Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99. Portugal

BIDAIAK 99. Portugal

Jon Etxabe 2021/03/12 09:25
Braganza, Mirandela, Montesihno naturgunea, Vinhais, Chavez, Vila Real.

Ekainaren 2a. Astelehena. P:2.a

 

“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:

* “Argi iheskorrak noiz pitzatuko hodeien pisua”. Atzoko trumoia deskribatzeko era egokia.

* Idaztea “urduri ekiteko bere burua berdintzen duen bideari...” : Bidaiaren lehen egun honen deskribapena ere bada.

* “Aurpegirik gabeko txorimalo” asko dabil hauteskundeotan.

 

Goizeko 7etan atera behar izan dut ohetik ez ezik etxatoitik ere argindar arazok zirela eta; ikusgarri ederra zirauen txori-kantuen zurrumurrua.

Aldizka badirudi gertakizunak kontzienteki jartzen zaizkizula aurka, zure okerrerako hari ikusezinei eraginez darabiltzala ezezagunen batek.

Kanpìn-denda nanotxoa dute gure albokoek etxatoiaren ate ondoan: txakur zahar batentzako txabolatxoa.

Lurrean zabaldu dien zapi umel batean garbiarazi die oinetako zolak bi emakume alemanei komun-garbitzaile emakume gizenkote sendoak oraindik busti zegoen zoru garbitu-berria zikindu ez zezaten: bere etxean etxekoekin bezalatsu.

        

Braganza.

Duela 5 urte egonak gara bertan, Sanabriatik egun bateko sartu-irtenean, ez dut ezer gogoan, baina ikusi ahala lanbropean bezala marrazten zait dena, lauso, oroitzapen-pantaila ezkutuan.

Hiri zahar eta zaharkitua, nahiko aldrebesa, han-hemenka sakabanatutako auzo eta etxadiz osatua; harrizko etxe, ate eta leiho interesgarriek erakusten dute iragan ospetsua. Ez du ezer bitxirik, herri zaharrei darien xarma eta malenkonia bai. Garbia egonik ere, txukun planta falta zaio. Alde zaharra du erakargarriena, batez ere gaztelua eta harresi barruko zaharra: bi alde  zahar ditu, harresi barrukoa bata eta harresi azpikoa bestea.

Hiribildua. Hiriko gune bitxiena, miniaturazkoa dirudien antzinako hiria, nanoa, kale-sare bihurri estua harresi barruan, plazaren inguruan eliza, dorrea eta Domusa. Tontorrenean plaza eta tontorretik behera, etxadia. Ikuspegi ikusgarria tontorreko balkoiditik, mendialde zabalari begira. Domus deituriko Udaletxe zaharra: Portugaleko udaletxe zaharrena omen, eraikin irregularra, barneari argia eta arnasa emateko arkutxoz osatuta teilategal azpi dena. Gaztelua, ber-bertatik harresiz inguratutako dorrea, jostailuzkoa dirudi bere gotortasunean ere, militarren museo bihurtuta gaur egun. Kale-sareak ez du graziarik, hondatua dago, nonbaiten bizi behar eta bertan sartu den jende pobrea bizi da, monumentu diren eraikin nagusiok daude soilik turistentzako zainduak eta gordeak.

Hiri berria: aldatsean eta aldats artean, gora-behera aldapatsua. Bi kale paralelo luzatzen dira hiribilduaren eta SE aurreko plaza bitartean, bata bestea baino gorago, gorengoa delarik bietan dotoreena, erdigunekoa da kale dotoreena, harri-zoru argiko luzea, kale zaharrez gurutzatua. Nahiko utziak daude etxeak hiribilduan antzera, agian jende gutxi bizi da, ahal duenak auzune berrietara jo du hemendik ere; baina bada eraikin ederrik, ederrak izanik aldi berean xumeak.  La SE aurreko plazan pelhurinoa edo pikota zaizu deigarria, dotorea, harrizko zutabe zizelatua. SE: habearte bakarreko elizatxoa, non harritzen zaituen aldare barroko erabat loratuak, behetik arku aldetik baino estuagoa den erdiko egitura bitxiko arkua nabarmentzen zaiolarik; ikusminarentzat deigarri da aldarea dirudien horma-zulo batetan erretaula bailitzan arasetan eta ontzi bitxietan jarritako erlikia pila; karratua da hemengo pulpitua ere: eliza kanpotik du pulpitura sarrera, ez eliza barrutik; azulejoak; zur pintatuzko organo karkaxa bitxia. S. Bizente eliza: presbiterio osoa da barrokoa, erabat loratua, alboko hormak eta erretaula dena da zer oso bat; pulpitu karratua, zurezko iluna metal urre-kolorekoz apaindua; sabaiaren erdian Kristo berpiztua zurezko taila naifa tripaz behera elizara begira etzanda eta bizkarra sabaira itsatsia; azulejoz dotoretutako hormak.

