Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak2001. Bretainia Handia

Bidaiak2001. Bretainia Handia

Jon Etxabe 2022/09/26 10:25
Eskozia: Ipar itsasoa

IPAR ITSASOA. Fort Bridge, St.Andrew, INGALATERRA: Berwick upon Tweed. Gupar

 

 

Maiatzaren 26a. Larunbata.  25.a - E:3.a

 

“Puskak biziz”.  Juanjo Olasagarre:

* “Ahanztura ilunaren uhinak bailiren / datoz bizitzak, / ahanztura ilunaren uhinak bailiren / badoaz”. Errealitate bihurtutako ametsak bailira datoz bidaiok, eta ahanztura gozo bihurtuta doaz.

* “Arrats gorri: / euria egin du eguerdian, / basoa, / ilun zegoen, / karrika hutsik, / etxea bare”. Funtsezkoa du eguraldia bidaiariak, funtsezkoa ingurua, funtsezkoa barren barea ere.

* “Egiak ideien munduan baino ez du balio. / Ziurtasunarekin nahiko da errealitatean. / Gutxi gura-beherakoarekin bizitzan”. Gutxi gora-beherakora  ere ez da heltzen turistaren  bizipena, egia bailitzan kontatzen badu ere ziurtasun osoz begiek ikusitakoa. Herri baten, naturaren beraren, bizitzak ihes egiten die turisten begiei. Herri baten azaleko mintza bera ere ez dute urratzen  turistaren begiek. Datu multzoaren lotura da bizitza, oso sakonean doan ura. Azaleko agerpenez gozatzea da turistaren xedea eta aukera.

 

Txantxangorria da inguruan begien ageriko hegazti bakarra, belarrien agerikoak, berriz, pila. Habia du nonbait txantxangorriak belartza gaineko adarretan: lau aldetara burua jiratu, adarretatik handik hona etengabeak egin ondoren desagertzen da.

Ez kanpina betetzeraino, baina bezero ugari sartu da astebururako kanpinera. Motorzaleak ditugu auzo herenegundik.

Bart euri-txirta egin zigun, eguna, aldiz, distiratsu esnatu zaigu. Portatzen da eguraldia ingelesekin asteburuetan.

 

 

IPAR ITSASOA

 

Ez zaigu aldatu lurraldearen jitea, paisaia, Ingalaterrakoaren antza du Edinburgoko inguru zabalak: ordeka zabalak, gari-sail, zuhaitz eta belartzez berdeak; koltzaz, berriz, hori. Behiak daude tarteka larrean. Ez da, ordea, ardirik. Ez da izurrite, ez debeku zigilurik. Ez digu harridurarik edo irrikarik jadanik sortarazten inguruak, ezaguna zaigulako, Ingalaterrakoaren antza baitu, baina atsegina da, dotore doa horregatik bidaia.

 

Herri eta etxez jositako ordeka zabala. Gris tristeak eta ilunak dira barnealdeko herriok, zarpeatutako horma ilunak teilatu beltzaren azpian, langile-herriak behar dute izan, esklabo modernoak pilatzeko eraikin merkeak, industrigune ugari dago. Itsasotik gertu egonik, badirudi eskoziarrek lur barrura begiratzen dutela, nekazari herriak dira itsasertzean arren. Neke eta kezka asko pairatzen duen nekazariaren herriak dirudite, erabat austero eta serioak. Baina ez ote aldi berean kontrabandista herria?. Film eta eleberriek sarri erabili dute kontrabando gaia itsasertz honetako herriak eta biztanleria girotzeko.

Otadiak aitatu behar ditugu berriro: erraldoi eta bizi horitzen dituzte esparru zabalak. Pagadi eta hariztiak badiren arren, pinua da nagusi. Gereziondo pila izan da une batez. Urrutira beti da mendi-lerroren bat lautada moztuz.

