Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99. PORTUGAL

BIDAIAK 99. PORTUGAL

Jon Etxabe 2021/03/29 10:20
EKIALDEA. Lousa mendikatea, Serra de Avelos, Castelo Branco, Cardunha mendilerroa, Guarda.

Ekainaren 13a.  Igandea  P:13.a

 

“Harrien lauhazka”.     Iñigo Aranbarri:

*  “... norberarekin batera ez dabilen ipar magnetikoa”. Etxatoian dugun iparrorratza gogarazi dit; gero, atzo arratsean norabidea galdu ondorengo nire haserrea eta etsipena izan zaizkit oroitzapen.

* “ ... begiak urtzen dizkizun gauaren ehiztari naiz”. Zerbitzugunera bidea zait gauerdiko bakardadean atsegin, planetarium ederrena bezain ederra dut gau oro “ gau izarniatua”.

* “ ... loa ez dela gutxi batzuen eskubidea ...”. Pobreek goiz jaiki behar dute, langabetuei berriz lo-ordu larregi geratzen zaie, milaka pobrek ez du loa non hartu leku egokirik... Loa bera ere, naturaren zatia, naturaren legeen kontra banatua eta erabilia.

 

Goiz ibiliz soilik entzun daiteke txori-kanta kanpalekuan, beranduago jan egiten du giza hotsak naturaren soinua. Txori txikia besterik ez da kanpinean, ez dugu denean ohi dugun zozorik ikusi. Ataurrean dugun alfonbrako zuloetatik gora egin du belarrak 3 eguneko tarte laburrean: indartsu dator natura udaberrian.

Hainbat etxatoi agertu da asteburuan, jende gazte bizipozduna.

Zaratatsuak portugaldarrok goizeko lehen orduetan ere.

Bela beltza agertu da goizeko behe-laino trinkoak uzten digun aurreko garbi gunean, zozo beltzagoa agertu da ere ibai bazterrean ez dakit ehiztari ala peskari: azkenez uxatu egin du beleak zozoa ur ondoko esparrutik. Handiena nagusi, ez beltzena.

 

 

EKIALDEA

 

Eki aldera izanen da gaurko ibilbidea, Espainiako mugatiko lurralde hurbiletara.

Kale eta errepideko zoru erdi-erdian jarrita daude telefono, argindar zein estolden estalki burdinazkoak, klinki-klanka hots lakarrez kantari auto gurpil pean. Europa osoko orkestra, nazioarteko batasunaren ezaugarrietako bat, globalizazioa.

Sail txikika botatzen dute eukaliptoa, gureetan berriz mendi osoa hartzen duen pinudia bota ohi da: ustiatze teknika arazoa ala jabego oso banatua?.

 

Poiares. Ez digute sekula santan inon hain zehatz eta azken zirrikituraino garbitu autoa herri honetan baino.

 

Egunorokoa zaigun mendiko ibilbidea izan da lehen zatia, errepidea guretzat soilik zitzaigularik, sakoneko ikuspegi berdeaz gozatuz tarteka.

 

Caracol. Ze martxa ote herri honetan?.

 

Futbol zelaia, herritxo askotan iragarria.

Menditik bailarara eta bailaratik mendira, horrela doa Cambaseraino errepidea.

 

Gois. Bailara zabal batean kokatua; lurzoru asko dago bere horretan utzita, belarrak janda. Herria zuloan dago, txukuna da, 3 begiko zubia garaiak gainditzen du beheko ur garbiko ibaitxoa. Herri berriaren itxura du goitik ikusita. Turista-gune izan nahi du iragarpenen arabera, baliabide guztiak iragartzen ditu behintzat; guk, baina, ez dugu antzerako girorik usnatu kaleetan, dendateria eta kafetegiei dagokionez behintzat.