 

Ia eliza denak dira barrokoak Portugalen, barroko berdinekoak. Portugaleko barrokoak baina ez du zerikusirik Austriako elizetako barrokoarekin. Austriakoa kolore argikoa da, bizia, Portugalekoa ostera urre koloreko iluna, astuna. Erruz ibili zen nonbait urrea Portugalen.

Begi bistakoa da herrialde honetako azulejo kultura.

Hauteskundeetan dabiltza Portugalen ere. Europarakoak soilik hemen. PSren propaganda edo Soaresen aurpegiaz baliatuzko karteleria nabarmentzen da. Alderdi komunistak jarraitzen dio paper ugaritasunean.

Etxe berri zenbaiten ingurua nahiko utzia dago, urbanizatu gabea, harez zein lokatzaz itxuragabetua.

 

Menditsua da Villa Realera bideko lurraldea, errepideak gora eta behera egiten du, zuzenenetik beti; hiru bideko errepidea, goranzkoa ohi denez bikoitza; errepide zorua, eskasa. Ez da ganorazko baso bat ikusten. Etxe bakanak han hemenka barreiatuta mendi malda eta herri inguruetan, anarkia itxura emanez, bakoitzak nahi duen tokian jasotzen du bere etxea. Anarkiak ez lioke inportako etxe politak balira, baina etxe erabat arruntak dira herrietako etxetxo berriok ere.

 

Etxegintzan nabari den  anarkia nabari da sarri gidaritzan ere, bai kale artekoan bai errepidekoan: ipurterre asko da hemen ere.

 

Macedo de Cavaleiros. Izen bereko seme ospetsu bat jaio zen herri honetan harri batean hitz zizelatuek diotenez: nork nori eman zion izena?. Teilateri gorriko zabalgunea da herria goitik begiratuta. Berriztatze ahaleginean murgilduta dago. Erdigune zaindu eta txukuna: bor-bor dotorean dauden Udaletxe aurreko iturriak, azulejozko iturri ederra, lorategi eta berdegunetxoak, kale zainduak...; erdigunetik alboetara, baina, etxe erori pila eta zoru lurrezko kalexkak dira kontraste latzak.  Harrizko eraikuntzak, harrizko sarrerak, zutabe gaineko harrizko aterpea...  bada etxe ederrik herriko hautsak harrotu nahi dituen oinezko begiluzearentzat.

 

Beltza da hainbat eta hainbat emakumeren jantzi-kolorea: dolua, alarguntza, agian nagusitu ondorengo ohitura besterik ez.

Emakume zahar zirraragarri bitxia tokatu zaigu gertu kalexka zahar batean, pobreetan pobreena zirudiena, aurpegia mila tolesduraz sinestezin zimurtuta.

Ez dago komun publikorik herrietan, Euskal Herrian bezala Portugalen ere.

Gurdi bitxia jarri dute jatetxe batean sarrera dotoretuz: desagertua da jadanik gurdia bideetatik; pobrezia ordea ez, autoa ugaldu bada ere.

PCren propaganda nagusitzen da Macedon. Herri pobreek gehienetan eskuman edo eskumaranzkoetan jartzen dute ba itxaropena. Pobreak norbaitek ezinetik aterako duen itxaropenean, besteengan jartzen du etorkizuna, dirudunengan sarri, beraiengan soilik dagoela pobreen indarra eta itxaropena sinetsi ezinik.

 

Errepide berriak bigarren mailako bihurtu duen errepide zaharretik ekin diogu. Herri-bideetatik ere.

Gerezi saltzaileak jartzen dira errepide ertzean, erosle bila.

 

Sezulfe. Mendi-gaineko edo mendi magaleko behatokia zela uste genuen, baina errepidea gerritik doakion mendia da izen horrez ezagutzen dena. Mendi eta errepide osoa da behatoki, paisaia zabaleko menditeria osoa izan dugu goitik mende. Ikuspegi zabalez gozatuz bai, baina mendi osoa zeharkatu dugu behatokira noiz joko, argazkirik atera gabe argazki bat behatokitik ateratzeko itxaropenean; jabetu garenean, alde eginak ginen bila genbiltzan ingurutik. Beherantz, aldatu egin zaigu paisaia: arte ederrak, intxusak, gaztainondoak… baso sailak osatuz, edo   zuhaitz bakanak  barreiatuta... dena anarkia osoan.

Ez da etxerik ageri, bikotea ikusi dugu mahasti batean lanean eta umetxoa errepidean, etxerik ere ageri ez zen inguru bakartienean.

Bi antxume izan ditugu errepide erdian.

