BIDAIAK 99. PORTUGAL
Ekainaren 6a. Igandea P:6.a
“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:
* “Esan hildura xarea hazi zaizula zuri ere”. Aspaldi bota zidan hildurak bere sarea. Harrapatu ere. Amaraunetik ateratzen dut orain lana.
* “Baina itzultzekotan nora itzuli?. Eta zertarako?”. ... Itzultzea dena hemen uztea da”. Arrotzak gara atzerri honetan,itzultzekotan gara, nora eta zertara itzuli badakigu, dugun dena geureganatzea da turistontzat itzultzea. Emigranteena da izugarri latza nora itzuli badute, zertara ez. Errefuxiatu politikoek nora eta zertarako badute, baina ezin dute. Norbere herrian arrotz, hori da inora itzultzerik eza; barne arroztasuna edo barne non gorderik eza, hori bai nora eta zertarako itzultzerik eza.
Grafitia: “Las mujeres son como el kechup, solo sirven para darle gustoa a la salchicha”. Ibili da hemendik gazteleradun norbait komuneko ateak matxismoz kakazten.
Bertsotako habanera doinua dabilkit egunotan, ontzi garbiketako bakardadean ere bertso asmatu ahaleginean aritzen naiz bizitzako edo naturako edozein zati gai hartuz; habanera doinuzko bertsoa litzaidakeela gogoko azken agurrean otu zait halako tarte batetan.
Sarriak dira jaiegun honetan .ragako elizetako kanpai hotsak, ordu oro ere mota guztietako kariloietako eta hiriko erloju orotakoak, ozen datoz denak hiri-gain honetara.
Arrats eguzkitsu baten itxaropenean babesten da beti turistaren egunari soa goiz euritsu edo lainotsuan.
IPAR ITSASBAZTERRA
Zaparradaz agurtu gaituen arren errepideak, eguzkia izan dugu lagun egun osoan. Paisaia ez zaigu askorik aldatu gaur, berdinak dirau, Ouer-etik S. Jazintorainoko urak bildutako lur-mihia izan da aldakuntza bakarra. Urrutira argiak diruditen arren zuri motelez pintatuta daude etxeak, zuri tristez; tristea da zuria, tristea ere adreilua, tristeak teilatuak, paisaia bera ere tristea, agian eguna bera ere tristea delako gaur, eta ondorioz gu geu ere triste gaudelako, ikusmena tristatu zaigulako.
Kasinoa, aberatsen jolastoki errimea turismo gunetan.
Domeka arren bi traktore ikusi ditugu goizez lanean: nekazariak ez du jaiegunik ez atsedenik. Hirugarren traktore bat aurkitu dugu arratsaldez S. Jazintora bidean, lasai auto uholdean, izugarrizko ilarak sortaraziz: bera lanean zebilen, besteok egun-pasan, gu geu sartu gara bere lan zereginean.
Erdigune borobila, borobil-gunea, da trafikoa bideratzeko ia bidegurutze oroko tresna, auto zirkulatzea bideratzaile automatikoa: frantses asmakizuna mundu osora hedatua, italiarren pizza bezala.
Ibili badabil igandeko bizikleteroa, baina bizikleta kulturarik ez dago Portugalen, kirol tresna da txirrindua da hemen, ez garraio tresna.
Esposende. Uderria, turista-herri jitea ematen dio oinezkoen erdiko kale txukunak. Asteburu eguzkitsuan, udako turista-herria izanik, barnealdetik etorriko zaiizkio bisitariak, hondartzara hurreratzen direnak, alegia. Igreja: aldare barrokoak nagusitzen zaizkio, erretaula nagusi loratuta batik bat. Cavado ibaia erabat zabaltzen da itsasoratzean, itsas-beso edo itsasadar luzea bailitzan, hondar-mihi luze eta barne-lurren erdian, inguru erakargarria eskainiz; kontrastez, zikin dator. Miserikordiaren eliza: zaila da jakitea zein den kapera zein eliza, paretsuak baitira biak; serora adintsua ahalegindu zaigu kapera sabaiko santu pilatik nor zein den argitzen; Pietat bitxi bat, hain hieratiko hain zurrun baitaude, hain mehe hain luze baitira, bai Ama bai belaun gaineko Semea. Atsegina bilakatzen da ibiltoki luzea ibai zabalaren albotik, aurrez aurre direla bestaldeko dunak. Lurra jan dio itsasoari eta itsasertzeko ibilia ibiltariari hotel batek.
