Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99. PORTUGAL

BIDAIAK 99. PORTUGAL

Jon Etxabe 2021/03/26 09:40
ERDIALDEA. BEIRAS LURRALDEA. Viseu, Penacova, Lorvao, Coimbra, Cavinhos, Buçaco, Aveiro, Figueira da Foz.

Ekainaren 10a. Osteguna.     P:10.a

 

“Harrien lauhazka”.     Iñigo Aranbarri:

* “Eite gaitzeko herri batean sortzea suertatu zaigu zinez”. Zorionez!.

 

Kokagune edo kanpin aldaketa; hegorantz goaz, Coinbrara.

Aldaketa egunak beti du misterio edo abentura kutsua, nola aterako garen kanpinetik lehenik, nola helduko ote hurrengora, nolakoa bien arteko bidaia.

Elkartasuna erakutsi digute kanpin-kideek: Pikearen pikez irrist egiten zuten gurpilek hondar gainean, bederatzi lagun heldu zaizkigu bultza nahian; esperientziaren osteko jakinduriaz autoaren muturrean eseri zaigu beraietako bat gurpilak zamatuz: nahikoa izan da hori etxatoia atera ahal izateko.

Jai da gaur Portugalen, baina ez dakigu zein santu-egun ospatzen duten.

                                                                                          

Leundu egiten dira mendiak Aveiro aldean. Eukalipto baso mugarik gabea izango dugu lurraldea egun osoan, Viseuko lautadan izan ezik. Egiten ari garen errepideko zenbait goieratik, autobideko zubi erraldoi garaietatik, eukaliptoen berdegune beltz ilun-iluna izanen da urrutietako zerumugaraino kolore itogarria; herritxo zein etxeak gordetzen dira tarteka baso erdian ikuskizun dotorea eskainiz. Eukaliptoa usainduz egin ditugu ibiliko kilometroak, erabat lurrun sarkorra izan dugu batez ere zenbait tartetan: eukaliptoa gripearen aurkako sendagaia bada, babestu, immunizatu, ditugu birikok aurtengo negurako. Mahastiak herri inguruetan eta ,  lurzoru landuak mahastiokin tartekatuz: artoa da soroari ia bakarra, ortuariak berriz betiko denekoak. Animalia bakar bat ere ez da ageri. Mahastiak dira erreka-zuloetako lur apurrenak ere Coinbratik Penacovara bidean, ortugintzarako erabiliak daude mahasti ez diren lurrak. Baxu samarrak dira mahasti hauek, ez mendietako mahasti kankailu haiek. Ez da aldatu, aldiz, etxe eta herrien jitea.

Hegazkinen arrasto zuri luze bikoitzak zeharkatzen du zeru urdina, hor airean bidaiariak dabiltza gu hemen lurrean antzera. Txoriak lez, libre bailira, zerbait direlakoan doaz han goian, ibilgune jakin batetara mugatuta egin behar dute hega baina, gu errepide meharreri eta gurpildun kaxatxo honi lotu  behar gatzaizkion bezala. Txoriek eurak ere bere mugak dituzte, aireko hegan zein beheko ibilian, poesiaren eta gure irudimen hegalariaren asmamen arrastuak besterik ez dira beraien askatasuna.

 

Lasto-fardo borobilak ikusi ditugu Porto inguruan: Portugalen ikusten ditugun lehenak.

Autobuskada ume: “Juventudes socialistas” dio leihoko pankarta batek: hauteskunde propagandarako baliatzen ote umeeoz. Umeen erabilpena?. Zeren umeak dira horiek, ez gazteak.

Alderdiren batek badu kontzentrazio edo mitin erraldoiren bat nonbaiten: autobuskadak pilatzen doaz Aveiro aurreko aparkaleku zabal batean.

Portok badu mendi hegi batean komunikabide-orratz luzea.

Douro zeharkatu dugu berriro zubi erraldoi batetik. Errukirik gabe jaso dituzte zubiak autobidean, paisaia erabat suntsituz.

Osasuntsua da hemen ere gidarion errepideko elkartasuna: argi-keinuz iragartzen digute hor direla zelatan txakurrak.

Horreo, garai, erabat ezberdinak ikusi ditugu Portotik behera: karratuak eta garaiak, erabat zurezkoak.

Europako hainbat herrialdetan lez poliziak kirtendun disko borobila darabilte eskuan autoei geldiarazte-keinuak egiteko.

Lautu egin zaigu lurraldea Portotik behera, menditsua bihurtu da Coinbra aldean.

Itsua da autobidea hemen ere tarte askotan, batez ere mendiak zeharkatzean, eukalipto basoetan.

 

ERDIALDEA

 

Coimbra. Hiri handi oro bezalatsu etxetzar zatarreko auzo berriek biltzen dute antzinako hiria.  Kanpin bila zeharkatu dugu alderik alde hiria, kaleartez kalearte nahiz ez erdi-erditik. Urduri ibili gara gutxi gorabeherako ibilian, gizon batek argitu digun arte kanpin-lekura norabidea. Abentura bat izan da gure etxatoiarekin kale estuotan ibiltzea. Heldu garenean ez dago tokirik kanpalekuan, lepo omen militarrek kontzentrazio edo antzerako bilkuraren bat dutelako asteburuan. Ikusi ere ikusi dugu kanpina bera dagoen Stadium ostean txapel berdeko kaki taldea loreak jartzen oroitarri baten aurrean, militarrok haina kamara eta argazkilariz inguraturik.

25 kilometrotara omen dago hurrengo kanpina. Bertara bideratu gara, eukalipto mendi-zintzur baten magalean gora, Mondego ibaia dugula behean. Hondartza zabal atsegina bihurtu dute ibar ertza, koinbratar askok nahiago dute nonbait hona etorri Atlantikoko hondartzetara joan baino. Errepidea ez da hara-harakoa, dena da ezker-eskuin birazko bihurgune. Herriak eta herrietako etxeak zintzilikaturik daude mendi magaletan eukalipto artean.

“Lagar de aceite”, olio dolarea, letrero handi batez iragarritako eraikin xumea, utzia  itxuraz baina osorik,  errekatxo baten alboan: urak eragindako oliba-errotaren bat.

 

Foz de Canoio: izenez ez ezik izatez ere dena da hemen arroila edo zintzurra.

 

Bi emakume eta mutil bat izan ditugu errepidean, bakardade erabatekoan, oinez aldaz gora eguzki galdan, auskalo ze herritik ze herrira, urrutiko norabait nolanahi, geroko berandubatean zeharkatu baitugu hurrengo herria. Pobreen patua.