 

Beltzez jantzitako emakumeak ikusten dira sarri, jantzi beltz gorrizkatuez, buruzapia daramate gehienek. Herriak ez dira inola ere erakargarriak, etxe soltez osatuak, bat hemen bestea han, atzerriko diruekin bakoitzak bere ondasun-lurrean bere etxea jaso bailu, atzerrian egonik herriratuek bakoitzak bere lurrean egin bailute, gailegoek bere herrietan lez. Bazterrek ere ez dute xarma handirik udaberriz dena berde egonik ere: soro handirik bat bera ere ez, baratz asko, fruta-arbolak ere bai, baita mahasti batzuk ere; mendietan ez dago ezer: belarra, otea, pare bat asto eta ezer guti gehiago, baina otea nagusi denez, otalorez hori-hori dago ingurua, soil baina dotore. Mendi-zuloetaraino  adarrak zabaltzen dituen urtegi luzea.

 

Bide txikietan diraugu; aldatuz joan zaigu ingurua, mendiak ez daude egon erabiliak, baina herri inguruetako bai mendiak bai lurralde oro landuak daude, batez ere olibondoz aberastuak, gerri meheko olibondo gaztez gehien bat.

 

Jerusalen de Romeu. Nekazari herrixka petoa omen. Museoa ere ba omen du. Guk pobre jitea darion etxe baxu-baxuko herritxo zaindu gabea ikusi dugu. Romeu ez da aldatu 500 urtetan, tristura dario. Tristeak dira etxe inguruak, zaindu gabeak, hor ez da herria gordetzeko ilusiorik, dirurik edo sasoirik. Elizatxoa da eraikin zaindu bakarra, harrizko argia: emakume bat aurkitu dugu barruan arrosarioa errezatzen: argazki bat atera asmoa nuen elizari emakumea errezoetan zela, baina  gu sartuaz bat alde egin du, agian, lotsati,  berenganako errespetuz isiltasun osoan genbiltzan arren, bere bakardadea eta elizako isiltasuna urratu dizkiogu seguruenik; bera izan da kanpotarrak bakean utzi nahi izan gaituenak,

 

Berria ebaki arte errepide nagusia zenetik, sigi-saga, bihurgunea besterik ez duen errepidetik goaz orain, gora eta behera, mendiartez mendiarte, biragunez biragune. Olibondoa da oraindik ere nagusi. Mastra handiko dago patata.

 

Vilas de Ledra. Herri txiki galdua hau ere, kolorgetua hau ere, zaindu gabea hau ere, tabernari BAR EUROPA izena jarri badiote ere.

        

Loran dagoen patata!. Trenbide estu-estua. Berotegi luze, zabal, zuri, berri-berriak, Portugalen aurkitu ditugun lehenengoak. Galtzada-harrizkoak dira tarteka errepide ertzak, betekizunen bat dute edo garai bateko harrizko zoruaren oroigarri dira. Ez dabil auto askorik baina dabilena bihurguneak ondo ezagutzen dituen bertako bizkorra.

Mirandela aurrean, ura ateratzeko burdinazko tramankulu borobil erraldoia jarri dute oroigarri edo apaingarri bezala errepide nagusiarekin lotu dugun bidegurutzean,.

 

Mirandela. Zaindua, dotorea, garbia. Lora ugari, egonleku atseginak, ertz txukunak, estatua batez dotoretutako etorbide zabal ederra sarreran. Herri barruan ikusmina asetzeko hainbat zertzelada, nork begiratuko zain: eraikuntza interesgarriak, etxe eder asko, zainduak daudenez ederragoak. “Parque de merendas” ibil-leku bikaina gertatu zaigu: belardi zabal zaindua Tua ibai ertzean, bertan ikuskizun izan zaizkigu  ura ateratzeko hiruzpalau tramankulu monumentu gisa jarriak brontzezko irudi handi nabarmenaren osagai; peskariak erruz ibai ertzean kanabera eskuan eta pazientzia bihotzean ilara luzea osatuz. Bakoitza ezberdina den 20 begiko zubi luzeak merezi du begirada bat. Ugaritasunagatik dira deigarriak eskulturak: Aita Sainduarena eta herriko seme ospetsu geometrarena dira euretako bi, egile berarenak behar dute izan, zeinek moskotea behar zuen izan gainera, edo akatsen bat zuen begietan, irudi denak baitira motzorrak. Udaletxea, apaindura gutiko jauregi ederra. Miserikordiako eliza: harrizko aterpea du hemen  elizak, balkoia bailitzan; barroko biziki loratua da barrutik, erretaulako arku nagusia estuagoa da  behe aldetik goiko borobil gunetik baino; karratua da hemen ere pulpitua, eta  eliza kanpotik du sarrera hemen ere; bi Ecce Homo bitxi egin zaizkigu bereziki deigarriak, ez ditut izango argazki bildumarako flasha hondatu baitzait. 

