Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99. PORTUGAL

BIDAIAK 99. PORTUGAL

Jon Etxabe 2021/04/01 09:45
Tomar, Abrantes. ALENTEJO LURRALDEA. Becver, Portalegre, Marvao, Castelo de Vide.

Ekainaren 14a. Astelehena. P.14.a

 

“Harrien  lauhazka”. Iñigo Aranbarri:

* “Ekarridazu harri bat inon ez diren herrietara ez doazenean”. Diren herrietara joan ohi gara. Eta ez da harririk gabeko herririk. Bidaia orotan daramat harriren bat nongoa den ahaztuko zaidala dakidan arren. Beti da harriren bat etxeko apaletan, bihotz tolesduraren batean ere bai.

 

Aldaketa eguna. Azken agurra eman diogu begiradaz ganduak bahituta duen Coimbrari.

 

Artajorran dabiltza baserritarrak, aitzurrarekin, gure umezaro eta gaztaroan lez.  Loran da hainbat patata-sail. Orain arteko lehen zaldiak ikusi ditugu Coinbra inguruan. Ez dira ugariak.  Berotegiak, handiak dira gaurko hauek. Utziak daude lursailak Coimbra inguruan, joana da nonbait gazte jendea emigraziora, hirira edo atzerrira, lan edo diru-bide erosoago baten bila. Beti da lur landu, erabili, joria ibaiaren albokoa, arto-sailak gehienetan: ura da nonbait hemen ere arazoa, ur eskasia edo urik eza. Ur-biltegia izan daitekeen buruz beherako kono erraldoi horietako bat herri batean: ikusten dugun lehenengoa, Europan aldiz errimeak dira zenbait lurraldetan. Erretxina jasotzeko poteak pinu gerrietan; oso guti dira, bakarren baten diru ttanttaka.

“La Guipuzcoana” furgoneta, bigarrenez Portugalen.

Autobia oro da “portagen”: “retire o titulo” gogoratzen dizute sarreran. Ordainbide orotan dago txartel aproposa erakutsiz gera gabe pasabidea  zuzenean zeharkatzeko aukera. Egonleku eta guztiko gasolindegi ganorazkoak dira Leiria ingurukoak, bada ere  atseden-gune bat, orain arteko bakarra autobidean.

Ugarituz doaz lur landuak Leiriara hurreratu ahala, arto-saila da nagusi; gehituz doaz eukalipto basoak, landu ezineko lur kasko oro da eukalipto gune.  Olibondoa eta mahatsa dira edonongo berdegune.

 

Serra de Aire, mendizerra: gainalde borobil edo leuna, soildua, zuhaitz motaren bat sartu dute lurzorua erabat betez magal piko-pikoan, orritza berde baxu zabala bailitzan, sastraka moltso luzexkak bailitzaz ageri dira harri artean. Izugarrizko lubaki batez zeharkatzen dugu mendizerra gainbehera pikoan; harri zurixkako lur gorriz nahastua da mendi barrena.

Tristea dirau hemen ere etxeteriak. Kobazulo pila dago Serra de Aire eta Leiriako inguru osoan, erruz iragarrita, turismoari so.

Desagertu egin zaigu bat-batera eukaliptoa; olibondoa, pikondoa, altzifrea, artea, lur landu horiak, erremolatxa sailak, ureztatutako lurrak, lur lauak... agertu zaizkigu, erabat aldatu zaigu lurraldea. Salamancako larreen tankera bera du lurralde honek.

 

Torres Novas. Etxetzar asko ikusten zaio. Badu ganorazko industrigunea ere.

Fruta saltzaile ugari dago errepide ertzean, hainbatek behin betirako toldopea du.

Errepide bazter berdeak bere horretan uzteari ondo deritzok, baina errepide ertza harra beteko koskaz bukatzea ez.

 

Lisboa eta  eta inguruko lurraldeak izanen dira uurrengo 4 egunetako ibilbidea, Alentejo lurraldera ere egingo dugu sartu-irten bat.

 

Kanpina ia nondik galdetu diogu bidegurutze batean errepide ertzean barazkiak saltzen ari zen emakume bati. “Hurrengoan” erantzun digu. Bospasei herri izan dira “hurrengoak”.

