BIDAIAK 99 - HUELVA
Uztailak 10. Larunbata. 40.a - H:3.a
“Olerkiak”. Loramendi:
* “Baztertzera datoz Lege ta Jainkoa, / moztu zaiela berai gaur bertan lepoa”. Sen hori bera erakutsi zuten 36ko gerra zibilean bere ikastetxea izan zen Altsasuko kaputxinoek ere.
Ez naiz ohitzen “buenos dias” esatera; Portugaleko “bon dia” edo antzerako zerbait ateratzen zait oraindik.
Herritxo bat da kanpina. Komunetara edo ur bila noalarik bidean nahitaez entzun behar ditudan solasaldietako gaiak, herri arruntaren urte osoko gaiak dira: hondartza, etxatoia eta enparauak, bidaiako zertzeladak, jana, osasuna, umeak… Ez naiz eroso aurkitzen kanpalekuan, inoren etxean bezala sentitzen gara, esparru propiorik gabe, gehiengoak biziera eta lagunarte iraunkorra dute hemen. Gu aldiz tarte labur baterako kanpotarrak gara.
Islatilla. Eraikuntza handiko zein etxe txikitxoko urbanizazioek erabat itxuraldatutako itsaso kontrako uda-herri edo turista-herria.
Itsasertz dena dago hotel eta kanpinez josita.
Isla Cristina. Hiri handi handiagotua, izan zen eta oraindik da. Erakargarritasun ukiturik ez zaio falta: arrantzontziak itsasadar bazterrean ikuskizun deigarria zubi gainetik lehen eguzkira, padura zabala itsasadarrean, gatzaga erabat zabalak...
Ez da gurdirik ikusten Huelvako herriotan, galdu ziren gurdiok, kultur altxor bezala ere. Gaur ikusi dugu bat, txikitxoa, bertako peto-petoa, meloi-saltzaile baten garraio tresna oraindik.
Lur barrurantz hartu dugu. Mugarik gabeko lurralde laua, amaigabeko lautada. Galsoroak, ekilore-sailak, olibadiak, laranjadiak, fruta-arbolak herri inguruetan. Bada ureztatutako arto-sailik: Valverderaino paisaia.
Trigueros. Etxe sendoko herritxo zuri-zuria, zabal ederra, baxu peto-petoa. Lo bezala dago joan gatzaizkionean. Aipatzekotan urre kolore gorrixkako erretauladun kapera handia eta bi eliza, dorre zorrotzekoa bata, borobilekoa bestea, zikoinen habia-leku biak.
Iragarki bat: “HAY ME, (beheko ilaran) LOCOTON”: hala-hola zerabilzkien proportzio eta neurriak artistak.
S. Juan del Puerto. Itxura polita duen etxe baxuko herria, oinezkoen kale dotoretxoekin.
Debekatua dago kale-salmenta herri orotan.
NIEBLA KONTERRIA
Ez dakigu ez non hasten ez non bukatzen den konterria.
Larunbateko zikloturistak.
Uso-pasakoen antzerako behatokiak laranjadi baten erdian: txoriak uxatzeko txabolatxoak nonbait.
Niebla. Laino gandu baten bildua dakusagu Niebla herria. Tontortxo zabal batean kokatua, erabat biltzen dute tontorra harresiek herria gordez: harrizkoak espero genituen harresi garaiok baina mortairu eta antzerakoz zarpeatutako hormatzarrak suertatu zaizkigu, harri eta adreiluzko zati batzuk salbu. Hiria bera ez da hiribildu xarmangarri horietakoa, gehiago du herri arrunt baten itxura, hiribildu batena baino, halere atsegina da eta badu zerikusi interesgarririk. Santa Maria Plaza: txukuna eta atsegina, jubilatuen solas-lekua: plazan bertan meskita izaniko eliza bitxia: sarrerako adreiluzko arku ederra kapitelei zizel lanak ia ezabatu zaizkien harrizko zutabeen gainean, arabiar patio petoa den ataria bataio-pontea dirudien harrizko urontzi batekin; plazan ere kultur etxe jatorra eta andaluziar patioa dirudien taberna; iturriari ere antzinakotasuna dario. Gaztelua, ezer guti gelditzen zaio, gaztelu itxurarik ere ez ia. San Martin plazan estilo ezberdineko elizaren hondakinak: adreiluzko gotiko pospolin landua presbiterioa, beste aldetik begiratu behar zaion kanpai-horma eta sarrerako atea: elizaren erdi erditik doa kale edo pasagunea, oinezko zein autoentzat. Erromatar zubi adreiluzko sendo luze zabal garai ederra, ura datorrenerako prest.
