BIDAIAK 99 - HUELVA
Uztailaren 14a. Asteazkena. H:44.a - 7.a
Txuarrak dira txori ugarienak kanpinean. Txio-txioka entzuten ditugu egunez adarretan goiz eta ilunabarrez, bando zabaletan agertzen dira lurrean egonezin bihurrian, elkarren lehian nor geratuko bazkaleku onenarekin, zenbait esparrutan zomorro gehiago dago bestetan baino nonbait. Bada ere biligarroa baino txikiagoa den txori bat, arrea, moko luzea eta gandortxoa duena. Zozo bakar bat agertu da oraingoz.
Odiel ibaia jaiotzen da kanpinetik ehun metrora, urte osoan agortzen ez omen zaion bi tutu zabal oparoko iturrian.
EKIALDEA
Badajoz eta Sevillako mugen ingurura.
Artadia eta artelatz-basoak izan ditugu gaur ibilbide, mendi-muino soil, txara zikin, sastrakadi eta eukaliptoek desitxuratutako lurrik ere egon badagoen arren. Pikondoak etxe inguruetan. Behiak, zaldiak, txerri beltzak, astoren bat, oiloak solte... basoan edo granjaren baten inguruan. Gorri uzten dute behiek dabiltzan esparrua; ikusi dugu gari-lasto xehatua ardientzako piloetan banatuta esparru ertz batean.
Harri tolestutako hormak diraute hemen ere, basoa zeharkatuz, jabego edo esparru ezberdinak bananduz; baina ugaldu dira burdin harizko hesiak ere. Izan da mendi-tontor gailen batean goitik behera eta zeharka zihoan harrizko hesi horietako bat, harresia zirudien gehiago hesia baino .
Errepide nagusiak elkar lotzen dituzten bideak: herritxoen inguruetan daude, estuak, lasai ibili beharrekoak, harrizko hormen arteko korridore besterik ez batira zenbait.
Bidaia aparta, gozamenerakoa, gutxi bezalakoa, basorik baso, behatokiz behatoki, ikuspegi zabaleko paisaia erakargarriaren aurrez aurre.
Sekulakoak izan behar dute oinezkoen ibilbideak: herri gehienetan iragartzen dituzte mendikadak, egoki zehaztu eta iragarrita.
Gozokia zen guretzat txikitan piku melatua, elikagai oinarrizkoa izanen zen hemen garai batean.
Puerto Real. Txikitxoa, kanpai-hormadun elizarekin.
Herriotan ez dago diruketarik, bizitzeko lain eta kito, apalak dira elizak, berritu gabe daude. Elizaren aurretik dago norberaren biziraupena. Urdai azpikoa erakutsi besterik ez zaio egingo lapikoari herriotan, sartu atera bat, urtu ez dadin.
Argalak eta txikiak dira txakurrak eurak ere. Baina bai ugariak.
Arte enbor sendoak, erabat hilda, idor, zutik zein etzanda lur hori zabalean: zirraragarria. Bizitzaren irudi bortitza, mila burutaziorako irudi eta iturri.
Aldats beherakoa bada ere, larre-saila, dehesa, deitzen diote; nik dehesa nahitaez lauarekin lotzen banuen ere.
Borroka-leku izan zen lurralde guzti hau: herri orok du bere gaztelua. Gizakiaren historia osoa da borroka bortitza. Hala da gaur egun ere, baina armak, gotorlekuak, erasoak eta babeslekuak erabat ezberdinak dira. Lehiak dirau, borroka bera da sakonean, sufrimendua ere berdina: gutxiengo baten gehiengoarekiko zapalkuntza, guti batzuk gehiengoaren bizkarretik bizitzea alegia, iraunkorra da, betikoa. Itxurak, formak, agerbideak aldatsen dira soilik.
Calako meatzeak. Zirraragarria, kontraste bortitza paisaiaz gozatuz goazenontzat. Hautsez oratutako mundu beltza, inguru eder batetan. Ezustean harrapatu gaitu, ez baikenekien zirenik ere meak hemen, bihar espero genuen meatzeak ikustea Rio Tinto eta inguruetan. Kobrea eta antzerako mineralak ateratzen omen dituzte Cala herriko gizon gazte batek gero herrian azaldu digunez. Inguru idiliko batean izugarrizko lur, harea edo hauts beltzeko tontorrak harritzen du bidaiaria; makinatzar garraiatzaileak ari dira lanean, berezkoak direnen adinako tontor edo muinoak sortuz hondakin pilatuez. Garai batean meatzarienak behar zuten harrizko etxetxo beltz hondatuak dira esplotazioaren aztarna gordinak.