Monotonoa, beti bera, gertatu zaigu azkenerako berez erakargarria den paisaia, zuhaitz artean ez dugu ia ikusi ere egiten, tarteka ez bada, beheko ibaia bera. Ezkerrera eta eskumara jo beharra dago etengabe, etenik gabeko bihurgunez bihurgune, jomugara heldu nahi bada.

Eukalitadia nagusi den inguruan,  olibondoa da hemen ere herri-bueltako zuhaitza,.

 

 

BEIRAS LURRALDEA

 

Penacova herrian bailego agertzen da kanpina iragarki eta gidaliburuan, baina lekuz Vila Nova herritxoan dago kokatuta. Udal-kanpinean kokatu gara errepideak bertara bideratu gaituelako, baina bada bigarren kanpin bat ere zuhaitz artean. Berria eta txukuna da, ibai kontran. Izan dugu laguntzailerik hemen ere etxea kokatzerakoan, ez baita nahikoa bion indarra zenbait zoru lakarretan.

Ibai gain-gainean jarri dugu karabana, ibaira eta peskarieri so leihoa. Hasi, gizendu eta zabaldu, egin dute ibaia presa baten bidez, harri solteak pilatuz eginiko presa da, azal azalekoa, ura iragazten du, baina era berean, urari eutsi egiten dio, ura pilatu egiten du; zabal doa eta zunda handikoa dirudi; peskari pila dago bazterrean, ilaran, kanaberaz eta pazientziaz armatuta: arrantza lehiaketa da. Ilunabarrean piragua pila ekarri dituzte kanpinera, bada nonbait ibaian zehar piraguaz ibiltzeko aukera edo eskaintza. Coinbra 20 kilometrotara dago ekarri dugun bidetik baina bada beste errepide zabalago, artezago eta bizkorragoa: hiriburuko iheslekua izan daiteke ibai-alde hau.

Penacova, kanpinaren  albo batera, hegi batean, mendi-magalaren luzapenean, hiri gotorra bailitzan, goiera berak gotortua; mutur irtenenean eliza: jakin zuten garai haietan ere jainkoarentzat aukeratzen leku aproposena, agian apaizentzat, agian behatoki eta gordeleku zereginak bete behar zituen elizak eraso edo estualdietan.

 

Autoko aurrealdean, jarlekuaren oinetan, jarri ohi dut ur-bidoia betetzera noanean, astuna gertatzen zaidalako eskuz erabiltzeko. Gaur autoan bertan betetzea otu zait iturrian zegoen tutu malgu bat erabiliz; presio handiaren eraginez bidoi-ahotik atera zait tutua eta aurrealde osoa blaitu du. Autoko ez irrati ez kasete geratu gara, mutu ditugu irrati zein kasetea, eten zaizkigu autozko ibiliko berri iturriak zein musika sona goxoak. Geure ahotsez jarri beharko musika.

 

Eguraldi aparta gaurkoa, eguzkitsua, sapa, aukeran beroegia, baina oraingoz hezurrek ezkertzen dutena.

 

Kanpineratzea luzatu zaigunez, eta berandutu, asmoak aldatu behar izan ditugu. Coinbra zitzaigun gaur amets baina Viseu gerta zaigu errealitate. Viseura jo dugu.

Mendi-zuloetan barreiatuta, hainbat beso edo adar ditu kanpalekutik goragoko urtegi luzeak, Horietako bi adar zeharkatu ditugu zubi handiz. Eguzkitan edo zuhaitz gerizpean dago jendea ur ertzean. Errepidea ona da, tarteka hiru bidekoa, aldapetan behinik behin. Eukalipto basoak osatzen du ingurua.

Dozena bat motorzale, eguraldi onak atera ditu errepidera hauek ere.

 

Nelas, herri hasia da.

 

Viseura hurreratuz desagertu zaigu behingoz eukaliptoa. Mahastiz jantziak daude lautadak, berdegune bigun, argi eta gozoagoa da orain ingurua.

FEDER jartzen dute berrikuntza lanetako letreroek: Europako diruarekin ari dira berritzen errepidea, eskualde osoa egon da edo dago berrikuntza lanetan murgilduta, errepidea bera erabat berrituta edo berritzear dago.

 

Viseu. Inguruetako nekazari herritxoen merkatal zerbitzu hiria da Viseu.  Hiribildua izana, ate bakarra geratzen zaio, eta harkaitz-bola leunen gainean jasotako harresi zatiak. Tontorretik maldan behera hedatzen da hiria. Oinezkoen kale ederrak ditu baina ohi denez autoak dabiltza oinezkoentzat behar luketen kale zahar txukun zainduetan. Erdiguneak ez du ezer bitxirik, baina Erdi Aroko xarma gordetzen du, antzinako herrien lilura giroa; magaleko gainbeheran ditu kale batzuk, trabeska besteak.

Plaza karratu zabala tontorrenean: plazaren erdian besoak galdu zaizkion  pelourinhoaplaza mugatuz,  inguratuz edo sortuz, SE, berenez jauregia zen Grao Vasco museoa kainoi hodiak diruditen gargola borobilekin, Miserikordia etxea, hainbat kapera kaleetan eta Gotzain jauregia elizatik etxerainoko pasabide aproposa den harrizko balkoidiarekin nondik ikuspegia izugarri zabala behar duen bai hiria, bai inguruko lurraldea, bai plaza menpe hartuz.

Behean ofizialki Plaça de la Republica deitzen dena baina herritarrak Rossio betiko izen antzinakoz ezagutu eta deitzen dutena: “A bai, Rossio” esan dit  nondik ote Placa de la Republikarako bidea galdetu diodan agureak: lorategi batek luzeagoa egiten duen plaza luzexka ederra da, ezki ederren babesean, horma batean bizitzako egoerak irudikatuz azulejoteri handia bezain ederrez apaindutakoa.

Hiri orok omen zuen bere Rossio, gehienak galdu badira ere: plaza horietan egiten ziren Erdi Aroan merkatua, torneoak, gerra gizonen paradak, etab. Sorgin erreketak ere bai segur aski; urkamendia bera ere ez zen urruti egonen.