 

Lousa mendikatea zeharkatzen dugu, ibilbide paregabea gertatu zaigu bai goranzkoa, bai goialdekoa, bai beheranzkoa. Povoa beheko herritik urrutietara ikusi dugun harkaitz zuriko tontorreriaren bertatxotik igaro gara, esku-eskura ditugularik haitzok: orain arte ikusitakoetatik tontorreria ezberdina. Ikuspegi zabala alde batetara, lurralde berdintsua, menditeria iluna, tontor bat bestearen ostean azken tontorra zerumugako urdinean iluntzen zaigun arte. Behatoki zoragarria da gainez-gainezka errepidea. Arnasa hartzen dute begiek hemen, barneak ere. Bakardadearen xarma dasta daiteke gain zabalen erdian. Auto bakar bat besterik ez dugu izan errepidean. Ikuskizun ikusgarriz bilduta doa bidaia tontorrez tontor. Mantso gidatu eta ingurura begiratu, hori da gaurko gidaritzarako lema. Mundu osoa dugu guretzat, mendi hauek gureak baitira une hauetan. 27 gradukoa da hozberoa, aukerakoa. Ez du jartzen inon hegiaren altuerarik beraz ezin dugu jakin ze metrotako goietan gabiltzan. Mendi-bide ugariek arrasto hori luzez urratzen dituzte biziki mendi magalak. Nekatu aurretik egiteko ibilbide zoragarria, orain artekoengandik erabat ezberdina. “Nekazal turismoa” iragartzen da, beheko lurraldean ez ezik gain bakarti hauetan ere.

Beheranzkoan, oraintxe goaz Iparrera, orain Ekialdera, berdin Hegora berdin Mendebaldera, mendiak, mendia inguratu beharrak, agintzen dio errepideari: gerizari erreparatuz zein puntu  kardinal aldera goazen jabetzea da  gaurko gidaritzaren jolas bat. Ginarra eta pinuek ordezkatzen dute eukaliptoa. Zapaldetan mailakatuta dago hainbat mendi-magal, eukaliptoa sartu dute mailotan, ez dakigu mendia eukalitadi bihurtzeko asmoz ala mendiaren higadura galarazteko.

Kafetegitxoa ere bada bide ertzean.

Geurea izatea suertatzen da urrutietan begiztatutako errepide hura, urruti horretan agertzen gara berehala. Latza da errepide zorua, baina gutxienez berdina. Ez da gutxi. Era guztietako errepide-zorua izan baitugu orain arte.

 

Moninho. Hegoaldera begira mendi magalean, txalet-herri bihurtu da.

 

Pampilosa da Serra. Hemen bukatzen da Lousa mendi zerra zeharkatzen duen errepidea. Zulo batean. Herri koskortu orok bezala harzola du. Zerbitzu herria dirudi, inguruko herritxoen buru, zabala, txukuna, zuloan egon arren hasia. Jende pila dago elkartuta eliza-aurre batean, inguru guztira hedatzen du hizlari baten jarioaren oihartzuna bozgorailu batek.

 

Herri galduak, mendiartekook.

Berriz ere gorakoari egin diogu, baina gatzik gabeko ibilian, pinudiek hesi trinko garai berdea ezartzen baitigute. Tartekako garbidunetan ikuspegi zabala dakusagu. Eukaliptoa agertu zaigu berriro: nonahiko zuhaitza da eukaliptoa Portugalen. Kilometro asko daramatzagu gaur mendiz.

Urtegi ugari dago mendikate hauetan, ibaiari ura lapurtuz, agian erreka bera etenez.

 

Cambas. Mendi-zuloan hau ere, bigarren mendikateari bukaera emanez.

 

Akenerako xarma pixka bat kendu dio nekeak eta monotoniak mendi ibiliari. Nekagarria gerta zaigu, baina merezi izan du.

Mendiak ez ezik errepide zoru hondatuak ere isolatu eta banatzen du itsasalde eta hiri nagusietatik Castelo Branco barnealdeko hiria. Izugarri urruti gelditzen da: bi mendikate, milaka bihurgune eta etengabeko aldaz gora eta aldaz beherak. Nor ausartzen da Castelotik hiriburura?.