Cala. Herri txikitxo zuria, meatoki beltzarekin zerikusirik ez duena; etxeak dira, agiamn, beste herrietakoak baino xume eta nanoagoak. “Mea Plaza”, “Plaza de la Mina” du izena herriko plazak, baina errepide ertzeko kalean dago herri-bizitza pilpilena. Bada utzia eta hondatua dagoen eraikin bat meekin zerikusia izanen zuena. Herritik at, muino batean, gaztelua: meatokiak babesteko ote?, aspaldikoak baitira meok. Dorre eta kanpai-horma antzerako sarrera bereziak ditu elizak: esplotazio gorriena dagoen herrietan badakite ugazabek eliza ponpoxoak jasotzen.
Ezin izan dugu jakin herriko biztanleria meatzaria den, meatzetik bizi den ala meatzariak kanpotik datozen, ezta ere zuloetatik ateratzen duten mea, ala lur-azaletik Rio Tinton bezala.
Ume gineneko hiru aurpegiko kilometro-harri buru-borobilak diraute oraindik errepide ertzean, zenbakiak pintura beltzez ezabatuta.
Sanata Olalla del Cala. Gaztelutzarra nabarmentzen zaio, goregi dago goizeko bero sapaz igotzeko; taberna, jatetxe eta antzerako ugariz berritu da errepide ertza; errepidetik barrurantz zabaltzen da alde zaharra. Bizitza handikoa dirudi. Ugaria eta ederra dira, sendoak, lehen solairuko zein zoru pareko burdineriak, orain artekoak baino ederragoak, dotoreagoak. Dotorea da hilerrira sarrera ere. Gaztelu azpiko kaledia da pobreena, hemen ere; ahal duenak beheko auzo lauetara egiten du ihes. Elizek itxita jarraitzen dute, Olallan ere: kupula dute herriotan eliza gehienek, egiturari jite arinagoa emanez, batez ere barnea argituz. Ez da turista-herria, baina merezi izan digu kale arteko ibiliak, herri orok du bere grazia nekatuta ez bazaude eta begiratzeko grina eta ikusminik baduzu.
Paisaia-bidaia da gaurkoa, paisaia zaigu batez ere ikuskizun, ezer guti berri edo interesgarririk erakusten digute herriok ikusgaien edo giro aldetik.
Labarren azpiko lautadan dago Zufre herriko urtegia.
Errepidean dabiltza hemen txerri beltzak
Zufre. Meetako sufreak ba ote zerikusirik izenarekin?. Zuri-zuria mendi-mutur batean, ikuspegi bitxia eskaintzen du beheko aurretik begiratuta, zintzilikatuta bailego labar gaineko puntan: “Arrano habia” azpi-izena jarri diote: habia zuriko arranoa, arrano-habia da izan ere. Beherenean kokatua dago elizatzarra, pendiz bertikalaren gain-gainean, herri zuriaren aurrean arre, bera bailitzan gotorleku eta harresi. Kobazulo zenbait labarren oinetan. Ikuskizuna da herria osotasunean urrutitik begiratuta.
Kale zabalak zeharkatzen du, luze, herria plazaraino, non hasten den alderdi zaharra, herriko altxorra. Kale estuko txirikorda, dena kantoi, dena kale-gurutze, dena biragune, autorik sar ezin daiteken kaleak, pasabide diren karkabak... hau bai hiribildu-labirinto korapilatsua. Antzinako plaza, bertan egitura bitxiko udaletxea arkupe gainean, jite bereko adreilu gorri-iluneko eliza zaindua, harrizko iturri ezberdina etengabeko eman oparo azkarrean. Plaza berria, osagai ugariz ederra da, baina batez ere behatokia izateak egiten du erakargarria, urrutietarainoko soa ahalbideratzen duen behatokia baita, arrano habiaren ertz paregabea. Zezen-plaza ere badu, brist zuritasunez.
