BIDAIAK 99. PORTUGAL
Ekainaren 8a. Asteartea. P:8.a
“Harrien lauhaska”. Iñigo Aranbarri:
* “Non herio giro hartan baino bizinahi handiago!”. Bizinahi biziena etsipen sakonenarekin hil ala biziko borrokan dager beti.
Guimaraes hiria da gaurko ikusi-asmo nagusia, mendiarteko ibilbidea izanen dugu hortik aurrerakoa.
“Amerika alde Europatik”, “Gerrari amaiera”, “OTAN kanpora”... zenbait pintada Jugoslaviako bonbardaketa-eta OTANen aurka. Gureetan ia ez dugu halakorik egin, guk gure gerra dugulako agian. Bestearen aurkako bortxaketaren aurka borrokatzea, ordea, norberaren kontrakoari eragiteko biderik onena da.
Polita dago bailara berdea, politak daude bailarako herriak goitikako ikuspegi zabaletik. Lotsatuta lez ageri du bere gandorra teilatu gainetik eliza dorre bakar batek. Eguneko ibilian hainbat herri ikusiko dugu hurretik zein urrutitik, baina ez da dorrerik nabarmenduko nahiz herri orotan nabarmen iragarrita egon “igreja”. Haritz eta eukalipto sendoek ilara luzea osatzen dute errepide ertzean, ilaron ostean berriz eukalipto txankamakilek estaltzen dute mendia.
Ipurterre ugari dabil igandean ez ezik astelehenean ere aurreko bi autoen tartera sartzeko hala-moduzko aurreratze presatiak eginez.
Vila da Ponte. 20 bat metro zabalerako ibaiaren ertz batetik besterako oinezkoentzako zubi harrizko zabala, bitxia eta ezberdina, ezohizkoa, ur azal-azalean, presa bailitzan.
“A 7 Porto”: 7 kilometrotara Porto dagoela edo Portorako A7 autobidea dagoela esan nahi dezake. Ahoskeraren doinuak erabakitzen du sarri esaldiaren esanahia, azentu eta doinua erabakigarriak dira hizkuntzan, eragin osoa dute esandakoaren adieran.
Guimaraes. Hiri honetan erein eta erne omen zen Portugaleko independentzia, “Cuna de la ...”. Independentziaren sorgunea. 3 alde erabat ezberdinak ditu hiriak: zahar-zaharra, zaharra, eta gaurkoa. Goiko aldea: maldan behera zabalduz joan zen antzinakoena, behe lauan zabaldu da gaurko berria. Kaleak, kalexkak, kalezuloak, plazak, kaperak ... denak du aspaldikoaren jitea. Galtzadarri-zoladura ezberdina da, ohizkanpokoa, irregularra, ez betiko harri lauekin eginikoa; zaindua, txukuna, ibiltzeko atsegina, baina ez da turista-herria, ez du turismo-hiri jiterik kanpotarra erruz dabilen arren. Bailara lau zabala hedatzen da behean, tontorretikako ikuskizun. Gaztelua: tontorrenean; harresien barruan gotorlekua eta gotorleku barruan zubi batez bereizi-lotutako gotor gunea, bi harresiz gordetako azken gotorlekua beraz. Beherago, bertan erregea bataiatu omen zuten ermitatxo erromanikoa; maldan beherago kondearen Jauregia edo Paçoa: harri biziko gotorra, karratu zabal sendoa, kubo ikaragarria, adreiluzko tximinia borobil luzeak zaizkio deigarri teilatu pikeak gaindituz, gela bakoitzak bere beheko sua zuen nonbait; ehunka urteko gaztainondo eta akazia sendoko berdegune zabal batez inguratuak daude aipatutako hiru eraikinok.
Ikasturte bukaerako txangoren bateko adin guztietako ehunka ume fortunatu zaigu goi gunean, sugandila bezain bihurri eta txori banda bat bezala mugikor eta zaratatsu.