“Siete revueltas” da kale baten izena gaur egun inolako bihurgunerik ez badu ere.
Azulejoak dituzte tabernek: jite bitxia dute.
Musika-jaialdia iragartzen da nabarmen herri osoan.
Ezabatu da bai lainoa bai gandua, zeru urdin-urdina dugu.
Landetxe bakan batzuk, kortijo nanoak dirudite, alboan gehienez artalde txiki batentzat korta izan daiteken eraikin oso baxua, horma luzez lotzen dira bi eraikinok, erdian patioa sortuz.
EL ANDEBALO eta LA MINA LURRALDEA
Ez dakigu non hasten den eta non bukatzen lurralde bakoitza, ezta biak lurralde bat bera diren ere. Kantaore, flamenko-kantari eta flamenkoaren lurralde petoa omen: agian hemengoak dira “minero”, meatzari, flamenko abesti famatuak.
Eukaliptoa eta Portugaletik ezaguna zaigun sastraka ere sartu da honaino, mendi osoa txara edo sasitza bihurtuz; bada pinurik, baita artelatza eta larre-gunerik ere: zuhaitz berde iluna lurrazal horian. Mendi goietan lez gabiltza, gora eta behera leunetan doa bidaia, lurraldeak galdu du leuntasun amaigabe hura, tontorreria leuna da orain ibilbide osoa.
Valverde del Camino. Teilateri gorri biguneko herri zuria mendi magalean; gerizpean ikusten dugu bere aurpegia, misterioz bildua; eliza mudejar dotorea ikusten zaio, baita dorre puntazorrotzeko bigarren eliza ere. Bertaratuz, kolorgetua dago herri osoa, enaren menpe eliza gorrizka ere. Udaletxea eta plaza ditu txukunenak. Azulejozko oso ederrak dira plazako eserlekuak. Ez dute espaloirik kaleek, dauden espaloi gutxiak ez dira metro erdiko zabalerara heltzen; zabalxeagoak dira kale nagusikoak baina kale-zorua baino metro bat gorago daude, ez helduleku ez ezer, gaizki behar dute mozkorti eta ibili kilikolokoek.
“Vizcaino” farmazia, Javier Vizcaino Vizcaino-rena. Bilbotarra ote?.
Sotiel Coronado. Lau etxeko herri txiki, bakarti, hitsa. Mea giroa nabari zaio, meatzari herria da izan. Menditik errepide inguruko zuloguneraino dator mea-harria ekartzeko garraio-zinta, eta tontor baten gainean oilartzen da tximinia luzeko fabrika.
Zubi handi bat; goraxeago antzinako itxurako presa bitxia: sendoa, zabala eta garaia, harri edo arbel tolestuz egina dagoela erakusten du garbi hondatuta dagoen erdiko tarteak; alboan errota behar zuen eraikina, ia leihorik gabekoa, bitxia. Bada tren bat ere: segur aski mea-gaiak portura eramateko garraiobidea da.
Zergatik dute mea-herriek halako jite hits kaskarra?. Zergatik halako pobre, bakarti, esplotatu itxurako?. Langile esplotatuak izan direlako betidanik meatzariak.