Egunkaria non erosiko galdetuz, neskatila bat suertatu zaigu informatzaile:
· Zabala iruditu bazaigu ere, 1.300 biztanle besterik ez du herriak.
· Elurra noizik behingoa omen, baina paraje hotza dela dio, gripe-lekua.
zezen-plaza zuritzen ari dira bi emakume, eguzki galdan, mingaina ozen astinduz eta bizi eta etenik gabe eraginez isipua: “lo malo no ez la tarea, lo malo ez el toztaero”. Irailean dira jaiak, eta urtero zuritzen dute zezen-plaza.
Fuenteheridosen bezalatsu, herriko sarrera itxita dago konponketa batzuk direla-eta, baina ez dute, han bezala aurrez iragartzen. Castaño herrian bide erdia soilik zulatu zuten, beste sarrerarik ez zuelako herriak, sarrera osoa hemen.
FEDERen diruak dabiltza Zufren ere berrikuntza lanetan, Europako dirua.
Higueras dela Sierra. Xafla zuria, mendi magal berdean.
Berea dute hitz jarioa andaluziarrak, andaluziar menditarrok ere.
Mea esparrua. La Granadatik aurrerako lurraldea da mea esparrua errepideko letreroak dioenez. Baina herri horretako emakume batek esan digunez mea-herriak Nervan hasten dira.
La Granada de Rio Tinto. Sarreran badira etxetxo baxu, txiki, xume, ezereztxoak, meatzarien bizitoki itxura hartzen diegunak. Bestelako etxeteria ere ez da askoz handiagoa ez ederragoa. Kanpai-hormadun elizatxo moinoinoa.
Campofrio. Egun beroa Canpofrion ere!!!. Zuhaitz artean gordeta, ez da ia ikusi ere egiten urrutitik, eliza eta zenbait teilatu ageri zaizkio soilik. Espainiako zezen-plazarik aspaldikoena ei bertakoa: herritik kanpo kokatua, borobila ohi denez (Cuidad Realeko herritxo batean bada zezen-plaza koadratu bat), baxua, zuri-zuria, ate gorri-ilunekoa, ohizko osagaiez hornitua. Handi ikusi dugu eliza, baina bertatik ez da hala, tontorrean dirudi baina ez da tontorra bere kokagunea; iluna ohi da elizotako ate-buelta, honena, baina, okrea da. Harritzar landugabea jarri dute plazan eskultura edo monumentu gisa mea-herria irudikatuz: Nerva aurretik ere onartzen dute beraz meatzari nortasuna.
Mutiko bihurri batzuk inguratu zaizkigu harriari begira geundela plazan:
· alkatea dela esan digute irribarrez harriak zer esan nahi duen galdetu diegunean, zirikatu ditugu baina ez digute ezer argitu: bada nolanahi zerbait alkatearekin.
· Nongoak garen, Euskadikoak: Bilbo lotzen dute Euskadirekin: Atletic edo Gugenhein eragina ote?. Ez digute ETA aitatu.
Diren bero zaleak izanik, katuak eurak ere gerizan daude!..
Zuzenean doa euri-ura teilatuetatik kalera, ez da harritzekoa irtentxo babeslea jartzea leiho-buruei.
Ahuntz-talde izugarri handia agertu da Campofrioko zezen plaza alboko asketara: gaztea zen ahuntzaina, praka motz gorriz eta kamiseta zuri mahuka motzez jantzita, buru hutsik, bi txakur handi lagun zituela: abeltzain eredu erabat ezberdina. Artzain nagusi bat aurkitu dugu geroago, kapela, jaka eta artzainen gainerako osagaiez jantzita: filosofia, esperientzia, adina... zer dute ezberdina eta zer berdina artzain biek?, zerk elkartzen ditu eta zerk banatzen?, zertan ote ados, zertan ez?, bi mundu ezberdin ala mundu berdina ezberdin azaleratua?.
Galsoro izugarri handia, lursail bereko bakarra; alboan behiteria handiko granja txukuna. Nekazaritzaren bi aurpegi ezberdin, baina erraldoitasunaren filosofia bera, garai lurralde banatu eta azienda murritzetik urruti.
112 kilometro, mendizerrako azkenak.
