Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99. PORTUGAL

BIDAIAK 99. PORTUGAL

Jon Etxabe 2021/03/15 10:05
Braga, IPARRALDE GOINA: Barcelos, Viana do Castelo, Villnova de Cerveira, Valencia de Minho,

Ekainaren 4a. Ostirala.  P:4a.

        

“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:

* “Norberaren baitako paisaia mina”. Natur paisaia eta giza paisaiak laguntzen ahal digute baitako hori ikusten, baita begiratzen ere. Bidaiatzeak badakar norberaren ezagupena,  aldi berean baita barne paisaia horri begiak ixteko ihesbidea ere.

 

Ez dago kanpalekua VISArekin ordaintzerik. “Oraindik ez dugu”. Liberalismoaren eta gaur egungo zapalkuntzaren ezaugarri den tresna modernotzat dute hainbatek txartela. Tresna baliagarria zaigu bidaietan, ezin uka diru jabegoaren amarrua dela batez ere.

Kanpaleku aldaketa. Solidaritateak fin jokatzen du kanpinean nahiz albokoari entxufearekin iruzur egin. Nire susmopeko batek lagundu digu etxatoiarekikoetan. Erruduntasunak kosk egin ez badio barrutik....

 

Zeru urdin argitu zaigu eguna, argitasunak agian bazterrak begi onberagoz begiratzera bultzatzen gaitu: ia-ia politak daude Braganza inguruak, bere lur landu eta zuhaitz bakanekin.

Olibondoek, tarteka almendrondoek, hartzen dituzte mendi-sail osoak Romeun. Mirandela ondoren, nahiz atzo etxeei begiluze erreparatu ez, uste baino aldatsagora luze eta pikoagoak ditu errepideak, %7koa izateraino pikoak. Amarante aurrean %8ko gainbeheran  doa zuloraino kilometro luzeetan malda pikoa balkoidi bihurria bailitzan. Mahastia da nagusi Vila Real inguruan. Hori daude jadanik galsoroak. Hitsak dira zeharkatzen ditugun mendiak: eukaliptoa ez bada, pinua, sastraka edo otea. Mendi magaletan, herriak.

Herenegungo asto filosofoa leku berean zegoen gaur ere burumakur auskalo zer hausnartzen.

 

Amarante, mendi magalean, magaleko tontortxoetan behera zein mendi barrenean  hedatua, zabaleraz eta etxe-horratzez erraldoi, zuhaitz artean gordeta bezala ikusi dugu errepidetik. Bertakoa omen ardo berde entzutetsua.

 

Ez da aldatu paisaia Amarantetik aurrera: mendi hitsak eta magaletan behera hedatutako herriak. Landuak daude herri inguruko lurrak.

Bitxikeria da mendi-tontor bateko konoaren puntarenean zutikatzen den  tantai eoliko bakarra, zirrara sortarazten du, inguru osoari halako kutsu berezia emanez: bada nekazari aurrelariren bat malda horretan, nekazal etxerako argindarra sortzen duena, gizaki ikusezin baten aztarna mendiarte mortu honetan. Bakardade sentipena dario errota zuriari. Bada lautadaren bestaldeko mendizerran tantai eoliko mordoa erreskadan, baina hori ikuskizun ezaguna zaigu,  Portugalen ikusitako lehenengo eolikoak badira ere. Belar-meta luze, garai baina batez ere estuak; zuhaitzari lotuta edo zuhaitza ardatz zaiela daude zenbait: bitxiak eta ezohizkoak.

 

Autobidea aukeratu dugu aldaketarako bideberri bihurriaren ordez, luzeagoa arren, bera da motzena, eta erosoena.  Nahiz garestiena. Erabakigarria da segurtasuna etxatoiarekin bidaiatzean. Autobidea ere ezin dugu VISAz ordaindu. Ez dugu gasolindegirik aurkitu Amarantera arte, herrira atera behar da gasolina bila atoiarekin deseroso bazaigu ere. Zubi erraldoi batez  zeharkatzen du, zuzen, autobideak lurraldeko beheragune oro, inguruko armonia erabat suntsituz.

 

Aguas Santas herria izan dugu gaur, atzo Pedra Sagladas izan genuen: bataiatutako herriak.

