Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK. Alemania 96

BIDAIAK. Alemania 96

Jon Etxabe 2019/08/23 11:13
Bon, Kolonia, Akisgran, Düselderrf

Ekainaren 23a. Igandea. 52.a

 

S. Juan bezpera.

 

Merkantziez zamatuta garraio-ontziak, bidaiariz turista-ontziak, etengabeko joan-etorri aspertuan, ez zaizkigu inola ere aspergarri, asperrezin baikaude denda aurrean, liluratuta, beraiei so. 

 

Bon

Baditu oraindik erdigunea den bere lehengo zaharrean hiri guztien osagaiak: plazak, udaletxea, kaledia, etxeak... baina dena da nahiko arrunta. Betowen zen bertako semea.  Alemaniak hiriburu egin zuelako-edo gabiltza turista pila, bakoitza bere aldetik, trumilka, kaleak betetzeko haina ez bagara ere, bai inurriak bezala alde zahar osoko kaleak girotzeko; ibili  isilean, eguraldiaren antzeko giro hotzean, bertako bakea hausteko beldurrez bezala, hurrengo zaparrada noiz etorriko.  Gaur ez dago jubilatuen autobuskadarik.

 

Zabala da Bonn, zabala da baita hiriari luzera osoan, arnasa eta argia emanez,  erdibitzen duen Rhin ibaia ere. Luzeak behar zuten zubiek ere ibaiaren zabaleraren arabera: ia alderik alderako burdinazko begi bakarra du Kenedi zubiak; Tuterakoa gogoratzen digu bigarren batek bere kable eta ardatzarekin. Pasealekuak ere ez du bukaerarik Rhin bi bazterretan, hasi Betowen kontzertu-etxetik eta Bundeshauseneraino.  Patxadako hiria izango zen probintzia-buru zenean,  politikak erraldoi egin zuen arte;  erdigunea soilik da lasaia gaur egun, besterik ez.

Bundeshaus etxeorratza: osteko mendiak baino gailenago dager Rhineko edozein ibai bazterretik ikusita ere. Bada erdiguneko kale-artean ia itota,  dorre bat, hiriko atea zenaren hondakina. Dom edo Münster: erromanikoa, dorre-orratz beltza luzatzen zaio sendo gora bidean, luzatu nahi luketen arku motzekin; barruan intsentsu usai sarkor trinkoak betetzen ditu sudurzuloak; kapitel eta goibueltako pasilloko arkuteria pintatuek girotzen dute eliza, erakargarritasuna emanez; hurreratu ezin daitekeenez ezin dugu argitu  presbiterioko pinturak ala mosaikoak diren absideko marrazkiak;  santuren baten hezurrak gordetzen dituen kripta zabala; gainaldean jauntxoren bat marmol bihurtuta ezer ikusi gabe sabaira begira duen hilobi bat; triptiko eder  bat; S. Kristobal   garraiolarien laguntzarako-edo erraldoiki pintatua horma batean; gainaldea gandortuz zurezko taila finak dituzten aitorlekua; ohizko taila, koadro, eliza ospetsuetako bitxikeri ederrak, jauntxo edo gotzainen batek plazerez, agian bere oroimena luza asmoz, jarritakoak.

 

Ohiko soinujole eta gitarra-joleak, baina batez ere klarinete-joleak berotzen zuten  Shuberten Ave Mariarekin eguerdiko bakardade bustia.

Alemana zen hirian ia entzun ere egien ez zen hizkuntza bakarra, etorkinak baikinen nagusi  atseden eguneko familiako egun-pasan bertakoek aske utzitako hirian.

Rhin ibaia ez dago hila: gure harridurarako lainoetatiko uretik guardasolez babestuz, arrai handi bat atera du zikin itxurako ibaiko urari kanaberaz etekina atera nahi zion peskariak. Azalean Alemaniako ekonomiaren arnas den ibaiak bizitza du barnean ere.