Izarrak dira zuhaitz arteko egon nagian gaueko argi geldiak; auto-argiak, aldiz, ziztu biziko izar uxatuak dirudite aurreko basoan. Basoz eta mendiz inguratutako herritxoetan ere ikusezin egiten zaigu gaueko izar-sabai lasaia, telebistak etxe barrura lotuta edo argindarraren argitasunaz itsututa.
SE matrikula da ugariena kanpalekuan: hiritarra baso bila.
Uztailaren 15a. Osteguna. 45.a - H:8.a
“Olerkiak”. Loramendi:
“Txinparta-eresia”., Ze enbor ote zuen begietan, Bedoña aldeko pagadiak, Sakanako haritz lerdenak, Aracenako arte zein artelatz sendoak ala lurrotako enbortzar ilun hilak?.
Ugariak dira meategi-lurralde osoan zabortegi edo hondakindegiaren aurkako pintadak: ez dugu argitu ahal izan baina meatoki eta meategiarekin dute zerikusia. Nolanahi zabor gehiegi egitean dago arazoa, zaborgilea eta hondakin sortzailea baita gaur egungo gure kontsumo-gizarte hau. Etxeetan zein lantegietan.
Ia Campofrion bertan hasten dira meategiak. Ez dago deskribatzerik meategi-paisaia, joan eta ikusi egin behar da zer den jakiteko. Erabat hozkatutako mendiak, laututako mendi muinoak, hondakinek sortutako mendi berriak, 300 metrotan beherantz jandako zulotzarrak, ur garbiko urtegiak eta kutsatutako lakutzar koloretsuak... paisaia estralurtarra. Izugarri zabalak dira mea esparruak, urketa-uholden hondakinez beteta daude bere inguruak, kolore ezberdinez pintatuta dirudi bailara osoak, mendi baten eskeletoa bailitzan edo mendi baten erraiak inguruan barreiatuta baileude.
Erraldoia da meategiotan dabilen eta darabilten tresneria.
Erdi Arora garamatzate hiribilduek, mundu bortitz beldurgarri batera jauzia da mea-lurralde hau, fikziozko pelikula bat ikustea bezalakoa. Izugarrizko zirrara eta sentipen bortitzak sortarazten ditu. Zenbat izerdi eta zenbat sufrimendu, zenbat ezintasun, ze giza esplotazio... mendi gorri apurtu hauetan.
La Dehesa. Xumeagoak ezin auzoak, herritxo xumeak, adreiluz egindako behe solairu soileko etxeak: zuriak nola ez. Meatzarien etxebizitzak behar dute izan.
Cerro Colorado. Gorrizka bizia da batez ere harkaitzaren kolorea, hortik herriaren izena. Rio Tintoko museoan ikusi dugu argazkietan mendixka horren bilakaera: mendi gailen zabala zen bere garaian, erabat desagertu da jadanik mendia, gaur egun hainbat metrotan janda dago lur-zorua beherantz ehunka metrotako zabaleran: “Crater” da jadanik “Cerro”a, “Colorado” izaten jarraitzen du.
Behatokia egin dute errepide ertzean delako Cerro Colorado patxadan ikus ahal izateko. Ikuspegi harrigarria da, bihotza kizkurtzen duenetarikoa.
Hondeamakina izugarri erraldoia dago erakusgai behatokiaren alboan, ikusgai soilik ez, agian oraindik erabili darabiltelako.
Rio Tinto. Mea, meatokia eta meatzari herria Ez da patxaran eraikitako eta gauzatutako herria. Nahiko aldrebesa, zatika edo auzoka bezala egina, sakabanatutako itxurakoa: etxe baxuko kaletxoak behe inguruan eta meatzarien etxe berri garaiagoak gorago, etxebizitza merkeak. Ugazaba ingelesen bizitokiak eta ospitalea aldiz etxeteria biktorianoa da, erosoa eta dotorea. Museo dira gaur egun ingelesen etxeak eta ospitalea. Kanpai-horma handi bat du elizak, bakarti dago, herrian bertan baina erabat aparte. Udaletxea ere bakarti dago. Meatzarien Plaza errepide-gurutze borobila da gaur egun.
Museoa: Oso interesgarria bilakatu zaigu.
- Erromatarren aurretik haziak ziren meatokiok zulatzen.