Jaialdia dute ibai ertzeko egoitzan Arrantzale Kofradiek: musika hura trikitia zen portugeseraz abestua, gureetako soinutzat hartuko genuen ahotsagatik izan ez balitz.
Ugariak dira moilan peskarientzako zizare saltzaileak, alga artean gordetzen dituzte umel zizareok. Pobreak eta pobreagoak arrantzale munduan ere; bi zemaikoren bila beti batzuk eta besteak.
Meza entzulez lepo dago eliza eguerdiko 12etan, kaleak berriz mortu.
Santiago-bidea omen hemengoa errepideko iragarkien arabera. Europatik izan zela uste nuen Santiagorako erromes etorria, ez penintsulatik, ezta Portugaldik ere. Nonbaiten irakurri dut gero badela Portugaldik ere Santiago-bidea, adar bat baino gehiagoko bidea gainera.
Jairik ez janari dendek ere turista-herrietan.
“Vamoz atrabalhar, nao passear” diote hain zuzen ibai ertzeko pasealekuan eskegitako PSDren hauteskunde iragarkiek.
Joko bitxi bat egiten dute gizonezko nagusi batzuk, antzerako jokoen aldagai bat: 15 bat metroko tarteak banatuta, harra bete garaiko bi metalezko ziri motz sartuta dituzte hondar zapalduko lehia-eremu batean; burdinazko diskotxo astun bat botatzen dute ziri batetik bestera ia nork hurrago utzi diskoa aurreko ziritik, batean ziri batetik, bestetik bestean, txandaka, aldatuz, botatzen dute. Ez dut jakin ziria jotzeak inolako baliorik edo zigorrik duen, ez baitzuten zirkinik ere egiten edo sentipenik agerrarazten ziria jotzen zutenean, berrito zutik jartzen zuten ziria eta kitto.
Crias. Merkatu eguna, errepide ertzean kokatuak daude salmahaiak, mota ezberdineko saltzaileak dauden arren nekazariak nagusitzen dira barazkiekin. Jende pila dabil, errepide ertza osoki betetzen dute autoek tarte luzean.
Arratsalde osoan, bidaia osoan, ikusiko ditugu gaur nekazariak errepide ertzetan barazkiak eskaintzen.
Aguçadura. Nekazaritzatik bizi den itsas kontrako herri xume kolorgea, behe solairu soileko etxetxoz osatua; izugarri zabala, kale arteko errepide estuak zeharkatzen du herria alderik alde, mortua eta hitsa dago gaur, kale zoruko ertzetan hondar horia pilatzen zaiolarik; urrutitik nabarmentzen zaio kanpandorrea ia ageri ere ez den herriko teilateri gainean, bertatik ere nahiko luzea da dorre hori, ezereztxoa den elizatik kanpo kokatua dago.
Ikasi zuten nekazariek dunetan eta itsas ertzeko hondarrean mahatsa eta ortuariak lortzen: irudimenaren ezten bihurtzen da premia, bizibeharra asmakizunaren akuilu; hondartzako nekazaritza kultura dago hemen: munetan heuretan ez da ia ezer hartzen gaur egun, baina harea-tontor arteko hondartza izugarri zabalak, ureztatuak gaur egun, lur emankor oparoak bihurtuta daude, baratze jori dira kilometrotako hondar sailak; denetik dago, berotegietan zein aire librean, baina tipula eta azenario sailak dira ugarienak; bada oraindik hondar munetan dirauten mahastiak ere, garai batean lez, baina ez lehengo teknikez umeltasuna gordeaz, ureztatuak baizik.
