Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99. HUELVA

BIDAIAK 99. HUELVA

Jon Etxabe 2021/06/07 10:10
Aracena mendikatea, Aracena, Alasar, Peñas de Arias, Castaño de Robledo, Aroche.

Uztailaren 12a. Astelehena. 42.a – H:5.a

           

Atzoko egun lainotsu bera.

Goranzkoari, lur barrukoari, ekin diogu, itsasertzari agur eginez.

Herriak zeharkatzen ditu errepide nagusiak, nahiz albotik; moteldu egiten dute ibilia semaforoek eta autoen herrietara-herrietatik sar-irtenek.

 

Buruan dabilzkigu azken egonaldiko flash, irudi, iritzi eta oroitzapenak: Hego Huelvako lur landu eta zainduak, olibondoak, laranjondoak, meloiak soroetan, hondartza luzeko itsaskontra atsegina, turista-herri erraldoiak, herri zuriak, hiriburu ilun eta zatarra, probintzia nekazaria eta hiriburu industriala, Andévaloko mendiak berreskuratzeko ahalegina, iruzur-kiratsa darien usteltzen utzitako ekilore sailak, El Andévaloko herri pobreak, meetako kraterrak eta alboko hondakin-mendiak, kanpineko jende pilaketa, pilatutako jendearen arteko bizitza-harremanik eza, jendearekiko gure harremanik eza... iraunkorrenak izango zaizkigun sentipenak dira segur aski.

 

Trigueros, ahuntz taldea darama atzetik ahuntzainak pista gorri batean, ahuntz bata sokaz lotuta darama besteek berari jarrai diezaioten edo.

 

Futbol zelaiko argi-tantaitzarrak dira urrutitik eta gehien nabarmentzen diren herri askotako osagaiak: zaletasuna ala lo-belarra?.

 

Beas. Punta zorrotzeko eliza-dorre lerden mehe horixka bada ere herriaren gandorra, ur-biltegia da, erraldoi, nabarmentze zaiona.

 

Pitzatua, zartatua edo hondoratutako guneekin dago jadanik errepide berritu berria: zergatik huts egiten du errepideko zoruak hain berehala, jadanik zoru iraunkorrak egiteko teknikak erabat menderatuta egon behar dute eta. Iruzurra, norbaitzuen negozioa: demokrazia jaten duen arra, edo demokraziari jaten ematen dion osagaia.

 

Erabat berria zaigu Triguerosetik gorako bidea, paisaia berak dirau. Mendi saila zeharkatu dugu; eukaliptoa eta sastraka besterik ez da.

Oso likitsa da delako sastraka, helduz gero likindu egiten dizkizu  eskuak, jantziak berriz zerbait marroiz kakaztu.

 

Zalamea la Real. Zabala zen lehendik, asko zabaldu da oraintsu; teilateri zabala ikusten zaio, denaren gainetik eliza-dorre mudejar gailen ederra azulejozko gandor zorrotzarekin.  Etorriko gatzaizkio bisitan beste egun batean.

 

Ijito banda zaldi aldra batekin; kanpamendua jarri dute eukalitadi batean. Zaldi saltzaileak dirudite.

 

Aldatsen joan zaigu sastraka eta eukaliptoz osatutako paisaia, azkenez urrutitik aurrez ekarri dugun mendikate sendo garaian sartu gara.

 

Aracena Mendikatea, Aroche haitzak.

Natur gunea.

Mendi garaiak; goiek biltzen gaituzte,  mendia mendiaren ostean, basoa basoaren ondoren. Artadi eta artelatz-basoa da mendia, errepideak gora behera egin du lehenik, zeharka lez doa ondoren, behatoki zoragarria ikuspegi paregabearekin uneoro. Eguzkia ere piztu zaigu zeruetan. Ez da irudimen bizirik behar bandoleroak irudikatzeko mendiotan.

Artadiak izanen ziren garai batean seguruenik atzean utzi ditugun mendi-sailak: orain kapela iluneko behizainaren ardurapeko behi makalen larre hori lehorra besterik ez dira, birlandatutako zuhaitzok noiz baso bihurtuko zain. Zerk eragin zuen artadi haiek  egungo lurralde lur mortu bilakatzea?.

 

Los Romeros, herri txikitxoa artadi baten erdian.