 

Eukaliptoa egin zaigu bidaide, ez gaitu utziko Porto inguru osoan zehar Braga bertaraino; mendiak ez ezik bazter oro estaltzen dute eukaliptoek; lautadetan, aldiz, mahastia nagusitzen da.

 

Peñafiel, malda leun batean behera zabal hedatua, lur landu eta baratzaz inguratutako etxez osatutako herria. Izan behar du inguruan ibaia eta airea  kutsatzen dituen paper fabrikaren bat.

 

Eslovakia eta Txekia ditugu gogoan Portugalgo etxebizitza bakaneko herriok ikustean, bakoitza bere baratzez edo lorategiz inguratuta, erreskadan. Anarkikoa deritzogun herri hauen egitura izan daiteke berezkoena, bere etxe inguru landuarekin bizi da bakoitza, lurra bizitzari lotuz, edo alderantziz. Lurretik ihes egitera, kale-hesi barrura behartu zutenean, gizakiak begi bat gehiago ezarri zion bizitzari lotzen zuen kateari, iraupena ahalbideratzeko nahitaezko begia bazen ere. Napoleonen asmakizuna omen kale artez gurutzaturiko kale-sareak: ze arrazoik bultza ote zuen kalegintza edo herrigintza berri hori.

 

Valongo, izugarri zabala malda-azpi batetan, ez da inola ere erakargarria.

 

Garaiak  dira mahatsondoak, kordak zutik jasotzeko aproposak, Italiakoen antzo.

Ez dago ez geldiunerik ez zerbitzugunerik autobidean, Porto eta Braga arteko auto joan-etorria trinkoa bada ere, agian tarte motza delako eta gehienbat bertatik bertarakoak dabiltzalako.

Eliza gutxi ikusi dugu errepidetik herrietan.  Ez dira inola ere deigarriak elizok, ez dira nabarmentzen Europako goialdean bezala; herri barruan galduta lez daude, herriko etxeteriaren berdintsuak dira bai tamainaz bai kolorez. Eliza pobrea, herriari lotua. Dorre punta-luze gailen bakarren bat besterik ez dugu ikusi gaurko bidaia osoan.

 

Braga zeharkatu dugu kanpin bila. Hiri handia da, ertzerago eta kaskarragoa, erdigunerago etxeak elkartu eta batuago. Ez du ezer berezirik. Izugarri ugaritu da autoteria, trinkoa da, asko dira bai aparkatuta daudenak bai ibilian dabiltzanak.

 

Kanpina. Aspaldikoa, harizti piko bateko maldan kokatua, harrizko hormez egokitutako mailaz egituratuta, haritz sendoen babesean; esparru txukunak eta atseginak dira, begiratu batean erakargarriak, baina inola ere ez erosoak autoa, are gutxiago etxatoia, bertara sartzeko. Auzo dugun futbolzelaiko hormatzarrak ditut ikuspegi leiho bestaldean idazterakoan, horrela kokatzera behartu gaitu sarrera ezerosoak, egoki eta eroso izan dezagun gutxienez irteera. Italiar batek lagundu digu etxatoia bere tokian egokitzen; berritsua baina adeitsua, jakin zekien ez dela erraza bakoitzaren esparrura sarrera;  adi egon zaigu urrutitik, lehen unetik, berehala hurreratu zaigu laguntzera. Ezagutzen du Euskal Herria, egona da bai Bilbon bai Iruñean Galiziaraino oporretan joan zen batean.

 

Futbol partidua ikustera joatea erabaki dugu partidurik balitz asteburuan.

 

