Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99. PORTUGAL

BIDAIAK 99. PORTUGAL

Jon Etxabe 2021/03/08 10:10
Gaztela, Palencia, Valladolid, Zamora, Portugal

Ekainaren 1a. Igandea. 1.a.  

 

Goizeko hamaikak eta erdietan atera gara postan gure bozketa paperak utzi ondoren.

55.565 kilometro iragartzen dizkigu autoko kontagailuak.

Ez daramagu abentura girorik, Portugal bertan dugu eta Espainiako mugak beti daude gertu. Segurago bezala sentitzen gara. Bi aldiz egonak gara lehendik Portugalen, goitik behera ezagutzen dugu, azaletik bada ere. Aurtengoan bide galduetatik edo bide txikietatik, herri-bideetatik,  ibiliko gara gehiago, aukerak merezi badu behintzat.

Euripean atera gara, Gasteizen atertu digu.

 

GAZTELA

BURGOS.

Burgos hiria aurretik galdu dugu irratizko Euskal herriarekiko lotura.

Berde dago Gaztela ere udaberrian, baina berde monotonoa da, dena da garitza, galsorook bakoitzak berde ezberdina duten arren berde tristea da bidaiariaren begientzat, nekazariarentzat berde itxaropentsua segur aski. Ebro ibaia zeharkatu dugu, oraindik estua. Eguzkia, Gaztelan ohi duenez, beroa.

Han datza zerurantz militarren sableak bezain zorrotz Burgosko katedrala. Sendo dager Misioetako seminarioa Altzolakoa usteldu bazaie ere. Mikarik ez da Trebiño aldean; errepideko lagunak zitzaizkigun garai batean: autobideak ez du ertzetan zuhaitzik!. Ibai ertzeko makala da ilara luzeetan Gaztelako zuhaitz bakarra, sastrakak diruditen zuhaixkak besterik ez da mendi-muinoetan. Sendokote karratu txaparroak dira Eliza dorreak, gazteluak antzo nahiz eliza bera erromaniko atsegina izan sarri. Errimeak dira zikoinak. Artaldea bere artile ilunean ere argi dager garitza berdean. Tristeak dira etxe berriak eurak ere.

Sozialistek egin zituzten autobideak, hondatzen utzi ditu PPk, beti izango baitira autobideak etsaiaren ekimena, botoak emango dizkien zerbaitean sartu behar dituzte orain milioiak pepekoek. Bost axola herriaren onura.

Vilatopete, lotsagarri eta lotsagabe gainditzen zaio eliza, digante eta ahaltsu, mendi maldan. Pisuerga ibai alboan, teilateria iluna besterik ez zaio ikusten.

 Torquemada, elizaren kanpai-horma nabarmentzen da deigarri. Izenak Inkisizioa gogarazten digu.

 

Gurrutxaga abeslari donostiarra erabat desagertu da telebistatik: Gobernu bakoitzak bere munstroak sortu eta gizentzen ditu.

 

 

PALENCIA

Venta de Baños, ilundu egin zaigu eguna laino trinko borobil zuriez.

Dueñas: Alberto preso eduki zuten bertako monasterioan, ni ez ninduten hartu nahi izan urte batzuk beranduago. Bizpahiru metro altuerako txongil erraldoia herrira sarreran; inguruan bada Durangokoak bezalako kiratsa botatzen duen paper-fabrikaren bat.

Lainoak badiren arren, 29 graduko beroa dugu kanpoan eta 32koa auto barruan!. Leihoak irekita durundi gorgarria: gortu edo egosi, hori da aukera.

 

VALLADOLID

Konposatua da herri-izen asko. Errepideak hobeto zainduak daude. Sarriagoa da lur-ureztaketa.

Norbaiti entzun diot lurralde beroetan astakeria dela ihinztadura-ureztaketa, ur zarrastelkeriagatik.

Simancas, Euskal Herriko bizitza-zati bat gordetzen duen artxiboa da bertan. Atzerrian dugu euskaldunok gure antzinate idatzia ere, Espainiak lapurtuta.

Tordesillas, hasiak dira horitzen galsoroak, goiz-garia da segur aski, eguzkia behar izan du honek ere.

Tunezko LA GERIA lurraldea gogarazten digu hemengoak, agian berdea egonen da hura ere garai honetan.

Villalar de los Comuneros, karteltzarrak gogarazten digu bidegurutze batean bertakoak izan zirela Gaztelaren herri-nortasuna defendatu zutenak.

Norabide iragarkiei gagozkionez, ez dute aintzakotzat ere hartzen  daramagun Portugalerako errepidea, Salamanca-Guardak dute lehentasuna: hor ibili gara bide okerretik Tordesillaseko bidegurutzean gurera bideratu garen arte.

Belztu eta hoztu zaigu giroa, urrutian tximisten ziztadek hari luze goriz ehuntzen dute laino-artea, bortitz egiten du putz haizeak. Zabal astunak dira eliza dorreak astunagoa bihurtuz paisaia zapala, lurrari itsatsiak lurtar biztanleria babesteko, goitarren begirada antzuaren zain egon gabe badaezpada. Pinua agertu da, pinu moskote buru zabala.