 

Gaur egungo jainkoaren besorik indartsu eta luzeena mendi tontor koniko baten muturrenean: hedabideen antena mezularia.

 

Aguafria,  mulu-gizonak eta muluak dira herriko ikuskizun eta erakargarritasuna; hainbat ikusi ahal dira, mulua da lurralde honetako nekazariaren basorako garraio-tresna edo turisten jostailua, Mijasen astoa bezala.

 

Kanpalekua. Aracenatik gertu kokatu dugu etxea: arte eta artelatz sendoen artean, olibadia den mendiari begira, baso trinkoak aurrez aurre. Ez da bezerorik astegunez, ugariak dira aldiz etxatoiak bezeroen zain; etxatoi buelta ez da inola ere zaindua,  hona datorrena ez dator egotera nonbait, ibiltzera baizik.

 

Aracena. Inguruko herri-burua, mendiko herri handia. Deigarria da tontor gaineko gaztelutzar iluna, gorriz marraztutako ertz eta ate-bueltekin; deigarria beheragoko adreilu iluneko eraikuntza tzarra. Harrokeriarik gabeko herri atsegina, Andaluzia bertako bisitari asko erakartzen duena, batez ere mendizalea. Herri barruan, gazteluaren oinetan,  plaza zabala: bertan udaletxe zaharra, elizak, iturriak, zaldizkoa... plaza osoa da erakargarria; parkea, kale nagusi zabala autoen pasagune, etxe ederrak, peora zabal eta garaiak eta hainbat eraikuntza kilikagarri dira erakargarritasunerako osagai. Hondatu samarra dago Karmen eliza, kanpai-horma gorri ilunak deigarritasuna ematen badio ere; udaletxe aurreko elizak ere dorrea du ezberdina, eusten duten bi horma,  kanpai-zulo eta balkoiarekin.

Bi gauzaz da harro herria, bi gauza ditu batez ere erakutsi eta eskaintzeko bisitariari: kobazuloa eta kaleko eskultura modernoaren erakusketa agerikoa. Kobazuloak: naturaren lan harrigarria argiz edertuagoa; gustura ibili gara, aspaldian ez baitugu kobazulotara jo. Eskultura erakusketa: hainbat daude kalean, ibiliaz begiratu eta gustukoak badira gozatzeko.

 

Basabide-ibilgua, xenda zaletasuna asetzeko aukera, da bisitariari saltzen zaiona: hainbat eta hainbat ibilbide dago iragarrita, basorik baso, gustu oroko luzerakoak.

Artelatz azala multzotan lotzen dituen enpresa bat ere bada.

 

Linares de la Sierra. Mendi-zuloan kokatua, ez gatzaio urreratu, errepidetik ikusi dugu soilik, berandu jabetu baikara bazegoela alde batetik jaitsi eta bestetik igotzerik. Goitik teilateria zabala beste ezer guti gehiago  dakusagu. Teilateriaren erdian eliza-dorre luze lerdena.

 

Alájar.  Kale korapilo bihurria erdian eliza duela. Mendi-mendiko herria. Nortasundun herria. Erreka-zuloan berau ere. Ez du ezer bitxirik baina bai hainbat xehetasun deigarri; ezberdina da zer kontatu guti erakusten duen arren: ezberdina da leiho, ate, arku bakoitza, jauntxo-etxea izanikoa dirudi etxe bakoitzak, nekazari ondo-biziaren etxebizitza. Herri osoa dago zuri pintatuta, baita harrizko ate eta leiho-bueltak ere. Harrizko irtentxoa du gainean leiho askok, urik sartu ez dakion; oso goian dute sarrerako ateek antzinako ate sendoen ohizko  leihatila. Lurzoru sendoa jarri diete kaleei, betirako iraunkorra, kale nagusikoari gainera jite ezberdin bat eman diote. Zerbait dela esan nahi du herri honek. Baserri jitea du etxe batek. Elizatzarra eta dorretzarra: berrikuntza lanetan daude, deigarriak izanen dira lanok bukatzean.

Ez da alde batetik sartu eta bestetik ateratzeko pasorik, baino pasoko jendea ibiliko da hemen. Ez da kanpotarrentzako antolamendu, baliabide edo egokitasun berezirik eta.