SE katedrala: gotorlekuarenak diruditen harkaitz bizian jasotako hormatzar garaiko izugarrizko eraikintzarra. Barruak, aldiz, ez du sarreraren arrastorik: erromaniko ukitua erakusten duen gotikoa da barrua, sabaiak bereganatzen du bisitariaren soa lehen unetik, harrizko korapiloak baitira nerbioak, korapilo bakoitza da erraldoia, bakoitza ezberdina; halako jite deigarria du bataiategiko kaperak, harrizko zoko austeroa pare bat kapitel interesgarrirekin; hizkiak erabat ezabatutako  hilarri franko zoruan; badu klaustroa, xaloa, ohizko kapera eta monasterio baten zerbitzu ezberdinerako gelak izanen ziren zuloekin, pare bat ate gotiko ikusgarri, eta horrez gain hilobi eta kaperak, zeri begiratu eskainiz, batez ere tailak, aparteko harrizko artelanak.

Carmo, Karmen,  eliza, erabat barrokoa, urre-kolore zikindu edo ilunekoa; hainbat osagai deigarri eskaintzen ditu: presbiteriora sarrerako arku sabairainoko zabal berezia lehenik, presbiterioko ganga freskoz pintatua, eliza osoko oholezko ganga osoki pintatuak  baina ilunak; bertako koadroak ez hainbesteraino zikinduak; azkenik buelta osoan 3 metro garaierako azulejoteria maisuki eguneroko gizarte gaiak azalduz. Miserikordiako elizak balkoidia handi bat du eliza estuaren erdian, pulpituaren aurrez aurre, jauntxoaren eserlekua seguruenik; balkoia baino baxuago dago pulpitua, nano eta apal balkoidiaren aurrean, balkoidiaren menpe, jauntxoaren kontrolpean bailego: non ote egia zabaltzeko sermolariaren askatasuna!. Jauntxoarena izanen zen egia bera ere. San Franzizko eliza: urre-kolore iluna gailentzen da eliza osoa betez, horma oro estaliz, Santuaren bizitza agertuzko azulejoteri urdin ederrari uzten dion tartea ezik. Apaizik gabeko arrosario edo elizkizuna, zaharrez osatua, ari ziren ospatzen.

 

S. Pedro jaiak iragartzen dituzte pankartek hiriko sarreran. Ijito piloa bildu da hiriko ateetan, etxatoi handiak bizileku: jaietara etorri dira, bizimodua ateratzera.

Orgulho lusitano pintada horia horma batean. Ez da ikusten dugun lehenengoa.

Bloco de Esquerda alderdiak ezker-ezkerrekoa dirudi karteletan, kartelok fidatzekoak ez badira ere gehienetan, batez ere hauteskundeetan; Rossio plaza erdian ikusi ditugu kartelok, bakarrak, ez da beste inolako ez herrietan ez kaleetan ageri.

CDUk ezkerreko koalizioa dirudi, IUren antzerakoa edo.

 

Tondela: XVII. gizaldiko iturria du erakusteko.

Santa Comba Dao: Salazar diktadorearen jaioterria; Erdi Aroko kale-sarea, xoko xarmantak ditu amu erakargarri, Paços do Concelho eta pelourinho fier bat,

 

Behingoz etxea eta lasaitasuna erregutzen zigun gorputzak.

Bidaia atsegina arratsaldeko hau.

 

347 kilometro, hegoalderanzkoak.

 

Jauzi egiten dute arrainek ibaian afari bila, baina zilarrezko parrastada, zipriztin eta urezko eraztunak besterik ez dugu antzematen, halere atsegina da, bizirik dago ibaia. Moskitoak, ulitxak, ere bizirik daude.  Ilundu ondoren, zirrara sartzen dute eliza-dorreko ordu soinu ozenek.

 

“Txirringaren aienean”.  Amaia Elosegi – Esther Mugerza:

* Arrazoia dute bi neskatook: mesfidantzaren ezkutuaz babesturik ibili ohi gara turista ibiltariok, eta hori atzerriko bertakoei erdeinu iraingarria da.

 

 

Ekainaren 11. Ostirala     P:11.a

 

“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:

 HIZKERA ARAZOAK poeman: “oso herrendu naiz mintzoz...”. Idazle izateko ausardiarik gabe, edozein zirtzileria idaztea denbora-pasa egin dugunok ere herren-aje berdinak jotzen gaitu.

 

Eukalipto baso pendiza da aurreko mendi malda osoa, atsegina gertatzen zaigu ikuskizun berdea, berdea bihurtzen baitu ibaia bera ere basoak. Marrumaz zaratatsu doaz kamioiak bide-berritik ibaiaren bestaldeko magalean.

“Mirante” dio herriko planoak; orain arteko gehienetan “miradouro” irakurri izan dugu: hizkuntzaren mila bihurgune eta kiribil.

        

Coimbra dugu helburu, bide-berritik ordez bide txikietatik eginen dugu bidea.

Ez dugu Portugalen tabako iragarki bat bera ikusten, eta inor guti zigarro erretzen.

 

Vila Nova, “vila” bada izan, baina noizbait izanen zen “nova”.

 

Penacova, bizia behar duen tontorreriako herria, zabala baino gehiago luzea, leundu edo berdindu gabeko harri ezberdinezko kale estuez osatua. Ohizko eta deneko erretaula barrokoa eta Aste Santuko santu-irudiak erakusgai elizan. Absideko teilategalpeko goienean santu-irudi nano polita harrizko erakustoki batean: ze debozio demontrek eramanarazi ote du goiko zulo horretara.

 

Errepide nagusietatik dakusagun mendiarteko eukalipto basoetara jo dugu, mapan kolore eta zenbaki bat izateko dohainik ez duten errepideetara. Dena da bihurgunea errepide estuan. Eukaliptoa botatzen ari diren tarteetan batez ere nabarmen bizia da eukalipto usain sarkorra.

Hasiak gara edabe edo infusioei bertako eukalipto orri zatia nahasten, neurria hartu behar diegu erabat nagusitzen baita bere zaporea.

Herri pila dago mendiotan, hegi-hegian zenbait.

Galtzadarriz gogortu edo bildua dago errepidearen bihurgunetako barrualdea metro bateko zabaleran, gu jabetzen ez garen zereginen bat bete asmoz.