Sekula baino lotsagabekiago zebiltzan txolarreak Bonneko kaleetan, ibiltarion oinen artean, janari apur bila janari-denda aurreetan: politikoen sinbolo, ekonomia eragileen irudi,  Europako kapital faktikoan.

Bi lekutan ere ikusi dugu salgai El Pais; bietan ia metro erdiko multzoa osatzen zuen piloa zegoen; espainiar asko dabil nonbait hiriburu honetan txolarreak bezala apur bila.

Nürenbergen irakurri genuen azkenekoz Espainiako egunkaria, Galindo kartzelara sartu zuten egunean. Geltokian irakurri dugu gaurkoa: Presidenterik gabe gaude Nafarroan, Otano Lehendakaritza utzi beharrean izan delako Suitzako diru-kontua dela eta. Uste genuen aurreko ageriko ustelkerien ondoren kargu berri bat hartzen zuena garbia izan ez arren ere gutxienez garbia egongo zela, eskarmentuagatik bederen. Bizar zuri hau zen HB eta ETAren kontra aritu izan den lotsagabea. Garbi dago ezinak, hutsak eta zikinkeriak babesteko eta estaltzeko direla ETAren aurkako erretolika eta politikakeria,

74 kilometro, kilometro gehiegi Bonn hain gertura izanda.

 

 

Ekainaren 24a. Astelehena. 53.a

 

Etxeratzen goiztiarrak omen alemaniarrak, nola ez, eguraldi honekin udaberrian, udako atarian ere, ez baitago kalean egoterik.

Gurutzatzen diren ibaiko zamaontzi garraiolariak elkar ezagutuko ote dira kamioilariak bezala.

Autoa da aro honetako jainkoa, bere inguruan eratu da gizartea, berarengan bilduta bizi gara eliza batetan bezala, autoa da zer sakratuena biztanleriarentzat, autoari esker mugitzen da gaurko gizona, autoa da desio, lilura, itxaropen eta altxor nagusia.

Barrutik hutsak, irudikatzen duten pertsonaiaren zein hor jarrarazi dituztenen barne hustasuna, itxura egite hutsa, adierazten ote brontzezko estatuek?. Barnean airea besterik ez duten brontzezko irudiak izanik, gizartearen arintasun, azalekotasun eta kanpolarrosa jitearen irudi esanguratsuak lirateke estatuok.

60 edukontzi  zeramatzan agirian, barnean auskalo zenbat, elkarri lotutako garraio-ontzi bikote batek:  garraiobide nagusienetarikoa da ibaia Alemanian..

 

Mika da kanpin honetako txori berria. Rhineko hegaztiak dira nonbait; ahateak etortzen zaizkigu  dorpeki hegaz lepo-mokoez tupust eginez lurreratzean. Kukurik ez dugu izan azken kanpinetan.    

Inguruan hain lotsagabeki dabilzkigun zozoak, elkartu ondoren udazkenean Euskal Herrian, lainoen kontrastean edo zeruko pantaila urdinaren aurrean multzo beltz, bidaiari ikusiko ditugu hegoaren aurka. Beraz, etxeranzko azken txanpan gaudela, ez diet adiorik esaten, udazkenera arte agurtzen ditut, ehiztariekin kontuz ibiltzeko aholkatuz.

 

Nire argazkiak bidaiaren puzzle zatitxoak besterik ez dira, garunetan ditudan piezak lausotzean bizitu eta elkarlotzen lagunduko didatenak.

 

Rhina, ahaztezina bilakatu zaigun ibaia.

Ilehoria izanen da daniarra, baina horrek ez du esan nahi liraina, lerdena eta ederra izan behar duenik.

Germanian zebiltzan erromatar legioek nola amestuko ez Italiako itsasertz epelak. Barbaroek ere eguzki bila inbaditu zuten mendebaldea. Arabiarrak ostera Europako freskotasun eta berdegune bila etorri zitzaizkigun .

 

Kolonia

10 eraikuntzatik 9 suntsitu zizkioten gerran. Berreraikitako hiri modernoak ezer gutxi du lehengotik edo antzinakoaren antza duenik. Eraikuntza moderno garaiak, bulegoak, saltokiak, turista aldrak monumentuen inguruan,  eta bertako biztanleria oinezkoen kaleetan gainezka, lirateke hiriaren osagai ezaugarriak.