 

Fort Bridge.  Bi zubi dira: trenbidearena bata, burdinazko hiru konkor erraldoi, urrutitik bistaratzen zaizkigu zuhaitz arteko berdegunearen gainetik; errepidearen zubia da bestea, joan den gizaldiko erdialdean eraikia, 2.500 metroko luzea, ia bertaraino heldu arte ikusi ezin ditugun tantai eusle garaietako kableetatik zintzilikatuta. Zirraragarria da zubi-gainekoa, itsasadar zabala zeharkatzen du, oso garai, gure begien begiradapean utziz inguru osoa urrutirainoko zabaleran. Oinezkoek ere badute pasabide edo ibilbide zabala zubiko errepidearen alde bietan, badabiltza ibili ere turista jiteko gutxi batzuk, turistentzako amu dirudi zubiak.

Mapan agertzen ez den herri mordoa zeharkatzen dugu. Herri tristeen sentipena uzten digute etxe bakanak eta txukunak diren arren, bakoitza bere lorategitxoarekin; etxe zainduak baina ilunak, tristeak. Bizimodu gogorra erakusten duten herriak.

Tximinia bitxiak ikusi ditugu herritxo batean: formaz, luzexka hexagonalak batzuk, borobilak ohi denez beste  batzuk, baina arnasa hartzeko edo tiroa emateko tututxoekin alboetan.

 

Itsas kontrako herritxoz herritxo egin dugu bide luzea. Ibilbide erakargarria. Itsasgain goaz, badia zabalaren bestalde urrutia uneoro begietan, aurreko itsasertz eta itsas urdin azalaz gozatuz. Joan lasaia larrituko duen auto zaparradarik ere ez dabil. Merezi izan digu etortzeak. Zinez. Geratzeko tentazioa ematen duten herritxo lasai txukun zaindu atseginak dira. Giro alaiagoa darie harrizko ilunak arren, halako zerbait ezberdina dute, dela leiho inguru zurituak, dela etxe inguru dotore zainduagoak, dela teilatu-buelta edo teilape ertz pintatuak... itsas giroa dute, herri ondo-biziak dira, igandezalea edo igande-pasakoa dator hona lasaitasun bila. Teilatu gorriak ere sarriak dira zenbait herritan. Beste zenbait herritan portua ere iragartzen dute errepidean. Badira herri harroxkoak ere, etxeak eurak banakakoak, bakanak, bakoitza da bera, albokoarekin hormarik partekatu gabe. Eliza-dorreak eurak ere deigarriak dira, jite ezberdinekoak, berez moskote txaparroak, zabaltzaz bukatutako karratuak,  baina modaren batek edo ahalbide oparoagoak luzapena ezarri diena, luzapen koniko edo piramide motzak, behin ere ez orratz punta-luzeak.

 

Elie, St.Monans, Pittenweem, Anstruther... eta mapan agertzen ez den hainbat herri.

 

Herritxo orok du bere “Caravan Park”; hala deitzen diote Bretainia Handian kanpinari.

Badirudi S.Juan suak gertatzen ari direla: soro baten erdian traste zahar pila dago bilduta.

 

Crail. Harri-hesiak, bide luzean, harrizko zutabe  sendo zabalak dira sarrera-langak jartzeko eusleak, zutabe asko, ia berdinak denak, bitxiak eta bereziak ezer bitxi eta berezirik ez badute ere. Zerbait ezberdina hartzen dute baratze eta soroetan: hosto berde-ilun gazte zabalekoa mastrak dituzte, berdin izan daiteke arbia edo erremolatxa: badirudi herri honetako nekazariek bide berriak jorratzen ari direla nekazaritzan.

Gurekin daramagu itsasoa, urdin, eder, irlatxoek eteten dute badia erdian ur-gain zapala.

 

Bihurgune itsuak osatuz doa errepidea azken unean. Ingalaterran sartu ginenean deigarri izan zitzaizkigun erdiko marra zuriko argitxoak agertu dira hemen ere, gauez segurtasuna eman nahiz errepideari.