 

Lorvao. Mendiarteko herria, zulo gaineko magal pikean zati gehiena, zuloko monasterioaren inguruan gainerakoa. Monasterioa dute eraikin mardul bakarra, erakusteko ere harrokeriarik gabe: eliza zahartu samarra dago, monasterioa berriz ospitale psikiatriko bihurtuta; gaixook nonahi dabiltza kanpoan zein eliza barruan: bihotza kizkurtzen du buruko gaitzak jotako aurpegiera eta egoera hain hitsak ikustea. Monasterioa: zuloan, mendiek itota,  aurreko lorategiko ibilbidea ere autoek itota, inolako arnas edo bizipozik gabe, erabat hits; erraldoia da, luzea, burdin-sare beltzez estalitako leihoz  hormadi zuria. Eliza: orain artekoengandik erabat ezberdina, errenazentista, garaia, dena harria: harriaren gris argiak urre-kolorea jaten die aldare eta enparauei; marmol zuri landuz eta apaingarri zizelatuz edertua du aurreko erakusleiho edo markoa organoak: organorik ez dago egon, koru atzeko tutu pila soilik geratzen zaio; metalezko sarkofago handia dute osagai nagusi presbiterioko erretaulek albo bakoitzeko aldaretako santu-lekuan, santu-irudiak ordezkatuz: izan ziren jauntxoak hemen ere; eliza erdian  pulpitua zoru pare-parean bi harra bete ez den zutabearen gainean; fraideen leiho edo balkoidia elizaren alde bietako goietan burdinazko sare sendoz estalia; barrenean koroa, elizaren zoru maila berdinean ia elizaren adinakoa tamainaz, xafla urre-kolorekoz dotoretutako gorainoko burdinateria batez elizatik banatua; altueragatik da deigarria koruko aulkiteria; lanpara zintzilikatu ugari, ezberdintasunagatik eta ugaritasunagatik deigarriak; santu-irudi naifak zenbait aldaretan, tartean haurdun dirudien S. Jose bat; ganga handia. Bitxikeriaz jositako eliza ezberdina, bere garai loriatuetan  zerbait ospetsua eta erakargarria behar zuena izan; gaur egun ahitua dager, tristea, utzia, onenak emanda, kargu hartzen badiote ere.

 

Gizon bat ikusi dugu erabat makurtutako ibilian, urteen eta lanaren zama astuna bailerama. Guk ere egin dugu lana, baina gizon honek bere zahartzaroan ere ezin izan du eten lanarekiko zilborrestea. Ez dut barne harrik, goxo darrait nire larruan, baina mikatz bizi dut egoera ezberdinon bidegabekeria.

 

Mendi galduetako gora-beherako bihurgune etengabean jo dugu Coimbrara.

Haize-errotak ikusi ditugu urrutiko tontor batean, muino  batean: agian beraietan  izango gara itzuleran.

Akueduktu zati luzeak hor dirau oraindik hirira  sarreran

 

Coimbra. Gainetatik ikusi dugu lehenengoz, urrutira: nola eta nondik ikusi ote zuten Doña Constanza eta Doña Inesek D. Pedro errearengana etorreran.

Nahastua gerta zaigu hirian kokatzea, hiriaz jabetzea, oso deseroso eta erneguz sartu naiz hirian, planoa eskuetan eduki  arren, ez bainuen hiria planoan kokatzen ezta nire buru-oinak ere planoan; jabetu naiz hiriaz azkenerako, estrukturatu dut nire garunetan, adiskidetu naiz ibiliarekin batera berarekin eta bizipen baikorrez eman diot agurra.

Hiru zati ditu hiriak, hiru zati erabat ezberdinak, fisikoki berezituak: goikoa, behekoa eta ibaiaren bestaldekoa.

Goikoa: Alde Zaharra, tontor batean, bertako gorenean antzinako eta gaur egungo unibertsitateko fakultate ezberdinek hegia osoan barreiatuta, SE berria, bigarren eliza bat eta museoa den jauregia; beherantz hiri zaharra, zahartua, utzia, kolorgea, xarmarik gabea, mailadi eta kale nekosoetan pikea, bertan Almedina arkua, luzea eta garaia, gotorra, ezohizkoa tuneltxoa bailitzan. Unibertsitatea: errege jauregian osatu omen zen lehenengoa, handitzen joan zen gero; barneko plaza bueltan sarrera, ate eta arku ederrak  eskaintzen dizkio bisitariari, esparru osoan pertsona ospetsu eta bestelako esanahiak irudikatuzko estatua asko eta handiek eman nahi diote ukitu kultua; eraikin barruko patioa Portugaleko patio zaharrena omen, baina antzinakotasuna beharko du izan bere dohaina, xumea baita barnealde osoa lez, arku, ateburu landu eta azulejoak baditu ere; liburutegia da famatua, turista taldeen helburu nagusia, hertsia aurkitu dugu joan gatzaion bietan, bai goizez bai arratsaldez. Inurritegia zirudien gaur unibertsitateko barne patioak nota bilako ikaslez lepo: eriez ukitu  ahal izateko bezain erreala eta nabarmena zen bertako urduritasuna.

SE Berria. Ez digu itxaropen handirik sortarazi fatxada handi-mandiak, garai eta zabala bera, handiki kutsukoa. Barneak zorionez ustel bihurtu dizkigu sarrerako sentipen ezkorrok; aipatzekoak harlauza leun argiko bobeda, gurutzadura, beso motzetako aldaretzar barrokoetako erlikitegi erraldoiak erretaula barrokoaren estilo berekoak, presbiterioan aulkiteriak alde bakoitzean burugainean dituen 8 koadroak, erretaula barroko oparoa non Iñasio guriak ere jantzi urre-koloreztatua duen sotana beltzaren ordez, presbiterioko organo parea, alde zaharrekoa baino gutxiago izan nahi ez lukeen baina hari antzik ere ematen ez dion bataiarri oktogonal harrizko  zizelatua. Zuzeneko organo hots bigunek adeitsuago bihurtu dituzte begiak eurak ere: belarriek eta begiek badute bilguneren bat barne muinetan. SE Zaharra ustekabeko atsegina gertatu zaigu, gidaliburuari jarraituz artelan ikusgarria baita hondatua aurkitzea espero genuen eliza. Zaharkitua dago kanpotik, garbiketa on bat behar du belarrak kentzetik hasita, zorionez ari dira jadanik berrikuntza lanetan. Abside erromaniko bikainak edertzen du  fatxada: bi arku ditu bata bestearen gainean Gimaraeskoaren antzera, erromanikoak biak. Berritu berria behar du egon barneak; aukerakoa da, erromanikoa, garaia, jite bereziaz janzten dute kapitel landuko arku eta arkutxo ugariek; baina erretaulak bereganatzen zaitu batez ere, irudi polikromatu xume eta ederrengatik, artelan bikainegia ez bada ere; aldare bueltan harrizko santu-iruditeria duen kapera eta marmol zuriko bataiarri oktogonal zizelatu sekulakoak ere bereganatuko dizkio begiak bisitariari.