Calañas. Ganorazko herri zaindua dirudi. Kokagunez, tamainaz, egituraz baita kolorez ere, gaztelua behar luke elizak. Harri argiko haize-errota dotorea dute erakusteko, osorik dago, beso eta guzti: berritu berria edo agian berreraikia. Jostailuzkoa dirudi geltokiak, hain da kolore bizikoa. Txikia da azoka txikia, bertan herritarrekin harremanetan daude txapelokerrak.
Betiko eskemak dirau: herri inguruetan soilik daude lur landuak. Garitzak dira nagusi.
Agerikoa da mendiak berreskuratzeko ahalegina: sail zabalak garbitu dituzte tontorreria zabaletan eta uste dugunez artelatzak dira birlandatu dituzten zuhaitzak.
Zubi asko zeharkatzen dugu maldetako erreka-zuloetan bestaldera egin ahal izateko, zubipeotan ur-negarrik ere ez da.
Villanueva de las Cruces. Txikia. Ez bidegurutze, ez kale-gurutzerik, errepidea da herriko kale bakarra. Errepidean bertan daude udaletxea, plazatxoa, eliza nanoa, eta, nola ez, zikoina.
Zikoina habia, oraingoan argindar poste bateko puntan.
Errepide ona.
Ustekabea izan da. Rio Tinto beste mea-lurralderik ez zen gure ustetan, baina hara non inguru hau dena ere meatokia den. Lur agirian daude meak, inguru irekian, inola ere ez haitzulo edo mendi barruko galerietan: beherantz zulatzen dute lurra, krater erraldoiak sortarazten dituzte, ikaragarrizko hutsuneak lur azaletik beherantz, Oteiza edo Txilida bailira espazioak sortu eta mugatuz. Lur gorria da ateratzen dutena. Pilatu egiten dituzte zukua atera osteko hondakinak, mendixkak sortarazterainoko pilo erraldoiak, etengabe sortzen eta handitzen doaz, han-hemenka denean, mea-hondakinak edo zaborrak gehitzen doazen heinean, lur azalean bete nahi balituzke bezala lur azpian hustutako espazioen ordezkoak.
Ez da harritzekoa mea-langileek, meatzariek, abestien bidez atera izana bere barne samindura. Bihotz urradurak eragin behar dute nahitaez lurra huste horrek. Kontraste izugarria da: mendigune latz, sastraka, eukalipto eta artelatz artean krater gorri beldurgarriak, bere alboan mendi-tontor jaioberriak beldurgarriagoa, makurragoa, bihurtuz lurralde idorra. Lur azaleko uztatik bizi ezin daiteken nekazaria lurraren bihotza zulatuz ozta-ozta pobrezian bizitzera behartua... Nekazaria meatzari bihurtuta, lur-azalari norberarentzat bizitzeko etekin nahiko atera ezin eta beste batentzat lur-erraiei etekinaz ateratzen lehen bezain pobre edo pobreago, zapalduago, bizitzeko. Izugarria behar du izan barne-etenak, barne-urradura sortu behar du: Flamenkoa eta meatzaria, bikote egokiena sumindura hori azaleratzeko: zer egokiagoa flamenko-kanta baino barne zauriok azaleratzeko. Kantaoreak, meatzarien flamenkoa… nola ez ba!.
Mea-flamenko disko bat erosi behar dut!!!.
Tharsis. Meaz inguratutako herria. Ez da egia begientzako hitsak direla mea-herriak, lehen nionen bezala, Tharsis etxe txikiko herri zuri-zuria da.
Noizbehinka indipikuak dira etxe ertzetako hesi.
Alosno. Herri oso polita, zaindua eta atsegina, adreiluzko eliza mudejarrarekin.
Rosa Diez aurkitu dugu kale-hormetako kartel batean bere irribarrearekin andaluziarrok engainatu nahiz: ez dute bere seta zitala, maltzurkeria mendekatia eta sen bortitza guk bezain ongi ezagutzen.
Arraza beltzeko txerriak artelatz-basoan.
