Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK. Alemania 96

BIDAIAK. Alemania 96

Jon Etxabe 2019/08/15 11:49
Hannover, Hildeshein, Hamelin, Lemgo, Colstar, Hildesheim, Hoizminden, Weisrberglan, Hunden, Soest.

Ekainaren 19a. Asteazkena. 48.a

 

Etorkin portugaldar gazteak ditugu auzo, gu bagoaz laster, hauek atzerrian iraun beharko dute. Ametsen hilerria da atzerria, baina pobre askoren itxaropen bakarra. Karabanan gordetzen dira lan ondoren, baita elkartu ere elkartzen dira; algaraz eta kantuz, umoretsu, gazteak izaki, aurre egiten diote bizimodu gogorrari.

Etorkinen bizileku iraunkorra da kanpina, herritxoa. Bertan ere etorkin pobreak eta pobreagoak nabarmentzen dira: karabana lorategitxoaz inguraturiko bizileku itxurosoa gauzatu dutenak, Mediterraneoko itsasertzeko txaletan antzo, lakurako zuzeneko eskailera eta guzti; gure albokoak bezalakoak gutxienezko baldintzetan karabanaren lau hormatxo sinplez ingurutik bilduta eta  zerutik babestuta bizi direnak. Denentzat ere gogorra behar du izan kanpinak euriarekin edo neguan hotzarekin, pobreen bizitokia izaki, tokia bera ederra bada ere; honek ditu izan ditugun kanpinetatik zerbitzurik eskasenak, eskas-eskasenak, jendeak berak garbi eta txukun erabiltzen baditu ere. Sttutgarko kanpina ere langile askoren bizitokia zen: tristeak ziren hango zerbitzuguneak ere. Pobreentzako ez dago ez errespeturik, ez adeitasunik, ez begirunerik.

Ez dago jarrera triste eta aldi berean barregarriagorik kanpinean harro eta besteen gainetik agertzen direnena baino, denok baitakigu hoteletarako dirurik ez eta ahalik merkeen bidaiatu nahi dugunok gabiltzala kanpinean.

 

Kukuak ez digu jo hemen ere, txantxangorri eta txolarrerik ere ez da ikusten. Izenenik ezagutzen ez dizkiedan bestelakorik bai ostera.

Ateri da baina jantzi sendoa eskatzen du haize hotzak. Zapaltzen gaituen berunezko lainoak arinago ibilarazten gaitu eta etxerako bidea arintzen, bidaia luzatzera zirikatu ordez.

Espainiara eguzki bila abiatzeko bezalakoa da Alemaniako eguraldia.

 

Hannover.

Aliatuek suntsitu zutela gogoratu nahian, Aegidienkirche  bonbardaketak utzi zuen bezala utzi dute, hondakinak, horma hautsiak; kanpai bat jarri dute Hirosima gogoratuz. Alstadt zaharra bere antzinako giroan berreraiki dute; erdigunea, aldiz, era modernoenean. Erdigune modernoa zabala da, merkatal eta saltegi gune izateko ondo diseinatutakoa: bi mailatan egituratutako oinezkoentzako kalea da ardatza, behekoak erdigune irekietatik hartzen ditu airea eta argia,  elkar lotzen ditu metroa eta tren-geltokiak. Zaharra berriz adreiluzko etxez eta antzinako kale egituraketa gordez birjaso dute, astakeriarik gabe; berria ikusten da dena, baina bada erori ez zen etxe zaharrik ere.

 

Hannoverrek biltzen ditu Alemaniako berezitasun batzuk: adreiluaren kultura bizi dute, zaharreko etxe berrietan ikus daiteke gorde duten adreiluarekiko sentipen baikorra aurrekoen teknika menderatuz, udaletxe zaharra litzateke ezaugarri nagusia. Triptikoen kultura, Alemania osoan bezala: ia hutsik ageri den Marktkirche gotikoan  sano iraun duen beirategiez gain bada erretaula den Jesusen Pasioa kontatuzko triptiko erraldoi osoki aparta; zehaztasunez begiratzekoak ezker-eskuin gurutziltzatutako bi lapurrak, beso-hankak trabeskatuta, -agian oinazearen bihurria adierazteko zizelatu zituen horrela-, pailazo edo mozkor itxura xelebrea dute biek; filigranaz osaturiko brontzezko bataio-pontea begiratzekoa da. Eskulturen kultura: eraikuntza erraldoi ofizialeko horman gargola (xurrutarri) itxurako eskultura batzuk eta kalean guardasolpean dauden aiton-amonak ura dariela guardasolei; Leine ibai ertzean badira eskultura modernoak: zaldiarekin dagoen mutikoarena polita da, hiru txatarrezko  ardoek ez didate estetikoki ezer esaten, arrazionalki bai, erabili dituen gaiak kontutan hartuz. Iturrien kultura: eskulturarekin lotuta doa, oso polita da erromatarren ikurra egiten ari den errementeriarena. Tranbien kultura: Hannoverrek ere badu bere tranbia, izan ere tranbiarik ez duena ez da hiri alemaniarra. Heldulekuen kultura: eliza, saltoki eta etxe ofizialetan bitxikeria apartak aurkitu ohi dira, Hannoverren ere. Museoen kultura: Ez dago  bere museoa ez duen herri handi xamarrik Alemanian, hori ere herri kultura da, bere identitatea gorde nahizko ahalegina.