Braga. Hiri zaharra, plaza ugari zabal zaindu biziak  dituen hiri atsegina. Oinezkoen kale-sare zabalak osatzen du erdigunea, saltoki erraldoi bihurtutako gune bizi-bizia; antzinako etxeen ukitua gordetzen duen Erdiko Etorbidea da hiriko ardatz nagusia. Ez du ezer bitxi harrigarririk, baina bai eraikuntza ederrik, bai zeri begiratu eder askorik; elizak nabarmentzen zaizkio batez ere; erakargarriak gertatzen zaizkio  hainbat eraikin, zaindu gabeak dauden arren; jendarte atseginak erakartzen zaitu kale-sare eta plaza erakargarrietan. Itzultzeko irrikaz utzi gaituen bisita oparoa: plazera izan zaigu ibilia eta hainbat bazter ikusi gabe utzi behar izan dugu, arrats berandua baitzen. Coimbratarren etxeak, manuelino deritzon jiteko eraikina; harrizko leiho eta ate-inguru zizelatuak ditu. Jauregiari lotuta, zurezko santu-irudi atsegineko erretaula antzinakoa gordetzen duen kanpotik irudi landuz edertutako kapera. Kapera honi berari itsatsia kanpo-horma oro azulejo ederrez estalia duen bigarren kapera bat. Populo Plaza: erraldoia, komentua omen baina  jauregi ederra da; ataurrean, alboetara mailadia eta ate gaineko aterpea duten bi eraikuntza. Agrologo Kondearen Plaza: izugarri zabala eta modernoa, saltokia ere bada. Se katedral: ate erromaniko ederra duen elizatzar bat besterik ez da albotik begiratuta, baina gotiko loratua da sarrera nagusia, euskal hargin edo eskultoreen lana, non ba omen guk erreparatu ez diogun santu-irudi famatu bat; burdineria ere bikaina du; kontraste handiko barnealdea: arkuz egituratutako erdiko  nabe austeroa eta alboetako harrizko 8 satu-irudi deigarriak; korua eta organoa esplikaezinak dira: barroko ikusgarri loratu urre kolorekoak, zur landua elkar lotu eta erabat bihurritua; bataio-ponte erraldoi zizelatu loratua, manierista omen; jauntxo baten hilobia dirudi aurrealdea iruditxo zizelatuz dotoretutako aldare nagusiak; eliza erdian morrosko baten irudi digante zizelatua hilobi gainean; koadro eta kapera erabat loratuak presbiterioan erdigune austeroarekin ezkongaiz. Klaustroa: museoa bailitzan hartu behar da, zabala eta trinkoa, hango aldare, santu-irudi, antzinako irudi xelebreak asko... ez du akaburik bere trinkotasunean, ia nahasian, esplikaezina, joan eta ikusi behar den horietako bitxia; Portugaleko Amabirjinaren deitura guztien erakusketa bat ere bada bertan, estanpa pila klaustroa ia osoki hartuz.

Amabirjina eta Gurejaunaren aurrean otoitz egin zein klaustroa ikusteko etengabeko sartu-irtena dago katedralean. Ilaran daude debotak Amabirjinaren aurrean  errezoka, elizainak lorez zuritzen dituen bitartean irudiaren oinak eta ingurua. Debozio osoz dabil jendea klaustroan ere, errito erlijiosoa bailitzan begiratzen die irudioi.

Santa Gurutz eliza: erabat ezberdina: presbiterioko hormak izan ezik dena da urre-kolore eta zapi gorri, itxura bitxia ematen diote alboetako urre-koloreko 12 balkoik; erabat lore zuriz betetako zazpi mailako mailadi erraldoi baten gailurrean dago Gurejaunaren kustodia... dena da deigarria eliza honetan, artelanik ez badago ere.

Eliztar pila dator eliza honetara ere bukaerarik gabeko sartu-irteneko bisitan. Harriduraz begiratzen nien, bizi-bizirik diraute hemen .aldutzat jotzen nituen gazte-gaztetako eliza-erritoak: belaun biko belaunikatzea egiten dute gehienek, bi belaunak lurrean, buru-makurtze eta guzti, debozio osoz.

Populo eliza: elizako horma oro da azulejo, izugarria, gizarteko herri-bizimolde eta usadio ezberdinak adierazten dituzte azulejooj, presbiteriokoek batik bat, erraldoiki. Ugariak dira irudi piloz osatutako aldare barrokoak, ez da falta ere pulpitu karratua. Eliza honetan ez dago Gurejaunik, ez dago lorerik,  zurtz eta biluzik dago kustodiaren kokalekua han goian mailadi erraldoi baten hegian.

 

Euskaldunok badugu nolabaiteko lotura Bragarekin, arteak eragindako lotura hain zuzen: artista euskaldunak, harginak alajaina, ekarri zituen Gotzain batek XVI. gizaldian Bragara katedralaren berrikuntza lanetarako. Beraiek eginak dira katedraleko gotiko gehigarriak. Beraiek eraiki zuten Bizcainhoen Jauregia deitzen den eraikin aparta. Jauregia datzan kalea bera ere Bizcainhoen kalea deitzen da. Berebizikoa da beraz  euskaldunon presentzia hiri honetan.