 

ZAMORA

Mahastiak lagun sartu gara probintzian. Orriz nahiko jantzita daude mahatsondook. Ez dago garitzarik, tarteka erremolatxa sailak. Gorri-gorria dago lurra, landua, baina ernetako ezer gabe oraindik.

Toro,  hasi dira mahastiak bertara aurretxoan.

Trumoipean jarraitzen dugu.

Tortoka banatuak daude pinu buru-zabalak garitzetan, agian behi bakanen aterpe eta gerizpe izan ziren garai batean lurrok dehesa edo larre zirenean.  

Kilometrotan ez eraikinik ez txabolarik ere ageri ez den lurraldea.

Arratsaldeko laurak ez dira eta badirudi behera etorri dela arratsa, badirudi gautu behar duela, trumoi-laino beltzak estaltzen du inguru osoa.

Morales de Toro, Marin, nire lehen parrokiako maistraren herria: ekaitzaren sabel barruenean sartu gara herrian bertan, haizeak hautsa harrotu du eta garitza zein mahastietan darabil hautsa laino-zurrunbilo bizkorretan. Burdinazkoa edo berunezko laino beltza dugu gainean, bortitza da euria, zerratua, etengabeak lainotikako hari goriak, tarteka trumoi-danbarradak, erabat ilundu zaigu. 12 gradura hoztu zaigu hozberoa.

Zamorako kartzelara ni ikustera etxekoek egiten zuten bidea gogoratu dugu: SEAT 600 pospolo-kaxan, errepide alboko indar-hariok izotzez zuri, edo ingurua laba gori.  Urte gogorrak haiek.

Nork esan hain lur gorri bizia ikusiz hain teilaje larua behar duela Gaztelakoak.

Ubidea alde batetik trenbidea bestetik tarteka elkar gurutzatuz, beherago Duero  zabalkotea, kartzelako logelako atakatik ikusten nuen ibaia. Artea behar dute izan zuhaixkek.

400 kilometro eta bost ordu ondoren heldu gara zazpi urtez bizileku nahitaezkotzat ezarri zidaten hirira.

Zamora. Hiriak ez du ingurabiderik edo hiri barrutik du bidea ingurubideak, kale-artean sartzen da behin eta berriz errepidea: harresietako Bellido Dolfos-en saldukeria atearen aurrez aurre izan gara tarte batez, ikusi ahal izan ditugu katedralaren teilatu eta dorre erromaniko apartak, baita bizilagunez gandortutako lauzpabost zikoina-habien kokaleku den  kanpai-horma eder bat ere. Pintada akrata erraldoiak!, Zamorako erreboltariak!, gaur egungo komuneroak!. Baina etorri PSOE dator gurekin bidaia osoan CONTIGO hauteskunde kartel handiekin. Berrikuntza lanetan da Zamora ere, dena da putzu zaparradaren ondoren.

 

Ingurubidean argitu eta atertu zaigu arratsaldea. Harresipeko bidegurutzean hartu dugu Portugalerantz. Txukuna eta zabala, errepidea. Lautada bukatu dela dirudi, gora eta behera hasi zaigu lurra. Lur gorriak hauek, kolorez ere. Horitu da jadanik gari-sail zabal bat. Pinu buruzabala, arte zaparrotea, behi batzuk. Dehesa edo larreak ditugu berriro, begien entretenigarri, oraingo  lur hauek,  baina, zezenik gabeak, lur landuak, arte zuhaixkak han-hemenka lurraldeari apartekotasuna gehituz. Ur eskasiarekin ageri da urtegia negua joan berri den honetan ere.

 

Lurralde bitxi deigarri batean sartu gara, mendi-gaineko zabalgunea edo lautada dirudien goi-landa berezian: aziendaren presozain eta jabegoaren erakusle, harri zabal zapal eta leunak ernetzen dira kilometro asko eta luzeetan, gogorrak arren ingurua  bigundu nahi bailuketenak, lursailak inguratuzko harrizko hesiak, harrizko hesolak ilaretan harrizko haga eta harri zapal tolestuz osatutako hesi bitxiak egonkortuz, harri luzexkak zut jarraian argiuneak utziz, hesola tarteak harri txikiz  betez eginiko itxidurak, hainbat eta hainbat, elkarren antzerakoak baina bakoitza bera, guretzat ezohizkoak. Tolestuz, lur-gaina zabalki estaliz sastraka dirudien lore zuriko mulua: irudimenak kotoi-landarea irudiaraztera eraman gaitu, baina ukitu soilak erakutsi digu ez dela kotoia, mulu likina baizik. Bitxikeria bilakatzen zaizkigu harrizko muinoak belartzan. Bakartiagoa egiten dute lurraldea pare bat granja hondatuk. Txukun jarri eta arduraz zaindutako egonlekuek, aldiz, esaten digute bisitari asko dela mendi honetan asteburu eta oporretan.