Udaletxeko dorrea harrizko gizairudiz eta arkutxo gotikoz dotoretutako eraikuntza bikaina da, baita bere alboko lehen eraikineko solairuan ere arkupea duen logia, horniduraz apala baina bisitariaren begiak bere apaltasunez betetzen dituena. Noizbehinka harrizko etxe dotoreren bat.

“Elizen hiria” deitzen omen zioten Erdi Aroan, 150 eliza omen zituen eta:

Katedrala, famatu oso famatua, hirian gerrak barkatu zuen eraikuntza ia bakarra; agian hiritarrek babestu zutelako, errusiarrek Stalingrad-eko katedrala globoak zerurantz bota eta hegazkinak hurreratzea oztopatuz salbatu zuten antzera alemaniarren bonbardaketetatik; luze-zabaleran amaierarik ez duen eliza-puska beldurgarri eskerga; ez da batere fina ikusten lehen begiradan: zerbait beltz  izugarria da alboko kaleko ikuspegitik begiratzean; hain dago beltz, ia ez zaizkio bereizten hormetako orratz eta orraztxo kontaezin anitzak; ez da liraina, ez bizia, ez lerdena ere, gotikoek izan ohi duten bezala, multzo beltz erraldoia baizik; dituen neurriekin, hain handia, garbiezina da agian. Bada katedralaren albo bateko soto antzerakoan berrikuntza eta mantenamendurako soilik tailer handi bat; segur aski besterik ezin da egin hiria hondatu edo desitxuratu nahi ez bada.

Ia ez dago irudirik fatxada eta hormetan, zeruetako santutegi guztia dago sarrerako eta alboko arkuetan, harrian zizelatutako filigranazko irudi nanoetan irudikatuta. Zoragarria!!!. Egoera onean dirau, beheko irudi txikiren bat norbaitek golpez puskatu badu ere. Brontzezko ate landu bikaina. Barruan, beiradura zoragarriak,  5 nabeko barrualde luze-garaia irudiz eta tapizez beteta, lurrean mosaiko bikainak, jauntxo eta gotzainen tailatutako hilobi erakargarriak, pintura eta tailazko triptiko zoragarriak: triptikoaren ate bati eskura zeuden hainbat irudi eta kalbarioko kristoa eta ezkerreko lapurra lapurtu egin diote, organo txiki zaharra,  aulkiteriako sarrerak  eta bizkarraldeko freskoak, aldare luzearen oste aparta, presbiterioko erlikitegia, taila polikromatuzko gurutze-bidea, tailatutako S.Kristobal erraldoia. Itsulapikoarena gerta zaigu berrikuntza nabarmena: atean bertan jendeari oztopo eginez, kaxa lepotik zintzilika zeramaten gorriz jantzitako morroiak, itsulapiko biziak bihurtuta.

Gauzaz betetako eliza bat da: artelanez, filigranez, bitxikeriez. Gehiegizkoa.  Museo eskerga bat. Ikusle aldren joan etorria eten gabekoa da, baina ez da S.Markos, Asis edo Paduakoak  bezalako merkatu-plaza. Errespetuz egon da airean erabili gaituen txinatar uholdea; beraien artean ba zen bat bere herriko plazan zebilela uste zuena.

San Martin: 12. gizaldiko erromanikoa; katedralak sobera dituen bitxikeriak eta osagaiak falta zaizkio. Austeroa ez, hutsa eta hotza da,  gaur epel egiten badu ere. Gerra ondoren hormak berreraiki zituzten baina bere lehengo graziara itzulezin geratu da. Badu bere triptikoa, zutabe erraldoietan ikusten zaizkio oraindik, kolorgetuta arren, zituen freskoak; Kristo hilobiratua irudikatuz jarri dituzte  elkarren ondoan irudi naif antzinakoak izan zelakoaren zerbait osatuz; baina nabarmendu, sarrerako zoruan luze etzanda dagoen 6 bat metroko Kristo modernoa da nabarmentzen dena: izugarrizko enbor sendoa izan behar zuen jatorrian.