 

Bada Garaipen-arkua, baita dorre bat ere.

 

Elizako bazter batean 20 kandelatxoko zurezko argimutil berezi baten aurrean abestuz eta irakurketak eginez elkartu diren 20ren bat pertsonak halako giro bildua ematen zioten elizari.

Saltoki kaleei, ostera, saxo-jole trebeak eta soinujoleak ematen zieten giro berezia.

Iparramerikaren irudia saltzen dute saltoki erraldoi batean bere mitoekin batera.

Buruzapiekin, emakume arabiarrek ez dute galtzen bere identitatea Hannoverreko erdigune ultramodernoan ere.

Jatetxeko 5. solairutik begiratuz urrutietako dorre-orratz,  etxe-orratz eta tximiniek erakusten dute zenbaterainoko zabala den hiria eta zein erdigune mugatuan gabiltzan txindurriok bertako errege bagina lez.

 

Beti ondoren dugun euriak bidali gaitu arratsalde negutar honetan lonazko etxera, berriro ere gure bide galduek luzatu dizkigute eguneko kilometroak. 

 

85 kilometro,  galdu ez bagina, gutxiago lirateke

 

 

Ekainaren  20. Osteguna. 49.a

 

Nazioarteko kanpina dugu oraingo hau: bandera portugaldarra, holandarra, ingelesa, iparramerikarra, irlandarra, ez dakit nongoa den beste bat, alemana bera ere: banderak, herriminaren edo herri harrotasunaren seinale.

Goizean goiz doaz asko lanera, arratsaldean edo ilunabarrez karabanara bueltatzeko. Dutxatu ondoren futbol partituak ikusten luzatzen dute eguna edo gaua, karabanetan edo tabernan, oihuetatik dakusagunez. Gazteak dira gehienak, bada bikoterik ere, ama nagusiarekin dagoenik ere bai. Pobrearen errealitatea ez da tristea, baina gogorra bai bada.

Mispillibarko intxusa dugu kanpinean, loran dago, hiruzpalau zuhaitz dira, bere usai sarkorra sudurretara bidaliz.

 

Eki Alemania gogoratzen dut mendebaleko hau ikusiz, nola parekatu nahi duten  hura honekin, nola hura honen pareko egin nahi duten; horretarako komunista edo demokratikoak izandakoei premiak ezartzen ari dira oraingoz eskaintza oparo erakutsiz, premiak sentitu arazten; ondoren etorriko zaie erosi beharra, dirua lortu beharra. Era ezberdinetako esklabutzak dira, erosteko aukera oparoagoak ez baitu esan nahi erosoago biziko direnik.

 

Mendebaleko Alemania ere konponketa eta ohizko berrikuntza lanetan sartua dago, inguru hauetako egunoroko herriko ingeniari txapuzagileek erakusten digute alemaniar teknika zoragarriak enpresa handietan izango direla, baina hemen ere badirela hala-moduzko lan-modu eta tresneria.

 

Hildeshein inguruan ikusi ditut Altzolako dorreak, arbelezko puntazorrotzak. Bada Euskal Herrian antzerako gehiagorik ere San Prudentzio… Nor izan ote zen Euskal Herrian ideia edo egitura hori  hori izan zuena dorrea diseinatzerakoan. Arkitekto bidaiariren bat, agian arkitektura moldeetan agertzen dira dorreok eta arkitektoak ez du imajinazio askorik jarri beharrik.

Bi mendixka daude  autobidearen ezker eskumara Hildeshein bidean; biak dira inguruko tontor altuenak, biak artifizialak, gizonak sortuak, pilatutako zerbaitez eginak. Auskalo zer gordetzen duten bere baitan.

Lurralde honetan lehenengoz, baso berdeko mendilerro berdea ikusi dugu urrutira, zeruertz  erdi-borobila, orain arteko lautadaren marra zuzena kurbatuz; ez da mendi garaia baina bai alderik aldekoa, aurrea osoki bilduz. Ezohizkoa Alemanian.

Mailuki sailak. Erremolatxak berriro ere.