S. Bartolome de las Casas. Herri zuri atsegina. Zikoina habia batek burutzen du eliza-dorrearen azulejozko prisma, tokatzen zaion bezala.
Antzerakoak dira herriok guretzat, baina bizitza propioa dute diotenez, bere kultura-altxor bitxien jabe da bakoitza, batez ere abesti kontuetan: bestelakoetan badirudi erabat bateratu edo berdindu dituela gaur egungo kultura bateratzaileak.
“El Obispo” lursaila, azulejozko sarrera dotorearekin: amaigabeko gari-sailen jabegoa da.
Lepe. Barrutik ikustera geratu gatzaizkio gaur. Zabal-zabala, ikusi ditugun herrien antzerakoa: plaza, kaleria, zuritasuna ...
La Antilla. Jendez mukuru dago oinezkoen kale bakarra.
Zergatik ez ote dago oinezkoen kale gehiago itsasertzeko turista-gunetan, patxaran ibil ahal gaitezen: ez du nahi beste kalerik udaletxeak kale bakarrotako dendariek gehiago ordaindu dezaten, dendariek ez dute onartzen beste kalerik etekin gehiago atera nahi dutelako, ala bakoitzak autoa bere etxeraino eraman nahi duelako herritarrek ez dute nahi oinezkoen kalerik?.
.
243 kilometro, mea-kantaoreen lurraldetik
Izugarrizko kanpin-denda pila sartu da gaur, kanpina gainezka egiteraino. Ihes egin nahi dio herriak asteburuan astegunekoari.
Uztailaren 11. Igandea. 41.a – H:4.a
Pauma, errege indioilarra, dabilkigu gaur aurreko belartza horian. Txuarra besterik ez dugu bestela kanpinean, hirietako txori zaildua lur zail honetan.
Lainotua argitu zaigu.
Ureztaketa azpiegitura sendoa dago hegoalde honetan.
EL ANDEVALO
Ez dakigu ez non hasten den ez non bukatzen. EL Andevaloko paisaia oso hegoan hasi zaigu eta paisaia berak jarraitu du bidaia osoan berriro hegora egin dugun arte. Gida-paper batek dio “Huelva profunda” dela hau, Huelva sakona: barnealde txiroa dirudi, bai.
Gidaritza benetan atsegina eta erlaxagarria da: gora-behera leuneko ibilbidea, artezgune izugarri luze eta ugariekin. Berritzen hari dira tarte hondatuak. Ia inor ez dabil errepidean, herrietan, aldiz, auto asko dabil. Ez da ikusten Portugalen bezala motokarro edo moto txikirik soroetarako joan-etorrietarako, traktorea edo autoa da hemen ibilgailu usuena.
Villa Blanca. Egiaz zuria. Ez zaio falta plaza.
Barrurago eta eguzkitsuago.
Iparrerago eta txikiagoak dira herriak, utziagoak edo berritu ezinagoak, kolorgetuak ez ezik etxeak bezalatsu hondatuak elizak, kanpotik bederen; zementuzko zorua dute kale askok, galtzadarri zaharra besteek, hondatua edo zartatua sarri. Hegoko herriak ostera txukunak eta zainduak dira, kale-zorua baino garaiagoa dute espaloia askotan. Bihurria da kale-sarea gehienetan, etxe txikitxoko labirintoa, non sarri nora jo ez dakigula gelditzen garen. Tximiniak ia ez dira ikusi ere egiten, ez dira ezertxo ere nabarmentzen. Oso xumeak dira lur-jabegoetara sarrerak, zedarriak besterik ez. Ez da granja edo landetxerik ikusten, tartekako bakarren bat ezik; “El Grandón” du izena batek.
S. Silvestre de Guzman. Zuri-gorria, dotorea eguzkitan.
Oso beheraino jaitsi gara, Guadianaraino.
Lur-orotako ibilgailu batean, ia geldiko ibilian, artzaina behar zuen izan, zerbaiten zaintzan zegoela ezin uka hain arreta handiz zituen begiak basoan kokatuak, animaliak non arduratuta segur aski. Bitxia izan da.
