Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK. Alemania 96

BIDAIAK. Alemania 96

Jon Etxabe 2019/08/30 09:05
Lieja, Amiens

BELGIKA

 

Alemaniakoaren antzerakoa deritzogu Belgikako lurraldeari, agian uhin puztuagoak ditu errepideak, gora-behera luzeagoak, garaiagoak errepide-gainak.

Mugak ez ditu gehienetan lurraldeak fisikoki zatitu edo bereizten. Politikak eta ekonomiak, aberastasunerako aukerek, dakartzate  ondorio lez herrien arteko ezberdintasunak.

Doakoa da autobidea Belgikan ere.

Harrizko hormak dituzte etxeek, ilunagoak dira, adreilua ere ezberdina da, teilatuak ez dira hain pikeak. Alemaniakoak baino tristeagoa da etxeteria: motelagoa ote bizipoza ere?.

Konponketak, autobideko lorea, Belgikan ere. Eta Ejertzitoa!: jeneralen eskuetan gaude.

Alemaniakoak baino murritzagoak dira lursailak, hesi berdez bata bestearengandik berezituta: nekazari ugariagoa, pobreagoa, eta tradizionalagoa adierazten duela deritzot, hau ez da Alemanian zirudien makro baserriko nekazaritza industriala.

Zuhaixkaz trinkotutako hesi sendoa du ia bide osoan autobiak, tartetxoetan soilik ematen du  inguruak ikusteko aukera.

Bada hizkuntza arazoa lurralde honetan, bi herrietako izen frantsesak ezabatuak zeuden mugan sartuaz bat.

 

Nabarmen aldapatsuagoa da Lieja ingurua.

Tuterako zubi erraldoia, denek nonahi darabilte norbaitek asmatu zuen teknika berria; gidaliburu edo testu libururen batean agertuko da seguruenik; merkeena, errazena da nonbait. Diru gehien ematen duena ere ote?: ideia iltzatua zait agian etekinarena, baina eraikuntza egitasmoak horrela gauzatzen dira politikoen artean.

Portu industriala den ibai zabala. Etxe-orratz pila nabarmentzen da urrutira. Kilometro luzez eta ordu luzeagoetan, barearen ibili geldoan, butxadurak harrapatuta egon gara. Koloniatik Liejara egin dugun denbora bera behar izan dugu hirira sartzeko: gizakia bere aurrerapenen gatibu.

Etxe-koadro eskergak urez oparo doan kanalaren alboetan. Aparkaleku bihurtu dute, ibai ertzean, gerri lodiko platanoz babesturiko oinezkoen ibilgune atsegina dirudiena. Teila ilunekoak dira teilatuak.

 

Lieja

Zaharra eta zaharkitua agertu zaigu hiria. Zaharra da izan, txukundu duten arren. Beltz eta zikin dakusagu, beltzagoa egiten dute garbitutako eraikuntza zuriek. Agian apalago eta bastoagoaren itxura ematen diote berrikuntza lanek eta hautsak. Kaskarro, trauskil, kutsua ere badu. Zaborrik ez dago baina zikina da eta zikin planta du.  Bertan dena da berritze lana, kaleak estuak direnez dena da ezin ibilia, dena hautsa. Norabide kartelek ez dute bere zereginik betetzen, eguneko norabide denak aldatuta baitaude lanok direla eta. Aparkaleku bihurtuta dago dena. Ez da atsegina oinez ibiltzeko, desatseginagoa autoz. Kaosa da zirkulatzea, agian obrengatik, agian guk ez dakigulako iragartzen ez den norabide berririk. Hau ez da Alemania, hemen bakoitzak nahi duena egiten du.

 

Kale bihurri eta okertuko Zaharra. Ibaia eta zubiak. S. Denis: 1589ko organoapulpitu tailatu ederra, beiradura aparta, sabai-horma laruak eta sabai erdian fresko borobila, bai kaperako bai presbiterioko erretaula bikainak.  Katedrala: argi asko du; beiradurak,  zurezko pulpitu tailatua: batez ere azpian dituen santu-irudi zuri handiak dira deigarriak, urre kolorean nabarmentzen diren aldare nagusiko irudi zuriak, sabaiko lore pintatuak, eta klaustro ilunean Herio makabroa hilarri beltzean zuriz landua.

 

Lieja ezin daiteke Walonia izan, ez baitugu waloniera entzun; Frantsesa da entzun dugun hizkuntza bakarra.

 

Europa guztiko gaitzak jo du hiri hau ere: ezin daiteke Europako inongo hiritan sartu gaur egun, dena baita obra: ezintasunaren ezaugarria ote hemen ere Euskal Herrian bezala: ezin besterik eskaini eta egin, eta obrak, berrikuntzak, dira  eskaintza bakarra, Europako aurpegi berria. Agian ez dakite besterik egiten ere. Agian kapitalaren morroi hutsak besterik ez dira politikoak.  Obrek dirua ematen die politiko eta enparauei. Europa berritzeko aitzakiaz Europa hondatu besterik ez dute egiten, hiriak eta herriak berritu, garbitu eta dotoretu egiten badituzte ere. Baina gizona non, ongizatea non?. Lana, patxada, zoriontasuna, lasaitasuna, etorkizunaren segurtasuna non?. Zer da Europa berria?.