 

Kultur eskaintza zabala du Bragak: kale antzerkia, txotxongiloak... Suzko-errobeden hotsa entzun dugu gauez, musika hotsa heldu zaigu.

Oso barrokoak dira bragatarrak: oso apainduak, nahasiak, bihurriak dira plazetako lorategiak ere.

Sanjuanak dira Bragako jaiak. Ospetsuak omen: hasiak dira jadanik jaietarako hiria dotoretzen, apainegi, koloretsu, bitxikeria askoz dago dena: hiri barrokoa, jaietako apainduretan ere.

Ez da nabarmentzen turista atzerritarrik.

Braga bezalako hiri handi batean ere ez dugu izozkirik aurkitu.

EL PAIS egunkaria bai aurkitu dugu, aurkitu dugun Espainiako egunkari bakarra. Oraindik ez zaigu joan egoera politikoari buruzko kezka, baina urrutiago eta lasaiago gaude, hauteskunde zurrunbilotik at.

 

6ak eta erdietan ixten dituzte dendak, ordu horretatik aurrera etxean gordetzen dira herritarrak, mortu bihurtzen  dira kaleak. Euskal Herrian ikasi ez dugun Europako ohitura dute Portugalen ere, betikoa edo ikasi berria?.

Oso Portugalekoa da azulejoa, eliza oro dago azulejoz edertua, azulejo ederrez gehienetan; etxe-fatxada askok ere, osorik ez bada gutxienez zati bat, azulejoa du edergarri.

 

276 kilometro, Iparreko giroan oraindik.

 

Auzo ditugu igelak, ingurua betetzen dute bere korroka ozenez.

Zapalak dira komuneko ur-andelak. Hemen bada komun bakoitzean papera, erabilitako papera berriz paperontzira bota behar da, ez komun-zulora guk ohi dugun bezala.

 

Komun ate osteko grafitiak: “Adoramos joder en grupo”, “Aqui ?amos al pito as duas manos”, eta ulertzen ez ditudan hainbat batzuk esku ahalkeren batek irakurtezin bihurtuta.

 

“Txirringaren aienean”. Amaia Elosegi, Esther Muguerza:

*  “Jakinmin asegabeko begiradak”  botatzen omen zieten bertakoek. Bidaiari ikusminarenak izan ohi dira horrelako begiradak.

 

 

Ekainaren  5a. Larunbata.   P:5.a

 

“Harrien lauhazka”. Iñigo Arambarri:

* “Esan itxarotea ere badela bizitzea”. Itxarotea da batez ere, agian funtsean, bizitzea.

 

Iñigok esango lukeen bezala, langarrez esnatu,  baino gerora zaparradan “mutildu” egin zaigu eguna, “zerua berunezko egin da”.

 

Bikote gazte portugaldarra dugu auzo atzo ezkero, denda txiki bat ere agertu zen azken orduan: gazte bikoteak asteburuan elkarrekin egoteko parada bila. Horrez gain Portugalen ere bada kanpadendetan asteburuak egiteko ohitura, askorik etorri ez bada ere.

Zirku-furgoneta dabil ikuskizuna iragartzen, PSko autoa ere hor entzuten dugu boto eske: biak ere komedianteak, zirko gizonak biak, baina, langile zintzoak ohi dira zirkokoak, politikoak ez.

 

 

IPARRARALDE  GOIENA

 

Bidaiako iparrenera joko dugu gaur.

Aldatu zaigu bai giza paisaia bai natur paisaia, jantziagoa da iparreko alde hau, atseginagoa, alaiagoa, berdeagoa, biziagoa; erabiliak daude lurrak, etxeak ugariagoak ez ezik argiagoak eta zainduagoak dira; jarraitzen du lurralde menditsuak, jarraitzen dute eukalitadiek, jarraitzen mahastiek baina jarduera biziagoa da hemengoa, bai industriagintzan bai lurlantzan, ugariagoak dira lantegiak zein lur landuak; etxeak maldaz behera datoz zapaldetan, maldaz behera datoz mahastiak ere; ilara estuetan lur landuak inguratuz antolatuta daude gehienetan mahastiok, bi metrotik gorako goierakoak dira, parralpea osatzen dute, eta hainbatek granitozko habe karratuak dituzte euskarri; baina bada ere bestelako mahatsondo moskoterik lur-zabalera osoa betez.