 

Kanpina. Tomar hirian dago. Berrikuntza lanetan ari dira kale nagusian, ondorioz-edo edonon uzten dituzte autoak. Autoek estutua eta konponketek harrotua zegoen ibilbidea, beldurgarria, halere etxatoiari kaskadarik eman gabe heldu gara kanpalekura. 3 izarreko kategoria jarri diote, baina garbigailurik ez du; ernegatu dugu, arropa piloarekin baikabiltza aspaldion garbigailu bat non aurkituko. Etxatoiak dira hemengo ikuspegia, edonora begiratzen dugula ere, ordez txorrotxio etengabeko eta ozena entzun ahal da makalen abarraterian.

 

Tomar. Hiri atsegina sapa egunez ere. Goitik begiratuta teila gorri esparru zabala besterik ez da hiri zaharra, alde berria ordez etxetzar erraldoien gune zatarra. Hiribildua izan zen nonbait, tokatzen zaio izatea, ate baten hondakinak geratzen zaizkio gaur egun. Tenplarioen hiria, gerra kutsua dario. Tenplarioen ikurra uste duguna dager denean:  mundua irudikatuzko bola, xafla luzez egina, itsasontzietako tresna dirudiena. Izugarrizko koroa da kale nagusiko erdiko biribilgunea, hiria monarkikoa zenekoari  lotuz nonbait. Harzoladun antzinako kale-sare zabala, elizak eta etxe arrunt baina apainek hertsitako plaza zabal karratu handia, oinezkoen kale-sare zabaltxoa non jelatua ere izan dugun... ibilbide eskertzekoa eskaini digu. Zeri begiratu eta zertaz gozatu ere bai:

Platanondo erraldoien pean lorategi atsegin ondo ureztatua, atsedenleku aparta, gauzatu dute ibaiak sortutakoa edo ibaiaz sortarazitako uhartetxoan, bertan noria handi bat, gurpil handiari loturiko ur-garraiorako lurrezko ontzi txikiek ematen diote halako bitxitasuna. S.Juan Bautistaren eliza: plaza nagusian, garaia eta xumea kanpotik begiradarentzat, altxor-gune paregabea bilakatzen da barnera bisita: erretaula barrokoak sortarazten du lehen zirrara dardaratia, bitxikeriez zizelaturiko pulpituak erakartzen ditu gero begiak, triptiko handi batek deigarriagoa egiten duen XVI. gizaldiko bataiategiak bereganatuko zaitu ondoren, eta hormetan zintzilikatutako aspaldiko koadroak liluratuko azkenik. Pospoloen museoa. Sinagoga, lau zutabe garaik erdi-erdian esparru karratu bat sortarazten dioten barrunbe karratua, museo bihurtua gaur egun: toki zainduari errespetuz kendu dudan txapela jartzeko eskatzen dit zaintzaileak, adineko adeitsua bera, burua estaltzea dela sinagogetan portabidea argudiatuz; bozgorailu sistema bitxiaz ere ohartarazten gaitu: buztinezko aho batetik sartzen da horman gora ahotsa eta beste zulo batzuetatik zabaltzen: sinagoga txiki karratua izanik ez dakit ze bozgorailu premia zuten. Sinagoga kalea, lorez dotoretua, ate kontra zementuz egin eta zuriz pintatutako lorontzi ezin xumeagoz paregabe eder kale osoa. Akueduktu luzea. Tontortxo batean txikitan Kontsesio eliza deitzen geniona, Sorkunde eliza alegia: txikitasunak eta tontorreko bakardadeak ematen dio duen grazia apurra. Pelourinhoa, ez du merezi beregana pausorik zuzentzerik. Santa Maria do Olival eliza: urteetako higadurak leundutako sarrera ederra du, balkoiek eta putzuak erakusten dute izan zela klaustroa ere; ingurua, baina, hala-moduzko zaindu gabea dago.