 

Belgikarrek ere lasai egiten dituzte bide-zubiak bailaraz bailara, menditik mendira, garaiak haran gainean, lurralde menditsua denez bata bestearen ondoren, takian-potian. Autoa da errege Belgikan ere.

 

 

FRANTZIA

 

Frantziara bidean, 200 kilometro Parisera falta zaizkigunean, zezen-plazaren borobilerako tximinia kutsatzailea dager.

Amiensera hartu dugu, Alemaniakoa bera dirudi lurraldeak, laua eta berdea; patata-sail izugarriak, erremolatxa eta hemen oraindik horitu ez diren gari-sailak. Teilatu iluna dute etxeek, baina ezberdinak dira, elizetako dorre luzeak berriz Alemaniakoen antzerakoak. Lurra ureztatzeko teknika ere antzerakoa da: zorrotada indartsu, luze, bakarra. Alemania dugu oraindik ikusten dugunaren konparaketa eredu.

Hiru hilerri militar aurkitu ditugu iragarrita zonaldean, erraza da hilerriak egitea, gerrak sortzea bezain erraza. Ze inporta die jeneralei hildakoek!. Hilerri polit batek edo hitz potoloko errito berezi batek zuritzen du gerran hildako soldadua. Ia guda-bururik ez da hiltzen gerran, herriko seme apal arruntak dira diru-jabeek sortutako gudarostetan hiltzen direnak.

 

Amiens

S.Michel Mendiaren taxua du urrutira, bere eraikuntza gotiko zorrotzak eta bereziki dorre-orratz gailenak ematen dio kutsu hori. Eskerga ikusten da etxe-orratz karratua, baita gaur egungo gurutze mezularia bihurtu den piruli edo komunikabide-orratza ere. Halako argitasun ezberdina dute etxeek.  Oso sendoa ikusten da hiria sarrerako kale luzea zeharkatzean; jite alaia ematen diote kaleari adreiluzko etxe gorri baxuek, ateburu gaineko leihoek, ate-albo zuriek  eta pertsiana argiek. Aurrera egin ahala, kaleetako lora ugariek areagotu egiten dute lehen iritzi baikorra.

Untzagakoak baino 5 solairu gehiago ditu etxe-orratzak, baina ingurua zabala duenez  ez du ingurua itotzen. Untzagakoak, aldiz, itoagoa bihurtzen du berez itoa den ingurua: goranzkoa ez da beti arnasbidea, gotikoa ohi den bezala, itogarria izan daiteke askotan. Katedrala: harri zurixkako eliza argia; gotiko ederra da bere dorre deigarriekin; sarrerako  ateburu zorrotza taila polikromatuko santu iruditxoz dotoretuta; xehetasunez tailatutako iruditxoz edertutako koruko aulkiteria; beiradura apartak; arrosa-leihoa; goialde osoa inguratzen duen arku garaiko korridorea; irudi diganteek eusten duten marmol zurizko pulpitua; Alemanian ez dakit non bezala han goietan ia zintzilik  organoa…;  badu zertaz gozatu bisitariak.

EH, Euskal Herriko txartel ezaugarria zuen autoa izan dugu aurrean, baina galdu egin zaigu kale-gurutze batean.

Alemanian 6etan saltokiak itxi, kaleak mortu bilakatu eta giroa hiltzen den orduan, pipilean dago giroa Amiens-en, jendea hara-hona, lasai zerbait hartzen dagoen jendez lepo  taberna aurreak; oraindik geroagorako kontzertua prestatzen ari dira katedralean bertan: bi herri, bi ohitura, bi bizimodu.

 

Kanpinik eskura aurkitu ez dugunez, etxera abiatzen gara, oraindik urruti badago ere.

 

Genituen asmo eta itxaropenak gezurtatuz aldrebestu egin gara Paris inguruan ere, autobideak ez baikaitu zeharbidetik eraman espero genuen bezala, zuzenean Pariseko bihotzera baizik.  Nahiko gertutik ikusi ahal izan dugu Sacre Coeur, nola ez Eifel dorrea denetik ikusten baita,  Sena ibaia zeharkatu dugu ibai-ontziei begira berriz ere. Txisteko indioak Eibarko Dos de Mayo kalean bezala ibili gara luzaroan erdi galduta, berezkoari, senari, barne iparrorratzari,  jarraituz; Versalles aldean, hor nonbait genbiltzala, norbaiti galdetuz gure norabide zuzenera atera garen arte.

 

Gau luzea izan da. Gidatuz egin dugu gau osoa. Tarteka geldituz. Bere herrietara oporretan doazen atzerritarrez edo atzerrira oporretara doazenez mukuru zegoen errepidea, zirkulazio trinkoa izan dugu. Logurarekin borrokan bukatu dut. 

 

Euskal Herria ederra da -isil dezagun Lasarte pasa arterakoa-; Andoaindik Sakanara artekoa bezalako parajerik ez dago Europan, Sakana adinakorik inon.

Garia ebakitzeko prest.

 

Egurats hezea izan dugu, baina ez da izan eragozpen lurralde eta herri gozagarriez gozatu eta  gizartea abegikorra ezagutzeko.

 

 

Bukatu da aurtengoa, Alemaniara bidaia.

13.153 kilometro.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.