Altxorra ala izurritea ote eukaliptoa?. Agian gauza biak.

Metro erdiko altuera motzean pilatzen dituzte gari azaoak, elkarren jarraian jartzen pilotxook  eta  pilo bakoitza goiko muturretik lotzen kono itxura emanez. Ikusi ditugu ere pilook bata bestearen baitan sartuta, ikusi ditugu pilook 3 metroko altueran arbolatik zintzilik, ikusi ditugu zuhaitz enborraren kontra lotuta baita hesola luze batean sartuta ere: belarra edo lastoa metatzeko bere teknika ezberdina garatzen du herri bakoitzak, denak egokiak, bakoitza une eta baliabideen araberako arazoei aurre egiteko asmatuak, premiak berak eraginda.

Autoteria ugariak hartu du gaur errepidea, agian asteburua delako. Bada gidari ipurterre buruarinik, aurreratze ero arriskutsurik egiten duenik.

“Navarra” oihu egin digu batek herri batean: Nabarrerian iturritik jauzi egindakoren bat segurutik.

Hauteskundeetarako propaganda asko jartzen du CDUk ere. Hala dio kartel batek: “Soares aukeratua dago jadanik, orain lan egingo duen jendea aukeratu behar da”. Herriaren ustea gizenduz, edo ziurtatuz.

 

Barcelos. Hirian sartzea kosta zaigu lehenengo, sartu ondoren berriro pausoak egoki bideratzea izan da kosta zaiguna, ez baitiogu non dagoen antzik eman alde zaharrari. Batasuna eta nortasuna du alde berriak, zabal eta argitsu egindakoa da. Alde zaharrean Campo da Feira edo Campo da Republika plaza izugarri zabala da, zuhaitz ederreko zuhaiztia; feria-gune bihurtzen da ostegunero, gaur aldiz aparkaleku; urik ez duen iturri ederra baina kolorgetua du erdian. Plazaren ertzean Gurutzeen eliza, oktogonala, ia borobila, bakana, bitxia eta berezia bai barne egituran bai apaingarrietan, erdi-erdiko ganga handi garaiak ematen dio argia eta arnasa. Oinezkoen kalea, fatxada eder asko dituen kale zaindua. Azulejozko  fatxadak,  dorre karratu sendoa...

 

Ba dira pelhourinoa, eliza eder bat eta Barcelos Kondeen jauregi itzela ere,  baina noraezean eta deseroso aurkitu gara herri honetan hasieratik alde egin duguneraino. Hankaz gora daude bai plaza ingurua bai oinezkoena, ia ibiltezin, ezatsegin, berrikuntza lanak direla eta; jauregira eta eliza nagusirako kalea erabiltezina dago, bisita bertan behera uztea erabaki dugu, beraz.

 

Fatxadako bao-gune orok du bere  zenbakia, ateek nahiz erakusleihoek, etxe bakoitzak, beraz, hiruzpalau zenbaki ditu; ez dakigu zein zenbakira zuzendu beharko den posta!: lepoa zergak kobratzeko amarrua dela!.

PSk mezu ozena zabaltzen du eten gabe boto eske plazatzar osoan egoitzako balkoidian zintzilikatutako bozgorailuetatik, ingurune publikoa bere mesederako lapurtuz, plazako airea lur zoroa bezalatsu jabego eta ondare publikoa ez balitz bezala. Herriaren jaun eta jabe egin ohi da agintari oro herri orotan. Portugalen ere.

Praka luze beltzeko hankapaloek eskaini dute emankizuna turismo bulegoa den dorre alboko zabalgunean.

Oilarra dela irudi nagusi, zeramika argia, koloretsua, ber-bertakoa, bitxia, da saltokietan eskaintzen dutena.

Nondik ote Portugalgo oilarraren eta Errioxan Santo Domingoko oilarraren historia berdina, nondik historia bien lotura; agian istorio berdintsu gehiago ere bada: nork nori?, non iturria?.