Santa Maria Lyskirchen: zirrara sortzen du Kolonia deseginda geratu zeneko argazki ikaragarriak. Teilatua erori zitzaion eliza honi, alboko nabeak ere porrot egin zuten, baina erdiko gangek eutsi ahal izan zioten, goiera osoa betetzen duten fresko ederrak gordez. Eutsi zioten ere alboko bi kaperetako sabaitxoek: leku txiki hartan dago pintatuta santutegi osoa, martirio modu xelebreenak pairatuz, herio-bide latzak badira ere ezin naifago adierazita daude; han-hemenka barreiatuta jarri dituzte iraun zuten zurezko santu-irudiak.

 

Zabala da Rhina, arnasa ematen dio inguruari, ez ordea bizitasunik, pasealekuak eta turisten garraio-ontziak dituen arren. Zamaontziak desbideratuta dituzte nonbait beste kanalen batetik, ez baititugu ikusi; tximinia erraldoiak aldiz, hirian bertan, diraute txundigarri. Lehengo metarri eta harroin zaharren gainean jasota daude zubi luze zabal modernoak. Zubi zabaletako tren, metro eta autoen joan-etorriak ez du akaburik.

"Ez dugu. Kolonian gaude" erantzun digu zerbitzariak garagardo beltza eskatu diogunean; "Mesedez!!!" zioen begirada zorrotzarekin. Gero jakin dugu garagardo horailaz gain badela ber-bertakoa eta berezia den garagardo mikatza.

Beste alemaniarrentzat ia ulertezina den dialektoa omen darabilte; harro erabili ere erabiltzen omen dute, jatortasun sentimenduz. Beraz hizkuntzak bereizten ditu nolabait koloniarrak.

 

Bazkalondoko aterpean bota du eguneroko zaparradak.

El Mundo erosi ahal izan dugu: estoldetako jarioak dirau Espainian, baina inor ez da konportarik zabaltzera ausartzen. Kakak denak jango dituen beldur dira.

 

Kilometro urriak gaurkoak.

 

Rhin ibaiaren ertzean, Rhin gaineko zubi berde erraldoiaren alboan, zamaontziak testigu ditugularik, lora bedeinkaturik ezean, Otano nafar Lehendakariaren moral bikoitzaren eta bere diru iruzurren berri ematen duten orriekin piztu dugu Rhin ibaiak elikatu duen platanopeko abarrez eginiko Sanjuan su sinbolikoa, ke usainez lurrindu dugu gorputza ere haurtzaro minez su gainetik jauzika. Gorputza ez, baina bihotza berotu digu behintzat gure erritoak. Belartzak biltzen gaituen arren, ez zen ihintzik bertan, ezta gugan ere belar bustian narru hutsik aztarrika, itzulika,  egiteko, txilipurdikatzeko, adorerik ere. S.Juan eguneko erritoa bete dugunez, oparoa izanen zaigu uda, baita, suaren irudiko, izanen ditugu beroa eta bizia ere.

 

 

Ekainaren  25. Asteartea. 54.a

 

Etzi, Rhinak eta guk,  bakoitzak bere bidetik hartuko dugu, beti berdinak eta beti berriak, bera eta gu, geure geldirik gabeko joanean, baita gure zaharkitze-berritze etengabean ere; baina luzaro batetan behintzat elkarrekin egonen gara oroitzapenean, Rhina ibai ahanzgaitza bilakatu zaigulako.

Jubilatuen autobuskada gutxiago nabari da zonalde honetan, ez da nonbait zaharrak ekartzeko gune turistikoa.

Zonalde honetan ere noiz irteten dugun badakigu, inork ez daki noiz helduko garen. Autobideko arraia-pintoreek sortu dute gaur ia ordubeteko eta kilometroetako butxadura.