Mapan zenbakirik ere ez duten bigarren mailako errepidetatik gabiltza, itsasbazterreko herri-bideak erabiliko ditugu gaurko ibili osoan. Ez da eukaliptorik, pinu txapeldunak, aldiz, ugariak dira.
A Ver-o-Mar. Azulejo urdinezko fatxada du elizak.
Ze hilak eta tristeak kosta-herriak egun ilunetan!.
Povoa de Varzin. Handia, luzea eta zabala ikusten den herri honek herri arrunt itxura du, kale-sareak ez du turista-herri itxurarik, gehiago dirudi zerbitzu-herri handi bat, portu inguruak soilik lirateke turista-gune; bisitari ugari izanen du asteburuetan eta udan berdegune oso zabala eta oso zaindua baitu. Merezi du ibilaldi patxadatsua: gotorleku sendo ez handia zerbitzuren baten egoitza ofiziala gaur egun, portu zabala baxurako itsasontzi ugariren gordeleku, kilometroetako pasealeku luzea bisitarien ibilgune, azulejo urdinez dotoretutako udaletxea, kanpandorrea barne azulejo urdinez edertutako eliza, ikusten dugun lehenengo musika-kioskoa duen plaza, etxeen barne egitura deigarria egin zaigun arrantzale auzoa...
Behe solairu soilekoak dira arrantzale auzoko etxeak, bi kaletara dute sarrera, korridore batek lotzen ditu bi ateak, korridore alboetan daude gelak, korridoretik sartzen zaie argia.
Garbitegi xelebrea: bi etxeren arteko tarte estuko aterpean arropak garbitzeko zementuzko harraska pila ilaran horma kontra, eta lixiba zintzilikatzeko haga eta antzerako zintzilikagailuak. Garbigailu automatikoetara ohiturik, halako barne astindua ematen dizu ikuskizunak: oso xume bizi da herri hau, beste bizi-baldintza ezberdin batzuk ditu, agian filosofia ezberdin bat du.
Vila do Conde, aurreko herriari itsatsita, bata bestearekin fisikoki bat biak, bi herri ezberdin izanik ere. Eraikin ederrek, ibai inguru zabal atseginak erakarri gaitu, baina ez gara herrira sartu.
Jaiegun eguzkitsuari dagokionez, zamaldaka, uholdean, dator autoa errepidean, autobidean, kaleetan zein hondartza ertzetan, geratu ezineko auto ibilia, inurri izurritea bailitzan. Bidegurutzetan ez da falta butxadurarik, ezta tarteka geldialdi eta auto ilararik, horrelakoetan ohi denez ezta ipurterreen aurreratze erorik ere.
Azkenik gabeko hondartza da itsasbazter luzera osoa, jendez gainezka dago bazter oro, jaiko jantzitako jendea da egun edo arratsalde pasan, ez da jenderik hondartzetan, ez da nabari hondartza girorik oraindik, ekaineko jai aparta izanik ere.
Agertu da berriro eukaliptoa, Portorago eta ugariago. Bide txikietatik sartu gara eukalipto usaintsuak arnastuz, errepidea baina ez doa uste genuen bezala itsas kontratik, herriz herri baino.
Bata bestearen atzetik datoz herriak, ia elkarri lotuta. Errepide berritzeak galduta erabili gaitu gu eta bideotatik ausartu den beste asko, erabat hondatutako bideetatik zulo eta hauts artean, askotan ze herritan genbiltzanik ere gabe, autoz inguraturik. Nekatu egin gaitu bideak, erabat luzatu zaigu ibilbidea, ezer berri edo ezberdinik ez ikusteko gainera.