- Burdina eta era askotako mineralak ustiatzen dituzte gaur egun.
- Meatokiak daude Almonsterren, nabaritu ez bagenituen ere, herriari mea-herri antzik hartu ez bagenion ere. Zulorago, beherago daude meategiok. Itxura eta errealitatea ez datoz beti ados.
- Aurrez aurre kontrajarri ziren bi kultura, bi bizimolde eta bi irizpide lurraldean: meatzaritzarena eta nekazaritzarena. Zalamea izan zen nekazari kulturaren defendatzailea eta aurrez aurre jarri zitzaion mea konpainiari. Nekazariekin elkartu ziren meatzariak bere eskubideak defendatzeko. Greba gogor bat izan zen 1888an. Izugarria izan zen errepresioa, ejertzitoak su egin zien herriko plazan bildu ziren nekazari eta meatzariei, hauek inolako jokabide bortitzik erabili ez zuten arren. 13 soilik dira hildakoak ofizialki, 200 gora izan omen ziren benetan. Gizalegez jokatu omen zuten grebalariekin txapelokerrek.
- Bada datu gordinik:
· Isilpean lurperatu omen zituzten bere hildakoak hainbat sendikok, meatokietako hondakinetan, zuzendaritzat hildakoen familiakoekin errepresaliarik har ez zezan, lana galdu beldurrez alegia.
- Gaurko egoerarekin alderatzeko datu interesgarririk ere bada:
· Ugazabek ez zuten onartu inolako eskakizunik greba bukatu ostean gerora arte, inork pentsa ez zezan grebaren bidez lortu zutela langileek inolako aurrerapenik, inork uste ez zezan grebaren ondorioak zirela egoera hobetze neurriok.
·10 urtetik beherako umeek egiten zuten lan, ume pila batek egin ere, beren lansaria askoz txikiagoa zelako.
Horrez gain hainbat burutapen sortarazten dizuten datuak aurkitu ditugu:
- Portugalen basoetako izurritea uste generitzon txara-gai edo sastraka hura Cistus Landanifer du izen teknikoa, gazteleraz jara pringosa. Euskara-hiztegiak estrepa deitzen dio gaztelaniazko “jara”ri, txara beste hiztegi batean. Zabalduta dago Huelvako mendietan ere. Gero jakingo genuen kolonia motaren bat egiteko erabiltzen dela bere lora, errentagarria dela beraz gure sastraka.
- Ikasi dut nondik etorri zen mendiotako garai bateko basoen galera, noiztik eta zergatik datozen gaur egungo artadi eta artelatz-basoak. Oso hitsa da mendion historia :
· Mediterraneoko pinudiak ziren hemen garai batean.
· Remisa markesak neurriz kanpoko ustiaketez gorritu zituen pinudiak, agindu zioten arren, ez zituen birlandatu mendiok, neurri guti batean baino.
· Mea-gaiak, metal bihurtzeko labeen keak, azido sulfurikoak, erabat galdu zituen markesaren aizkorak zutik utzi zituen pinuak.
· Geroztik birlandatutakoak dira gaur egungo arte eta artelatzak.
- Meatzarien bizi-baldintzei kontrajarriz, museo, meatoki, meatzari eta inguruko argazki eta datuen aurrean eta alboan Ingalaterrako Erreginak erabilitako tren dotore-dotorea, luxuzkoa, dago ikusgai. Alfontso XIII.arentzat ekarri zuten hona, bisitara etorri behar zuelakoan; geroztik meategietako jauntxoek erabiltzen zuten Huelva hiribururako joan-etorrietan.
Corta atalaya. Rio Tinton. Kilometrotik gora du luzeran, 300 metro beherantz, mailaz maila eginiko buruz beherako gorrizka ilun koloreko kono beldurgarriak. Mendi osoa janez eta beherantz zulatuz eginiko krater ikaragarria, ikaragarria, ikaragarria.
“Todo por la Patria” dira hemengo txapelokerrak.
Bi ikuspegi bortizki kontrajarriak El Campillora bidetik: olibondo berde iluneko mendia alde batera eta jandako mendi erraldoia bestera.