Aachen-era bidean dena da lore; more-lila-arrosa koloreztatutako belar-sailek inguratzen gaituzte. Ia horituta dago gari-sail asko.

Zezen plazaren zirkunferentzia duten hiru tximinia Aachen inguruan, laino azpian lainotze berria sortuz; eguzkiak ez du joko behin ere lurralde honetan,  trumoi-lainoak bezala estaltzen baitu ingurua ke geruzak. Hau ikusiz jabetzen da bat zein errazegi, axola gutxiz, pizten dugun bonbilla.

 

Akisgran

Kosta zait mapako Aachen dela gure ikasketetatik Akisgran hiri hain ezaguna. Patxadako probintzia-buru lasaia, ia besterik ez da. Historiako ikasketak eta imajinazioa harrotu dizkigun hiriak ezuste ezkorra eman digu; gerrak suntsitu zuen, kale oker eta bihurrien trazaketa besterik ez zaio gelditzen lehengotik. Udaletxea, Katedrala eta etxe bakan batzuk ez badira. Bai Dom-ak bai Rathaus-ak, garbiketa arrazoi aldamioz inguratuta, bendaz bildutako gaixoak dirudite; irudiz eta horratzez apaindutako kanpo aldeko ederraren zati bat erakusten dute tarte libreetan, baina egunaren eraginez-edo beltz daude eraikuntza biak gaur egun.

Rathaus: udaletxea, jauregia da barrutik, bere koadro, pintura eta dotoretasunarekin, sarrera inguruan ikusten uzten dutena behintzat; ordaindu egin behar baita gainontzekoa ikusteko.

Katedrala: kanpotik gehiago du barrutik baino gure begi legoentzat; berezia da barrua, oso garrantzitsua nonbait arkitektura ikuspuntutik. Beltza dago kanpotik, oso iluna da barrutik. Egitura ezberdina du barrutik; espero ez den zerbait da lehen erdia, sarrerakoa: eliza barruan eraikitako zortzi aldeko kapera; marmol ilun eta gris argiko galeria antzekoa, bi solairu dirudiena goian, arkuek balkoi korritu  bezalakoa sortuz; Pisa eta Italiako zenbait bataiategi eta eliza borobilen itxura du; arraroa egiten da, eliza barruan bigarren eliza edo kapera bailego: Karlomagnoren garaikoa nonbait, edo berak eraikia. Presbiterioan urrezko erlikitegi zoragarria,  Karlomagnoren hezurren kutxa izan omen daiteke; pulpitu nahiko txikia baina urre landuzko irudiz eta harribitxi handiz dotoretu eta aberastua; aurrealdea urre landuzko irudiz aldaretxoa, beiradura  aparta, ikusten ez den arren sabaiko mosaiko ikusgarria.... eta beste hainbat bitxikeria.

Urrutitik eta ilunpean ikusi behar izan ditugu presbiterioko bitxikeriak, ordaindu ez dugunez, ez baitigute ez erakutsi ez ikusten utzi. Erregeak koroatzeko tronua, argimutila eta beste bitxikeriak urrutitik ere ezin izan ditugu ikusi: ordainduta ere ez genituen ia ikusi ere egingo,  taldean sartu behar baitzen, gaurko talde denak alemaniarrak ziren, -ikasle jostariak batez ere-, ezin genuen erretolika luzea ulertu, ezta jendartean bitxikeriotara urreratu eta lasai ikusi ere.

Jesuiten elizako fatxada, Loiola Santutegiko harri gris berarekin egina dago. Auskalo nor zen "S. Esteban Hungariako Errege Apostolikoa"  baina Dom-eko lorategitxoan irudikatutakoak tartufo, tankredo edo pailazoaren itxura petoa du. Atseginak dira Markplatz eta beste plazak, zabalak, garagardoa hartzeko aukerakoak; kaleak ere jelatua dastatuz eguneko ibilia osatzeko aproposak. Irudi mugikorreko iturria:  umeek bezala nagusiok disfrutatzen dugu honekin ere irudiokin jolastuz. Saltoki diren oinezkoentzako kaleak ditu alde berriak.