Polita da herrixkaz-herrixkako bidaia, etxe baxutozko herriok zeharkatuz; noizbehinka zura bistara duten antigoaleko etxea ikusi ahal da, aldizka ere luzitu gabeko hormak, harri biziko hormak erakusten dituzten etxeak ere. Noizbehinka eskolak ere ikusten ditugu, eraikuntzek ez dute ezer berezirik kanpotik eskolak direla igartzeko; leihoetako marrazki eta antzerakoetatik igartzen zaie  eskolak direla.

Garabiak eta tximiniak noizbehinka, luze, nano utziz zuhaitzak.

 

Mendiartean sartu gara, baso zabalaren bihotzean; ez da harritzekoa Hamelingo flauta-jolearen eta antzerako ipuinak sortu izana baso giro hertsi honetan. Leku bakartiak behar zuten hauek, batez ere neguan. Aldapara leunez zeharkatzen dugu mendikatea, paraje bigun eta atseginean. Hamelin idilikoaren inguruan bi tximinia erraldoi, borobilean zabalak, lainoetaraino luzatzen dira egun lainotsua ke lainoz areago lausotuz, agian  lainoak kutsatuz. Hiru antena paraboliko erraldoi,  ejertzitoa ez da urruti hemen ere. Beso gabeko haize-errota bat: haizea baliabide unibertsala izan da garia ehotzeko. Granja sendo txukun adreiluzkoak agertzen dira noizbehinka, antolamendu handikoak denak. Zaldi asko ageri da. Txerri-taldea dago larrean, belartzan, behiak zein ardiak antzo. Lorategi dotorea zen hilerri bat, ez amerikar pelikuletako zuhaitz arteko berdegunea; bost axola hildakoei, baina hildakoen kultura hain errotua dagoenez zergatik ez egin hilerria atsegina bisitarientzat, biziek patxadan eta gustura joan ahal daitezen. Mitxoletak Hamelin inguruan; bigarrenez ikusten ditugu hain ugari.

 

Hamelin.

Ipuinetako herria da izan, eta ipuinetako giroa du eduki ere. Herri prestua; ipuinen sonagatik baino askoz gehiago bera denagatik merezi du bertara etortzea. Joan, begiratuz eta gozatuz paseatu, lasai ibiltzeko presarik gabeko herria baita. Etxe apartak ditu, baina bere osotasunean da bikaina. Erdiko plazatik eta oinezkoen kale nagusitik zabalduz kale-sare osoa da primerakoa. 1600.  inguruko etxe ikusgarriak; agerian utzitako zuraz gain, mila giza iruditxo dituzte etxeek  tailatuta leihope eta ertzetan, etxe bakoitza ezin potxoloagoa bihurtuz. Nahasian daude zura bistara duten etxeak eta fatxaden gailur zorrotzak bikain dotoretuak dituztenak; bada fatxada zizelatutako harrizko etxe apartekorik ere. Fatxadetako marrazki, irudi, kolore, hizki, esaldi... dena da potxolo eta  bitxia.

Bertakoak ez dakit nola biziko diren, baina herri gustagarria da Hamelin.

 

Lemgo.

Erdi Aroan iraun du gerrak errespetatu egin zuen herria. Etxe aparteko kale luze aparta eta patxadako kale lasaia alboan,  kale sare osoaren barruan. Etxaurre eta behaleiho pintatuak ditu benetan deigarriak; zurezko mila irudi kolore ezberdinez pintatuak, berez bakunak, arras erakargarriak bihurtzen dira. 20 urteko alkatetzan,  zorginak zirelakoz 90 emakume hilarazi zituen alkatearen etxeaz gain hainbat eta hainbat etxe zein baino zein bitxiagoak dira. Jendeak bere nahierara mugitzen dituen brontzezko figura politez eginiko iturria, ume eta nagusien jostailu aproposa, eskultura erabilgarria da, ez estatikoki begiratzeko horietarikoa. ElizakS. Nikola elizak bere apaltasunean erromaniko berantiar eta gotiko goiztiar nahastuzko kanpo ederra du; barrua, aldiz, auteroa da; halere merezi dute bisita zurezko taila txiki zaharrezko pulpituak, naif kutsuko taila polikromatuz dotoretutako bataio-ponteak, santu-irudi txikiz apaindutako aldare-gainak, baita harrizkoa ez baina bai sabairaino luzatzen den erlikitegi zorrotzak ere. Sta. Maria eliza, zaharra baina sendoa, austeroa baina absidearen kanpoaldea gargola deigarriz hornitua. Austeroa du ere barrua, baina baditu errenazimenduko organo poxpolina, lau ebanjelarien erdian nire bildumarako Ecce Homo naifa duen pulpitua, zurezko bataio-pontea harrizko bost tailen burugainean zeinetako bat semeari titia ematen dion ama bat den,  1686ko zurezko koru iluna albo batean eta baita sabairainokoa ez den arren erlikitegi  zorrotza.