Gorantz datoz haritz gazte txankamakilak baso izan nahian: badirudi erreta izan zela mendi hau. Moko luzeko hegazti hankaluzea izan da begien ustekabeko jostailua  belatza batean: agian zikoina da afari bila.

 

Arcilleria: adreiluak behintzat egiten dituzte izenaren omenez.

Bebenera: zutikako harlauza punta-luzez eginiko itxidura erabat bitxiek zorroztu digute begirada, hesi bereziak dira benetan.

 

Behera egiten du lurrak.

 

Alcañices. Etxatoiarentzat adinako aparkalekua suertatu zaigu udaletxe aurreko plazan: aukera baliatuz, gelditu egin gara hankak luzatu eta atsedenalditxo bat hartu asmoz. Herri zaharra, ahalegintxoak egin arren galdua, ez da kaleetan ibili eta zertzeladei begira tarte bat emateko herria, grazia falta zaio, pobre itxura ere badu. Eliza du bitxia egituraz: aldare aldeko zatiak bigarren eliza bat dirudi kanpotik begiratuta, bi eliza trabeska elkarri lotuak baleude bezala; kanpai-horma handia bezain ederra da.  Bigarren eliza bat ere bada, kanpai-horma politarekin. Erlojuaren dorrea, zilindro erdiaren egiturakoa, harrizkoa, kanpaia dela erlojuaren txapel.        

 

Pikoan jaitsiaz hurreratzen gatzaio Portugali. Mendi-zulo batean dago muga, erreka ziztrin batek banatzen ditu bi nazioak, zubiak egiten du bi herrien lotura. Alde bietan mugetako zertzeladetarako izan ziren eraikuntza kaskarrak, “aduana” iragarkiarekin, erabat hondatuak.

 

 

P O R T U G A L

IPARRA

Portugal menditsua

Eguzki beroarekin hartu gaitu Portugalek.

Jende taldetxoarekin izan da portugaldarrekin gure lehen begiradazko harremana, mugatik bertan zeuden autoz heldutako bi poliziarekin kontu-kontari.

Lizarrak, tarteka intxaurrondoek zein olibondoek, baina batez ere gereziondoek osatzen dute lurraldea.

 

Milhao:  kanpai-horma zuri-zuriko eliza du herri ilunak.

 

Mila eta bi bira, ezkerra zein eskuinera, jarraian, bata bestearen ondoren, elkarri lotuta, mendi-zuloz mendi-zulo, luze, 20 kilometrotako pikoan. Estua eta txarra da errepidea, trakets jarriak daude adabakiak ere. Konponketa lanetan ari dira eta itxuratuta dute behealdea. Ganora handirik gabeko berrikuntza lanak nolanahi, plastikoa erabilizko metodo bitxiez egiten dituzte erretenak. Berde dager mendia, baina ganoragabeko zuhaizka eta sastraka likina besterik ez dago: erre egin ote ziren mendiok?. Gerora jakinen gudu usain gozoko lurrina egiteko darabiltela sastrakotako lore zuri hori.

Mapak esaten digu digu Naturgunea dela lurralde osoa.

 

Gimonde. Aldats barrenean. 8 begiko zubi ederra ibaitxo baten gainean, gorago bigarren zubi bat, erromaniko polita.

 

Anarkia hutsez jasotako herriak dirudite, bakoitzak nahi bezala nahi duen tokian eraiki bailu bere etxebizitza.

 

Braganza. Zabal ikusten da urrutitik. Gaztelu handia mendi magaleko goialdean eta etxeteria zuria beherantz gazteluaren oinetan. Hiri barrutik doa errepidea, galtzadarria da zorua.

 

Kanpina.

Argi iragarrita dago kanpina, erraz aurkitu dugu: xumea da baina txukuna eta atsegina, ur ibiltariko errekaren albo bietan kokatua, ia erreka-zuloan; zabala eta  sakona bihurtu dute ibaia zubipean jasotako presa baten bidez, igerileku bihurtuz.

 

Ez da txori kanturik inguruan zuhaitz asko dagoen arren; zozo bakar bat ikusi dut belatzean.

Argindarra joaten zaigu tarteka, ez dakigu zergatik, gautu zaigunez biharko utzi beharko konponbidea.

Galdezka hasi zaigu emakume alemaniarra: ”- Españoles?. -Vascos!. - Entonces no españoles”. Badaki zerbait euskaldunotaz.

 

511 kilometro, Portugalera ekarri gaituztenak.

 

Gauerdiko lotara aurreko komunerakoan txori-kanta zerion soto voce kanpina inguratzen duen basoari, txorien marmario eta murmurio zoragarria: nekeagatik ez balitz bertan eseri eta mila urterako liluran lozorrotzekoa litzake, Leireko S. Virilari gertatu bezala.

 

Txirringaren aienean”. Amaia Elosegi eta Esther Mugerza:

* Jubilatuon bizi-muina dira bidaiak: prestatu, gauzatu eta ondoren beraiez idatzi, bizitza betetzen digun zikloa.

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.