltzea nahiago diagu.
Oier Gorosabel
Oier Gorosabel dio:
2016/06/18 09:10
Aforismo ederrak, Jon.

Ni neu mundutik ibillittakua naiz, baiña bidai gogoangarrixenak etxetik hurre xamar egin dittudaz, oiñaz, galduta, bakarrik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.