Patxadako herria da Lemgo, ikustera doana patxadatzen duena, patxaran ibili behar baita hainbeste bitxikeria politen artean.

 

Funtsezkoa da izan aurrekoarekiko tartea gordetzea errepidean istripuak eta elkarjotzeak ekiditeko, errepideko segurtasunerako. Agian horregatik piztu didate txakurrek kotxe gainean daramaten letrerotxo elektronikoa ez dakit ze zenbaki jarriz. Agian aurrekoarengandik hurregi nindoalako izan da Euskal Herriko ohituretarako hiru aldiz atzerago banindoan ere. Heziketaz, kulturaz, agian  txakurrei beldurragatik,  alemaniarrek oso ondo zaintzen dute aurrekoarekiko tarte luzea. Baina ez dakit ze istripu portzentaje duten.

 

169 kilometro, merezi izan dute.

 

 

Ekainaren 21a. Ostirala. 50.a

 

BMW kotxea ugaria da Alemanian. Alemaniarrek ere atzerrikoak ote amets?.

Jendea ez da elkar asko fida Alemanian ere; bizikletak ondo lotuta uzten dituzte herri                      orotan.

Gure auzo izan den daniar bikoteak egon den tokian bertan utzi dituzte joatean bart edandako garagardo botilak: daniarretan ere denetikoak, lorategi ederrenean ere lora ustelak.

Tonsura Ordena egunean kalparra bezala moztu dut ia bi hilabetetako bizarra. Bizarra utzi nuen bidaia honetan: nire burua bizarrarekin nolakoa ikusmina nuen. Matrail eta lepo zati bat erradioterapiak erreta nola dudan, egunero egin behar izan dut zati bat aurpegiari itxura bat emateko.  Uztekotan, erabat utziko nuke, egunero lantzekotan, hobe erabat egin.

Bere apaltasunean, ahalegintxoak eginez jantzi eta bizi ohi da pobreena ere.

Noiz bukatzen ote Alemanian negua, inoiz bukatzen bada!.

 

Kamioi asko dabil gasolindegi eta atsedenlekuetan; hainbat daude beti lekuotan, atseden hartzen edo eguneko gidaritza-orduen kupoa agortu zaielako ote.

Mendiak ditugu gaur ere ezker eskuin, ekialderago bagoazen arren. Paisaia berria guretzat. Alemanian ohiko den lautada zabala dugu aurrean, mendikate batek marrazten du, baina, zeruertza. Garaia dirudi urrutitik ikusita, bertaratu ondoren, berriz, leunak dira mendiok.

Errepide bazterreko zuhaitzak besterik ez dira bertaratzean lautadan urrutira arboladiak diruditenak. Errepide munetako sastrakek ere baso zein berdegune itxura optikoa sortarazten dute urrutitik begiratuz. Beharrezkoa da perspektiba, ikuspegi zabala, zenbait paisaia eta jokabide neurtu eta baloratzeko, baina engainagarria ere izan daiteke distantzia handiegia. Urrutiko optika bai, baina baita hur-hurreko bizipenak ere.

 

Goslar

Mendi magaletik gertu Hamelin eta Lemgo antzera, mendi babesean kokatutako herria. Elkar gurutzatuzko kale artezez egina da, baina bada kale bihurririk ere. Edozein kaletan galdu eta etxeei begira jartzeko hiria, dena da erdikale, dena interesgune. Erdi Aroan merkatarien herri naroa omen: urreztatutako gizairudiz dotoretu aparta zen  gremioen egoitza; hiriak zuen oparotasunaren sinbolo  gisa, eskuetan duen oparotasun-adar muturretik  izterretan behera erortzen zaizkio txanponak fatxadan tailatutako mutiko bati, ipurditik ere dirua dariola diote gida-paperek: bisitaria erruz doa etxea eta mutikoa bera ere mirestera. Gaur egun turismotik bizi da herria, horregatik agian zaintzen dute hainbeste, ahalegin bereziz. Hiri oparo eta sendoaren itxura erakusten du gaur egun ere: etxe sendoak egin zituzten bere garaian eta orain gorde eta zaindu besterik ez dute egin behar. Lerden, sendo eta itxura ederrekoak daude etxeok  apainak izateaz gain. Aro ezberdinetako etxeak dira, jite ezberdinekoak, bai egituraz, bai itxuraz, baita adierazten duten giroz ere. Irudi eta pintura xehetasunez beterikoak, etxe  bakoitza ezberdina da, bakoitza ederra,  edertasuna dute batez ere komunean etxe denok. Badirudi herri honetako kultura dela bakoitzak bere etxea dotore gordetzea Arbizun etxeak txukun eta polit gordetzeko ohitura eta joera duten bezala. Osotasunean erakargarria, xehetasunetan harrigarria. Erdi Aroko giroa gordetzen du, gizaldi honetako jendea bagabiltza ere kaleetan. Jendez gainezka egonik, lasaitasunezko herria, jendeaz beste egin eta herriari berari lotzen zarelako.