 

Peñas de Arias. Haitz multzo erraldoia, bailararen kare-harrizko horma zurixka, paraje atsegina, egun-pasarako inguru aukerakoa.

Aingeruen Ama-ren baseliza: labarren gaineko zabaldian kokatua, pinturaz eta azulejoz bizi-bizia: brist egiten du urrez bildutako Amabirjinaren iruditxo atseginak, brist ere Amabirjinaren zilarrezko palio txikiak. Badator etorri haitz gain honetara erromesa eta bidaiaria, egun-pasakoa eta begiluzea, Lourdes txiki baten jitea damaiote behintzat eliza ondoko  kinkila-dendek eta eliza-kanpoko kaperatxoan Amabirjinari jarritako ehunka kandelek.

 

Montano, haitzon oinetan kokatutako herria; berezia da, labarren gainetik kalediaren  goitikako ikuspegi bertikala du, ia hegazkin batetik bezalakoa.

 

Puerto de Adajar, 820 metroko goiera. Menditeria du ikuskizun eta ikuspegi prestatu duten begiratokitik.

 

Fuenteheridos, ezinekoa egin zaigu bertara sartzea, zementu-kamioiak hartzen baitzuen lasai kalea, herrira sarrera erabat galaraziz.

 

Artelatz ikaragarri sendoak daude basoetan; Fuenteheridos inguruan, aldiz, aspaldiko gaztainondo ederreko gaztainadia!!! da mendi osoa.

Bizi dira oraindik astoak Aracenan; zaldiak ere ageri dira han-hemenka basoko larreetan.

 

195 kilometro, Iparrerantz,  bandolero, bidelapur bideetan.

 

SE, Sevilla, da kanpotarren matrikularik usuena, beraz barne turismoa dator hona, bisitari andaluziarra. Ez dago ez alemaniarrik ez holandarrik kanpaleku honetan ere!!!.

Frantses gaztetxo taldea sartu da kanpinean arrats beranduan, bizitasuna ekarriz inguruari. Bada ume talde bat ere beherago, urrun geratzen zaizkigu, baina erabat betetzen dute igerilekua.

 

 

Uztailaren 13a. Asteartea.  43.a – H:6.a

 

Fuenteheridos. Herri korapilatua. Ura bete-betean ematen duten 12 tutu lodiko iturria da herriko ikuskizuna, eta beherago hiru bor-bor gune sortarazten duten urmaela.

 

Pulpitu antzerako zabaltza txiki bat dago zutabe baten gainean zeramikazko Amabirjinaren irudiarekin, eliza aurreko horma kontran.  38an berregina: “destruido por los marxistas en Julio del 36”: baziren, seguruenik diraute, ezkertiarrak herri honetan.

”Si me han caido las brevas” esan beharko nuke, oso gustukoak baititut: uztapikuak erosi dizkiot emakume batik kalean bertan; herria ikusizko ibilian jan ditut.

 

Castaño del Robledo. “hariztiko gaztainondoa” litzake izena. Sakonera batean dago hau ere. Andaluziako mendiko herri politenetariko dela dio zenbaitek: bihurria eta estua, badu, eduki ere, giro berezia, xarma, mendi-mendiko herriaren ukitu erakargarria. Izan ez du ezer berezi zehatzik, baina bai halako xehetasun politik: leiho txiki bat bere garaian ederra behar zuen etxe batean... Txiki-txikia da erdiko plaza. Herri barruko elizaz gain bada harrizko sarrera duen bigarren adreiluzko eliza zahar hondatu bat: harmaila luze berriak egin dizkiote aurrean, agian kultur gune bihurtu nahi dute, herriko albo batean eta inguru aldrebestxoan egotean leku erosoena ez badirudi ere. Atearen gorenean dute leihatilatxoa antzinako ate gehienek: aulki edo zerbait igotzeko izanen zuten beharrezko barrenetik,  ezinekoa baitzaio kanpoko oinezkoari barrura so egitea, agian bebarrua argitzeko da..

Erabat hila dago herria, eliza osteko plazatxoan gizakume bat ari zen zementuginan.

 

Herri orok du etxe, ate, leiho edo zoko berezi ezberdinen bat: abenturatxoa da bitxikeriok aurkitzea  herri bakoitzera bisitan.