 

Ikastetxe batek zuen hartuta gaur hiri osoa, giden azalpenak asperdura keinuz entzunez batzuk kaleko zertzeladekin disfrutatuz besteak.

Hiruzpalau eskale bakanak, zaharrak, hankokerrak, bizkarrezur okerreko konkordunak, aurpegia estalitakoak... miseria itxura latza sortuz… pelikuletako Erdi Aroko giro petoa. Kale-musikariak hiri guzietan bezala, baina hiri honetakoak arruntagoak dira, zerbait jotzen jakin eta txanpon bila kalera atera direla dirudite.

Hiritik irteera bilatze galduan putetxe kalearekin egin dugu topo: etxetxo zahar tristeetako ateetan neskak bezero zain, estilo zaharrean, izter potoloak eta titi handiak bastoki erakutsi eta nabarmenduz.

 

180 kilometro, agian etxerako bidean geraldi lasai bat izan zitezkeenak, baina hiriak ez gaitu ase.

 

200 bat kotxe darama zamaontzi batek.

Kanpin alboko zubiaren erdiko begiak 100 metrotik gora ditu zabaleran; zubiko errepideak berriz 6 karril eta erabili gabeko beste bide zabala oinezko eta txirrinduentzako. Eskerga.

           

Egunaren azken argian, astiro doaz  ibai goranzko ontzi zamariak, berunezkoak brankako apar bizian bilduta, mantso ia hondoratuta zamadunak, presa itxuraz zama gabeko arinak… labezomorro itxura hartuaz denak. Etxe-orratz eta tximinien siluetak, beltz jadanik arrats hondarrean, mamuak bailira marrazten dute ortzi arrea: Kolonia hurbilaren adierazle. Kakalardoak hegan dirudite berdetasuna ilun jartzen ari zaion zubi garaian kamioien silueta ilunak. Dena da magikoa ilunkara honetan. Ibaiaren beste ertzean autoen argi bizkorrak, noizbehinka tranbiaren argitxo zaratatsuak, hurreko aireportutik datozen edo bertara doazen laino gaineko hegazkin ikusezinen burrunba, pasaiarien ontzia argitxoz dis-dis hiri mugikorra hainbat jenderen ilusio eta gozamenez beteta, enara bakar batzuk gauero lez auskalo nola goialde honetan galduta gaueko eltxoak harrapatuz ziztu biratsuetan elikagai bila, bidegorrian azken langileak lanetik edo lanera, azken oinezko edo bizikletazale erromantikoak edo ibilia botika zaien ajetsuak, jatetxe bihurtutako bestaldeko zamaontzia argitan brist... magia du Rhinak eguneko azken errainuak uxatzen zaizkionean.

 

 

Ekainaren 26. Asteazkena. 55.a

 

Eguraldia ere kontsumogai egin dugunez, eguzkia, itsaso epela, elurra, olatuak... eskatu ohi ditugu, bakoitzak bere apetaren arabera.

Natura ere kontsumitu egiten dugu, beraz baliatuz, berarekin biziz gozatu ordez, datorren giroa onartu  filosofiarekin inguruaz gozatu ordez, are gehiago egurats baldintzak aldatu ezin ditugunean. Agian kontsumo kultura hori izan zen gure errua iaz Italian, baita aurten hasieran Alemanian ere, eguraldi txarrez ernegatuta sarriegi. Mediterraneoko eguzkia nahi genuen sakonean, Alemaniako lautadetako berdeguneez, hirigintza eta etxadi ikusgarriez goza bitartean. Alemania ordea hotza eta umela izaki udaberrian ere. Ikasten, jabetuz, joan gara herrialde bakoitzak eskaintzen duen eguraldia onartu behar dugula. Beste aukera, etxean gelditzea da, edo beste norabide bat hartzea dela ikasi dugu. Jada ez diogu denda jaso arteko ateririk ere eskatzen lainoei,  alferrik litzake gainera, baina gaurko eguzki horiak biziki pozten gaitu. Eguneroko giroaz inguratuta, inguruaz gozatu; bustia, hotza edo beroegia badator, babestu, eta kitto.