 

Zézere ibaia zeharkatu dugu zementuzko zubi handi batez. Hemendik aurrera zoru oneko errepide erosoa dugu, laua, Caltelo Brancoraino.

Kapela daramate gizon nagusiek.

Azaldu zaizkigu berriz ere gereziondoak errepide bazterretan, ikusi gabe genituen Iparreko egunetatik. Hainbat mendi-zulotan harriz taxututako zabaltzetan lantzen dute-zuten lurra; erabiliak daude zabaltza batzuk, errekako urez baliatuz, beste zenbait ordea utziak; zenbait bazterretan landuta dago azkenengo lur apur erabilgarria ere. Jende gazteak alde egin duela dirudi herri hauetatik, bere horretan geratu direla lurrok.

Herri isolatuak behar dute izan lurralde honetakoak.

 

Serra de Avelos izan daiteke errepideak magaletik garamatzan mendikatea. Denak dira ìnudi Castelo Branco aurretiko 20 kilometroak; azken kilometroetan, ordez, errepide bazterrean platano gazte ilarak izan zaizkigu bideko berritasun: ezohizkoa orain arte. Urki bat!. Ugariak dira iturriak errepide bazterretan: iturburu lurraldea da hau. Ugariak ere fruta-arbolak, olibondoak eta mahastiak. Etxe berri edo berritu asko herrietan: atzerriratuenak ote?. Han-hemenka, gain askotan, telefono mugikorren antenak; telebista errepikatzailerik, berriz, ia ez, Portokoa da ikusi dugun bakarra.

 

Mendiarteko 3 ordu luze eta 150 kilometroko ibiliaren ondoren heldu gara gaurko hiri nagusietako lehenengora. Olibondoa da nagusi hiriaren inguruko bailaran.

 

Castelo Branco. Izenari tokatzen zaionez, han du tontorrean bere gaztelua: ikuspegi zoragarria eskaini behar du, bailara zabalaren erdian baitago herria, baina 35 graduko beroa dugu, gehitxo goraino begiak zorroztera soilik igotzeko. Hiribildua izan zen segur aski, baina gaur egun ez zaio gelditzen harresien aztarrenik; kale luze eta estuek bai bustitzen dute Erdi Aroko jite peto-petoz. Gaztelu azpiko kaleak dira piko bakarrak, laua da beste dena, kale zabalak zeharkatzen du erditik, harrizko atebuelta du herriko etxe orok. Merezi du kale arteko ibiliak: plaza handi samar bat, bitxikeriarik gabeko etxe ederrak, bi harrizko iturri eder goi iparreko herrira sarreran, albotik harrizko mailadiak, eta alderik alde harrizko balkoi zabaleko fatxadak kutsu ezberdina ematen dioten Udaletxea, “ordularia” izeneko kalean erloju laukoitza duen dorrea, bi dorre txaparroz gandortutako fatxada zabaleko katedrala,  agian gurutze soila besterik ez den baina pelourinhoa uste duguna zizelatu kiribildua: ez dirudi inor bertatik zintzilikatzeko izan zitekeenik baina auskalo!, Museo bihurtu duten Gotzainaren jauregia, jauregiaren osteko lorategia nongo hesi berdeko bidexkak zein pasabide den  zubiak, eta denean barreiatutako giza iruditxo pilak erakusten diguten Elizako printze bezala bizi zirela Gotzainak, itxita aurkitu dugun Miserikordia eliza...  merezi du bai kale arteko ibiliak

Alde berrian bada oinezkoen kale dotoretxo motz bat, saltoki dotoretxoak, plaza eder bat, baina baita etxetzar erraldoi berriak ere. Modernitatea, alajaina. Kolorgetu itxura du orokorrean hiriak, kale berrikuntza lanetan murgilduta dagoenez hautsa barreiatu da herri osoan. Iragan oparoa baina etorkizun eskasa iragarri dakioke asko zaintzen ez badute, badirudi berreskuratze ahaleginean murgildu direla.