El Campillo. Herri xume-xumea, ilaran jarritako txabolak dirudite etxeek, ia teilaturik gabe, ateburua eta teilatua ia bat; etxetxo zuriak, jakina. Plazatxoan mea-harri gorriak, landu gabeak, herriaren meategiarekiko lotura iragarriz: herri honetan ez dago meatokirik, herri honetan meatzariak bizi dira.
Zalamea la Real. Lurraldeko herri garrantzitsuena, handikeriarik gabeko handiena. Nekazari herria, zatia aldatsean, zatia lauan; autorik ia ibili ezin den kale estuak elkar gurutzatu eta kiribiltzen diren labirinto zabala. Erdigune zaindua du. Ez du lekurik plaza handi batentzat, beraz kale zabala baino gehiago ez da herriko plaza nagusia, oinezkoentzako gordea. Erdiko kalea ez beste denak zementuz berdindutako lurra dute. Ez du herri aberatsaren jiterik, harrokeriarik gabeko herria. Badu zezen-plaza, nahiko handia, zuri-zuria. Hiriko eraikuntza esanguratsuei azalpenak jarri diete txukun aurrean. Garbitzaileari esker, Huelva osoan zabalik aurkitu dugun eliza bakarra izan da hemengoa, adreiluzko dorre puntazorrotz karratu kolorgetutako eliza: ez du gurutzadurarik, sendotasuna darie harrizko 10 zutabe borobil gotorrez egituratutako 3 nabe ia berdinei.
Herri hau izan zen mea-zibilizazio berriaren aurrez aurre jarri zena.
Sufrimendu asko ikusitako eliza da hemengoa: Lisboako lurrikarak hondatu zuen, frantsesek aldarea korta bihurtzeraino arpilatu zuten eta 36an su eman eta suntsitu omen zuten.
36ko eliza erreketa kontutan hartuz, bazen ezkertiarrik herrian.
Zergatik halako ezinikusia elizaren aurka?.
Meategi esparru izugarri zabala da Nervara arteko tartea, segur aski bertan zeuden burdinolak. Ilargi-eremua dirudi, deskriba ezineko ikaragarria.
Nerva. Herri txukun, polit, zaindua. Kale-gune zabala besterik ez da herriko plaza. Udaletxeko dorrea, luzea bezain bitxia, bera da herriko gauzarik deigarriena. Meatokiko dorre bat jarri dute monumentu edo oroitarri gisa herrira sarreran.
Kontrabidetik sartu gara kale nagusian, sarri ohi dugunez.
135 kilometro, mea-herrietan eta bide galduetan, Huelva probintziako azkenak.
40 gradutik gorako beroa, katakiak eurak ere igerilekura datoz, hainbat gabiltzan arren uretan freskatzen; uretaraino hurbiltzen dira, bainularion buru artean, ur tantoren bat eramateko ur gaineko ziztu-biziko hegazkadan, nire ur gaineko begi harrituei papar urdinxkara erakutsiz.
Bukatu zaizkigu Huelvako egunak.
Bidaia honetako azken jauzia izanen da biharkoa, bagoaz Aracenatik, baina ez dugu aurtengo bidaia bukatzear dugun sentipenik. Etxeratzeko beste munduko amorrurik gabe goaz, neke handirik gabe, joan egin behar delako goaz, ez garelako egotera etorri, bazterrak ikustera baizik, ikusi beharrekoak ikusi ditugulako, egoteko gure herria dugulako.
Egun atseginak Arazenakoak. Beroari ere hartu diogu eskua eta tamaina. Jendearen abegikortasuna, herrietako jende adeitsua, beraien hitz egin beharra, herri zuriak mendi berdean, txukunak, zainduak, Iparreko zonalde pobrea, dorre handiko adreiluzko eliza handi kolorgetuak, Iparraldeko mendiak, artadiak eta artelatz-basoak, gaztainadiak, mendiz-mendizko ibiliak, basoz-basozko gidaritzak, beroa eta batez ere meatoki eta mea-herriak daramatzagu gogoan iltzatuak Aracenatik, Ipar Huelva honetatik
“Samurai berria”. Jose Mari Velez de Mendizabal:
Politikaren zoko ilunak, sasi politika denekoa, politika sasi-politika bihurtzen denekoa, sasi-politikoen politika, politikoen sasi-politika, sasi-politikoen sasi- politika, ... inola ere ez politikoen politika.