Urrutitik dakusagu gaztelua, handi eta idor, mendi arre puntan. Guadiana ibaia berriz eder eta dotore behean, zuloan zabal.
Zubi edo ibi bitxi bat, Guadianak tarteka urpean uzten duena, “ura egotera ez zeharkatu” dioen letrero handi batez iragarrita.
Sanlucar de Guadiana. Herri txukun eta zaindua, zuria, kanpai-horma nabarmentzen zaio; ez dirudi bisitari zaparradarik etortzen zaionik, ez baitu taberna edo zabalgunerik. Ibai ertza du, erakargarria eta txukuna, bestaldean Portugal eta ezaguna zaigun Alcoutin herria. Badu bai aldats pike-pikea den kale bat ere, non autoa ia perpendikular jarri zaigun.
Jaiko jantzita doa gaur jendea, jaiko baina apal, jantzi xumez. Gazteak ere ikusten dira gaur herrietan; baina nagusiak dabiltza soilik soroetan eta nekazari-ibilgailuetan, nagusiagoak diruditela bere biserarekin. Jende zaratatsua tabernetan: ez dago egon jende askorik baina dirudi beteta daudela dirudi tabernok. Erabat beltzaranak dira denak.
El Granado. Mendiko herri zuria, azulejo urdin-zuriko hexagono zorrotza da eliza-dorrea; haize-errota: honi ez zaizkio falta beso-hegalak.
Aitona banaka sarriak ate aurreko geriza bakartian, makila eskuan, bisera buruan eta eserleku baxua ipurdipean.
Heldu eta jubilatu koadrila da herri orotako plazetako giza paisaia, denak dira begi gu hurreratzen garenean: oso kanpotar, arrotz, lekuz kanpo, sarkin, ikusi dugu geure burua herri orotan, gelditzera ere ausartu gabe hainbatetan.
Jende nagusia bilduta ikusten dugunean, badakigu hura dela herriko erdigunea edo gune nagusiena.
Villanueva de los Castillejos. Zementuzko kale bihurri estuko herri zabala: hemen ez zen erregelarik erabili kale trazaketan, auskalo zerk eragin zuen kale-korapilo hori, mendiak berak, agian erasotzaileengandik edo haizetik babestu beharrak. Huelvan ohiko diren etxe zuri baxuak dira hemengoak ere. Lau estaiko eliza-dorre mudejar garaia gerta zaigu herriko eraikin deigarriena, leiho bakoitzak bere kanpaia balu ze nolako kanpai-hotsa, edo kanpai-emanaldia. Zikoina banda handiak egin du bizitoki dorre lerdena.
Gizakume heldu piloaren begiradapean aurkitu gara ia plaza izatera ere heltzen ez den kale-gurutze batean, autoz ginen eta aurrera egin dugu herrian geratu gabe, arrotz eta erabat lekuz kanpo ikusi dugu geure burua. Gu izan gatzaie, ginen izan, herriko ikuskizun bakarra une hartan.
El Almendro. Kale batek banatzen du Villanuevagandik, kalea da muga. Azulejozko eliza-dorrea, geldiaren geldiz estatua diruditen bi zikoinaren habia-leku. Xumea da erabat eliza, baina erakargarria bilakatzen da zuritasunagatik; 6 zutabe 2 ilaratan, 3 nabe, pintura aztarnak han-hemenka horma guztietan, marrazki erabat xumez osoki koloretutako kapera bat.
Izan ote zen behin ere baso lurralde hau?, izan bazen, ze baso modu zen eta zergatik galdu zen?.
Azeria eta muskerra aurkitu ditugu erabat zapalduak errepide erdian, baina ez da hildako animalia askorik errepideotan: kirikinoa ez da nonbait lurralde honetako biztanlea, edo auto guti dabilenez ez zaio errepidea hiltegi bilakatzen.
Herri orok du bere “Guardia Civil” etxea, baina ez du jartzen “Todo por la patria” ez piper-potean, ez ateburuan.