 

Eukalipto baso erditik doa kilometro askotan errepidea;  eukaliptoek zein ezagutzen ez ditudan enbor sendoko zuhaitz ikusgarri garaien orri berdeko ganga edo arkuteriak etorbide bihurtzen dute ibilbidea.

 

Viana do Castelo.

Santa Luzia Santutegia gailentzen da gazteluaren ordez mendi gailurrean, beti zelatan; santari dagokionez, begi-bista ez ezik ikuspegi ikusgarria eskainiz. Erdi Aroko jitea du hiriak; kale-sare zabala, laua eta atsegina da herri osoa, bata bestearekin artez gurutzatzen diren kale zuzeneko sarea, plazak sortuz tarteka kale-gurutzetan. Eraikuntza eder ugari, zertaz goza asko: joan, ibili eta begiratu, ez zaio bisitariari damutuko. Granito argia da nagusi eraikuntzan, presente dago azulejoa hainbat fatxadetan. Errepublika Plaza da hiriko bihotza, handia, eta ederra, ederragoa egiten dutelarik bizpahiru eraikin ikusgarrik. Katedralak gotorlekua lirudike sarrera gotiko eta arrosetoiarengatik ez balitz. Xalotasunak erakargarri bihurtzen dituen 4 gargola zapal etxetxo zaharkitu galdu baten teilatupean. Miserikordia etxea, hainbat jauregi eta etxe eder, ateburu, ate-gain eta ate-buelta zizel lanez edertuak... ibiliko aurkikuntza atseginak dira. Dendateria txukuna eta salgai tentagarriak. Geltokiak berak geltoki ororen ukitu misteriotsua eta jite ukaezina du. Luze eta zabal doa Lima ibaia hiri ertzetik, irekia, arnas handikoa; ibiltoki eta lorategi bihurtu dute bere ertza, hainbaten elkargune eta antikuarioen saltoki; bazkal tokitzat aukeratu dugu guk.

 

Zikloturistek bilkura edo ibilaldia dute gaur, hartua dute plaza nagusia ez ezik herria, hainbat eta hainbat elkartu dira kontent eta harro bere buruez.

Plaza nagusia eta ibai ertza salbu, hila dago hiria eguerdian dendak itxi ondoren.

Eukaliptoz zamatuta dago atzerritar itsasontzitzarra: bere herrietan landatu nahi ez duten zuhaitz kutsatzailearen zur preziatua daramate giza eta herri eskubideak aldarrikatuko duen papera egiteko.

Hara non aurkitu dugun Bizente Ramirez lagun batekin, bi eibartar Portugaleko Vianan: Ertzaintzak edukitzera behartzen omen duen motordun batelentzako gida-baimen bila honaino etorriak, hemen bizkorrago eta merkeago ateratzen dela eta.

 

Itsasertzez doa errepidea Vianatik aurrera. Kirria dago itsasoa, haizea dabil, lehorrean bare bagaude ere. Jai giroa da nagusi herrietan eta errepidean, jaiko jantzita jendea eta astean gordeta eduki ohi diren autoak ere arratsalde pasako ibilian errepidean.

 

Vila Praia de Ancora. Turismo-gune erraldoia bihurtu dute arrantzale herritxoa zena, elkarren gainean pilatuz doaz  itsasotik mendi-magal garairaino etxeak.

 

SS matrikula bat: etxe berrirako ezkontaurreko ehunak erostera etorriak ote hauek ere. Horretara etorritako batzuekin egin genuen topo aurreko bidaia batean.

 

Caminha. Harresiz bildutako herritxoa, antzinako kale-sare eta harrizko elizarekin. Egonak gara aurreko batean, gaur aurrera egin dugu geratu gabe. Hemen ikusi genuen kalean lehenengoz  Vila Realen ikusi ditugun kapa gorriko anaikide horietako bat, harridura eta Erdi Arora jauzia izan zen.

Burgosko Epaiketan nire abokatu Ramon Kamina zena gogoratu dut.

 

Minho ibaia itsasoratzen da Caminhan, zabal eta axal: jite berezikoak dira bateltxoak, azpi axalekoak, ur-azpi azalera egokituak. Aurrean Santa Tecla mendi puntazorrotza dakusagu, Galiziako azken mutur eta behatoki.

Ibaiaren albotik goaz bidaia atseginean. Mahastiak, eukalitadiak, baratzak, lur landuak diraute; zuhaitz asko dago baina basorik ez. Mendiak burusoil berdeak dira berriro. Aurrez aurre Galizia, Fragaren feudoa.