 

Irakurketan ez balitz, hitz batzuk ez genituzke ikasi ere egingo, ez baititugu eguneroko bizitzan erabiltzen: "harilkatu" hitza  kultura bateko egunerokoa zen, gaur egun erabat baztertu dugun lanbidekoa.

Garai batean jauntxoak eta langilezainak joan ohi ziren plazara langileak alokatzera, gizakion lana erostera. Gaur egun langileak eurak, batez ere etorkinak hirietan, bulegoetara doaz bere lana salgai jartzera, eskaintzera; itxuraldatu egin da lan-merkatua, baina lanaren salmenta bere betikoan dirau.

Eskupekoak dirau Alemania moderno aurreratu buruzagian ere, zerbitzariaren irribarrea edo betozko iluna eraginez.

 

Zamaontziei begira bota dut goizeko tarte bat; ibaiari begira jarri eta ibai-ontzi zama garraiariei  buruzko ikerketatxoa egiten hasteko mina sortzen du Rhinak: ikatza darama Strasburgokoak, edukiontziak Rotherdanekoak, suitzarrak erregaia Duisburgoko, Wzburgoari ez diot antzik ematen zer daraman... auskalo nondik norako bide-batezko zama darabilten ibaiko kamioilari hauen garraioak, hemen utzi eta han bide-batez etxerakorakoa hartu. Alemania osoko matrikulak igarotzen zaizkit aurretik. Baita hainbat Europako herrialde ezberdinetakoak ere.

 

Düsseldorf

Hiri modernoa, modernotasuna badira azken teknikazko dena ispilu dena beira dena burdina edo aluminio antzerako eraikuntza linea ezberdineko garaiak dotore eta politasunez bukatuak, hiri modernoa modernotasuna badira kale luze zabal zuhaitz askokoak edo kable luze-sendoz sostengatutako zubi luzeak. Hiri modernoa da agian ere antzinakotasunik ia gordetzen ez duen hiria. Hala balitz edo bada,  hiri modernoa litzateke  edo da Düsseldorf.

 

Modernoa eta erraldoia zabaleran ibaia; erraldoiak luze-zabalera-garaian ibai gaineko zubiak, nano utziz Tuterakoa; erraldoia sarriagatik ibai-ontzien joan-etorria; erraldoiak luzera eta zabaleragatik alde berriko kale zein etorbideak; erraldoiak hemen piruliak-komunikabide orratzak; erraldoia zabaleragatik alde zaharra; erraldoia Zaharreko kale txukun baino arruntetan dabilen ibiltari jendetza; erraldoia inguratzen duen autobide sare trinkoa; erraldoia hiriari arnasa eta argia ematen dion ibai-gune argitsuaren zabala; erraldoia, bukatzeko, lapurreta bizia den aparkalekuko tarifa ere.

Gainezka egin dit erraldoitasunak, dena baita eskerga Düsseldorf-en. Ez naiz eroso sentitu. Diru aldaketarako bulegoa urruti zegoen, luzaro itxaron beharra gertatu zaigu, jertsea galdu dut, Alemania agurtzeko saltxitxak bazkaldu nahi genituen baina non eta Alemanian ez ditugu aurkitu, kosta egin zaigu hiriko planoa aurkitzea, eta, bukatzeko, galdu egin gara autoban sarean etxerakoan. Kontrabidetik sartu gara Düsseldorf-en, kontrabidetik irten ere.

 

1962an bere orduko Alemaniako eraikuntza garaiena zela argitu digu hurreratuz gizon heldu batek, horrelakorik jakin gabe argazkia atera nahian geundela.

Estatua politak, polita ere orduak egunak edo ez dakigu zer gehiago neurtzeko monumentu modernoa uste genuen tramankulu mugikorra ibai ertzean. Lekutxo atseginak hiri barruan zuhaitz artean.