Galtzadarrizkoa da kale nagusietako zorua herri guztietan, galtzadarriok jarkeran dago herritik herrirako ezberdintasuna, ilara luzeek ematen diote ezberdintasuna zenbait herritan, marra beltzak besteetan... Bada harria jartzeko tankera berezi bat, lehenengoz atzo Aracenan ikusitakoa,  herriotan errepikatzen dena.

 

Goian dago  eliza ia herri denean, azpian edo mende hartzen du herria;  eraikin izugarri handiaren itxura du beti elizak etxe baxuko herriotan; itxita dago eliza herri orotan, barrutik zarpeatzen ari direla ikusi ahal izan dugu bat. Ipar-iparreko elizak, aldiz, txikiak eta apalak dira, eta kanpai-horma dute dorrearen ordez: Cumbres-koa esaterako. Eliza-dorreak: izugarrizko aldea dago batez ere Portugaleko eliza-dorreekin, txikiak eta apalak haiek, lurralde honetakoak, aldiz, adreilu gorrizko karratu sendoak dira, azulejoz estaliak asko; hondatu samarrak daude dorreok eta bi metrotik bi metrora zulo karratuak dituzte gehigarri baterako habeak jartzeko edo.

Txikia eta apala izan ohi da kanpai-horma duen eliza.

           

Bide txikietatik gabiltza, antzinako bideetan, errepide estuetatik, gaztainadi artean, mila biretan, etengabeko sigi-sagan esker eskuinera: gidaritza atsegina, lasaia.

 

Jabugo. Mendiko herritxo zuria, urdaiazpikokoengatik ezaguna: 3 dendatxo dira soilik urdaiazpikoa iragartzen dutenak, tabernarik ere ez zaio ikusten, ez dirudi jendetzarik doakionik urdaiazpikoa jatera. Apaingarriak kentzen ari dira plazan, atzo bukatu zitzaizkien jaiak.

 

Ez da txerri askorik ikuzten inguruotan, bertako urdaiazpikoa hain ospetsua bada ere. Agian baso barruetan dabiltza, mendi barruan; ageri diren gutxiak beltzak dira, zenbait putzu beltzetan zikindutako zikinez; beltzak dira ere granja konbentzionalen inguruan dakusagun asko. Ba ote gaur egun basoan zaildutako eta ezkurrez elikatutako txerri jatorrik.

 

Almonaster la Real. Ugari dator bisitaria herri honetara, ugariak dira behintzat taberna, jatetxe eta antzerako zerbitzuak. Ate manuelinoa du eliza batek, kanpai-horma besteak. Meskita ere ba omen da gaztelua dirudienaren alboan, baina ez dugu aurkitu. Bi zezen plaza, harrizkoa bata gaztelu bateko harresia dirudiena. Bi plaza, goian bata, beherago bestea.  Egitura ezberdineko hainbat etxe. Ale hori eder umatuko laranjondoak kale batean.

 

ABC erosten ikusi dugu neska bat, harrigarria gure begientzat.

 

Arroyo - Acebuches - Veredas, artadian galdutako hiru herri nano. 

 

Cortegana. Ikuspegi polita erakusten du urrutitik, bertatik tontortxoan dagoen eta dena aldatsa den labirintotxoa gerta zaigu, monumentu nazionala omen eliza baina itxita dago.  Zutik diraute gazteluko hormak.  Moderno berria plaza, baina saltsarik, bizitasunik,  gabekoa.

 

Herri zabal eta zuriak dira hauek, sarrera zuri-zuriko dotoreak hilerriak: maite zituzten, dituzte, senide hildakoak herri hauetan, errotua dute hildakoen kultura.

Txakur txiki pila dabil herri guztietan, El Andevalon lez.

Herri orotan jarraitzen du oraindik hauteskundeetako propagandak, bai kartelek bai pankartek. Agintariek libre dute zikindu duten herria ez garbitzea.

“todo por la patria” ere jartzen du herri hauetako txapelokerren kuarteletan.

Ia herri orok du bere gaztelua, hondatuak daude gehienak, ez zaie harresirik gelditzen.

Burdineria dute leiho askok, oso ederrak eta deigarriak batzuk.