 

Herri orotan dago Miserikordia Etxea, eta Miserikordia denok dute eliza handi eta ederra, pobreentzako diruarekin egina segur aski. Miserikordia eragin handiko erakundea izan zen Portugalen. Aberats eta elizgizon ahaltsuen kontzientzia baretzeko tresna agian. Gure garaian Patrizio Etxeberriak, esateko, hainbat diru eman zuen Arantzazun eta hainbat lekutako eliza eta Gogoeta Etxeetarako. Moral liburuetan bazen irabazietatik ehuneko honenbeste eman beharra, horrela zuritzen zuen elizak kristau esplotatzaile eta aberatsen kontzientzia.

 

Guarda hirira hartu dugu. Erabat aldatu zaigu paisaia, urrutiko mendizerrek mugatzen duten bukaerarik gabeko lautadan goaz, behingoz ia ahaztua genuen eukalipto eta mendirik gabeko lurralde laua, Salamancako dehesa edo larreen antza du: artelatza, olibondoa, garitza jadanik horiak, erein giroaren zain lur prestatuak.

 

Gardunha mendilerroa. Autobia bukatzen den unean lotzen dugu urrutian genekusan mendilerroarekin. Mendi erabat soila, biluziak daude harriak, suteren bat izan dela dirudi.

Gorantz berriro. Behatoki paregabea da errepidea, alde batera zein bestera mugarik gabeko lautadari so. Hori guneak nagusitzen dira lautadan, gari-soroak iragarriz. Gaztainondoak, erreskadetan landatutako fruta-arbola sail zabalak, gereziondo eta laranjondoak tartean. Horrela gauzatzen da Guardarainoko tarte osoa. Hainbat eta hainbat nekazari aurkituko ditugu Guarda pasa ondoren fruta salgai dutela errepide ertzean: oso tentagarriak dira txorta handietan txirikordatutako gerizak; pobre itxura dute saltzaileok, emakumeak dira gehienak, aberatsa ez dator izan ere bide bazterrera.

Bakailao fabrika fruta-arbola artean!. Afaritan jabetuko gara kristal poteko Azkue atuna Palencian poteratutakoa dela!.

 

Fundao. Albotik zeharkatzen du errepideak, herri egina, txukuna, zabala; kale-sare itxurazkoa, harrizko ateak, galtzadarrizko zorua herri orok bezala, eta etorbide zabal ederra zuhaitz handien itzalpean, gutxik bezala. Ondo doakion herriaren itxura erakusten du, baditu bi supermerkatu handi... bada dirua herri honetan.

 

Bailara osoak du eite ona, oraingoen artekoen ezberdina. Bada lana, dirua dabil.

 

Alcari, eta beste. Gorri eta zuri, ia elkarri lotuaz luzatzen dira herriak mendi magalean. Etxe handi eta berriak, txalet jiteko etxebizitzak, ez da ganorazko industrigunerik, ezta lur landu zabalik ere: kanpoko jendeak etorri behar du hona, uda-herri edo asteburuko egonleku behar dute izan herriok.

 

Covliha. Etxe  multzo handi bat mendi muinoa erabat estaliz.

 

Bailara zabala, fruta-arbolez berdea.

 

Ginjal de Belmonte. Mendi gain batean kokatutako herritxoa bere gaztelu edo gotorlekuarekin. Antzerako zenbait ikusiko dugu gero Guardatik etxera itzuleran.

 

Zikoina bat!!!.

 

Gaia. Guardara 9 kilometro falta direla. Izena ematen dion hitza gutxienez ezaguna dugu euskaldunok.

 

Autoa duen oro errepidean dago igandez udaberriko eguraldi eguzkitsuarekin, Portugalen ere.