Udaletxe alboko S.Ignazio eliza, kolore arrunteko argia; umeak aitortzen ari zen apaiza, belaun-aulki baten aurrean eserita bera, ume erreskada luzea aurrean, eta ilara alboetan bi maisu umeok zaintzen: bitxia izan da, antzinako garaietara jauzia.

Beste leku batzuetan ere ikusi dugun eliza sarrerako balkoidia, lurraldeko zerbait bertakoa dela dirudi.

Biseradun tipo begi-bizi bat jarri zaigu auto aurrean aparkalekua uztera gindoazela, “Navarra” oihu egunez.

        

La Guipuzcoana furgoneta txikitxo batekin gurutzatu gara etxerakoan: zer banatzen ote hemen?.

Argi xafladak bota dizkigute aurrez zetozkigun hainbat autok, txakurrak genituela iragarriz: gidarien solidaritatea Portugalen ere.

 

175 kilometro, mendi-zuloz mendi-zulo.

Eskultura guti dago Portugalen.

Gizaki beltzarana da portugaldarra.

Pobreak eta pobreagoak mundu guzian lez Portugalen ere.

 

Ez doakigu oso eroso bidaiako hainbat zertzelada:

- Karabana barruko argia ez dabil, mila aldiz atera behar naiz diferentzialari eragitera salto egiten baitu aparailuen gutxiengo bat piztuta ere.

- Erroilurik gabe nuen argazki-makina, beraz ez nuen argazkirik egin lehen egunean.

- Motorrak olio galtzen duela ohartarazten dit argi gorriak.

- Pilarik gabe geratu zait argazki flasha.

- Arazoak ditugu hozkailuko butano eragilearekin.

- Mendietako argazki gabe gelditu naiz balkoidiara noiz helduko zain.

- Komediak egin behar izan ditugu aparkalekuko txartelarekin.

- Galdu egin dugu errepidean hartu nahi genuen norabide bat.

- Txakur batek gelditu nau Mirandelan norabide aldaketa gaizki egin dudala eta.

Ez naiz Portugalera jarri oraindik!.

 

Azkenik lortu dut kanpineko argiketaria etortzea kanpalekuko argindar-entxufeak ikus ditzan: ganoragabeko begirada bota eta lehen bezain gaizki utzi du. Besteak ondo daude, gure entxufea da gaizki dagoena.

Olioa aldatsera joan naiz baina Renaultekoek ez zuten gogorik, berandu nonbait. Gezurra erabiliz uxatu naute, alboko gasolindegira bidali naute han aldatuko zidatela eta, baina han olioa saldu besterik ez zuten egiten.

Ernegatuta nago.

 

“Txirringaren aienean”, Amaia Elosegi, Esther Mugerza:

* “Nahi bezala handiak, ahal bezala txikiak”. Horrela bizi da jendea bizitzan zirkulatu ahal izateko, Istanbuleko bide-berrian ez ezik munduko edozein herri-bidetan.

 

 

Ekainaren 3a. Osteguna.  P:3.a

 

“Harrien lauhazka”, Iñigo Aranbarri:

*  Garena ere aldarrikatu beharra dugu bizitzeko!.

* “Euriaren eman itsuari beha” gaude gu ere sarri bidaietan.

 

Helduak eta atzerritarrak gara kanpineko bezeroak. Denok pasokoak. Ez dago portugaldar etxatoi luzerakorik, ez asteburu-etxola edo aisia-aldi txalet ordezkorik.

Hustuak eta utziak daude hirietako alde zaharrak, bloke berrietara alde egin du ahal duenak bizileku eroso baten bila. Pobreak ez ezik oso pobreak, besterik ezean aterpe bat behar eta bertan sartzen direnak, besterik ez dutenak, horiek dira Alde Zaharretako biztanleria.

 

Korpus Eguna. Jaieguna Portugalen. Bi peskari kanpineko zubian: jai egunaren ezaugarri. Eguzkitsua behar luke gaurkoak, baina  berunkara esnatu zaigu eguna. Duela 31 urte, gaur bezalako Korpusti egunez Lleidan ginen M. Luisa eta biok txakurrengandik ihesean nire seatiloan. Ia urtero gogoratzen dugu egun hura, herrialde orotan aurkitzen baitugu Korpusti ospakizuna.

Erabat hila dago Braganza, etxe bakanetan ere ez da inolako bizitza-zirkinik,  berandura arte ez da jendea esnatzen nonbait  jaiegunetan.