 

St. Andrews. Zinta hori batez  karratu bildutako badia baten sakonean agertu zaigu. Eliza-dorre pila ikusten zaizkio hurreratzean. Itsas kontra dago baina ez da itsasora begira bizi: konporta batez ixten zuten ibaia garai batean, agian maria gorako ibai-gune zabala portutxo jarraitzen zuen maria beheran ere; lur laua da, mariak asko egiten du behera,  zaila behar du izan inguru honetan portu bat sortzea; ontzitxo txiki batzuk daude gaur egun hondar lohian etzanda mariak gora noiz egingo kulunkatzeko zain, jostailuko belaontzi eta motortxoak dira, guti, nanoak.

Ez da itsas herria, ez da uda-herria, ez dago itsasertzean inolako muntaiarik, nahiz katedrala eta gaztelua itsasertzean dauden. Hiri barruan egiten da gaur egun bizimodua, lur barruko giroa du. Dendetan euretan ere ez da hondartzako saltoki girorik. Hiru kale nagusi ditu herriak, Hegokoa, Iparrekoa eta denda-kalea, Market Street, erdian; kale luze zabalak, bizi-biziak jendez eguerdian: bizipoza dario giroari. Giro bizia da herrian. Etxe bikainak ikusi ahal dira, harrizko ederrak, banan-banakoak; zoko eta pasabideetan sartzeak ere merezi du. Unibertsitateko patio erdian sekulako artea, zuhaitza, da ezuste atsegina. Tximinia-sinfonia da teilatueria, kontaezin ahala tximinia, gela bakoitzak bere beheko sua duela erakutsiz. Tarteka aurkituko duzu antzinako etxetxoren bat ere Ipar-kalean, itsasgainekoan alegia: arrantzale bizitoki jiteko etxetxo ilara luzea, lehen solairuko etxetxo zaparrote baxuak, kanpotik harrizko mailadia dutenak, eskailerapean berriz sotorako sarrera. Hegoaldeko kalean beti dirudi norabait heltzear zaudela, baina ez da sekula bukatzen, azkenez kale-sarrerako atera jotzen duzun arte; kale berean bestaldera begiratuz katedraleko dorreek eta teilatuetako gailurrek halako ikuspegi eta zilueta bitxia eskaintzen dute.  Harresi gotor batzuk ere badira: sendoak, gotorrak, ez oso garaiak, ez dakit zer inguratu edo babesteko jasoak.  Herrira sarreretako bat elizako sarrera izandakoa da: ate-gain gotiko zorrotzeko bi atek osatua, kanpokoa zena bata, eliza barrurakoa bestea, elizpea zeharkatuz sartzen gara beraz eki aldetik herrira, autoz noski. Gaztelutxoa itsasgaintxoan: txikia eta potxoloa. Erabat taxutu dute itsas ingurua, ibilbide atsegina bihurtu dute. Maria beheran itsaslabar luzeak geratzen zaizkio agerian dotore itsasoari, algaz jantzitako haitz luze etzanak, itsas usain sarkorra dariela.