Gaztelua, tontor-tontorrean, hondatua, harresiak soilik geratzen zaizkio. Gazteluko harresi barruan berriz Kristoren Komentua, izana bera ezin egokiago datorkio izenari, kristona baita. Munstroa neurriz, sinestezin erraldoia: neurriz kanpoko korridoreak, ehunka pila gela, artelanez eta bitxikeria zizelatuz ezin gehiagoko oparotasuna: sarrerako atea, kapitel, nerbio, nerbioetako pintura, ate, azulejo, auskalo zenbat klaustro eder, elizako presbiterioa, presbiterioko tenpletea, horma pintatuak,  eskailera kiribila, leiho landuak, gargola apartak, azulejoak denean... dena da neurriz gorakoa. Estilo ezberdinak nahastuta daude, bata bestearen gehigarri, bakoitza aurrekoaren artelanak zapuztu, estali edo gainditu nahian.

 

Gargola ederrenak ere erretentxoa duen harri luzaranak besterik ez dira goitik begiratuz.

Sinagogako zaindariak: “nongoak?”. – “Euskaldunak”. - “Euskaldunok independentzia nahi duzue”. -  “Bai” - “Portugal ere Galiziaren menpe egon zen eta independentzia lortu genuen”.  Ulertzen gaitu euskaldunok.

Bertakoen txapela kaskoa dirudien estalki txortendun zapal bat da, burura erabat itsatsia.

 

164 kilometro, lurralde berri baterantz.

 

Beira birziklatzeko zaborrontzia dago kanpaleku honetan. Kanpaleku batean ikusten dugun lehenengoa. Gutxi ikusten da hirietan ere, bat bera ere ez herri koskorretan.

 

“Urregilearen orduak”. Pako Aristi:

* “jakingo duk agintzeak duen grazia bakarra besteak obeditzea dela”. Menpekoen grazia bakarra, matxinada.

 

 

Ekainaren 15a.  Asteartea      15.a

 

“Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:

*  Sorbeltzek “udaren etorrera salatzean”  erraien labanaren batek astintzen gaitu gu ere errepidera.

 

Presa bati esker hiri ertzean zabala eta sakona ageri den ibaia, ziztrintxo doa ondoren. Hogeikote bat ardiko artaldea, ez dakigu ile motzekoak diren  ala moztu berria duten ilea; kamioikada ardi ikusiko dugu gero errepidean, hiltegira edo larre berrira.

Castelo de Bode.  Urtegia du, jendearen etorgune edo aisia-leku, hala iragartzen dute behintzat; behean dago, negu lehorra joan da nonbait.

Lastozko kapela hegal zabala darama emakume batek buruko-zapi beltzaren gainean. Alentejon ikusiko ditugu gehiago gero.

Buru-zapi janzkera berezia ikusi dugu herri honetan bertan: kokotean lotuta ditu bi mutur, zapiaren erdia zabal-zabal bizkar gainera utzia.

Gertu zuen poliziari galdetzeko keinua egin digu norabidea galdetu diogun emakume batek, ondoren ordea, erantzuna bazekiela ikusi duenean, azalpen guztiak eman dizkigu, gatz handiz eman ere gainera.

Braganza aldeko mendi sailetan ikusitako lora zuridun sastrakaren antzerako hura bera jabetu da hemen ere mendiaz: galdua du jadanik lorea.

Guretzat soilik da errepidea, baina kokoteraino gaude pinu eta eukaliptoz, lubaki berde batean bezala sartzen baikaituzte inolako ikuspegirik gabe: erabat monotonoa bihurtzen du gidaritza eta bidaia.

Rio de Moinhos, oso herri txukuna

Izugarri erraldoi gertatzen dira autobideko zubiak, paisaia hautsiz.

Ribatejo, bailara hasieran.

 

SANTAREN barrutia.

Abrantes. Sarrera dotoretxo batez hartzen zaitu: etxe txikitxoek biltzen duten errepidea, lore lerrokada batek erdibitzen duen etorbide zabal luzea. Harri  koadro erraldoia da Gaztelua: ezohizkoa da harresien kontra, kanpotik, duen arkuteria. Eskulturak ditugu herri honetan, behingoz Portugalen, irudimenez jarritako eskulturak: ur bila joandako hiru emakume solasean iturrian, hiru gizakume lasai plazako mailadian eseriak. Zutabe bat besterik ez da pelourinhoa, harrizko kubo bat du txapel. Tren txu-txua du, baita komunikabide dorre-orratz luzea ere. Hondakin bilketa, zaborraz bereiziz egiten da.