 

Plaza: aparta da; gremioen etxeak, bi arkupe ilarako logia xumea duen udaletxea, banan-banan begiratuz gozatzeko etxeek osatzen duten lauki paregabea… Etxeak: joan, begiratu eta begiak edertasun xumez bete; denak dira apartak, pitxia xumez dotoretuak daude leiho asko. Errota: erreka kontran, 1544.go erraldoi kuriosoa. Ibilbidea: maldan beherako ur ibiltariaren alboetan, luze bezain atsegina, etxe ederrez inguratuta. Eskulturak: plazako brontzezko iturri landua -eguzkipean,  agian euripean, paseatuz doazen andre-gizonak-, eskultura-kulturaren ezaugarri bitxiak dira; Adan eta Ebaren ohizko hankarte aurreko mahats orriak aurpegi bihurtu ditu brontze zalea den artistak; beste irudi batek mihia ateratzen dio agian bisitariari agian ibiltariari Arte Modernorako sarrerako atean. Kaizerplatz: santu-irudi ugari dituen elizatxoa, enperadorearena izan behar duen tronu zahar bat dute erakusgai; plaza berean  umeek eta jende orok zapaltzen duen belardi zainduaren  gaintxoan hamaikagarren gizaldiko palazio erromanikoa, erraldoia bezain austeroa: barnean freskoz dotoretutako ehun metro luzerako bilkura-aretoa, hiria osoki hartzen duen arkudun leiho ilara luze-garaia medio, dena arku dena argi; zaldun dago belardian Federiko Bizargorria, brontze berde kolorgetua. S. Nikolaskirche: bi dorre nabarmentzen zaizkio, zorrotza bata, popea bestea; barrutik gehiago dirudi meskita, bai arkuen egituran bai arkuon pintura moldean; taila polikromatu detaile xehekoek aparta egiten duten pulpitua; oinarria xehetasunez landutako brontzezko bataio-pontea zintzilik duela gainean tapa; hondatutako freskoak; hemen ere itsulapiko erraldoia den kutxa ederra errepikatzen da; organo kontzertu eztia bisitaria bilduz.

 

Hiri zaharra bere betiko itxura politean dago alde batera; mendiaren magaltxoan  ageri da zati berria, etxe koadro digante, uniforme, berdin, moderno, zatarrez osatua; Ekialdekoen antzerakoak dira Mendebalekoak  Alemanian ere pobreentzat, langileentzat,  merke egindakoak etxe merkeak. Stalinek soilik ez zituen egin horrelako etxebizitzak.

Asko zaintzen dituzte iturriak, Alemania osoan oro har, maite dituzte eskulturak, funtzionalak eta brontzezkoak batez ere.

Egunero baieztatzen dugunez, bizirik dirau Luterok, Goslar-en ere.

Euskaldun doinuen kutsua zuten folklorez alaitzen zuten Ukraniar jazz taldeak, errusiar soinujole-kantariek, lituaniar musikari herrikoiek, han-hemenka kale giroa sos batzuk atera asmoz "comediantes de la lengua" - "hizkuntz komedianteak"  antzo.

Oso adeitsu hurreratu zaigu behin eta berriro jendea, planoan zerbait argitu nahi ote genuen galdez.

Asko edo gutxi, gehienek, dendariez gain edozein kalekok ere, ingelesa dakite.

Eskola propioa erakusten du arbel zapalez teilatu zein fatxadak babesteko teknikak, ezberdina da herri honetako arbelaren erabilera.

Ezberdinak dira zonalde honetakoak teilak; erretenak edo ildoak badituzte izan, baina zapalak dira.

Apartak dira zenbait helduleku eta txinget, denda edo eraikuntzaren  lanbide eta zeregina  adierazten dute askok;  okindegi batetan opil irudia zen heldulekua.

Ez dabil turista atzerritarrik. Gutxi dira turista gazteak. Geure kasa gabiltzan banaka batzuk eta ibiltzera atera dituztela diruditen autobuskada jubilatuak gara nagusi.

Artxingas edo Beraseta baino garaiagoak ez diren, baina hemen erraldoiak diruditen mendiei begiratuz eman diogu agurra eguzkiaren epela hotzak daraman hiri honi; Ipar Alemaniako erakargarriena omen, erakargarria izan badela behintzat egiaztatu dezakegu.

 

Nahiko zabal eta garaiak ikusten dira mendiak, Rethen-era bidean, Altzola bueltakoen taxukoak; hemen, ordea, zabala da mendiartea eta ez dago errekarro eta bailara esturik.