Matosinhos. Hiritzarra, itsasertz luzearen jabe, baina etxe zatar handiz desitxuratua. Birfindegi bat du alboan. Lagiak daude hondartza inguruak. Bon Jesus eliza: harritzeko barrokoa omen barnea, baina ez dugu jadanik ez girorik ez patxadarik eliza ikusteko, Austriako barrokoarekin alderatu nahi bagenuke ere, nekeak, arratsak eta auto ilarek S. Jazintora bultzatu gaitu, albotik saihestu dugu herria, auto ilarak utzi eta bide zabalagora sartuz.
Auto zoramena gaurkoa.
Ovar-etik Aveirorainoko lur-mihi luzetik doa errepidea, itsasoak sortzen duen golkotxo, itsasadar edo itsasadarraren albotik, lur zati luze meheak eusten dio itsasoari, baina ez dugu bestaldeko itsasoa ikusterik. Padura sailak errepide ertzean, hondar beltz likina da ur azpikoa, ez da hegaztirik ageri. Lehorreko lurra hondar-lurra da, landua, baratze zainduez aberatsa; etxe askok bere lur landua du inguruan, nekazariak erruz daude errepide bazterrean zein etxaurretan ortuariak eskainiz: erosle asko gelditzen zaie, salmenta zuzenaren beherapenak edo erosotasunak eraginda. Itsaskiak ere saltzen dituzte errepide ertzean. Bakoitzak duena, turistei sos batzuk ateratzeko. Txalupak, arrantza potinak, branka mehe jaiki luzekoak dira, marra argi eta ezberdinez dotoretuak; Danimarkako bikingo txalupak dirudite, txikiagoak hauek.
Torreira: herri koskortua, itsasadar ertzean, turista askorekin, denda askorekin, pasealeku eder batekin bukatzean.
Erabat zabaltzen da itsasadarra bestaldean dagoen Aveiro aurrean. Ur axala dirudi. Berdeguneak ditu erdian. Ur pozoitu edo kutsatuaren jitea du.
San Jazinto, lur-mihiaren azken muturreko herritxoa; tabernak, bestalderako bidaia-ontziak, etxe batzuk eta ezer guti gehiago. Aveiroko portu zaharra aurrez aurre, nahiko bertan.
Branka luze jasoa dute Aguçadura, Ria Ovar zein Aveiroko golko zabaleko txalupek, kolore biziz pintatuak daude Aveirokoak, oso deigarriak dira.
Granitoa behar du izan lurralde honetako harriak, eraikuntza oro baita granitozkoa.
Ia herri orok du bere Miserikordia Etxea; eliza dotorea dute Miserikordia Etxe gehienek.
Gidari batek berak ere ez dio biderik ematen oinezkoari zebrabidetan, oinezkoa bera pasabide erdiraino ausartzen ez den bitartean.
Irudi zale dira portugaldarrak elizetan, ez ordea kale edo plazetan.
Kokoteraino nago Soaresen aurpegierarekin, propaganda-zintzilikario guztietan aurpegihandi.
“Hasta con esa” esan ohi zuen zakil harroko gazteak emakume zatar-zatar bat ikustean, zahartzarora berriz, “ni con esa” kriston emakumearen aurrean.
Gureetako belar-meta berdin-berdinak aurkitu ditugu zelaietan, baita belarra bere onean gordetzeko plastikozko fardelak ere. Belarra lehortzeko asmakizuna izan zaigu erabat berria: zurezko sare edo lauki pare zabalak, zut, goitik elkarri lotuak eta behe aldetik zabalduak: belarra jartzen dute sareon gainean, txabola garai eta estu baten itxura hartzen duelarik. Lur umela ekidin eta haizea baliatzeko asmakizuna, premiei eta tokian tokiko baldintzei egokitua, herri kultura, nekazari injinerutza eta zientzia.
Nekatuak gaude, nahikoa dugu gaurko. Bertatik arrantza debekatua duen zubi luze eta garai batetik zeharkatu dugu itsasadarra autobide bila, lehenbailehen etxeratzeko.