 

Montesinho Naturgunetik dugu gaurko lehen ibilaldia edo ibilbidearen lehen zatia. Eskerrak errepidea ona den: zulogunetik gainaldera eta gainetik zulora, bihurgune baten ondoren bestea, bira eskumara bira ezkerrera, inolako atsedenik gabe, errepidea han aurreko maldan ikusiaz beti, mendia mendiaren ostean, mendia ezkerrera, mendia eskumara, mendia beti aurrean, mendia mendi-zulo ororen aurrean, mendia hegi bakoitzaren bestaldean. Lasai goaz gu, bertakoak berriz bizkorrago, bihurgunetan aurreratu behar gaituzte autoek, ez baitago artezean egiteko inolako aukerarik, hain da sigi-sagako ibilbidea, baina errepidea argia da eta ez da arriskurik bihurgunetako aurreratzean. Gidaritza lasaia, atsegina, inguruari begira, naturaz gozatuz. Ez dago herririk, ez etxerik, ezta abererik, bakarren bat ezik, animaliez kontuz ibiltzeko arreta iragarkirik bada ere noizbehinka. Ez dago lur landurik, ez dago basorik; otea da nagusi: otearekin nagusigoa partekatuz sastraka likina, mendi osoan hedatua dago, dena menderatuz, denari gaina hartuz, lora zuria du baina ez da batere fina, horri arramak likinaz gain erabat latzak dira. Pinu bakanak tarteka, inola ere ez pinudirik. Hariztiren bat  agertzen da mendiren batean baina gutitan gertatzen da halakorik. Garai batean basoa izanen zen hau dena, hariztia gainera, haritzak baitira gelditzen zaizkion zuhaitzak edo baso kaskoak. Errepide ertz eta inguruko lur erabilietan gereziondoak, intxaurrondoak, gaztainondoak, nahiko ugari: gaztainondook 100 urtekoak omen gidaliburuak dionez. Mendi-zuloetatik errekak doaz, ur bizi eta garbikoak.

Berun iluneko darraite lainoek.

Lasai hartuz, bidaia erakargarria da, atsegina.

Ez gara barnerago sartzen natur gunean, garbi baitago nolakoa den, ez goaz inguruko herritxoen bila bidekookin nahiko dugu eta: inoren etxean sartzea den sentipena sortarazten digu herritxootan sartzea, ez dute guretzat ezer berezirik gainera.

 

Villa Verde. Herri koskortua, ez du ez kalerik ez ezer, auto asko bai errepide ertzean. Nagusia da ageri den herritarra, jaiko jantzita, mezatatik dator agian.

 

Ez dute ezer apartekorik Iparraldeko herriok. Hilerriek ere ez.

Erruz daude santutxoak, kaperak zein horma-zulo soilak, herri inguruko bide bazterretan, zainduak eta txukunak; azulejozkoak dira sarri irudiok.

Mendirik mendi, zulorik zulo, maldarik malda da ibilbidea.

 

Vinhais. Urrutitik ikusi dugu, hazia, luze zabaldua alderik alde mendi magalean, erabat zuria eta argia, balkoidia eguzkitsua hegorantz begira. Gaztelua: hala deitzen diote, hiribildu gotortua da, bere hartan dirauen garai bateko hiribildutxoa, harresi barruko kale estuko herritxoa, potxoloa, zaindua, xumea, erakargarria, xarma du bere ezerezean eta hondatuan ere; tontorrean eliza, maldan behera kale-sarea, erdialdeko  herriko plaza da laugune bakarra; etxe gehienak hondatuak ditu, arbel harrizko zoru beltzekoak dira kaleak. Eliza, bitxia da: santu-iruditeri sekulako naifa, azulejoak ditu behe zatiko luzera guztian, hotzarengatik-edo oholteria zoruko baldosa berrien gainean, bataiarri oktogonal sendoa, kofesategi tolestuak eliza txikiari lekurik ez jateko... ; pikota bitxia plazan erdiko borobilean, kruzeiroa dirudien gurutze bikoitzeko garaia, gurutze-beso bakoitzean  zigortuen sokak lotzeko burdin uztaiak eta zutabearen oinean burdinazko txirrindola handia. Hiribildutik at, herri luzearen erdian Asuntzio eliza, komentua izana nonbait, ezberdina; badirudi monjeentzako sarrerak zituela horma buelta osoan: fraideen geletara zein klaustrora jotzen duten ateak ditu gaur egun ere elizaren luzera osoan alde batera; beste aldera, aldiz, santu-irudi barroko polikromatu ederren horma-zulo bihurtuta daude sarrerok; presbiterioko hormek zein elizako eskuinekoak pinturaz irudikatutako leihoak ditu; presbiterioko hormak santu hezur piloaren zurezko erakustoki zabala bihurtuta daude; xumea da koruko aulkiteria,  berezia bihurtzen du pintatua egoteak; barandako Kristo bitxi batek ematen dio azken xarmant ukitua. Bada beste eliza bat aurrekoaren alboan, berritzen ari direnez dena da aldamio eta hauts, sabaia erabat pintatuta du baina hondatua. Kanpoan kapera itxura duen iturri handia, agian komentuko ur-biltegia zena. Korpus eguna arren lanean ari dira elizan.