Erdigunea: plaza landu eta zainduak; estua eta xarmanta da Santa Maria kalea, auto gogaikarria besterik ez dabil bertan baina. Santa Klara komentuak sarrera apaina du eskuan kustodia duen Santaren iruditzarrarekin. Bi plazatxo xarmant arkupe batez lotuak, bertan teilape karratu baetan pelourinho dotorea: kruzeiro itxura du lau besoak falta zaizkio eta, baina han ditu lau burdinatxoak bere zeregin ankerraren salatzaile. Plaza beretik du sarrera elizak: sarrera bikain ezberdina: bata bestearen gainean jasotako bi arkuetatik gainekoa deigarria egiten dute marmol zurian zizelatutako irudiek; barruan kapitelak eta klaustro mehar-meharra, ilara bakarreko kapitel landudun arkuteriarekin. Aspaldiko hainbat kaperak iraun du kaleetan, inozo itxura dute bertako santu-irudiek.
Aspergarri dabil kaleetan autoz boto-limosna eske PS; ibiltarion belarriak bortxatuz plaza eta inguruko airea inbaditu eta kutsatzen ditu egoitzako leihoetan ezarritako bozgorailuetatik ere.
Penha. Herri nagusi askok du bere santutegia alboko mendi gailurrean, inguruan mendixka bat duen herri orok du bertan bere Santutegia. Herri eta etxez asetako berdegunea den lurraldeak inguratzen du Penha Santutegi hau; begien aurrean dago beti, inguru urrutitiko edonondik ikuskizun. Errepidea ez ezik, teleferikoa ere badu, hamar kabina ilara kulunkan gora eta behera eten gabe baso berdearen gainetik. Behatoki aparta da Santutegiko inguru osoa, balkoidi ikaragarri bitxia, turismo-gune bihurtuta. Gazteleraz peña esan nahi du “penha” hitzak, harkaitza. Harritzar borobil erraldoiek erabat ezberdina bihurtzen dute tontor osoa. Mila zoko, bidexka, ezkutaleku, nahi haina aukera emanez egonerako zuhaitz lerden eta sendoen pean. Inguru aparta, zaindua eta txukuna. Santutegiaz gain hainbat kaperatxo eta santu-ezkutaleku sortu da haizpetan, santuak ezkutuka jolasean ari direla dirudi: han dago zulotxo batean S. Pelipe ez dakit belarriko minez ala lo, gorreria joan zitzaizkienen argizarizko buru-oroigarriekin.
Buruko urdin-ilun bitxia zeraman gizon nagusi bat aurkitu dugu bidean: bertako txano petoren bat zirudien, frisiakoen tankerakoak, baina hau urdin-iluna zen, haiena aldiz gorria. Mendiko herritxoetan sombreroa darabil nagusien gehiengoak.
Begiak luze ohi ditu dendariak diru gutxi eta ume asko denean: komeriak zituen gaur Penhakoak neska minifaldadun eskolaume koadrilarekin.
Bideak gora egin ahala lauzpabost metrokoak izateraino garaiak dira mahatsondoak, eusgarri izateko birlandatutako platanondo tantai biluziei lotuta. Desagertu dira mahatsondo erraldoiok behin goiera batera heltzean, Bragara beherantz egin dugunean mendiko beste aldetik berriz ere agertzeko. Lurralde honetakoak dira ere belar meta meharrak, meta nano bat bakarra ikusi ahal izan dugu gaur.
Gure gozamenerako utzia dago mendi eta errepide osoa, autorik ere ez dabil, eukaliptoz zamatutako kamioiren bat tarteka ezik.
Bata bestearengandik hur, baina etxe solteko herritxoak dira mendikook.
Gari apur bat sail txikietan harrizko hesiz inguratuta. Azienda arrasturik ez, ez behi, ez ardi, ez ahuntz... bat bera ez dugu ikusi.
Beltza eta zikina denez galipota, belztua galipotaztutzailea ere.