Izozki gozoa miazkatuz egin dugu behealdeko kale arteko ibilia. 

Behekoa: hiri modernoa, kale-sare aparta, kale zabal eta kalexkak elkar gurutzatuz, dena saltoki: bi eliza eder bertan. S. Tiago, eliza txaparroa, berrikuntza lanek bildua: bi ate erromaniko eder, aurrean bata, albo batean bestea; ikusi ahal dakioken edergarri bakarrak dira: plaza luze batean dago baina plazak ez du bizitasunik, pasabidea besterik ez da. Santikurutz sekulako fatxada du, irudi zizelatuz erabat loratua, garbitu berriaren eraginez  deigarriagoa: harri horixkako  fatxadari harri argiko sarrera ezarri zioten arkutxo eta guzti. Honek ez du barrutik ez barrokorik ez urre-kolorerik, baina bai azulejoteria bikaina, harrizko pulpitua iruditxo zizelatuz erabat apaindua, organoa, harrizko zutabe kiribilduak horma goian, nerbio lotura handiak gangetan, bi aldare  irudi eta kiribil zizelatuekin presbiterio alboetan; itxura aukerakoa erakusten du koruak atzealdeko goian urre kolorezko aulkiteria gotikoarekin.

Turistak soilik ginen elizan begiluze, bat bera ere ez zen otoitzean; baina hara non sartu zaigun apaiz sendoa elizakada beteranorekin otoitz eta abestiz eliza erabat okupatuz.

Mondego ibaiaren bestaldean: ganora gutiko paraje batean etxedi berri zenbait eta bi komentu, Santa Klararena bata: bapo eginda gaudelarik elizez, ez gatzaie joan ikustera, baina erabat hondatua eta zaharkitua ikusi dugu autotik bi komentuetatik zaharrena.

 

Bero sapa: bi mutil-koskor afanoso Sta. Kurutz aurreko plazako iturri zabalean murgilka freskatzen jardun dute ingurukoon begiak bereganatuz. Ikuskizun bitxia izan da.

Garagardoz eta urez indarberriturik ekin diogu etxera asmoz auto bila ibaitik tontorrerakoari, beherakoan itxita zeuden eliza eta denda eskaintzez begiak gozatuz; dendak ikustea gerta zaigu aldaz gorako atseden lasaigarria.

Tranbia falta zaio Coimbrari, ez dabil tranbiarik, tranbiaren miran gelditzen zara, tranbiaren hutsunea nabari duzu; izan, izan ziren, erraila batzuk soilik geratzen zaizkio; modernismoaren kutsadurak baztertu zituen, agian norbaiten interesak.

Nabarmena eta bizia da ikasleen presentzia Coimbran, unibertsitate esparruan ez ezik baita beheko aldean ere, pauso bizkorrean zein kafea hartuzko egon lasaian, neska zein mutil, paper ofizialak eskuan edo karpeta besapean, bakarka nahiz taldean kontu-kontari bizian.

Bloco de Esquerda alderdiaren kartelak eta propaganda ageri da bai Coinbrako behealdean bai unibertsitate inguruan. Bada beste ezkerreko talde bat ere, gaur ikusi dugu lehenengoz bere kartela. Unibertsitatearen boto gose dabil ezkerra.

Nora joan, han daude umeak txangoan.

Salgai ona beti da garestia, ez dago on merkerik.

Gaiaz gain ahotsez ere ondo jantzita egon behar dute gidek.

San Sebastian, ia eliza orotako santua da, oso irudi naifetan gauzatua gehienetan. Ibiltari handiak, nabigatzaile eta gerrariak alegia, izan direlako portugaldarrak, itsasoz bestaldean  konkistari edo edozein erbestean borrokalari zebiltzan senideengatik santuari laguntza erreguz jarriak segur aski.

 

Mendi-errepideetatik egin dugu etxerako azkena ere. Sarria da galiziar aza baratzetan.

Hainbat emakume dabil beltz-beltz jantzirik, buruko zapi eta guzti, batez ere emakume nagusia.

 

Gavinhos. Goizean urrutiko bestaldetik ikusi ditugun haize-errotak ikustera inguratu gara bertara: borobil xumeak dira, latorrizko estalki koniko zapalekin, bik ezik galduak dituzte bai besoak bai ardatza. Ze alde Holandako haize-errota fier haiekin!. 12 dira denera, tontortxo batean, inguru ezberdinera zuzendua bakoitza aire mota oroz profitatu asmoz edo, edonondik zetorrela ere airerik bazen beti lanerako prest bat. Tontorrean bertan bada oinarri gainean  Amabirjina irudi bat, behatoki aparta eskaintzen du bere azpitik, buelta osoko ikuspegi zabala jaso daiteke bertatik. Beheraxeago eliza-dorre bitxia jarri diote eukalipto artean itotako baseliza berri bati: obusa dirudi, agian zenbait herritan ikusi ditugun eta ardo-biltegiak uste ditugun eraikitxoen oroimenez, edo Jaungoikoari mahastientzat begirune berezia eskatzeko amarrua.

 

79 kilometro, eukalipto arteko bihurgunetan.

 

Asteburuak biziberritu du ibaia: kanoaz ibili da jendea ilundu duen arte.

Kanpinean igelek hatu diote lekua gaueko korrokekin arrats beranduko txori-kantuei.

 

Ekainaren 12a. Larunbata. P:12.a

 

“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:

* “Ez naute lur arrotz batean ehortziko”. Ez dago lur arrotzik heriotza ostean.

* “Kaia sirenez zikindu da”. PSren bozgorailu zaratez zikindu dira Portugaleko kaleak.

 

Oraintsura arte izan ditu koloniak Portugalek, baina ez da ia arraza beltzekorik ikusten, zaila izan dute nonbait koloniako esplotatuek esplotatzailearen herrira sartzen. Arrazakeria eta esplotazioa elkar babesten.

Mundu erdiaren jabe izan zen herri txiki hau, neurrigabeko aberastasunak garraiatu zituen hona, baina pobre dirau. Espainiak bezala. Holanda berriz aberatsa da. Aberastasunen erabilpen-filosofia ezberdina.