 

CDU eta UCD siglek elkarren antza dute hizkiei dagokionez,  baina erabat ezberdinak dira pentsaeran, falangisten alkandora urdina jantzita ikusi baikenuen Suarez, talde portugaldarrak berriz mailua eta igitaia erakusten ditu eta ezkertiar aitortzen da karteletan.

 

Erabat berritua dago, birak leunduta, 60 kilometrotan, Chavesera errepidea; gora-behera darraigu halaz ere, mendirik mendi, magalez magal, erreka-zuloa dugula han behean, errepidea beti begi-bistan han urrutikoan. Behatoki paregabea bihurtu zaigu tarte luze batez errepidea, gainez gain, ikuspegi izugarri zabala genuela alde bietara; lurralde menditsu zabala agertzen zaigu, herri zuriz zipriztindutako mendien erakusketa dirudi magalak, han urrunean, aldiz, Galizia uste dugun lurraldea. Garbi ageri da etorri etortzen dela jendea mendi-gain honetara eguraldi onarekin: herria joan egiten da nora joan merezi duenik eskaintzen bazaio, okerrena da egongune egoki guti eskaintzen zaiola, politikoen interesak eta herriarenak kontrajarriak egon ohi direlako gehienetan.

 

Usategiak: ugariak eta bitxiak dira, zaldi-hankape ferratua dirudite gora begira.

Vendese cerejas iragarkia etxe batean: gaztelania zaharra dirudi.

Mahastiak eta lur landuak agertzen dira herrietara inguratzean, lur gizatartuak, hedatuagoak herria eginagoa denean, herriko merkatuak agintzen du herriotako nekazaritzan, merkataritza sareak, aldiz, nekazaritza industrializatuan.

 

Robordelo, olibondo asko duen herria.

 

Luuuuze ikusten da beheraino errepidea, etengadabeko jaitsiera luzeeeean. Farfailla-joskera dirudi mapan errepide-marrak, hain da sigi-saga!.

Rabacal ibaia: zulo-zuloan doa, garbia eta bizia, une batez zubi batez zeharkatu dugu, ondoren berriz ere beheko zulorantz amiltzen da.

Guztiz gorritu dira gereziondoak.

 

Erabat aldatu zaigu lurraldea Pendome inguruan, lur landua dugu orain, abereak ere agertu zaizkigu. Baso erreak hasi gara ikusten, egun osoan ikusiko ditugu, erreta dakusagu mendi-sail oro, bidaia osoan, etxera garen arte, beltz daude oraindik mendiok: sute ikaragarriak izan dira hemen. Metro eta erdi inguru garaia da hemengo garia, gure ume garaietan ohi zenaren antzerakoa. Pare bat asto darama jaiko jantzitako gizon batek: astoek ez dute jairik bizi-legea tarteko dugunean.

 

Aguas Frias: gaztelua  du,  karratu txikitxoa, tontor batean, auskalo zer defendatzeko han goitik, aldats pikoegia du etsaiarentzat ez ezik norbera bertan gordetzera igotzeko ere, garaiz ikusi beharko zuten erasotzailea; gehiago dirudi ur-biltegia.

 

Chavez. Bainu-herria lez iragartzen dute sarreran. Bailara zabal batean, erabat zabala ikusten da ere mendi-goitik begiratuta, izugarri zabala, gorria eta zuria inguru berdean. Etxegintzarako 5 lapurtu dioten 13 begiko zubi erromatarrak gurutzatzen du ibai zabala herri barruraino; zainduena eta aberatsena den erdikaleak goraino eramaten du, bikoitza dela dioten baina hirukoitza ere baden plazaraino. Plaza: eliza erromaniko ederra, Miserikordia etxe barroko bikaina, udaletxe klasikoa eta jauregi zein eraikin apartak. Plaza ugarik arnasa ematen dion herri zaindua, kanpotarrentzat prestatua, harroxkoa; dotorea da dendateria, harrizko superdenda eta saltoki erraldoiak ere baditu, jende askok behar du hemen astegunez; amarauna lez sare bihurria eratuz elkar loturiko antzinako kale eta kalexkak alde zaharrean. Goiko plazetako batean, hiru harri kiribilduz eginikoa dirudien zutabe garaia, teilatu landu batez estalia. Herriko tontorrenean gorazarre dorrea, karratua harrizko hesi garai batek bildua. Miserikordiako eliza: azulejo ikusgarriak: erabat estali eta apaintzen dute horma oro, korupekoa barne; iruditeria paregabea, erretaula barroko izugarri loratu eta kiribildua: erdiko arkuaren barrena gainaldekoa baino estuagoa du honek ere itxura berezia eskainiz;  sabaia: zurezkoa, urre kolorez eta irudi pintatuz erabat dotoretua;  pulpitua:  karratua hau ere.