 

Guarda. Handi eta zuri dakusagu urrutitik  mendi  magalean. Goi-goian dago, tontor garaian. Oso urrutitik hasten da gorantz errepidea alde batetik zein bestetik. Behatoki paregabea, zulo gainean eta mendi aurrean. Duela 20 bat urte egon ginen bertan, Espainiatik Portugalera sartu-irten batetan: Erdi Aroko herri bat gogoratu edo irudikatzen nuen, txikiagoa, bilduagoa, ilunagoa. Etxe handiak ditu gaur egun, herri berri bat jaio da.

Alde zaharra, ezer berezirik gabeko kale estuko xumea, gorenean dago. Ia ez du jadanik harresirik, dorre bat geratzen zaio, ezer guti gehiago. Rossio itxura petoa duen plaza zabal aldapatsua. Ezin esan ederrak direnik etxeak, bai ordea politak, aipatu behar balkoi, arkupe eta sarrera-mailadia albotik duten etxeak ere. SE edo katedrala da hiriko ikusgai nagusia, 8. ehun urtea ospatzen du aurten: gotorlekua dirudi kanpotik, austeroa baino gehiago gogorra, zakarra, harrizko sendoa, dena harkaitz, ukitu dotoreko kubo erraldoia bailitzan; giza aurpegiko gargolek erakarriko zaituzte, baina batez ere  animalia itxurako paregabeek; mailadi zabala buelta osoan; zutabe bihurrituak ditu sarrerako ate nagusiak; barrutik  gotiko berezia, handia, garaia, horma soileko biluzia, deigarriak dira goietako kapiteletara heltzen diren bi zutabetzar bihurritu goraino kiribilduak, nerbio borobil mardulak, goietako leihotxo landuak, non irudi pila urreztatu ilarak nabarmentzen diren presbiterioko erretaula igeltsuzko zuria, gotzainaren eserleku landua horman, gotzainen hilobiak lurrean. Gotzainaren jauregia, museoa da: gainaldeak lorategia behar zuen izan eta zuzenki lotua egon behar zuen katedralera, gaur egun berezituta badaude ere eraikin biak.

 

“Bai bakeari, OTANi ez” pankarta handia kalean alderik alde.

Bozkatzen ari da jendea sartu-irten etengabean museoan.

 

Lau suge errepidean, gurpilek zapalduak. Suge luzeak. Bela ari zen bata bazkatzen errepide erdian.

Furgoneta txiki asko dabil Portugal osoan, bereziki lurralde honetan: nekazarien lantresna.        

 

Celorico da Beira. Gaztelua  jaso zuen  jauntxoak antzinatean gailur-gailurrean, auto-fabrika Citroenak eraiki dituzte gaur egun bailaran.

 

Mendi leun arteko bailara zabalak. Eguzki argira erabat zuri dakusagu herriak mendi magaletan. Banda eta guztiko prozesioan pilatuta aurkitu dugu herri osoa herri batean. Ardi marroiak!!!. Alboan ditugu berriz eukaliptoak Coimbrara hurbiltzean.

Ez da poliziarik errepide eta herrietan, motodun poliziarik behintzat, dabilen polizia bakana jeepetan dabil, txapelokerrenak gogarazten dizkiguten jeep berdeetan.

Lasai dator jendea etxera itzulian, gu ostera bizi-bizi goaz, etxera noiz helduko.

 

Venta do porco. Ez du txerri-leku itxurarik. Inguru dena da eukaliptoa.

 

385 kilometro, Ekialdeko lurralde ezberdinetan.

 

Kanpai-hots fin bereziak jo du gaueko 12etan. Hauteskunde garaipena ospatzen ote apaiza eta alkateak?.

 

“Urregilearen orduak”. Pako Aristi:

* “Birena da munduaren sorrera: iragana ahantzi nahi lukeenarena eta gogoratzen saiatzen  denarena”. Nik ahaztu nahi nituzke nire zenbait jokabide baina ezin dut, iragana gogoratzen saiatzen naiz baina ezinezkoa zait hainbat gertakizun kontzientziara piztu araztea. Mundua ez da jadanik nirea.

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.