 

Erabat aldatsen da paisaia Arochera hurbildu ahala, zabaldu egiten da lurraldea Aracenako mendiartean ez bezala; ordeka polit atsegina eskaintzen zaigu goialdetik bere zabaltasun osoan.

Ekilorea, garia, artoa... lurraren emaitzak.

 

Arocheko Haitzak, ez ditugu  ikusi, agian ez gara beraietaz jabetu.

 

Aroche. Tontorrean kokatua, bazituen harresiak ere baina etxeek irentsi dituzte zutik iraun zutenak. Gutxi batzuk dira gaztelu azpiko kalexkak, estu-estuak, bihurriak eta aldapatsuak. Gargolak izan zaizkigu bitxikeri nagusi: biluzik bezala daude adreiluzko teilategaletan, bakarti, lekuz kanpo baileude. Harrizkoa da elizaren erdia, harrion garai berdinekoak gargolak, elizari bizitasuna emateko jarriak dirudite: zikoinek harro erakusten dute bertan bere soin zuri  eta lepo luzea. Etxe bateko leiho gotiko bitxia. Arrosarioaren Museoa, mila eta bostehun arrosario ditu¡¡¡, txapelokerren kuartelaren jarraian hain zuzen, edonor arrimatzen da!.

 

Tabernan zegoen, zaratatsu, gizon nagusi piloa; oso guti ziren, aldiz, plazan eseritakoak.

Zeramika-labe industrial handi bat berritzen dihardute lautadan.

Oso adeitsua da herriko jendea, berbatsua ere bai, esanahi handikoa, isilezina askotan. Badute esanahia agertzeko hizkera berezia: “a la vera del cuartel, ...” eta antzerakoak.

           

Erabat aldatu zaigu paisaia Arochetik aurrera, lautadatik gora egin dugunean; oso gora egiten du errepideak, berriz ere mendira egiten dugu; artea bukatzen da, mendia mortu bihurtzen, txara zikin edo eukalitadi. Behatokia izanen zaigu errepidea, berriro artadiak inguratu gaituen arte: tontorrik gabeko mendi leun garaiek dira urrutian ikuspegiaren ertza. Bertan dugu Portugal, agian Portugal dira aurreko mendi eta herriak.

Bertaraino pista gorria duen lastozko txapel konikoz estalitako txabola, lasterrera pista gorria berataraino duen aterpedun behatoki bat tontor batean: berriak dira, bidaiaria erakartzeko asmakizuna  agian, ederra baita ikuspegia  bertatik.

 

Encinasola. Bada nonbait arte bakartiren baten istorioren bat hemen. Gain bateko hegian dago herria, xume-xumea, etxe baxuko etxadi zapal-zapal zurigorria, zuritasuna litzateke herriko aipagai deigarriena. Luzeak dira kaleak, ia paralelo daude denak. Erdi-erdian elizatzarra dorretzarrarekin. Gaztelua edo gotorlekua ere badu, albo batera. Zementuzko arrunt-arrunta da kale-zorua.          

 

Viriato gerrillariaren lurraldea omen da hau: portugaldarra zen eskolan espainiartzat saldu ziguten  erromatarren aurkako buruzagia.  

 

Behatoki paregabea zaigu errepidea: lur horia arte bakanez zipriztindua, dehesa edo larre-sailak, lauak  ordez magalez magal hedatuak. Txerri “patanegrak” granjetan; ardiak eta behiak basoan edo granja inguruko larretan.

Zirraragarria gerta zaigu: begi eta arkutxo ugariko zubi zahar bat, zenbat gertakizunen  lekuko, antzinako garaien hondakin,  hondatua eta utzia, tristura dario.

Gozamenerako bidaia.

 

Cumbres de S. Bartolomé. Ez da handia, hirurogeitik gora biztanle izanen ditu. Xumea baina zaindua, nekazari herritxoa probintziako Iparrenean galdua, aurreko eta hurrengo herriak bezala. Ez da hain bihurria. Gaztelua: hondakinak besterik ez bazaizkio gelditzen ere, oraindik dirau ateburu zorrotzeko ate gotikoak.