Carvalhelhos. Bainu-herria izanik, nekazari herritxoa da izan. Bainuetxea albo batean da: mendi mendian, lorategi eta berdegunez bildutako eraikin mordo bat, zaindua, hariztia nagusi den arboladi ederrekin dena da geriza, arbolazpi bateko belargune batean iturria mahai batez inguratua...; nahiko atsegina ikusteko, aspertua behar du izan bertako egona, nora joan ingururik ere ez baitu. Ura botilarazteko nabeak jaso dituzte, irekita dagoela dirudi bainuetxea bera ere.
Vilarinho del No. Beste Vilarinho baten bila joan gatzaizkio eta hezurretarainoko zirrara sartu digun herritxoa aurkitu dugu, hunkitu ere gin gaitu. Inguruan gaztainondo asko dituen eta errepidea bertan bukatzen zaion mendi-mendiko behe solairuko etxetxoz osatutako herria, txikia, harrizkoa; zaharkituak daude etxeak, hitsak, ilunak dira, harrizko sarrera-mailadi tristeekin; ezin pentsa bertan inor bizi ere daitekeenik; dena dago zikina, lokatza antzerakoa dago etxaurrean; nagusiak izan dira ikusi ditugun pertsona denak; garai, horreo, pila, etxe bakoitzak du bere horreoa eta harrizko txabola du, bata zein bestea txikia, urriak dira nonbait uzta eta azienda ere. Txakur pila. Harri zurizko kapera bat ere bada herritik albora baina bertan: erabat berritzen ari dira: bere etxeak ez dituzte zaintzen, eliza bai. Museo baterako herria, zainduz gero bitxikeria litzatekeen herritxoa. Bertan bizi direnen eta garai bateko mendiko nekazarion bizimolde izugarri latzaren testigu bizia. Bihotza kizkurtu zaigu, ez gara ausartu gelditzera, gutxiago argazki bat egitera.
Ilusioak, ametsak itxaropenak, maitasuna, barreak, gaztetasuna... zenbat bizipozen lekuko, eta gaur egun hain triste, hain utzia.
Boticas. Zabal ikusten da bailara erdian gainaldeko errepidetik. Bainu-herria omen, ura da hor botika segur aski. Izugarrizko birmoldaketa egiten ari dira sarrera inguruko errepidean, Europako diruz kartel batek dionez.
Oso deigarria da mendi erdian gorriune lau zabal bat: futbol zelaia!.
Oso jende adeitsua da bertakoa, zerbait galdetzera joaten gatzaienean.
Erdi galduak ibili gara norabide gehienak falta baitira. Goietatik baikabiltza ibilbide ia osoan, sakonak dira erreka-zuloak, harrizko zubi sendoz zeharkatzen ditu errepideak.
Erretxina ateratzen diete pinuei, gerrira lotutako zorrotxo zurietara erortzen da isurki preziatua zaurietatik.
Eukalipto sailek estaltzen dituzte mendi osoak, gorri-gorri dager menditeria, gorrixkak baitira orri berriak.
Urtegia. Handia izanik erdi hutsik dago oraindik, oso behean dago ura Ekaina gaztea den arren; euri eta elur gutiko negua izan dute nonbait. Ez da batere erakargarria, ez du xarmarik, ustel atera zaizkigu itxaropenak ibilbide atsegina espero baikenuen urtegi albokoa. Inguratu, inguratu dugu baina ikusi ia ez dugu ikusi ere egin urtegi delakoa.
12 kilometrora dugu Galizia. Kalamua zirudien mendia izan dugu aurrean une batez.
Behera ekin diogu. Bailara zoragarria dugu aurrean, beste jite bat du lurralde honek: hariztiak eta mendi garbia, hemen ez da ez pinu eta ez eukaliptorik, belarrak berdetzen du mendiarteko lautada, ugariak dira zuhaitzak, maila zabaleko zapaldetan datoz maldan behera zelaiak. Baina urtegi batek urperatu du mendi-inguru idiliko honen bailarako behereneko sakonera.
Ez da eliza-dorrerik nabarmentzen hemen ere!. Hain elizkoiak izanik zer dela-eta ez dituzte eliza handiagoak jaso ia Europa osoan bezala?. Ekonomia ala filosofia arazoa?.