Sokaz lotuta zeraman mutiko gazte batek errepidetik txerri handi bat!!!, behi asto edo zaldi bat bailitz.
Autobideko ordainketa ilara luzeetan galtzen dugu abiaduraz errepidean aurreratutako denbora.
295 kilometro, auto uholdean, desbideratze edo berrikuntza lanetan galduak horietako asko.
Nahastu zamarra, nekosoa, luzea, baina merezi izan digu gaurkoak ere.
“Txirringaren aienean”. Amaia Elosegi-Esther Mugerza:
“Noren ikuspegia, halako egia”. Bidaiari bakoitzak herrialdearen argazki propioa dakar bidaiatik.
Ekainaren 7a. Astelehena. P:7.a
“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:
“Eta eurekin batera izanen garela geu ere libre”. “Han naiz han izan gabe, han izan gabe naiz han”. Euskadi dager bere “Sarajevo” poeman. Fakzio bakoitzak mesfidantza diogu besteari.
Behin EL PAIS, LA VANGUARDIA beste behin, horiek biak dira aurkitu ditugun Espainiako egunkari bakarrak, ez dugu besterik aurkitu. Portugal ez da nonbait ez negozio-bide ez bisita-leku Espainiarentzat.
Herritar xume apala dirudite portugaldarrak, bai begiradan bai janzkeran bai portaeran. Autodunak errepidean hor dira soilik harroxko.
Eskultura gutxi dago, ia bat ere ez, kale edo plazetan, daudenak pertsonaia ospetsuen irudiak dira.
Oso hala-moduz janzten dira langileak lanerako: ez dute dotorezia, garbitasun edo txukuntasun jiterik. Inguruaren arabera. Agian pobreek nahiko dute irautearekin.
Porto dugu gaur bisita-gune edo helburu.
Errepide nagusitik egin dugu hirira bidea. Lasai dago errepidea gaur. Betiko ipurterreak sortzen zaizkigu, auto arteko legezko tartean ere sartu beharraren beharrez istripu arriskuak sortuz: gazteak dira ia beti, auto bizkorren gidari.
Tristura darie herriei, etxeteriari zein bazterrei; alaiagoak edo deigarriagoak dirudite goian zein behean urruti samar ikusten ditugunak. Herri orok iragartzen du herriko eliza, igreja, non dagoen, baina ez da elizarik ikusten, ez da dorrerik ez eraikin erraldoi edo garairik nabarmentzen; agian horregatik iragartzen dute, ikusten ez direlako; ikus ahal denean, eliza bera da herriko egituran zati ezberdin edo alaiena. ”Tristea” hitza baino “iluna” litzake egokiagoa herriok deskribatzeko. Portugaldarren arimako tristura edo malenkonia adierazten ote dute fadoek bezala?. Esposenden atzo entzun genuen trikitia sona ostera alaia zen, beraz agian mitoa da malenkoniaren tesia.
HIRMARCHE, LECLERC, SPERMARHE, BP gasolindegiak..: frantses diruak sartu du eskua Portugalen, zuzen, izen eta guzti. Espainian berriz sartu, sartu dira, baina hainbat bertako egitura eta izen pean gordeta, mozorrotuta.
Erabat europartu da Portugal, errepide-berrikuntza lanetan behintzat: hemen ere umleitun edo desbideraketak, semaforoak, geldiuneak, hautsa... tarte sarrietan aurkitzen dira.
Maia. Kristalezko eraikuntza du deigarria, borobila, garaia eta urdinxka du erdi bat.
Portugaldarrak omen ziren ia atezain gehienak Francoren garaiko atzerriratuen Parisen,.