Bi dira Bizente Sainduari eskainitako elizak: biak dira handiak, biak fatxada leunekoak, biak errenazimendu itxurakoak, biak dira arku garaiko garaiak, biak daude kolorgeak,  aldare barrokoak dituzte biek, urre kolorearen ordez harria nagusitzen da biotako aldareotan, bietako alboko aldareek arku eta harrizko teilatuarekin gordetako horma ingurua dute, biek dute organoa presbiterioan:  urre kolorekoa bata  zur kolorez bernizatua bestea, organo biak  dira antzinakoak, biek dituzte sekulako erlikitegiak: batenak 22 santu-irudi nanotxo dira erlikitegi friso baten gainean erreskadan elizako horman, bestearen santu-hezurrok  aldare barroko batetan daude erretaulako arkuak ere hezurtegi bihurtuta. Baina bada ezberdintasunik bi elizon artean: beherengoak 3 pulpitu ditu, ohol zurikoa da ganga eta mailakako sakonune batean bataiarria, murgiltze bataio era gogaraziz.

Paperezko loraz eta girlandaz apainduta daude hainbat kale, alderik aldeko arkuteri  eta zintzilikarioak, paperezko lorez bilduak daude fatxada balkoi eta sarrerak, zuhaitz artifizialak jarri dituzte plazan. Bizente sainduaren omenez. Urteroko ohitura da eta urtero lore berdinak ateratzen dituzte, hala erakusten dute lore ajatuek: bitxia, erabat naifa, eskolaume  edo herritar arrunt xumeek eginak denak, bitxia eta harrigarria, herri baten ilusioa darion herrilana.

Erretaula apal bateko kapera xume zahar batekin egin dugu topo kale batean: kaperaren erdian katabut bat, kaperako albo bietan aulki luze bana, aulkiotan eserita etxekoak, herritar xumeak, aulki baten ertzean eserita bi soldadu koroi bana belaun gainean. Hileta orduaren zain daude.  Soldadua behar du izan itxura guztien arabera hildakoa, armadako kaporal bat baitago kanpoan: kuartel batetan hil den gazteren bat, agian maniobretako istripuan, “Mort pour la patri” gizajo hau ere.

 

Tejo ibaia zeharkatu dugu hiriaren oinetan: zabal dator baina ur gutxirekin; urtegi bihurtzen da geroago, Belver inguruan: urtegia, naturari ur-lapurreta.

Ortuari eskaintza oparoa Ribatejo bailaran, errepide bazterretan ere.

Pego herria: zaplastakoa ala iruzurra esan nahi ote izenak.

Motela da ibilbidea: herri asko dago, bertatik bertarako auto, moto, nekazari furgoitxo asko dabil errepidean, errepidea bera bihurgunez bihurgune doa, laua izanik ere aurreratzeko aukerarik ez duen errepidea.

Bi tximinia aho-erraldoi keetan Tejo alboan: nuklearra ote?, nolanahi argindar zentrala da, ibaia eta haizea kutsatuz.

 

ALENTEJO LURRALDEA. Lautada lehorra, mendirik gabeko lurralde ondulatua, laua, tartean mendikateren bat bada ere. Herri zuriak dira, zuri alai bizi argiak etxeak, okre zein urdin pintatuak daude ate eta leiho bueltak koadroak bailitzan, zabal estuak dira tximiniak: su handiak behar dute barrenean, hotza behar du izan inguru honek neguan, egunotan 30 graduko hozberotik behera jaizten ez bagara ere. Artelatza, gari edo belar lehorreko lursail horiak dira hauek, pinu eta eukalipto sailak zabaltzen dira tarteka, mahatsondo olibondo indipiku eta  aza gailegoa ere agertzen da noizbehinka, galtzadarrizkoa da zola tarteka: deigarria hasieran, tristura dario parajeari, errepikakorra, aspergarria ere, bihurtu zaigu azkenerako.