 

Goizeko isiltasun geldo eta fresko gozatsuenean tresnatxoren bat jarri dute abian, tatarrata aspergarri etengabeak hautsi digu goizeko patxadan ibaiari so geundela, jauzi eginezko arrain ehiztarien esperoa urratu, eta ibai ertzari xarma kendu.  Isiltasuna du beharrezko so lasaiak; begien eta belarrien arteko lotura, entzumen eta ikusmenaren elkarrekiko eragina, elkar kiribildutako bi sentimen. Gorputza batasun bat da,  elkarloturiko sare bakarra osatzen dute zentzumenek.

 

Zein azalekoak diren gure herri honekiko harremanak. Ikusten dugunez, aurrez dakigunez eta susmatzen dugunez, badugu izan iritzi bat herri honi buruz, baina hutsaren hurrengoa da herri honekiko dugun  lotura. Ze bizipen, ze arazo, ze sentipen, ze bizitza, ze gizartearekiko ikuspegi, ze herri-arazo, ze kultura, ze ohitura ditu herri honek. Hegazkada bizkorreko pasa-txoriak gara. Desoreka sortzen didan sentipen batek ukitzen nau maiz, herriarekiko urruntasunarena, solidaritaterik ezarena. Norabidea edo beste zenbait argibide eskatzeko harremana da usuena, edo kafetegietako zerbitzariekikoena; bada hitzik gabeko erlazioa ere, kalean, errepidean, jatetxean... sortzen dena. Jendartea, autoan bazoaz ere, ez da behin ere aseptikoa. Baina ez dut nire burua engainatu nahi: behin-behineko edo une ustekabeko elkarrizketa irristakorrak dira, erabat azalekoak, halakoa da ere taberna batean sortzen zaizun albokoarekin solasa. Badira ere beste iturburu batzuk sentipen eta iritziak osatu eta gorpuzteko: norabidea galdetu genion atzo kamioneta bateko gidariari, “Frantzesez?” galdetu zigun eta gero,  “eman buelta erdi eta jarraitu niri”, Coimbrako gune egokienean utzi gintuen, portugaldar jatorra alajaina!. Atzo ere bidegurutzean desegoki gerarazi genuen tipoak betilun baina edukazioz esan zigun: “Moinhos?, gasolindegi horretan dagoen nekazariak esango dizue”. Solasean ari zen nekazaria gasolindegian, bide ertzeraino eraman ninduen, adeitsu eta irribarre ukitu atseginez eman zidan behar nuen denari buruzko berri osoa. Herriarekin ditugun harremanak dira hauek ere, informazioa eta herritarren jitea jasotzeko bide bat. Zoritxarrez gure ia iturri bakarra. Hegazkadan goaz, metro askotako goieran, ikuspegi orokorregian, lurrean itsatsitako gurpil gainean bagabiltza ere. Janzkerak ere erakusten du herri bat nolakoa den: beltzez jantzitako amona eta ez amonak, janzkera dotorea,  janzkera arrunta, janzkera zaindua, jantziaren mota edo kalitatea...  herri bati buruzko informazio iturria dira. Herrien nolakotasuna, egitura fisikoa, garbitasuna, txukuntasuna, naturarekiko errespetua: autobidetan natura eraldatu duten edo ez esaterako, haize-erroten egitura, ondarearenganako errespetua, giza eta etxeteriaren estrukturaketa... dena da jakinbide.

 

Jakin beharko litzake politikari bakoitzaren benetako diru-sarrera, ez soldata ofiziala soilik. Beste garrantzia eta tamaina bat hartuko luke politikak.

        

Behe-laino trinkoa izan dugun arren aterpe lehen orduan,  urdindu zaizkigu goiak goizeko 10etan errepidera atera garenean. Bakarrik gara errepidean. Eukalipto artean, bide galduetatik, gu geu ere erdi galduak tarteka, eukalipto artean galdutako inguruko herriak begiztatuz. Haize-errotak ditugu ikuskizun gaur ere, atzokoen paretsuak egituraz, haitz gain batean gaurko hauek. Belar meta berezia, bat bakarra: ahoz gora jarritako aizkora erraldoiaren itxura luke,  altzairuzkoa ordez belarrezkoa; ez da belar bildurik ikusten.

Herri nekazaria izanik ez dago ia nekazaritzarik, eukaliptoa, mahastia eta etxe-bueltako baratzera mugatzen da nekazaritza jarduera; dagoen lur landu apurra, arto-saila da.

Zuriz pintatutako marra irtentxoek trabatzen dute errepidea herri guztietan, astiro joanaraziz, baita ez kalerik eta ia ezta etxerik ez dagoen errepide ertzeko herrietan ere. Baina ez da Holandako amarru eta trikimailuen antzerako azerikeriak.

 

Buçaco. Hesi batez, ia harresiz, berezitu eta babestutako kilometrotako jabegotzarra, baso berezi bitxia, trinkoa; mota ezberdineko zuhaitzak aurki daitezke bertan, sendoak, lerdenak, mardulak, metro askotako sendoerako eukaliptoak tartean. Botak jantzi eta goiz-pasarako ibilgune ederra: 3 ordutik gorako ibilbide luzeak ditu. Jende pila dator autoz zein autobusez, jauregia ikustera zein basoan ibiltzera; ahal da autoz alde batetik sartu eta beste aldetik irteten, baina ordaindu egin behar da.

Ermitauak  izan ziren lehenik hemen, Karmeldar Oinutsak ondoren. Haatik bi zati erabat ezberdinak bereizten dira argiro: austero hunkigarria ermitauena,  loratuagoa karmeldarrena. Ondo-biziak nonbait fraide oinutsok!. Ermitauen monasterioa: aspaldiko elizaren bueltan lauki baten egituran antolatutako gelek osatzen dute monasterioa, lau patio txikitxo dira gelon argiune bakarra, oso iluna baita korridorea. Aipatzekoa da oroigarrien kaperatxoa: titia erakusten duen Amabirjinaren koadro baten aurreko aldaretxoan argizarizko titi piloa dago: amek umearentzako bular oparoa eskatzeko edo eskertzeko ekarriak. Aipatzekoa ere Ecce Homo  xelebrea gordetzen duen bigarren kaperatxo naif bat ere.

Kortxozko babesak dituzte monasterio honetako ateek. Kortxoa izan zen nonbait  fraideen babesgarria, beste ezer isolagarri egoki eta erosoagorik ez zuten hartan. Sintra inguruko beste monasterio izugarri bitxia batean ere kortxoa zerabilen isolagarri.

Ezkontza dotorea egin dute gaur monasterioko elizan. Bi aro, bi jokamolde.