Porto
Komediak eginez, ordainduzko aparkalekua bera, 8. solairuan aurkitu dugu autoa non utzi . Beldurgarri zabala dager hiria autobidetik begiratuta, mendi osoa hartzen du alderik alde, baina bertaratuta, zuzenean eta kaleetako harat hona gabe sartu garenez, kaleetan nahastu gabe, ezin izan gara jabetu zenbaterainoko erraldoia edo zabala den. Zabala ikusi dugu autobidetik, baina ez ditu 400 mila biztanle baino. Hiri piko aldapatsua, dena da aldats, gora eta behera hiri barruan bertan ere, SEren tontorrean adibidez. Alde Zaharra ez da atzo gauekoa, aspaldikoaren jitea dario. Eraikin eder asko du baina sakabanatuta daude, erdiguneko eraikin eder eurok ere, han-hemenka, tarteka bilatu behar dira. Pragaren orokortasun edo batasuna falta zaio, haren beti artelan bat begi-bistan edukitzea. Duero ibai bueltako eremua da erakargarriena, burdinazko zubiaren azpiko kale-sare edo auzo bitxia, zaharra eta zaharkitua, alferrikaldua dagoenez edo dagoelako pobreen bizitokia da gaur egun: mailadi luzea doa gain beheran Santa Klara elizatik moilaraino: etxe bakoitzak bere ataria du, eta dotore geldituko da berritzen ari diren eliza erdi eroria. Zubia: burdinazko garaia, hondatua baina antzinakotasunaren grazia duen ibaira jotzen du; fatxadateria, lehortzeko eskegitako arropak haizeak dilindatuz, belaontzi bikingoak, arrain edo barazki saltoki-etxolak, etxaurreko balkoidiak...: halako ukitu deigarri, bitxi, mina, du, historiaz kutsatua lez, bisitariarentzat sarkorrena, oroimenean iraunkorrena bihurtuz inguru osoa. Plaza: lorategi asko ditu, zabalak eta zainduak; alde berriaren eta zaharraren tartean, arnasa ematen dio erdiguneari udaletxe aurrekoak. Alde Zaharra: zaharra dago, zaharkituz doa baina han-hemenka eraikuntza eder askorekin topo egiten duzu. Eraikuntzak: apartak, ugariak, han-hemenka barreiatuta: Udaletxea, sendoa eta astuna, dorre luzeak eta giza irudiek arintzen badute ere; Tren-geltokiko sarrera, txundigarria, bai historiako gertakizunak bai giza lanbideetako jarduera ezberdinak azalduz lau hormatzarrak betetzen dituzten azulejo koloretsuekin; Kartzela zaharra, kale-sare erdi-erdian, harrizko handia, sendoa, jauregitzat har daitekeena lehen bi solairuko burniteria gotorragatik ez balitz; Mineralogia Museoa bisitagai duen Eskola Politeknikoa sarrerako mailadi bikoitz zabal garaiz edertua, buru ikusgarri landuko pelourinhoa, hain dotorea bera zutabe barroko bihurritu eta lau besoetako lau burdinekin, hainbat eta hainbat gizajoren zintzilika-gune eta tormentu-leku; Gotzainaren Jauregia ez bertan beherakoa alajaina; Burtsa, ikusgarria omen barrutik, itxita aurkitu dugu arratsaldez. Elizak: aipamen berezia behar dute: 19 daude planoko zerrendan Sinagoga tarteko; SE katedrala, tontor batean, mailadi eta bide pikeen buruan, ibai gainean gotor, gotorleku itxurarekin; austeroa da barrutik, apaindurarik gabekoa, estua eta iluna, aldareak barroko iluneko geldoak, ez dute distirarik erabat loratuak izan arren; presbiterioko organo eta balkoiek alaitzen dute zerbait barrunbea; marmol gorriko ur-bedeinkatu ontzi landuek merezi dute begiradatxo bat. Trinidade eliza: eliztar asko dago otoitzean, erdiko eserlekuetan zein aldaretako santu-irudien aurrean. Barroko