Becver.  Herri zuria Tejo gainaldean, gaztelu koadro sendo mozkotea nabarmentzen zaio alboko tontorrean; herri argia, kalexka sare bihurria osatzen dute behe solairuko etxeek; begiz ez dago antz ematerik, baina ez du letreroz iragarri beharrik, barruko bezero zaratatsuen berbaro burrunbatsua jarraiki urrutitik antz ematen zaio taberna non den; pulpitua da ezohizkoa elizatxo kuriosoan. Zuloan Tejo ibaia, barrage, urtegi, batek gizendu, puztu, handitu, sakondua.

Zikoina habia porlanezko argindar poste batean, beste bat geroago zurezko tantai mehean,  txapel erraldoia bailitzan.

Degracia. Hizki bakarragatik ez da desgracia, ala zoritxarra esan nahi ote portugesez?. Graziazkoa agian.

Errepide nagusi batera egin dugu, bideberri honetatik jotzen du Castelo Brancok Lisboara, guk ekarri dugun mendiartetik egin gabe.

Nisa.  Bainu-herria. Edonon iragartzen da inguruan.

Tolosa. Horma zuri eta teila gorri, polita ikusten da aurreko errepidetik: goialdeko herri txukuna dirudi.

Gáfete. Zuria, gorria, zabala, atsegina. Bi eliza ditu, biak elkarren auzo.

Herri txikietako eliza gehienak txikiak dira, etxeak bezala, eliza-dorreak karratu motxak, piramide txiki batez bukatuak.

Alpalhao.  Harrizko garbitegi sendoa, oso polita. Bi eliza dorre eta ur-biltegi borobil nagusitzen zaizkio nabarmen.

Mota berdeko amona mantalgorri erraldoia dirudi inguruak. Bizkor zeharkatzeko lurraldea bihurtu dute errepide eroso baten bidez, hiribururakoa erraztu eta laburtzeko asmoz agian.

Kamioneta luze zabal beteko  idiskotzarra furgonetatxo batean, badirudi kamioneta lehertu behar dela.

Serra de Sao jaiki zaigu aurrez aurre Portalegrera hurreratzean.

4 emakume bidezain, lastozko kapelak buruan.

Portalegre. Itxura jatorra du urrutitik: tontorrenean eliza, gaztelua beheraxeago, pikoan oinezkoen kalea bera ere. Alentejoko ikuspegi zabala eskaintzen du. S. Bernardo komentua, polizia kaserna da gaur egun, zuria horiz bilduta, bere garaian komentuko ortu edo lorategia zatekeen patio zabal itxia aurrean; kosta zaigu jabetzea kuartel hura zela mapak eta gidaliburuak erakusten zigun komentua; poliziek eurek erakusten diete bisitariei komentua, cicerone lana eginez, eta poliziak dabiltza bere uniformezko jantziz eliza-aurreko hormak zuritu garbitzen. Beraz poliziaren atzetik eta poliziari galdezka eta entzunez egin dugu komentuari bisita. Azulejoteria bikaina da elizaren kanpoaldea, hondatu samarra arren; umezurtz-etxea izan zen, erakusteko dute umeak uzten zituzten tornua; mojen bi bilkura areto ditu elizan, behean bata, kouan bestea izugarrizko burdina sarearekin babestua;  fundatzailearen aldarea, artelan bikaina; klaustroak kapitel landuak ditu, korridorea gainean estaia osoki inguratuz. SE: Elizatzarra hainbat aipagarrirekin: lehenengoz aurkitzen ditugun harrizko zutabe karratuak, erretaula koadroz osatua, aldare errenazentistak santu-irudirik gabe nagusienak, organo xarmanta gurutzaduran armairu handi bat bailitzan.

Harri zuri eta beltzezko nahasketa landuz egina dago ia herri guztietan oinezkoen kaleko zorua.

        

Mendi bat zeharkatu dugu, hariztia da osoki, zaldi haztegi bat bertan. Hiru gizonezko nagusi isokarro baten atzealdean, adineko zaharrak hirurak, aitzurrez  armaturik, sonbreiru eta kapelez estalia burua, soloren batera doaz eguerdiko saparen ondoren: hemen ere ez dago gazterik nekazaritzan.