Orain arte ez bezala, ingurua zapaldu lokaztu txerrituta zuten behientzako txabola zahar pare bat ikusi dugu; behiak eurak ere kakaztuak zeuden; fabrikako lanordutik kanpoko nekazari pobrea edo narrasa den bat da nonbait jabea.

Herritxoak han-hemenka, mendi magaletan, arbola artean ia ezkutatuta.

Aldapatxo bat ere igo dugu, bere baitan biltzen den bihurgune askorekin. Lurralde honek badu tarteka Euskal Herriko antza, ez bakarrik ikusi ditugun behi eta korta-inguru lohiengatik.

 

Hildesheim

Oso zabala da hiria, baina erdiko kalea eta beste bi ditu biziak. Urrutitik ikusten zaizkio hiru etxe-orratz, hiri handietan soilik ikusi ditugu orain arte horrelakoak. Horietatik kanpo, oso gutxi du ikusteko. Berreraikitako hiria da hau ere,  eraikin bakarren bat soilik geratzen zaio lehengotik. Gorde du lehengo kale egitura, baina baxuak badira ere, oso xumeak dira etxeok, ez dute antzinakotasunik. Ezin uka, kaledi atsegina egiten dute kafetegi eta dendek.

Plaza nagusia: aparta, jator birjaso dute, bonbardaketa aurretik zen bezalatsu; bitxikeria bat da udaletxe gotikoa, xarmantak antzinako jiteko etxeak; gozagarriak mila irudi, leiho, beha-leiho, zurezko fatxada tailatu eta koloreztatu pospolinak.

 

Michaelkirche ingurua dena da arrosa lora: ba omen zen arrosondo mirarigilea Katedralean, eta kimatu egin zen suntsiketa ondoren: miraria hori ere; arrosa da hiriko lorea, eliza bueltetan ikusten da batez ere.

Hiri denetan ikus daitezke sistematik kanpo bizi diren gazte taldeak, bazterretan eserita, beltzez jantzita, inguruari eta ingurukoei, itxuraz behintzat, jaramonik egin gabe. Ilea zeharo egindako buruak ere ikusten zaizkie, baita guretzat xelebreki koloreztatu edo ebakitako ilajeak ere.

Italiar kafetegiko zerbitzariak Euskal Herririk zenik ere ez zekien; zekiena zen, Athletik aitatu diodan arte izenik gogoratzen ez bazuen ere, bazela Espainiako goialdean herriko jokalariak soilik dituen futbol talde bat.

 

156 kilometro, politak.

 

Ostiral gaua delako nonbait, portugaldar auzoa animatuta dago asteburu hasieran.

 

 

Ekainaren 22a . Larunbata. 51.a

 

Uste bezala txori-kakarik ez zaigu falta izan haritzpean.

 

Azken kanpinera abiatu gara, adioaren sentipenaz, egutegiaren orriek ilundu zein argitutako egunek urratu dizkiguten bidaiaren erritmoari jarraituz.

 

Lehenengoz bi hilabetetako bidaian, lautadarik gabe, mendiartean egin dugu egun erdia, mendian gora eta mendian behera, %7/8 gainbeheretan askotan. Aldatzek ez dute  gainaren izenik, ezta garaieraren zenbatekorik ere,  gureetan izan ohi duten alderantziz. Errepidea ona da, konponketa askokoa baina adabakiok leun itsatsita daudenez autoak ez zien igartzen; betoz Euskal Herriko bidezainak ofizioa ikastera. Inguru berria, ezberdina, izan da guretzat gaurkoa. Bailara meharrak zeharkatu eta goranzko bideari ekin, nekazari herri erdietatik zehar izan da bidaia.

Orain artekoen taxu bera dute nekazari herriek: teilatu zorrotzeko eta fatxada lisoko etxeak, tarteka zura agirian duen etxerik bada ere. Bada herri ederrik, herri hasiak hauek beti, aberatsenak edo aberatsagoenak, lurjabeenak, agian funtzionarioen herriak; alde handia dago nekazarien herri txiki eta beste herri hasiago hauen artean, dotoretasunean, etxeen jitean, agiriko azpiegituran.

Estali gabeko pilo zuriak ikus daitezke soroetan, hauts zuria dirudi ikusi eta ukituz, ongarriren bat da agian.

 

Holzminden-era bidean, monasterio baten albotik pasa gara; bide luzea dugu eta ez gara geratu, errepiderako zein herrirako ateak zabalik zituen arren; ateotatik begiratzeaz konformatu gara; ez zen makala monasterioa!:  kale luzea hesi garaien barruan, kalearen alde bietara etxeak eta sakoneko urrutian eliza, herria zirudien; monasterioaren inguruan herri bat; harri gorrizkoak dira bai monasterioa bai herria.

Eschershausen: zura bistara duten etxeak, oso herri deigarria da; aberatsen, ondo-bizien, jauntxo edo jaunxkilen herria dirudi. Inguru honetan ere apalagoak dira nekazarien herri zein etxeak.