Aldapaz behera darraigu etenik gabe, amildegia dirudi urtegi azpiko erreka-zuloak. Behatokian baikindoaz zeharkatu dugu mendi magala kilometro askotan, Gares mendikatea dugula alboz-albo bestaldean. Urtegi bat berriro han beheko sakonean: Calvados ibaiaren jarraikian jaso dituzte urtegiok inguruko mendietako urak bildu asmoz. Gainbehera pikoan egin dugu zulora: brist-brist ikusgarriz ispilu erraldoi distiratsua bilakatu du urtegia arratseko eguzkiak. Jo dugu azkenez zulora, uraren parera.
Geres. Udaleku aparta, bainu-herria ere bada. Paraje bitxi, atsegin, erakargarria, ondo zaindua, mendi garaiek biltzen diote gain gainetik inguru osoa. Etxeak barreiatzen dira zuhaitz artean urtegiaren alde bietan, etxetxoz josia dago basoa, txalet pila urtegi gaineko basoaren luzera osoan, mahasti artean berdegunez inguratutako txaletak, basoa hiritartuta: Bragako hiritarren iheslekua, ondo-bizien atseden-gunea. Hotelak, ostatuak, jatetxeak, dendak ... jende asko dabilen herria, diru gutiko igande-pasakoa ere etorri badator hona egun edo arratsalde pasa. Baina ez du lekurik ibiltzeko, mendiz ez bada; egonera etorri behar du hona datorrenak.
Bestaldeko gorakoari ekin diogu, errepide estu-estuetatik oraingoan. Gares herria eta urtegia gero eta zuloagoan utziz.
Serra do Barroso, Serra do Gerés eta batez ere Fraga Negra: Penha inguruko harri eta harkaitz bereko egitura; harri-bola txikiagoak dira, baina harrigarrizko forma edo itxurak hartzen dituzte hauek ere, txunditzeko bitxikeriak, naturaren eskultura eta artelan erakusketa erraldoia bailitzan, harriak lotura eta deslotura bitxietan bilduta. Urak brist egiten du gorenetako harkaitz artean: ur parajea da nonbait. Ikuspegi aparta.
Gaurko azkenengo beherakoa, Bragarainokoa.
Sulfatatzen ari dira mahastiak. Ikusi ahal izan dugu mahatsondoaren gorenera heltzeko asmakizun berezia ere: aitak haga luze batez heltzen du tutu muturra goraino, eta semetxoak tramankuluaren biraderari eragiten dio. Herri kultura, hau ere. Herri ingeniaritza. Pobreen asmakizuna.
Behi aldra bat.
Navarra jartzen du Bragatik 8 kilometrotara, bidegurutze bateko norabide batean Izen bereko herriren bat ote?. Beranduegi zen eta nekatuegi geunden ikerkuntzari ekiteko.
290 kilometro, mendizko atseginak.
Bidaia atsegina izan da gaurkoa: mapan marra zuriz soilik iragarrita dauden errepideak eurak ere onak dira, zerua urdin aparta izan dugu, erabat garbia izan da ingurua; mendiz- mendizko ibilia, mendiko hainbat herritxo zeharkatuz, luzea baina merezi izan duena.
“Txirringaren aienean”. Amaia Elosegi – Esther Mugerza:
* ”Sudurrean belarritakoa”. Joino!. Sudurretakoa izanen zen erdiko kartilagokoa bazen.
Ekainaren 9a. Asteazkena P: 9.a
“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:
* “Eta zubiak, beti bestaldera igaroko den jendearekin”. Zubia ez da beti pasabide soila, sorreran pasabide izanik ere. Prahako zubia, Rialto zubia Venezian edo Arno gainekoa Florentzian, ikuskizun eta egonleku dira. Porton bertan hainbat jende doa hiria zubi gainetik ikustera edo garaieraren urdaileko ausikiaz zorabiatzera. Mendia bailitzan, beheko gauzen urruntasunaren xarma bizitzera ere igo ohi da jendea zenbait zubira.
* “ Paper zaharraren koloreko”. Irudi egokia da ere Portugaleko herritxoon argi arrexka adierazteko.