Katedrala. Aipamen berezia behar du, hiriko altxorra, bisitaria dakarrena, gidaliburuetako izarretariko bat. Hondakin bitxiek osatzen dute, edozein ikuspegi edo ertzetik begiratzen duzula ere, are bitxiagoa, are deigarriagoa aurkituko dituzu hondakinok, zu zeu bilakatzen zara inguruaren partaide, inguruaren zati zara zu zeu, edonora zoazela ere hondakinotara, ikuspegi bila,joango zaizkizu begiak, hondakinon dotoreziak eta bitxikeriak liluratuta, erakarrita. Ez zara aspertzen, edozein inguruan edo edozein bazterretik lehengo haiek bera baina aldi berean ezberdinak aurkituko dituzu hondakinok. Abian jartzen dizu irudimena, halako giro sorgindua sortzen baitu. Esparru zabala da, erabat hilerri bihurtuta, hilobi artean gabiltza begiluze bisitari ugariok hil-lauza artean, belartza bigunean, hondakinoi so, harresietatik kanpo itsasgaineko pasealekuan gaita-jole gazteak bidaltzen digun soinu ezti baina era berean zorrotzak bilduta. Bitxietan bitxia, liluratuta eta ahozabal utzi gaitu. Dena da hondakina bertan, baina hondakin dotorea, liluragarria bere osotasunean. Fatxadak zutik dirau, mehe, lerden, forma bitxiak erakutsiz, zutik diraute abside eta gurutzadurako dorreen zatiak, zutik dirau kaperatxo baten hormak, baita zutik dirau ere kaperaren dorre karratu, neurriz kanpoko luze-garaiak. Bada monasterioaren horma eta arrasto gehiago, non hargin ezberdinek utzi zuten bakoitzak bere sinadura, bere marra propioa, harri bizian zizelatuta. Harrizko mahaiak dira sarri hilobien estalki edo gainekoa: hildakoen parrandetarako jarriak, ala hilobira bisitarien atsedenerako: hemen ere mozkortiek musean egiten ote hilerrian?.

Herri bitxia, etorriaz damutzen ez zarena. Bisitari pila datorkio, ez da harritzekoa, igande-pasarako leku aparta baita igandezaleentzat.

 

Auto pila doa  S.Ander aldera. Auto eta auto-karabana asko dabil errepideetan asteburuan.

Ezkontza-auto karabana luzea: lehenengo hiru autoak antzinako deskapotagarri muturluzeak dira, zinta zuriz dotoretuak

Zerri-granja batean belar-fardoz eginak daude zenbait txabola.

Padura edo hondartza-istinga ikaragarri zabala, lohi-lohi iluna, itsasadar batean.

 

Cupar. Herri serioaren itxura du. Herri ondo-biziarena. Herri aparta dirudi. Harrizko etxe ederrak, bitxiak batzuk, hauen artean eliza bat,  dorretxoa  du fatxada gaineko teilatu ertzean gaztelu bateko zelatariaren garita bailitzan. Zutabe mehe luzea, zutabearen puntan zalditxoa, bekokian orratza duela.

Cuparreko kalean behera oinez hara non motorzale taldea, bere jantzi koloretsuak soinean, kaskoa eskuan: herriaren jabe eginez datozen cowboy modernoak dirudite.

Itsasadartzat hartu dugu laku zabala, luzea eta urdina, baina lur barruan dago.

 

Goizeko zubi biek zirrara bera sartarazi digute etxera itzuleran.

Gailen eta gotor dager Edinburgoko gaztelua, ingurabidetik, oso urrutitik, begiratuta.

Musselburg-en, gure kanpin-herrian, ibai bazterreko belartzan etzanda dago jendea, bertan egiten ari dira zenbaitzuk eguerdi beranduko mokadua. Eguzkia agertu orduko etzaten dira ingelesak hurren duten belargunean. Belargune asko dute, belar trinkoko alfonbra diruditen sail zainduak. Agerikoa da belartzaren kultura Bretainia Handian, belartzak zaintzen ahalegintzen dira, baina erabiltzeko, bertan etzan edo esertzeko, eguerdiko mokadu orduan besterik ez bada.

Peralte izugarri pikea du hipodromoko pistako bihurgune batek, gehiago dirudi autoen pista: beti uste izan dut erabat lauak zirela zaldi lasterketako pistok.

 

240 kilometro, damurik gabekoak itsasertzetik, S. Anderrera.

 

Mukuru bete da gure Caravan Park, handia eta zabala den arren. Zergatik pilatzen da jendea hiri erraldoietan gero noiz ihes ahal izango bizi bada?. Jende nagusia da gehiena, heldua, edo ume txikidun bikoteak. Bada dendarik ere, gazteak dira dendadun bezero denak, eta esparru berean bilduak daude.