 

Zaldiak garraiatzeko erremolkea ikusten da maiz errepideetan, baita herrietako etxaurreetan ere.

 

Höxter: herri polita dirudi, baina aurrera egin beharra dugu kanpin berrira garaiz heltzeko.

 

Weser ibaiaren bailaran sartu gara Höxter-en

 

Weiserberglan

50 metro izango ditu ibaiak zabaleran, ontzi bidaiari garraiatzaileak dabiltza harat-ona. Ziria sartu digu gidaliburuak, errepide ertzeko zuhaitz eta sastrakak tarteko, ez baita ikusi ere egiten ibaia, eta guk ibai ertzez bidaiatzea egina genuen amets. Weser ibaia betea doa, gizena, bailara nahiko zabalean. Münden ingurutik Hamelineraino eraman daiteke autoa ibai-ontzian, bidaia ibaiez egiteko aukera polita.

Ia 10 metroko harkaizpe batetik pasatu gara, lehenengoz Alemanian,  harri-jauzietatik alanbre sarez babestutako haitz bertikalaren alboan. Mendia zein basoa bera gainbehera bizian dator, ia plomuan, tontorretik ibai eta errepideraino, mendiak duen garaiera osoan behera; joan ziren orain arteko mendien leuntasun eta aldapara bigunak; bi hilabete ondoren, berria, ezohizkoa behintzat, egiten zaigu; gurean mendi gehienak horrelakoak badira ere, ohituta bagaude ere; ezohizkoak dira Alemanian horrelako gora eta beherak. Uda-herri giroa dute herri koskortuek, baina ez dirudi Oihan Beltza edo Renania Hegoa bezala sustatuta daudenik; bazen jatetxe bat aldatsgain batean, baina turistentzako amu ezer gutxi gehiago.

Asteburua izaki, bada lore eskaintzarik errepide bazterretan. 

Lakutxo batean peskariak daude ertzean pazientki guardasolpean.

Zentral nuklearraren itxura duen eraikuntza tzarra dager bailarako ertz batean, bere tximinia zabal erraldoiak -kerik gabe-, eta kubo digantea alboan; natu-gunearen aurkako kontraste eta eraso bortitza da bailara polit horretan.

 

Münden

Hiribildua zen bere garai antzinakoan; dorre sendo borobil baxutoak, eta, jagoleentzat diruditen erdia soilik borobila duten dorre garaiak diraute, lerdentasuna emanez inguruari. Nahiz hiriak ez duen azken egunetako herrien bitxikeriarik, haien parekoa da orokorrean. Kale zabalak ditu etxadi apartekoekin joan den egunetako herriek antzera. Gozatzeko herria da berau ere, leiho eta etxe politak ditu gustuz apainduta, beraienez edo turistei begira.

Saltegiak ditu bizitzaren ardatz  baina  arruntagoa da bertako merkataritza, saltokiak ez dira kaleaz jabetu, ez du atzoko Goslaren saltoki erasokorrik.

Fulda eta Verra ibaiak elkartzen dira herrian bertan Dresden ezagutu genuen Weser ibaia sortuz. Udaletxea: orain artekoengandik irudi ezberdina erakusten du, grisaxka, harrizkoa, ilunagoa, ez hain deigarria; kariloia ere ezberdina du: pailazoen antzeko jendilajea agertzen da mugimenduak eginez; deneko berdinak ginen begira geunden jendea, erruz, ahozabalik, argazkiak atereaz; udaletxe azpian, udaletxe askotan bezala, gaur kafetegia da garai bateko bihitegi edo upategia: udaletxeek betetzen zuten horrelako funtzio publikoa, funtzio kontrolatzailea, agian harraparia. Basilio Saindua: luteranoa, epeltasuna eskaini digu goiz hotzean, pintura-koadroz edertutako pulpitua du nabarmentzekoena elizako erdigunean, baita 1392.go brontzezko bataio ponte aparta ere.

 

Kassel. Izugarri zabal ikusten da autobidetik, aurreko ia paisaia osoa betetzen du hiriak ezker-eskuma auskalo zenbat kilometrotan.

 

Kolonia aldera hartu dugu. Mendiz mendi doa autobidea, leunak dira mendiok. Mendi magalean zuhaitz artean polit gelditzen dira ikusi ditugun azken bi herriak bere teilatu gorri ilunekin. Baso baten ostean basotik bertatik eta basoan bertan jaioa bezala agertu zaigu eraikuntza arrosa-zuri digantea, oso arrotz baina baita bakan eta bitxi ere, etxe-orratz arrosa basoaren erdian bezala, ez baitzen ikusten bere oineko herria.