“Prohibida venta ambulante”, ia herri gehienetako debekua.
Puebla de Guzman. Teilateria argia ageri zaio, herri osoa gorri-argia bilakatuz, plaza zaindua du alde batean, eta eliza gain gainean.
Ezustea izan da gaurko bidaia: pinua eta eukaliptoa espero genituen Portugalen antzera, muga egiten baitute lurralde biak, baina dehesa edo larre-lurrak eta hariztiak izan ditugu bidelagun: Alentejo gogoratzen digu, baina lauagoa da hura.
Arrasto zuriak erakusten ditu nabarmen ibai lehorrak: mearen baten arrastoak dira edo urak berak gatz edo bestelako osagai koloretsuren bat dakar. Kutsadura ala naturala?.
Baseliza atsegina tontortxo baten gainean, kukuka egon zaigu ikusmina bizituz. Duela 4 urte Paymongo herriaren diru-laguntasunarekin jasoa da.
Paymogo. Etxe bilketa artelatz eta arte artean, hori besterik ez da urrutitik begiratuta, gainenean multzo arre handia gailentzen zaio, eliza edo gaztelua behar du izan. Eliza da goreneko eraikin hori, hegian kokatua, herritik banatuta tarte zabal pike batez, erabat hondatua, erdi eroria; utzia dagoela uste izan dugu, baina hara non bi pertsona ikusi ditugun elizara sartzen; barrura egin dugu guk ere zer egongo jakin-min: mezatan zegoen herria; jantzian nabari da herri oso xumea eta pobrea dela; emakumeak haizemaileak astintzen dituzte etengabe, halako bizitasuna emanez bilkurari. Eliza bera herria bezain apala da, xume-xumea, zuri kolorgetua arrosa kolorgetuko erretaularekin, santu-irudiak ere burua eta eskua soilik duten horietarikoa, gainerako gorpuzkinak lau ohol edo egur arropaz itxuratuak. Kaleartea, erabat utzia, bihurria, zementuzko zoroduna, hain kale estukoa ze autoak ozta-ozta hartu dezakete bira kale-gurutzetan. Aurkitu dugun herri pobreena izan da hau, gutxiagorekin ezingo lukeela iraun dirudi, tristura sortarazten digu.
Hain txiro, ezgauza eta ezer guti dirudien herri honek eman zuen dirua ikusi dugun baseliza hori jasotzeko!!!. Urkamendira merezi du apaizak. “Fedearen indarra” esanen du norbaitek. “Ezinaren ondorioa” erantzungo nioke.
Beltzez jantzitako neska bat ikusi dugu etxaurrean eserita lehenik, etxaurrea erratzez garbitzen geroago: hezurretarainoko zirrara sartu digu bioi harean aurpegierak, beltzarana, gogorra, asko sufritutako batena, bizitzak ezer oparitu ez dionaren irudi bizia.
Bozgorailuak ditu apaizak dorrean, herri osotik entzuten da elizkizuna, apaizaren sermoia ere. Hori ez bada bortxaketa erlijiosoa, elizaren inbasioa…!.
Sexu-jolasean ari zen eliza ostean zikoina bikotea errepikagailu-postetzarrean. Utziko al die apaizak antzerako jolasak lasai egiten herritarrei ere!.
Larre-lurraldetik etxera zihoan zaldizkoa Paymogon, seinorito edo kapataz jiteko bigarren zaldizko bat aurkitu dugu galtzadarrian ferra-hots ozena ateriaz El Almendro-n, hirugarren bat, hau mulu gainean, errepidean. Zaldiak erakusten du oraindik klaseen desberdintasuna Huelvako herriotan.
Ez da harritzekoa doinu urratua izatea lurralde hauetan “kante jondo”a.