 

Vilanova de Cerveira, Minho ertzean. Ibaiaren bestaldean, Galizia. Bisitari askoko turista-herria. Nabariak zaizkio dotore izateko ahaleginak sarrerako belardi, oroitarri eta eskulturan. Ibai ertzean herriok ohi duen Miserikordia, baina batez ere aipatzekoa da antzina gotorlekua izaniko hiribildu nanoa, nanotasunagatik erakargarria, funtsezko osagai oroz osatua: atea bikoitzeko sarrera, eliza, etxetxoak,  kanpai-horma nanotxo pospolina, ur-putzu sakon zabala nora norbaitzuek ohi denez txanponak botatzen dituzten, zutabe leun baina garaiko pikota, pelourinhoa, benetan xumea: harrizko besorik ez duenez lau burdinetan lotzen ziren auskalo ze erru egin zuten zigortuak; harresien oinetan Minho ibaia. Karratu zuria da herriko elizaren dorrea, inguruko eliza ororena bezala; teilatua, aldiz, lainoetara doan estalki zorrotza; eliza barruan S. Kristobalen  irudia da erabat  bitxia, hain da erraldoia, gehiago dirudi buruhandi koadrila batetik ihes egindako digantea, bizkarrean zuriz jantzitako Niñojesus xelebre bat duela.

Merkatu da gaur ibai ertzean.

 

Kanpin-leku ugari da inguruan. Gaur bai ikusi ahal izan dugu etxatoi portugaldar ugari: itsasbazterrera dator jendea itsasoaz gozatzera, ez lur barrura harriak mirestera gu bezala.

Valença do Minho. Mendi-zulo gainetik zubi batez banatu edo lotutako gotorleku bikoitzak osatzen du hiria, gotorleku bakoitzak herri bat gordetzen du, bakoitza herri baten osagai guztiekin. Erdi Aroko hiribilduak bere antzinako hartan gordeak. Bina eliza ditu bakoitzak; etxe ederrak gordetzen ditu. Gotorleku biak arropa eta ehun saltoki bihurtuak daude, ehun denda da hiri osoa,  lourdes bat. Oinezkoa, autoa, ehuna eta dendak dena nahasian, korapilo erraldoi batean; oinezkoa, autoa, ehuna, dena gainezka kale estuetan.

Eliza urreko plazan biltzen da hiriko gaztedia, jendetzatik urrun, nahiz gertu egon.

Berriz ere kustodia edo ekisainduarentzako erakustoki edo agerleku erraldoia, mailadi zabal baten goian, ia sabaian. Korpusti Eguneko prozesioko loreak galtzadan diraute oraindik, zapalduak, jadanik ustel itxuran.

Iruditeria naif harrigarria kapera batean, agian herriaren artea edo sentipenen ezaugarria bere itxura arlotean.

 

Tui hiria bestaldean, tontor galiziarra da, eliza gailen duela, herriko edertasuna erakutsiz.

 

Izugarrizko zubitzarrak  eta lubakiak ditu autobideak, inguruaren oreka erabat hautsiz. Gogoko dugu ikuspegi berdea, erakargarriak horma zuriak eta  teilatu gorriak,  atseginak mahasti garaiak. Eliza dorreak nabarmentzen dira baina teilatu orratzok apaltasuna erakusten dute bere zorrotzean ere, ez dira zerua zulatuzko dorre puntaluzeak: lurrari itsatsiagoa dago nonbait lurralde honetako herria eta eliza.

 

196 kilometro, jendartean, itsasertzekoak gehienak.

 

Suzko-errobeden soinua nabarmendu zaigu gauerdian, jai giroan dago hiria.

 

“Txirringaren aienean”. Amaia Elosegi-Esther Mugerza:

* “berriak zaharra hilotz”. Gaurkoa dugu egunero egun berria!!!, baina hurrengoa dugu beti amets denok, hurrengo eguna da beti  berria, geroa da beti esperantza; berez etorriko da egun berria, nahitaez, nahiaren eraginetik at. Ez da esperantzarik gabeko bizitzarik, esperantzak baina hilotzaren hazia dakar berarekin: bizitzaren kontraesana

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.