Hiri eskerga baina sendoa eta atsegina ere bada, giro jatorra du, Zaharreko zenbait kaletan bada giro atseginean garagardo iluna edateko aukerarik.

Bi amona mantangorri aurkitu ditugu gure buru eta sorbaldetan, non eta hiriko kaleetan genbiltzala. Han zebilen ahatea ere zuhaitz-gune inguruko espaloian, plistilin-plastala, bere alboan, kale zabalean, ziztu bizian zihoazen autoen ardura handirik gabe.

 

Gaztelera entzun dugu sarri, horrez gain jatetxe gehienek sukaldaritza espainiarra eskaintzen dute kale batean. Egunkari espainiarrak ere aurkitu ditugu.

 

 

Biharko mugarainokoak gehituz, gaurko kilometroekin bukatu da Alemaniako airea kutsatzea. Hor kaskezurreko zokondo batetan gelditzen da grabatu dugun pelikula, sentimenduak ere epelduko dizkigunak geroagoko aldietan.

Kanpinean, beraiekin ikusle izatera konbidatu naute auzo diren dozena bat alemaniar futbol-zaleek: karabanako atean elkartu dira telebista aurrean, aupadaka, buila bizian, garrasika, bere taldeak erasoa jo edo gola sartzen zuenean. Berdindu egiten ditu futbolak herriak, edonongo herritarrak; futbola tarteko, berdin erreakzionatzen baitu gizaki futbol-zaleak bai garaile suertatzean baita galdu ondorengo etsipenean ere.

Gaurkoarekin egin du Alemaniakoak. Bukatu da. Eguzkiak sutan gorri agurtu gaitu tximinia eta etxe-orratzen albotik, lainoetan ezkutatuz, azken egunez bederen erakutsi nahi izan digu bi hilabetetan ia ezkutatu digun aurpegi goxo epela.  Alemania jada ez da guretzat misterioa. Duela bi hilabeteko "zer izango ote?" hura, izana da. Azaletik, baina badakigu zerbait gehiago herri honetaz, herritar hauetaz.

 

Argia beherantz, nostalgiaz begiratu diet ibai, ibai-ontzi, zubi, etxe-orratz, eta tximinien silueta ilunei. Nostalgiaz entzuten ditut egunerokoak izan ditugun txorien ilunabarreko kantu-hots bereziak. Nostalgiaz gogoratu dut aspalditxo utzi gintuen kukua. Nostalgiaz erdi iluneko ibiltariak, nostalgiaz kanpineko berbaro eta harat-honako giza gerizak.

Bagoaz, berriro ere noizbait nonbaitera joango eta nonbaiten pasoko txori izango garen itxaropenean.

Etxarriko kamamila dastatuz ilundu zait ibaia; goranzko ilargiaren borobil erdia goian nuela ibaiko ur ilunean marra beltz bihurtu zaizkit ibai-ontziak.

 

Ez zait bela ahaztuko bai heltzerako bai joaneko agurra eman digun Rhin ibai laguna.

 

Ibai ertzeko bi aldetako luzera osoan futbol zale alemaniarren ulua entzun da ozen partidua irabazi dutenean.

 

 

Ekainaren 27a. Osteguna. 56.a

 

Bi hilabetetako militarren presentzia borobiltzeko konboi luzea jasan behar izan dugu Kolonian eta Aachen bitartean; hezetasunarena borobiltzeko berriz, euria dugu lagun mugaraino. Tunel batean lez goaz, alboko zuhaitzak berde-beltz, lainoak beltz, errepide zorua ere beltz.  Tximinia erraldoiek gogoratuko didate zein erraz ematen diogun argindarraren maratilatxoari.

 

Argazki karrete tutuan omen zituen hogei durokoen ordez, paperezko bi mila pezetakoa trukatzeko eskatuz ziria sartu nahi zigun muga inguruko restopean gaztelaniaz nahiko ondo moldatzen zen tipoak; zer egiten ote zuen hemendik gizajoak?.

 

Euripean sartu ginen Alemanian, euripean atera gara Alemaniatik, sartu bi hilabetera.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.