Mendi giroan doa goiza, goietan gabiltzan sentipena dugu: zerumugarainoko zabaleran ia beti, lur koloreko tontor leun horiz inguratuta; artea da nagusi, guti dira eukaliptoak, Braganzako sastraka berdeak bereganatu du mendi osoa. Erreka-zuloetako zubipeetan putzutxo bihurtzen den ur-negarra besterik ez da zenbait errekatxo.
Dehesa edo larre ederretan egin dugu bidea S. Sivestretik aurrera..
Kolore biziz pintatutako taberna edo txosnak harritu gaitu giza arrastorik ageri ez den inguru bateko arbola azpi batean: ehiztariak joaten zaizkio agian.
Santa Barbara de Casa. Herri bihurria, txiroa: nanoa da plaza, txikitxoa udaletxea, kanpaiduna eliza, galtzadarrizkoa zenbait kale bakan. Diskoteka du. Konponketa lanetan murgildua dago eliza, premiazkoa du, erabat hondatua baitago. Tristura dario indipikuak ugaltzen zaizkion herri inguruari.
Zaldi asko han-hemenka larrean, gutxika, herri inguruetan, zaldi zuria batez ere; txerri pila, txerri beltza tarteka; lur koloreko artalde banakak; zikoinak ugari, eliza-dorre eta argindar posteetan; txori arre txiki moko luzeak, gandortxodunak, ezezagunak guretzat. Baratz guti herri inguruetan, indipikua ugarien denean, horrez gain pikondo, mahasti eta almendrondoak. 40 bat metro inguruko diametroko putzu ugariak. Urtegien urdin-guneak ageri dira mapan, baina ez daude iragarrita errepide-gurutzetan.
Biziraupenerako animalia zen garai batean txerria, nekazari ahaldunen negozioa bilakatu da gaur egun. Agian ala zen garai batean ere.
Cabezas Rubias. Herri lauagoa da, zabalagoa ere bai, badu diskoteka ere: baina hau ere pobrea da: eliza, plaza... dena da xumea. Gazte jendea zen plaza inguruan eserita zegoena, gure autoa izan zaie ikuskizun nagusi. Lekuz kanpo sentitu gara berriro.
Jabego pribatua izanen dute alanbrez eta sarez hesitako mendi sailek, baina besteak, hesirik gabeak, norenak dira, herriarenak, estatuarenak, publikoak, pribatuak horiek ere... Ez dakigu.
Izugarrizko ahalegina egiten ari dira basoa berreskuratzen: artea birlandatu da mendi orotan.
Oraingoz eskopetadun eta perdigoikadetatik salbu atera den erbi txikia gurutzatu zaigu errepidean. Eskopeta eskuan ikusi dugu kamuflajez jantzitako handiputz bat, beste hamarkote bat arbola azpi batetan…, ehiza-leku aparta omen lurraldea.
Bakardade osoenean, inor ez dabilen bide galduetatik egin dugu etxera itzulia, dehesa, larre-lurretatik zehar errepide artez luzeetan, txirrista erraldoian baikenbiltza. Asko sufritutako arte zaharrak, jada barrutik hustuak edo gerri adarretan kiribilduak. Kontraste erakargarria osatzen dute lur horiak eta adarteria berdeak; udaberrian ere ederra izanen da dehesa, dena berde bihurtzen denean. Mendi osoak behar du izan zoragarria sastraka guzti hauek lora zuritan lehertzen direnean.
Eguzkipean egin ondoren goiz luze osoa Iparraldeko lur barruan, lainopean aurkitu dugu kostaldea, goizean utzi dugun bezala.
224 kilometro, barrualdetik, Huelva txiroenetik.
Atzo gainezka bete zen kanpina, bata bestearen alboan ia tolesean egotera nola etor daiteken ulertzen ez badugu ere: akuilu zorrotza da nonbait herri eta hirietatik ihes egin beharra. Herenegungo egoerara itzuli gara gaur, hainbatek alde egin ondoren.
Eguzki gorri ikusgarria zuhaitz ostean sartuzko ilunabarraz eman die agurra naturak gure itsaso inguruko egunoi.