Gau bat egin zuen monasterio honetan Wellintong jeneralak, gerraren batera etorrita. Militar museotxo bat jarri dute oroigarri gela batean. Bake bila bertan bizi izan ziren monjek jakin balute gerra-tresnez beteko zutela bere gela zenbait urteen buruan!.

Oinutsen Monasterioa. 5 izarreko hotel bihurtuta, Estatua du jabe gaur egun. Gakorratzez eginiko filigrana dirudite ate leiho eta sarrerako zutabe eta gainerakoek, osagai bakoitza ezberdina: bitxikeria aparta. Azulejoteria ederrez edertutako dorre harro garaia da osagaietako bat. Harri handi leundu gabeko mosaikoz egina du horma zati bat: xumea, baina hein berean ikusgarria.

        

Luso. Bainu-herria. Bainuetxea daitekeena etxetzar zabala da bailara gaindituzko behatoki batetan.

 

Erdi galduta ibili gara zikinez ia erabat belztuta baitaude norabide iragarkiak: nola galdu ez!. Arrasto horikoa da izan mapan errepide hau, errepide ona behar luke izan, baina  erabat hondatua dago.

Trena tokatu zaigu trenbide pasagunean.

Bihurgune askoko bidea dela iragartzeko iragarki ezberdin bat izan dugu: hiru bihurgune marraztuta dituen triangelua.

Ardoaren ibilbidea iragartzen digute. Dena mahasti den lautada zabal batek ziurtatzen digu hala dela. Nolanahi, orain arteko ibilbide orori deitu diezaioke mahatsaren ibilbidea Portugalen.

Herri lasaiak dirudite. Auskalo. Pobreak lasaitasun guti izan ohi du gehienetan.

FEDER edo bere kartel bikia: Europako dirua heldu dela erakusten duen iragarkia ageri da edozelako berrikuntza dagoen errepide edo kale asfaltatuan. Ez da nonbait berrikuntzarik diru-laguntzarik ez bada.

Oso lora guti ikusten da herrietan, balkoietan zein etxe inguruan. Iazko Holanda eta Danimarkakoa kontrajartzen zaigu oroimenean, nahi eta ezta ere.

 

Anadia. Horma zuriz eta teilatu gorriz, lautadan, mahasti artean zabal.

 

Granja bat aurkitu dugu errepide alboan, ikusten dugun lehenengoa: inguru txerritua eta giro kirastua granjetan, ohi denez.

 

Sangalhos. Bukaerarik ez duen errepide albo bietako etxe apaleko erreskada.

 

Madariondoak baratz batean.

Etxe solteek osatzen dute ia kale eta herri oro, baina badira jarraikian elkarri itsatsitako etxeek osatutako kale eta herriak ere. Ugaria da motoa, moto txikia, baratzera joan-etorrietarakoa. Lehenengoz ikusi dugu emakume bat motoan: atso handi bat bera, moto txiki batean. “Asto baten gainean Domingo Kanpaina….” Patata ateratzen ari dira jadanik baratze askotan.

 

Oia. Izen kidetasun edo parekotasunak eman dakioke  Gipuzkoako Aia herriari herri honekin jumelatzeko, senidetzeko, aitzakia.

 

Ez da ia industrigunerik ikusten  gu gabiltzan parajeetan. Aveirora hurreratuz agertu dira zenbait industrigune.

 

Aveiro. Herri handia dirudi urrutiko begiratutik ere, 19 mila biztanle ditu izan. Ez du graziarik inguruak, joan gatzaion itsaso-mareaz behintzat; dike bidez erabat sailkatua eta zatikatua dago itsasadar zabala: padurak, eremu likin ilunak, gatzaga utziak agian udako eguzkiaren zain (gatz asko ekoizten omen da edo omen zen). Moilak egiteko erabili omen zituzten harresietako harriak: hiribildua izan zen beraz. Herri atsegina, Venecia deitu izan diote: badu izan hiri erditik barrurantz sartzen den kanal bat, non begiak erakartzen dituzten biziki pintatutako mutur jaikiko ontzi luzexkak, bertako petoak, gaur egun turistak itsasadarretik paseatzeko birziklatuak. Xarma puntua dario kale-sare zaharrari, behe solairuko etxetxoz ia itsasorainoko luzatzen diren kale artezak; azulejozko fatxadez dotoretutako edo alemaniarren antzera teilatua gordetzen duen  gandor luzeko zenbait etxek ematen diote atsegin ukitua. Kanal alboan plaza eder eta zabala, non deigarria suertatzen den dotore usaineko etxea. Udaletxe aurrean dago bigarren plaza bat, non brontzezko hizlari bat ari den diskurtsogintzan udaletxera besoa luzatuz: urrutietako paisaiari luzatzen zion leloa Bragakoak, honek aldiz Udalari. Antzinako etxe eder bakan batzuk aurkituko dituzu kale arteko ibilian. Antzinako lanbide ezberdinen omenezko iruditxo pertxentaz gozatuko duzu, aldiz, zubian. Ezin falta alde berriari eraikin garaiko etorbide luze eta zabala.

Karmeldarren eliza: sarrerako arkua gangaraino goratzen zaion irudi gutxiko gune erabat barrokoa da presbiterioa; kustodiaren erakustoki mailatsuak osatzen du erretaulako erdigune  ohorezkoa. Miserikordia eliza: azulejoz estalia du barnealde osoa, baina azulejo arruntak dira; eliza erdian du aulkiteria, eskuineko hormari itsatsitako eserleku ilara, bizkarraldean pintura koadro batez izendatuta dago apaiz edo kalonje bakoitzaren tokia. Inguru ezegokitik hurreratu gatzaio eta ezin izan diogu fatxadari begiraturik bota: fatxada oso ederra duela irakurri dut gero gidaliburuan. Katedrala  ederra omen ere, baina ez dugu ikusi: une batzuetan gorputzak “nahiko” esaten du, hala esan digu gaur ere.

 

Ezkontza bat fortunatu zaigu: herri-herriko jendea ahalegintxoak eginda dotore itxuran.

Zaratatsuak dira kale-konpontzaile eta etxegintzako langileak.

 

Lehen Mundu-Gerrako oroigarriak aurkitzen dira herri koskortuetan.

Gozotegi asko dago Portugalen, kafetegi askok ere gozotegia dute osagarri edo amu.

Isildu dira, azkenez,  PSren bozgorailu eta erretolikak kale eta plazetan. Gogoeta eguna da gaur, bihar bozen eguna.