* “Izarpean ontzi irauli handi bat gaua”. Ez dit balio irudiak bidaiarako. Gaueroko zerbitzugunera ibilian, izarren itsasora so, nabigatuz doa nire sen osoa, barnean hartzen nauen ontzi geldia da, ez gilatik alboetara labaintzen naizen ontzi iraulia.
Bada txori-kantaririk kanpinean, hemen dabiltza bai zozoak bai txori txikiak baina arboladi honetan espero zitekeen baino gutxiago; lur lehorregia da zizare eta mamorro bila hasteko. Kanpinetan uzkurragoak dira txoriok, mesfidatiagoak, izutuegiak agian gizakiarengana hurbiltzeko, hiriko eskarmentua eta gizakiekiko hurbiltasuna falta zaie. Agian goseti egoteak bihurtzen ditu lotsagabe kale-txoriak.
Ekaina hasieran holandarrek Europa osoa inbaditzen dute karabanetan garai batean bikingoek itsasontzietan lez. Nori ez zaio ezaguna jadanik gaur egungo bikingoen matrikula horia?. Egunero ditugu kanpin-lagun berriak, gaua egin eta aire egiten dute eguzki bila hegorantz. Bikingo jubilatuak alajaina!. Alemaniarrak ere hemen ditugu, adinekoak hauek ere.
Atseden eguna eginen dugu gaur, eguraldia ere eguzkitsua baitugu, egonera bultzatuz. Bragara itzuliko ginela asmoa beteko dugu, baita Bragara ezkero huts egin ezineko bisita-lekura ere joko, Bom Jesus mendira.
30 graduko hozberoa eguerdiko hamabietan: bero sapa gaurkoa ere, hezurren pozerako.
Bom Jesus. Nahitaezko bisita-gunea Bragara datorrenarentzat. Demaseko eukaliptoak ematen digu ongietorria sarreran bertan. Ikustoki aparta, Santutegi bilakatua lehenez, turismo-gune ondoren. Zabala, zaindua, txukuna, tontorreria osoa lorategi. Eliza, kaperak, harri arrean zizelatutako giza irudi eta santu-irudiak, iturriak, balkoidiak, behatokiak, tenpleteak, urmaela, harrizko kioskoa, lorategiak, mota askotako antzinako zuhaitz lerdenak, hotelak, dendak, egonlekuak... itomenik gabe. Badu errepideaz gain funikularra ere, baina mailadi zabal luzea du igobide deigarriena, harrizko irudi eta bestelako apaingarri ederrez dotoretua. “Esmolas”, limosna, eskabide-itsulapikoak inguru osoan barreiatuta. Parisko Sacre Coeur gogarazten digu eliza inguruak. Ordu-pasako gune aproposa, gaurko egun ederrarekin batez ere. Zabala dager Braga hiria bertatik, xinaurria bezain txikia berriz gizona goitikako orokortasunetik. Zerumugaraino zabaltzen da lurraldea, mendiek marrazten duten mugara artekoa.
Eliza da mendiko erdigunea, tamainaz ez ezik, barne grinaz ere askorentzat. Handia da, besterik ez du debozio-gune izatetik aparte. Erlikien aldarea da bitxiena: erretaulan, 6 mailatan ilaraka jarrita, 50 busto txiki bularrean santu-hezurrak gordez; zin-opariak aldare gainean, eskabideak eta argazkiak mesedeak eskertuz edo eskatuz, S. Klementeren hezurrak behar dutenak aldare azpian arropa dotorez erabat jantziak, aurpegia berriz igeltsuzko mozorro batez estalia.
Ez da eliza-dorrerik ageri Braga hirian, Europako hirietan aldiz nabarmenak ohi dira eliza-orratzak goitikako ikusmiretatik ez ezik bertarakoetatik ere.
Ezki urtea aurtengoa.