Zeharo ezberdina izango zaigu ondorengo paisaia urbanoa ere. Bai goia bai behea, lainoak zein eraikinak, dena dago beltz arratsalde honetan. Zubia zubiaren ostean igarotzen ari gara autobidean, mendiarteko bailara ororen gainetik.

 

Lautadan sartu gara Soest aurretxoan, egun osoa mendi tartean ibili ondoren. Mugarik ez duen lautadan, aurreko urrutian mendilerroak marrazten badu ere zeru gris iluna, lainoak ebakiz.

 

Soest

Baditu etxe ederrak, baina herri modernoa da. Erdi Aroko egitura gordetzen du, kale oker eta bihurriak ditu, baina ugariak dira kale zabalak ere. Antzinako bitxikeria eta bestelako apartekotasunik gabekoa da etxeen gehiengoa. Ohitu ere egin gara etxe zaharretara. Soest-en ez da halako etxe askorik. Baina herri ederra da. Harri berdezko eliza erromaniko berdeak dira ezberdinak bere berdetasunagatik.

Udaletxea: armarriak badu lehen begiradan Gipuzkoako armarriaren antza batez ere ageri diren bi morroskoengatik; plazako etxe-kantoian ertzari eusten dagoen zurezko morroi sendo bizarduna da egur sendoa eskuan daramana; ate nagusiaren azpitik sartzen den jatetxea du sotoan, mandioa izan zitekeena bere jatorrian. Nikola Saindua  kapera: kolore berdeagatik harritu gaitu, lehenengo ikusi duguna baita. Patrokli Saindua: mosaiko kutsuan pintatutako absidea eta kapera ditu deigarriak, deigarria ere  buru handiko lau ebanjelista tailatuak dituen pulpitua bera baino hiru aldiz zabalagoa den txapelak estaltzen duelarik; Kristo zaharra ederra da; nabeko kripta guztiek duten xarma bera du kriptak, apartekotasunik gabe. Patrikirche erromaniko berantiar berdea, leihoak gotikoak badira ere; xalotasun austeroa dario triptikoari; lapur gurutziltzatuek dantza irrigarria antzezten ari baileude daude gurutzera josiak, agian  oinazea adierazi nahiz bihurrituta edo, Kristoren baretasun estatikoa azpimarratzeko asmoz hain xelebre zizelatuak; bularrean erlikitegia gordeaz  dago beste Kristo bat bi irudien erdian, alboko nabeko kapitelei lotuzko hagan; tailatxo politeko bataiarria.

 

Soest ez da gidaliburuak dion bezala kaleetan galtzeko herria, bai jelatu bat milizkatuz kaleetan paseatzekoa.

Hila dago herria larunbateko arratsalde hotsean, banaka batzuk plazako mahaietan zerbait beroa hartzen dute eta turista bakartiak ahots isilez kuxkuxean bezala gabiltza herriko isiltasuna urratzeko kezkaz lez.

 

Lau hankaren gainean dago beso gabeko errota. 

Pagadiak dira mendiak, bada pinurik ere. Badira tarteka zipres multzoak hemen ere, Euskal Herriko esperimenturen bat egiten baileude.  

Bailara eder gehienetan, lainopean laino beraiek ere, mendiarte berde lauetan, tximinia luze garaiak gertatzen zaizkigu ezuste garratzak, sinesgaitzak, gehienetan herritik bertan. 

Bailaraz bailara, aldats gain aldats gain, herririk herri, gora eta behera, orain arte izan ez dugun paisaia ezberdina dugu. Beste Alemania da hau, lur laurik gabeko lurraldea. 

Herri kuriosoak. Laster Etxarrin egingo ditugun mendiko ibiliak gogoratuz begiratzen diegu pista eta bidezidorrei. 

 

Euskal Herrian, aurreko autoarekiko legezko segurtasun tartea uzten baduzu berehala sartzen zaizu norbait bitarte horretan; hemen ez da horrelakorik gertatzen, nahiz noizbehinka, herri inguruetan batez ere, ero bakarren bat agertzen den.

 

Neverkusen, Kolonia inguruetako bidegurutzetan iragarrita, futbolagatik da ezaguna. Oberhausenek ere futbol talde ezaguna du. Atzoko italiarrak ez ezik futbol kultura dut nik ere.

Kolonia inguruan bi tximinia erraldoi ageri dira lainoak lainoago eginez.

Urrutira ere laino zurietan marraztuz dorre-orratz eta etxe-orratzak, Koloniako bi aro ezberdinen historia lainoetan  idatziz bere ertz ilunekin.

 

Kanpina: Kolonian kokatu gara, Rhin ibaiaren ertzean, gaurko hiru zaparrada bortitzen ondoren, ilunabar euritsu, hotz eta zaparradaz bilduta.

 

460 kilometro, menditsuak, aldapatsuak, bihurgune bihurgunez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.