Herri oso bat da kanpina, badirudi bata bestearen gainean bizi garela, baina bakoitzak bere bizitza du, oso bakartia da bakoitza, bestearen hain hurbil egonik ere.

Larunbata izaki, futbol eguna: umeek jantzi dituzte futbolari kamisetak. Gauez ordea ez da partidu-hotsik entzuten telebistetan. Isil jartzen dute nonbait telebista, bezero-kideen errespetuz edo.

Gatzaga bat dago kanpin azpian, itsasertzean, itsasgainean baikaude, nahiz itsasoaz ia jabetu ere egiten ez bagara ere. Arratseko une batez itsutu egiten gintuen: itsutu egiten gintuen ispilu erraldoi distiratsuago ezina  bihurtu du gatz geruza eguzkiak. Egun orok du bere istant berezia: ispilu bihurtutako gatzagarena eta St.Andrewko katedralekoak izan dira gaurkoak.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien:

* “Eta nola oroitarazi zidan Amsterdanek, bere kanalekin, Venezia”. Niri ez.

* “Egunerokotasunak ere bere usainak baititu”.  Ez da bi egun berdinik ibiltariarentzat.   

* “Zeren biderik gabe ez baitago ibiltzerik”. Ibiliaz bidea egiteko ere, non ibili izan behar da.

 

 

Maiatzaren 27a.  Igandea.  26.a – E:4.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre.

* “Bizitzaz gaindi aritzeko joera hori / eternitatearen merkealdia baizik ez da”.  Idaztea, egunkari hau idaztea ere, hori bera litzake.

* “... eta abenturaren magia erakusten”. Bidaia orok erakusten du abenturaren magia, “legeak  agindutako betebeharrak  eskatzen”  duen hori hautsi eta “ohiturak eman eskubideak bere egiten ditu”-enaren arteko “mugarrietan” gabiltzan “mendebaleko gizakiok / bitartekaritzan gabiltza beti”.

* “Batetik bestera / bidean beti bidean”. Ibiltariaren funtsa eta patua. Hala ez izatera ez litzateke ibiltari edo bidaiari.

 

Gau umela bartkoa, euri zirinak ere ekin dio, baina hobetuz joan da eguna, aukerako arratsalde eguzkitsua geratzeraino.

Caravan Park pila dago iragarrita: takian-potian, errepideko edonon, dago iragarrita bat.

 

Kostaldea

Itsasoa izan dugu lehen ibilbideko lagun. Itsaso urdina genuen alde batera, mendi-muinoak estaltzen duen itsasoa bera bezain zabala den berdegune tontortsua bestaldean;gradu ezberdinetan sailkatutako berdetasuna. Ez ditugu aurkitu espero genituen kostaldeko herri zuri, edo gutxienez argiak; argi tristeak dira etxe argiak eurak ere. Ez dute erakargarritasun berezirik harkaitz gorriko labar perpendikularrek, itsasertzak beti duen apartekotasunetik at. Ihes egin diogu une batez  itsasbazterreko bideari, bidaia luzatuko zaigun beldurrez, lixiba baitugu arratsaldez kanpinean. Trenbidea izan dugu auzo, trena bera ere bidelagun tarte batez.

 