Chavesen ere agureak, jai egunez behintzat, harmailetan eserita jende-pasa dute ikuskizun.

        

Vila Real-era bidean beheko bailara sakona dugu ikusgai lautada edo mendi maldak zeharkatuzko errepide lauetan. Ondoren, mendi garaiek gordetako bailara sakon batetatik dugu bidea. Natura ez ezik giza paisaia ere erabat aldatu zaigu: etxeak dotoreagoak, gaurkoagoak, berriagoak, txukunagoak dira, seguruenik lurraldea bera da  aberatsagoa; anarkiak dirau, baina, itxuraz etxeon antolamenduan: han-hemenka barreiatuta, bakoitzak berak deritzon lurrean kokatu duela dirudi bere etxea, agian bere-berea den orubean. Horrelakoak behar lukete izan herriak, ez gureetako herri haziak, lerro zuzenetan eraikitako kaleko herriak, inurritegiak.

Bata bestearen ondoren datoz herriak, sarriak dira, ia bata besteari lotuta.

 

Vidago. Bainu-herri koskortua, kaleak berrituz dotoretze ahaleginean murgildua, xumea izanik txukuna eta garbia.

 

Oura. Oso herri xumea. Korpusti prozesioarekin egin dugu topo: kaleko aldare bat bilduz elkartuta zegoen osoa herri osoa, kantari.  Emakumeak dira abesten dutenak, Portugalgo elizkizunetan ere. Bedeinkapen eta errezoen ondoren jarri dira ostera abian, zutoihala buru, gizonak isil palioaren aurretik, apaiza paliopean kustodia eramanez, emakumeak kantuz atzetik, zerrauts eta loraz apaindutako zoru gainean. Gure txikitako urteetara jauzia izan da, aro hartan direla oraindik iruditzen zait, besterik adierazi nahi duten arren auto, telebista eta aurrerapen zantzuek. Europako erreserba espirituala da Portugaleko zati hau.

 

Pinudi eta izeidiak.

 

Pedras Salgadas, bainu-herria hau ere.

 

Ibar atsegina, teilatu gorriak ageri dira zuhaitz artean. Belartzek janzten dute lurraldea, ugariak dira zuhaitzak belartza ertzetan, nonahikoak fruta-arbola eta intxusak.

 

Vila Pouça: trikuharria jarri dute bidegurutzeko borobilean, osagai dotorea.

 

Ikusten dugun lehen granja, handia da, behi asko ditu: ikusiko genituen gehiago Braganzara itzuleran.

 

Mahasti asko hiriaren eta herri gehienen inguruan.

 

Vila Real. Lautadan kokatua, erabat zabala, etxe handiak ditu han-hemenka. Erreka-zulo sakonez ia inguratua, menperaezina behar zuen goiko zatiak.

Carvalho Araujo da kalerik dotoreena, etorbide luze eta zabala, lorategi batek banatzen ditu bi norabideak luzera osoan, eraikin ederren kokaleku, udaletxea ertz batetan Domus Justiciae bestean, Sé bien artean: egontoki eta ibilbide aproposa, bilgune aukerakoa. Etorbidearen alde batera merkatal kale-sarea hedatzen da, oparoa eta aberatsa behar du izan, bizia batez ere astegunez. Hiri honek eduki behar zuen pelurinhoa,  eta du. Bi eraikin eder eta bitxi ere aipatu behar dira kale nagusi horretan. Jauregi ospetsua izanen zen Udaletxea bere garaian, mailadi ikusgarria du aurrealdean, aukerakoa da ostea ere. Etxetzar ederra da Domus Justiciae. : erromanikoa izanik, gotikoaren ukitu garbiak ditu, zutabeen kapitel landuak zein tarteko arkuak izan zaizkigu deigarrienak; bada harrizko hilobirik ere alboetan, erabat estalia dago presbiterioa berrikuntza lanengatik: harri motagatik edo, halako sentipen ezohizkoa sortarazten du. Hilerria: Nabarmen eta lotsagarri desberdintzen dira aberatsen eremua eta pobreen lur zapaldu soila. Behatoki aparta den bideak inguratzen du hilerria, han beheko erreka-zulo sakonen gainetik, ikuskizun erakargarria gozagarria dira aurreko menditeri eta harriteria: bikoteen paradisua behar du izan arratsetik aurrera ibilbide gorde horrek, ikuspegia gau ilun bilakatzean. Hilerri aurrean bada kaperatxoa:  irudi bitxi piloa du kapera bera ere bitxi bilakatuz. S. Pedro eliza: erabat barrokoa da presbiterio osoa, behealdea azulejoz dotoretua, sabaia berriz osoki pinturaz eta zur  urre koloretuaz apaindua. Mukuru beteta, oraindik jendea hurbiltzen ari da mezetara, ordubete baino lehenago aurretik;  jendetza joan da biltzen kanpoan, prozesioaren zain lekua hartuz, meza ondoren, beraz luzaro beranduago, izanen bada ere.