urreztatu landua eta kustodia edo ekisaindurentzako mailateria dira deigarriak, non erakustokia bera den deigarriena, goratu eta nabarmendu nahi den kustodia bera baino deigarriagoa, kustodia bera ere deigarriagoa da hostia santua baino, dotoretasunak ia ezabatuta uzten baitu erretaulako interesgune nagusia behar zukeen gurejaunaren hostia zuria. Klerikoen, elizgizonen, eliza: obalatu ia borobila, Portugalgo garaiena omen bere 76 metroko dorrea: luzea, landua, ederra, edonondik nabarmentzen dena; lau gortina astun jasoz sartu gara barrura arratsaldez ireki aurretik pasabide batetik zehar alboan aurkitu dugun atetik aurrera egin ondoren; bada santu-irudi ederrik, eliza orotan bezala; organo bitxia du presbiterioan. Karmeldarren eliza: azulejo ikusgarriz osoki estalia du alboko horma; barruan 3 Ecce Homo eta 6 aldaretan Kalbarioko irudiak: Kristo gizajoa, eskuak sokatzar batez lotuak, izugarri deigarri eliza orotan. Carmo eliza: aurrekoari itsatsita dago. Santa Klara eliza: itxita dago zabalik egoteko ordua den arren, siestan daude nonbait mojak; harrizko sarrera landu dotorea, jadanik kolorgetua, horma osteko patioan dago gordea. Komentua bera ”ondare publikoen erakustokia” bilakatu dute: bada Portugalen argazkiotan agertzen den zer ederrik.
San Frantzizko eliza: barroko ikusgarri erabat loratua omen du, baina ordaindu egin behar da eta nahiko eliza eder ikusi dugu jadanik honengatik orain ordaintzeko. Ate erromaniko-gotiko polita du alboan.
Organo emanaldi bikainak alaitu du SE barneko gure kuxkuxka.
Mailadia eta gurejaunaren erakustokia eliza orotan errepikatzen da, gehienetan presbiterioko erretaula nagusian.
Eliza orotan, ordu guztietan, jende asko dago otoitzean.
Turista pausoa hartu dugu hiria ikusteko, hartu behar ere, zabala baita eta erabat barreiatuta baitaude ikusi beharrekoak.
Bizi-bizi dago erdigunea, jendetzarik ez den arren. Itolarririk gabe bizi da Portoko hiritarra.
Badabil turista bisitaria baina ez traba egiteko zaparradarik. Galiziako jubilatu autobuskadarekin egin dugu topo S. Frantzisko elizaurrean.
Hainbat liburu erabilien denda dago.
Edozein lekutan gurutzatzen dituzte oinezkoek kale eta plazak zebrabideei jaramonik egin gabe.
Eten labur bat egin dute eguerdian langileek bazkaltzeko, goiz hasi eta goiz bukatzen dute arratsaldez.
Teila da antzinako etxe askoren hormetan bustiaren eta umeltasunaren aurkako isolatzailea.
Ez dugu ardoaren presentzia nabarmenik nabaritu Porton, bertako ardoak famatuak izanik ere.
Aluminiozko esku-eskailera asko dago salgai dendetan: azulejozko koadro horietako batean ikasi dugu gereziak batzeko erabiltzen dituztela edo zituztela behintzat.
Hor behar dute Duero ibaian Zamorako kartzelan tunelgintzan atera genituen lurrak, hustubideko urak ibaira eraman zituenak.
120 kilometro, Portora joan-etorrikoak.
Ñir-ñir egiten dute hosto artetik aurreko magalean geratzen zaigun Braga hiriko argi horixkek. Zeru erabat garbian Gurdi edo Hartz Nagusia izan dut ikuskizun aspaldiko partez. Tamalez ahaztu zaizkit garai batean ezagunak zitzaizkidan gau izartsuko hainbat izar-irudi eta irudion izenak.
“Txirringaren aienean”. Amaia Elosegi-Esther Mugerza:
“... TATTAPANI”, Indian, URBEROAGA Bizkaian.