Errekasto baten alboko hurritz abartsu garai baten azpian egin dugu eguerdiko pasada, zozo-kantu ozenez bilduta, fruta da gure bazkaria,.

Portagem. Herria, zer ordaintzen ote hemen.

Kamioikadaka dabil kortxoa edo artelazkia errepidean.

Marvao. Puntarik punta, alderik alde, harresiak babesten duen tontorreria. Herritxo bat da harresion erdigunea. Zen bezala dago: zaindu, gorde eta txukundu besterik ez dute egin. Ez da hazi zorionez. Leiho eta ate harrizkoak, iturria, elizatxoa, kale estuak, arkuak, gorenean gotorlekua... benetan xarmanta. Erdi Arora jauzia da bertako ibilia, mendez atzerako murgila, irudimenari eragin beharrik gabe, denboraren tunelean sartzea bezala. Ez du turista-herri itxurarik, bisitariak etengabe badatoz ere. Bakardadean egin dugu guk gure ibilgua, bertako nagusi batzuk aurkitu ditugu soilik, kalean edo etxaurrean.

        

Castelo de Vide. Bainu-herria omen. Aparta. Ez da behar irudimenik hemen ere Erdi Aroko sentipenetan murgiltzeko, Erdi Aroan ibili naiz, kaleetako bakardadean, Erdi Aroa nolabait biziz, M. Luisa plazan geratu baitzait txakurren beldur. Judutegiko kale piko estu loratuak, etxeetako atetxo gotiko landuak, sinagoga, alde zaharreko kale-sarea. Tenplete baten aterpean iturria, ur sendagarria isuriz: bi agure hurreratu zaizkio zurrutada osasuntsu ederra egitera. Badu kale zabal bat, badu mila kale piko, badu eliza, bi mailadi dituen udaletxea du, zeinek mailadi bien erdian harrizko balkoia du arku baten gainean, badu ere bainu-herriaren ukitua ematen dion parke ederra. Eta eduki, izozki denda ere badu!.

Nekatu samar, nekearen ukituaz eguneko hondarrean, pizgarria gertatu zait alde zaharra: joan eta ibili, merezi du bisitak.

Zaharrean, atetxo gotikoaren aurrean, gizon nagusi batek besoko beltza darama, familiarteko hilberriren baten oroigarriz: gure txikitako ohiturak diraute oraindik Castelon.

        

Piko bizian daude bisitatu  ditugun 5 herriak, bostak behar zuten izan hiribilduak, Erdi Aroko petoak dira bostak egituraz eta darien giroz, denek dute gaztelua goian, denek galtzadarrizko zorua, denak dira txukunak eta atseginak,  denak daude zainduak. Ohizkoa zaigun egitura dute bostek: gaztelutik maldan behera pikoan luza zabaltzen da etxeteria edo herria, gorago eta estuagoak dira kaleak, goitik beheran plaza eta berdeguneak sortzen dira, azulejoz egina dago kale-izendegia, kolorezko hizkiz egina da izen bakoitza.

 

Lizar marduleko etorbidea da errepidea tarte batean. Bertan zaldi batek eramaniko gurdi urdin batean gizon nagusi bat doa, ilun-ilun jantzia, bufanda beltza lepoan, baina batez ere burumakur, aurpegiera izugarri erori hits goibel batekin: geuri ere halako tristura sartu digu barruraino.

Tejo, Tajo ibaiarekin gabiltza jolasean Alemanian Rhin ibaiarekin bezalatsu: hainbat aldiz zeharkatu dugu alde batera zein bestera.

Arrats beranduan ere hor diraute errepide bazterrean nekazariak bere ortuariak ekainiz: lanordu luzea benetan beraiena, auskalo ze saltzeko gainera.

Beste 4 emakume bidezain.

 

281 kilometro, joan gatzaion herri bakar batek berak ere joanaren damurik ekarri ez digun herrietara eraman gaituztenak.

 

“Urregilearen orduak”, Pako Aristi:

* “Bidaiari ona ez da helmugara lehenbailehen iristen dena, bidean amets egiten dakiena baizik”.  Nahi baino lehen heltzen gara helmugara sarri, baina amets ere egiten dugu bidean.

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.