Prozesioa. S. Pedro eliza inguruan utzia genuen autoa, jendetzak eta zirkulazio mozketak behartu gaitu eliza aurrean egotera. Merezi izan du egonaldiak, hain berezia gertatu baitzaigu giroa: herrietatik etorritako ehunka gizon-emakume, abitu gorri biziz jantzita, zutoihalak eta zilarrezko farolak eskuan, erreskada luzean prozesioa noiz hasiko zain; suhiltzaileak, apaizak, graduko militarrak, soldadu xumeak, lauzpabost musika-banda: militarrena, suhiltzaileena, poliziarena, udaltzainena..., polizia mota ezberdinak, funtzionarioak behar duten gizonezko ondo jantziak, boy-scoutak, uniforme mota oroz jantzitako jendilajea: agintari eta burutxo behar dutenak, apaizak sotanatzarrekin... Denak eliza barruko meza  bukatu eta prozesioa noiz hasiko zain, eguzki galdatan izerdi patsetan edo gerizpe bila. Une batez apaizak atera dira elizatik kanpo, gurejauna banatuz barruan lekurik ez eta elizako atarian meza nolabait jarraituz zegoen jendetzari; elizan barruan bertan banatu dute Gurejauna ezina zelako entzuleak aldare barrenera heltzea. Eta hasi da noizbait prozesioa. Jendea kantuz, apaizak kantuz, bandak jotzen, kornetak jotzen, jendea belauniko Gurejauna paliopean aurretik pasatzean... jendetza espaloietan begiluze ikusmira bizian... herri apalaren festa erlijiosoa. Aurrean eta atzean bakoitza joan da bere kabuz protokoloak agintzen zion lekuan kokatzen, zutoihalak, bandak, jendilaje oro, apaizak, palioa, ondorengo segizioa... Sekulakoa. Noizbait, guk ere atera ahal izan dugu autoa eliza ingurutik.

 

“Otoitz Apostolutza”  zutoihalak dira ugarienak; txikitan kofradia horren papertxoak etxera heltzen zirenekoa gogoratu dut. Gure txikitako ohiturei jarraitzen diete hemen oraindik, bizirik diraute fede ezaugarri haiek.

Herri-herriko jendea dabil kaleetan, ahalegintxoak eginik jaiko jantzita. Herrietatik prozesiora etorritakoak dirudite, edo prezesioa ikustera bereziki kalera ateriak. Poz giroa erakusten du herri xumeak bai prozesioan doazenak bai ikusmiran daudenak: beraien festa zen. Prozesioaren zain daude pasa-leku orotan, kaleok betez.

Fedea, pobreen sostengua, baina borrokak soilik askatuko ditu, ez norbaiten edo zerbaiten zain egoteak.

Euskal Herrian bezalaxe, kalera ateratzen da Portugalen ere herria jai egunez, Europako Ipar alderantz, ordea, mortu bilakatzen dira kaleak jai egunez.

Ez dugu jelaturik aurkitzen herri koskortuotan ere.

        

Etxera bidean,  hori dago garia, ugaria da artelatza.

 

310 kilometro, aukeran gehitxo.

Gaurko bidaiaren ibilbidearekin asmatu ez dudalakoan nago. Erosoago izanen genuen Vila Real Portotik Braganzatik baino, baina gaur ikusitako hainbat bailara galduko genuen, gaur ezagutu ahal izan dugun hainbat lurralde xume eta umil, gaur harritu gaituen prozesioa ere. Beraz kilometroak kilometro, bego bere horretan gaurko ibilgua.

 

Kanpina goiz utzi dutelarik zenbaitzuk, entxufe berri bat aukeratu dut goizean, argindar arazoa konponduta utzi dugu, beraz. Hara non baina, etorri berri den norbaitek entxufea aldatu digun, gurean sartu du berea eta gure lehengo hondatuan gurea, berriz ere argindar gabe utzi gaituelarik. Aurreko ingeles edo holandarrak  behar dute izan. Beraiek ezetz diote, nik goizean non ez dudan entxufatu gogoratzen dut soilik, gure lehengoan ez dudala entxufatu alegia, baina ez dut gogoratzen zein entxufe berri aukeratua dudan, hainbat baitzeuden hutsik. Ezin izan dut harrapatu lotsagabea, beraz argindar gabe gaude berriro. Atzerritarrek ere narru gogorra dute, edonongo animalia izan daiteke lotsagabea.

Motorzale ugari bildu zaigu kanpalekuan, baita dendadunak ere. Bezero asko gara gaur gauean, denok atzerritarrak.

 

Argirik gabe, gaur ez dut irakurtzerik

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.