 

Zementuzko zubi luze batek zeharkatzen du itsasadarra hiritik portura, padura eta lur likinen gainetik.

 

Gafanha da Nazare. Aveiro bestalde honetan daude arrantzale portua zein industria portua, arrantzale ontzi txikiena da arrantzaleena, ontzi handiena bestea. Portugaleko bigarren arrantza portua omen Aveiro, handiena Matosinhos.  Arraina eguzkitan lehortzeko burdina-harizko esparru zabal luzeak erakusten du bertako arrantzaren garrantzia.

 

Marea luzeak egiten dituzte nonbait ontzi handiok: porturatu berri zen ontzi bat, familia osoak etorri dira marinelen zain, ontzira igo dute eta arrantzaleekin atera dira: aitona-amonatik hasi eta seme-alaba txikietarainoko familia osoa; maleta handiak dakartzate, baita fardel berdintsu batzuk ere; denek dakarte zerbait berdina, agian arraina. Hunkigarria da familia osoak arrantzaleen zain portuan aurkitzea. Luzea izan da nonbait esperoa, kezkaz betea ere.

 

Ria da Costa Nova itsasadarraren ertzetik egin dugu beherantz, hondar zuriko dunak alde batera, ur barea bestera. Ikuspegi zabala eta atsegina. Zerua urdin, eguzkia bero. Uda giroa dario eguraldiari eta uda giroa jendeari, hondartza giroa nabarmentzen da inguru osoan jendeketarik ez bada ere hondartzan. Lur edo hondartza hauek ez daude ureztatuta joan den asteko dunetakoak zeuden bezala, ez dirudite hain emankorrak, ez daude hain landuak. Behe solairuko etxetxoak dira herrixketakoak, kolorgetuak, hitsak, graziarik gabekoak: leihoa, atea, eta kitto. Tarteka Kapela horiekin ikusi ahal dira tarteka emakumeak: bere-berea da nonbait kapela horia inguru honetan. Padura antzerako tarte zabala du bestaldeko lurrak, eraikin eta lur landuetatik itsasora arte. Postontziak hori-horiak dira, etxaurreko horman jarriak daude: eguzkiarekiko kokamenaren arabera bristada itsusgarria botatzen dute, ispiluak bailira. Ortuariak ditu salgai bere etxe aurrean nekazari batek, ugariak dira peskariak ur ertzean arrainen jakituria trebatzen eta beraien pazientzia frogatzen.

 

Praia de Hira. Udaleku petoa, bai egituraz bai giroz, gaur uda-udako giroan blai, buruzapi beltzeko amonatxoak dira kontrapuntu. Aintzira osatzen du ibaiak itsasora aurretik, dotore jarri dute ertza pedaloi eta guzti. Ibilbidea eta kafetegiak hondartza gainean: egon lasaian dago jendea. Autoak erruz. Egonleku ugari itsasertz eta basoetan egun pasa erraztuz.

 

Duna sailean sartu gara, erabat hondatutako errepidez egin behar izan dugu, pinudi barrutik, atzera egiterik merezi ez eta aurreko bide erabat petrala pairatuz.

 

Praia da Tocha. Udalekua hau ere, dunei eten bat eginez.

 

Lautu egiten da lurra Figueira aurretik, lur landua ugaritu da, arto-sailak direla nagusi.

 

Boa Viagen, herri bat da izen hori duena, ez mendia guk uste genuen bezala.

 

Ikuspegi ederren itxaropenez igo dugu mendilerrora. Egun-pasarako antolatutako mendia besterik ez dugu aurkitu, ez guk uste genuen ikuspegirik.

Metrotik gorako sugea fortunatu zaigu errepide erdian, gutaz jabetzean ziztu batean ostendu da bazterrean.

 

Figueira da Foz. Itsasadar bilakatzen zaio Figueirari Mondego ibaia, edo ibaiak bere izaera galtzen du itsasoratzean. Zubi beldurgarri luze eta garaia du Figueirak, ikaragarri zabala portua: mila moila ditu, han urrutietaraino. Jai giroa nabaritzen da: kolore anitzeko arkuz apainduta daude kaleak. Bizi-bizi dago gaur oinezkoen kalea. Beladun masta bat du orratz zoruko eguzki-erloju erraldoiak portuan. Besoak falta zaizkion pelourinho bihurritua aurkituko duzu plaza batean, brontzezko hizlaria beste batean, urez inguratutako musika-kioskoa hirugarren batean. Joan ez gatzaizkien bi eliza, merkatu izugarria .... eta berrikuntza lanak!!!: Europako dirua ote hemen ere?. Zikloturista pila aurkitu dugu Vianan bezala.

 

Lautu egiten da lurraldea Mondego ibaiaren azken kilometroetan: lurralde ureztatua, kilometro luzeetako luze-zabaleran dena da berde goxoa, arroz-soroak direlakoan gaude. Harri argiko gaztelu baten harresi arrunt baina deigarriak zutik dirau tontor batean, tontorreria harroa erabat inguratuz, ez da gaztelurik harresion erdian, eliza  bat baizik. Kono egituran jarrita daude arta-makilak, erdi zut eta puntazorrotz metatuta, belarrari eusteko direla uste dugu: belarra eta arta-makila tartekatuz batak besteari eutsiz. Kanaberak ere erruz daude bide osoan soro arteko erretenetan. Auto pilak kafetegi inguruko errepide bazterretan.

 

Egin dugu gaur ere eguneroko hanka-sartzea eta horri esker Coimbrako ikuspegi orokorra izan dugu errepidetik: Unibertsitatetik Mondego ibairainoko etxeteria aldats pikean.

 

268 kilometro, txirrindulariak izan ditugu horietatik askotan, Belgikako harzoletan baino okerrago.

 

Zaratatsua bihurtu zaigu gaur gure kanpin hain baketsua: ur-ponpa izan da goizean ibaitik ura ateratzen, motorzalea arratsean ibai ertzean marrumaka, kanpineko gazte jendearen solas eta algara ozenak gauean.

Besterik ezean, asteburuak ditu pobreak politto jartzeko aukera.

Lo ala irakurri, gaueroko aukera zaila.

 

“Txirringaren aienean”. Amaia Elosegi-Esther Mugerza:

* Turista, bidaiari ala ze demontre garen nire buruari galdetuz bukatu dut liburua: turista zerbait ezberdinak gara agian, edo bidaiari garatu gabeak.

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.