Dunbar. Hondartza eta turistagune deitzen dio gidaliburuak. Izan badu hondartza, baina ez du hondartza girorik, ingurua begiratuz behintzat. Portutxoa du bitxia, “portu zaharra” deitzen diotena, arrantzale portua: ontzi gutxi eta  txikiak ditu, motordun bateltxoak; portua bera da deigarria: sarrera estu bihurritua, nolabait itsaso haserretik babestu nahian edo sarrera erraztu beharrez; maria beheran portu-azpi dena da lokatza beltza; harri gorriz eraikia, bere aspaldikoan darrai, oso xume, oso etxeko, inork ukiturik ere egingo ez balio lez, inor beraz arduratuko ez balitz lez.; bada beste nasa bat aurrerago, ez zaio kanpoko moilarik ageri. Erdiko Kalea, herri barrenean,  zabala, bertan da harrizko etxe edo dorre aspaldikoa, begiratzeko bezain bitxia, bere atarian kaioekin jolasean ari den mutikoaren brontzezko irudia, bada beraz gertakizun edo kontakizun bereziren bat. Elizak: dorretxo estuek ematen diote jite estilizatua bata; luzexka, eta harri gorriko dorre karratu zapalak gotorleku itxura ematen dion bigarren bat bestea. Estu luzea da hondartza, hori argia, lur kontra,  harkaitzek ematen diote jarraipena itsasorantz, urik gabeko maria beheran biluzik bezala utziz hondartza.

 

Zementu fabrika: lur-zoroan dago harrobia, beherantz irekita, itsas kontrarago ezin.

Hondakinak besterik ez zaie geratzen iragartzen dituzten gaztelu eta abadiei, hondakin ospetsu ederrak, hori bai, baina hondakinak  hein batean.

Lautadan beti da errekatxo, ibai edo zubiren bat begiak eta bidaia alegeratzeko.

Itsas zoru oro da harkaitz maria beheran.

 

 

INGALATERRA

Ez da nabarmentzeko ezer berririk, ezta etxerakoan beste bidetik muga zeharkatzen dugunean ere, lurraldeak bere lautada berde berdinean dirau. Muga honetan ez zen lehen sarrerako bidetik izan genuen aldats gaineko muga, ikuspegi eta lurralde berria girotzeko gaita-jolerik. Poztu gara hartu genuen beste errepide hura hartuaz.

Lurralde eta herrialde hau ingeles eta eskoziarren arteko borroka eta liskar-gune izan zen, orain batzuen eskuetan bihar besteenetan.

 

Berwick upon Tweed. Herri koskortua, ezin igarri plaza ala kalea den udaletxe aurretik sarrera arterako gunea. Ranpart-ak, harresiak, dira hiriko altxorra: izugarrizko hormatzar gotorrak, zabalak eta luzeak, muna erraldoiak hiria itsaso aldetik babesten dutenak, hormek eutsitako munak, erabat gotortu eta zulogunez betetako azpiekin; sekulako defentsak; deigarriena egin zaigu ingurune osoa bihurtu dutela ibilbide eta berdegune: bide-gorriak, harresi gaineko behatoki diren eserlekuak, futbolzelaiak, golf-zelaiak... ordu-pasarako sekulako parajea sortu dute. Harrizko eraikin ugari da, jauntxo-herria izan zela taxua ematen diote herriari. Elizak,  hainbat, badira  sinesmen ezberdineko lau ehun metroren barruan, beraien artean Holy Trinity aitatu behar: Cromwell-en garaian jasotako bakarrenetarikoa omen; egitura berezia du kanpotik: barruko 3 nabeak nabarmentzen zaizkio, askoz garaiagoa baita erdiko zatia, albokoak tejabana gehigarriak bailiran; barruak ez du ezer berririk eskaintzen, bankuteria ezik, ilara bakoitza erabat gordea eta hertsia dago; organo pintatua, bitxikeria da, baita presbiteriora ageri zaizkion tutueria nanoa ere; zurezko leuna da sabaia, apainduriarik gabekoa. Eliza inguratuz hil-lauza basoa berdegunean berezi, harrizko kutxatzarrak dira deigarriak, airean daude. Udaletxea: ederra, zutabe eta dorre lirainekin; irekia du atzealdeko azpia, zutabe ugarirekin, Venezia lurraldeko logiak gogarazten dizkigute. Itsasertz atsegina du, portua ere aitatzen du gidaliburuak, baina ibaiaren itsasoratzea babesten duen morrua besterik ez dugu ikusi ahal izan: hondartza eta maria beherako lokatza erditik doa ibaia sigi-sagan,  agian ibaian gora lur barrurago dago ontzien gorde-gunea. Hondartza, ez du hondartza-girorik duen aztarrenik, herritik urruti dago, hondartza luze eta argiak ageri dira: nork daki herritik kanpoko etxeteria berrietako jendeak darabiltzan hondartzok. Baratzak ere aitatu behar: sail txikiak dira osotasun bat osatuz, sail bakoitzak bere txabolatxoa du, zenbaitek teilatuko ura jasotzen du; iluna da lurra, ia beltza, erabat fina, harea edo hondarra bailitzan; denetik dago baratzotan, erretura usaina hartu dut, bidoietan erretzen dute belarra, arnasbide edo ke-ihesbide tutua duten estalkiz estalitako bidoiak.