Sameiro. Bom Jesusen paretsua kokagunez eta helburuz, jitez zein ikuspegiz, baita bisitaria ekarri nahian ere, austeroagoa baina erabat erraldoia. Zainduak daude lorategiak, jauregi batekoak bailira. Ozenak eta luzeak dira erloju-hotsak, laurdenetan ere. Igande-pasako lekua: erraldoiak dira aparkalekuak, ugaria arbola azpietako mahaiteria. Dirua ere erruz sartzen da muntaia erlijioso honetan: erraldoiak eta ugariak dira “esmolas”, limosna, itsulapikoak, elizan eta eliza inguruan han-hemenka barreiatuak, zenbaki jakinez eraginez soilik irekitzen diren hiru sarrailako diru-kutxak: ze nolako banketxea behar duen izan santutegi eta mendi-tontor honek, txanponak jaso bai baina interes edo ordainez induljentzia eta zeruko itxaropena besterik eskaintzen ez duen bankua. Esplotatuak jarraitzeko bizipoza eskaintzen duen elizaren banketxea!.
Eliza erraldoiaz gain bi meza-toki ditu: zabaldegi azpiko kripta erraldoian azulejo bereziz dotoretua bata, eliza aurreko aldarea lautada izugarriarekin bestea. Eliza osteko zelaigunea ere izugarri erraldoia da. Jendetzak behar dute hemen bisitari: Aita Saindu parrandistak ere, beti etxetik kanpo, hemen eman zuen meza, kanpoan, hiri gain-gainean, balkoidia batetan eginiko aldare batetan, erabat kristal ostean gordea, kristalez blindatuta!. Nola da posible meza-emaileak herriarekin lotzea hain urrun eta hain banatuta, egonik?. Nola izan daiteke herri-meza herriagandik blindatuta dagoenean meza-emailea. Telebistarako ikuskizun bihurtutako erritoa besterik ez da horrelako meza.
Zuhaitz tarte eta berdegunean erdi gordetako harri-bola leunek itxura berezia ematen diote mendi magalari. Aita Santua etorri zeneko antolamenduko hondakinak, burdinazko kontrolgune edo antzerako, gelditzen dira oraindik errepidean.
Lautadatik hurrago hirugarren Santutegi bat agertzen da errepide ertzean, Sameirokoak dituen osagai antzerakoekin baino txikiagoa, xumea, apala, beherago dago egon ere, zuhaitz artean gordea, ikuspegirik gabe.
Braga. Etorrerako egunean ginen lehenengoz hirian, joanekoan gaude gaur. Heldu ez ginen kale-sareetara jo dugu, ibili gabeko kaleak urratu ditugu, ibilitako lekuetan berribili gara, ikusitakoak berrikusi ditugu. Gotzainaren Paçoa ez da bertan beherakoa, ezta Udal Paçoa ere, plaza dute aurrean biek, biek dute iturria plaza erdian: handiak bezain ederrak, eder eta handi bezain sendoak. Bada ere dorretxo karratu iluna etxe-tarte batean, etxe-tartean ere dago gaztelu gotortu bat, kale-artean eraikin zabalago baten arku ilara deigarria lorategi zabal zaindu baten ertzean, zurtz gaur egun, antzinako garaien amets.
Aurkitu eta dastatu ahal izan dugu azkenez izozkia Portugalen, Braga hirian hain zuzen, esnegain askokoa, arranopola!. Goxoa zegoen, gustagarriagoa kale atseginetako ibilian.
21 kilometro, bigarren kokaldiko azkenak.
Txoriek kantu-hots bizia oparitzen digute arrastian, zozoarena da nabarmen eta ozenena txori txikien txorrotxioari nagusituz.
“Txirringaren aienean”. Amaia Elosegi – Esther Mugerza:
Turismoa Nepaleko naturan eragiten ari den sarraskia salatzen dute idazleek; ur, dutxa eta oturuntza beroa behar dute uholdean datozen turistek; egurra denez bertakoek duten erregai nagusia, erabat desagertzen ari dira baso osoak. Gure auto, nire dutxa beroaz eta nire gaueko bonbilla argi-biziaz kezkati utzi nau. Dena dago elkarlotua, dena nahastua, naturarekiko muin-muineko kontraesanean murgildu gara gizakiok.