 

Olibondoak hartzen dio lekua artadiari herri inguruetan. Probintziako Ipar mugetako lurralde honetan lurra, jabegoa?, erabat sailkatuta edo banatuta dago harri tolestutako hesi edo horma baxuez: ikuskizuna dira harrizko hesi ilunok, suge arre amaigabeak dirudite, lur gainean sigi-saga.

Zabaldu egiten da tarteka lurraldea, harrizko suge arrea are nabarmenago azalduz. Garaiagoak dira eta zuri pintatuta daude hesiok jabegora sarrerako alboetan: urrutitik nabarmentzen da badela han jabegoa aldarrikatzen duena.

Errepidea, berez ere estua, horma ilunok estuki bilduta, estuagoa dirudi, jabegoak utzi dion tarte meharrean.

Paisaia bitxi-bitxia.

Behiak dira orain nagusi, beraiek eta tarteka astoren batek eta txerri beltzek osatzen dute azienda. Soltean dabiltza oiloak etxaldean.

 

Cumbres de Enmedio. Zainduxeagoa, txukuna, herriotako ohikoa baino gehiago inbertitu dute pintura edo karetan. Ez dirudi bisitari edo begiluzerik heltzen zaionik, zainduagoak egonen lirateke bestela errepideak. Ez du ezerk erakusten zein den taberna, jatetxe edo denda, baina herriko gizonek ez dute huts eginen tabernara.

 

“Avenida del General Mola” du izena ezereztxoa den herri txikitxo honetako kale batek.

 

Cumbres Mayores. Tontor batean, harresiak eta eliza-dorre dotorea ikusten zaizkio urrutitik: bertatik dena da apalagoa. Kale zuri nahiko artezak. Zezen-plaza du.

 

Hiru “Cumbres” daude,   hirurak goian: iparrean, goietan, eta gailurrean.

Mendi-sailak dakusagu errepidetik,  aurrean dugu  Cumbres Mayores.

 

Hinojales. Herri txukun txiki potxoloa, xume zaindu polit-polita. Dotore zaindutako galtzadarria da herriko zoru oro, baso erdian dagoen hilerrirainokoa ere.

 

Hilerrira jo dugu bide bitxi batetik, artadian harri zapal tolestutako horma biren artean, galtzadarriko bidetik; han goietako bakardadeetan, nori galdetu ez, uste izan dugu hark behar zuela galipotdun bidera zeraman kalea, baina hilerrian bukatu zaigu; tira, auskalo noraino gindoazen bestela; baina merezi izan digu ibiliak, hain zen bitxia bidea.

Aracenara bidea erabat hondatuta omen eta beste bide batetik hartu dugu. Hau ere estua da, adabakiz eta orbainez betea, baina behatoki aparta gidaritza bakartirako. Artadi izugarriek hartzen dituzte mendi osoak, dehesa edo larre-sail bihurtuz mendiok.

 

Cañaveral del Leon. Kanpai-horma du elizak.

 

Ur guti du Aracenarako urtegiak: behiak daude ur ertzean, eguzkia hartuz hondarrean.

 

Carboneras. Aldatsean dagoen herritxo txikitxoa.

           

Lekuz kanpo bezala aurkitu gara gaur ere, batez ere nekazari herritxoetan; hilak daude kaleak, adinekoren bat soilik ageri da plazan... beraien bizimodua urratzera gatozen sentipena sortzen zaigu, “zer egiten dugu hemen” galdetzen diogu elkarri... eta alde egiten dugu kaleetan barrena ibiltzen ausartu gabe.

 Zerbait galdetzen diogunean norbaiti hiztun eta izugarri abegikor suertatzen zaizkigu. “De donde son”, “Qué hacen por aquí”, “Les quedará bonita la foto en un cuadro”... eta antzerakoak esaten dizkigute, naturaltasun osoz, inongo maltzurkeriarik gabe. Egunonak edo bestelako diosalak ematen dizkizute, irribarrea gutxienez kaleetan gurutzatzerakoan. Autoz bagoaz, nahikoa da gure keinu bat biziki erantzuteko.

 

181 kilometro, Huelvako Iparra ezagutuzkoak.

 

Alemaniarrak ikusi ditugu gaur herri batean, holandar matrikula bat dago kanpinean!.

Gaugiro baketsu aukerakoa, gau osoa zerura begira egoteko horietakoa.

etiketak: Bidaiak 99, Huelva
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.