Denda asko dago zabalik igandea izanik ere, erruz dabil jendea kaleetan, igandezale bisitari ugari datorkio. Izan bada gaur bezalako egun eguzkitsu batean ordu-pasa etortzeko herria, harresietan paseatuz  zenbait ordu egiteko herria.

Ibilaldi atsegina izan da, izozkia gozatuz, zati bat.

 

Bageneramatzan pare bat egun ejertzitoaren aztarnarik gabe, baina gaur hiri honetan egin dugu topo berriro berarekin: hiriaren ia erdian dute kuartela, patioan ari ziren instrukzioan emakumezkoa zutela buru.

 

Lautada berdea. Goietatik goazenez mende hartzen dugu ordeka mugagabea. Izugarri deigarria eta atsegina. Koltza sail erraldoiek horitzen dute lurralde berdea. Izugarri atsegina da ibilbidea.

 

ESKOZIA

Kartel xume batek iragarri digu Eskozian ginela.

Azkonarrak zeharkatu digu errepidea, azpialde iletsuaz galipot zorua garbitzen bezala, arin eta luze, autoon beldurrez bezala.

Bada xehetasun deigarririk: ibai, errekatxo, zubitxo... Pagoz eginikoak dira zenbait hesi, egoki eta artez moztutako pagoxkak, hesi dotore apartak, halakoak dira inguru honetako ia hesi denak, elorriz eginikorik ere ba da; pagoa eta elorria tartekatuta daude zenbait unetan, hesi dotore, sendo eta trinkoa egiten dute.

Goxo doa etxerakoa Guridi eta Usandizagaren musika entzunez. Tarteka etxe eta granja harrizko dotoreak ikusi ahal ditugu, patio karratua duen sekulako bat tartean, baina tristeak dira granja gehienok, ilunak, inguruko horma leun batez gordeak, ez balkoi,  ez behe-leiho.

 

Duns. Kolorez eta egituraz alegerak dira etxeak. Zaldiak larrean: tarte honetako animalia bakarrak.

 

Izurritearen bidea.  Durhan inguruko lurraldetik ezaguna zaigun errealitate gordin berarekin aurkitu gara kilometrotako bide luzean: izurriteak hertsi dituen larre, granja, desinfekzio guneak, errepide moztuak, oinezkoentzako debekuak... Bada tarteka artalderen bat edo behi aldraren bat larrean. Izurritearen presentzia nabarmenak kizkurtu egiten digu bihotza: ze tragedia nekazal etxeotan. Lur barruan galdutako lurraldea da, mapan agertu ere egiten ez diren errepideetatik goaz, mapan arraia zuririk ere merezi ez duten errepideetatik, herri-bide estuetatik. Paisaia aparta da izan, ibilbidea, atsegina; gora eta behera goaz, bihurgunez bihurgune berdegune paregabean. Oraingoz aurkitu dugun urtegia, ez da horma handia berea, ez da zabala ere, baina bai luzea: ezuste bitxia gertatu zaigu mendiarte berde honetan.

 

Basamortua. Gora behera hasi da errepidea, mendi-muino artean sartu gara ondoren, jarraian tontor leunen artean, tontorrak gero eta garaiagoak bilakatzen dira, oso garaiak ikusten ditugu urrutikoak. Baina ez da zuhaitzik, ezta  bat bera ere, txilar ilunak hartzen du mendi-zoroa osoki, belartza arrea bailitzan, mendi-zoru ia osoa da iluna eta latza. Hauek ote goialdeetan zain ditugun mortuak?. Zirraragarria da ikuskizuna gure begientzat. Belartza batean,txila-sail baten azpialdean errekatxo baten iturri den  ur-aho oparo bizia jaiotzen da. Inguru berezia. Gainez gain goaz errepidean ikuspegia bitxia beti begirada pean.

Animaliak kikildu eta atzerazteko errepide zoruko burdina-sareak jarriak daude, animaliarik ez bada ere gaurkoz, animalia lekua da hau izan. Sakanako eta Urbasako errepidera esportatu zuten asmakizuna, zaldi eta behiteriak alde egin ez zezan, errepidea pasoa galarazteko teknika, ez dirudien arren, muga eta hesi zapalak.

Sekulako ikuskizuna agertu zaigu une batez, behatoki apartekoa bilakatu zaigu eremua: Edinburgo aurreko badia eta lurraldea, ikuskizun ederra. Mendiaren beste aldera egin dugu, itsasalderako dena, begi-bistak hartzen duen zabalera oro da txilar -sail iluna.

 

Beherantz, %17ko pikeak ditu errepideak hainbat aldiz. Gorabehera etengabeak ondoren, autoentzako txirrista dirudi errepideak, feriako ibilbidea da hau.

 

Griford. Zuriz pintatutako herria, zuriz daude etxe gehienak, zenbait kale osoki zuriak dira. Elkarri lotutako etxe txikitxo alaiez osatutako herria. Herri alegera.

 

Ordekan sartu gara azkenik: hesi berdeak,  haritz, pago, elorri-hesiak, lurraldeko sail ezberdinak edo jabetzak mugatuz, banatuz.

 

103 kilometro, ibilbide arraz ezberdinetan.

 

Kanpinean diraute etxatoi gehienek: galdetu dugu ia bihar jai duten, auskalo zein Basko astelehen ohituraz. Urteko bankarien jaieguna omen biharkoa, Maiatzaren lehen astelehena izaki. Beraz banketxetako bulegari eta langileek bete dute caravan park hau asteburuan, ondo-biziak datoz beraz hotel herrikoiotara.

Afaldu goiz afaltzen dute ingelesek kanpinean, 12etarako mokadu bat jaten ari dira, gosaldu aldiz ez ditugu goiz gosaltzen ikusten.

Gazte bikote holandarra dugu kanpinean. Ezin zuten huts egin holandarrek. Ez dira agertu oraindik jubilatuak, Ekainean izanen ditugu kanpin-kide edonon.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien:

* “Utopia, hitzak dioen bezala, nehon ez dagoen lurraldea duk...”. Ameslariekin topo egiten duzu bidaiotan, Londresko manifa edo Newcastle-leko animalien aldeko taldekoak adibidez, baina egia da ez dela utopia-lurralderik, irudimenetik  edo nahimenetik at,gizakiak eta ekonomiak kolpatu edo menderatutako gizartea soilik.

* “Libertatea lur bat duk, bai, baina egun oroz konkistatu eta irabazi beharra dagoena”. Libertatea eta askatasuna lotzen ditugu sarri euskaldunok, lur konkretu batean kokatzen ditugu askatasuna eta askatasunean bizi nahi dugun libertatea. Eta egurtu egiten gaituzte inkisidore modernoek sorgin-ehiza itsuan. Gabiltzan eta goazen herri orotan askatasuna lortzearren izaniko ahaleginen museo eta kontakizun franko aurkitzen dugu, harro herri bakoitza izan dituen gerra odoltsuengatik. Guri ostera debekatu nahi digute Euskal Herria Burujabe Utopia. Ametsa bera ere ukatzen digute.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.